Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

200. zk., 2015eko urriaren 21a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA
4420

AGINDUA, 2015eko urriaren 21ekoa, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuarena, Eusko Jaurlaritzaren datu irekiak berrerabiltzeko proiektu onenak saritzeko deialdia onartzen duena.

2009ko abenduaren 29an, Eusko Jaurlaritzak erabaki zuen abian jartzea datu publikoak irekitzeko proiektua –publikotzat hartuta pribatutasun-, segurtasun- edo jabetza-murrizketarik ez duten datuak– sektore publikoko informazioa berrerabiltzeari buruzko azaroaren 16ko 37/2007 Legean xedatutakoa betetzeko.

Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioaren informazio-gardentasuna handitzea da proiektuaren helburua, sektore publikoan elkarreragingarritasuna hobetzea, berrikuntza sustatzea eta aberastasuna sortzea, datu publikoei balioa emanez.

Formatu berrerabilgarrian eta Open Data Euskadi webgunean (https://opendata.euskadi.eus) irekitako erabilera-lizentzien bidez ematen ditu argitara datu horiek Eusko Jaurlaritzak, hirugarren pertsonek datu horietatik eratorritako zerbitzuak sortzeko aukera izan dezaten.

Open Data Euskadik (https://opendata.euskadi.eus) balio ekonomiko eta sozial handiko katalogoa du, 2500 datu-multzo baino gehiago dituena; horien artean, honako datu hauek nabarmen daitezke: estatistikoak, geografikoak, administraziokoak, ingurumenekoak, turistikoak eta meteorologikoak.

Open Data Euskadi-n argitaratzen diren datu publikoak irekitzeko proiektuaren estrategia honako hiru ardatz hauetan oinarritzen da:

1.– Antolakunde publikoak eraldatzea, datu irekien kontzeptua lan-dinamikan sar dezaten.

2.– Eskainitako datuen kalitatea handitu eta hobetzea.

3.– Datuok berrerabili eta kontsumituko dituzten pertsonen kolektiboa sortzen laguntzea, aberastasuna eta gizarte-balioa sortzeko.

Ardatz horietako hirugarrenari jarraituz, Eusko Jaurlaritzaren datu irekiak berrerabiltzeko proiektuen lehiaketarako dei egiten da. Lehiaketaren helburuak hauek dira: Open Data Euskadi webgunearen berri ematea eta haren katalogoaren potentziala erakustea, datu irekien erabilera eta horietatik eratorritako zerbitzuen sorrera sustatzea, bai eta datuok berrerabiltzen eta kontsumitzen dituzten pertsonen kolektiboek gehien eskatzen dituztenak zehaztea, datu horiek irekitzeko ahalegin handiagoa egiteko.

Teknologia berriei lotutako parte-hartzaileentzat da deialdia, hau da, Eusko Jaurlaritzako datu publikoak erabiltzeko ezagutza-maila duten herritarrei zuzendua, jendeari balio erantsia ekarriko dioten zerbitzuak, txostenak, web aplikazioak edo gailu mugikorretarako aplikazioak sortzeko.

Azaldutakoarekin bat, Herri Administrazio eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 188/2013 Dekretuaren 3. artikuluak ematen dizkidan eskumenen arabera, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Eusko Jaurlaritzaren datu irekiak berrerabiltzeko proiektu onenak saritzeko deialdia onartzea, agindu honen eranskinean onartu eta jasotzen diren oinarri arautzaileen arabera.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honetan aurreikusi gabeko alderdiei arau hauek aplikatuko zaizkie: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren VI. tituluan xedatutakoa; uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak onartutako diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta haren Erregelamendua; Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea, eta aplikagarriak diren gainerako indarreko arauak.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Administrazio-bidea agortzen duen agindu honen aurka berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Herri Administrazio eta Justiziazko sailburuari, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 116. eta 117. artikuluetan xedatutakoaren arabera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke zuzenean EAEko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan; bi hilabeteko epea izango da horretarako, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.a) eta 46. artikuluetan xedatutakoa betetzeko. 29/1998 Legeak Administrazioarekiko Auzietarako Jurisdikzioa arautzen du.

Hirugarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko urriaren 21a.

Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,

JOSU IÑAKI ERCORECA GERVASIO.

ERANSKINA
OINARRI ARAUTZAILEAK, EUSKO JAURLARITZAREN DATU IREKIAK BERRERABILTZEKO PROIEKTU ONENAK SARITZEKO DEIALDIARENAK

Lehenengoa.– Helburua.

Deialdi honen helburua da zerbitzu, ikerketa, web aplikazio edo gailu mugikorretarako aplikazio bat sortzeko proiektu onenak saritzea, Open Data Euskadi webgunetik (https://opendata.euskadi.eus) hartutako datu-multzoak erabiliz.

Bigarrena.– Saria eta akzesita.

1.– Eusko Jaurlaritzaren datu irekiak berrerabiltzeko proiekturik onenaren saria egiaztapen-diploma eta 3000 euro izango da. Aldi bakarrean ordainduko zaio zenbateko hori sarituari.

2.– Akzesita emango zaio bigarren puntuaziorik onena lortzen duen proiektuari. Egiaztapen-diploma eta 2000 euro izango da saria. Aldi bakarrean ordainduko zaio zenbateko hori sarituari.

Hirugarrena.– Proiektuak.

1.– Proiektu orok hiru baldintza hauek beteta izan beharko ditu inskribatzen den egunean:

a) Jatorrizkoa eta aurretik ez saritutako proiektua izan beharko da.

b) Open Data Euskadi webgunetik (https://opendata.euskadi.eus) hartutako datu-multzo bat erabiliko da gutxienez proiektua egiteko, zeina beste datu-iturri batzuetatik hartutako datuekin bateratu ahalko baita. Datu-iturriak, bestalde, publikoak zein pribatuak izan ahalko dira.

c) Erabilerraza izan beharko du erakundearentzat zein jendearentzat, webaren URL baten bidez sartzekoa.

2.– Saria emateko orduan, ez da aintzat hartuko zenbat pertsonek hartu duten parte proiektua lantzen, fisikoak zein juridikoak izan pertsona horiek. Pertsona bakar batek hainbat proiektu aurkez ditzake, bakarka edo talde bateko partaide gisa.

Laugarrena.– Hautagaiak.

1.– Pertsona fisikoek zein juridikoek aurkeztu ahalko dute proiektua, sarirako deialdiaren prozeduran –zuzenean zein zeharka– parte hartu dutenek izan ezik.

2.– Pertsona fisiko batek baino gehiagok aurkeztutako proiektuei dagokienez, pertsona bakoitza identifikatuko da, eta zehaztuko da sarirako deialdia egin duen administrazioarekiko harremanetan parte-hartzaileetako zein izango den hautagaitza izenpetzen duten gainerakoen ordezkari.

3.– Pertsona juridikoek –modu indibidualean zein beste batzuekin batera– aurkeztutako proiektuei dagokienez, proiektua lantzen parte hartu duen/duten pertsona juridikoaren/juridikoen ordezkari izango den pertsona bakarrik identifikatuko da sarirako deialdia egin duen administrazioarekiko harremanetarako.

4.– Pertsona fisiko batek eta pertsona juridiko batek elkarrekin aurkeztutako proiektuei dagokienez –kopurua edozein dela ere–, pertsona bat identifikatuko da, zeina sarirako deialdia egin duen administrazioarekiko harremanetan haien ordezkari izango baita.

5.– Proiektu bat aurkezten duen/duten pertsonak/pertsonek –pertsona fisikoak zein juridikoak izan– egiaztatu beharko dute inskribapena egin duten egunean beteta dituztela hiru baldintza hauek:

a) Erakunde eskatzaileak egiaztatu behar du ez dagoela laguntza edo diru-laguntza publikoak jasotzea eragozten dion zehapen administratibo edo penal baten pean, edo ez daukala horretarako legezko debekurik.

b) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzean eguneratuta egotea.

c) Sexu-arrazoiengatik diskriminatzeagatik zigor administratibo edo penala betetzen edo debeku horrekin zigortuta ez egotea, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean ezarritakoaren arabera.

Ondorio horietarako, proiektua aurkezteko bete behar den formularioaren 9. puntuan erantzukizunpeko adierazpen bat dator, proiektua aurkezten duen/duten pertsonak/pertsonek baldintza horiek betetzen dituela/dituztela egiaztatzeari buruzkoa.

6.– Proiektuak aurkezten dituzten pertsonek baimena ematen diote Eusko Jaurlaritzari beraiek direla egile adierazteko deialdi honekin zerikusia duen edozein hedapen-jardueratan, horrek emango ez badie ere sariaz edo akzesitaz aparteko eskubide ekonomiko edo bestelako onurarik.

Bosgarrena.– Epaimahaia.

1.– Aurkeztutako ideiak epai-mahai batek baloratuko ditu, zeina honako hauek osatuko baitute:

● Herritarrak Hartzeko eta Administrazioa Berritzeko eta Hobetzeko zuzendaria edo hark eskuordetutako pertsona bat, zein mahaiburu izango baita.

● Herritarrak Hartzeko eta Administrazioa Berritzeko eta Hobetzeko Zuzendaritzako web Zerbitzuko burua, edo hark eskuordetutako pertsona bat.

● Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko Ekintzailetzaren, Berrikuntzaren eta Informazio Gizartearen Zuzendaritzako Informazio Gizarteari buruzko Enpresa Programaren arduraduna edo hark eskuordetutako pertsona bat.

● EJIE Eusko Jaurlaritzaren Informatika Elkartean Eusko Jaurlaritzaren presentziaren organo arduraduneko pertsona titularra, edo hark eskuordetutako pertsona bat.

● Herritarrak Hartzeko eta Administrazioa Berritzeko eta Hobetzeko Zuzendaritzako web Zerbitzuko Open Data Euskadiren arduradun teknikoa, zein epai-mahaiko idazkari lanetan arituko baita. Hitza izango du, baina botorik ez.

2.– Epaimahaiak baloratuko ditu proiektuak, betiere hurrengo oinarrian jasotako baldintzetan ezarritako baremoa aplikatuz, eta saria eta akzesita emateko proposamena sariok emateko eskumena duen organoari bidaliko dio.

3.– Epaimahaiaren erabakiak botoen gehiengoz hartuko dira.

4.– Epai-mahaiko kide izateak eta epai-mahaiaren bilkuretara joateak ez du inoiz ere eskubiderik emango ordainsari, bidai-sari edo kalte-ordain gisa diru-zenbateko bat jasotzeko.

Seigarrena.– Baremoa.

1.– Epai-mahaiak baloratuko ditu aurkeztutako proiektuak. Gehienez 8 puntu eman ahalko zaizkie, honako baremoaren arabera:

a) Baliagarritasuna: ebazten duen arazoaren zailtasuna eta hartzaile potentzialen kopurua hartuko dira aintzat. 0 eta 2 puntu arteko balioa izango du.

b) Bideragarritasuna eta balio soziala: egun dagoen aukera negozioa egiteko eta proiektuak daukan balio soziala. 0 eta 2 puntu arteko balioa izango du.

c) Originaltasuna, sormena eta izaera berritzailea. 0 eta 1 puntu arteko balioa izango du.

d) Erabilgarritasuna eta irisgarritasuna. 0 eta 1 puntu arteko balioa izango du.

e) Proiektuaren kalitate teknikoa. 0 eta 1 puntu arteko balioa izango du.

f) Jasotako botoak: Open Data Euskadi webgunean (https://opendata.euskadi.eus) jarriko dira, hurrengo oinarriaren arabera onartutako eta baztertutako proiektuen zerrenda argitaratu eta 30 eguneko epean, nahi dutenek ustez onenari botoa eman diezaioten. 0 eta 1 puntu arteko balioa izango du. Atal honetako puntuazioa ezagutzeko, proiektu bakoitzak lortutako botoak zati boto gehien lortu duen proiektua egingo da. Horren emaitza izango da atal honetan lortutako puntuazioa. Pertsona bakoitzeko boto bat kontatuko da.

2.– Gutxienez 4 puntu lortu behar dira saria jasotzeko aukera izateko.

Zazpigarrena.– Prozedura.

1.– Open Data Euskadiren webgunean (https://opendata.euskadi.eus) horretarako dagoen formularioa bete beharko da, eta webzerbitzua@euskadi.eus posta elektronikora bidali; nahi izanez gero, aurkeztu ahalko da baita ere Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako tokietan. Kasu horretan, Herritarrak Hartzeko eta Administrazioa Berritzeko eta Hobetzeko zuzendariari zuzendu beharko zaio eskabidea, helbide honetan: Eusko Jaurlaritza. Herri Administrazio eta Justizia Saila. Herritarrak Hartzeko eta Administrazioa Berritzeko eta Hobetzeko Zuzendaritza. Donostia kalea, 1 - 01010 Vitoria-Gasteiz.

2.– 50 egun naturaleko epea egongo da proiektuak aurkezteko, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian aurkeztu eta hurrengo egunetik aurrera. Epez kanpo aurkeztuko ideiak baztertu egingo dira deialditik.

3.– Proiektuak aurkezteko epea amaitu eta 15 egunen barruan, onartutako eta baztertutako proiektuen zerrenda argitaratuko da Open Data Euskadiren webgunean: https://opendata.euskadi.eus

4.– Epai-mahaiak aurkeztutako proiektuak aztertuko ditu, eta, proiektu bakoitzari baremoa aplikatu ondoren, ebazpen-proposamena aurkeztuko dio Herri Administrazio eta Justizia Saileko Funtzio Publikoko sailburuordeari. Hark ebatziko du. Open Data Euskadiren webgunean argitaratuko da ebazpen hori: https://opendata.euskadi.eus

5.– Epai-mahaiak proposatu ahalko du bete gabe uztea deialdia edo, hala badagokio, akzesita, baldin eta proiektu batek ere ez balu lortuko aurreko oinarrian ezarritako gutxieneko puntuazioa.

Zortzigarrena.– Saria onartzea.

1.– Pertsona sarituek idatziz eta espresuki adierazi beharko dute saria onartzen dutela, saritze-ebazpena argitaratu eta 3 egun naturaleko epean. Horretarako, Open Data Euskadiren webgunean jasota dagoen formularioa bete beharko dute eta webzerbitzua@euskadi.eus helbidera bidali.

2.– Aurreko idatzi-zatian ezarritako baldintzetan ez bada onartzen saria, ulertuko da uko egiten zaiola; kasu horretan, zerrendako hurrengo proiektu onenari emango zaio saria. Saria ez onartzea eta horren ondorioak Herri Administrazio eta Justizia Saileko Funtzio Publikoko sailburuordearen ebazpen bidez jakinaraziko dira. eta Open Data Euskadiren webgunean (https://opendata.euskadi.eus) argitaratuko da ebazpen hori. Emandako ebazpena argitaratzeaz gain, pertsona sarituari jakinaraziko zaio, oinarri honetan adierazitako moduan joka dezan.

3.– Pertsona sarituetatik inork ez badu saria onartzen, Herri Administrazio eta Justizia Saileko Funtzio Publikoko sailburuordeak deialdia bete gabe geratu dela jakinaraziko du, ebazpen bidez. Open Data Euskadiren webgunean (https://opendata.euskadi.eus) argitaratuko da ebazpen hori.

4.– Pertsona sarituak, saria onartu ondoren, Herri Administrazio eta Justizia Saileko Herritarrak Hartzeko eta Administrazioa Berritzeko eta Hobetzeko Zuzendaritzan aurkeztu beharko du proiektua aurkeztu zuenean bete zuen formularioko erantzukizunpeko adierazpenean adierazitakoa egiaztatzen duen dokumentazioa.

5.– Ebazteko eta ebazpena argitaratzeko epea ezingo da izan 5 hilabetetik gorakoa, deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita. Epe hori igarota, ebazpena ez bada artean argitaratu, ulertuko da deialdia bete gabe geratu dela.

Bederatzigarrena.– Sariak ematea.

1.– Ekitaldi formal batean emango dira sariak. Ekitaldi horretan egon beharko dute saridunek, non bakoitzak bere proiektuaren zehaztasunak azalduko baititu labur-labur. Baldin eta justifikatutako arrazoiren batengatik pertsona sariduna ezin bada joan ekitaldi horretara, beste pertsona bat izendatu beharko du, aurretiaz, bere ordez joan eta saria bere izenean jaso dezan. Pertsona sarituak bera ordezkatuko duen pertsonaren identifikazio-datuak bidali beharko ditu, Herri Administrazio eta Justizia Saileko Funtzio Publikoko sailburuordeari zuzenduta, webzerbitzua@euskadi.eus helbidera.

2.– Pertsona saritua edo haren ordezkoa ez bada joaten sari-banaketako ekitaldira, ulertuko da sariari uko egiten zaiola. Kasu horretan, aurreko oinarrian xedatutakoaren arabera jokatuko da.

Hamargarrena.– Datu pertsonalen babesa.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearen arabera, sarietarako deialdi honetara proiektuak aurkezten dituzten pertsonek emandako datu pertsonalak, bai eta seigarren oinarrian aipatutako boto-emaileenak ere, zeinen tratamendu eta argitalpena baimentzen baitute, Sariak eta laguntza izeneko datu pertsonalen fitxategi automatizatuan sartuko dira. Fitxategi horren arduraduna Herri Administrazio eta Justizia Saileko Herritarrak Hartzeko eta Administrazioa Berritzeko eta Hobetzeko Zuzendaritza da. Datuetara iristeko, datuak zuzentzeko, ezerezteko eta datuen aurka egiteko eskubideak zuzendaritza horren aurrean erabili ahalko dira. Horretarako, helbide honetara jo beharko da: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz. Era berean, deialdi honetan proiektuak aurkezten dituzten pertsonek baimena ematen diote aipatu zuzendaritzari aurkezten dituzten agirien egiazkotasuna beste erakunde publiko batzuetan egiaztatzeko.


Azterketa dokumentala