Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

64. zk., 2015eko apirilaren 8a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OGASUN ETA FINANTZA SAILA
1565

AGINDUA, 2015eko martxoaren 25ekoa, Ogasun eta Finantzetako sailburuarena, berrehun eta hogeita bost milioi euroko Euskadiko zor publikoa jaulkitzeko eta eragiketa horren ezaugarriak zehazteko dena.

Urtarrilaren 20ko 3/2015 Dekretuaren bidez, erabakitzen eta baimentzen da 2015eko ekitaldian zorpetze-eragiketak egitea, gehienez 1.290.673.997 eurokoak, betiere Euskal Autonomia Erkidegoko 2015. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 20ko 5/2014 Legeak 10. artikuluko 1. atalean Gobernu Kontseiluari emandako baimenaren arabera.

Dekretu horren xedapen gehigarriak xedatzen du ezen, Euskal Autonomia Erkidegoko Finantzei buruzko azaroaren 8ko 8/1996 Legean agindutakorekin bat etorriz, Ogasun eta Finantzetako sailburuari dagokiola, agindu baten bidez, xedapen horretan erabaki eta baimendutako zorpetze-eragiketak egiteko tresnak eta modalitateak zehaztea, bai eta dekretu horretan jaulkipenari buruz aipatu ez diren finantza-baldintzak eta ezaugarriak zehaztea ere, dekretuaren aurreikuspenen barruan betiere. Agindu hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, baldin eta zor publikoa balio gisa jaulkitzen bada.

Hori guztia kontuan izanik, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Berrehun eta hogeita bost milioi (225.000.000) euroko Euskadiko Zor Publikoa jaulkitzea, urtarrilaren 20ko otsailaren 4ko 3/2015 Dekretuan jasotzen diren baimenei jarraikiz.

2. artikulua.– Jaulkiko den Zor Publikoak honako ezaugarri hauek izango ditu:

a) Zenbateko nominala: 225.000.000 euro.

b) Modalitatea: bonuak.

c) Jaulkitze-prozedura: kokapen pribatua.

d) Jaulkitze- eta ordainketa-data: 2015eko apirilaren 13a.

e) Korritua: finkoa, urteko nominalaren % 1,25 urte bakoitzeko apirilaren 13an ordaintzeko, 2016tik 2023ra bitartean.

f) Jaulkitze-prezioa: % 99,932.

g) Amortizazio-prezioa: parekoa, balio nominalean.

h) Amortizazio-data: 2023ko apirilak 13a.

i) Balioen adierazpidea: kontuan eginiko oharrak.

3. artikulua.– Harpidetza.

Jaulki beharreko jaulkipen-balioen harpidetza jaulkipena egiteko mandatua duen erakundearen edo erakundeen bitartez bideratuko du Ogasun eta Finantza Sailak. Erakunde horiek horretarako gaituta daude, balioen merkatuaren indarreko araudiaren arabera.

4. artikulua.– Gaikuntza.

Ogasuneko eta Finantza Politikako sailburuordeari baimena ematen zaio zorpetze-eragiketa hau egiteko behar diren kontratuak eta gainerako dokumentu erantsi eta osagarriak sina ditzan.

5. artikulua.– Harpidetza, jaulkipenaren interesak eta amortizazioa Bilboko Burtsako Elkarte Kudeatzailearen Konturako Idatzoharren Zerbitzuaren bidez ordainduko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari buruzko irailaren 30eko 211/1997 Dekretuaren 37. artikuluan agindutakoari jarraituz.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko martxoaren 25a.

Ogasun eta Finantzetako sailburua,

RICARDO GATZAGAETXEBARRIA BASTIDA.


Azterketa dokumentala