Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

62. zk., 2015eko apirilaren 1a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

EUSKO LEGEBILTZARRA
1491

IRAGARKIA, Eusko legebiltzarreko Administrari Laguntzaileen Kidegoko karrerako funtzionario izateko hautaketa-prozesuaren oinarri espezifikoei buruzkoa.

Eusko Legebiltzarreko Mahaiak 2015eko martxoaren 17an hartutako erabakia betetzeko, agintzen dut:

Lehenengo.– Deialdia egitea Eusko legebiltzarreko Administrari Laguntzaileen Kidegoko karrerako funtzionario izateko hautaketa-prozesurako, 2014ko enplegu publikoaren eskaintza onetsi zuen Mahaiaren 2014ko abenduaren 19ko erabakiaren ondorioz (Eusko Legebiltzarraren Aldizkari Ofiziala, 107. zk., 2014ko abenduaren 30ekoa).

Bigarren.– Eusko Legebiltzarraren Aldizkari Ofizialean eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Eusko legebiltzarreko Administrari Laguntzaileen Kidegoko karrerako funtzionario izateko hautaketa-prozesuaren oinarri espezifikoak.

Hirugarren.– Eusko Legebiltzarreko Mahaiaren 2015eko martxoaren 17ko erabakiaren aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango da organo horretan bertan, hilabeteko epean, erabakia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, edo zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, erabakia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

Laugarren.– Oinarri espezifiko hauek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sortuko dituzte ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko martxoaren 17a.

Eusko Legebiltzarreko lehendakaria,

BAKARTXO TEJERIA OTERMIN.

EUSKO LEGEBILTZARRREKO ADMINISTRARI LAGUNTZAILEEN KIDEGOKO KARRERAKO FUNTZIONARIO IZATEKO HAUTAKETA PROZESUAREN OINARRI ESPEZIFIKOAK

1.– Deialdiaren xedea.

1.1.– Deialdi honen xedea da Eusko legebiltzarreko Administrari Laguntzaileen Kidegoko plazak oposizio-lehiaketa sistemaren bidez betetzeko arauak finkatzea.

1.2.– Deialdiko plazak.

Deialdi honetako plazak 4 dira, honela banatuta:

a).– Txanda irekia: 2 plaza.

Atxikipena: Legebiltzarreko Gaiak Kudeatzeko Zuzendaritza, Osoko Bilkura eta Batzordeen Atala.

b).– Barne-promozioko txanda: 2 plaza.

Atxikipena: Arartekoa erakundea.

Hala balegokio, deialdi honen bidez bete beharreko plaza hutsen kopurua gehitu liteke, oinarri orokorretako 11.2 oinarrian aurreikusitakoaren arabera.

Era berean, oinarri orokorretako 1.2 oinarriaren arabera, barne-promozioko plazak bete gabe geldituz gero, gehitu egingo lituzkete txanda irekiko plazak.

1.3.– Legebiltzar Administrazioko kidegoa: Administrari Laguntzaileak.

Lanpostuaren izena: Administrari laguntzaile elebiduna.

1.4.– Betetzeko sistema: oposizio-lehiaketa.

1.5.– Eskatutako titulazioa: DBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatua; Lanbide Heziketa I, eta horien baliokideak.

1.6.– Euskarako hizkuntza-eskakizuna: 3.a, nahitaezkoa.

1.7.– Lanpostuaren eginkizun nagusiak: II. eranskinean ezarritakoak.

2.– Eskabideak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea 2015eko apirilaren 7an hasiko da eta apirilaren 30eko 23:59an amaituko da.

3.– Hautaketa prozesuaren oinarriak.

Deialdian jarraitu beharrekoak izango dira, batetik, Eusko Legebiltzarrean karrerako funtzionario izateko hautaketa-prozesuen oinarri orokorrak, Mahaiak 2015eko martxoaren 17an onetsiak eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian 2015eko apirilaren 1ean argitaratuak, eta, bestetik, oinarri espezifiko hauek.

4.– Parte hartzeko eskakizunak, hautaketa prozesuaren bilakaera eta plazaren esleipena.

4.1.– Plazarako lehiatzaileek oinarri orokorretako 3.3 oinarrian orokorki ezartzen diren eskakizunak bete behar dituzte.

4.2.– Barne-promozioko txandan aurkezten direnek, gainera, oinarri orokorretako 3.5 oinarrian adierazitakoa bete beharko dute.

4.3.– Eskabidea, oinarri orokorretako 4. oinarrian xedatutakoaren arabera, Interneten bidez bete beharko da, Eusko Legebiltzarraren www.legebiltzarra.eus helbide elektronikoan eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen www.ivap.euskadi.eus helbide elektronikoan.

4.4.– Administrari Laguntzaileen Kidegoko tasa 10 euro da.

Tasaren ordainketa oinarri orokorretako 4.5 oinarrian aurreikusitako eran egin ahal izango da (banka elektronikoaren bidez edo sukurtsalean) honako erakunde hauetan: Kutxabank eta Laboral Kutxa.

4.5.– Hautaketa-prozesua eta plazaren esleipena arestian aipatutako oinarri orokorretako aginduen arabera egingo dira, eta, orobat, oposizio-aldiko ariketei eta lehiaketa-aldiko ebaluazioari buruz oinarri espezifiko hauetan aurreikusitako arauen arabera.

5.– Epaimahaia.

Eusko Legebiltzarreko Mahaiak izendatuko ditu kalifikazio-epaimahaiko kideak, oinarri orokorretako 6. oinarrian xedatutakoaren arabera.

6.– Oposizio aldiko ariketei eta lehiaketa aldiko ebaluazioari dagozkien arauak.

6.1.– Oposizio-aldia.

Aldi honi dagozkion ariketak egingo dira eta informatikako ezagupen batzuk egiaztatuko dira; nahitaezkoak eta kanporatzaileak izango dira biak.

Proben ebaluazioari dagokionez, aurreko proba kanporatzailea gainditu dutenen probak bakarrik ebaluatuko dira.

Oposizio-aldiak honako ariketa hauek izango ditu:

Lehenengo ariketa.

Bi proba izango ditu. Galdetegiak izango dira eta galdera bakoitzak lau aukera izango ditu. Erantzun okerrak zigortu egingo dira erantzun zuzen baten balioaren herena deskontatuz. Galderak I. eranskineko gai-zerrendari buruzkoak izango dira. Bi probak kanporatzaileak izango dira.

Lehenengo proba A gai-zerrendari buruzkoa izango da (parte orokorra). Bigarren proba B gai-zerrendan oinarrituko da (parte espezifikoa) eta deialdiko lanpostuen eginkizun eta lanei buruzkoa izango da, II. eranskinean jasotakoei buruzkoa.

Galdetegiek gehienez ere 50 puntuko balioa izango dute (20 puntu lehenengo probak eta 30 puntu bigarren probak).

Epaimahaiak finkatuko ditu proba bakoitza egiteko orduak.

Lehiatzaile bakoitzak lortutako puntuazioa erantzun zuzenen kopuruaren araberakoa izango da, goian aipatutako proportzioan erantzun okerren kenketa egin ondoren.

Epaimahaiak, dagokion erabakia hartuta, Eusko Legebiltzarraren www.legebiltzarra.eus helbide elektronikoan eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen www.ivap.euskadi.eus helbide elektronikoan emango ditu argitara zuzentzat jotzen diren erantzunak.

Barne-promozioko txandan aurkezten direnak salbuetsita daude lehenengo ariketako lehenengo proba egitetik, eta epaimahaiak lehenengo ariketako bigarren proba egiteko aurreikusitako orduan sartuko dira. Oposizioaren eta lehiaketaren arteko proportzioari eusteko, bigarren proba ariketa osoari dagozkion 50 puntuen arabera baloratuko zaie.

Epaimahaiak, eska daitekeen gutxieneko maila eta aurkeztu direnen ezagupen-maila kontuan hartuz eta hautagai bakoitza zein den jakin gabe, proba bakoitza gainditzeko gutxieneko puntuazioa zein izango den erabakiko du, eta erabaki hori argitara emango du.

Bigarren ariketa.

Ariketa honek bi atal izango ditu. Epaimahaiak bi testu eskainiko ditu, atal bakoitzerako bat, lehenengoa gaztelaniaz eta bigarrena euskaraz, zenbait akats gramatikal eta ortografiko dituztenak.

Ariketak 20 puntu izango ditu gehienez ere. Ariketa honetako atal bakoitzak 10 puntu izango ditu gehienez ere.

Epaimahaiak, eska daitekeen gutxieneko maila eta aurkeztu direnen ezagupen-maila kontuan hartuz eta hautagai bakoitza zein den jakin gabe, proba bakoitza gainditzeko gutxieneko puntuazioa zein izango den erabakiko du, eta erabaki hori argitara emango du.

Lehenengo ariketa gainditu ez dutenak ez dira kalifikatuko bigarren ariketan.

6.2.– Euskara-proba.

Euskara-proba 3. hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeko izango da eta oinarri orokorretako 8.2 oinarriaren arabera egingo da.

6.3.– Informatika- eta ofimatika-ezagupenak egiaztatzea.

Plazak lortzeko, informatika- eta ofimatika-ezagupenak egiaztatu behar dira, IT Txartela ziurtatze-sistemaz. Ezagupen horiek egiaztatuta egon behar dute merituak aurkezteko epea hasi aurretik, eta epe horretan alegatu eta aurkeztuko dira, oinarri orokorretako 10.6 oinarrian aurreikusten den bezala.

Txanda irekia:

● Mekanografia.

● Microsoft Word 2010 (Maila aurreratua).

● Microsoft Excel 2010 (Oinarrizko maila).

● Microsoft Outlook 2010.

Barne-promozioko txanda:

● Microsoft Word 2010 (Maila aurreratua).

● Microsoft Excel 2010 (Oinarrizko maila).

● Microsoft Outlook 2010.

6.4.– Lehiaketa-aldia.

Oposizio-aldiko azken ariketaren ondoren egingo da, gainditu dutenek merituak justifikatzeko dokumentazioa aurkez dezaten epe bat ireki eta gero. Merituak oinarri orokorretako 10. oinarrian xedatutakoaren arabera alegatu eta egiaztatuko dira. Alegatzen diren merituen jabe izateko data eskabideak aurkezteko epea bukatzen denekoa izango da, salbu informatikari eta ofimatikari buruzko merituen kasuan, horiek oinarri orokorretako 10.1 eta 10.6 oinarrietan xedatutakoaren arabera egiaztatuko baitira.

6.4.1.– Txanda irekia.

Txanda librean parte hartzen dutenei dagokienez, ondoko baremoaren arabera esleitutako puntuen batuketa izango da haien lehiaketa-aldiaren kalifikazioa:

a) Esperientzia.

Esperientziatzat hartuko dira Eusko Legebiltzarrean, Arartekoan edo beste administrazio publiko, erakunde autonomo edo zuzenbide pribatuko erakunde publiko batzuetan Administrari Laguntzaileen Kidegoaren edo Teknikarien eta Administrarien Kidegoaren eginkizun eta lanetan emandako zerbitzuak, edo C1 edo C2 azpitaldeko lanpostuetan aurreko kategorien eginkizunen baliokide direnetan emandakoak.

Esperientzia hori baloratzeko, lan egindako hilabete bakoitzagatik 0,20 puntu emango dira; gehienez ere, 20 puntu. Ez dira baloratuko hilabetetik beherako aldiak. Kontaketa lan egindako aldiak batuz egingo da, eta, batuketa egin ondoren, ez dira aintzat hartuko hilabetetik beherako aldiak. Horretarako, 30 egun naturaleko multzoa joko da hilabetetzat.

Ezinbestekoa izango da aritu izandako erakundearen ziurtagiria aurkeztea. Ziurtagirian jasoko dira lanpostuaren izena, zehazki egindako lanak eta lan horietan aritutako denbora.

Eusko Legebiltzarrean lanean ari diren lehiatzaileek ez dute aipatutako ziurtagiria aurkeztu beharrik izango.

b) Titulazio akademikoak.

Gehienez ere 4 punturaino baloratuko dira titulazio akademiko ofizialak, hautaketa-prozesuan sartzeko aurkeztutakoaz bestelakoak. Ondoren aipatzen diren titulazioak ere baloratuko dira, adierazten den baremoa aplikatuz:

4 puntu emango dira titulu hauetako bakoitzagatik:

● LHko Administrazioko eta Finantzetako goi-mailako teknikaria.

● LHko Zuzendaritzaren Laguntzako goi-mailako teknikaria.

● LHko Idazkaritzako goi-mailako teknikaria.

2 puntu emango dira titulu hauetako bakoitzagatik:

● LHko Administrazio Kudeaketako erdi-mailako prestakuntza-zikloa.

● Unibertsitateko lizentzia guztiak edo unibertsitateko graduko titulazioak.

● Enpresa Zientzietako diplomatura.

● Lan Harremanetako diplomatura.

● Gizarte Laneko diplomatura.

● Kudeaketa eta Administrazio Publikoko diplomatura.

Puntu 1 emango da titulu hauetako bakoitzagatik:

● Batxilergoa.

● Aurreko atalean aipatu ez diren espezialitateetako Lanbide Heziketako goi-mailako teknikaria.

c) Prestakuntza- eta hobekuntza-ikastaroak.

Baloratuko da administrari laguntzailearen lanpostuko eginkizun eta lanekin zuzenean lotutako gaiei buruzko prestakuntza- eta hobekuntza-ikastaroetara joatea eta horiek gainditzea, oinarri orokorretako 10.7 oinarrian xedatutakoaren arabera. Soilik baloratuko dira azken 10 urtean egindako 10 ordutik gorako ikastaroak, 0,03 puntu ordu bakoitza eta gehienez ere 3 punturaino, eta alegatu den ikastaro bakoitzagatik puntu 1eko puntuazioa gainditu gabe.

d) Informatika- eta ofimatika-ezagupenak.

Informatika-ezagupenengatik, gehienez 2 puntu emango dira, baremo honi jarraituz:

● Microsoft Excel 2010 (Maila aurreratua): 1 puntu.

● Microsoft Access 2010 (Oinarrizko maila): 1 puntu.

● Internet oinarrizkoa: 0,50 puntu.

● PowerPoint 2010: 0,50 puntu.

Moduluak gainditu izana IT Txartela ziurtatze-sistemaz egiaztatuko da.

Deialdi honi dagokionez, maila aurreratua egiaztatzen dutenei oinarrizko maila ere egiaztatutzat joko zaie.

e) Hizkuntzak

Ingeles, frantses eta alemaneko titulu edo ziurtagiriak baloratuko dira, gehienez ere puntu 1ekin, baremo honi jarraituz:

B2 maila 0,50 puntu.

C1 maila 0,75 puntu.

C2 maila 1 puntu.

6.4.2.– Barne-promozioko txanda.

Barne-promozioko txandan parte hartzen dutenei dagokienez, ondoko baremoaren arabera esleitutako puntuen batuketa izango da haien lehiaketa-aldiaren kalifikazioa:

a) Antzinatasuna.

Antzinatasuntzat hartuko dira Administrazio publikoan, erakunde autonomoetan edo zuzenbide pribatuko erakunde publikoetan emandako zerbitzuak. Hori baloratzeko, hilabete bakoitzagatik 0,18 puntu emango dira; gehienez ere, 18 puntu.

Ez dira baloratuko hilabetetik beherako aldiak. Kontaketa lan egindako aldiak batuz egingo da, eta, batuketa egin ondoren, ez dira aintzat hartuko hilabetetik beherako aldiak. Horretarako, 30 egun naturaleko multzoa joko da hilabetetzat.

Eusko Legebiltzarrak edo Arartekoa erakundeak hirurtekoen ondorioetarako aitortutako antzinatasuna baino ez da zenbatuko.

b) Titulazio akademikoak.

Gehienez ere 4 punturaino baloratuko dira titulazio akademiko ofizialak, hautaketa-prozesuan sartzeko aurkeztutakoaz bestelakoak, baldin eta baliagarritzat jotzen badira administrari laguntzailearen lanpostuan aritzeko.

Ondoren aipatzen diren titulazioak ere baloratuko dira, adierazten den baremoa aplikatuz:

4 puntu emango dira titulu hauetako bakoitzagatik:

● LHko Administrazioko eta Finantzetako goi-mailako teknikaria.

● LHko Zuzendaritzaren Laguntzako goi-mailako teknikaria.

● LHko Idazkaritzako goi-mailako teknikaria.

2 puntu emango dira titulu hauetako bakoitzagatik:

● Unibertsitateko lizentzia guztiak edo unibertsitateko graduko titulazioak.

● Enpresa Zientzietako diplomatura.

● Lan Harremanetako diplomatura.

● Gizarte Laneko diplomatura.

● Kudeaketa eta Administrazio Publikoko diplomatura.

● LHko Administrazio Kudeaketako erdi-mailako prestakuntza-zikloa.

Puntu 1 emango da titulu hauetako bakoitzagatik:

● Batxilergoa.

● Aurreko atalean aipatu ez diren espezialitateetako Lanbide Heziketako goi-mailako teknikaria.

c) Prestakuntza- eta hobekuntza-ikastaroak.

Baloratuko da administrari laguntzailearen lanpostuko eginkizun eta lanekin zuzenean lotutako gaiei buruzko prestakuntza- eta hobekuntza-ikastaroetara joatea eta horiek gainditzea, oinarri orokorretako 10.7 oinarrian xedatutakoaren arabera. Soilik baloratuko dira azken 10 urtean egindako 10 ordutik gorako ikastaroak, 0,03 puntu ordu bakoitza eta gehienez ere 3 punturaino, eta alegatu den ikastaro bakoitzagatik puntu 1eko puntuazioa gainditu gabe.

Era berean, baloratuko da Eusko Legebiltzarrak edo Arartekoak deialdiko lanpostuari ez dagozkion gaiei buruz antolatutako prestakuntza-jardueretara joatea. Soilik baloratuko dira azken 10 urtean egindako jarduerak, 0,02 puntu ordu bakoitza eta gehienez ere 2 punturaino.

d) Informatika- eta ofimatika-ezagupenak.

Informatika-ezagupenengatik, gehienez 2 puntu emango dira, baremo honi jarraituz:

● Mekanografia: 2 puntu.

● Microsoft Excel 2010 (Maila aurreratua): 1 puntu.

● Microsoft Access 2010 (Oinarrizko maila): 1 puntu.

● Internet oinarrizkoa: 0,50 puntu.

● PowerPoint 2010: 0,50 puntu.

Moduluak gainditu izana IT Txartela ziurtatze-sistemaz egiaztatuko da.

Deialdi honi dagokionez, maila aurreratua egiaztatzen dutenei oinarrizko maila ere egiaztatutzat joko zaie.

e) Hizkuntzak.

Ingeles, frantses eta alemaneko titulu edo ziurtagiriak baloratuko dira, gehienez ere puntu 1eraino, baremo honi jarraituz:

● B2 maila 0,50 puntu.

● C1 maila 0,75 puntu.

● C2 maila 1 puntu.

7.– Azken kalifikazioa eta berdinketak hausteko irizpideak.

7.1. Azken kalifikazioa.

7.1.1.– Oinarri orokorretan ezarritakoarekin bat etorriz, oposizio-aldian eta merituen balorazioan lortutako puntuazioen batuketa izango da lehiatzaile bakoitzaren azken kalifikazioa.

7.1.2.– Emaitza eta kalifikazio guztiak Eusko Legebiltzarraren www.legebiltzarra.eus helbide elektronikoan eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen www.ivap.euskadi.eus oinarri elektronikoan argitaratuko dira. Aipatutako helbide elektronikoan kontsultak egiteko, NANa eta eskabidearen erreferentzia-zenbakia sartu beharko dira.

7.2.– Berdinketak hausteko irizpideak.

7.2.1.– Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeko 20.4.a) artikulua aplikatuz, hautaketa-prozesuaren azken puntuazioan –hau da, proba guztiak egin eta baloratu eta hautagai bakoitzaren merituak gehitu ondoren– puntu-berdinketarik egonez gero, berdinduta dauden hautagai guztiei gaitasun berbera aitortuko zaie. Deialdi honetan ez da aplikatuko berdinketa hausteko klausula, aipaturiko legean aurreikusitakoa, zeren eta Administrari Laguntzaileen Kidegoan emakumeen ehunekoa ez baita lege horrek eskatzen duena baino txikiagoa.

7.2.2.– Berdinketarik egonez gero, bata bestearen segidan irizpide hauek aplikatuz ezarriko da lehentasun-hurrenkera:

1.– Oposizio-aldian puntuaziorik handiena lortu duenaren alde.

2.– Oposizio-aldiko bigarren ariketan puntuaziorik handiena lortu duenaren alde.

3.– Oposizio-aldiko lehenengo ariketako bigarren proban puntuaziorik handiena lortu duenaren alde.

4.– Oposizio-aldiko lehenengo ariketako lehenengo proban puntuaziorik handiena lortu duenaren alde.

5.– Esperientziagatik edo antzinatasunagatik, hala badagokio, puntuaziorik handiena lortu duenaren alde.

6.– Lehiaketa-aldian puntuaziorik handiena lortu duenaren alde.

7.– Titulazioetan puntuaziorik handiena lortu duenaren alde.

8.– Prestakuntzan puntuaziorik handiena lortu duenaren alde.

9.– Informatikan eta ofimatikan puntuaziorik handiena lortu duenaren alde.

10.– Hizkuntzetan puntuaziorik handiena lortu duenaren alde.

I. ERANSKINA
GAIAK: ADMINISTRARI LAGUNTZAILEEN KIDEGOA
A GAIAK - PARTE OROKORRA

1.– Espainiako 1978ko Konstituzioa. Egitura eta edukia. Oinarrizko printzipioak. Oinarrizko eskubide eta eginbeharrak. Estatuaren botereak. Botere legegilea, botere betearazlea eta botere judiziala. Botereen arteko harremanak.

2.– Euskal Herriaren Autonomia Estatutua. Printzipio orokorrak. Estatuaren eta EAEren arteko eskumen-banaketaren alderdi orokorrak. EAEko erakunde erkideen eta lurralde historikoetako foru-erakundeen arteko eskumen-banaketaren alderdi orokorrak. Autonomia Estatutuaren erreforma.

3.– Lehendakaria. Hautaketa eta izendapena. Eskumenak eta ahalmenak. Euskal Autonomia Erkidegoko Gobernua. Osaera. Eskumenak (Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legea).

4.– Eusko Legebiltzarra. Osaera. Legebiltzarkidearen estatutua. Legebiltzar-taldeak. Eusko Legebiltzarraren egoitza.

5.– Eusko Legebiltzarraren Erregelamendua Egitura sistematikoa. Eusko Legebiltzarraren eraketa. Lehendakaritza eta Mahaia. Bozeramaileen Batzordea.

6.– Legebiltzarraren Osoko Bilkura. Legebiltzarreko batzordeak: osaera, motak eta eginkizunak. Bilkurak eta gai-zerrenda.

7.– Eusko Legebiltzarreko legegintza-prozeduraren ideia orokorra. Legegintza-ekimena. Lege-proiektuak eta lege-proposamenak. Zuzenketak. Prozedura bereziak.

8.– Jaurlaritza sustatu eta kontrolatzeko eginkizuna Eusko Legebiltzarrean. Galderak, interpelazioak, mozioak. Ikerketa-batzordeak.

9.– Eusko Legebiltzarreko zuzendaritza-organoak. Lehendakaria. Mahaia. Bozeramaileen Batzordea. Legelari nagusia. Eusko Legebiltzarraren harremanak beste organo batzuekin.

10.– Arartekoa (otsailaren 27ko 3/1985 Legea). Egitura sistematikoa, eginkizunak, hautaketa eta kargu-uztea. Jarduera-eremua. Legebiltzarrarekiko harremanak.

11.– Langileen Estatutua eta Legebiltzarreko Administrazioaren Araubide Juridikoa, 1990eko ekainaren 22koa. Egitura sistematikoa. Funtzionario-motak eta -kidegoak. Lanpostu-zerrenda eta aurrekontu-plantillak. Langile-hautaketa eta lanpostuak betetzea.

12.– Euskal funtzio publikoaren araubide juridikoa (uztailaren 6ko 6/1989 Legea). Xedea. Aplikazio eremua. Funtzionario publikoen eskubide eta eginbeharrak. Diziplina-araubidea.

13.– Emakumeen eta gizonen berdintasuna (otsailaren 18ko 4/2005 Legea). Emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan euskal botere publikoen jardunaren araubide eta gida izan behar duten printzipio orokorrak. Araudian eta administrazio-jardueran berdintasuna sustatzeko neurriak.

14.– Euskararen erabileraren hizkuntza-normalizazioa Administrazioan. Printzipio orokorrak. Hizkuntza-eskakizuna. Hizkuntza-eskakizunen nahitaezkotasuna. Eusko Legebiltzarreko Administrazioan Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plana.

15.– Administrazio-prozedura (Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legea). Administrazio-egintza: produkzioa, edukia, motibazioa, forma eta efikazia. Administrazio-isiltasunaren kontzeptua. Interesdunak. Herritarren eskubideak. Administrazio-erregistroak. Administrazio-errekurtsoaren eta ofizioz berrikustearen kontzeptuak.

16.– Gardentasuna eta gobernu ona (abenduaren 9ko 19/2013 Legea). Printzipio orokorrak, aplikazio-eremua, informazio publikoa eskuratzeko bidea.

17.– Administrazio elektronikoa (ekainaren 22ko 11/2007 Legea). Herritarrek zerbitzu publikoetara sarbide elektronikoa izatea: printzipio orokorrak. Herritarren eskubideak administrazio publikoekin harremanak baliabide elektronikoz izateko.

18.– Datu pertsonalen babesaren oinarrizko alderdiak (Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legea). Kontzeptuak, printzipioak eta eskubideak; bereziki, informazio-eskubidea datuen bilketan, sekretu-eginbeharra eta datuen komunikazioa.

19.– Erabateko kalitatea. Kudeaketako printzipio eta ereduak (Euskaliten kudeaketa aurreratuaren eredua). Bezeroaren gogobetetzea. Zerbitzu-kartak.

20.– Laneko arriskuen prebentzioa (azaroaren 8ko 31/1995 Legea). Xedea, aplikazio-eremua, eskubideak eta betebeharrak.

B GAIAK - PARTE ESPEZIFIKOA

I.– ADMINISTRAZIO ZUZENBIDEAREN ITURRIAK ETA ADMINISTRAZIO PROZEDURA

1.– Administrazio Zuzenbidearen iturriak. Legea: kontzeptua eta motak. Erregelamendua: erregelamenduak egiteko ahalaren titulartasuna eta mugak. Arauen arteko hierarkia. Legezkotasunaren printzipioa Administrazio publikoan.

2.– Antolaketa administratiboa: administrazioko organoak. Kide anitzeko organoak. Antolamendu-printzipioak: hierarkia eta eskumena. Eskuordetza, goragokoak eskumenak bereganatzea eta ordezkotza. Kudeatzeko gomendioa. Kontzentrazioa eta deskontzentrazioa. Zentralizazioa eta deszentralizazioa.

3.– Administrazio-egintza: administrazio-egintzen legezkotasunaren presuntzioa. Administrazio-egintzen erabateko deuseztasuna, deuseztagarritasuna eta ezeztapena. Administrazio-isiltasuna.

4.– Administrazio-prozedura. 30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridikoarena: printzipio orokorrak. Administrazio-prozeduraren aldiak. Prozeduraren hasiera, antolamendua, instrukzioa eta amaiera.

5.– Administrazio-egintzak administrazio-bidetik berrikustea: printzipio orokorrak. Errakuntza materialak zuzentzea. Egintzak ezeztatzea. Administrazio-errekurtsoak.

6.– Administrazio publikoen eta administrazio publikoetako agintari eta langileen erantzukizuna: erantzukizun motak; Administrazio publikoaren ondarezko erantzukizunaren kontzeptua eta printzipio orokorrak.

II.– ANTOLAKETA ETA KUDEAKETA ADMINISTRATIBOA

7.– Dokumentazioa kudeatzea eta artxibatzea bulegoko artxiboetan.

8.– Dokumentuen kopiak, ziurtagiriak eta sinadura-legeztapenak egitea Administrazio publikoan.

9.– Bulegoko makinen erabilera: ordenagailua, inprimagailua, fotokopiagailua, eskanerra, faxa, proiektorea, koadernagailua.

10.– Posta eta paketeria: frankeo-sistemak, telegramak, gutun ziurtatuak, errenboltsoak, bidalketak eta abar.

III.– HERRITARRENGANAKO KOMUNIKAZIOA ETA ARRETA

11.– Herritarrak, zerbitzu eta prestazio publikoen hartzaile. Jendearentzako informazioa eta arreta. Kexak eta erreklamazioak kudeatzeko teknikak.

12.– Komunikazioa Administrazioan: administrazio-hizkeraren erabilera zuzena. Administrazio-hizkera ez-sexista.

13.– Dokumentu idatzien edukia eta aurkezpena: posta, komunikazioak, jakinarazpenak, ziurtapenak, konpultsatzeak, eskariak eta abar.

IV. LANEKO ARRISKUEN PREBENTZIOA

14.– Datuak bistaratzeko pantailei lotutako lan arloko arriskuen prebentzioa.

15.– Eraikinak ebaluatzeari buruzko oinarrizko alderdiak: larrialdiei aurre egiteko planak.

16.– Lehen laguntzak: oinarrizko nozioak.

V. EUSKO LEGEBILTZARRAREN ARGITALPEN OFIZIALAK

17.– Eusko Legebiltzarraren Aldizkari Ofizialaren egitura, edukia eta araubide juridikoa.

18.– Bilkura-egunkarien egitura, edukia eta araubide juridikoa.

19.– Hutsen zuzenketak argitalpen ofizialetan. Estatuko eta Autonomia Erkidegoko arauak.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala