Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

81. zk., 2015eko maiatzaren 5a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA
1944

EBAZPENA, 2015eko apirilaren 15ekoa, Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendariarena, zeinen bidez birsailkatzen baita Vitoria-Gasteizko Udalbatzaren idazkari orokorraren lanpostua, eta izendapen askeko bilakatzen; lanpostu hori estatu-mailako gaitasuna duten funtzionarioentzat gordea da.

Toki-administrazioaren arrazionalizazio eta iraunkortasunari buruzko abenduaren 27ko 27/2013 Legeak (aurrerantzean, TAAI) 92.bis artikulu berri bat erantsi zion Toki-araubidearen oinarriak arautzeko apirilaren 2ko 7/1985 Legeari (aurrerantzean TAOA).

Manu horren 6. atalaren arabera, estatu-mailako gaitasuna duten toki-administrazioko funtzionarioentzat gordetako lanpostuak izendapen askeko sistemaren bidez bete ahal izango dira salbuespenez, martxoaren 5eko 2/2004 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Toki-ogasunak arautzen dituen Legearen Testu Bateginaren 111. eta 135. artikuluetan definitutako eremu subjektiboan dauden udalerrietan, eta probintziako aldundietan, metropolialdeetan, kabildoetan eta uharteko kontseiluetan, eta Ceuta eta Melillako autonomia estatutua duten hirietan, dagokion azpieskalako eta kategoriako funtzionarioen artean. Barne kontroleko eta fiskalizazioko ekonomia, finantza eta aurrekontuaren kudeaketako zereginak eta kontabilitate, diruzaintza eta diru-bilketako zereginak dituzten lanpostuak direnean, toki-ogasunaren arloan Estatuko Administrazio Orokorreko organo eskudunaren berariazko baimena beharko da.

Hala ere, TAAIren zazpigarren xedapen iragankorraren arabera, TAOAren 92.bis artikuluan aurreikusitako araudia indarrean sartu arte, eta lege horretan xedatuari aurkaratzen ez zaion orotarako, indarrean egongo da aipatu artikuluaren aplikazio-eremuan barne hartutako funtzionarioei buruzko araudia. Horrenbestez, egun, bizirik diraute estatu-mailako gaitasuna duten toki-administrazioko funtzionarioen araubide juridikoa arautzeko irailaren 18ko 1174/1987 Dekretuko eta estatu-mailako gaitasuna duten Toki Administrazioko funtzionarioentzat gordetako lanpostuak betetzeari buruzko uztailaren 29ko 1732/1994 Errege Dekretuko aurreikuspenek.

Horren arabera, indarrean daude uztailaren 29ko 1732/1994 Errege Dekretuaren V. kapituluan barne hartutako aurreikuspenak («Izendapen askearen bidez betetzea» da kapituluaren izena), zeinak 27. artikuluan aurreikusten baitu, honako lanpostu hauek izendapen askeko sistemaren bidez bete ahal izatea, salbuespenez: zereginen zuzendaritza izaera markatu bat dutenak edo erantzukizun bereziren bat hartu behar dutenak; probintziako aldundietan, kabildoetan, uharteko kontseiluetan, autonomia erkidegoetako hiriburuetako edo 100.000 biztanle baino gehiagoko udalerrietako udaletan erreserbatutako, betiere 30 mailako destino osagarria badute dagokion zerrendan. Aipatu 27. artikuluaren bigarren atalean adierazten denez, izendapen askeko sistemaren aukerak eskatzen du aurretik gisa horretan aldatzea dagokion lanpostuen zerrenda, toki-araubidearen arloan indarrean dauden legezko xedapenen Testu Bateginaren 126.4 artikuluan aurreikusiarekin bat –apirilaren 18ko 781/1986 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Testu Bategina–, eta horretan eskumena duen Autonomia Erkidegoko organoari jakinaraztea sailkapenaren ondorioetarako, errege dekretu honen 9. artikuluarekin bat.

Gauzak horrela, 2014ko urriaren 17an, Vitoria-Gasteizko Udalak Eusko Jaurlaritzako Herri Administrazio eta Justizia Saileko Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako Zuzendaritzari eskatu zion aldatzea Udalbatzaren idazkariaren lanpostuaren sailkapena, lanpostuaren hornikuntza-sistemari dagokionez, eta izendapen askeko sistemaren bidez betetzekoa izan zedila; lanpostu hori estatu-mailako gaitasuna duten funtzionarioentzat gordea da. Eskabidean, toki-erakundeak aipatzen du lanpostu hori izendapen askeko gisa datorrela bere lanpostu-zerrendan.

Aurretik esandakoan oinarrituz, izapideak egin zitzaizkion aginduzko espedienteari, eta uztailaren 29ko 1732/1994 Errege Dekretuaren 9. eta 27.2 artikuluetan xedatutakoaren arabera izapidetua izan zen.

Horrela, aintzat hartuz estatu-mailako gaitasuna duten funtzionarioentzat gordetako lanpostuak betetzearen arloan Euskal Autonomia Erkidegoko Foru Aldundiek dituzten eskumenak (uztailaren 29ko 1732/1994 Errege Dekretuaren bosgarren xedapen gehigarria), 2014ko abenduaren 30ean, Arabako Foru Aldundiari eskatu zitzaion Vitoria-Gasteizko Udalbatzaren idazkariaren lanpostuaren birsailkatzeari buruzko txostena, lanpostua betetzeko sistemari dagokionez. Foru-erakundeak, aldiz, ez du txostenik eman.

Halaber, zehaztutako epean txostenik ez dagoela ikustean, 2015eko martxoaren 11n, entzunaldiaren izapidea eman zitzaion estatu-mailako gaitasuna duen eta lanpostuak betetzeko dagokion deialdian merezimenduen lehiaketaren sistemaren bidez eskuratutako lanpostuaren jabe den funtzionarioari, hargatik eragotzi gabe Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 50.5 artikuluan egiten den aurreikuspena.

Gauzak horrela, eta TAOAren 92.bis artikuluan ezarritako sistema salbuespenezkoa dela aintzat hartuz, izapidetutako prozeduran egiaztatuta gelditu da uztailaren 29ko 1732/1994 Errege Dekretuaren 27. artikuluan aipatu eskakizunak bete direla. Hala:

1.– Vitoria-Gasteizko Udala biztanle-kopuru handiko udalerrien erakundearen araubidearen barnean dago, X. tituluan araututako araubidea.

2.– 2012ko uztailaren 13an, Vitoria-Gasteizko Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak onartu zuen erakunde horretako lanpostuen zerrenda aldatzeko proposamena, hau da, izendapen askeko lehiaketaren sistemaren bidez betetzea Udalbatzaren idazkariaren lanpostua. Aldaketa hau 2012ko abuztuaren 3ko Arabako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen (89. zk.).

3.– Zuzendaritza-izaera eta lanpostuaren titular den funtzionarioak bere gain hartzen duen erantzukizun berezia TAOAko aurreikuspenen ondorio dira. Batetik, lege horren 130.1.B.e) artikuluaren arabera, zuzendaritza-organo izaera dagokio Udalbatzaren idazkari orokorrari. Hari esleitutako zereginen jardunean, TAOAren 122. artikuluan eta Vitoria-Gasteizko Udalbatzaren Erregelamendu Organikoaren 274. artikuluan zehaztutako zereginak, erantzukizun handia du erakundearen baitan.

Azaldutakoarekin bat, aipatu legeriaren babesean eta Justizia eta Herri Administrazio Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko apirilaren 9ko 188/2013 Dekretuaren 10. artikuluak ematen dizkidan eskumenen arabera, honako hau

EBAZTEN DUT:

Vitoria-Gasteizko Udalaren proposamena aintzat hartuz, Udalbatzaren idazkariaren lanpostua birsailkatzea, izendapen askeko sistemaren bidez betetzeko; lanpostu hori estatu-mailako gaitasuna duten toki-administrazioko funtzionarioentzat gordea da (azpieskala: Idazkaritza; maila: goi-mailakoa).

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Ebazpen honek ez dio administrazio-bideari amaiera ematen. Beraz, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Harreman Instituzionaletarako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera; hala xedatzen da Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluetan, hargatik eragotzi gabe eskubidez onartutako bestelako aurkaratze-bideak erabiltzea.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluarekin bat etorriz, Administrazio Publikoek ezingo dute ebazpen honen aurkako administrazio-errekurtsorik aurkeztu. Halere, errekurtsoa jarri ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietako Salan, jakinarazpena jaso eta biharamunetik hasita, bi hilabeteko epean, 29/1998 Legearen 45. artikuluan eta ondorengoetan ezarritakoari jarraituz. Lehenago eta epe berean, Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako Zuzendaritzari eskatu ahal izango zaio, 29/1998 Legearen 44.1 artikuluak xedatzen duen bezala, ebazpen hau deuseztatu edo atzera bota dezala.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko apirilaren 15a.

Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendaria,

ELIXABETE ETXANOBE LANDAJUELA.


Azterketa dokumentala