Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

105. zk., 2015eko ekainaren 8a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
2515

83/2015 DEKRETUA, ekainaren 2koa, Ikas-ekinezko erregimeneko Lanbide Heziketa Duala Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzen duena.

Lanbide Heziketa gizarte modernoen zutabeetako bat da, pertsonen bizi-kalitatea ez ezik, enpresen lehiakortasuna ere areagotzen duen aldetik. Urte hauetako krisi ekonomikoaren testuinguruan, Europar Batasuneko herrialdeak hainbat ekintza gauzatzen ari dira, ikas-ekinezko erregimeneko Lanbide Heziketaren bidez gazteen langabezia-tasa handiak arintzeko neurriak sustatzeko, eta gazteen lanbide-kualifikazioa eta espezializazioa bultzatzeko, ikastetxeko irakatsi eta ikasteko prozesua eta enpresan lan egitea eta ikastea uztartzearen bitartez.

Hasierako Lanbide Heziketaren helburuetako bat da ikasleak lanbide-eremu jakin batean jarduteko prestatzea; alde batetik, haien garapen pertsonalean laguntzeko, eta bestetik, ondasun eta zerbitzuak ekoizteko sektoreen kualifikazio-premiei erantzuteko.

Euskal Autonomia Erkidegoan, Administrazioaren eta lanbide-heziketako zentroen arteko lankidetzaren bitartez eta enpresaburuen elkarte eta sindikatuen laguntzarekin, ikas-ekinezko esperientziak garatu izan dira historikoki produkzio-enplegua eta prestakuntza uztartuta zentroetan; hala nola, partekatutako prestakuntza-programak eta enpresetan praktikak egiteko programak. Berriki, 2008. urtetik 2011. urtera bitarte Ikasi eta Lan programa garatu zen, eta 2012tik aurrera Hezibi programa, unean-unean eskura zeuden lege-tresnak baliatuta.

Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren xedea Lanbide Heziketaren, kualifikazioen eta egiaztapenen sistema osoa antolatzea da, gizartearen eta ekonomiaren eskariei eraginkortasunez eta gardentasunez erantzun ahal izateko, zenbait prestakuntza-modalitateren bitartez.

Lege hori garatzearren, enpresekin lankidetzan ikas-ekinezko prestakuntza-programak garatu ahal izango direla xedatzen da Hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuaren 31. artikuluan, betiere lan-kontratu bat, prestakuntza-kontratu bat edo enpresa edo erakunde publikoetan prestakuntza-beka bat dutenentzat.

Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretua aldatu egin zen Lan-merkatua erreformatzeko premiazko neurriei buruzko uztailaren 6ko 3/2012 Legearen bitartez; horrela, bada, 11. artikuluan prestakuntzarako eta ikaskuntzarako kontratu modalitate berria aipatzen da, eta horren arabera, kontratu modalitate berri horren helburua langileak alderdi profesionalean kualifikatzea da, ordaindutako lanjardueraren txandakatzearaubidearen arabera, enplegurako lanbideheziketaren sistemaren edo hezkuntzasistemaren esparruan prestakuntzajarduera duen enpresa batean.

Aurrerago, Prestakuntzarako eta ikasketarako kontratua garatu eta bitariko lanbide-hezkuntzaren oinarriak ezartzen dituen azaroaren 8ko 1529/2012 Errege Dekretuaren bitartez kontratu horri atxikitako prestakuntza-jardueraren oinarrizko alderdiak xedatu ziren, baita hezkuntza-sistemaren lanbide-heziketa duala edo bitarikoaren oinarrizko alderdiak ere.

Lanbide Heziketako IV. Euskal Planak, prestakuntza integratuaren eremu estrategikoaren barruan eta lanbide-heziketa produkzio-sektoreen oraingo eta etorkizuneko premietara eta pertsonen enplegagarritasunera egokitzeko lehentasunezko helburuari jarraiki, ikas-ekinezko erregimeneko lanbide-heziketa dualaren alde egiten du, argi eta garbi. Horretarako, lanbide-heziketa duala indartzeko jardun-ildo espezifiko bat biltzen du, pertsonen gaitasunak garatzeko prozesua bizkortzeko eta gero eta kualifikazio eta espezializazio handiagoa eskatzen duten lanbide-eremuetara egokitzeko modua den aldetik.

Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren 16. artikuluaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak du irakaskuntzaren gaineko eskumena –irismen, maila eta gradu guztietan eta modalitate eta espezialitate guztietan–, betiere Konstituzioaren 27. artikuluaren eta hori garatzen duten Lege Organikoen kalterik gabe, baita Konstituzioaren 149.1.30.a artikuluak Estatuari esleitzen dizkion ahalmenen kalterik gabe, eta berau betetzeko eta bermatzeko beharrezko ikuskapenaren kalterik gabe ere.

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuaren 10. artikuluak ezartzen duenaren arabera –martxoaren 1eko 8/2013 Dekretuan duen idazkerari jarraiki–, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari dagozkio honako egiteko eta jardun-arlo hauek:

a) Irakaskuntzaren alorrean Autonomia Estatutuan ezartzen diren eskumenak, bai erregimen orokorrekoak eta bai erregimen berezikoak ere, etapa eta maila guztiak barne sartuz; eta goi-mailako hezkuntza eta bai bizitzan zehar koalifikazioak eskuratu edo areagotzea dakarten ikaskuntza-jarduerak ere.

a.bis) Bizitza osoan zehar koalifikazioak eskuratzea edo areagotzea dakarren lanbide-heziketa osoaren plangintza estrategikoa, diseinua eta ildoak, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak –duen erantzukizuna baliatuz– eskainiko duen lankidetza estuarekin.

Testuinguru horretan, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen apirilaren 9ko 193/2013 Dekretuaren arabera, Lanbide Heziketako Sailburuordetzari dagozkio, besteak beste, honako funtzio hauek: jakintzaren gizarte berrian sartzeko eta haren aukerak aprobetxatzeko eredua inplementatzeko, bizitzan zehar egin beharreko ikaskuntza-ekintzak diseinatu, definitu eta aplikatzea; lanbide-heziketaren arloan, jarraibideak, deseinua eta planifikazio estrategikoa prestatzea, baldin eta horiek –bizitzan zehar– koalifikazioak emendatu edo eskuratzea badakarte; eta Lanbide-heziketako ikastetxeetan hasierako lanbide-heziketa programatu eta inplementatzea.

Halaber, dekretu horren arabera, Heziketa eta Ikaskuntzako zuzendariari dagokio bizialdi osoko ikaskuntza ahalbidetuko duen prestakuntza-eskaintza proposatzea, lau prestakuntza-bide hauek erabiliz: aurrez aurrekoa, urrunekoa, on-line eta/edo teleprestakuntza. Horretaz gain, lan-merkatuak eskatzen dituen koalifikazioak aldatzen diren neurrian, prestakuntza aldaketa haiei etengabe egokitzeko tresnak ezartzea zuzendari horri dagokio, baita hezkuntza-sisteman Lanbide Heziketako irakaskuntzak antolatu, eraldatu eta berritzeko jarduerak zuzentzea ere.

Dekretu honen bitartez, Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak lanbide-heziketako prestakuntza-zikloetako prestakuntza beste modu batera antolatu nahi du, egungo egoera sozioekonomikoan ikasleei hobeto prestatzeko aukera ematearren, enplegua lor dezaten sustatzearren eta enpresen lehiakortasuna hobetzearren. Horretarako, hasierako prestakuntza eta lan-jarduera edo enpresetako praktikaldiak aldi berean egiteko aukera sortu dugu, ikasle langileen edo ikastunen figurari kontzeptu berria emanez; ikastuna zera da, prestakuntza aberasteko asmoz ikasketak eta lana uztartzen ari den pertsona, baina ikasten ari den lanbide-heziketako tituluarekin zuzen-zuzenean lotuta dagoen lanbide-eremu batean.

Ikuspegi horretatik begiratuta, enpresako jarduna ez da izango osagarri bat, ez da izango ikastetxean jasotako prestakuntza osatuko duen praktikaldi osagarri soila; aitzitik, ikaskuntzako bi prozesuak koordinatu eta lotu egin behar dira prestakuntza-zentroko eta enpresako jarduerak txandakatuta eta, horretarako, orain arte ikastetxean landu ohi ziren prestakuntzaren zenbait alderdi enpresako jardunean gauzatuko dira, enpresan dauden giza baliabideekin eta baliabide materialekin. Ikas-ekinezko erregimeneko lanbide-heziketa dualaren ikaskuntza-prozesuetan, jarraipena egiteko modua ez da izango ikastetxean ohiko moduan garatzen zen prestakuntzari egiten zitzaion jarraipenaren antzekoa. Lanbide-heziketako ikastetxea eta enpresa ikaslearen ondoan egongo dira ikas-ekinezko erregimeneko prestakuntza dualeko prozesu osoan, bi testuinguruetan koordinatutako ikaskuntza dinamizatu eta gainbegiratzeko.

Horren ondorioz, arau honen bitartez, eredu horri jarraiki eta Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan, goian aipatu dugun Estatuko erregulazio-araudian biltzen diren aurreikuspenak egokitu nahi ditugu.

Horrenbestez, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuak proposatuta, eta Gobernu Kontseiluak 2015eko ekainaren 2an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1.– artikulua.– Xedea eta aplikazio-eremua.

1.– Dekretu honen xedea da hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren ikas-ekinezko erregimeneko lanbide-heziketa dualaren programak Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzea, enpresako eta ikastetxeko irakasteko eta ikasteko prozesuak konbinatuta, betiere Prestakuntzarako eta ikasketarako kontratua garatu eta bitariko lanbide-hezkuntzaren oinarriak ezartzen dituen azaroaren 8ko 1529/2012 Errege Dekretuan hezkuntza-sistemaren eremuari dagokionez ezartzen diren aurreikuspenak betetzearren.

2.– Lanbide-heziketako prestakuntza-zikloak ematen dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe guztietan aplikatu behar da.

2.– artikulua.– Programak garatzea.

1.– Ikas-ekinezko erregimeneko lanbide-heziketa dualeko programak ikastetxeen eta enpresen baterako parte-hartzearen bidez garatuko dira. Ikasleak lanbide-heziketako prestakuntza-zikloren batean matrikulatuko dira eta ikastetxean eta enpresan txandaka ikasteko aukera izango dute.

2.– Ikastetxearen autonomia-esparruan eta lanbide-heziketako eredu honek berezkoa duen antolamendu-malgutasunaren esparruan, prestakuntza-jarduerak eta produkzio-jarduerak nola banatu adostu beharko dute prestakuntza-zentroak eta enpresak, betiere ikasleari bermatuta ikastetxean erabakitako prestakuntza-programetara eta enpresan egin beharreko jardueretara joateko aukera izango duela.

3.– Ikas-ekinezko prestakuntza dualaren prozesua aldi berean gauza daiteke ikastetxean eta enpresan, edo bestela, ondoz ondoko faseetan, lanbide-heziketako ikastetxean eta enpresan egindako prestakuntzako eta ikaskuntzako aldiak uztartuta. Enpresako prestakuntzaldia ez da izango astean 40 ordutik gorakoa, soilik enpresan egoteko aldia baldin bada.

4.– Lanbide-heziketako zentroak eta enpresak tutore bana esleituko diete ikasleei, eta tutore hori egongo da beti ikaslearen ondoan, diseinatutako prestakuntza-ibilbidearen fase eta jarduera guztien arteko loturari eusteko.

3.– artikulua.– Programak gauzatzeko modalitateak.

1.– Ikas-ekinezko erregimeneko lanbide-heziketa duala egiteko, ikaslearen eta enpresaren artean bi motako harremana egon daiteke:

a) Ikastetxea eta enpresa txandakatuta, lan-kontratu batekin.

b) Ikastetxea eta enpresa txandakatuta, konpentsazio-erregimenean ikasleei prestakuntza-programak egiteko bekak emanez.

2.– Aurreko puntuan aipatu ditugun bi modalitate horietako edozeinetan garatzen den ikas-ekinezko erregimeneko lanbide-heziketa duala Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoan eta lege hori garatzen duten arauetan aurreikusitakoaren arabera onetsiko da.

4.– artikulua.– Programen ezaugarriak eta iraupena.

1.– Dekretu honen 3. artikuluan aipatu diren ikas-ekinezko erregimeneko lanbide-heziketa dualeko edozein modalitatetan emateko proposatzen diren prestakuntza-zikloak gutxienez bi ikasturte osokoak izango dira.

2.– Ikas-ekinezko erregimeneko lanbide-heziketa dualeko programen lehen ikasturtean, jarduera guztia ikastetxean burutuko da eta bigarrenean, aldiz, ikastetxea eta enpresa txandakatuko dira.

3.– Prestakuntza-zikloen ohiko iraupena hiru ikasturteraino luza daiteke, baldin eta ikas-ekinezko erregimeneko lanbide-heziketa dualeko programak prestakuntza-plan baten bidez garatu behar badira, produkzio-sektore jakin bateko enpresa edo enpresa-talde baten berme edo abalarekin; produkzio-sektore edo enpresa-talde horrek eskatzen duen prestakuntza-osagarria sar daiteke plan horretan, dekretu honen 5. artikuluaren 1. lerrokadan aipatzen denez.

4.– Prestakuntza-zikloaren ohiko iraupena aldatzeko, Lanbide Heziketako sailburuordeak aldez aurretik baimena eman behar du.

5.– Nolanahi ere, prestakuntza-zikloaren lehen ikasturtea bukatutakoan garatuko da ikas-ekinezko jarduna.

6.– Kasu guztietan, lanbide-heziketako titulua arautzen duten arauetan xedatutako ordu kopurua, gutxienez, bete beharko da ikastetxeko jardunean.

7.– 3.1 artikuluaren b) lerrokadan aurreikusitako modalitateari dagokionez, ikas-ekinezko prestakuntza dualeko programak garatzeko enpresekin sinatzen diren lankidetza-hitzarmenetan, enpresako egonaldiaren iraupena ez da izango prestakuntza-zikloak ohiko erregimenean duen guztizko iraupenaren % 40 baino txikiagoa. Enpresako egonaldi hori ere ez da izango enpresan indarrean dagoen hitzarmenean xedatutako orduen guztizkoaren % 75 baino handiagoa, goiko 2. lerrokadan aipatutako programen kasuan. Goiko 3. lerrokadan aipatutako programen kasuan, goiko muga hori % 85era ere igo daiteke ikas-ekinezko fasea garatzeko bi ikasturteetan.

5.– artikulua.– Prestakuntza-jardueraren ezaugarriak.

1.– Ikastetxearen eta enpresaren artean adostutako programazioan, prestakuntza osagarria sar daiteke, ikasleen premia jakinei erantzuteko, edo enpresak edo erreferentziako produkzio-sektoreek eskatzen duten espezializazioa emateko. Prestakuntza osagarri hori badagoen kasuetan, beharrezkoa eta egokia dela justifikatu beharko da, enpresaren edo enpresa biltzen duen produkzio-sektorearen eskaria aintzat hartuta, eta Lanbide Heziketako sailburuordeak baimendu beharko du.

2.– Lanbide-heziketako zentroetan, dagokion araudiaren arabera eskudunak diren irakasleek emango dute prestakuntza-jarduera.

3.– Lanbide-heziketako zentroetako ikaskuntza-jarduerak ikas-ekinezko erregimenari egokituko zaizkio, ikastetxeko eta enpresako ikaskuntza guztiak behar bezala uztartu ahal izateko.

4.– Enpresako jarduerak tituluaren lanbide-profilarekin bat etorri beharko du; hartara, profil horri dagozkion gaitasunak –lanbidekoak, pertsonalak eta sozialak– eskuratu, finkatu eta horietan sakondu ahal izango du ikasleak, artikulu honen 1. lerrokadan aipatutako prestakuntza osagarria egiteko aukera alde batera utzi gabe.

6.– artikulua.– Ikas-ekinezko erregimeneko lanbide-heziketa duala planifikatzea eta baimentzea.

1.– Lanbide-heziketako ikastetxeek ikas-ekinezko erregimeneko lanbide-heziketa dualeko programak kudeatzeko eta lantzeko autonomia izango dute. Lanbide-heziketako ikastetxeek eta parte hartzen duten enpresek batera landuko dituzte programak eta programen plangintzak, beren ekimenez edo Lanbide Heziketako Sailburuordetzak eskatuta.

2.– Nolanahi ere, Lanbide Heziketako Sailburuordetzak ikas-ekinezko erregimeneko lanbide-heziketa dualeko programak garatzeko baimena eman beharko du. Baimen hori eman aurretik, programa horietarako eskatzen diren baldintzak betetzen direla egiaztatuko du.

3.– Ikastetxeek ez dute epe-mugarik izango ikas-ekinezko erregimeneko lanbide-heziketa dualeko programak eskaintzeko eta aurkezteko, hainbat ikasturte akademikoren esparruan garatzearren.

4.– Programa horiek onartzeko eskaera Lanbide Heziketako sailburuordeak ebatziko du, eskaera jaso eta gehienez ere hilabeteko epean, programaren ezaugarriak ez ezik, finkatutako baldintzak betetzen dituela ere egiaztatu ostean. Baimena lortu ostean, enpresa bakoitzarekin dagokion hitzarmena sinatu ahal izango da. Gehieneko epea igaro eta ebazpenik eman ez bada, eskaera egin duen interesdunak eskaera administrazio-isiltasunez ezetsi dela jo ahalko du.

7.– artikulua.– Ikastetxeen eta enpresen arteko hitzarmenak sinatzea.

1.– 3.1 artikuluaren b) lerrokadan aurreikusitako modalitateari dagokionez, enpresa laguntzaile bakoitzarekin ikas-ekinezko erregimeneko lanbide-heziketa dualeko planak garatzeko sinatzen den akordioa lanbide-heziketako ikastetxearen eta parte hartzen duen enpresaren arteko hitzarmen batean txertatu behar da, azaroaren 8ko 1529/2012 Errege Dekretuaren 31. artikuluan adierazten diren gutxieneko ezaugarriak dituela. Ezarritako eta baimendutako lankidetza-hitzarmenaren gutxieneko edukia aldatu nahi izanez gero, aldaketa horiek Lanbide Heziketako Sailburuordetzan jakinarazi beharko dira, hala badagokio, baimena berrets dezan.

2.– Hitzarmenean, enpresa sinatzailearen esanbidezko konpromisoa ere bildu beharko da; hain zuzen ere, tutore-lanak egiteko enpresan kualifikazio eta esperientzia profesional egokia duen norbait esleituko duelako konpromisoa. Era berean, langileen legezko ordezkariei sinatzen diren hitzarmenen berri emateko konpromisoa ere hartu beharko du eta, gutxienez, honako datu hauek adierazi beharko ditu: enpresan zein lagun sartuko diren, zer postutan sartuko diren eta prestakuntza-jardueraren edukia.

3.– Lanbide-heziketako ikastetxeko zuzendariak sinatu beharko du goiko lerrokadan aipatutako hitzarmena, ikastetxe publikoak baldin badira; bestela, legezko ordezkariak, ikastetxe pribatuen kasuan.

8.– artikulua.– Ikasleak, hautaketa eta informazioa

1.– Ikas-ekinezko erregimeneko lanbide-heziketa dualeko planen bati atxikitako ikasleak ikastetxe batean matrikulatuta egon beharko du, dagokion prestakuntza-zikloan. Ikas-ekinezko erregimeneko prestakuntza dualeko planean ikasle talde osoa edo taldearen zati bat bakarrik sar daiteke.

2.– Ikas-ekinezko erregimeneko prestakuntza duala jaso ahal izateko, ikasleek heziketa-zikloaren lehen ikasturteko modulu guzti-guztiak gaindituta izan behar dituzte.

3.– Nolanahi ere, enpresan hasi aurretik, lana segurtasunez eta eraginkortasunez egingo dutela bermatzeko beharrezkoa den prestakuntza jaso beharko dute ikasleek.

4.– Lanbide-heziketako ikastetxeek ikas-ekinezko erregimeneko prestakuntza dualeko planen ezaugarri eta baldintzen berri eman beharko diete plan horietan txertatuta egon daitezkeen espezialitateetan matrikulatuta dauden ikasleei.

5.– Lanbide-heziketako ikastetxe batean kudeatzen diren ikas-ekinezko erregimeneko lanbide-heziketa dualeko programetan parte hartu nahi duten ikasleen eskaerak ikastetxe horretan bertan jasoko dira. Hautagaiak gaitasun- eta egokitasun-irizpide objektiboen arabera hautatuko dira; irizpide horiek lanbide-heziketako ikastetxeak finkatuko ditu, enpresarekin adostuta, eta hautaketa-prozesua hasi aurretik jakinaraziko da zeintzuk diren. Sinatutako hitzarmenean behar bezala jasota egongo dira. Hona hemen irizpide horiek, lehentasun-ordenaren arabera: eskola-errendimendua eta lanbide-heziketako ikastetxeko eskola-jardueretako asistentzia, gaitasun pertsonalak eta taldean lan egiteko gaitasuna, erabakiak hartzeko gaitasuna, berrikuntzarako gaitasuna eta sormena.

6.– Programa horietan irakaskuntzako eta ikaskuntzako prozesuak enpresan eta lanbide-heziketako ikastetxean uztartzen direnez, hautagairen batek –baliozkotzeengatik edo salbuespenengatik– ez badu prestakuntza-zentrora joan behar edukiak ikastera, programatik kanpo geratuko da, enpresak egin beharreko jarduerekin lotutako ikaskuntzaren emaitzak ez dituenez garatuko.

7.– Lanbide-heziketako ikastetxeko zuzendariari dagokio planetarako hautagai diren ikasleek eskatzen zaizkien baldintzak betetzen dituztela egiaztatzea, baita hautagaiak hautatzeko prozesua antolatzea ere, finkatutako baldintzetan oinarrituta; halaber, hautaketa-prozesuarekin lotuta sor daitezkeen erreklamazioak aztertu eta ebaztea ere zuzendariaren egitekoa da. Enpresaren ordezkari batek ere parte hartu ahal izango du hautaketa-prozesu horretan, ikastetxeko ordezkariekin batera.

8.– Adin nagusiko ikasleek edo, bestela, haien legezko tutoreek idazki bat aurkeztu beharko dute ikastetxean ikas-ekinezko jarduera hasi baino lehen; idazki horren bitartez, goiko lerrokadetan zehaztutako informazioa jaso dutela adierazi behar dute, eta finkatutako egutegia, lanaldia eta ordutegia ez ezik, enpresaren eta ikastetxearen barne-araudiak ere betetzeko konpromisoa hartzen dutela.

9.– artikulua.– Ikas-ekinezko erregimeneko lanbide-heziketa dualeko programan jarraitzea.

1.– Ikas-ekinezko erregimeneko lanbide-heziketa dualeko programan parte hartzen ari den ikasle bat programatik kanpo utz daiteke bi aldeak ados jarriz gero edo erregelamendu bidez amaiera iragarriz gero, baldin eta bi aukera horietako bat aldez aurretik formalki jakinarazten bada.

2.– Era berean, ofizioz edo enpresak eskatuta, eta interesdunari entzun ostean, lanbide-heziketako ikastetxeko Zuzendaritzak ikas-ekinezko erregimeneko prestakuntza dualeko programa batean parte hartzen ari den ikaslea aldi baterako programatik kanpo uztea edo kaleratzea erabaki dezake, lanbide-heziketako ikastetxearen erregelamenduan edo enpresaren funtzionamendu-arauetan xedatutako arau-hauste eta zigorren erregimenean zehaztutakoari jarraiki.

3.– Ikas-ekinezko erregimeneko prestakuntza dualeko programa eten egiten baldin bada ikasleari lepora ez dakizkiokeen arrazoiengatik, eta programaren modalitatea aintzat hartuta, lanbide-heziketako ikastetxeak beste enpresa bat bilatzeko ahalegina egin beharko du, programarekin jarraitu ahal izateko. Ezinezkoa baldin bada, artikulu honen hurrengo lerrokadan aipatzen denari jarraiki jokatuko da.

4.– Ikas-ekinezko erregimeneko prestakuntza dualeko programa behin betiko eteten bada goiko lerrokadetan adierazitako arrazoiren batengatik, ikaslea dagokion espezialitateko talde arrunt batean sartuko da.

10.– artikulua.– Ikasleen ebaluazioa.

1.– Ikasleen ebaluazioa jarraitua izango da eta lanbide-moduluen arabera egingo da.

2.– Lanbide-heziketako ikastetxeko lanbide-moduluetako irakasleen erantzukizuna da ebaluazioa egitea, enpresa-tutoreen ekarpenak eta enpresan egindako jarduerak kontuan izanik.

3.– Lantokietako Prestakuntza modulua egintzat hartuko da enpresan egiten den ikas-ekinezko jarduera dela-eta.

4.– Ikasle batek ez badu ikas-ekinezko erregimeneko lanbide-heziketa dualeko planean bildutako lanbide-moduluren bat gainditzen, prestakuntza-programa arrunt batean jarraituko du, lanbide-heziketako ikastetxe batean.

5.– Lanbide-heziketako ikastetxeak ebaluazio jarraituaren prozesuaren erregistroak gorde beharko ditu. Ikas-ekinezko erregimeneko prestakuntza dualeko programa amaitu gabe uzten dutenek lanbide-modulu bakoitzean egindako lorpenen ziurtagiria eskuratuko dute, talde arrunt batean txertatu eta ebaluatu ahal izateko.

11.– artikulua.– Parte hartzen duten enpresen betekizunak.

1.– Ikas-ekinezko erregimeneko lanbide-heziketa dualeko programetan parte hartzen duten enpresek zerga-arloko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak beteta izan behar dituzte.

2.– Era berean, 3. artikuluaren 1.b lerrokadan adierazitako modalitatearen kasuan, Euskal Autonomia Erkidegoan lantokiak izan beharko dituzte.

12. artikulua.– Aseguruak ikas-ekinezko erregimeneko lanbide-heziketa dualean.

1.– 3.1 artikuluaren b) lerrokadan aurreikusitako modalitatearen arabera garatzen diren ikas-ekinezko erregimeneko prestakuntza dualeko programetan, gerta daitekeen edozein gorabehera Eskola Aseguruaren arabera aztertuko da, aseguru horren estaldura-eremuan, edo bestela, Gizarte Segurantzaren aseguruaren arabera, Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorrean sartzeko baldintzak eta betebeharrak arautzen dituen urriaren 24ko 1493/2011 Errege Dekretuan xedatutakoari jarraiki.

2.– Aurreko lerrokadan adierazitakoa alde batera utzi gabe, administrazioak istripuen aseguru-poliza osagarria eta erantzukizun zibileko beste bat ere kontratatuko ditu ikasleentzat, programaren esparruan enpresan jarduten dutenerako.

13.– artikulua.– Programak finantzatzea.

1.– Ikasleek enpresen, erakundeen, fundazioen eta abarren bekak jaso ahal izango dituzte, bai eta/edo Administrazioenak ere, proiektu bakoitzerako erabakitzen den moduan.

2.– Ikasleari eman zaion bekaren hileko zenbatekoa –enpresan ari den bitartean– ez da izango, inolaz ere, urte horretako lanbidearteko gutxieneko soldatarentzat finkatu den hileko balioa baino txikiagoa, betiere enpresan benetan egin duen aldiarekiko proportzioan. Edonola ere, ikasleek jasotako bekaren hileko zenbatekoa ez da izango lanbidearteko gutxieneko soldatarentzat finkatu den balio horren % 60 baino txikiagoa.

14.– artikulua.– Azken memoria, ebaluazioa eta jarraipena.

1.– Ikas-ekinezko erregimeneko prestakuntza dualeko plan bakoitza amaitzen delarik, prestakuntza-zentroak memoria bat egingo du; memoria horretan, zer jarduera burutu diren eta zer emaitza lortu diren adierazi beharko da, baita eskatzen diren bestelako estatistika-datuak ere. Heziketa eta Ikaskuntza Zuzendaritzak memoria hori egiteko eredu bat eskainiko du.

2.– Lanbide Heziketako Euskal Kontseiluak Dekretu honen babespean garatutako programen jarraipena eta ebaluazioa egingo du, eta hala badagokio, hobetzeko ekintzak proposatuko ditu.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA.– Hizkuntzen tratamendua.

Ikas-ekinezko erregimeneko prestakuntza dualeko programetan, eta enpresako prestakuntzari dagokionez, enpresaren hizkuntza-errealitatea aintzat hartuko da eta, ahal den heinean, programak hizkuntza-ereduarekin eta ikasleek eskatzen dutenarekin uztartzea ahalbidetuko duten neurriak hartuko dira.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Aholkularitza- eta prestakuntza-ekintzak.

Lanbide Heziketako Sailburuordetzak aholkularitzako eta prestakuntzako ekintzak sustatuko ditu ikas-ekinezko erregimeneko prestakuntza dualeko programetan parte hartzen duten ikasleen tutore edo koordinatzaile diren irakasleentzat. Era berean, enpresa-erakundeekin lankidetzan, ikasleen enpresetako tutore izango direnen prestakuntzan ere parte hartuko du.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Busturian, 2015eko ekainaren 2an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.


Azterketa dokumentala