Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

125. zk., 2015eko uztailaren 6a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
2985

AGINDUA, 2015eko ekainaren 25ekoa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, kultura sorkuntza bultzatzeko 2015. urtean diru-laguntzak emateko arauak ezarri eta deialdia egiten duena.

Arte eta kultura alorreko jarduerei loturiko eskumenak eta horien zabalkundeari dagozkionak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari dagozkio, horixe xedatzen baita Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuan. Eskumen horiek Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari esleitzen dizkio apirilaren 9ko 193/2013 Dekretuak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren egitura organikoa ezartzen duenak.

Ildo horretan, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak bere jardun-eremuetarako egotzita dauzkan ahalmenen barruan, eta gaur egungo gizartean sorkuntzaren sektoreak zenbaterako garrantzia daukan kontuan hartuta eta kultura bultzatzeak gizarteko kulturaren oparotasunari eta ekonomiari nola on egiten dion kontuan hartuta, interesgarri irudi zaigu aurrera jarraitzea lehen urratutako bide beretik, hau da, laguntzen jarraitzea antzerkigintzako testuak, zinemarako gidoiak eta musika-konposizioak sortzen dabiltzanei, dirulaguntzak emanez beren lana pizteko, bai euskarazko lanetarako eta bai gaztelaniazko lanetarako ere. Gure asmoa da antzezpen, ikus-entzun eta musikaren sektoreari indarra ematea eta errotzen laguntzea, gure herrian oso-oso garrantzitsuak direlako kulturaren aldetik.

Bestalde, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 3.5 eta 25. artikuluek xedatzen dutena bete beharrez, honako Agindu honetan hainbat neurri espezifiko txertatu ditugu sexuak eragindako ezberdinkeriak ezabatzeko edo gutxitzeko kultura sorkuntzaren esparruan, eta, aldi berean, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunaren V. Planean datorren 2.3.5 helburu operatiboa betetzeko, alegia, emakumeen presentzia handiagotzea kultur eta artegintzako ekoizpen eremuetan, arlo kultural guztietan eta maila guztietan.

Ondorioz, honako hau

EBAZTEN DUT:
I. KAPITULUA
ARAU OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da 2015. urtean antzerki-testuak eta zinemarako gidoiak nahiz musika-konposizioak sortzeko diru-laguntzak emateko arauak ezartzea eta deialdia egitea.

2. artikulua.– Modalitateak eta baliabide ekonomikoak.

1.– Dirulaguntza hauetarako, guztira, 240.000 euro daude jarrita. Halere, kopuru hori handiago ere izan liteke, lehenengo xedapen gehigarriak agindutakoaren arabera.

2.– Zenbateko globala honela banatuko da deialdiko laguntza-mota desberdinen artean:

a) 52.800 euro, antzerkirako testuak sortzeko.

a) 142.200 euro, gidoi zinematografikoak sortzeko.

c) 45.000 euro, musika-konposizioak sortzeko.

3. artikulua.– Onuradunak.

1.– Edozein pertsona fisiko, Euskal Autonomia Erkidegoan jaiotakoa, edo, Agindu hau argitaratzen den garaian bertan bizi dena, gutxienez, duela urtebetetik.

Sorreran euskaraz idatzitako proiektuak aurkeztu behar dituzten pertsona fisikoek ez dute aurreko baldintza hori bete beharrik.

2.– Eskatzaile bakoitzak proiektu bat baino gehiago aurkez dezake, baina modalitate bakoitzean onuradun bakoitzari proiektu bakarragatik baino ez zaio emango dirulaguntza.

3.– Deialdi honetako laguntzak jaso ahal izateko, eskatzaileek egunean izan behar dituzte zerga-betebehar guztiak.

4.– Eskatzaileek zerga-betebeharrak egunean dituztela egiaztatzeko aurkeztutako dokumentazioa automatikoki egiaztatuko du organo kudeatzaileak, eta horretarako ez du eskatzaileen baimenik beharko, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren aldaketa aplikatuz. Interesdunek Nafarroako Ogasunean ordaintzen badituzte zergak, zerga-betebeharrak egunean dituztela egiaztatzen duen egiaztagiria aurkeztu beharko dute.

5.– Pertsona onuradunei laguntzak ematea eta, hala dagokionean, horien ordainketa, baldintzaturik geratuko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta bere erakunde autonomoek ematen dituzten izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan dirua itzultzeko edo zehapenen bat ezartzeko espedientea hasi baldin bada eta oraindik izapideak amaitu gabe baldin badaude, prozedura hori burutu arte.

6.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak jaso ahal izateko, beharrezkoa da pertsona eskatzaileak ez izatea zigor administratibo edo penalik laguntza publikoak lortzeko, ezta ere horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik. Halaber, ezingo dute diru-laguntzarik eskatu sexu-bereizkeria dela-eta zigor administratibo edo penalik duten erakundeek, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenaren indarrez.

7.– Halaber, pertsona edo entitate onuradunek, Diru-laguntzen 38/2003 Lege Orokorrak bere 13. artikuluan jasotako baldintzak bete beharko dituzte.

4. artikulua.– Laguntzak emateko prozedura.

Deialdi hau lehiaketa bidez ebatziko denez, soilik finkatu diren irizpideetara ondoen egokitzen diren eskabideek jasoko dute laguntza, eta ezarri den dirulaguntza maximoaren barruan.

5. artikulua.– Laguntzak kudeatzeko organoa.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Kultura Sustapenerako zuzendariari dagokio deialdi honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzea.

6. artikulua.– Tramitazio elektronikoa.

1.– Pertsona interesdunek bide elektronikoak erabili ahal izango dituzte deialdi honetako izapideak eskatzeko, kontsultatzeko eta bideratzeko.

2.– Eskaerak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak, bai bide presentziala erabiliz bai bide elektronikoa erabiliz, nola tramitatu behar diren azaltzen dituzten argibideak euskadi.net-en honako helbide hauetan daude ikusgai:

– Antzerkirako testuak sortzeko modalitatea:

https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2015/sormena_antzerkia/y22-izapide/eu/

– Gidoi zinematografikoak sortzeko modalitatea:

https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2015/sormena_gidoiak/y22-izapide/eu/

– Musika-konposizioak sortzeko modalitatea:

https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2015/sormena_konposizioak/y22-izapide/eu/

3.– Eskabidea egiteko eta dokumentazioa aurkezteko bide horietako bat erabiliz gero –presentziala edo elektronikoa–, horrek ez du esan nahi bidez aldatu ezin denik prozeduraren ondorengo izapideetan, alegia, edonoiz aldatu daiteke bidea.

Eskabidearen ondoko izapideak, bide elektronikoa erabiliz, hemen egin daitezke: http://www.euskadi.net/nirekudeaketak

7. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea Agindua indarrean jartzen den egunean bertan hasiko da eta 2015eko irailaren 7an bukatuko da.

2.– Eskabideak aurrez aurre aurkeztu ahal izango dira Zuzenean Zerbitzuko bulegoetan, EAEko erregistro laguntzaileetan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan jasotakoak) edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak 38.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean.

Eskaera-orria, eskatzen den gainerako dokumentazioarekin batera, euskadi.net gunean eskura daiteke, agindu honetako 6. artikuluan adierazitako helbideetan.

Eskabideak bide elektronikoa erabiliz ere aurkeztu ahalko dira, euskadi-net guneko aipaturiko helbideetan.

3.– Pertsona eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute eskaera, atxikitako dokumentazioarekin batera. Halaber, pertsona eskatzaileak aukeratzen duen hizkuntza hori erabili ahal izango da prozedura osoan, Euskararen Erabilpena Arautzen duen 1982ko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeko 5.2.a) eta 6.1 artikuluek xedatzen duen moduan.

4.– Eskabideak aurkezteak deialdi honetako oinarriak definitzen dituzten baldintzak espresuki eta formalki onartu direla adierazten du.

8. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Eskatzaileari dagokion dokumentazioa:

a) Eskaera sinatu duenaren identitatea egiaztatzeko agiriak.

b) Erroldatze-ziurtagiria, pertsona eskatzailea ez bada Euskadiko Autonomia Erkidegoan jaio.

c) Laguntza eskatzen duena erregistratu gabe badago Eusko Jaurlaritzako Ogasuna eta Finantzak Saileko Hirugarrenen Erregistroan, edota Erregistroan dauden bere bankuko datuak aldatu nahi baditu, Euskadi.net atarian eskuragarri duen Eusko Jaurlaritzako hirugarrenaren altari buruzko orria aurkeztu beharko du.

2.– Proiektuari dagokion dokumentazioa:

a) Modalitate bakoitzean zehazten den proiektuari dagokion dokumentazioa formatu digitalean aurkeztu beharko da, erabilitako bidea (presentziala edo elektronikoa) edonolakoa dela ere.

b) Aurkeztuko diren dokumentu elektronikoak ondorengo ezaugarriak izan beharko dituzte:

– Deskargatzeko ereduak erabiliko dira holakoak daudenean, eta ahal bada ereduaren formatuan aurkeztuko dira.

– Bestelako dokumentazioa aurkeztuko da ahal bada PDF formatuan.

– Dokumentazio elektroniko guztiaren gehienezko tamaina 30 Mb izango da.

– Bideoak web helbide baten bidez aurkeztu ahal izango dira.

3.– Eskaera baloratzeko aurkeztu nahi diren agiri gehigarriak.

9. artikulua.– Erantzukizunpeko adierazpenak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak ezartzen duenaren arabera (1997ko azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartua), erantzukizunpeko adierazpen bidez egiaztatuko dira honako betebehar hauek:

– Xede bera duten eta bestelako administrazio edo erakunde publiko zein pribatuei eskatutako eta, hala badagokio, haietatik jasotako diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea.

– Pertsona eskatzaileak ez izatea zigor administratibo edo penalik laguntza publikoak lortzeko, ezta ere horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik.

– Testu berri baten proiektua dela eta gaur arte garatu gabekoa dela adieraztea.

– Eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla adieraztea, eta laguntza hauen onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako betekizunak konplitzen dituela adieraztea.

10. artikulua.– Akatsak zuzentzea.

Baldin eta ikusiko bagenu eskabidea aztertzen hasteko beharrezko dokumentuetatik baten bat falta dela, edo dokumentuok aurkeztu bai baina akats eta guzti aurkeztu direla, interesdunari hamar lan-egun emango dizkiogu falta diren dokumentuak aurkezteko edo gaizki daudenak zuzentzeko. Gainera, adieraziko diogu agindutakoa egin ezean, bere eskabidea ezetsitzat joko dela edo eskabidea izapidetzeko eskubidea galduko duela, ebazpen baten ondoren.

11. artikulua.– Balorazio batzordeak.

1.– Aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzeko balorazio-batzorde bana eratuko da modalitate bakoitzeko. Hona kideak:

– Presidentea: Kultura Sustapenerako zuzendaria. Bera ez balego Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 1992ko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 23.2 artikuluan xedatutakoaren arabera jokatuko da.

– Kideak: Kultura, Gaztedia eta Kiroletako Sailburuordeak agindu honetako gai bakoitzeko adituen artetik izendatutako 3 edo 4 kide.

– Idazkaria Kultura Sustapenerako Zuzendaritzako teknikari bat izango da batzordeko idazkaria, zuzendariak izendatua. Hitza izango du baina botorik ez.

2.– Balorazio Batzordearen osaera Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen ebazpen baten bidez jakinaraziko da, Batzordea eratu aurretik, interesdunek errefusatzeko duten eskubidea erabil ahal izan dezaten, legez ezarritako zehaztapen eta baldintzetan.

3.– Balorazio-batzordeak eratzerako, ezinbestekoa da Emakumeen eta Gizonen Berdintasuneko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 3.7 artikulua betetzea.

4.– Batzorde horiek egingo dute dirulaguntzak emateko proposamena, ezarritako esleipen-irizpideetan oinarrituta, eta Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeari aurkeztuko diote.

5.– Balorazio-batzordeek, beharrezko ikusten dutenean eta aurkeztutako eskabideak egoki ebaluatze aldera, behar adina azalpen eskatu ahal izango dizkiete eskatzaileei.

6.– Balorazio-batzorderako izendatutako profesionalek zinpeko aitorpena aurkeztu beharko dute, honako hauek frogatzeko: Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezartzen diren abstentziorako arrazoiren baten pean ez daudela; eskatzaileek aurkeztutako agiriak proiektuak deialdi honetan ezarritako irizpideekin bat etorriz baloratzeko baino ez dituztela erabiliko; eta, ebazpen-proposamena eman ondoren, espedienteetako agiri guztiak deialdia kudeatzen duen organoari itzuliko dizkiotela.

12. artikulua.– Ebazpena.

1.– Deialdi honetako dirulaguntzak esleitzeko ebazpenak Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak eman eta jakinaraziko ditu, Balorazio Batzordeak aurkeztutako proposamena ikusi ondoren. Horretarako epea 6 hilabetekoa izango da, deialdia egiteko agindu honek indarra hartzen duenetik kontatzen hasita. Ebazpen horiek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira, denen jakingarri.

Ebazpen hauek ez dute administrazio-bidea amaitzen. Beraz, haien aurka gorako errekurtsoa aurkeztu ahal izango diete interesdunek Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari hilabeteko epean, jakinarazten den egunaren biharamunetik aurrera kontatuta, horrela dago-eta xedatuta Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114 eta 115 artikuluetan.

2.– Ebazteko epea amaituta, interesdunari inolako jakinarazpenik egin ez bazaio, eskabidea ezetsitzat joko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritako ondorioetarako.

13. artikulua.– Jakinarazpenak izapidetze presentzialean eta telematikoan.

1.– Izapideak bertaratuta eginez gero, jakinarazpena egindakotzat joko da pertsona interesdunak edo haren legezko ordezkariak edo baimendutako pertsonak Posta Zerbitzuaren hartu-agiria sinatzen duenean, eta kasu bakoitzean ezarritako epea jakinarazpeneko egintza jaso eta biharamunetik hasiko da zenbatzen.

2.– Izapidetze telematikoaren kasuan, aldiz, Administrazio Elektronikoari buruzkoa den 2012ko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren V. tituluan xedaturikoari jarraiki, jakinarazpena egindakotzat joko da pertsona interesdunak edo, kasuan kasu, legezko ordezkariak edo baimenduriko pertsonak jaso duela elektronikoki sinatzen duenean, eta kasu bakoitzean ezarritako epea hark jakinarazpeneko egintza jaso izana elektronikoki sinatzearen biharamunetik aurrera hasiko da zenbatzen.

Jakinarazitako egintza aipatutako dekretuan aipatzen den helbide elektronikoan interesdunaren edo haren legezko ordezkariaren edo baimendutako pertsonaren esku jartzen denetik hamar egun naturaleko epea igaro eta gero, interesdunak haren edukia eskuratzen ez badu, jakinarazpena ezetsitzat joko da. Horrela, izapidea egindakotzat joko da eta prozedurak aurrera egingo du, salbu eta ofizioz edo hartzaileak jakinarazita, jakinarazpena ikustea teknikoki edo materialki ezinezkoa izan dela egiaztatzen bada.

14. artikulua.– Diru-laguntzen bateragarritasuna.

Deialdi honetako dirulaguntza hauek ez dira bateragarriak beste erakunde publiko edo pribatuk xede berberaz emandakoekin.

15. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan ezarritakoaren arabera araututako dirulaguntzak jasotzen dituzten pertsonek honako betebehar hauek izango dituzte:

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Onartutzat emango da dirulaguntza, baldin eta dirulaguntzaren esleipenaren jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean, onuradunek dirulaguntza horri beren beregi uko egiten ez badiote.

b) Ematen zaien horretarako erabili beharko dute dirulaguntza, ez beste ezertarako.

c) Ekonomia eta Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari diru-laguntzen fiskalizazio-lanetarako behar duten informazio guztia ematea.

d) Aurkeztutako proiektua ezertan aldatzen bada, Kultura Sustapenerako Zuzendaritzari jakinarazi beharko zaio idatziz, gehienez ere hilabeteko epean, esleipen-ebazpena jaso eta hurrengo egunetik hasita. Komunikazio hori jaso ondoren, Zuzendaritzak 15 lan-egun izango ditu erantzuteko. Epe hori amaitutakoan, ez baldin badu horri buruzkorik ezer adierazi, horrek esan nahiko du zuzendaritzak aldaketa ontzat hartu duela.

e) Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak emandako laguntza argi eta garbi adieraztea, katalogo, programa, iragarki-kartel, argazki eta gainerako material grafikoetan. Material hori guztia euskaraz argitaratu behar da, baita beste hizkuntza batzuetan ere nahi izanez gero.

f) Gidoi zinematografikoak sortzeko laguntzen onuradunek lagundutako proiekturako erabiliko liratekeen egile-eskubideak baliatzeko aukera edo ahalmenaren egiaztagiria, diru-laguntza erabakitzen duen ebazpenaren jakinarazpena jaso eta gehienez hamabi egun balioduneko epean aurkeztuko beharko dute.

Halaber, onuradunek, Diru-laguntzen 38/2003 Lege Orokorrak bere 14. artikuluan jasotako betebeharrak izango dituzte.

16. artikulua.– Dirulaguntzaren ordainketa.

Esleitutako dirulaguntzak honela emango dira:

a) Emango den dirulaguntzaren % 50 esleipen-ebazpena ematen denean, eta 15.a) artikuluan ezarritako epea pasatuta dagoela.

b) Gainerako % 50 2016ko urtarrilaren 1etik aurrera ordainduko da, diruz lagunduko den sortze lana bidali eta lan hori Jabetza Intelektualaren Erregistroan inskribatu eta gero.

17. artikulua.– Sortze lana entregatzeko epea.

Esleipen-ebazpena jasotzen duenetik, onuradunak gehienez ere bederatzi hilabete izango ditu sortze lana entregatzeko, paperezko bertsioan nahiz euskarri informatikoan, pdf bertsioan, kudeaketa-zuzendaritzari.

Telebistako serieen gidoiak baldin badira, epe horren barruan, gainera, atal pilotuaren gidoia eta hurrengo kapituluetako edukien zerrenda ere entregatu beharko dira.

18. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Jarraian adierazten diren kasuetan, bete beharrekoak ez betetzat joko dira:

a) Jasotako laguntzak, osorik zein zatika, agindu honetan aurreikusitako jardueretarako erabili beharrean, beste zerbaitetarako erabiltzea.

b) Agindu honetan ezarritako betebeharrak edo, hala badagokio, laguntza ematerakoan ezartzen direnak ez betetzea.

c) Halaber, Diru-laguntzen 38/2003 Lege Orokorrak bere 37. artikuluan jasotakoak.

2.– Ez-betetze horietako edozein eginez gero, jasotako dirua eta horrek sortutako legezko interesak Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko dizkio onuradunak, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren antolarauei buruzko Legearen testu bategina onesten duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko araubide orokorra erregulatzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak diotena bete ondoren eta horien arabera.

II. KAPITULUA
ANTZERKIRAKO TESTUAK SORTZEKO LAGUNTZAK

19. artikulua.– Diruz laguntzeko moduko arloak.

Laguntza hauek antzerkirako sortu diren testu originalak bultzatzeko dira, euskaraz nahiz gaztelaniaz idatzitakoak.

20. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko proiektuari dagokion dokumentazioa.

– Idazlearen ibilbide profesionala.

– Hariaren sinopsia. Gehienez ere, 5 orri, esaldien artean tarte bikoitza utzita.

– Tratamendu dramaturgikoa. Gehienez ere, 10 orri.

– Azalpen-memoria. Proiektuaren interesa zein den azaldu behar da, eta zer-nolako garapena emango zaion proiektuari.

21. artikulua.– Laguntzen zenbatekoak eta mugak.

1.– Antzerkirako testuak sortzen laguntzeko, guztira 52.800 euro daude. Zortzi laguntza emango dira, bakoitza 6.600 eurokoa: 4 euskaraz idatzitako antzerki-testuetarako eta beste 4 gaztelaniaz idatzitako antzerki-testuetarako.

2.– Eskabiderik aurkeztu ez delako edo eskabideek betekizunak betetzen ez dituztelako hizkuntza bateko laguntzaren bat eman gabe uzten bada, beste hizkuntzarako laguntza-kopurua handitu egin ahal izango da eman gabeko horrekin, betiere, laguntzen kopuru totala aldatu gabe.

3.– Edonola ere, eta 22.2 artikuluak agintzen duena betetzekotan, diruz lagunduko diren proiektuetatik behintzat hiruk emakumeek idatzitakoak eta bik 30 urte baino gutxiagoko egileek idatzitakoak izan beharko dute.

Adinaren baldintza egiaztatzeko kontuan hartuko den data eskabideak aurkezteko azken eguna izango da.

22. artikulua.– Hautaketa-irizpideak.

1.– Diru-laguntzen ebazpen-proposamena egiteko, Balorazio Batzordeak honako irizpide hauek izango ditu kontuan:

a) Aurkeztutako testuak zer proposatzen duen. Gaia interesgarria izatea hartuko da kontuan, eta gai hori genero-ikuspegia aintzat hartuz tratatzen den (guztizko puntuazioaren % 55).

b) Idazlearen ibilbide profesionala (guztizko puntuazioaren % 30).

c) Zenbateko aukera daukan proiektuak hainbat agertokitan erakusteko moduko antzerki-muntaia izateko, bai bere ezaugarriengatik, bai antzerki-ekoizpenaren sektoreak erakutsitako interesagatik (agiriak aurkeztuta behar bezala egiaztatuz) (guztizko puntuazioaren % 15).

2.– Artikulu honetan modalitate bakoitzerako ezarritako balorazio-baremoko puntuen % 60 lortzen ez duten proiektuak baztertu egingo dira eta ez dira hautaketan sartuko.

III. KAPITULUA
GIDOI ZINEMATOGRAFIKOAK SORTZEKO LAGUNTZAK

23. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen arloak.

Zinemarako eta telebistarako gidoietarako dira laguntza hauek, direla fikzioa, animazioa edota dokumentalak, eta edozein formatutakoak direla ere. Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetatik edozeinetan idatzitakoak izan daitezke.

Gidoia erabat garatuta aurkeztea bazter uzteko arrazoia izango da. Aldiz gidoiaren trataera izango da aurkezteko onartuko den era bakarra.

24. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko proiektuari dagokion dokumentazioa.

– Gidoilariaren ibilbide profesionala.

– Gidoiaren sinopsia. Gehienez ere, 3 orri, eta gutxienez 1.

– Gidoiaren tratamendua, sekuentziaka. Gehienez ere, 30 orri, gutxienez 15.

– Azalpen-memoria. Proiektuaren interesa zein den azaldu behar da, eta zer-nolako garapena emango zaion proiektuari. 1-3 orritan.

– Gidoilari gazteentzat (30 urtetik beherakoentzat): zinema-areto komertzialetan erakusteko film luzeren batean gidoilari agertzen zarela adierazteko zinpeko adierazpena (filmaren edo filmen izenburuak).

25. artikulua.– Laguntzen zenbatekoak eta mugak.

1.– Deialdi honetako laguntzetarako, gehienez ere, 142.200 euro daude, honela banatuta:

a) 8 laguntza, 13.800 eurokoa bakoitza, 30 urtetik gorako gidoilarien gidoietarako, edo 30 urtetik beherakoa izanik, dagoeneko zinema-areto komertzialetan erakusteko film luzeren batean gidoilari agertu direnen gidoietarako. 4 dirulaguntza euskaraz idatzitako gidoietarako izango dira eta beste 4 gaztelaniaz idatzitakoentzako.

b) 3 laguntza, 10.600 eurokoa bakoitza, zinema-areto komertzialetan erakusteko film luzeren batean gidoilari agertzen ez diren 30 urtetik beherako gidoilarien lanetarako. Hiru horietatik batek gutxienez euskaraz egon behar du eta gutxienez beste batek gaztelaniaz.

Adinaren baldintza egiaztatzeko kontuan hartuko den data eskabideak aurkezteko azken eguna izango da.

2.– Eskabiderik aurkeztu ez delako edo betekizunak ez betetzeagatik hizkuntza bateko laguntzaren bat eman gabe uzten bada, beste hizkuntzarako laguntza-kopurua handitu egin ahal izango da eman gabeko horrekin, betiere, laguntzen kopuru totala aldatu gabe.

3.– Edonola ere, eta 26.2 artikuluak agintzen duena bete beharrez, diruz lagunduko diren proiektuetatik behintzat hiruk emakumeek idatzitakoak izan beharko dute.

26. artikulua.– Hautaketa-irizpideak.

1.– Diru-laguntzen ebazpen-proposamena egiteko, Balorazio Batzordeak honako irizpide hauek izango ditu kontuan:

a) Aurkeztutako proiektuaren originaltasuna, eta tratamenduaren kalitatea (% 50).

b) Proiektua zenbateraino interesgarria den. Proiektuaren bideragarritasun komertzialari erreparatuko zaio bereziki, eta zerbaitetan mamitzeko aukerarik izateari, gaiaren eta kokapen geografikoaren interesari eta genero-ikuspegia kontuan hartu izanari (% 30).

c) Gidoilariaren ibilbide profesionala (% 20).

2.– Artikulu honetan modalitate bakoitzerako ezarritako balorazio-baremoko puntuen % 60 lortzen ez duten proiektuak baztertu egingo dira eta ez dira hautaketan sartuko.

IV. KAPITULUA
MUSIKA-KONPOSIZIOETARAKO LAGUNTZAK

27. artikulua.– Diruz laguntzeko moduko arloak.

1.– Musika-konposizioetarako dira laguntza hauek, alegia, partitura batean jasotako musika-obra originaletarako, edo baita grabazioetarako ere, musika elektroakustikoaren kasuan.

2.– Diruz lagunduko diren konposizio proiektuak ezingo dira estreinatu eta jabetzaren erregistroan inskribatu deialdi honen eskaera epea itxi baino lehen.

28. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko proiektuari dagokion dokumentazioa.

– Curriculuma eta ibilbide profesionala.

– Proiektuaren memoria. Gutxienez konposizioaren planteamendu teknikoa eta artistikoa eta obra hedatu eta zabaltzeko aurreikuspenak jasoko ditu.

– Obraren zirriborroa partituran.

– Testuak egile-eskubideak balitu, eskubide horien egiaztagiria.

29. artikulua.– Laguntzen zenbatekoak eta mugak.

1.– Deialdi honetako laguntzetarako, gehienez ere, 45.000 euro daude.

2.– Modalitate honetako laguntzak hiru motatakoak izan daitezke:

a) 6.000 euroko laguntzak, gutxienez 15 minutuko iraupena daukaten obra sinfonikoetarako.

b) 3.000 euroko laguntzak, 15 minututik beherako iraupena daukaten izaera obra sinfonikoetarako; gutxienez 3 interpreterentzat konposatutako kamera-multzoetarako obretarako, berdin dio iraupenak, edo 2 instrumentutarako konposatu eta 10 minututik gorako obretarako.

c) 1.500 euroko laguntzak, gehienez ere bi interpreterentzat konposatu eta 10 minutu baino laburragoko obretarako.

Soilki musika elektroakustikoa lantzen duten proiektuak b) edo c) kategorian sartzen dira, iraupenaren arabera, 10 minututik gorakoak edo beherakoak diren.

3.– 30. artikuluan ezarritzako irizpideak aplikatuaz lortutako puntuazioaren araberako lehentasun-hurrenkerarekin bat etorriaz emango dira laguntzak; eta goragoko paragrafoan ezarri tipologia aplikaturik, kasu bakoitzean egokitzen den zen batekoa emango da.

Banaketa egin eta moduluren bat sobran egonez gero, jarraian puntuazio handietan duenari emango zaio modulu hori, horren tipologia kontuan izan barik; betiere,diru-laguntza onartzeaz gain proiektua egiteko konpromisoa hartzen badu eskatzaileak. Halakorik ez bada, delako modulua hurrengo proiektuei eskainiko zaie, lehentasun-hurrenkeraren arabera eta harik eta hura esleitu arte.

4.– Edonola ere, eta 30.2 artikuluak agintzen duena bete beharrez, diruz lagunduko diren proiektuetatik behintzat lauk emakumeek idatzitakoak izan beharko dute.

30. artikulua.– Hautaketa-irizpideak.

1.– Diru-laguntzen ebazpen-proposamena egiteko, Balorazio Batzordeak honako irizpide hauek izango ditu kontuan:

a) Proiektuaren kalitatea eta interesa kulturaren eta musikaren aldetik (puntuazio totalaren % 55).

Honako alderdi hauei erreparatuko diegu atal hau aztertzeko: planteamendua eta eduki artistiko eta teknikoak; originaltasuna, eta gaur egungo musika-sorkuntzari dakarkiona; konposizioa sortzeko garaian egindako ikerketak eta harremanak.

Obraren zirriborroa (edo obra osoa) ez dakarten proiektuek, gehienez ere, atal honetan ematen den puntuazio partzelaren % 50 jasoko dute.

b) Eskatzaileak musikaren arloan izan duen ibilbidea prestakuntzan eta profesionalki (puntuazio totalaren % 30).

c) Proiektua hedatzeko plana (puntuazio totalaren % 15).

Horretan, gerora estreinatzako eta hedatzeko aurreikuspenak eta kontaktuak aztertuko dira.

2.– Artikulu honetan modalitate bakoitzerako ezarritako balorazio-baremoko puntuen % 60 lortzen ez duten proiektuak baztertu egingo dira eta ez dira hautaketan sartuko.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

2. artikuluan jaso diren zenbatekoak gehitu egin litezke, eskatutako diru-laguntzen guztirako zenbatekoa kontuan harturik, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailean beste laguntza-egitasmo batzuk bideratu ondoren aurrekontuak ahitu gabe geratu badira. Adierazitako aldaketa dirulaguntzak ebatzi baino lehen egin behar da. Aldatuz gero, horren berri eman beharko du Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak, ebazpen baten bitartez.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak xedatutakoa betez, eskabidean agertzen diren datuak Eusko Jaurlaritzaren «Ayudas y subven. creación cultural» izeneko fitxategian sartuko dira. Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren Kultura Sustatzeko Zuzendaritza da fitxategi horren titularra eta 2006ko uztailaren 27ko Aginduan araututa dago. Fitxategiak laguntza emateko espedienteak kudeatzea du helburu. Aldez aurretik, Datuak Babesteko Agentziari eman zaio horren berri, eta datuen segurtasun osoa bermatzeko behar diren segurtasun-neurriak ezarrita ditu. Fitxategiaren datuak, bestalde, ez zaizkie beste pertsona batzuei jakinaraziko, legeak bideratutako kasuetan izan ezik.

Datu pertsonalen babesari buruz indarrean dauden arauei jarraiki, eskatzaileak badu sartzeko, zuzentzeko, ezerezteko eta aurka egiteko eskubideez baliatzea, Datu Pertsonalak Babesteari buruzko Lege Organikoak berariaz aitortzen duen bezala. Horretarako, badu Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren Zerbitzu Zuzendaritzara jotzea (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).

Administrazio Publikoak erkatu ahal izango ditu adierazitako datuak eta berariazko egiaztapenak egin ahal izango ditu laguntzak behar bezala esleitzeko.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du. Beraz, bere aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuari hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo bestela administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko jurisdikzio horretako salan bi hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko ekainaren 25a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.


Azterketa dokumentala