Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

102. zk., 2015eko ekainaren 3a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
2443

1135/2015 EBAZPENA, maiatzaren 28koa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiarena. Horren bidez, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan lotura estatutario finkoa lortzeko 2014an eta 2015ean deitu diren hautaketa-prozesuak arautuko dituzten oinarri orokorrak onartzen dira.

Bai Osakidetzaren 2013-2016 eperako Lerro estrategikoek eta Ekintza-planek, bai 2014-2016rako Giza Baliabideak Antolatzeko Planak Osakidetzako giza baliabideen planifikazioan eta antolaketan aurrera egitea dute beren helburuen artean, antolaketa beharrizan berrien arabera.

Aurrekoaren arabera, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2014ko abenduaren 9ko Erabakiaren bidez, Ente Publikoaren 2014ko ekitaldirako Enplegu Publikoaren Eskaintza onartu zuen. Horren bidez, langile estatutario finkoen izaera lortzeko 187 lanpostu betetzeko deialdia ezarri da, baita beste 187 lanpostu betetzeko barne-sustapeneko hautaketa-prozesuen deialdia ere. Halaber, 2015eko otsailaren 23ko Erabakiaren bidez, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluak Ente Publikoaren 2015eko ekitaldirako Enplegu Publikoaren Eskaintza onartu zuen. Horren arabera, hainbat lanpostu betetzeko hautaketa-probak deitu dira: alde batetik, 320 lanpostu, langile estatutarioen izaera lortzeko; eta, beste aldetik, beste 320 lanpostu, barne-sustapeneko prozesuaren bidez betetzeko.

Administrazio Kontseiluaren erabaki horiek langile estatutario finkoen izaera lortzeko prozesuak eta barne-sustapenekoak batera garatuko direla ezarri dute, oposizio-lehiaketako sistemaren arabera. Halaber, 2014ko eta 2015eko enplegu publikoaren eskaintzak batera gauzatuko dira.

Horregatik, Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legeak, Osasun zerbitzuetako pertsonal estatutarioaren Estatutu Markoaren abenduaren 16ko 55/2003 Legeak, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren apirilaren 12ko 7/2007 Legeak, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoko lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuak eta Osakidetza Ente Publikoko Estatutu Sozialak ezartzen dituen azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuak ezarritakoarekin eta indarrean dauden gainerako xedapen aplikagarrietan ezarritakoarekin bat etorriz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan lotura estatutario finkoa lortzeko hautaketa-prozesuak arautuko dituzten oinarri orokorrak onartzea. Oinarri horiek ebazpen honen eranskinetan jasotzen dira.

Bigarrena.– Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren aurrean, hilabeteko epearen barruan, ebazpena EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, hala ezartzen baitute lege eta dekretu hauek: Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea; Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legea eta Osakidetzaren Estatutu Sozialak ezartzen dituen azaroaren 11ko 255/1997 Dekretua.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko maiatzaren 28a.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusia,

JON JOSEBA ETXEBERRIA CRUZ.

I. ERANSKINA
OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUAN LOTURA ESTATUTARIO FINKOA LORTZEKO HAUTAKETA-PROZESUAK ARAUTUKO DITUZTEN OINARRI OROKORRAK

1.– Xedea.

1.1.– Oinarri hauen xedea da arau orokorrak ezartzea, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko langile estatutarioen kategorietan eskaintzen diren destinoak oposizio-lehiaketa bidez betetzeko.

1.2.– Langile estatutario finkoen izaera txanda irekiaren bidez lortzeko, 507 destino eskainiko dira. Horietatik 187 2014ko ekitalditako Enplegu Publikoaren Eskaintzari dagozkio; beste 320, aldiz, 2015eko ekitalditako Enplegu Publikoaren Eskaintzari.

Barne-sustapenaren bidez betetzeko, 507 destino eskainiko dira. Horietatik 187 2014ko ekitalditako Enplegu Publikoaren Eskaintzari dagozkio; beste 320, aldiz, 2015eko ekitalditako Enplegu Publikoaren Eskaintzari.

Oinarri espezifikoetan txanda bakoitzean deitzen diren lanpostuen kopurua eta, hala bada, desgaitasuna dutenek betetzeko gordetako lanpostuen kopurua adieraziko dira.

1.3.– Prozesu bakoitzean (txanda irekia eta barne-sustapena) eskainitako destinoen % 7 gordeko dira % 33ko desgaitasuna edo hortik gorakoa duten pertsonek betetzeko, baldin eta probak gainditzen badituzte eta desgaitasun-maila hori eta zereginak gauzatzearekiko bateragarritasuna egiaztatzen badituzte.

Ehuneko zazpi gordeko da, beraz, eta kopuru horretatik, eskainitako plazen ehuneko bia, gutxienez, adimen-desgaitasuna egiaztatzen dutenentzat izango da, eta gainerako plazak beste edozein motatako desgaitasuna egiaztatzen dutenentzat.

Desgaitasuna dutenek betetzeko gordetako destinoak zenbatzean, deialdiaren xede den kategoria profesional bakoitzeko eskaintzen diren destinoen guztizko kopurua hartuko da kontuan. Horrenbestez, destino bat gordeko da eskainitako hamalau lanpostuko. Eskaintzen diren kategoriako destinoen kopurua hamalaura heltzen ez bada, gorde beharreko lanpostuen portzentajea lanbide-talde bakoitzaren arabera doituko da. Adimen-desgaitasuna egiaztatzen duten pertsonentzat % 2ko erreserba-kupoa eraginkorra izan dadin, erreserba mota hori gehitu ahalko da zenbait kategoriatan. Nolanahi ere, bai barne-sustapeneko deialdian, bai txanda irekikoan % 7ko erreserba errespetatuko da.

Hautaketa-proba guztiek eduki bera izango dute izangai guztientzat. Hala ere, oinarri hauetan aurreikusitako egokitzapenak egin daitezke. Zerrenda horretan hautaketa-proba guztiak gainditu dituzten izangai guztiak sartuko dira, lortutako guztizko puntuazioaren arabera ordenatuta, zein txandatan parte hartu duten kontuan hartu gabe.

Beraz, bi txanda aurreikusi dira, eta horietako bakoitzak bi modalitate ditu:

a) Txanda irekia:

– Sarbide orokorra.

– Desgaitasuna duten langileentzako erreserba-kupoa: adimen-desgaitasuna edo bestelako desgaitasunak.

b) Barne-sustapeneko txanda:

– Sarbide orokorra.

– Desgaitasuna duten langileentzako erreserba-kupoa: adimen-desgaitasuna edo bestelako desgaitasunak.

1.4.– Izangaiek bi txandetako batean bakarrik parte har dezakete: irekian edo barne-sustapenean, desgaitasuna duten langileentzako kupoaz baliatuta ere, horretarako ezarritako baldintzak betez gero.

Izangaiek izena eman beharko dute desgaitasun bat dutenen erreserba-kupoan –adimen-desgaitasuna edo bestelakoa dutenentzako horretan–, baldintzak betetzen badituzte, edozein dela ere oinarri espezifikoetan eskainitako kopurua deitutako kategoria bakoitzeko, desgaitasun bat dutenen erreserba-kuporako.

Txanda bietan, barne-sustapenekoan zein irekian, adimen-desgaitasunaren kupoan izena emanda egon arren desgaitasun hori egiaztatzen ez duen izangairik badago, bere eskabidea bestelako desgaitasunak dituztenen kupoan edo sarbide orokorrekoan sartuko da; betiere, horietan sartzeko baldintzak betetzen baditu. Ildo beretik, bestelako desgaitasunen kupoan izena emanda egon arren oinarri hauetan zehaztutako moduan egiaztatu ez duen izangairik badago, bere eskabidea sarbide orokorrean sartuko da, horretarako baldintzak betetzen baditu.

Adimen-desgaitasuna duten langileentzako destinoak hautaketa-prozesua gainditzen duten izangai nahikorik ez egoteagatik betetzen ez badira, destino horiek desgaitasuna duten langileentzako erreserba-kupora gehituko dira.

Desgaitasuna duten langileentzako destinoak hautaketa-prozesua gainditzen duten izangai nahikorik ez egoteagatik betetzen ez badira, destino horiek dagokion txandako (barne-sustapena edo txanda irekia) sarbide orokorreko lanpostuetara gehituko dira.

2.– Destinoen ezaugarriak.

Deialdi honetako xede diren zerbitzu-erakunde sanitarioetako destinoak, kategoria eta lanpostu funtzionala eta, hala badagokio, lanpostuaz jabetzeko eskatzen den titulazioa, hizkuntza-eskakizuna, derrigortasun-data –baldin badu–, eta gainerako baldintzak hautaketa-prozesua gainditu duten izangaien zerrenda argitaratzearekin batera zehaztuko dira, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoko lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuaren I. eranskinean araututakoaren arabera.

3.– Hautaketaren arau orokorrak.

Deialdia eta oinarri hauek lotesleak dira deialdia egiten duen administrazioarentzat, oposizio-lehiaketa epaitu behar duen epaimahaiarentzat eta parte hartzen dutenentzat. Oinarri hauetan xedatuta ez dagoena xedapen aplikagarriek arautuko dute.

4.– Lan harremanaren izaera juridikoa.

Oposizio-lehiaketa bidez destino hutsak lortzen dituzten izangaiek Osakidetzarekin izango duten lan harremanaren izaera juridikoa estatutarioarena izango da, Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legearen arabera.

5.– Lan baldintzak.

Ebazpen honetan ezarritako prozedurari jarraituz destinoa lortzen duten langileei Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren 8/1997 Legean jasotakoa ezarriko zaie, eta baita lege hori garatzetik sortzen diren arauak, eta orobat, indarrean dagoen Osakidetzako langileen lan baldintzak arautzen dituen Akordioa ere. Era berean, langileok destinoko zerbitzu sanitarioetako erakundeetako lan baldintzen menpe jardungo dute, eta jasoko dituzten ordainketak destinoen araberakoak izango dira.

Kupoko eta zonako langileen hautaketa-prozesuetako lanpostuak Arreta Espezializatuko Zerbitzuetan sartuko dira, hautaketa-prozesua amaitu ondoren. Destino horietaz jabetzen diren langileak estatutario finko bihurtuko dira, eta aurreko paragrafoan aipatutako araudia aplikatuko zaie.

6.– Izangaiek bete beharreko baldintzak.

6.1.– Hemen arautzen den deialdian parte hartzeko betekizunak eskabideak aurkezteko epearen azken egunean bete beharko dituzte izangaiek, oinarrietan ezartzen diren salbuespenetan izan ezik. Eta, destinoa lortuz gero, betekizun horiek eta oinarri orokorretan eskatutako beste betebeharrak bete beharko dituzte, harik eta destinoaz jabetu arte.

6.2.– Hauek dira oposizio-lehiaketa bidez deitutako destinoak bete ahal izateko baldintzak:

a) Europar Batasuneko edo Europako Esparru Ekonomikoko beste estatu kideren bateko nazionalitatea izatea, edo Europako Batasunak egindako eta Espainiako Estatuak berretsitako Nazioarteko Itunaren arabera, langileen joan-etorri askea aplika dakiokeen Estaturen bateko nazionalitatea izatea.

Era berean, onartuak izan daitezke aurreko paragrafoan aipatzen diren nazionalen ezkontidea, betiere zuzenbidez bananduta ez badago, eta izangaiaren eta bere ezkontidearen ondorengoak, baldin eta bi ezkontideak ez badaude zuzenbidez bananduta, ondorengoak hogeita bat (21) urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak, euren kargu bizi badira.

b) 16 urte beteta izatea eta nahitaezko erretiroko adina ez gainditzea.

c) Deialdian eskatutako titulazioaren jabe izatea, edo eskabideak aurkezteko epearen barruan, dagozkion tasak ordainduta izatea titulazio hori lortzeko.

Atzerriko titulazioen kasuan, homologazioa edo titulu-aitorpena egiaztatzen duen agiriaren jabe izan behar da lanbide ondorioetarako, azaroaren 21eko 967/2014 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera eta otsailaren 21eko 103/2014 Errege Dekretuak aldatutako azaroaren 8ko 1837/2008 Errege Dekretuan xedatutakoaren babesean, horiek aplikatu behar diren neurrian.

Dagokion homologazio- edo aitorpen-prozesuaren ostean lortutako titulazioak beranduago ere aurkez daitezke, betiere homologazio- edo aitorpen-eskabide hori hautaketa-prozesu honetan parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea amaitu aurretik egin bazen. Egoera horretan gainditutako izangaiek eskatutako titulazio hori egiaztatu beharko dute, destinoak aukeratzeko epea amaitu aurretik.

d) Eginkizunak betetzeko beharrezko gaitasun psikofisikoa izatea. Hautaketa-probak gainditu ondoren egiaztatuko da, horretarako azterketa medikoa eginez berariaz zehaztuko den zentroan. Betekizun hori nahitaez bete behar da destinoaz jabetu ahal izateko.

e) Inongo osasun-zerbitzutatik edo administrazio publikotatik diziplinako espediente baten ondorioz kanporatua ez izatea. Halaber, enplegu edo kargu publikoetarako erabateko gabetzea edo gabetze berezi irmoa ez izatea.

Halaber, a) paragrafoan aipatutako estatuetako nazionalen kasuan, gainera, ezgaitua edo egoera baliokide batean ez izatea, ez eta diziplina-zehapen edo zigor penal bat jasatea ere, bere Estatuan funtzio publikora sartzea eragotziko diona.

f) Indarreko arauen arabera, ezintasun edo bateraezintasuneko legezko egoeran ez egotea; arauek izangaiari aukeratzeko eskubidea ematen badiote, eskubide hori errespetatuko zaio.

g) Estatutario finko gisa lanpostua jabetzan ez izatea aukeratu nahi den kategoria berean, edozein dela ere administrazio-egoera.

h) Dagokion kategoriarako inskripzio-eskubideak ordainduta edukitzea eskabideak aurkezteko epearen barruan.

i) Oinarri espezifikoetan eskatzen den beste edozein baldintza betetzea.

7.– Desgaitasuna duten pertsonak.

Desgaitasuna duten langileentzat gordetako destinoetan lehiatzen direnek baldintza hori aitortuta izan behar dute, hau da, % 33ko edo hortik gorako desgaitasuna aitortuta izan behar dute, eskabideak aurkezteko epearen azken egunerako. Baldintza hori Administrazioko organo eskudunak (Foru Aldundietako departamentu eskuduna, IMSERSO edo baliokidea) eman duen eta desgaitasuna aitortzen dion ebazpenaren fotokopia konpultsatuaren bidez egiaztatuko da.

Desgaitasun bat legez aitortuta dutenak gainerako izangaien baldintza beretan onartuko dira hautaketa-prozesuan.

8.– Barne-sustapeneko txanda.

Hautaketa-prozesuetan barne-sustapeneko txanda mugatu bidez parte hartu ahal izateko, beharrezkoa da, 6.2 oinarrian jasotako baldintza orokorrak betetzeaz gain, beste hauek ere betetzea:

a) Langile finkoa izatea eta zerbitzu aktiboan edo zerbitzu berezietan egotea, eskuratu nahi duen kategoriakoa eta, hala dagokionean, lanpostu funtzionalekoa ez den beste batean. Egoera horretan egon behar da, esleituko zaion destinoaz jabetu arte.

Kategoria bat desberdintzat jotzeko baldintza hauek bete behar dira: titulazio akademiko edo espezialitate jakin bat ez eskatzea eta kategorian sartzeko hautaketa-prozesuak desberdinak izatea, edota espezialitate berdina eskatzen bada ere, asistentzia-eremu desberdinetakoak izatea (lehen mailako arreta edo arreta espezializatua).

b) Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko langile finko gisa, jatorrizko kategorian eta, kasua bada, lanpostu funtzionalean, bi urtez zerbitzuak eginda egotea.

Kategoria eta lanpostu funtzional bereko langile finkoaren izaera duten izangaiek ezin izango dute txanda horretan parte hartu.

Izangaiak eskabideak aurkezteko azken egunean ez baditu betetzen txanda horretan parte hartzeko betekizunak, bere eskaera automatikoki txanda irekira pasatuko da.

9.– Eskabideak.

9.1.– Eskabideak non eta nola aurkeztu.

Hautaketa-prozesuetan parte hartu nahi dutenek eskabidea Internet bidez egin beharko dute, Osakidetzaren webgunean dagoen eredua betez. Hona hemen helbidea: www.osakidetza.euskadi.net

Salbuespenez, ondoko tokietan eskabidea aurkezteko egokituko diren lekuetara joanda egin ahal izango da:

– Bilbao.

– Donostia / San Sebastián.

– Vitoria-Gasteiz.

eta horiek zehatz-mehatz non dauden komunikabideetan eta Osakidetzaren webgunean jakinaraziko da.

Internet bidezko eskabidea Eusko Jaurlaritzako KZgune zentro publikoetan bete daiteke. KZgune zentroen zerrenda helbide honetan kontsultatu ahal da: www.kzgunea.net

Prozesuan onartua izateko beharrezkoa da eskabidea epearen barruan eta behar bezala aurkeztea, aurreikusitako bi modalitateetako edozeinetan, bai eta inskripzio-eskubideak ordainduta izatea ere.

9.2.– Inskripzio-eskubideak ordaintzea.

Deialdi honetako 6.2.h) oinarrian ezarritako betekizuna betetzeko, inskripzio-eskubideak ordaindu beharko dira erakunde laguntzaile hauetakoren batean eskabideak aurkezteko epearen barruan: Kutxabank, Euskadi Kutxa/Caja Laboral, La Caixa eta BBVA. Erakunde horietako sukurtsal batean ordaintzea aukeratuz gero, eskabidearen inprimakia finantza erakunde laguntzailean aurkeztu beharko da, eta sukurtsalak, dirua sartu ondoren, mekanikoki baliozkotuko du eskabidea.

Internet bidez ordainduz gero, eskabidean bete beharko dira inskripzio-eskubideen ordainketari dagozkion atalak.

Eskabidea betetzerakoan inskripzio-eskubideei dagokien zenbatekoa ordaindu beharko da, deialdi bakoitzeko oinarri espezifikoak jasotzen dituen ebazpenean ezarritakoaren arabera eta gai horretan indarrean dagoen araudiaren arabera.

Inskripzio-eskubideak eskabideak aurkezteko epearen barnean ordaindu ezean, izangaia prozesutik kanpo geratuko da. Aurrekoa gorabehera, izangaiak zuzendu ahalko du ordaindutako diru-kopuruen gaineko akatsa, onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda argitaratzen duen Ebazpenaren 11.1 oinarrian jasotzen den erreklamazioa aurkezteko epearen azken egunera arte.

9.3.– Epea.

Izangaiek hilabete bateko (1) epea izango dute, 9.1 oinarrian ezarritakoaren arabera, eskaera aurkezteko eta inskripzio-eskubideak ordaintzeko, deialdi hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita. Epea azken eguneko 14:00etan amaituko da. Salbuespen gisa, deialdiaren ezaugarriek hala eskatzen badute, hilabete bateko epe hori luza daiteke oinarri espezifikoak jasotzen dituen ebazpenean zehaztutako eperaino.

9.4.– Egokitzapen teknikoak.

Desgaitasuna legez aitortuta dutenek eskabidean bertan adierazi beharko dituzte hautaketa-probak egiteko beharko dituzten egokitzapen teknikoak. Horretarako aplikatu ahal izango dira ekainaren 9ko PRE/1822/2006 Aginduaren eranskinean ezarritakoak, hor ezartzen baitira enplegu publikoan sartzeko hautaketa-probetan desgaitasuna duten pertsonentzako denbora gehigarriak moldatzeko irizpide orokorrak.

Hautaketa-probak egiteko eskatzen diren egokitzapen teknikoak baloratzeko asmoz, desgaitasuna legez aitortuta dutenek Administrazioko organo eskudunak eman duen eta desgaitasuna aitortzen dion ebazpenaren fotokopia aurkeztu beharko dute.

9.5.– Oposizioaldia egiteko erabili nahi den hizkuntza ofiziala aukeratzea.

Izangaiek eskaera ereduan bete beharko dute oposizioaldiko probak zein hizkuntza ofizialetan egin nahi dituzten, eta aukeratutakoa loteslea izango da. Atal hori ez bada betetzen, probak gaztelaniaz egin nahi direla ulertuko da.

9.6.– Eskabidean jarritako jakinarazpen- eta komunikazio-baliabideak.

Eskabidean ageri den helbidea bakarrik hartuko da kontuan jakinarazpenetarako.

Eskabidean helbide elektronikoa edo sakelako telefonoko zenbakia adierazten duten parte-hartzaileek hori erabiltzeko baimena ematen diote Osakidetzari hautaketa-prozesuan zehar egin ditzakeen jakinarazpenetarako.

Izangaiarena berarena bakarrik izango da erantzukizuna, baldin eta adierazitako helbidean, posta elektronikoan eta telefono-zenbakian akatsak badaude eta, horiek aldatu arren, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuari jakinarazten ez badio.

9.7.– Datu pertsonalak babestu eta kudeatzea.

Eskabideetan ematen den informazio guztia fitxategi batean sartuko da, eta hori hautaketa-prozesua eta horren osteko aldi baterako kontratazio-zerrendak kudeatzeko bakarrik erabiliko da. Fitxategi horren erabilera eta funtzionamendua lege hauetan araututakoaren arabera egingo da: Datu Pertsonalak Babesteko 1999ko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa eta Titularitate Publikoko Datu Pertsonalak Babesteko eta Datuak Babesteko Euskal Agentzia sortzen duen 2004ko otsailaren 25eko 2/2004 Legea.

Fitxategi horren arduraduna Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Giza Baliabideen Dibisioa da, eta datuak ikusteko, aldatzeko, ezabatzeko eta aurkakotzeko eskubideak Giza Baliabideetako zuzendariaren aurrean egikaritu ahal izango dira (Araba kalea 45, 01006 Vitoria-Gasteiz).

Hautaketa-prozesu honetan eskabideak aurkezten dituztenek baimena ematen dute beren datu pertsonalak oinarri hauetan eta deialdi bakoitzeko oinarri espezifikoetan aipatzen den moduan eta helburuetarako tratatuak izan daitezen.

10.– Prozeduratik baztertzeko arrazoiak.

Eskabidean edo aurkezten diren agirietan datu faltsurik emanez gero, edo oposizioaldiko edo lehiaketaldiko probak baliogabetzen duen edozein jokaera desegoki agertuz gero, izangaia zigortua izango da, kontraesaneko espedientea aurretik eginda. Horrela, deialdi honetan parte hartzeko eskatu dituen prozesu guztietatik baztertua izango da, parte hartu duen edozein fasetan jadanik lortuta dauzkan emaitzak baliogabetuko zaizkio, eta eskaintza honen ondorioz egiten diren aldi baterako kontratazioko zerrendetatik ere baztertua izango da; hori guztia ez da eragozpen izango dagozkion legezko neurriak hartzeko. Era berean, baztertzeko beste arrazoi bat izango da izangaiak lanean hasteko azterketa medikoan informazio faltsua ematea bere osasun-egoerari buruz, gero izangaiaren gaitasunari buruzko azken ziurtagiria baldintza dezakeelako.

11.– Oposizio-lehiaketan onartutako eta baztertutako izangaien zerrenda.

11.1.– Onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda.

Eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Giza Baliabideetako zuzendariak ebazpena emango du, onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onartzen duena, eta bertan honako datuak adieraziko dira: baztertzeko arrazoia, zein txandatan eskatzen duen parte hartzea eta oposizioaldia zein hizkuntzatan egingo duen. Hamar egun balioduneko epea emango da, erreklamazioak aurkezteko eta eskabidea zuzentzeko. Ebazpen hori Osakidetzaren webgunean argitaratuko da.

11.2.– Onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda.

Erreklamazio-epea amaitutakoan, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Giza Baliabideetako zuzendariak ebazpena emango du, onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onartzen duena, eta, inor baztertuz gero, arrazoiak emango ditu, eta zein txandatan parte hartuko duen adieraziko. Ebazpena Osakidetzaren webgunean argitaratuko da.

12.– Oposizioaldia.

12.1.– Hautaketa-probak egitea.

Hautaketa-probak egiteko deialdia Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren webgunean eta hedapen handiena duten komunikabideetan argitaratuko da, eta bertan eguna, ordua eta tokia adieraziko dira. Deialdi bakarra egingo da hautaketa-probak egiteko.

Probetan parte har dezakete onartuen eta baztertuen zerrenda onartzen duen ebazpenean onartuta agertu direnek. Era berean, baztertuta egon arren, azterketan parte har dezakete azterketan bertan gora jotzeko errekurtsoa jarri dutela frogatzen dutenek ere. Nolanahi ere, errekurtsoaren gainean hartzen den ebazpen irmoaren mende geldituko dira.

Gora jotzeko errekurtsoarekin batera, eskabidearen ale bikoiztuaren kopia eta inskripzio-eskubideengatik egindako diru-sarreraren ziurtagiriaren kopia ere aurkeztu beharko dituzte.

Izangairen bat onartuen eta baztertuen zerrendan azaltzen ez bada, eskabidearen ale bikoiztuaren kopia eta inskripzio-eskubideengatik egindako diru-sarreraren ziurtagiriaren kopia aurkeztu beharko ditu errekurtsoarekin batera.

Identifikatu ahal izateko, Nortasun Agiri Nazionala, pasaportea edo gidabaimena aurkeztu beharko dute.

12.2.– Oposizioaldiaren edukia.

Oposizioaldian, deialdi bakoitzaren oinarri espezifikoetan adierazten diren ariketak egingo dira.

Barne-sustapeneko sistemaren bidezko oposizioaldiak eta txanda irekiko sistema orokorreko hautaketa-proben oposizioaldiak eduki bera izango dute.

12.3.– Oposizioaldiaren balorazioa.

Proba bakoitza baztertzailea izango da, eta 0 eta 100 puntu arteko balioa izango du. Horietako bakoitzean, gutxienez, 50 puntu lortu beharko dira gainditzeko. Puntuazio hori ariketa bakoitzaren % 50 izango da.

Oposizioaldiko azken puntuazioa zenbatzeko batezbesteko aritmetikoa egingo da. Horretarako, zatiketa egingo da izangaiek lortutako puntu guztien eta proba guztien kopuruaren artean. Oposizioaldia gainditutzat emateko, izangaiek, gutxienez, 50 puntu lortu beharko dituzte, alegia, oposizioaldiaren % 50.

Aukerako erantzunak dituzten galderei erantzuteko probetan, okerreko erantzunek ez dute zigorrik jasoko.

Lehiaketaldian lortutako puntuazioa inolaz ere ezin izango da erabili oposizioaldia gainditzeko. Hautaketa-probak derrigorrezkoak eta baztertzaileak izango dira.

12.4.– Hautaketa-proben emaitzak argitaratzea.

Ariketa bakoitza egin eta Epaimahai Kalifikatzaileak zuzendutakoan, Giza Baliabideetako Zuzendaritzak Osakidetzaren webgunean argitaratuko ditu izangaien emaitzak. Argitalpen horretan 10 egun balioduneko epea emango da, gutxienez, erreklamazioak aurkezteko.

Erreklamazioak Osakidetzaren webgunean gaindituen zerrenda argitaratuz ebatziko dira.

Oposizioaldian ariketa bat baino gehiago badira, aukera bi egon daitezke: edo lehen ariketara aurkeztutako izangai guztiak hurrengoetara ere onartzea, edo oposizioaldiko hurrengo faseetako ariketak egin ditzaketen izangaien zerrenda argitaratzea, lehen ariketaren emaitzen aurkako erreklamazio-epea amaitu eta aurkeztutako erreklamazioak ebatzitakoan. Zerrenda hori Osakidetzaren webgunean argitaratuko da.

12.5.– Oposizioaldia gainditu dutenen zerrenda.

12.5.1.– Argitaratzea.

Hautaketa-probak egin ondoren, Epaimahaiak fase hori gainditu dutenen zerrenda prestatu eta onartuko du, puntuazioaren arabera antolatuta. Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Giza Baliabideetako Zuzendaritzak Osakidetzaren webgunean argitaratzeko aginduko du, ebazpen baten bidez.

Izangai interesdunek 10 egun balioduneko epea izango dute, gainditu dutenen zerrenda argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita, egokitzat jotzen dituzten erreklamazioak aurkezteko. Erreklamazioak idatziz bidali beharko dizkiote Giza Baliabideetako zuzendariari. Epaimahai Kalifikatzaileak nahitaezko txostena egin ostean, Giza Baliabideetako zuzendariak ebatziko ditu.

12.5.2.– Dokumentazioa aurkeztea.

Oro har, azterketa gainditu duten izangaiek aurreko paragrafoan aipatutako 10 egun balioduneko epea izango dute, deialdian parte hartzeko eskatzen diren betekizunak betetzen dituztela egiaztatzen duen dokumentazioa aurkezteko eta baita baloratuko diren merituak aurkezteko ere, oinarri hauetan, oinarri espezifikoetan eta kategoria bakoitzeko oposizioaldiko gaindituen zerrenda onartzen duen ebazpenean zehazten den eran.

Aurrekoa gorabehera, zehaztuko diren kategorietan, azterketa gainditu duten izangaiek ez dute zertan betekizunak eta merituak egiaztatu, oinarri honen eta aurreko paragrafoan aurreikusitakoaren arabera onartutako izangaien eskura dagoen informazioan jada badaude.

Aurreko paragrafoan aurreikusitako ondorioetarako, Osakidetzaren webgunean jarriko dira interesdunen eskura, batetik, izangaien zerrenda eta, bestetik, onartuen zerrendan dauden izangaiek egindako zerbitzu-aldiak, bai Osakidetzan egindakoak, bai, beste administrazio batzuetan egin arren, Osakidetzan erregistratuta daudenak, eta baita Osakidetzaren esku dauden hizkuntza-eskakizunei buruzko datuak eta IT txartelekin egiaztatu ahal diren informatika ezagutzak ere. Horien aurka erreklamazioa jar daiteke, oinarri honetan dokumentazioa aurkezteko ezarritako 10 egun balioduneko epean.

Barne-sustapeneko txandan parte-hartzeari dagokionez, txanda horretan parte hartzen dutenak salbuetsita daude 8. oinarrian eskatzen diren betekizunei buruzko dokumentazioa egiaztatzetik. Hala ere, hautaketa-prozesuan onartua izateko eskabidean adierazi behar dute zein txanda aukeratzen duten.

Goi Mailako Teknikarien 1984a baino lehenagoko eginkizunetan egondako Erizaintzako Laguntzaileen modalitatean parte hartzen dutenei dagokienez, modalitate horren bidez parte hartzen dutenek modalitatea bakarrik aukeratu behar dute hautaketa-prozesuan onartzeko eskabidean.

Dokumentazioa Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialetako baten batean aurkeztu beharko da. Beste hizkuntza batean idatzitako beste dokumenturen bat kontuan hartzea nahi bada, dokumentuarekin batera, zinpeko itzulpenaren kopia konpultsatua aurkeztu beharko da.

Hona hemen aurkeztu beharreko dokumentazioa eta dokumentazioa aurkeztu beharrik ez daukatenen salbuespenak:

a) NANaren, pasaportearen edo gidabaimenaren kopia arrunta edo, Europar Batasuneko edo Europako Esparru Ekonomikoko beste estatu kideren bateko nazionalitatea izanik, dokumentu baliokide baten kopia, eta dokumentu mota bera langileak estatu batetik beste batera libre ibiltzeko aukera aplikatzen zaien estatuetako nazionalitatea dutenen kasuan, betiere eskubide hori Europar Batasuneko Itunaren arabera nahiz Espainiak berretsitako beste hitzarmen batzuen babesean nahiz lege arau baten bidez aitortuta badago.

Parte hartzeko eskubidea izanik, Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek nazionalitatea egiaztatzen dien dokumentuaren fotokopia konpultsatua aurkeztu behar dute eta, beste Estatu bateko nazionalitatea duen batekiko ahaidetasun-lotura izan eta haren kontura edo kargupean bizi izanez gero, lotura eta egoera hori egiaztatzen dituzten dokumentuak ere bai. Era berean, ezkontidearen zinpeko aitorpen bat edo hitzemate bat aurkeztu behar dute beste ezkontideagandik zuzenbidez bananduta ez dagoela adierazteko eta, hala badagokio, izangaia haren kontura edo kargura dagoela adierazteko.

b) Kategoria/lanpostu funtzional bakoitzean sartzeko eskatzen diren titulazioen fotokopia arrunta, haren oinarri espezifikoetan eskatzen denaren arabera.

Lanbide ondorioetarako, 6.2.c) oinarrian aurreikusitako homologazio- edo aitorpen-prozesu batean murgilduta dagoenak homologazio-eskabidearen fotokopia arrunta aurkeztu behar du, edota aitorpena, homologazio- edo aitorpen-eskabidea hautaketa-prozesu honetan parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea amaitu aurretik egin zela egiaztatzen duena.

c) Desgaitasun bat legez aitortuta dutenek desgaitasuna aitortzen dion ebazpenaren fotokopia konpultsatua aurkeztu beharko dute.

Aurkeztutako dokumentuak aztertu eta gero ikusten bada adimen-desgaitasunen kuporako hautaketa-prozesuan izena emanda dagoen izangaiak artean ez duela desgaitasun hori egiaztatu, bere eskabidea bestelako desgaitasunen kupoan sartuko da, edo bestela, sarbide orokorreko kupoan, baldin eta oinarri hauetan ezarritakoaren arabera baterako zein besterako eskakizunak betetzen baditu. Hortaz, bestelako desgaitasunen kuporako hautaketa-prozesuan izena emanda dagoen izangaiak dena delako desgaitasuna egiaztatzerik lortu ez badu fase horretara helduta, bere eskabidea sarbide orokorrean sartuko da, horretarako baldintzak betetzen baditu.

d) Hizkuntza-eskakizunaren fotokopia arrunta. Hizkuntza-eskakizunaren fotokopia prozesuan beranduago aurkez daiteke, betiere 14. oinarrian aurreikusitako destinoak aukeratzeko epea amaitu baino lehen, eskatzen den hizkuntza-betekizuna betetzen dela jakiteko bakarrik.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak egiaztatu eta baliokidetutako hizkuntza-eskakizunak ofizioz konputatuko dira. Beraz, ez dira eskabidean alegatu ez egiaztatu behar. Halaber, ikasketa ofizialak euskaraz egiteagatik euskara maila egiaztatzeko salbuespenak, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak aintzatesten dituenak, ofizioz konputatuko dira. Beraz, ez dira eskabidean alegatu ez egiaztatu behar.

Izangaiak Osakidetzari eskatzen badio euskara-ezagutza egiaztatzen duen titulua baliokidetzeko hautaketa-prozesu honetan parte hartzeko eskabideak aurkezteko epean eta, oinarri honetan aipatutako epean ez badu baliokidetza-ebazpena eskuratzen, euskara-ezagutza hori egiaztatzen duen titulazioaren fotokopia arrunta aurkeztu beharko du.

Merituak aurkezteko unean, euskara maila egiaztatzen duten tituluak eta ziurtagiriak baliokidetzeko den azaroaren 9ko 297/2010 Dekretuan adierazitako euskara titulazio eta ziurtagiri ofizialak lortu dituztela alegatzen dutenak salbuetsita daude titulazio horiek egiaztatzetik, nahiz eta, hautaketa-prozesu honetan baldintza edo meritutzat hartzeko, beren-beregiko baimena eman beharko dioten Osakidetzari dagokien erregistroetara sartzeko, egiaztatu duen entitatearen izena, tituluaren izendapena eta lortu den eguna adierazita, egindako alegazioaren zehaztasuna egiaztatze aldera. Baimen hori eman ezean, ez da kontuan hartuko aurkeztutako titulazioa.

Ikasketa ofizialak euskaraz egin dituztela alegatzen dutenek eta horren jakintza maila egiaztatzeko salbuespena aintzatetsita dutenek salbuespen ziurtagiriaren kopia aurkeztu beharko dute, euskaraz egindako ikasketa ofizialak aintzat hartzeko den 47/2012 Dekretuan ezarritakoaren arabera.

Honako hauek dira euskararen jakite-maila egiaztatzen duten tituluak eta ziurtagiriak baliokidetzeko araubidea eta horren jakintza egiaztatzeko salbuespenak arautzen dituzten arauak: 297/2010 Dekretua, azaroaren 9koa, euskararen jakite-maila egiaztatzen duten tituluak eta ziurtagiriak baliokidetzeko eta Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko mailekin parekatzeko dena; eta 47/2012 Dekretua, apirilaren 3koa, euskaraz egindako ikasketa ofizialak aintzat hartzeko eta euskara-maila hizkuntza-tituluen eta ziurtagirien bidez egiaztatzetik salbuesteko dena.

e) Oinarrietan edo indarrean dagoen araudian kategoria edo lanpostu funtzionala betetzeko eskatzen den beste edozein betekizun betetzen dela egiaztatzen duen fotokopia arrunta.

f) Esperientzia profesionalaren jatorrizko egiaztagiria edo notarioak emandako jatorrizko kopia. Egiaztagiriak zehaztapen hauek jaso beharko ditu: kategoria, lotura juridikoa, taldea, eta lan egindako aldien hasiera (eguna, hila, urtea) eta amaiera (eguna, hila, urtea). Egiaztagiriak kasuan kasuko zerbitzu sanitarioetako erakundeko Zuzendaritzak edo administrazio publikoko organo eskudunek emandakoa beharko du izan, ebazpen honen II. eranskineko ereduari jarraituz edo agiria eman duen organoaren ereduaren arabera, baina betiere lan egindako aldien hasiera-amaierak arestian adierazi den bezala xehaturik. Halaber, dokumentu hori Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza koofizialetako batean egin ez bada, dagokion zinpeko itzulpena erantsi beharko zaio, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 36. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Gainditu dutenek ez dute zertan aurkeztu Osakidetzan edo beste administrazio publikoetan egindako zerbitzu-aldiak, aldez aurretik 12.5.2 oinarriaren arabera onartutako izangaien eskura jarritako informazioan jasota badaude.

Osakidetzatik kanpo egindako zerbitzuei dagokienez, horiek hartu dituen erakundearen izaera publikoa egiaztatu beharko da, horri lotutako administrazio organoak egindako egiaztagiriaren bidez.

Beste administrazio publiko batzuetan emandako zerbitzuei buruzko ziurtagirietan ez bada hitzez hitz adierazten parte-hartzaileari interesatzen zaion kategorian/lanpostu funtzionalean izandako esperientziaren izena, zerbitzu sanitarioetako erakundeko Zuzendaritzak edo Administrazio Publikoko organo eskudunek egindako ziurtagiria aurkeztu beharko da, eginkizunak eta zereginak, lanbide-taldea eta lanpostua lortzeko eskatzen den titulazioa adierazten dituena.

Dena delako kategorian sartzeko eskatzen den titulazioa lortzen den egunetik aurrera egin diren zerbitzuak baino ez dira baloratuko.

g) Esperientzia profesionalaren lotura-eskabidea eta, hala bada, garapen profesionalaren maila baloratzeko aukera, oinarrietan horrela aurreikusita daukaten kategorientzat.

h) Gainerako meritu baloragarrien kopia arrunta, oinarri espezifikoetan jasotako baremoen arabera.

Informatika ezagutzei dagokienez, ziurtagiriak Euskadi Informazio Gizartean Planean aurreikusitako edozein KZgunetan lortu dituztenek ez dute zertan aurkeztu informatika ezagutzei buruzko dokumenturik. Informatika ezagutzak betekizun gisa dituzten kategorietan ere ez dituzte izangaiek informatika ezagutzei buruzko dokumenturik aurkeztu behar, sistema horren bidez ziurtagiriak lortu badituzte. Bi kasu horietan, parte hartzeko eskabidea betetzean, ulertzen da dagokion kategorian hautaketa-prozesua gainditu duten izangai guztiek Osakidetzari berariazko baimena ematen diotela dagozkien erregistroetara sartzeko.

12.5.3.– Zehaztuko diren deialdietan, dokumentazioa aurkezteko epe-amaierara arte curriculum vitae aplikazioan sartutako betekizun eta meritu guztiak 14. oinarrian aurreikusitako destino-eskubidea duten izangaien zerrendan daudenek bakarrik balioztatu beharko dituzte.

13.– Lehiaketaldia.

13.1.– Lehiaketaldia baloratzea.

Egiaztatutako merituak deialdi bakoitzeko oinarri espezifikoetan ageri diren baldintzen eta baremo-mugen arabera balioztatuko dira, ondoko irizpide orokor hauen arabera:

1.– Lan-esperientzia.

Oro har, parte hartzen duen kategoria/lanpostu funtzional berean egindako zerbitzuak baloratuko dira.

Osakidetzan arau bidez aldatutako kategoria batean egindako zerbitzuen kasuan, ondorengo irizpideak aplikatuko dira:

a) Zerbitzuak egin direneko kategoria beste kategoria batean integratu bada, eta hor sartzeko titulazio bera eskatzen bada, kategoria/lanpostu funtzional berrian egindakoak balira bezala zenbatuko dira.

b) Zerbitzuak egin ditueneko kategoria arau bidez desagertu bada edo kategoria horretan jarduteko titulazio jakin bat gerora betekizun bihurtu bada, eta horren ondorioz, kategoria hori aukeratzeko modurik ez badu, beste kategoria/lanpostu funtzional jakin bat aukeratu beharko du, espresuki eta lotesle gisa, bertan egindako zerbitzuak baloratzearren, baldin eta aukeratutako kategoria lanbide-talde berekoa edo beheragoko hurrenekoa bada, eta sartzeko behar den titulazioa badu. Kasu horretan, lan-esperientzia % 75ean zenbatuko da.

c) Izangaiak zerbitzuak egin dituen kategoria hainbat kategoriatan zatitu bada, zerbitzuak zein kategoria/postu funtzionaletan konputatuko diren hautatuko du, betiere horretarako nahikoa titulazio badu.

Izangaiak egindako hautua, b) eta c) ataletakoa, loteslea izango da enplegu publikoaren eskaintza honen ondorioz etorkizunean izango diren prozesuetarako, etorkizunean egin daitezkeen aldi baterako kontratazioko zerrendak barne hartuta. Lotura-aukera hori 12.5.2 oinarrian dokumentazioa aurkezteko ezarritako 10 egun balioduneko epean egin beharko da, oinarri hauetan, oinarri espezifikoetan eta kategoria bakoitzeko onartuen zerrenda argitaratzen duen ebazpenean zehaztuko den eran.

2.– Prestakuntza.

Prozesuko parte-hartzaileek alegatutako prestakuntza-merituak eurek autobarematu ahalko dituzte, zehaztuko diren kategorietan, horretarako jarriko den aplikazio informatikoa erabiliz.

Ondokoak oinarri espezifikoetan ezarritako baldintzetan baloratuko dira:

a) Graduatu aurreko prestakuntza.

Espediente akademikoa oinarri espezifikoetan horrela adierazita daukaten deialdietan baloratuko da.

b) Gradu ondoko prestakuntza.

Atal honetan, ondokoaren arabera egiaztatutako prestakuntza baloratuko da:

– Doktorea.

– Gradu ondoko masterra.

– Unibertsitate-aditua.

– Unibertsitate-espezialista.

– Ikertzeko nahikotasuna edo Diploma ikasketa aurreratuetan.

– Lizentziatura gradua (bikaina edo ohorezko matrikula).

Era berean, eta oinarri espezifikoetan ezarritakoaren arabera, Epaimahaiak maila akademiko bereko beste titulazio batzuk baloratu ahal izango ditu, baldin eta lanpostuaren zeregin eta funtzioekiko lotura badute.

c) Prestakuntza espezializatua.

d) Etengabeko prestakuntza.

Erakunde ofizialek, unibertsitateek, erakunde sanitarioek, eta, hala badagokio, elkargo profesionalek eta elkarte zientifikoek egiaztatutako/ziurtatutako ikastaroak balioztatuko dira, baita edozein administrazio publikok hitzartutako etengabeko prestakuntzako akordioen arabera eman eta egiaztatutako/ziurtatutako ikastaroak ere, betiere titulazio ofizial bat lortzeko ikasketa-plan baten barrukoak ez badira.

Etengabeko prestakuntzari dagokionez, 500 ordu baloratuko dira urte bakoitzeko, gehienera jota, ordutan zein kreditutan ziurtatuta daudela ere.

e) Irakaskuntza jarduera.

f) Jarduera zientifikoa eta ezagutza hedatzea.

g) Hizkuntzak (ingelesa, frantsesa eta alemana). Oinarri espezifikoetan aurreikusita daukaten deialdietan baloratuko dira. Gehienez, 6 puntu emango dira hizkuntza bakoitzeko eta, guztira, 10 puntu, gehienez.

Meritu hori hizkuntza-eskola ofizialaren ziurtagiria edo baliokidea aurkeztuz egiaztatuko da.

I.– Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuaren eta bere baliokideen C-2 eta C-1 mailako tituluengatik 6 puntu emango dira.

II.– Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuaren eta bere baliokideen B-2 mailako tituluengatik 4 puntu emango dira.

III.– Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuaren eta bere baliokideen B-1 mailako tituluengatik 2 puntu emango dira.

IV.– Ingeles, frantses eta aleman filologiako lizentziaturagatik dagokion hizkuntzari esleitutako gehieneko puntuazioa emango da.

Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuaren C-2, C-1, B-2 eta B-1 mailen baliokideak dira ebazpen honen III. eranskinean jasotzen diren tituluak.

Hizkuntza bereko titulu batzuk egiaztatuz gero, maila handiena duena baino ez da balioztatuko.

h) Informatika ezagutzak.

Kategoria batzuetan oinarri espezifikoetan ezartzen denaren arabera oposizioaldiko ariketa izan arren, informatika-maila jakin bat egiaztatuz gero, meritu gisa baloratuko da. Horretarako, Euskadi Informazio Gizartean Planak KZgune izeneko zentro publikoetan eskura jartzen dituen ondorengo moduluak lortu beharko dira:

Microsoft Word 2000: 0,50 puntu.

Microsoft Word XP/2003/2007/2010 Oinarrizkoa: 0,25 puntu.

Microsoft Word XP/2003/2007/2010 Aurreratua: 0,50 puntu.

Microsoft Power Point 2000: 0,50 puntu.

Microsoft Power Point XP/2003/2007/2010: 0,50 puntu.

Microsoft Excel 2000: 0,50 puntu.

Microsoft Excel XP/2003/2007/2010 Oinarrizkoa: 0,25 puntu.

Microsoft Excel XP/2003/2007/2010 Aurreratua: 0,50 puntu.

Microsoft Access 2000: 0,50 puntu.

Microsoft Access XP/2003/2007/2010 Oinarrizkoa: 0,25 puntu.

Microsoft Access XP/2003/2007/2010 Aurreratua: 0,50 puntu.

Microsoft Outlook XP/2003/2007/2010: 0,50 puntu.

Internet Oinarrizkoa: 0,25 puntu.

Internet Aurreratua: 0,50 puntu.

Modulu horiek gainditu izana IT txartela ziurtagiri-sistemaren bidez egiaztatuko da. Modulu bereko oinarrizko bertsioa eta aurreratua egiaztatuz gero, bertsio aurreratua bakarrik hartuko da kontuan. Geroko bertsio baten aplikazioko ziurtagiriek aurreko bertsioen ziurtagiriak baliogabetuko dituzte.

Halaber, eta derrigorrezko betekizuna den kategorietan izan ezik, erakunde ofizialek eta ikastetxe publikoek aplikazio berorien gainean emandako egiaztagiriek ere meritu hau egiaztatzeko balioko dute, ondoko baremoaren arabera:

20-29 orduko ikastaroak: 0,10 puntu.

30-49 orduko ikastaroak: 0,15 puntu.

50 ordutik gorako ikastaroak: 0,25 puntu.

Meritu horrekin lor daitekeen gehieneko puntuazioa 2 puntukoa da.

3.– Euskara: oinarri espezifikoetan ezarritako baldintzetan baloratuko da. Meritu gisa balioztatuko da aurreikusitako epean behar bezala egiaztatutako hizkuntza-eskakizuna, edota hautaketa-prozesu honen barruan dagokion kategoriarako berariaz deitutako egiaztapen-probetan lortutakoa.

13.2.– Hizkuntza-eskakizunak egiaztatzea horretarako deitutako egiaztapen-probetan.

Hala nahi duten izangaiek euskara-ezagutza egiaztatu ahalko dute, hautaketa-prozesu honetan hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko deitzen diren probak eginez.

Deialdi horretan parte hartzeko, izangaiek dagokien eskabidea egin beharko dute, aukeratu ahal dituzten hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko deialdia egiten denean.

Euskararen ezagutza betekizuna ez den lanpostuetarako, deitutako lanpostuek izango dituzten hizkuntza-eskakizunak Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoaren lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuaren I. eranskinean ezarritakoak izango dira.

Hizkuntza-eskakizunok baloratzean emango zaien puntuazioa Osakidetzan euskararen erabilera normalizatzeko 67/2003 Dekretuak, martxoaren 18koak, 24. artikuluan ezarritakoaren araberakoa izango da, prozesu osoan guztira lor daitekeen puntuazioa aintzakotzat hartuta.

Era berean, lanbide-talde bakoitzerako ezarritako hizkuntza-eskakizuna baino txikiagoak egiaztatuz gero, aurreko paragrafoaren arabera dagokien portzentajearen bidez baloratuko dira.

Nolanahi ere, euskararen ezagutza baloratzerakoan, Osakidetzako lanpostu funtzionalak arautzen dituen 186/2005 Dekretuak, uztailaren 19koak, I. eranskinean ezarritakoaren arabera lanpostu funtzionalaren hizkuntza-eskakizunari ematen zaion portzentajea muga izango da.

Hizkuntza-eskakizun horien baliokidetza-erregimena apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuaren 41. artikuluan jasotakoa izango da, eta baita azaroaren 9ko 297/2010 Dekretuan jasotzen dena ere.

Izangaiek beren tituluaren edo egiaztagiriaren fotokopia aurkeztu beharko dute prozesuaren aldi bakoitza arautzen duten oinarrietan aurreikusten denaren arabera, 12.5.2 artikuluan ezarritakoaren arabera derrigorrezkotzat jotzen duten kasuetan baino ez.

Goian xedatutakoaren babespean, hizkuntza-eskakizuna egiaztatuta duten izangaiei dagokien puntuazioa emango zaie.

13.3.– Oinarri espezifikoetako baremoen eranskinetan jasotzen diren merituak baloratu ahal izango dira, baldin eta izangaiak aldez aurretik aitorturik badauzka 9.3 oinarrian eskabideak aurkezteko ezarritako epean horretarako emandako dokumentuaren bidez, hurrengo paragrafoan aurreikusten den salbuespena salbu.

Meritu gisa baloratuko da 12.5.2 oinarrian aurreikusitako dokumentazioa aurkezteko epearen azken eguna baino lehen lortutako hizkuntza-eskakizuna, edo, 13.2 oinarrian aurreikusi bezala, horretarako deitutako egiaztapen-probetan lortutakoa.

14.– Puntuazio hurrenkeraren araberako izangaien behin-behineko zerrenda.

14.1.– Argitaratzea.

Epaimahaiak izangaien behin-behineko zerrenda egin eta onartuko du, azken puntuazioaren hurrenkeraren arabera, eta lehiaketaldian eta oposizioaldian lortutako puntuak bereizita adieraziko ditu.

Izangai bakoitzaren azken kalifikazioa lehiaketaldian eta oposizioaldian lortutako puntuak batuz aterako da.

Hautaketa-prozesua azkartzeko asmoz, deitutako destinoen kopurua eta oposizioaldia gainditu duten parte-hartzaileen kopurua kontuan hartuta, Epaimahai Kalifikatzaileak prestakuntza baloratuko zaien izangaien kopurua mugatu ahalko du. Nolanahi ere, lan-esperientziari eta euskarari dagokien puntuazioa argitaratuko du.

Izangaien artean berdinketa gertatzen bada, emakumeei emango zaie lehentasuna, Emakume eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak 20.4 artikuluan ezarritakoaren arabera horrela dagokien kategorietan eta lanpostu funtzionaletan. Berdinketak irauten badu, oposizioaldian punturik gehien lortu duenaren alde erabakiko da. Berdin jarraituz gero, lan-esperientziagatik lortutako puntuei begiratuko zaie. Berdinketak oraindik iraunez gero, oinarri espezifikoetako gainerako merituen atal bakoitzean guztizko puntuazio gehien lortu duenaren alde erabakiko da, atalok oinarri espezifikoetan agertzen diren hurrenkera berean. Irizpide horiek guztiak aplikatutakoan ez bada berdinketa desegin, deitutako kategorian eta lanpostu funtzionalean lehenago lanean hasi den izangaiaren alde erabakiko da, haren lan harremana edozein izanda ere. Azkenik, aurreko irizpideak aplikatu ostean oraindik berdinketa desegin ez bada, adinez zaharrenaren alde, hau da, lehenago jaio denaren alde erabakiko da.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Giza Baliabideetako zuzendariak ebazpena Osakidetzaren webgunean argitaratzeko aginduko du. Ebazpen bakoitzak lau eranskin izango ditu. I. eranskinean destinoa aukeratzeko eskubidea izanda hautaketa-prozesua gainditu duten izangaien zerrenda agertuko da; II. eranskinean hautaketa-prozesua gainditu duten baina I. eranskinean ez dauden gainerako izangaien zerrenda emango da; III. eranskinean, aldiz, prozesutik baztertuta gelditu diren langileen zerrenda, baztertzeko arrazoiak adierazita; eta, amaitzeko, IV. eranskinean deialdiko xede diren destinoen zerrenda adieraziko da.

Eskainitako destino guztiak benetan bete ahal izateko, I. eranskinean eskainitako lanpostuak baino izangai gehiago sartu ahal dira, baina deitutako destinoak baino gehiago ezin dira inolaz ere esleitu.

Izangai interesdunek 15 egun balioduneko epea izango dute egokitzat jotzen dituzten erreklamazioak aurkezteko, ebazpena Osakidetzaren webgunean argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera zenbatuta. Idatziz egin beharko dute eta Epaimahai Kalifikatzaileko buruari zuzendu. Erreklamazioak izangaien behin betiko ebazpenaren bidez baztertu edo onartuko dira. Halaber, epealdi horretan betekizun eta merituei buruzko dokumentazioa zuzendu daiteke, baldin eta aldez aurretik oinarri hauetan ezarritako epean aurkeztuak izan badira.

Giza Baliabideetako Zuzendaritzak beharrezko baliabide teknikoak prestatuko ditu, eta Epaimahai Kalifikatzaileen dokumentuak, erabakiak edo akten laburpenak emango ditu, interesdunek alegatu dituzten merezimenduen balorazioaren xehetasunak jakin ahal izan ditzaten.

Epe berberean, I. eranskinean dauden izangaiek destinoak aukeratu beharko dituzte, horretarako Osakidetzaren webgunean eskura izango duten eskabide-eredua betez.

Eskaintzen diren destinoek, I. eranskineko izangaiek hautatu ahalko dituztenek, honako informazio hau izango dute, gutxienez: kategoria, lanpostu funtzionala, zerbitzu-erakundea, zerbitzu-erakundeko atxikipen zentroa, lanaldia, hizkuntza-eskakizuna eta derrigortasun-data. Osakidetzak eskaintzen diren destinoak betetzea bermatuko du, baldin eta hautaketa-prozesua gainditu duten eta sarbide betekizunak betetzen dituzten izangaiak badaude.

14.2.– Dokumentazioa aurkeztea.

Era berean, eta 15 egun balioduneko epe horretan, zerrenda horren I. Eranskinean agertzeagatik proposatzen diren izangaiek betekizun eta meritu baloragarriak egiaztatzen dituzten ondorengo dokumentuen fotokopia konpultsatua aurkeztu beharko dute oinarri espezifikoetako baremoaren arabera, jada Osakidetzaren esku ez badaude hautaketa-prozesu honetan aldez aurretik aurkeztu direlako:

a) Kategoria eta lanpostu funtzional bakoitzerako eskatzen diren tituluen kopia konpultsatua. Titulu horiek deialdi bakoitzeko oinarri espezifikoetan jasotzen dira.

b) Oinarrietan nahiz indarrean dagoen araudian eskatzen diren beste edozein betekizunen fotokopia konpultsatua, hizkuntza-eskakizunarena barne, egiaztapen hori jada Osakidetzaren esku dagoenean izan ezik.

c) Gainerako meritu baloragarrien fotokopia konpultsatua, oinarri espezifikoetako baremoen arabera, oinarri hauetan jasotzen diren salbuespenekin, curriculum vitae aplikazio informatikoan sartuta daudenak izan ezik, betiere atal honetan aurreikusitako epea amaitu baino lehen balioztatuak izan badira.

Konpultsa baliozkoa izan dadin, honako informazioa jaso behar du: data, konpultsa egiten duen arduradunaren izen-abizenak, NANa eta irakurtzeko moduko sinadura.

I. eranskinean ageri diren izangaiek ez badute agindutako dokumentazioa denboran eta forman aurkezten, alegatutako betekizunak edo merituak, dokumentuekin egiaztatu beharko liratekeenak, ez dira kontuan hartuko hautaketa-prozesuan.

Informatika programen bidez, dokumentuak aurkezteko sistemak jar daitezke, baldin eta egiazkotasuna bermatzen badute.

14.3.– Azterketa medikoa.

Zerrendaren I. eranskinean dauden izangaiek azterketa mediko bat gainditu beharko dute, destinoa normaltasunez betetzeko behar den gaitasun psikofisikoa egiaztatzeko. Egiaztagiri hori Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Prebentzio Zerbitzuak emango du, eta horretarako hitzordua eskatu beharko da Giza Baliabideak zehaztuko duen zerbitzu-erakundean, 14.2 oinarrian aurreikusitako 15 egun balioduneko epean.

14.4.– Desgaitasuna duten pertsonen kupoko izangaiak.

Bi txandetako edozeinetan 7. oinarrian aurreikusitako desgaitasuna duten pertsonen kupoaren bidez parte hartzen duten izangaiek oposizioaldian eskatutako gutxieneko puntuazioa edo gehiago lortuz gero, lehiaketaldian kalifikatu ondoren, destinoa aukeratu dezakete, euren lekuan, horretarako postua badaukate, edo postua beherago badaukate, kupoko gainerako plazak amaitu aurretik, eta barne-sustapeneko txandan edo txanda irekian, dagokien bezala, harik eta langile horientzat gordetako destino-kopurua erabat bete arte.

Desgaitasuna duten pertsonentzat gordetako kupoa amaituta kupo horretan parte-hartzaile gehiago badago, dagokien txandan puntuazioak ematen dien postua betetzera igaroko dira. Horrela, aukera izango dute sarbide orokorreko sisteman eskainitako gainerakoen artean destinoa lortzeko.

15.– Lanpostua betetzeko gaitasuna baloratzea.

Oposizio-lehiaketan lanpostua lortu nahi duten langileen osasun-azterketa, lanean hasi aurrekoa dena eta, lanpostuko betekizunak normaltasunez betetzeko behar den gaitasun psikofisikoa egiaztatzeko, izangai guztiek egin beharko dutena, Osakidetzako Osasun Zerbitzuetako Erakundeetan gaur egun dauden Prebentzioko Oinarrizko Unitateek egingo dute.

Osasun-azterketa Osakidetzaren prebentzioko kudeaketa-sistemaren protokolo espezifikoen arabera egingo da. Gaitasun-txostena emango da destinoa eskuratzeko eskubidea duen kategoria bakoitzerako. Osasun-azterketa horrekin batera, interesdunak lanpostuko eta destinoetako funtsezko eginkizunak bete ahal izateko daukan gaitasuna baloratzen lagunduko duen informazioa emango da.

Behin informazioa aztertuta eta langileak ez badu inolako osasun eragozpenik, Prebentzioko Oinarrizko Unitateak gaitasun-ziurtagiria emango dio, eskainitako edozein destino aukeratu dezan eta txosten hori lanpostuaz jabetzean aurkez dezan.

Gaitasun-ziurtagirian lortu nahi duen kategoriarako osasun-azterketa egin dion medikuak egokitzat jotzen dituen iritziak jaso daitezke, betiere kategoriako funtsezko eginkizunei eragiten ez badiete.

Informazioa aztertzean ikusten bada langilea ondoren aipatzen diren kasuren batean dagoela, Prebentzioko Oinarrizko Unitateak espedientea Korporazioko Prebentzio Unitateari emango dio, horrek behin betiko erabakia har dezan, lanpostua betetzeko Gaitasuna Baloratzeko Batzordearen bitartez.

Prebentzioko Oinarrizko Unitateak hurrengo egoeren berri emango dio Korporazioko Prebentzio Zerbitzuari:

a) Izangaia % 33ko desgaitasuna, gutxienez, duten pertsonentzat gordetako lanpostuetara aurkeztu da.

b) POUren ustez langileak murriztasun partzial bat du, aldi baterakoa edo behin betikoa, eskainitako lanpostuetako baten baterako.

c) Langileak nolabaiteko egokitzapena behar du eginbeharretarako.

Desgaitasuna duten izangaien kasuan, azterketa medikoak egiaztatu beharko du izangaiak baduela gaitasuna parte hartzen duen kategoria/lanpostu funtzionalaren funtzioak betetzeko, eta, hala badagokio, lanposturako behar diren egokitzapenen berri eman behar du. Lanpostuan jarduteko Gaitasuna Baloratzeko Batzordeak erabakiko du izangaiaren gaitasuna edo ezgaitasuna, dagokion Lan Osasuneko Unitateak osasun-azterketa egin ondoren, lanpostuaren, urritasunaren eta ezintasun-mailaren arabera.

Lanpostuan jarduteko Gaitasuna Baloratzeko Batzordeak izangaiak probaldi bat egin dezan eska dezake lanpostuaz jabetu aurretik, behin betiko ondorioen berri emateko.

16.– Izangaien behin betiko zerrenda eta destinoak esleitzea. Izendapena.

1.– Behin erreklamazioak ebatzita, Osakidetzaren webgunean argitaratuko dira beharrezko betekizunak egiaztatu dituztenen artean destinoez jabetzeko izangai hautatuen zerrenda eta destinoen esleipena, zuzendari nagusiaren Ebazpenaren bidez. Ebazpen horrek hiru eranskin izango ditu: I. eranskinean destino-esleipendunen zerrenda jasoko da; II. eranskinean, hautaketa-prozesua gainditu duten izangaien zerrenda, destino-aukera dutenak eta aukerarik ez dutenak bereizita; eta III. eranskinean, aldiz, baztertutako izangaien zerrenda agertuko da, baztertzeko arrazoia adierazita.

Epaimahai Kalifikatzaileak ebatzitako erreklamazioetatik ondorioztatutako puntuazio aldaketak kontuan hartuta, Osakidetzako Giza Baliabideetako zuzendariak ebazpena eman ahalko du, zuzendari nagusiak izangai hautatuen behin betiko zerrenda eta destinoen esleipena adierazten dituen ebazpena eman baino lehen. Giza Baliabideetako zuzendariaren ebazpenaren bidez, oposizioaldiko eta lehiaketaldiko emaitzak argitaratuko dira, eta 10 egun balioduneko epea ezarriko da, interesdunek alegazioak aurkez ditzaten. Ebazpen hori Osakidetzaren webgunean argitaratuko da.

Aurreko paragrafoan aipatutako Ebazpenaren I. eranskinean ageri diren esleipendunak pertsonal estatutario finkoak izendatuko dira, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko den Osakidetzako zuzendari nagusiaren Ebazpenaren bidez.

2.– Destino hutsak bete beharra. Deitutako destino guztiak nahitaez beteko dira, baldin eta lortu nahi dituztenek oinarri hauetan eskatutako baldintzak betetzen badituzte eta hautaketa-prozesua gainditu badute.

3.– Destinoak izangaien eskaeraren eta lortutako puntuazioaren arabera esleituko zaizkie.

4.– Izangaiek hautaketa-probetan parte hartzeagatik lortzen dituzten eskubideak galduko dituzte, baldin eta aurreko oinarrian ezarritakoaren arabera destinoa behar den epean eta behar bezala eskatzen ez badute, eskatutako destinoen artean bat ere lortzen ez badute, eta oposizio-lehiaketan lortutako puntuazioa kontuan hartuta eskaintzen den destinorik eskuratzea ez badagokie.

5.– Hutsik geratzen diren destinoak puntuen hurrenkerari zorrotz jarraituz esleituko dira, eta 1. oinarrian aipatutako irizpideen arabera esleituko dira eskainitako guztiak.

6.– Barne-sustapeneko txandako lanpostuaz jabetzeko epea amaitutakoan, txanda horren II. eranskinean izangairik badago, ondorengo destinoak eskainiko dira:

– Esleitu ez diren destinoak.

– Nahiz eta esleituak izan, destinoaz jabetzeko ezarritako epean izangaiak jabetu ez diren destinoak.

7.– Era berean, lanpostuaz jabetzeko epea amaitutakoan, txanda irekiko izangaiei, hutsik geratu diren aurreko ataleko destinoez gainera, hauek ere eskainiko zaizkie:

– Esleitu ez diren destinoak.

– Nahiz eta esleituak izan, destinoaz jabetzeko ezarritako epean izangaiak jabetu ez diren destinoak.

Destino horiek destinoak esleitzeko lehen aipatutako irizpideei jarraiki esleituko dira.

Ezin izango zaie atal honetan eskainitako destinorik esleitu, baldintzak bete arren destino guztiak ez aukeratzeagatik aurreko fasean destinorik lortu ez dutenei.

17.– Lanpostuaz jabetzea.

Esleipendunek hilabete bateko epea izango dute dagokien destinoaz jabetzeko, izendapenaren ebazpena EHAAn argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera.

Destinoko lanpostuaz jabetzeko ekitaldia Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Zuzendaritza Nagusian izango da, egoitza zentralean, izangaiak aldez aurretik zita eskatuta, eta esleipendunek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute ekitaldi horretan:

– NANa, pasaportea edo gidabaimena edo dokumentu baliokidea Europar Batasuneko edo Europako Esparru Ekonomikoko beste estatu kideren bateko nazionalentzat, eta dokumentu mota bera langileak estatu batetik beste batera libre ibiltzeko aukera aplikatzen zaien estatuetako nazionalitatea dutenen kasuan.

Parte hartzeko eskubidea izanik, Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek nazionalitatea egiaztatzen dien dokumentua aurkeztu behar dute eta, beste Estatu bateko nazionalitatea duen batekiko ahaidetasun-lotura izan edo haren kontura bizi izanez gero, lotura hori dutela egiaztatzen duten dokumentuak ere bai. Era berean, ezkontidearen zinpeko aitorpen bat edo hitzemate bat aurkeztu behar dute beste ezkontideagandik zuzenbidez bananduta ez dagoela adierazteko eta, hala badagokio, izangaia haren kontura edo kargura dagoela adierazteko.

– Elkargoko kidea izateari buruzko ziurtagiria, baldin eta deialdiko oinarri espezifikoetan hala eskatzen bada.

– Zinpeko aitorpena edo hitzematea, honako hau jakinarazteko: ez dira diziplina-espediente baten bidez inongo administrazio publikotako zerbitzutik bereizi eta ez daude zeregin publikoetan jarduteko gaitasungabetuta.

Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek, Espainiako Estatuari buruzko aitorpenaz gain, zinpeko aitorpena edo agindua aurkeztu behar dute, honako hau adierazteko: ez daude eginkizun publikoetarako gaitasunez gabetuta edo antzeko egoera batean, eta orobat ez dute haien Estatuan, baldintza beretan, funtzio publikora sartzea eragozteko moduko diziplina-zehapen edo baliokiderik.

– Destinoa normaltasunez betetzeko behar den gaitasun psikofisikoa egiaztatzen duen azterketa medikoaren agiria, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Prebentzio Zerbitzuak emana.

Emandako epe horretan aipatutako agiriekin bertaratzen ez direnak edo agiri horiek aztertuta antzematen bada betebeharren bat betetzen ez dutela, ezingo dira jabetu esleitu zaien langile estatutarioaren destinoaz. Ondorioz, deuseztatuta geratuko dira jarduerak, eta hori ez da eragozpena izango hasierako eskabidean faltsukeriaren bat jartzeagatik izan dezaketen erantzukizuna eskatzeko.

Era berean, interesdunei gogorarazten zaie, epe barruan edo, hala dagokionean, epe luzatuan destinoaz jabetzen ez badira, hautaketa-probetatik ondorioztatutako eskubideak galduko dituztela.

Orain arte adierazitakoari jarraituz, lanpostuaz jabetzen direnak egin beharreko eginbideak egin eta hurrengo egunean hasiko dira lanean, osasun-zerbitzuen barruan esleitu zaien erakundean.

18.– Epaimahai kalifikatzailea.

18.1.– Izendapena.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiak izendatuko ditu hautaketa-prozesua kalifikatuko duten epaimahaiak. Hautaketa-prozesu bakoitzeko epaimahai bat izendatuko da.

18.2.– Osaera.

Epaimahai bakoitzak 8 kide izango ditu lizentziadun mailako profesional sanitarioen lanpostu funtzionalei dagozkien hautaketa-prozesuen kasuan, Lanbide Sanitarioen Antolamenduari buruzko azaroaren 21eko 44/2003 Legearen 2. artikuluak ezartzen duenaren arabera. Gainerako kategorien hautaketa-prozesuen kasuan, berriz, 5 kide izango ditu Epaimahaiak.

Epaimahaikide guztiek administrazio publikoetako edo osasun-zerbitzuetako karrerako funtzionarioak edo estatutario finkoak, edo Osasun Sistema Nazionalari lotutako zentroetako lan-kontratuko langileak izan beharko dute, baldin eta haien lanpostuan edo kategorian jarduteko hautaketa-prozesuko kategorian sartzeko eskatzen den maila akademiko bera edo goragokoa eskatzen bada.

Epaimahai Kalifikatzaileko kide guztiak bakoitza bere izenean izango da bertako kide.

Idazkaria edozein Administrazio Publikotako langile finkoen artean izendatuko da. Administrazio eginkizunetan dihardutenen artekoa eta goi mailako tituluduna izango da.

Epaimahaiaren osaketan, gaitasun, eskumen eta prestakuntza egokia duten gizonezko eta emakumezkoen arteko ordezkapen orekatua bermatuko da, eta bere kideek inpartzialtasun eta profesionaltasun printzipioak beteko dituzte.

Zuzendari nagusiak ebazpen bidez jakinaraziko du Epaimahaia nork osatuko duten. Ebazpen hori EHAAn argitaratuko da.

Epaimahaiak, egokitzat hartuz gero, kideekin lankidetzan jardungo duten aholkulari berezien laguntza izan dezake. Aholkulari horiei ere epaimahaikideei eskatutako titulazio baldintza bera eskatuko zaie. Bakoitza bere espezialitatean arituko da, eta horretarakoxe bakarrik jardungo dute elkarlanean organo kalifikatzailearekin. Epaimahaiek erabaki ahalko dute IVAPi ariketak prestatzeko eskatzea.

18.3.– Abstenitzea eta errefusatzea.

Epaimahaikideek abstenitu egin beharko dute Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatuak, 28. artikuluan jasotako kasuren batean badaude, eta deialdia egin duen agintaritzari horren berri eman beharko diote, bidezkoa dena ebazteko. Kasu beroriek direla kausa, interesdunek errefusatzea bultza dezakete edozein unetan, aipatu legearen 29. artikuluaren ezarritakoari jarraiki.

18.4.– Jarduteko arauak.

Epaimahaiak azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatuak, 22tik 27ra bitarteko artikuluetan zehaztutako arauei jarraituz jardungo du.

Nolanahi ere, epaimahaiburuaren aginduz bilduko da, idazkariak deituta, eta eratu ahal izateko epaimahaiburuak eta idazkariak, edo horien ordezkoek, eta gutxienez kideen erdiak bertaratu beharko dute.

Erabakiak botoen gehiengoz hartuko dira. Epaimahaikide guztiek hitza eta botoa izango dituzte, idazkaria barne.

18.5.– Ahalmenak.

Epaimahaiak autonomia funtzional osoz jardungo du, prozeduraren legezkotasuna zainduz eta horren objektibotasuna bermatzeko arduraz.

Halaber, oinarriak ezartzerakoan agertzen diren zalantza guztiak ebatziko ditu, eta jaso gabeko kasuetarako irizpideak finkatuko.

18.6.– Zerbitzuagatiko kalte-ordaina.

Epaimahaikideek kalte-ordainak jasoko dituzte egindako zerbitzuengatik, baita bertaratzeagatik dagozkienak ere, otsailaren 2ko 16/1993 Dekretuan eta ekainaren 13ko 121/2006 Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz. Era berean, Epaimahaiaren aholkulariek eta laguntzaileek ere jasoko dituzte kalte-ordain horiek zaintza-lanengatik eta laguntza materiala eskaintzeagatik.

19.– Publizitatea.

Deialdi hau eta prozedura hau garatzeko emango diren ebazpenak, hala dagokionean, EHAAn argitaratuko dira, eta zerbitzu-erakundeetako iragarki-oholetan jarriko, eta baita Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren webgunean ere, oinarri orokor hauei eta onartuko diren oinarri espezifikoei jarraituz.

20.– Egoitza.

Hautaketa-prozesu honetatik ondorioztatuko diren ondorio eta jarduera guztietarako, jurisdikzio-eskumenaren eskuduntza barne, Osakidetzako Zuzendaritza Nagusia hartuko da egoitzatzat (helbidea: Araba kalea 45, 01006 Vitoria-Gasteiz).

21.– Errekurtsoak.

Ebazpen honen eta berori garatuko duten behin betikoen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke hilabeteko epearen barruan, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, hala ezartzen baitute lege eta dekretu hauek: Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 1992ko azaroaren 26ko 30/1992 Legea, 1999ko urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatua; Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren 1997ko ekainaren 26ko 8/1997 Legea; eta Osakidetzaren Estatutu Sozialak ezartzen dituen 1997ko azaroaren 11ko 255/1997 Dekretua. Izan ere, arau horien arabera:

Giza Baliabideetako zuzendariaren behin betiko ebazpenen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiari.

Zuzendari nagusiaren ebazpenen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluari.

II. ERANSKINA
AURREKO LANBIDE ESPERIENTZIA
(Ikus .PDF)
III.ERANSKINA
HIZKUNTZEN EUROPAKO ERREFERENTZI MARKO BATERATUKO C-2, C-1, B-2 ETA B-1 MAILEN TITULU BALIOKIDEAK
I.– Hurrengo titulu hauek Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko C-2 mailaren baliokideak dira:
– Ingelesa:

1.– Certificate of Proficiency in English (CPE).

2.– PTE General Pearson Test Of English (LEVEL 5).

3.– Trinity Collage ISE 4.

– Frantsesa:

1.– Diplôme Approfondi de Langue Française DALF C2 (CIEP).

2.– Diplôme de Hautes Etudes Françaises (DHEF) (AF).

3.– DAFA (Diplôme Approfondi de Français des Affaires).

4.– DFP Affaires C2.

– Alemana:

1.– Zentrale Oberstufenprüfung (ZOP).

2.– Kleines Deutsches Sprachdiplom (KDS).

3.– Grosses Deutsches Sprachdiplom (GDS).

4.– Wirtschaftsdeutsche Deutsch (WD).

II.– Hurrengo titulu hauek Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko C-1 mailaren baliokideak dira:
– Ingelesa:

1.– HEO - Gaitasun Maila.

2.– Certificate in Advanced English (CAE).

3.– PTE General Pearson Test Of English (LEVEL 4).

4.– Trinity Collage ISE 3.

5.– BEC Business English Certificate-Cambridge (HIGHER Good & Exceptional).

– Frantsesa:

1.– HEO - Gaitasun Maila.

2.– DALF.

3.– Diplôme Approfondi de Langue Française DALF C1 (CIEP).

4.– Diplôme Supêrier d´Etudes Française Modernes (DS) (AF).

5.– DSLCF (Diplôme Supêrieur de Langue et Culture Françaises).

6.– DFA2 (Diplôme de Français des Affaires 2).

7.– DFP Affaires C1 (Diplôme de Français Professionnel dans le Monde des Affaires C1).

– Alemana:

1.– HEO - Gaitasun Maila.

2.– Goethe-Zertifikat C1 (ZMP).

3.– Prüfung Wirtschaftsdeutsch International.

4.– Zentrale Mittelstufenprüfung (ZMP).

III.– Hurrengo titulu hauek Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko B-2 mailaren baliokideak dira:
– Ingelesa:

1.– HEO - Maila Aurreratua.

2.– First Certificate in English (FCE).

3.– PTE General Pearson Test of English (LEVEL 3).

4.– Trinity Collage ISE 2.

5.– BEC Business English Certificate-Cambridge (VANTAGE Good & Exceptional).

– Frantsesa:

1.– HEO - Maila Aurreratua.

2.– DELF 2e degré.

3.– Diplôme d`Études en Langue Française DELF B2 (CIEP).

4.– Diplôme de Langue Française (DL) (AF).

5.– DFA1 (Diplôme de Français des Affaires 1).

6.– CFJ (Certificat de Français Juridique).

7.– DFP Affaires B2 (Diplôme de Français Professionnel dans le Monde des Affaires B2).

8.– DFP Juridique B2.

9.– DFP Médical B2.

10.– DFP Secrétariat B2.

– Alemana:

1.– HEO - Maila Aurreratua.

2.– Goethe-Zertificat B2.

3.– Zertifikat Deutsch.

4.– Zertifikat Deutsch für den Beruf.

5.– Deutsch für den Beruf (ZDFB).

6.– TELC Deutsch B2.

7.– Mittelstufe Deutsch (MD).

8.– TestDaf Niveaustufe 3. maila.

IV.– Hurrengo titulu hauek Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko B-1 mailaren baliokideak dira:
– Ingelesa:

1.– HEO Tarteko maila.

2.– Preliminary English Test (PET).

3.– PTE General Pearson Test of English (LEVEL 2).

4.– Trinity Collage ISE 1.

5.– BEC Business English Certificate-Cambridge (PRELIMINARY Good & Exceptional).

– Frantsesa:

1.– HEO Tarteko maila.

2.– DELF 1er degré.

3.– Diplôme d`Études en Langue Française DELF B1 (CIEP).

4.– Certificat d´Etudes de Français Pratique 2 (CEFP2) (AF).

5.– CFP2 (Certificat de Français Professionnel 2).

6.– CFS (Certificat de Français du Secrétariat).

7.– CFTH (Certificat de Français du Tourisme et de l´Hôtellerie).

8.– CFST (Certificat de Français Scientifique et Technique).

9.– DFP B1 (Diplôme de Français Professionnel B1).

10.– DFP Secrétariat B1.

11.– DFP Scientifique et Technique B1.

– Alemana:

1.– HEO Tarteko maila.

2.– Zertifikat Deutsch (ZD).

3.– Zertifikat Deutsch als Fremdsprache (ZDaF).

4.– TELC Deutsch B1 Beruf.


Azterketa dokumentala