Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

170. zk., 2015eko irailaren 8a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
3805

ERABAKIA, 2015eko ekainaren 3koa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen Gizarte Kontseiluaren Osoko Bilkurarena. Horren bidez, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Lan Arloko Salaren 2015eko martxoaren 23ko autoa betearazten da eta irakasle eta ikertzaileen ordainsari osagarri gehigarrien deialdia onartzen da.

María Pilar Elorrieta Santos Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen Gizarte Kontseiluko idazkari nagusiak hau

ZIURTATZEN DU:

Gizarte Kontseiluaren Osoko Bilkurak, bere ehun eta laurogeita seigarren bileran, bi mila eta hamabosteko ekainaren hiruan, jarraian ageri den erabakia hartu du, gai-zerrendako laugarren gaiari buruz. Irakasle eta ikertzaileen ordainsari osagarri gehigarrien esleipena eta merezimenduen ebaluazioa eskatzeko deialdia. Epaia behin-behinean betearaztea. Ekonomia eta Finantza Batzordeak Osoko Bilkurari aurkeztu dio erabaki-proposamena; horren xedapen-zatiak hau dio:

Lehenengoa.– EAEANeko Lan Arloko Salaren 2015eko martxoaren 23ko autoa betearaztea, Salaren 4/2014 zenbakidun autoetan –LAB sindikatuak UPV/EHU, STEE-EILAS, ELA, CC.OO. eta UGTren aurka jarritakoak– emandakoa, Lan Arloko Sala beraren 2014-03-18ko epaia, aipatutako lan gatazka kolektiboko autoetan emandakoa, behin-behinean betearazteko eskaera ebazten duena.

Bigarrena.– Erabaki honi erantsitako UPV/EHUko Irakasle eta Ikertzaileen Ordainsari Osagarri Gehigarrien deialdia onartzea.

Hirugarrena.– Erabaki hau eta erantsitako deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.

Laugarrena.– Erabaki hau jakinaraztea Unibasq Agentziari, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari eta EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Lan Arloko Salari.

Errekurtsoak jartzea.– Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 89.3 artikuluak ezarritakoa betetzeko, jakinarazten da erabaki honek bide administratiboa amaitzen duela, Unibertsitateen abenduaren 21eko 6/2004 Lege Organikoaren 6.4 artikuluaren arabera. Egintzari errekurtsoa jarri ahal izango zaio, jakinarazten denetik bi hilabeteko epean, Bilboko Administrazioarekiko Auzietarako Epaitegiaren aurrean (46.1 artikulua, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa Arautzeko Legea).

Nolanahi ere, interesdunek aplikagarritzat jotzen dituzten errekurtsoak erabil ditzakete.

Eta horrela ager dadin, Akta oraindik onetsi gabe dagoela ohartarazirik, ziurtagiri hau eman dut kontseiluburuaren aginduz eta bere oniritziarekin, Bilbon, bi mila eta hamabosteko ekainaren lauan.

Kontseiluburua,

JOSEBA AGUSTÍN EIZAGUIRRE AGOTE.

Idazkari nagusia,

M. PILAR ELORRIETA SANTOS.

2015EKO DEIALDIA, ORDAINSARI OSAGARRI GEHIGARRIAK ESLEITZEKO EBALUAZIOA ESKATZEKO, ETA AURREKO DEIALDIETAN ESLEITUTAKO OSAGARRIAK FINKATZEKO

Lehenengoa.– Deialdiaren helburua.

1.– Deialdi honen helburua da irakasle eta ikertzaileei ordainsari osagarri gehigarriak esleitzea, haien merezimenduak ebaluatu eta gero. Ebaluazioa egingo da Unibasq-Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Egiaztatzeko Agentziaren ebaluazio protokoloari jarraikiz, zeina onartuko baita martxoaren 29ko 64/2011 Dekretutik abiaturik (dekretu horrek aldatu egin zuen 207/2006 Dekretua, Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta ikertzaileen ordainsari osagarri gehigarriei buruzkoa).

2.– Era berean, aurreko deialdietan esleitutako ordainsari osagarri gehigarriak jasotzen egoteaz gain merezimenduak ebaluaziora aurkezteko moduan daudenek eskaria aurkeztu ahal izango dute osagarriok finkatzeko. Finkotasuna eskatzen duenak hurrengo urteotako deialdietara aurkeztu ahal izango da, 5 urte pasatu beharrik gabe.

3.– Ordainsari osagarri gehigarriak metatu daitezkeen hiru mailatan sailkatuko dira eta tarte progresibo desberdinak izango dituzte. Hain zuzen:

● C maila, Euskal Herriko Unibertsitatean egindako jardun profesionala saritzen duena.

● B maila, kalitatea eta etengabeko hobekuntza saritzeko.

● A maila, bikaintasuna saritzen duena.

4.– Hauek arautuko dute deialdi hau: deialdiaren beraren testuak eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta ikertzaileen ordainsari osagarri gehigarriei buruzko urriaren 17ko 209/2006 Dekretuak (64/2011 Dekretuak egindako aldaketekin). Horietan jasota ez dagoenerako, eutsiko zaio Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeari.

Bigarrena.– Aplikazio esparrua.

1.– Hauek eska dezakete merezimenduak ebaluatzea:

a) Deialdia argitaratzen denean jardunean dauden UPV/EHUko irakasle eta ikertzaileek, hala funtzionarioek nola administrazio kontratudunek edo lan kontratudunek, baldin eta zerrenda honetako 2. puntukoen artekoak ez badira.

2.– Honako hauek ezin dute ebaluazioa eskatu:

a) Aurreko deialdietan ebaluatuak izan direnek, azken ebaluaziotik bost urte igaro ez badira, salbu eta C2 eta B1 mailetarako ebaluazioa eskatu nahi badute.

b) Agentziarekin kolaboratzen duten irakasle eta ikertzaileek, kanpoan uzten baititu urriaren 17ko 209/2006 Dekretuko hirugarren xedapen gehigarriak, martxoaren 24ko 64/2011 Dekretuak egindako aldaketen arabera.

c) Martxoaren 4ko 41/2008 Dekretuak kanpoan utzitakoek (41/2008 Dekretua, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta ikertzaileen ordainsariei buruzkoa).

Hirugarrena.– Eskariak.

Edozelan ere, eskariak bide telematikoz egingo dira, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko web orrian jarritako aplikazio informatikoaren bidez, 64/2011 Dekretuaren bitartez aldatutako urriaren 17ko 209/2006 Dekretuko 7.2 artikuluari jarraikiz (209/2006 Dekretua, Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta ikertzaileen ordainsari osagarri gehigarriei buruzkoa).

Aplikazio informatikoaren bidez eskatzaileak eskariaren laburpen bat jasoko du; interesatuak dokumentu hori sinatu eta UPV/EHUko Gobernu Kontseiluari bidali beharko dio, deialdi honetan zehaztutako epearen barruan. Dokumentu hori bidali ezean, eskaria ez da aurkeztutzat joko.

Bi eskari mota egongo dira:

1.– Lehendik jasotzen ari diren ordainsari osagarri gehigarriak finkatzeko.

Eskariarekin batera I. edo III. eranskina aurkeztu beharko da.

2.– Ebaluazio berrirako eskariak edo lehen aldiz ebaluatua izateko eskariak.

Eskariarekin batera merezimenduen egiaztagiriak aurkeztu beharko dira, 1.1 oinarrian aipatutako protokoloan esaten den legez. Beraz, eskariari merezimenduen egiaztagiriak erantsiko zaizkio, digitalizatuta. Dokumentazioa aurkeztuko da alegatutako merezimenduen hurrenkera berean, eta ebaluatu beharreko atal bakoitzerako artxiboetan antolatua. Alegatzen den merezimendu bakoitza bat etorri beharko da dagokion egiaztagiriarekin. Hala izan ezean, merezimendua ez da kontuan hartuko. Egiaztagiriarekin batera alegatutako merezimenduak baino ez dira aintzat hartuko. Ebaluazio eskariak Euskal Autonomia Erkidegoko edozein hizkuntza ofizialetan aurkeztu ahal izango dira.

Laugarrena.– Espedienteak Unibasq-era bidaltzea.

Bigarren motako eskariak, hau da, ebaluazio berria eskatzekoak edo lehen aldiz ebaluatua izateko eskatzekoak, Unibasq-era bidaliko dira, balorazio txostena egin dezan, nahitaezkoa baita. Eskariok agentziara bidaltzen direnean txostena eskatzeko, eten egingo da prozedura ebazteko epea, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 42.5 artikuluari jarraikiz (Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legea).

Bosgarrena.– Akatsak zuzentzea.

Epearen barruan aurkeztutako eskariek deialdian ezarritako baldintzak betetzen ez dituztenean edo baldintzak egiaztatzeko behar den dokumenturen bat aurkeztu ez denean, interesatuari eskatuko zaio akatsa zuzentzeko (hau da, nahitaezkoak diren dokumentuak edo alegatutakoa egiaztatzeko beharrezkoak diren dokumentuak aurkezteko). Horretarako, hamar egun balioduneko epea izango du, zuzenketa egitea eskatzen zaion egunaren biharamunetik hasita.

Seigarrena.– Merezimenduen ebaluazioa.

Maila eta tarte bakoitzerako merezimenduak behin egiaztatuta, protokoloan zehaztutako moduan ebaluatuko dira, hirugarren oinarriko 2. eskari motarako ezarritakoari jarraiki.

Zazpigarrena.– Ebazpena.

Gizarte Kontseiluak, Gobernu Kontseiluaren proposamenez, ordainsari osagarri gehigarriak esleituko dizkie irakasle eta ikertzaileei banan-banan, banakako erabakiak emanez, Unibasq-ek bere txostenean (ikus laugarren oinarria) irakasle eta ikertzaile bakoitza kokatu duen maila eta tarteen arabera. Erabaki horri Unibasq-ek egindako ebaluazioa erantsiko zaio. Erabaki horien aurka interesatuek berraztertzeko administrazio-errekurtsoa jarri ahal izango dute, jakinarazpena egiten zaienetik hilabeteko epean; bestela, zuzenean haien aurka egin dezakete administrazioarekiko auzien jurisdikzioan bi hilabeteko epean, jakinarazpena hartzen dutenetik hasita.

Zortzigarrena.– Ondorio ekonomikoak.

Merezimenduen ebaluazioa eta osagarrien esleipena ebaluazioaren hurrengo urtean hasiko dira ondorio ekonomikoak izaten, 64/2011 Dekretuaren bidez aldatutako urriaren 17ko 209/2006 Dekretuko 10. artikuluari jarraikiz (209/2006 Dekretua, Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta ikertzaileen ordainsari osagarri gehigarriei buruzkoa).

Bederatzigarrena.– C mailako ordainsari osagarri gehigarrietarako oinarriak.

1.– Helburua.

1.1.– C mailak, Euskal Herriko Unibertsitatean egindako jardun profesionala saritzen duenak, bi tarte ditu:

● C1 tartea. Hau eskuratzeko hiru urteko lotura izatea egiaztatu behar da Euskal Herriko Unibertsitatearekin.

● C2 tartea. Hau eskuratzeko zazpi urteko lotura izatea egiaztatu behar da Euskal Herriko Unibertsitatearekin.

1.2.– Zenbaketa egiteko kontuan hartuko dira eskaria egiteko epea amaitzen den azken egunera arte unibertsitatean egindako zerbitzuak. Antzinatasuna UPV/EHUk egiaztatuko du bere kabuz.

1.3.– Aipatutako denbora hori zenbatzerakoan, jarduneko zerbitzutzat hartuko dira zerbitzu bereziak eta seme-alabak zaintzeagatiko eszedentziak edo, lan kontratudun irakasle eta ikertzaileen kasuan, antzeko egoerak.

2.–- Lehendik jasotzen ari diren ordainsari osagarri gehigarriak finkatu nahi dituztenek aurkeztu beharreko dokumentazioa.

● Deialdi honen I. eranskineko inprimakia.

3.– Unibertsitatean egindako jardun profesionala aitor dakien lehen aldiz ebaluazioa eskatzen dutenek aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Jardun profesionala saritzen duten C1 eta C2 mailak lortzeko ebaluaziora lehen aldiz aurkezten direnek dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte:

● Deialdi honen II. eranskineko inprimakia.

● Saileko Kontseiluaren txostena, 2.1 ereduaren arabera egina. Honako hauek jasoko ditu:

a) Irakaslanari buruzko txosten negatiborik ez egotea, hau da, betebehar formalei buruzko ez-betetzerik ez egotea (tutoretzak, eskola emateak, akten epeak, eta abar).

b) Irakaslanari buruzko inkestak sistematikoki betetzea; balioespen negatibo errepikaturik ez egotea.

4.– Ordainsari osagarri gehigarriak eskuratzeko ebaluazioetara aurretik aurkeztu direnek aurkeztu beharreko dokumentuak:

● Deialdi honen II. eranskineko inprimakia.

● Saileko Kontseiluaren txosten positiboa, arrazoitua eta argumentatua, 2.2 ereduaren arabera egina. Honako hauek izango ditu oinarri:

● Irakasleak bere lanari buruzko txosten negatiborik ez izatea.

● Irakaslanari buruzko inkestak sistematikoki bete izana, ahal den guztietan behintzat, eta halakoetan balioespen negatibo errepikaturik ez izatea.

● Tutoretzak bete direla egiaztatzeko ikuskaritzak egindako txostenak.

● Irakasleak bere jardueraz egindako txostena.

● Irakasleak egindako ikerlanak eta ezagutzak transferitzeko jarduerak.

5.– Nor dagoen txostena aurkeztetik salbuetsita.

Kasu hauetan ez da beharrezkoa izango aurreko bi ataletan aipatutako txostena aurkeztea:

● Irakasleak ohiko irakaskuntzatik salbuetsita daudenean edo aldi batez egon direnean, guztiz edo zati batean, kargu akademikoak betetzeagatik edo liberatuta egoteagatik (liberazio sindikala, euskara ikastekoa, sabatikoa, irakaskuntzaren eta ikerketaren arloan eguneratzekoa, eta abar). Kasu hauetan beharrezkoa izango da irakaskuntzatik kanpo egotearen arrazoia egiaztatzea.

● Langileak zerbitzu bereziak ematen, seme-alabak zaintzeko eszedentzian edo, irakasle eta ikertzaile kontratatuen kasuan, antzeko egoeretan egon direnean; kasu horietan beharrezkoa izango da interesatuak ohiko irakaskuntzatik kanpo egoteko arrazoia egiaztatzea.

6.– Ikertzaileek ebaluaziorako aurkeztu beharreko dokumentazioa.

● Deialdi honetako II. eranskineko inprimakia.

● Ikertzailea atxikita dagoen Saileko Kontseiluak egindako aldeko txostena, 2.3 ereduaren arabera egina. Bertan egiaztatuko da interesatuak bere betebeharrak bete dituela.

7.– Epea.

Eskariak deialdiko hirugarren oinarriari jarraikiz aurkeztu beharko dira, eta horretarako epea hilabetekoa izango da, deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik hasita.

Hamargarrena.– B eta A mailetako ordainsari osagarri gehigarriak eskatzeko oinarriak.

1.– Helburua.

1.1.– B mailak, hau da, kalitatea eta etengabeko hobekuntza saritzen dituenak, hiru tarte ditu:

● B1 maila. Tarte hau lortzeko baldintza hauek bete beharko dira: gutxienez bost urteko antzinatasuna izatea Euskal Herriko Unibertsitatean, eta gainera C1 tartea eta 25 puntu izatea.

● B2 maila. Maila hori lortzeko baldintza hauek bete beharko dira gutxienez: hamar urteko antzinatasuna izatea, doktorea izatea, eta C1 eta C2 tarteak eta 50 puntu izatea.

● B3 maila. Maila hori lortzeko baldintza hauek bete beharko dira: hamar urteko antzinatasuna izatea, doktorea izatea, eta C1 eta C2 tarteak eta 75 puntu izatea.

1.2.– A mailak, hau da, bikaintasuna saritzen duenak, bi tarte ditu:

● A1 maila. Maila hori lortzeko baldintza hauek bete beharko dira: hamabost urteko antzinatasuna izatea, doktorea izatea, eta C1 eta C2 tarteak eta gutxienez 90 puntu izatea.

● A2 maila. Maila hori lortzeko baldintza hauek bete beharko dira: hamabost urteko antzinatasuna izatea, doktorea izatea, eta C1 eta C2 tarteak eta gutxienez 90 puntu izatea.

1.3.– Zenbaketa egiteko, kontuan hartuko dira eskaria egiteko epea amaitzen den egunera arte egindako zerbitzuak. Antzinatasuna UPV/EHUk egiaztatuko du bere kabuz.

1.4.– Aipatutako denbora hori zenbatzerakoan, jarduneko zerbitzutzat hartuko dira zerbitzu bereziak eta seme-alabak zaintzeko eszedentziak edo, irakasle eta ikertzaile kontratatuen kasuan, antzeko egoerak.

1.5.– Lehen aldiz ebaluaziora aurkezten direnek beren bizitza akademiko osoko merezimenduak alegatu ahal izango dituzte. Aurretik ebaluaziora aurkeztu direnek aurkeztu ahal izango dituzte ebaluazio horretatik oraingo eskariaren datara bitartean bildu dituzten merezimenduak.

2.– Orain jasotzen ari diren ordainsari osagarri gehigarriak finkatu nahi dituztenek aurkeztu beharreko dokumentazioa.

● Deialdi honen III. eranskineko inprimakia.

3.– Ebaluazio berri bat eskatu nahi dutenek edo lehen aldiz ebaluaziora aurkezten direnek aurkeztu beharreko dokumentazioa.

● Deialdi honen IV. eranskineko inprimakia.

● Alegatutako merezimendu guztiak egiaztatzeko egiaztagiriak. Interesatuak zinpeko aitorpen batez (VII. eranskineko eredua erabiliz) adieraziko du merezimenduak egiazkoak direla.

● B2, B3, A1 eta A2 tarteetarako besterik ez: beste unibertsitate edo ikergune batzuetan –edozelako lotura laboral, estatutario edo administratiborekin– egindako irakaskuntza, ikerketa eta jakintzaren transferentziako zerbitzuak edo kudeaketa zerbitzuak egiaztatzea.

4.– Epea.

Eskariak deialdiko hirugarren oinarriari jarraikiz aurkeztuko dira, eta horretarako epea hilabetekoa izango da, 1.1 oinarrian aipatutako protokoloa argitaratzen denetik hasita; edo deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik hasita protokoloarena baino geroago suertatzen bada.

Hamaikagarrena.– Unibertsitate eskolako irakasle titularrentzako ordainsari osagarri gehigarria.

1.– Helburua.

1.1.– Doktore ez diren unibertsitate eskolako titularrek ordainsari osagarri gehigarria eskuratu ahal izango dute baldin eta gutxienez hamar urteko antzinatasuna badaukate eta gutxienez 50 puntu lortu badituzte.

1.2.– Zenbaketa egiteko kontuan hartuko dira eskaria aurkezteko azken egunera arte egindako zerbitzuak. Antzinatasuna UPV/EHUk egiaztatuko du bere kabuz.

1.3.– Aipatutako denbora hori zenbatzerakoan, jarduneko zerbitzutzat hartuko dira zerbitzu bereziak eta seme-alabak zaintzeagatiko eszedentziak edo, lan kontratudun irakasle eta ikertzaileen kasuan, antzeko egoerak.

2.– Ebaluaziorako behar den dokumentazioa.

● Deialdi honen V. eranskineko inprimakia.

● Beste unibertsitate edo ikergune batzuetan –edozelako lotura laboral, estatutario edo administratiborekin– egindako irakaskuntza, ikerketa eta jakintzaren transferentziako zerbitzuak edo kudeaketa zerbitzuak egiaztatzea.

● Alegatutako merezimendu guztiak egiaztatzeko egiaztagiriak. Interesatuak zinpeko aitorpen batez (VII. eranskineko eredua erabiliz) adieraziko du merezimenduak egiazkoak direla.

3.– Epea.

Eskariak deialdiko hirugarren oinarriari jarraikiz aurkeztuko dira, eta horretarako epea hilabetekoa izango da, 1.1 oinarrian aipatutako protokoloa argitaratzen denetik hasita; edo deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik hasita protokoloarena baino geroago suertatzen bada.

Hamabigarrena.– Ezohiko ebaluazioa, Euskal Herriko Unibertsitateko Gizarte Kontseiluak onartutako ordainketa osagarriak 1999an aitortu zitzaizkien irakasleena.

Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta ikertzaileen ordainsari osagarri gehigarriei buruzko urriaren 17ko 209/2006 Dekretuko lehen deialdiaren ondorioz ordainsariak murriztu zitzaizkien pertsonek –esan nahi da, Euskal Herriko Unibertsitateko Gizarte Kontseiluak 1999an aitortu zizkienen aldean murriztu– berriz ere aurkeztu ahal izango dute beren bizitza aktibo osoa ebaluaziora, martxoaren 29ko 64/2011 Dekretuaren bidez aldatutako Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta ikertzaileen ordainsari osagarri gehigarriei buruzko urriaren 17ko 209/2006 Dekretuko bigarren xedapen iragankorraren arabera.

Hamahirugarrena.– Deialdi honetako tarte eta mailak ebaluatzeko eskatutako urteak zenbatzeko, kontuan hartuko da baita beka ofizialekin emandako denbora ere, betiere, unibertsitate honetako zentroren bati atxikita egon bada onuraduna (beka ofizialtzat hartuko dira UPV/EHUk, Eusko Jaurlaritzak edo Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak deitutakoak).

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala