Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoa

Euskadi.eus

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

128. zk., 2015eko uztailaren 9a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

LEHENDAKARITZA
3045

6/2015 LEGEA, ekainaren 30ekoa, hidrokarburo ez-konbentzionalak erauzteko prozesuan eta haustura hidrauliko edo «fracking»ean ingurumena babesteko neurri osagarriei buruzkoa.

Eusko Legebiltzarrak 6/2015 Legea, ekainaren 30ekoa, hidrokarburo ez-konbentzionalak erauzteko prozesuan eta haustura hidrauliko edo frackingean ingurumena babesteko neurri osagarriei buruzkoa onartu duela jakinarazten zaie Euskadiko herritar guztiei

ZIOEN AZALPENA

Energiaren erabilera funtsezkoa da edozein gizarterentzat. Gizarte guztiek eman dute beren denboraren, ahaleginaren eta baliabideen parte bat bizirik irauteko beharrezkoa duten energiaren bila. Tradizionalki batez ere energia berriztagarriak erabili izan badira ere (biomasa, haizea, ura), azken bi mendeetan zehar egoera zeharo aldatu da. Industria-iraultzaren ondotik izan zen erregai fosilen erabilera masiboak, lehenik ikatz minerala eta ondoren petrolioa eta gas naturala ustiatzeak, guztiz bestelako gizarte bati ireki zizkion ateak. Baliabide horien erabilgarritasun handiak, aurrekari historikorik gabeko jauzi kualitatiboa bat erraztu zuen energiaren erabileran. Eta energiaren erabileraren emendio nabarmen horren eskutik bestelako aspektu batzuen hazkundea ere etorri zen, besteak beste, mugikortasunerako gaitasunean edota salgai eta elikagaien ekoizpenean. Gurea bezalako gizarte industrializatu batek energia kantitate handiak eskatzen ditu.

Hala ere, gaur egun gehien erabiltzen diren energia primarioen iturriak (ikatza, petrolioa eta gas naturala) ez dira energia berriztagarriak, hau da, energia-iturri mugatuak dira. Eta, zenbaitetan, petrolioaren kasuan esaterako, jakina da ekoizpenaren gailur edo zenitera jada iritsiak garela, nazioarteko zenbait agentziak onartu izan duten bezala. Izaera mugatuko gainerako erregaiekin ere, eta uranioa ere haien artean dago, gauza bera gertatuko da denboraldi labur batean.

Baliabide mota horiek erauzten jarduten duten enpresek ederki asko ezagutzen dute egoera hori, eta ohiko hobiak agortze bidean direla adierazten duten zantzuen aurrean, ez-konbentzionaltzat hartzen diren hobietan ari dira bilatzen erregai fosilak. Testuinguru horretan ulertu behar ditugu, adibidez, ikatza mendi gailurrak harrotuz erauztea, petrolioa harea bituminosoetatik erauztea, edota gasaren eta petrolioaren ustiapena haustura hidraulikoaren (frackingaren) bitartez egitea.

Teknika eta operazio horiek, orokorrean hartuta, zenbait ezaugarri komun dituzte:

– Eskatzen duten energia input-a teknika konbentzionalena baino askoz ere handiagoa da, eta, beraz, errentagarritasun energetikoa nabarmen baxuagoa da.

– Erauzketa-operazioetan baliabide natural gehiagoren erabilera eskatzen dute.

– Lurraren okupazio eta erabilera handiagoa behar izaten duten teknikak dira.

– Eta, batez ere, teknika horiek komun dutena da ingurumenarentzako askoz ere bortitzagoak direla.

Teknika horien erabileraren ondorioz, ezartzen diren lekuetan ingurumen- eta gizarte-gatazka ugari sortzen dira.

Frackingaren kasua adibide ezin hobea da. Haustura hidrauliko modernoa presio altuak erabiliz lur-azpian jariakin kopuru handiak injektatzean datza. Modu horretan, iragazkortasun artifiziala sortzen da eta sakoneko arroka-zainen hedadura osoan zehar harrapatuta eta barreiatuta dauden hidrokarburok askatu eta gainazalerako bidea ahalbidetzen zaie. Teknika horrek aurreko mendeko 80. eta 90.eko hamarkadetan jasandako garapen teknologikoak posible egin du gas natural eta petrolio ez-konbentzionalaren ustiapena AEBetan eta Kanadan. Hala ere, XXI. mendeko lehen hamarkadan frackingak jasandako garapen horrek lehen mailako gatazka ekologiko eta sozialak eragin ditu. Erakunde ofizial, unibertsitate eta entitate askotatik datozen ikerketa zientifikoek agerian utzi dute badirela frackingaren erabilerari lotutako arazo ugari. Lurzoruaren, uraren eta bestelako nahitaezko elementuen neurrigabeko erabileratik hasita, airearen zein gainazaleko uren kutsadurara, frackingak eragindako kalteen soka luzea da, eta kalte horiek gizakien zein animalien osasunean arazo ugari sortzen dituzte. Era berean, nabarmentzekoak dira, kutsadura akustikoa, ibilgailu astunen trafiko-emariaren areagotzeari lotutako arazoak eta aktibitate sismikoaren agerpena, besteak beste.

Haustura hidraulikoa garatzen ari den eremuan bertan eta inguruetan izaten diren arazo horiei, berotze globala gehitu behar zaie. Frackingak eragin bikoitza dauka arazo horretan. Alde batetik, erauzketaren mementoan metano-ihes eta aireztatze ugari gertatzen dira eta, beste alde batetik, erauzitako gas naturalak CO2a askatzen du erregai bezala erabiltzen denean. Bai metanoa eta bai CO2a berotegi-efektuko gasak dira.

Estrategia energetiko gisa frackingaren alde apustu egitea akats nabarmena da. Izan ere, bizi dugun garai honetan premiazkoa da daukagun baliabide, bitarteko eta indar oro karbono-arrasto baxuko eredu energetiko baterako trantsizio azkarra egitera bideratzea.

Aurretiaz adierazitako horrek guztiak erakusten digu baliabide ez-konbentzionalen alde, orokorrean, eta, bereziki, frackingaren alde egin nahi den apustu horrek mehatxu larria adierazten duela ingurumenarentzat eta gure inguruko beste hainbat lekutan egin duten bezala erantzun irmoa eman behar diogula. Herri-ekimen legegile honen bitartez bultzatu nahi den legearen xedea frackingak berekin dituen arrisku larri horiek gure lurraldean errealitate bihurtu ez daitezen beharrezkoak diren neurriak jartzea da. Europar Batasunean, ingurumen alorrean badira zenbait oinarrizko printzipio, Europar Batasunaren Funtzionamenduari Buruzko Tratatuan jasota daudenak (EBFT), haien artean zuhurtasun-printzipioa eta prebentzioaren printzipioa, eskuartean dugun lege hau bermatzen dutenak, zeinak Euskal Autonomia Erkidegoan ingurumenaren babeserako neurri osagarri batzuk ere ezarri nahi dituen.

Prebentzioaren printzipioak ingurumena babesteko neurriak hartzea ahalbidetzen du, are kaltea bera eragin baino lehenago, betiere zientifikoki frogatzen baldin bada ingurumena hondatzeko arriskua egon badagoela.

Bestalde, zuhurtasun-printzipioak aurreko printzipioa sendotzen du, ingurumen-arrisku posibleen murrizketaren mesedetan ekitea ahalbidetuz, ziurtasun zientifikorik egon gabe ere. Modu horretan, EBFTk eskuragarri dauden datu zientifiko eta teknikoak kontuan hartzea exijitzen badu ere (191.3 artikulua), bere jarduketak ez dio zertan oinarri zientifiko dudagabeari heldu. Izan ere, 2000ko otsailaren 2ko zuhurtasun-printzipioaren erabileraren inguruko komunikazioan Europako Batzordeak baieztatu zuen printzipio horrek ingurumenarentzako potentzialki kaltegarriak diren arriskuak hauteman diren kasuei egiten diela erreferentzia; arrisku horiek fenomeno, prozesu edo produktu baten ondorioak izan, baina hori ziurtasun osoz baieztatzeko informazio zientifikoa eskasa, urria edota zalantzazkoa denean, halako eran non ez daitekeen nahikoa ziurtasunez ebatzi kasuan kasuko arriskua.

Printzipio horren garrantzia 2000ko abenduaren 7tik 9rako Nizako Kontseilu Europarrean nabarmendu zen, non zuhurtasun-printzipioren inguruko ebazpen bat onartu baitzen. Ebazpen horretan, ordurako Europako Batzordeak iragarriak zituen printzipioarentzako orientabide orokorrak finkatu zituzten. Horretaz gain, erabaki judizialak ere badaude, hala nola Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren (C-127/02) epaia, 2004ko irailaren 7koa.

Euskal Autonomia Erkidegoan ingurumen-babeserako neurri osagarriak ezartzea helburu duen lege hau emateko, euskal Administrazioak bere eskumenen esparruan dihardu, Autonomia Estatutuan jasotakoaren arabera.

1. artikulua.– Xedea eta aplikazio-eremua.

Lege honen xedea da ingurumena babesteko neurri osagarri batzuk ezartzea, Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenen esparruan, hidrokarburoen esplorazio, ikerketa eta ustiapenerako.

2. artikulua.– Kontzeptuak.

1.– Baliabide ez-konbentzionalak dira:

– Hidrokarburo likidoak edo gaseosoak, 1 milidarcytik beherako iragazkortasuna izanik, harri aman harrapatuta daudenak.

– Ikatz- edo harrikatz-zainetan harrapatuta dauden hidrokarburo gaseosoak, gizakien jardunik gabe aterako ez liratekeenak.

– Itsasoan lurperatuta dauden metano-hidratoak.

2.– Haustura hidraulikoa edo frackinga hidrokarburoak erauzteko teknika bat da. Teknika horren bidez, hidraulikoki hausten da arroka-geruza; horretarako, marruskadura txikiko hausturajariakin bat sartzen da, presio altuan. Jariakin horri hainbat agente kimiko gehitzen zaizkio.

3. artikulua.– Lurzoruari eta hirigintzari buruzko 2/2006 Legeko 28. artikulua aldatzen da, 7. puntu berri bat sortuz, hurrengo testuarekin:

«Lurzoru urbanizaezin gisa sailkatuta dauden lur-eremuetan, hidrokarburoen aprobetxamenduaren kasuan, ez dago baimenduta haustura hidraulikoaren teknologia, inguruko ezaugarri geologikoei, ingurumenari, paisaiari edo baldintza sozioekonomikoei kalte egin badiezaieke, edota Eusko Jaurlaritzaren beste eskumen-eremu batzuei dagokienez, lurralde-antolaketaren, hirigintza-antolaketaren edo/eta ingurumen-antolaketaren bitartekoetan jasota dagoenaren arabera».

4. artikulua.– Orokorrean, hidrokarburoak ustiatzeko haustura hidraulikoa jasotzen duen edozein plan, programa edo estrategia sektorialek, bereziki euskal energia-estrategiak, ingurumen arloko ebaluazio estrategikoa eduki beharko du.

5. artikulua.– Uraren 1/2006 Legeko 29.1 artikuluari, paragrafo berri bat gehitzen zaio.

«Ildo horretatik, haustura hidraulikoaren teknika erabiltzea ere debekatuta geratzen da hidrokarburoen ustiapenerako, EAEko akuiferoen kutsadurarekiko zaurgarritasunaren mapan zaurgarritasun-arrisku ertain, handi edo oso handi gisa sailkatuta dauden guneetan».

6. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko agintariek eta funtzionario publikoek lege honetan xedatutakoa errespetatu eta betetzen dela bermatuko dute, eta bakoitzak bere eskumenen barruan neurri egokiak hartuko ditu aipatutako legean ezarritakoa urratuta egiten diren jarduerak geldiarazteko, bai eta aldatutako egoera jatorrizko egoerara lehengoratzeko ere.

LEHENENGO XEDAPEN IRAGANKORRA

Lege honen 3. artikuluan ezarritako aurreikuspena, betiere, Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldean hidrokarburoen esplorazio, ikerketa eta ustiapenerako jada emandako edo tramitazioan dauden baimenei aplikatuko zaie, bai eta lege hau indarrean jartzen denetik aurrera aurkezten diren eskaerei ere.

BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA

Lege honen 4. artikuluan aipatzen den derrigortasun hori, lege hau indarrean jarri ondoren tramitazioa hasten duten planei aplikatzeaz gain, 2006ko uztailaren 21a ondoren behin betiko onarpena eman zaien plan, programa eta indarrean dauden estrategiei ere aplikatuko zaie.

Hidrokarburo ez-konbentzionalak ustiatzeko helburua duten zulaketa edo esplorazio-zundaketak egiteko baimenik ez da emango harik eta aurreko paragrafoan aipatzen den ingurumen arloko ebaluazio estrategikoaren tramitazio osoa bukatzen ez den arte.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

lndargabetuta geratzen dira lege honetan xedatutakoaren aurka dauden maila bereko edo beheragoko arau-xedapenak edo legearen edukiarekin bateraezinak direnak.

AZKEN XEDAPENA

Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean.

Beraz, Lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko ekaina 30a.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.


Azterketa dokumentala

Euskadi, auzolana