Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

64. zk., 2015eko apirilaren 8a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ETXEPARE EUSKAL INSTITUTUA / BASQUE INSTITUTE
1572

EBAZPENA, 2015eko martxoaren 26a, Etxepare Euskal Institutuko zuzendariarena, hainbat arlotako euskal sortzaile eta eragileak nazioarteratzeko bidaia-poltsetarako diru-laguntzak emateko modua arautzen duena.

Etxepare Euskal Institutua (aurrerantzean EEI) Sortzeko eta Arautzeko 3/2007 Legearen 3.b) artikuluak ondoko helburua xedatzen du aipatutako Institutuarentzat: «Euskal Kultura bere hizkuntza ofizialetako edozeinetan eta zeinahi adierazpen, euskarri, bide eta adiera-moldetan kanpoan ezagutarazten eta hedatzen laguntzea, bereziki euskaraz sortutako kultura-eskaintza sustatuz eta hedatuz».

Bestalde, EEIren antolakuntza- eta jarduera-araudia onartzen duen 2008ko maiatzaren 13ko 88/2008 Dekretuak xedatzen du Institutu horren eskumenekoa dela Euskal Kultura Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo sustatzea eta hedatzea. Dekretu honek bere 19. artikuluaren 2. atalean dio Euskal Kultura Sustatzeko eta Hedatzeko arloak musika, arte eszenikoak, ikusizko arteak, zinea, arkitektura eta diseinua hartzen dituela bere baitan. Bestalde, artikulu horren f) zatiak Institutuaren funtzioen artean aipatzen du euskal sorkuntza nazioartean ezagutzera emateko kultura-eragileei laguntzeko programak diseinatzea.

Hori dela eta, EEIri jarduteko arlo gisa adierazi zaizkion eskumenen barruan, interesgarritzat jo da euskal zinema eta literatura euskararen jabari geografikotik kanpo sustatu eta hedatzeko lagungarri diren kultur jardueretan parte hartzeko diru-laguntzak emateko baldintzak ezarri eta arautzea.

Ondorioz, hauxe

EBAZTEN DUT:
I. KAPITULUA
ARAU OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea.

Ebazpen honen xedea da euskararen eremu geografikotik kanpo zinemaren eta literaturaren arloko sortzaileak eta eragileak nazioarteratzeko bidaia-poltsetarako diru-laguntzak emateko modua arautzea.

2. artikulua.– Berariazko baldintzak eta bazterketak.

Diru-laguntza hauetarako honakoak hartuko dira aintzat:

Zinema: zinema alorreko agenteak (zuzendaria, aktoreak, ekoizleak, gidoigileak) zinemaldietan eta zinema alorreko sariketetan parte har dezaten diru-laguntzak ematea, horietan beraien filmen bat aurkeztu edo ordezkatzeko hautatuak izan direnean.

Literatura: literatura sektoreko agenteek (idazleak, ilustratzaileak, itzultzaileak eta editoreak) literatura alorreko nazioarte mailako ekitaldietan parte hartzeko diru-laguntzak ematea, horietan libururen bat aurkeztu edo ordezkatu behar dutenean, sorkuntzaz jardun behar dutenean edo euskal ordezkaritza gisa doazenean.

Ebazpen honetatik kanpo geratuko dira ondokoak:

– Etxepare Euskal Institutuak sustatutako unibertsitate irakurletzen barruan antolatutako ekitaldiak, non eta ekitaldia ez duten gutxienez bi irakurletzek elkarlanean antolatzen.

– Ikasketa-bidaiak, ibilaldiak, txangoak, elkartrukeak, aisialdia edo antzekoekin lotura dutenak.

– Hezkuntza arautuarekin zerikusia duten gertakariak, eta edozein eratako ikastaroak.

– Izaera akademikoa duten kongresu, jardunaldi, hitzaldi, mintegi eta antzekoetan parte hartzea, horietan Etxepare Euskal Institutuak presentzia badu irakurletzen bidez.

– Gastronomia edo kirol topaketa, jardunaldi, erakustaldi eta antzekoak.

– Nagusiki edo osoki euskal etxeetako kideak hartzaile dituzten jarduerak.

3. artikulua.– Diru-baliabideak.

Deialdi honetarako gehienezko zenbateko orokorra hamabost mila (15.000) eurokoa izango da.

4. artikulua.– Diru-laguntzak emateko modua.

Diru-laguntza hauek baldintzak betetzen dituzten eskabideen artean banatuko dira, aurrekontuko zuzkidura agortu arte. Beraz, ebazpena emateko, eskabideak zein ordenatan aurkeztuko diren hartuko da kontuan zorrotz, dauden funtsak agortu arte. Ondorio horietarako, Ebazpen honen arabera eskabidea erregistroan sartzen den eguna eta ordua hartuko dira kontuan.

5. artikulua.– Diruz laguntzen diren gastuak.

Dagokion ekitaldian parte hartzekoak: joan-etorria, ostatua eta dietak.

1.– Laguntzen zenbatekoak:

a) Ostatu eta otorduetarako gehienezko gastuak, pertsonako eta eguneko: Espainian, hirurogeita hamabost (75) euro ostaturako eta berrogeita bi (42) euro dietarako. Espainiatik kanpora, ehun eta hogei (120) euro ostaturako eta hirurogeita hiru (63) euro dietarako.

b) Soilik ostatu gau baten gastua eta bi egunetako dietak onartuko dira ekitaldiko. Salbuespen gisa, bi emanaldi edo gehiago izanez gero, bi gau eta hiru eguneko dietak ordaindu ahal izango dira.

c) Ekitaldi bakoitzeko pertsona bakar baten gastuak lagunduko dira.

d) Automobila erabiliz gero, zero koma hogeita bederatzi (0,29) euro km-ko gehi autopista eta aparkalekua. Kilometro kopurua kalkulatzeko, diru-laguntza eskaera egin duen pertsona fisiko edo juridiko pribatuaren sozietate egoitza hartuko da abiapuntutzat.

e) Ibilgailua alokatua denean, alokairuaren faktura, erregaia, autopista eta aparkalekua.

f) Hegazkina, trena edo bestelako garraio publikoren bat erabiliz gero, soilik maila arrunteko txartela onartuko da.

2.– Diru-laguntzen gehienezko zenbatekoa eta mugak.

– 5.000 km-tik harago egitekoak diren ekitaldiak: mila (1.000) euro.

– 1.200 km-tik 5.000 km artean egitekoak diren ekitaldiak: zortziehun (800) euro.

– Gehienez ere, 1.200 km-tara egitekoak diren ekitaldiak: bostehun (500) euro.

Eskatzaileek nahi beste eskabide aurkez ditzakete, baina jasotako diru-laguntza guztien batura ez da inoiz izango bi mila (2.000) euro baino handiagoa.

6. artikulua.– Diru-laguntzen bateragarritasuna.

Deialdi honetako diru-laguntzak bateragarriak izango dira beste erakunde publikoek helburu berbererako emandakoekin, betiere gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Gainfinantzaketarik badago, diru-laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, dagokion gehienezko mugaraino.

7. artikulua.– Onuradunak.

1.– Ebazpen honek araututako diru-laguntzen onuradun izateko honako baldintza hauek bete beharko dira: pertsona fisiko edo juridiko pribatua izatea eta sozietate-egoitza edo helbidea Euskal Autonomia Erkidegoan izatea. Zabaldu nahi den obraren edo lanaren komunikazio-hitza euskara denean, sozietate-egoitza edo helbidea euskararen eremu geografikoan duten pertsona fisikoak ere aurkeztu ahal izango dira.

2.– Eskaera onartua izateko, dagokion ekitaldiaren arduradunak sinatutako kontratua, gonbidapena edo ziurtagiria aurkeztu beharko da.

3.– Ez da onartuko nagusiki kapital ekarpen publikoa duten entitate pribatuen, fundazioen, «Ondasun erkidego» izaerakoen eta dagokion modalitateko sektorearen jarduerarekin lotura zuzenik ez duten elkarteen eskaerarik.

4.– Ezingo dute deialdi honetako diru-laguntzetara aurkeztu laguntza publikoak eskuratzeko zigor administratibo edo penalik dutenek, ezta horretarako gaitasuna kentzen dien legezko debekua dutenek ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legeko azken xedapenetako seigarrena urratuz sexu-diskriminazioa egiteagatik debeku hori dutenak barne direla.

5.– Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrak edo bere erakunde autonomiadunek entitate onuradunari ezaugarri bereko beste laguntza edo diru-laguntzaren bat eman badiote eta hori itzultzeko edo zigortzeko prozeduraren bateko izapideak egiten ari badira, ezinbestekoa izango da prozedura hori amaitzea diru-laguntza esleitu eta ordaindu ahal izateko.

8. artikulua.– Diru-laguntzak kudeatuko dituen organoa.

Etxepare Euskal Institutuari dagokio deialdi honen bidez emango diren diru-laguntzak kudeatzea.

EEIk proiektuen garapenaren jarraipena egingo du, eta onuraduna behartuta egongo da horretarako eskatutako ikuskapen- edo informazio-eskaerei erantzutera.

9. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Ekitaldi bakoitzeko eskabide bana aurkeztuko da. Eskatzaile berak eskabide bat baino gehiago aurkeztuko badu, nahikoa izango da eskatzaileari buruzko administrazio-dokumentazioa behin aurkeztea.

2.– Eskabideak aurkezteko epea deialdia EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean irekiko da, eta 2015eko urriaren 31n amaituko. Halaber, deialdira bideratutako diru-zuzkidura agortutakoan ere joko da amaitutzat eskabideak aurkezteko epea.

3.– Aurkez daitekeena honakoa izango da: 2015eko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra arte egitekoak diren ekitaldiak.

4.– Ebazpen honen babesean aurkeztuko diren eskabideak eranskinetan ezarritakoari jarraituz egingo dira. Eranskinak Etxepare Euskal Institutuaren web orrialdean eskuragarri egongo dira: www.etxepare.eus

5.– Laguntzaren eskabidea ondorengo helbidean aurkeztu beharko da: Etxepare Euskal Institutua (Prim kalea 7, 20006 Donostia) 08:30etik 14:00etara. Ordu horretatik aurrera, Eusko Jaurlaritzaren Zuzenean bulegoetan aurkez daitezke, 30/1992 Legeak (30/1992 Legea, azaroaren 26koa, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena), ezarritako beste edozein bide erabiltzearen kalterik gabe.

10. artikulua.– Eskabidean egindako akatsak zuzentzea.

Ikusten bada eskabidea onartzeko eskatzen diren dokumenturen bat falta dela edo forma-akatsak daudela, edo balorazioa egiteko aurkeztu diren dokumentuetan akatsak daudela, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko. Era berean, ohartarazi egingo zaio ezen, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, aurrez jakinaraziko zaion ebazpen baten bidez, edo dagokion izapidea egitea galduko duela.

11. artikulua.– Ebazpenak.

1.– EEIko teknikariei dagokie ebazpen-proposamena egitea, EEIko zuzendariak ebazpena eman dezan.

2.– Ebazpena Etxepare Euskal Institutuaren web-orrian argitaratuko da, herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 legearen 59.5.b) artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

3.– Gehienez bi hilabeteko epean eman eta jakinaraziko dira ebazpenak, eskaera behar bezala osatzen den egunetik kontatzen hasita. Epe hori jakinarazpenik gabe igarotzen bada, eskaerak onartuko direla ulertuko da, 30/1992 Legearen 43. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

12. artikulua.– Diru-laguntza onartzea.

Ebazpena Etxepare Euskal Institutuaren web-orrian argitaratzen den egunetik hasi eta hamabost eguneko epean onuradunak berariaz eta idatziz uko egiten ez badio, diru-laguntza onartu egin dela ulertuko da.

13. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

1.– Diru-laguntza adierazitako helburu zehatzerako erabiltzea, eta diruz lagundutako jarduera 2015. urtean burutzea.

2.– Esleitutako diru-laguntzaren zenbatekoa edozein delarik ere, diru-laguntzaren onuradun orok diruz lagundutako egitasmoaren eta gastuen gauzatzea justifikatu behar du.

3.– Ebazpena eman aurretik eskabidean aurkeztutako proiektuan edo aurrekontuan aldaketaren bat eginez gero, horren berri idatziz ematea EEIri. Berri hori jasotzen duenetik, EEIk 15 egun balioduneko epea izango du erantzuteko. Erantzunik ez bada, aldaketa onartutzat joko da.

4.– Ogasun eta Finantzak Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari deialdi honen bidez jasotako diru-laguntzei buruzko informazioa ematea, hala eskatuz gero.

5.– Onuradunak, diruz lagundutako proiektuarekin lotutako materiala eta irudiak erabili ahal izateko baimena bermatzea EEIri, horrek informazioa hainbat euskarritan zabal dezan.

6.– Esleipen-ebazpena argitaratzen den egunetik aurrera, katalogo, programa, iragarki-kartel, argazki eta argitaratzen diren gainerako material grafiko zein soinudunetan, EEIren logoaren bitartez babesa jaso dutela adieraztea, horrelakorik berariaz sortuz gero.

14. artikulua.– Justifikazioa eta ordainketa.

1.– Ebazpen bidez esleitutako diru-laguntza ordainketa bakar baten bidez gauzatuko da, jarduera amaitu eta behar bezala justifikatu ondoren.

2.– Jasotako diru-laguntzaren justifikazioa egiteko bi hilabeteko epea izango da, jarduera bukatutzat ematen den egunetik hasita. Jarduera abenduan bada, 2016ko urtarrilaren 31 baino lehen. Justifikazioa egiteko honako agiriak aurkeztuko dira:

a) Jarduera burutu dela justifikatzen duen agiria: kontratua, argazkia, antolatzailearen ziurtagiria edo antzekoren bat izan liteke.

b) Bidaiak, ostatua eta parking gastuak faktura bidez egiaztatuko dira, eta kilometroak eta dietak justifikatzeko, aski izango da eranskinetan doan fitxa betetzea.

c) Diruz lagundutako jarduera dela eta sortutako materialen ale bana, euskarri fisiko nahiz magnetikoan, eta egin den hizkuntza guztietakoa, halakorik sortu bada.

15. artikulua.– Diru-laguntza justifikatzeko bidalitako agiriak aztertu ondoren, dena delako zioarengatik, jasotako dirua osorik edo zatiren batean likidatzea badagokio, Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak justifikagarriak aurkezteko epea bukatu eta bi hilabeteko epean, banakako likidazio ebazpena emango du.

16. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Ebazpen honetan edo izaera orokorreko beste edozein agindutan ezarritako betebeharrak ez betetzea.

2.– Emandako diru-laguntza guztia edo zati bat ebazpen honetan aurreikusitako jarduera ez den besteren batean erabiltzea.

3.– Halakorik gertatu dela egiaztatzen bada, ez betetzea gertatu dela ulertuko da eta, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan aurreikusitakoari jarraiki, pertsona edo entitate onuradunak itzuli egin beharko dizkio EEIri jasotako diru-kopuruak eta horiei legez dagozkien interesak.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa- Aurrekontua amaitzen baldin bada ebazpen honen ondorioetarako, EEIko zuzendariak, amaitutzat joko du eskabideak aurkezteko epea, EEIren webgunean eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ebazpena argitaratzearen bidez, horretarako izendaturiko diru-funtsak agortu direla arrazoituta.

Bigarrena.– Eskatutako diru-laguntzen zenbateko osoa kontuan hartuta, 3. artikuluan ezarritako zenbateko osoa handitu ahal izango da, baldin eta EEIren beste diru-laguntza deialdi batzuk esleitu ondoren aurrekontuetako izakinak agortu ez badira. Adierazitako aldaketaren berri EEIren zuzendariaren ebazpenaren bidez eman beharko da, EHAAn argitaratuko dena.

Hirugarrena.– Ebazpen honetan araututako diru-laguntzak Europako Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 Erregelamenduan (EBAO, L 352 zenb. 2013-12-24) adierazitakoaren arabera arautuko dira –erregelamendu hori Europako Batasunaren Funtzionamendurako Tratatuko 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa da–. Diru-laguntza hauek minimis izaera dute; hau da, pertsona juridiko nahiz fisiko batek jasoko duen diru-laguntza osoa ez da 200.000 euro baino gehiagokoa izango, hiru ekitaldi fiskaletan zehar. Diru-kopuru hori baino gutxiagoko diru-laguntzek ez dituzte ez merkataritza eraldatzen ezta lehia baldintzak desitxuratzen ere; hori dela eta, ez dira Europako Batasuneko Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107.1 artikuluaren aplikazio eremuan sartzen.

Diru-laguntzaren onuradunak dagokion ekitaldi fiskalean eta aurreko bi ekitaldi fiskaletan jasotako minimis izaerako diru-laguntzen berri eman beharko du atxikitako eranskina beteaz, beti ere jasotako diru-laguntzek Erregelamenduak adierazitako gehieneko muga gainditzen ez dutela egiaztatzeko asmoz.

Laugarrena.– Datu pertsonalak babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategi eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearen babesean, ebazpen honen izapidetzea dela-eta EEIk eskuratuko dituen datuak fitxategi automatizatu batean sartuko dira. Fitxategiko datuak ez zaizkio beste inori lagako; EEIk soilik erabiliko ditu, berak sustatutako diru-laguntzak kudeatzeko. Aipatutako lege horietan jasotzen den moduan, datuok ikusteko, zuzentzeko, ezabatzeko edo kontra egiteko eskubideak erabili ahal izango dira. Horretarako, idazki bat bidali beharko zaio Etxepare Euskal Institutuko zuzendariari helbide honetara: Etxepare Euskal Institutua, Prim kalea 7, 20.006 Donostia.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Administrazio-bideari amaiera ematen dion ebazpen honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete interesdunek EEIko zuzendariari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, edota administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko dagokion aretoan, bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Bigarrena.– Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sortuko ditu ondorioak.

Donostia, 2015eko martxoaren 26a.

Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria,

MARIA AITZPEA GOENAGA MENDIOLA.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala