Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

112. zk., 2015eko ekainaren 17a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
2689

AGINDUA, 2015eko ekainaren 17koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko antzokietan egoitza-proiektuetarako 2015. urtean diru-laguntzak emateko arauak ezarri eta deialdia egiten duena.

Arte eta kultura alorreko jarduerei loturiko eskumenak eta horien zabalkundeari dagozkionak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari dagozkio, horixe xedatzen baita Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuan. Eskumen horiek Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari esleitzen dizkio apirilaren 9ko 193/2013 Dekretuak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duenak.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak egoki deritzo arte eszenikoak ikuspegi global batetik sustatzeko asmoz arlo publikoaren eta pribatuaren arteko elkarlana bultzatuko duen bide bat antolatzeari, horrela, bertan inplikaturik dauden elementu guztietan eragin ahal izateko: prestakuntzan, sorkuntzan, ekoizpenean, erakusketan eta sentsibilizazioan.

Ondorioz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

1.– Agindu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko konpainia egoiliarren eta udal titulartasun publikoa duten harrerako gune eszenikoen arteko lankidetza-programak 2015. urtean garatzeko gastuak zati batean ordaintzeko diru-laguntzak emateko arauak ezartzea eta deialdia egitea.

2. artikulua.– Entitate onuradunak.

1.– Agindu honetan ezartzen diren bestelako berariazko eskakizunez gain, diru-laguntza hauek eskatu ditzaketen udal edo udalen mendeko erakundeek nahitaezkoa izango dute honako baldintza hauek betetzen dituen ekipamendu eszeniko egonkor baten titular izatea:

a) Programatzen diren ikuskizunetarako indarreko legediak eskatzen dituen segurtasun-neurri guztiak betetzea, bai eta erantzukizun zibileko aseguru bat izatea ere.

b) Arte eszenikoen programazio egonkor profesionala eskaintzeko behar diren baliabide ekonomikoak, teknikoak eta giza baliabideak edukitzea.

c) Konpainia profesional bat izatea barnean, zeinarekin gutxienez 3. artikuluan aipaturiko puntuak jasoko dituen lankidetza-programa bat sinatu baita.

2.– Ezingo dute deialdi honetako diru-laguntzarik jaso laguntza publikoak lortzeko zigor administratibo edo penalik dutenek, ezta ere horretarako gaitasuna kentzen dien legezko debekurik dutenek ere. Halaber, ezingo dute diru-laguntzarik eskatu sexu-bereizkeria dela-eta zigor administratibo edo penalik duten erakundeek, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenaren indarrez.

3.– Pertsona onuradunei diru-laguntzak ematea eta, hala dagokionean, horien ordainketa, baldintzaturik geratuko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta bere erakunde autonomoek ematen dituzten izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan dirua itzultzeko edo zehapenen bat ezartzeko espedientea hasi baldin bada eta oraindik izapideak amaitu gabe baldin badaude, prozedura hori burutu arte.

3. artikulua.– Diru-laguntza jaso dezaketen programak.

Diru-laguntza hauek zuzenduta daude gune eszenikoaren titularrak eta konpainia egoiliarrak batera aurkezten dituzten proiektuetara, beti ere 2015eko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean garatzen badira eta jarraian aipatzen diren baldintzak betetzen badituzte:

a) Proiektua bururatzeko behar diren instalazio administratiboak, gune eszenikoa, makinaria eta material eszenikoa eta zerbitzu profesionalak erabiltzeko lagatzea, aurrez hitzartutako baldintzen arabera.

b) Ekoitzitako ikuskizunaren emanaldia(k) edo ekoizpena egitea harrerako antzokian.

c) Bere ingurune hurbilean antzerkia sustatzeko programa bat aurkeztea (sentsibilizazioa, ikuslegoa sustatzea, prestakuntza, dinamizatzea...), proposatzen diren helburu, jarduerak eta egutegia zehatz-mehatz azalduko dituena.

4. artikulua.– Diru-baliabideak eta laguntza hauen muga.

1.– Diru-laguntza hauetarako, guztira, 80.000 euro erabiliko dira, baina kopuru hori handitu ahal izango da, beharrezkoa izanez gero, lehenengo xedapen gehigarrian ezarritako eran.

2.– Proiektu bakoitzari emandako diru-laguntzaren gehienezko zenbatekoa 25.000 eurokoa izango da, betiere proiektu horren gastu osoa gainditu gabe.

3.– Proiektuari egotzitako erakunde onuraduneko langileen kostua ezingo du kostu osoaren % 30a gainditu.

Proiektuan parte hartzen duten berezko langileen kostua erabakitzeko, kasu bakoitzean orduaren kostua kalkulatuko da eta aurkeztutako proiektuari eskainitako ordu kopuruari dagokion zatia egotzikoz aio.

4.– Gune eszenikoa programatzearen ondoriozko gastuek ez dute diru-laguntzarik jasoko.

5. artikulua.– Laguntzak emateko prozedura.

Deialdi honen kargura emango diren diru-laguntzak lehiaketa-prozeduraren bidez esleituko dira. Beraz, diru-laguntza jasotzeko ezarritako gehienezko muga errespetatuz eta finkatutako irizpideak erabiliz, onuradun kopuru bat hautatuko da, hain zuzen ere, proiektuen kalitatea eta bideragarritasuna ziurtatuko duen kopurua, betiere, proiektuen dimentsioari begira.

6. artikulua.– Tramitazio elektronikoa.

1.– Erakunde interesdunek bide elektronikoak erabiliko dituzte deialdi honetako izapideak eskatzeko, kontsultatzeko eta bideratzeko.

2.– Eskaerak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak nola tramitatu behar diren azaltzen dituzten argibideak euskadi.net-en honako helbide honetan daude ikusgai: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2015/antzerki_egoitza/y22-izapide/eu/

3.– Eskabidearen ondoko izapideak, bide elektronikoa erabiliz, hemen egin daitezke: http:// www.euskadi.net/nirekudeaketak.

7. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Deialdi honen babesean ematen diren laguntzen eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, argitaratu eta biharamunetik hasita.

2.– Eskabideak bide elektronikoa erabiliz aurkeztuko dira, euskadi-net-en, honako helbide honetan: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2015/antzerki_egoitza/y22-izapide/eu/

3.– Erakunde eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute eskaera, atxikitako dokumentazioarekin batera. Halaber, pertsona edo erakunde eskatzaileak aukeratzen duen hizkuntza hori erabili ahal izango da prozedura osoan, Euskararen Erabilpena Arautzen duen 1982ko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeko 5.2.a) eta 6.1 artikuluek xedatzen duen moduan.

4.– Eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Erakunde eskatzailearen legezko ordezkariaren nortasun-datuen egiaztagiria.

b) Aurreko urteetan entitate eskatzaileak eta konpainia egoiliarrak elkarrekin, edo horietako bakoitzak beste entitate batzuekin, egindako antzeko egoitza-programen edo lankidetza-programen memoria.

c) Proiektuaren diru-sarrerei eta gastuei buruzko aurrekontu zehatza eta banakatua, euskadi.net webgunean aurkituko duzun inprimakia erabiliz.

d) Aurkeztutako proiektuari buruzko txosten zehatza.

e) Eskaera baloratzeko aurkeztu nahi diren agiri gehigarriak.

f) Diru-laguntza eskatzen duen pertsona edo erakundea erregistratu gabe badago Eusko Jaurlaritzako Ogasuna eta Finantzak Saileko Hirugarrenen Erregistroan, edota Erregistroan dauden bere bankuko datuak aldatu nahi baditu, Euskadi.net atarian eskuragarri duen Eusko Jaurlaritzako hirugarrenaren altari buruzko orria aurkeztu beharko du.

5.– Aurkeztuko diren dokumentu elektronikoak ondorengo ezaugarriak izan beharko dituzte:

a) Deskargatzeko ereduak erabiliko dira holakoak daudenean, eta ahal bada ereduaren formatuan aurkeztuko dira.

b) Bestelako dokumentazioa aurkeztuko da ahal bada PDF formatuan.

c) Bideoak web helbide baten bidez aurkeztu ahal izango dira.

6.– Eskabideak aurkezteak deialdi honetako oinarriak definitzen dituzten baldintzak espresuki eta formalki onartu direla adierazten du.

8. artikulua.– Erantzukizunpeko adierazpenak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak ezartzen duenaren arabera (1997ko azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartua), erantzukizunpeko adierazpen bidez egiaztatuko dira honako betebehar hauek:

– Xede bera duten eta bestelako administrazio edo erakunde publiko zein pribatuei eskatutako eta, hala badagokio, haietatik jasotako diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea.

– Aurreko bi ekitaldi fiskaletan eta aurtengoan minimis arauaren mendeko laguntzarik jaso den jakinaraztea.

– Pertsona edo erakunde eskatzaileak ez izatea zigor administratibo edo penalik laguntza publikoak lortzeko, ezta ere horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik.

– Eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla adieraztea, eta laguntza hauen onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako betekizunak konplitzen dituela adieraztea.

9. artikulua.– Diru-laguntzak kudeatuko dituen organoa.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari dagokio deialdi honen bidez emango diren diru-laguntzak kudeatzeko lanak egitea.

10. artikulua.– Akatsen zuzentzea.

Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak, aurkeztutako dokumentazioa osatu gabea dela edo akatsak dituela ikusten badu, horren berri emango dio eskabidea egin duenari eta hamar eguneko epea emango dio, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik kontatuta, dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzan. Gainera, jakinaraziko dio hori egin ezean bere eskaera baztertua izango dela ebazpen baten bidez.

11. artikulua.– Balorazio Batzordea.

1.– Aurkeztutako eskabideak aztertzeko eta ebaluatzeko, Balorazio Batzorde bat eratuko da. Hauek izango dira kideak:

– Batzordeburua: Kultura Sustatzeko zuzendaria edo horrek izendatutako pertsona bat.

– Bokalak: Arte eszenikoen alorreko profesionalen eta agindu honetako xedean aditu diren pertsonen artean aukeratutako 2 edo 3 kide, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak izendatuak.

– Idazkaria: Kultura Sustatzeko Zuzendaritzako teknikari bat izango da, zuzendariak izendatua. Hitza izango du baina botorik ez.

2.– Balorazio Batzordearen osaera Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen ebazpen baten bitartez jakinaraziko da eratu aurretik, interesdunek errefusatzeko duten eskubidea erabil dezaten, legez ezarritako termino eta baldintzetan.

3.– Balorazio Batzordeko kideak izendatzerakoan Gizonen eta Emakumeen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 3.7 artikuluan xedatutakoa beteko da.

4.– Batzorde horrek, ezarritako irizpideak kontuan hartuta, ebazpen proposamena egingo dio Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeari.

12. artikulua.– Hautapena eta kuantifikazioa egiteko irizpideak.

1.– Diru-laguntzei buruzko ebazpen-proposamena egiteko, Balorazio Batzordeak irizpide hauek aplikatuko ditu:

a) Aurkeztutako proiektuaren garrantzia eta interesa. Irizpide hau erabiltzerakoan proiektua bere osotasunean hartuko da eta honako alderdi hauek baloratuko dira, besteak beste: erabiliko diren baliabideak, proposatutako jarduerak edo jarduera horien destinatzaileak nortzuk diren (puntuazio osoaren % 50).

b) Arte eszenikoak sustatzeko helburuarekin (zabalkundea, sentsibilizazioa, prestakuntza, ikuslegoa sustatzea...) entitate eskatzaileak edo konpainia egoiliarrak aurreko urtealdietan egindako lankidetza-programak, erakusketa soiletik harago. Kontuan hartuko dira bai entitate eskatzaileak eta konpainia egoiliarrak elkarrekin egindako programak, bai horietako bakoitzak beste entitate batzuekin egindakoak ere (puntuazio osoaren % 25).

c) Aurkeztutako proiektuari entitate eskatzaileak egiten dion diru-ekarpena (puntuazio osoaren % 25).

2.– Artikulu honetan ezarritako balorazio-baremoaren % 65 lortzen ez duten proiektuak baztertu egingo dira, eta ezingo dira sartu aukeratutakoen artean.

3.– Proiektu bakoitzari dagokion diru-laguntzaren zenbatekoa zehazteko, banaketa proportzionala erabiliko da. Alegia, diru-kopuru osoa proportzionalki banatuko da, balorazio-fasean eskabideek ezarri diren irizpideak aplikatuta lortu duten puntuazioari jarraituz. Nolanahi ere den, bai laguntza jasoko duten proiektuen kopurua bai ematen zaien diru-zenbatekoa ere agindu honetako 3. artikuluan xedatutakoaren mendean egongo dira.

13. artikulua.– Ebazpena.

1.– Deialdi honetako diru-laguntzak esleitzeko ebazpena Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak emango du, eta interesdunei jakinaraziko, Balorazio Batzordeen proposamena ikusita, sei hilabeteko epean deialdi-agindu hau indarrean jartzen denetik aurrera. Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, denek horren berri izan dezaten.

Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio bideari, eta beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. artikulua betez.

2.– Proposamen horretan ordezko pertsona onuradunak izendatu ahal izango dira, gerta baitaiteke hautatutakoek deialdi honetan zehaztutako baldintzei uko egitea edo horiek ez bete edo ez onartzea. Gorabehera horietako bat suertatuz gero, ordezkoak jasoko duen diru-laguntzaren zenbatekoa hasieran onuradun izendatu zenari ordaindu gabe geratzen dena izango da. Deialdiko baldintzei uko egin edo horiek onartu ez edo betetzen ez dituen onuradunak ordaindu zaion diru-laguntzaren zatia itzuli beharko dio Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari.

3.– Ebazteko epea amaituta, interesdunari inolako jakinarazpenik egin ez bazaio, eskabidea errefusatutzat jo daiteke, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritako ondorioetarako.

14. artikulua.– Jakinarazpenak izapidetze telematikoan.

1.– Jakinarazpena egindakotzat joko da, Administrazio Elektronikoari buruzkoa den 2012ko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren V. tituluan xedaturikoari jarraikiz, erakunde interesdunak edo, kasuan kasu, legezko ordezkariak edo baimenduriko pertsonak jaso duela elektronikoki sinatzen duenean, eta kasu bakoitzean ezarritako epea hark jakinarazpeneko egintza jaso izana elektronikoki sinatzearen biharamunetik aurrera hasiko da zenbatzen.

2.– Jakinarazitako egintza aipatutako dekretuan aipatzen den helbide elektronikoan interesdunaren edo haren legezko ordezkariaren edo baimendutako pertsonaren esku jartzen denetik hamar egun naturaleko epea igaro eta gero, interesdunak haren edukia eskuratzen ez badu, jakinarazpena ezetsitzat joko da. Horrela, izapidea egindakotzat joko da eta prozedurak aurrera egingo du, salbu eta ofizioz edo hartzaileak jakinarazita, jakinarazpena ikustea teknikoki edo materialki ezinezkoa izan dela egiaztatzen bada.

15. artikulua.– Diru-laguntzen bateragarritasuna.

Agindu honetan ezarritako mugei kalterik egin gabe, deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak eta beste edozein erakunde publikok edo pribatuk emandakoak batera erabili daitezke helburu berbererako; betiere, horrek gainfinantzatzea ez badakar. Gainfinantzaketarik badago, diru-laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, dagokion gehienezko mugaraino.

16. artikulua.– Diru-laguntza jasotzen duten entitateen betebeharrak.

Agindu honetan araututako laguntzak jasotzen dituztenek betebehar hauek izango dituzte:

a) Emandako diru-laguntza onartzea. Alde horretatik, entitate onuradunek diru-laguntza eman zaiela adierazten duen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean berariaz uko egiten ez badiote, onartu egin dutela ulertuko da.

b) Diruz lagundutako proiektua deialdirako aurkeztu diren baldintzetan garatzea. Dena den, aldaketak ere egin ahal izango dira, baldin eta aldaketok funtsezkoak ez badira eta ez badute bideragarritasun ekonomikoa eragiten. Aldaketa horiek idatziz jakinaraziko zaizkio Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeari eta hark, jakinarazpena jasotzen duen egunetik hamabost eguneko epea izango du horiek onartu edo gaitzesteko. Epea inolako jakinarazpenik gabe igaroz gero, aurkeztu den aldaketa onartu dela ulertuko da.

c) Ogasuna eta Finantzak Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari diru-laguntzen fiskalizazio-lanetan behar duten informazio guztia ematea.

d) Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren babesa berariaz aipatzea katalogo, egitarau, iragarki-kartel, argazki eta gainerako material grafikoan. Material hori euskaraz egingo da, eta beste hizkuntza batzuetan ere egin ahal izango da.

17. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzea.

Diru-laguntzak honela ordainduko dira:

a) Diru-laguntzaren % 50, kopuru horri dagozkion gastuak justifikatzeko dokumentazioa aurkeztu eta gero.

b) Diru-laguntzaren gainerako % 50a, diru-laguntza osoa hurrengo artikuluan zehaztutako eran justifikatu ondoren.

18. artikulua.– Diru-laguntzaren justifikazioa.

1.– Diru-laguntza jasotzen duten entitate onuradunek, lagundutako jarduera bukatu eta hiru hilabeteko epean eta, betiere, 2015eko abenduaren 31a baino lehen, honako dokumentazioa aurkeztu beharko dute:

a) Diru-laguntza eskuratzeko eskabide-orriarekin batera aurkeztutako jardueraren gaineko memoria, ahalik eta zehatzena, non haren exekuzioa, betetze-maila eta ebaluazioa ere jaso behar baitira.

b) Diruz lagundutako jardueraren behin betiko exekuzio-aurrekontua (gastuak eta diru-sarrerak), ahalik eta zehatzena, erantzukizunpeko aitorpen bidez.

Diru-sarreren atalean honako datu hauek, besteak beste, zehaztu beharko dira:

– Entitate onuradunaren behin betiko ekarpena.

– Beste administrazio edo entitateen ekarpenak, publikoenak eta pribatuenak. Entitate onuradunak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak emandakoaz gain bestelako diru-laguntzarik jaso ezik, hori horrela dela adierazten duen zinpeko aitorpena ere aurkeztu beharko da.

– Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak emandako diru-laguntza.

c) Diruz lagundutako programa edo jardueraren exekuzioa dela-eta ordaindutako nomina guztiak edota sortarazitako gastuen faktura edo ordainagiri guztiak jasotzen dituen zerrenda, IV. eranskineko ereduari jarraituta.

d) Diru-laguntza jaso duen jarduerak sorturiko gastuen ziurtagiriak, aurkeztutako gastu-aurrekontuaren kopuru osoaren adinakoak.

e) Katalogo, egitarau, iragarpen-kartel, argazki eta gainontzeko material grafiko edo soinuzkoaren hizkuntz bertsio desberdinen aleak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren babesa espresuki adierazita dutelarik.

2.– Justifikazioak bide elektronikoaren bidez aurkeztuko dira, http://www.euskadi.net/nirekudeaketak gunean.

Justifikazioak nola tramitatu behar diren azaltzen dituzten argibideak euskadi.net-en egongo dira honako helbide honetan: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2015/antzerki_egoitza/y22-izapide/eu/

19. artikulua.– Aldaketa-ebazpena.

Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira –betiere diru-laguntzaren xedea bete bada– edo beste entitate publiko zein pribatuetatik beste laguntzarik jaso bada, laguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da. Horretarako, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak aldaketa-ebazpena emango du, emandako diru-zenbatekoak doitzeko.

20. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53.1 artikuluak xedatutakoaren arabera, hauek izango dira ez-betetzeak:

a) Jasotako diru-laguntza osoa edo zati bat agindu honetan adierazitako jarduerez bestelakoetan erabiltzea.

b) Agindu honetan edo laguntza emateko egintzan adierazitako betebeharrak ez betetzea.

c) Diru-laguntzaren likidazioa egiteko ebazpenean adierazitako zenbatekoa epearen barruan ez itzultzea (hala badagokio).

d) Xedapen orokorretan nahitaez bete beharrekotzat jotako beste edozer ez betetzea.

2.– Ez-betetzeren bat gertatuz gero, jasotako zenbatekoak eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, betiere azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren eta abenduaren 17ko 689/1991 Dekretuaren arabera (hurrenez hurren, Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua eta Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua).

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

4.1. artikuluan jaso diren guztirako zenbatekoak aldatu egin ahal izango dira, eskatutako diru-laguntzen guztirako zenbatekoa kontutan harturik, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailean beste laguntza-egitasmo batzuk bideratu ondoren aurrekontuak agortu gabe geratu badira. Gorabehera horren berri eman beharko da Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen ebazpen baten bitartez.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Agindu honen bidez araututako diru-laguntza programa batzordearen abenduaren 18ko 1407/2013 araudian ezarritako «minimis» arauaren mendean dago (araudi hori Tratatuko 107. eta 108. artikuluak «minimis» diru-laguntzei aplikatzeari buruzkoa da). Ondorioz, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak beharrezkoak diren mekanismoak jarriko ditu abian, enpresa jakin bati emandako diru-laguntza osoa ez dela 200.000 eurotik gorakoa izango bermatzeko hiru ekitaldi fiskaletako edozein alditan.

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak xedatutakoa betez, eskabidean agertzen diren datuak Eusko Jaurlaritzaren «Ayudas y subven. creación cultural» izeneko fitxategian sartuko dira. Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailaren Kultura Sustatzeko Zuzendaritza da fitxategi horren titularra eta 2006ko uztailaren 27ko Aginduan araututa dago. Fitxategiak laguntza emateko espedienteak kudeatzea du helburu. Aldez aurretik, Datuak Babesteko Agentziari eman zaio horren berri, eta datuen segurtasun osoa bermatzeko behar diren segurtasun-neurriak ezarrita ditu. Fitxategiaren datuak, bestalde, ez zaizkie beste pertsona batzuei jakinaraziko, legeak bideratutako kasuetan izan ezik.

Datu pertsonalen babesari buruz indarrean dauden arauei jarraikiz, eskatzaileak badu sartzeko, zuzentzeko, ezerezteko eta aurka egiteko eskubideez baliatzea, Datu Pertsonalak Babesteari buruzko Lege Organikoak berariaz aitortzen duen bezala. Horretarako, badu Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailaren Zerbitzu Zuzendaritzara jotzea (Donostia kalea, 1, 01010, Gasteiz).

Era berean, Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak erkatu ahal izango ditu adierazitako datuak eta berariazko egiaztapenak egin ahal izango ditu laguntzak behar bezala esleitzeko.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du. Beraz, bere aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo bestela administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko jurisdikzio horretako salan bi hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sortuko ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko ekainaren 17a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.


Azterketa dokumentala