Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

127. zk., 2015eko uztailaren 8a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
3028

118/2015 DEKRETUA, ekainaren 30ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko langileen 2016. urteko jaiegunen egutegia onartzeko dena.

Euskal Autonomia Erkidegoaren Autonomia Estatutuaren 12. artikuluarekin eta martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuan onartutako Langileen Estatutuaren Legearen Testu Bateginaren 37. artikuluarekin bat, Eusko Jaurlaritzaren eskumena da 2016. urterako lanegunen eta jaiegunen egutegia ezartzea urtean gehienez 14 jaiegun izanik.

Hori dela eta, hauekin bat etorrita: lanaldia, lanaldi bereziak eta atsedenaldiak arautzen dituen uztailaren 28ko 2001/1983 Errege Dekretuaren 45. eta 46. artikuluak, oraindik indarrean, eta lanaldi bereziei buruzko irailaren 21eko 1561/1995 Errege Dekretuaren xedapen indargabetzaile bakarra; Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak proposatuta, Lan Harremanetarako Kontseiluari eta gaia doakien gainerako organo aholku-emaileei entzunda, eta Gobernu Kontseiluak 2015eko ekainaren 30ean egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Egun baliogabetzat joko dira Euskal Autonomia Erkidegoan lan-ondorioetarako, bi mila eta hamaseian, urte osoko igande guztiak eta jaiegun hauek:

Urtarrilaren 1a, Urteberri-eguna.

Urtarrilaren 6a, Errege-eguna.

Martxoaren 24a, Ostegun Santua.

Martxoaren 25a, Ostiral Santua.

Martxoaren 28a, Pazko-astelehena.

Uztailaren 25a, Santiago apostolua.

Abuztuaren 15a, Andra Mariren Jasokundea.

Urriaren 7a, Gernikan Lehenengo Eusko Jaurlaritza eratu izanaren 80. Urteurrena.

Urriaren 12a, jai nazionala.

Azaroaren 1a, Santu guztien eguna.

Abenduaren 6a, Konstituzioaren eguna.

Abenduaren 8a, Sorkundez Garbiaren eguna.

2. artikulua.– 1.– Horietaz gain, lanerako baliogabeak, ordainduak eta berreskuraezinak izango dira, bi mila eta hamaseian, tokiko jaietako bi egun ere gehienez. Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren Laneko, Enpleguko eta Gizarte Politiketako lurralde-ordezkariek ezarriko dituzte bi egun horiek, udal bakoitzeko udalbatzak proposatuta. Egun horiek ez dira batera eman behar lurralde historiko guztietan.

2.– Udal bakoitzak proposamenak egin eta igorri beharko ditu Laneko, Enpleguko eta Gizarte Politiketako bere lurralde-ordezkaritzara, kokapenaren arabera dagokion ordezkaritzara, hilabeteko epean, dekretu hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Ahalmena ematen zaio Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuari, dekretu honetan xedatutakoa gauzatzeko behar diren xedapenak emateko.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak dekretu honek.

Vitoria-Gasteizen, 2015eko ekainaren 30ean.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua,

ANGEL TARSICIO TOÑA GÜENAGA.


Azterketa dokumentala