Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

64. zk., 2015eko apirilaren 8a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
1568

AGINDUA, 2015eko apirilaren 1ekoa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, 2015eko urtean Euskadi literatura-sariak arautu eta deitzen dituena.

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuak ezartzen duenez, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari dagozkio arte eta kultura mailako jardunekin eta horien hedapenarekin loturiko eginkizunak. Eskumen horiek, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren barnean, Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari esleitzen dizkio apirilaren 9ko 193/2013 Dekretuak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren egitura organikoa ezartzen duenak.

Euskadi literatura-sariak hainbat modalitatetan ematen dira, eta aurreko urtean argitaratutako literatura-lanen kalitatea saritzen dute, horrela literaturaren alorreko idazle, itzultzaile eta ilustratzaileen sorkuntza sustatzeko.

Urtero egiten da sari hauetarako deialdia, asmo bikoitzarekin: saritutako lanak zabaltzea eta egileak eurak eta egin dituzten lanak ezagutaraztea.

Liburugintzaren eta literaturaren alorrean duten oihartzun eta garrantziagatik, sari hauek euskal literatura sustatzeko eta zabaltzeko tresnarik egokienetako bat bihurtu dira.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren egitekoa da, besteak beste, literatura-sorkuntza errazten duten jarduerak sustatzea. Beraz, bere zeregina betetzeko, Sailak egoki deritzo Euskadi literatura-sariak, hainbat modalitatetan, arautzeari eta horretarako deialdia egiteari.

Ondorioz, hauxe

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

1.– Agindu honen xedea Euskadi literatura-sariak, haien zazpi modalitateetan, arautzea eta horretarako dei egitea da:

a) Euskarazko literatura.

b) Gaztelaniazko literatura.

c) Euskarazko haur eta gazte literatura.

d) Euskarazko literatura itzulpena.

e) Literatura lanaren ilustrazioa.

f) Euskarazko saiakera.

g) Gaztelaniazko saiakera.

2.– Sarien asmoa da bizirik dauden egileek aipatutako literatura generoetan argitaratutako lan nabarmenena saritzea, kontu horietan adituak direnen arabera.

2. artikulua.– Sarien izaera.

1.– Euskadi literatura sariak 18.000 euro gordinekoak dira modalitate bakoitzeko. Diru-kopuru hori saritutako lanen egileei emango zaie. Saritutako pertsonek, era berean, Euskadi literatura sarientzat berariaz Jose Ibarrola Bellidok eginiko «Liburu Nabigatzaile» izeneko eskulturaren ale zenbatua jasoko dute.

2.– Horrez gain, saritutako lanaren egileek (euskarazko itzulpenaren kasuan salbu) beste 4.000 euro gordin ere jasoko dituzte, saritutako lana jatorrizkoa ez den beste hizkuntza batean argitaratzeko kontratua sinatu ostean.

3.– Lan baten egilea bat baino gehiago denean, eta besterik ez bada lanean azaltzen, ulertuko da haien parte-hartzearen proportzioa berdina dela, eta beraz, sariaren diru-kopurua zati berdinetan banatuko da haien artean. Kasu hauetan, egileek «Liburu Nabigatzaile» eskulturaren ale bana jasoko dute.

3. artikulua.– Kudeaketa organoa.

Honako deialdi honen kudeaketa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren Kultura Sustatzeko zuzendariari dagokio.

4. artikulua.– Literatura lanen betekizunak.

1.– Euskadi literatura sariak eskuratzeko aukera argitaratze unean bizirik dauden egileek idatzi, itzuli edo ilustratutako lanek izan ahalko dute. Lan horiek lehen aldiz 2014. urtean argitaratuak izan beharko dute, eta zabalkundea egiteko bete beharreko lege-baldintzak bete beharko dituzte. Liburu kontzeptua zer den ulertzeko, Irakurketa, Liburu eta Liburutegien ekainaren 22ko 10/2007 Legearen definizioa bere 2.a) artikuluan hartuko da gidari: «Liburua: lan zientifikoa, artistikoa, literarioa edo beste edozein motatakoa, liburuki bat edo gehiago izanda argitalpen bakarra eta era inprimatuan edo irakurgarria den beste edozein euskarritan argitaratu daitekeena. Liburuaren definizioan sartzen dira, agindu honetan xedatutakoarekin bat, liburu elektronikoak eta internet edo etorkizunean ager daitekeen beste edozein euskarritan zabaldu edo argitaratzen diren liburuak, inprimatuak, ikusizkoak, ikus-entzunezkoak edo soinua duten material osagarriak, liburuarekin batera argitaratzen badira eta liburu beraren izaera bateratuaren barruan daudenak, eta baita beste edozein argitalpen-produkzio ere». Argitaratua izan den datarekin zalantzarik izanez gero, Lege-gordailuan agertzen dena izango da argitaratze urtea. Lanaren zati idatziaren edo grafikoaren egileak pertsona fisikoak izango dira.

2.– Hala ere, kasuan kasuko modalitatean sari hau azken hiru deialdietako batean jaso duten idazle, itzultzaile edo ilustratzaileen lanak alde batera utziko dira, nahiz eta goiko atalean zehaztutako baldintzak bete.

3.– Modalitate bakoitzaren betekizunak.

a) Euskarazko literatura: jatorriz euskaraz idatzitako literatura-sorkuntzako lanak, lehen aldiz 2014. urtean argitaratuak.

b) Gaztelaniazko literatura: jatorriz gaztelaniaz idatzitako literatura-sorkuntzako lanak, lehen aldiz 2014. urtean argitaratuak.

c) Euskarazko haur eta gazte literatura: jatorriz euskaraz idatzitako haur eta gazte literatura-sorkuntzako lanak, lehen aldiz 2014. urtean argitaratuak.

d) Euskarazko literatura itzulpena: beste edozein hizkuntzatatik euskarara itzulitako literatura lan berriak, lehen aldiz 2014. urtean argitaratuak. Saria eskuratzeko aukera izango dute, baita ere, beste itzultzaile profesional batek gutxienez hamar urte lehenago argitaratutako lan beraren beste itzulpen batekin editatzen diren lanek.

e) Literatura lanaren ilustrazioa: liburu tankeran argitaratutako literatura lanak (albumak, liburu ilustratuak, nobela grafikoak, komikiak), ilustrazio-zati esanguratsua dutenak. Lanaren zati ilustratuak originala izan behar du, 2014. urtean argitaratua eta aurretik liburu moduan argitaratu gabea.

f) Euskarazko saiakera: jatorriz euskaraz idatzitako saiakera-lanak, lehen aldiz 2014. urtean argitaratuak.

g) Gaztelaniazko saiakera: jatorriz gaztelaniaz idatzitako saiakera-lanak, lehen aldiz 2014. urtean argitaratuak.

4.– Gainera, gaztelaniazko literatura, literatura lanaren ilustrazioa eta gaztelaniazko saiakera modalitateetan, egile guztiek hauetako baldintza bat gutxienez bete beharko dute:

a) Euskal Autonomia Erkidegoan jaio izana edo bertan administrazio-egoitza izatea agindu hau argitaratzen den unean, edo argitaratu aurretik ere administrazio-egoitza eduki izana urte batez gutxienik Euskal Autonomia Erkidegoan.

b) Gaztelaniazko literatura eta gaztelaniazko saiakera modalitateetan, idazlea, pertsona fisiko bezala, Euskal Autonomia Erkidegoko idazle-elkarteren baten barruan egotea. Literatura lanaren ilustrazio sarian, ilustratzailea pertsona fisiko bezala, Euskal Autonomia Erkidegoko ilustratzaile-elkarteren baten barruan egotea.

c) Saria irabazteko lana Euskal Autonomia Erkidegoko argitaletxe batean argitaratu izana, edo Euskadiko Editoreen Elkartearekin edo Euskal Editoreen Elkartearekin loturiko argitaletxe batean.

5. artikulua.– Lanak aurkeztea, dokumentazioa eta epea.

1.– Modalitate bakoitzeko epaimahaikideek aurkeztuko dituzte sari-modalitate bakoitzeko hautagaiak. Epaimahaikideek kontuan hartu ahal izango dituzte sektoreko elkarte estrategikoen ordezkarien bidez etorritako proposamenak.

Epaimahaikideek beren hautagaitzak honako helbide honetara bidaliko dituzte, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako edozein bideren bitartez: Kultura Sustatzeko Zuzendaritzara, Donostia kalea 1 (01010), Vitoria-Gasteiz.

Hautagaiek 4. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, eta sarietan parte hartzeko baldintzak betetzeari dagokion akreditazioa beharrezkoa bada, hamar eguneko epea emango zaio interesdunari aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko. Horrela egingo ez balu, ez da sarirako lan horren proposamena kontuan hartuko.

Epaimahaiek aurkeztutako hautagaien egileei jakinaraziko zaie haien parte hartzea sarietan.

Sarirako hautagaiak aurkezteko epea agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean hasiko da, eta 2015eko maiatzaren 30ean amaituko.

2.– Ezin izango dute sari hauetan parte hartu diru-laguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukera galtzearekin zigor administratibo edo penalik edota horretarako gaitasuna kentzen duen legezko debekurik dutenek, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrena urratuz sexu-diskriminazioa egiteagatik debeku horrekin zigortuta daudenak barne.

3.– Bakarrik lanaren parte grafikoa Ilustrazio modalitatean aurkezten bada, eta idatzizkoa beste modalitate batean, aurkeztu ahal izango da lan bera sarietako bi modalitatetan.

6. artikulua.– Epaimahaiak.

1.– Sarirako hautagaiak aurkeztu, lanen kalitatea neurtu eta Euskadi literatura saria, kasuan kasuko modalitatean, nori egokituko zaion erabakitzea, modalitate bakoitzeko epaimahaia osaten duten epaimahaikideei dagokie. Bost kidek osatutako epaimahaiak modalitate bakoitzeko Euskadi literatura saria emateko proposamena egingo du. Epaimahaikideak abstenitu egingo dira eta ezetsiak izan daitezke Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 28. eta 29. artikuluetan ezarritako kasuetan. Batzordean parte hartzeagatik epaimahaikideek jasotako informazioa konfidentzialtasunez gordeko dute.

2.– Epaimahaia osatzeko orduan, otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerakoak, bere 3.7 artikuluan dioena beteko da. Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuak izendatuko ditu epaimahaikideak, eta horien artean bat presidentea izango da.

3.– Epaimahaikideak modalitate bakoitzean:

a) Euskarazko literatura:

– Aurreko urteko irabazlea.

– Euskal Idazleen Elkarteak (EIE) proposatutako pertsona bat.

– Euskal Herriko Unibertsitateak proposatutako pertsona bat.

– Literaturaren munduan aitortutako gaitasuna eta prestigioa duten bi pertsona, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak proposatuak.

b) Gaztelaniazko literatura:

– Aurreko urteko irabazlea.

– Euskadiko Idazleen Elkarteak (AEE-EIE) proposatutako pertsona bat.

– Euskal Herriko Unibertsitateak proposatutako pertsona bat.

– Literaturaren munduan aitortutako gaitasuna eta prestigioa duten bi pertsona, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak proposatuak.

c) Euskarazko haur eta gazte literatura:

– Aurreko urteko irabazlea.

– Galtzagorri elkarteak proposatutako pertsona bat.

– Artxibategi, Liburutegi eta Dokumentazio Zentroetako Profesionalen Elkarteak (ALDEE) proposatutako pertsona bat.

– Euskal Herriko Unibertsitateak proposatutako pertsona bat.

– Literaturaren munduan aitortutako gaitasuna eta prestigioa duen pertsona bat, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak proposatua.

d) Euskarazko literatura itzulpena:

– Aurreko urteko irabazlea.

– Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak (EIZIE) proposatutako pertsona bat.

– Euskaltzaindiak proposatutako pertsona bat.

– Euskal Herriko Unibertsitateak proposatutako pertsona bat.

– Itzulpengintzaren munduan aitortutako gaitasuna eta prestigioa duen pertsona bat, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak proposatua.

e) Literatura lanaren ilustrazioa:

– Aurreko urteko irabazlea.

– Euskal Irudigileen Elkarte Profesionalak (APIE) proposatutako pertsona bat.

– Euskal Herriko Unibertsitateak proposatutako pertsona bat.

– Ilustrazioaren munduan aitortutako gaitasuna eta prestigioa duten bi pertsona, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak proposatuak.

f) Euskarazko saiakera:

– Aurreko urteko irabazlea.

– Euskal Herriko Unibertsitateak proposatutako pertsona bat.

– Mondragon Unibertsitateak proposatutako pertsona bat.

– Euskal Idazleen Elkarteak proposatutako pertsona bat.

– Saiakeraren munduan aitortutako gaitasuna eta prestigioa duen pertsona bat, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak proposatua.

g) Gaztelaniazko saiakera:

– Aurreko urteko irabazlea.

– Euskal Herriko Unibertsitateak proposatutako pertsona bat.

– Deustuko Unibertsitateak proposatutako pertsona bat.

– Euskadiko Liburu-dendetako Elkarteen Federazioak (ELEF) proposatutako pertsona bat.

– Saiakeraren munduan aitortutako gaitasuna eta prestigioa duen pertsona bat, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak proposatua.

4.– Epaimahaietako idazkari-lanetan Eusko Jaurlaritzako funtzionario bat arituko da, hori ere Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuak izendatua. Iritzia eman ahal izango du, baina botorik ez. Epaimahai bakoitzeko burua aurreko urteko sariaren irabazlea izango da.

5.– EHAAn argitaratuko den Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren agindu baten bidez emango da jakitera epaimahaien osaera, lehenengo bilera egin baino lehen.

6.– Modalitate bakoitzean, epaimahaiek irizpide hauek hartuko dituzte kontuan.

a) Euskarazko literatura, gaztelaniazko literatura eta euskarazko haur eta gazte literatura modalitateetan:

– Lanen kalitate literarioa. Gehienez: % 40.

– Originaltasuna. Gehienez: % 30.

– Literatura-hizkeraren egokitasuna. Gehienez: % 30.

b) Euskarazko literatura itzulpenaren modalitatean:

– Erregistroaren egokitasuna. Gehienez: % 40.

– Jatorrizkoaren izpiritua bereganatzea. Gehienez: % 30.

– Balio eta hizkuntza literarioen erantzuna. Gehienez: % 30.

c) Literatura-lanaren ilustrazioaren modalitatean:

– Ilustrazioen kalitatea. Gehienez: % 40.

– Originaltasuna. Gehienez: % 30.

– Hizkuntza grafikoaren egokitasuna. Gehienez: % 30.

d) Euskarazko saiakeraren eta gaztelaniazko saiakeraren modalitateetan:

– Lanen kalitatea. Gehienez: % 40.

– Sormena eta landutako gaiaren originaltasuna. Gehienez: % 30.

– Erabilitako hizkuntzaren egokitasuna. Gehienez: % 30.

7. artikulua.– Sariari buruzko erabakia.

1.– Epaimahai bakoitzak bere modalitatean saria emateko proposamen arrazoitua egingo du. Erabakiak botoen gehiengoaren arabera emango dira eta, berdinketarik egonez gero, presidentearen botoak ebatziko du. Epaimahaiko idazkariak bertako jardun eta erabakien berri jasoko du aktan, baita epaia funtsatzen duen deliberamendu arrazoitua ere.

2.– Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuak bidezko Agindua emango du epaimahaiaren proposamena berretsiz, Euskadi Saria modalitate bakoitzean merezi duen lana izendatzeko. Agindu hori sei hilabeteko epean interesdun bakoitzari jakinaraziko zaio, Agindu hau buletinean argitaratzen denetik kontatuta.

3.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian zerrenda bat argitaratuko da, saritutako pertsona eta lanekin, eta hedabideetan Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak bidera ditzakeen zabalkunde-ekintzak egin ahal izango dira.

4.– Modalitate bakoitzean saria inori eman gabe uztea ere erabaki ahal izango da, epaimahaiaren iritziz lan bakar batek ere beharrezko kalitate-baldintzak betetzen ez baditu.

5.– Sari-ematea berariaz antolaturiko ekitaldi batean egingo da.

8. artikulua.– Sariaren ordainketa.

1.– Saria ematen duen Agindua hartutakoan, gehienez hiru hilabeteko epean sariaren ordainketa egingo da. Aurretik saridunek onartu egin beharko dute saria. Horretarako hamar eguneko epean, ebazpenaren jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, saridunek ez badiote sariari berariaz eta idatziz uko egiten, saria onartu egiten dutela ulertuko da.

2.– Saritutako lanaren egileari (itzulpenaren modalitatean izan ezik) bere lana jatorrizko hizkuntza ez den beste hizkuntza batean argitaratzeko kontratua egite aldera eman beharreko diru-kopurua, kontratua sinatu dela Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Kultura Sustatzeko Zuzendaritzan egiaztatu ondoren ordainduko da (betiere hurrengo urteko ekitalditik aurrera). Horretarako, kontratuaren kopia bidali beharko da 2016ko abenduaren 31 baino lehen.

3.– Bestalde, saritutako lanaren egileak berak aukeratutako hizkuntzara itzulitako eta argitaratutako lan horren bi ale bidali beharko ditu Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Kultura Sustatzeko Zuzendaritzara, editatu eta, gehienez, hilabeteko epean.

9. artikulua.– Ez betetzeak.

Deialdi honetan finkatutako edozein betebehar zein beste edozein xedapenetan jasota egonik deialdi honi aplikatu dakiokeena betetzen ez bada, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuan ezarritakoari ekingo zaio eta, hala badagokio, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoari. Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartu zuen. Abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak, berriz, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorraren kontura emandako diru-laguntzen bermeen eta itzulketen jardunbide orokorra arautu zuen.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Datu Pertsonalak babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoari jarraituz, eskatzaileek emandako datuak eta hautagaietan agertzen direnak Eusko Jaurlaritzaren «Ayudas y subven. Creación cultural» izeneko fitxategian sartuko dira. Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren Kultura Sustatzeko Zuzendaritza da fitxategi horren titularra eta 2006ko uztailaren 27ko Aginduan araututa dago. Fitxategiak laguntza emateko espedienteak kudeatzea du helburu. Aldez aurretik, Datuak Babesteko Agentziari eman zaio horren berri, eta datuen segurtasun osoa bermatzeko behar diren segurtasun-neurriak ezarrita ditu. Fitxategiaren datuak, bestalde, ez zaizkie beste pertsona batzuei jakinaraziko, legeak bideratutako kasuetan izan ezik.

Datu pertsonalen babesari buruz indarrean dauden arauei jarraiki, datuok eskuratu, zuzendu, ezeztatu eta datuoi aurka egiteko eskubideez baliatu ahalko da eskatzailea, horretarako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren Araubide Juridiko eta Zerbitzu Zuzendaritzari idatzi bat bidaliz: Donostia kalea 1 – 01010 Vitoria-Gasteiz.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Deialdi honetan aurreikusi gabeko guztiari dagokionez, azaroaren 26ko 30/1992 Legea aplikatuko da, hau da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari. Berorren aurka interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal diote Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari hilabeteko epean, EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan bi hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera sortuko ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko apirilaren 1a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.


Azterketa dokumentala