Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

60. zk., 2015eko martxoaren 30a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
OGASUN ETA FINANTZA SAILA
SEGURTASUN SAILA
1457

33/2015 DEKRETUA, martxoaren 17koa, Euskal Autonomia Erkidegoan izandako ohiz kanpoko uholdeak direla-eta aparteko laguntzak emateko dena.

2015eko urtarril, otsail eta martxoan izan berri diren uholdeek kalte egin diete ondasun publiko eta pribatuei, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoan diharduten enpresei ere, batez ere udalerri jakin batzuetan. Horrenbestez, behar-beharrezkoa da, elkarrekin ondo koordinatuta, neurriak hartzea, kalte horiek nolabait arintzearren.

Azaldutako guztia oinarri dela, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuaren, Ogasun eta Finantzetako sailburuaren eta Segurtasuneko sailburuaren proposamenez, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2015eko martxoaren 17ko bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Dekretuaren xedea.

Dekretu honen xedea da 2015eko urtarril, otsail eta martxoan izandako uholdeek eragindako kalteak arintzeko laguntzak ematea Euskal Autonomia Erkidegoko sektore hauetan: nekazaritza, industria, merkataritza, zerbitzuak, ostalaritza edo turismoa, eraikuntza eta etxebizitza, eta ibilgailu automobilak. Laguntza horiek eta Aseguruen Konpentsazio Partzuergoak eta aseguru-etxeek aurreikusitako kalte-ordainak elkarren osagarri izango dira.

2. artikulua.– Laguntzak.

1.– Dekretu honetako laguntzen ezaugarriak: finantza-erakundeek aktibo kaltetuak berritzeko edo konpontzeko pertsona edo erakunde kaltetuei esleitzen dizkieten lehentasunezko maileguen interes-tasak murriztea. Onuradun bakoitzak eska dezakeen maileguaren gehienezko zenbatekoak ez du gaindituko laguntzen gai diren inbertsioen balioa, halaxe baitago jasota dekretu honetako 7. eta 11. artikuluetan.

2.– Ibilgailu automobilen kasuan, laguntzak IV. kapituluan aurreikusitako diru-laguntzak izango dira.

3. artikulua.– Diru-laguntzen bateragarritasuna.

1.– Dekretu honetan aurreikusitako laguntzak bateragarriak dira beste administrazio publiko batzuek ematen dituzten laguntzekin. Dekretu honen II., III. eta IV. kapituluetako laguntzak ere bateragarriak dira euren artean.

2.– Onuradunak autonomia-erkidegoko Administrazioari jakinaraziko dio beste edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatutatik helburu berbererako diru-laguntzarik edo laguntzarik, diru-sarrerarik edo baliabiderik jaso duen.

4. artikulua.– Diru-baliabideak.

Dekretu honetan ezarritako laguntzak emateko diru-baliabideak 2015eko aurrekontuaren kontura emango dira, hain zuzen ere «Zenbait sailen gastuak» atalaren kontu-sailetatik hartuta.

5. artikulua.– Kalteak eta kaltetu-izaera egiaztatzea.

1.– Aipatutako uholdeen eraginez izandako kalteak egon badaudela eta horien zenbatekoa ofizioz egiaztatuko ditu EAEko Administrazioak. Horretarako, 30/1992 Legearen 3.2 artikuluan aurreikusitako lankidetza- eta koordinazio-printzipioak baliatuz –horiexek gidatzen baitituzte administrazioen arteko harremanak–, kalte horien tasazioari buruzko argibideak eska dakizkieke Aseguruen Konpentsazio Partzuergoari eta aseguru-etxeei.

2.– Pertsona edo entitate bat kaltetua dela ofizioz egiaztatuko du Administrazioak, eta, alde horretatik, interesdunak ez du aldez aurretik ziurtagiririk aurkeztu beharko.

II. KAPITULUA
ETXEBIZITZAK ETA BURUTZEKO BIDEAN DIREN ERAIKINAK KONPONTZEKO MAILEGUAK

6. artikulua.– Pertsona eta entitate onuradunak.

Ondorengo artikuluetan ezarritako baldintza espezifikoak betetzen dituztenak izan daitezke kapitulu honetan ezarritako laguntzen onuradun:

a) Uholdeek eragindako etxeen, eranskinen edo elementu komunen jabe, gozamendun edo maizter diren pertsona fisikoak. Nahitaezko luzapena duen kontratua duen maizterra izanez gero, konpondu beharreko etxebizitzaren edo eranskinen titularraren baimena eskuratu beharko da.

b) Nagusiki etxebizitzetarako diren higiezinen jabekide-elkarteak, baldin eta uholdeek elementu komunetan kalterik eragin badiete.

c) CNAE 41, 42 eta 43 eraikuntza-enpresak, burutze-bidean diren eraikuntza- eta/edo urbanizazio-lanak eduki eta uholdeek kalterik eragin badiete.

7. artikulua.– Laguntza jaso dezakeen inbertsioa.

1.– Konponketen eta/edo berritze-lanen zenbatekoa diruz lagundu ahal izango da, baldin eta kalteak honako hauetan gertatu badira:

a) Batez ere etxebizitzarako diren higiezinen elementu komunak.

b) Etxebizitza, garaje edo trastelekurako diren elementu pribatiboak.

c) Batez ere etxebizitzarako eta/edo urbanizazioetarako diren eraikinak, burutze bidean direnak.

2.– Kalteak zenbatzeko, beharrezkoa izango da kasuan kasuko konponketa-proiektua aurkeztea, teknikari gaitu batek egina, ondoren Enplegu eta Gizarte Politiketako Saileko Etxebizitzako lurralde-ordezkariak onar dezan. Proiektuan, uholdeen ondorioz sortutako kalteak konpontzeko obrak gauzatzeko aurrekontua jasoko da, bai eta proiektua idatzi eta gauzatzeagatiko gastuak eta aipatu obra dela-eta ordaindutako edozein tasa edo prezio publiko ere (BEZik gabe).

Babes daitekeen inbertsioak inoiz ere ezingo du gainditu honako zenbateko hau: obren guztirako aurrekontuari beste laguntza batzuen zenbatekoa eta Aseguruen Konpentsazio Partzuergoak eta aseguru-etxeek aurreikusitako kalte-ordainen balioa kentzetik ateratzen den zenbatekoa.

3.– Aurreko a) eta b) idatzi-zatietako kasuetan, laguntzaren gai den inbertsioak ezingo ditu gainditu zenbateko hauek:

– Etxebizitzak: metro koadro erabilgarriak 600 euroz biderkatzetik ateratzen dena; betiere, 90 metro koadroko gehienezko azalera konputatuko da (familia ugarien kasuen, ordea, gehienezko azalera 120 metro koadrokoa izango da).

b) Eraikinen elementu komunak eta eranskin pribatiboak: metro koadro erabilgarriak 300 euroz biderkatzetik ateratzen dena; eranskinetan, gehienez 30 metro koadroko azalera konputatuko da.

4.– Burutzeko bidean diren eraikuntza- edo urbanizazio-obretan izandako kalteen kasuan, diruz lagunduko den inbertsioaren muga konponketen guztirako aurrekontuaren % 70 izango da, Jaurlaritzak azkenekoz argitaratutako «Prezioen datu-base»arekin bat etorriz kalkulatuta, betiere beste laguntza batzuen zenbatekoa eta Aseguruen Konpentsazio Partzuergoak eta aseguru-etxeek aurreikusitako kalte-ordainen balioa murriztu eta gero.

8. artikulua.– Mailegu-eragiketen ezaugarriak.

Mailegu-eragiketek –arau honen babesean eta arau horren indarrez finantza-erakundeekin izenpetzen den hitzarmenaren babesean formalizatuko diren inbertsio subentzionagarriak finantzatuko baitituzte– ezaugarri hauek edukiko dituzte:

a) Maileguaren zenbatekoa lagundu daitekeen inbertsioaren % 100ekoa izan daiteke, gehienez.

b) Amortizatzeko epea 7 urtekoa izango da. hasierako gabealdia barne dela, zeina oro har 6 hilekoa izango baita.

c) Aplikatuko den gehienezko interes-tasa EURIBORRA 12 hilabetera gehi % 2 izango da.

d) Irekitzeko komisioa baino ezingo zaio aplikatu, gehienezko kostua % 0,25ekoa izanik.

e) Maileguak modu linealean amortizatuko dira, hilero, kuota iraunkorra izanik.

9. artikulua.– Laguntzen ezaugarriak.

1.– Hobari-tasa, oro har, % 2,20 puntukoa izango da, eta helburu izango du arau honen babesean eta horren indarrez finantza-erakundeekin izenpetutako hitzarmenaren babesean formalizatzen diren eragiketen interesa murriztea.

2.– Diru-laguntza ordainketa bakar batean emango zaio dagokion finantza-erakundeari, eta erakunde horrek maileguaren kapital bizia murrizteko erabiliko du oso-osorik. Diru-laguntzaren zenbatekoa honela kalkulatuko da: berdinak izan beharko dira eragiketatik sortutako kostu erreala eta epe-muga bakoitzean ordaindu beharreko interesei zuzenean diru-laguntza aplikatzetik ateratzen den kostua. Horretarako erabiliko den eguneratze-tasa % 1,10ekoa izango da.

III. KAPITULUA
NEKAZARITZA-, INDUSTRIA-, MERKATARITZA-, ZERBITZU- ETA TURISMO-SEKTOREETARAKO MAILEGUAK

10. artikulua.– Pertsona onuradunak.

1.– Kapitulu honetan ezarritako laguntzen onuradun honako hauek izan daitezke: ondorengo artikuluetan adierazten diren betekizun berezien betetzea egiaztaturik, nekazaritza-, industria-, merkataritza-, zerbitzu-, ostalaritza- edo turismo-sektoreetako jarduerak burutzen dituzten Euskal Autonomia Erkidego pertsona fisiko nahiz juridikoak. Horretarako, 2015eko urtarril, otsail eta martxoko uholdeek kaltetuak izan beharko dute.

2.– Onuradunek, nekazaritzako jarduerei dagokienez, nekazaritza izan beharko dute ogibide nagusitzat, irailaren 27ko 203/2011 Dekretuan aurreikusitakoaren arabera, eta haien ustiategiak Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza Ustiategien Erregistro Orokorrean egon beharko dute inskribatuta.

11. artikulua.– Laguntza jaso dezakeen inbertsioa.

1.– Dekretu honen ondorioetarako, lagundu daitekeen inbertsiotzat honako hau joko da:

a) Uholdeen ondorioz kalteturik geratu diren aktibo finkoak konpontzeko eta erosteko behar den zenbatekoa, betiere Aseguruen Konpentsazio Partzuergoak eta aseguru-etxeek aurreikusitako kalte-ordainen balioa eta beste laguntza batzuen zenbatekoa murriztu eta gero.

Gainera, enpresak behar bezala martxan jartzeko beharrezko diren inbertsio osagarriak ere lagundu ahalko dira, hala behar izanez gero. % 50ean jarriko da muga, aktiboak konpondu eta erosteko.

b) Aktibo zirkulatzaileak birjartzeak dakarren zenbatekoa, aseguru-etxeek edota Aseguruak Konpentsatzeko Partzuergoak aurreikusitako laguntzak edo kalte-ordainak zenbateko horretatik kendu ondoren.

2.– Hondatutakoen ordez enpresaren aktiboari gehitzen zaizkion aktibo finkoek, izaera desberdinekoak izanik ere, ezaugarri hauek izan beharko dituzte:

a) Enpresaren xede sozialarekin zuzenean lotuta izatea.

b) Aktiboak lehenengo aldiz erabili edo abian jartzea.

c) Gehienez hiru urteko amortizazio-aldia ezarrita izatea.

d) Hirugarrenei ez lagatzea.

e) Enpresaren aktiboan gutxienez hiru urte iraun dezatela.

f) Enpresa eskatzaileak berak fabrikatuak, eginak edo garatuak ez izatea.

3.– Edonola ere, aktibo finkoetarako inbertsio-proiektuek edo aktibo zirkulatzaileak berritzeko proiektuek Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuta egon beharko dute, aurtengo abenduaren 31 baino lehenago kontratatuta egon beharko dute eta laguntzak emateko ebazpenean finkatuko den epean burutu beharko dira.

4.– Aktiboen preziotzat haien balio garbia hartuko da, hau da: fakturatutako zenbatekoa, Balio Erantsiaren gaineko Zerga kendu ondoren; eta, aktibo zirkulatzaileen kasuan, Aseguruen Konpentsazio Partzuergoak tasaturiko galera garbiaren zenbatekoa.

12. artikulua.– Mailegu-eragiketen ezaugarriak.

Mailegu-eragiketek –arau honen babesean eta horren indarrez finantza-erakundeekin izenpetzen den hitzarmenaren babesean formalizatuko diren inbertsio subentzionagarriak finantzatuko baitituzte– ezaugarri hauek edukiko dituzte:

a) Maileguaren zenbatekoa lagundu daitekeen inbertsioaren % 100ekoa izan daiteke, gehienez.

b) Amortizatzeko epea 7 urtekoa izango da hasierako gabealdia barne dela, zeina oro har 6 hilekoa izango baita.

c) Aplikatuko den gehienezko interes-tasa EURIBORRA 12 hilabetera gehi % 2 izango da. Eragiketa elkarrekiko berme-sozietateren batek babesten badu, aipatu interesa % 0,25 murriztuko da.

d) Irekitzeko komisioa baino ezingo zaio aplikatu, gehienezko kostua % 0,25ekoa izanik.

e) Maileguak, oro har, modu linealean amortizatuko dira, hilero, kuota iraunkorra izanik.

13. artikulua.– Laguntzen ezaugarriak.

1.– Hobari-tasa, oro har, % 2,20 puntukoa izango da eragiketei aplikatutako interes-tasarekiko, betiere erabaki honen babesean eta horren indarrez finantza-erakundeekin izenpetutako hitzarmenaren babesean formalizatzen diren eragiketetan.

Elkarren bermerako sozietate batek abalatzen badu mailegu-eragiketa, aipatutako laguntza hori % 0,25 gehituko litzateke.

2.– Diru-laguntza ordainketa bakar batean emango zaio dagokion finantza-erakundeari, eta erakunde horrek maileguaren kapital bizia murrizteko erabiliko du oso-osorik, laguntza eskuratu bezain pronto.

Diru-laguntzaren zenbatekoa honela kalkulatuko da: berdinak izan beharko dira bai eragiketatik sortutako kostu erreala, bai epe-muga bakoitzean ordaindu beharreko interesei zuzenean diru-laguntza aplikatzetik ateratzen den kostua. Horretarako erabiliko den eguneratze-tasa % 1,10ekoa izango da.

IV. KAPITULUA
IBILGAILU AUTOMOBILAK BERRITZEKO LAGUNTZAK

14. artikulua.– Laguntzak.

Ibilgailu automobilak kaltetu badira, 2.500 eurora arteko laguntza emango da beste ibilgailu bat erosteko, eta gehienez zenbateko hau ordainduko da: ibilgailu berriaren guztirako balioari beste laguntza batzuen zenbatekoa eta Aseguruen Konpentsazio Partzuergoak eta aseguru-etxeek emandako kalte-ordainen balioa kenduta ateratzen den zenbatekoa. Horretarako, erosketa lau hilabeteko epean egin beharko da, dekretu hau indarrean jartzen den egunetik hasita. Ibilgailuak sinatuta eta indarrean izan beharko dute nahitaezko asegurua. Kalteen ziurtagiria ofizioz lortu ahal izango da Administraziotik, 5. artikuluan ezarritakoaren arabera.

V. KAPITULUA
PROZEDURA

15. artikulua.– Baldintzak.

1.– Dekretu honetan arautzen diren laguntzak jasotzeko, baldintza hauek bete beharko dira:

a) Pertsona edo erakunde onuradun izatea, dekretu honetako 6., 10., eta 14. artikuluetan adierazitakoarekin bat etorriz.

b) Dekretu honetako I., II. eta/edo III. eranskinetan azaltzen diren inprimakien arabera aurkeztea eskabidea, honako toki hauetako batean:

– Eusko Jaurlaritzaren egoitzak: Arreta orokorreko guneak (Zuzenean Zerbitzua):

• Vitoria-Gasteiz: Ramiro de Maeztu kalea 10, behea.

• Bilbao: Kale Nagusia, 85.

• Donostia: Andia kalea, 13.

– Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko lurralde-bulegoak:

• Vitoria-Gasteiz: Samaniego kalea, 2.

• Bilbao: Concha Jeneralaren kalea, 23.

• Donostia: Easo kalea, 10.

– Enplegu eta Gizarte Politiketako Saileko Etxebizitzako lurralde-ordezkaritzak:

• Vitoria-Gasteiz: Samaniego kalea, 2.

• Bilbao: Kale Nagusia, 85.

• Donostia: Andia kalea, 13.

– Trafikoko lurralde-bulegoak:

• Vitoria-Gasteiz: Samaniego kalea, 2.

• Bilbao: Maria Diaz Haroko kalea 2, behea.

• Donostia: Vitoria-Gasteiz hiribidea, 3.

Interesdunek www.euskadi.eus atarian eskura ditzakete argibideak, edo Arretako Zuzenean zerbitzura deituta, 012 telefonora. Gainera, eskabide-inprimakiak eskura ditzakete aurreko lerroaldeetan aipatutako egoitzetan edo www.euskadi.eus atarian.

2.– Eskabidea interesdunak berak edo bera ordezkatzen duen pertsona batek egingo du, aurreko artikuluan adierazitako egoitzetan, azaroaren 26ko 30/1992 Legean aurreikusten diren bideetako bat erabiliz.

3.– Eskabideak aurkezteko epea 2015eko ekainaren 30ean amaituko da.

16. artikulua.– Agiriak.

1.– Interesdunak eskabide inprimakiari (I. eranskina) honako agiri hauek erantsi beharko dizkio:

a) II. kapituluan araututako laguntzak (etxebizitzak):

– IFK/NANaren kopia.

– Enpresaren ordezkariaren notario-ahalordearen kopia, pertsona juridikoen kasuan.

– Etxebizitzaren eta/edo eranskinen jabetza, edukitzea edo erabilera egiaztatzen duen dokumentua (eskritura).

– Nahitaezko luzapen-kontratua bada, etxebizitzaren eta/edo eranskinen titularraren baimena.

– Familia ugariaren titulu-kopia, hala bada.

– Egin beharreko inbertsioei eta gastuei buruzko azalpen-memoria. Inbertsio-proiektuen edo aktibo zirkulatzaileak berritzeko proiektuen aurrekontuak edo proforma-fakturak edo behin betikoak aurkeztu beharko dituzte memoria horretan, inbertsioak eta gastuak justifikatzeko.

– Finantza-erakundeak eta pertsona edo erakunde eskatzaileak sinatutako mailegu-eragiketaren eskabidearen kopia (II. eranskina).

– Beste edozein gorabehera, eskatzailearen iritziz esanguratsua baldin bada.

b) III. kapituluan araututako laguntzak (nekazaritza, industria, merkataritza, zerbitzuak eta turismoa):

– IFK/NANaren kopia.

– Enpresaren ordezkariaren notario-ahalordearen kopia, pertsona juridikoen kasuan.

– Egin beharreko inbertsioei eta gastuei buruzko azalpen-memoria. Inbertsio-proiektuen edo aktibo zirkulatzaileak berritzeko proiektuen aurrekontuak edo proforma-fakturak edo behin betikoak aurkeztu beharko dituzte memoria horretan, inbertsioak eta gastuak justifikatzeko.

– Finantza-erakundeak eta pertsona edo erakunde eskatzaileak sinatutako mailegu-eragiketaren eskabidearen kopia (II. eranskina).

– Beste edozein gorabehera, eskatzailearen iritziz esanguratsua baldin bada.

c) IV. kapituluan araututako laguntzen kasuan (ibilgailu automobilak), eskabide inprimakiari (III. eranskina) honako agiri hauek erantsi beharko zaizkio:

a) IFK/NANaren kopia.

– Ibilgailuaren jabetza egiaztatzen duen agiria (zirkulazio-baimena).

– Polizaren kopia eta/edo ibilgailuaren aseguruaren azken ordainagiria.

– Ibilgailuaren behin betiko bajaren deklarazioa, Trafikon izapidetua.

– Ibilgailu berriaren erosketa-faktura.

2.– Edonola ere, sail eskudunaren organo kudeatzaileak egokitzat jotzen dituen agiriak eta/edo argibideak eska diezazkioke eskatzaileari, betiere eskabidea behar bezala ulertzeko eta ebaluatzeko.

3.– Sail eskudunaren organo kudeatzaileak ikusten badu pertsona edo erakunde interesdunak aurkezturiko agiriek ez dituztela behar diren betekizunak konplitzen, horren berri jakinaraziko dio, eta hamar eguneko epea emango, agiriak osa ditzan. Epea igaro eta eskatzaileak ez badio errekerimenduari erantzun, besterik gabe eskaeran atzera egin duela ulertuko da, eta aldez aurreko ebazpen hori artxibatuko da, betiere 30/1992 Legearen 42. artikuluan jasotako moduan emandako ebazpenaren ondoren.

17. artikulua. Ebaluazioa.

Eskariak, gaia dela-eta eskumena duen saileko organoek txostena eman ondoren, Eusko Jaurlaritzaren Finantza Politikako eta Erakundeen Baliabideetako Zuzendaritzara bidaliko dira, VI. kapituluan aipatzen den batzordeak ebalua ditzan.

18. artikulua.– Ebazpena.

1.– Ebaluazio Batzordearen proposamenez, laguntza-eskariak honako organo hauek ebatzi beharko dituzte:

a) Etxebizitza- eta eraikuntza-sektorekoak, Etxebizitzako sailburuordeak.

b) Nekazaritza, industria, turismo, merkataritza eta zerbitzuetakoak badira, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren barruan gaia dela-eta eskumena duen organoak.

c) Ibilgailu automobilei buruzkoak, Segurtasuneko sailburuordeak.

II., III. eta IV. kapituluetako laguntzak batera eskatuz gero –dekretu honetako 3.1 artikuluan aurreikusitako moduan–, inplikatutako sailetako organo eskudunek batera ebatziko dituzte eskaerak.

2.– Dekretu honen babesean egindako eskariak esanbidez ebazteko eta jakinarazteko epea hiru hilabetekoa izango da gehienez, eskariak aurkezten diren egunetik hasita. Epe horretan berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi ez bada, eskariak onetsitzat joko dira. Nolanahi ere, horrek ez du esan nahi administrazio-organoak esanbidezko ebazpenik eman beharrik ez duenik eskatutako diru-laguntzaren inguruan.

3.– Eskaria egin duenari egotz ezin dakizkiokeen arrazoiengatik Aseguruen Konpentsazio Partzuergoak edo aseguru-etxeek ez badute bukatu kalteak zenbatzeko prozesua (aseguru-kontratuarengatik jaso beharko litzatekeen kalte-ordaina zehazteari begira), laguntzak emateko prozedura etenda geratuko da harik eta erakunde horiek balorazio hori egin arte.

19. artikulua.– Kontrola eta jarraipena.

Laguntzak eman dituzten sailetako organo eskudunek laguntzen kontrola eta jarraipena egingo dute, egokitzat jotzen dituzten ikuskatzeak eginez, laguntzen zertarakoa egiaztatzeko.

20. artikulua.– Mailegua formalizatzea.

Pertsona edo erakunde onuradunak, laguntza jasotzeko ebazpenaren berri izan ondoren, mailegua formalizatu beharko du, eta, horretarako, gehienez hilabeteko epea izango du, jakinarazpenaren egunetik hasita. Finantza-erakunde esleitzaileak, halaber, polizaren kopia bidali beharko dio dagokion sailari.

21. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzea.

1.– Pertsona edo erakunde onuradunaren eskubidea onartu eta gero, diru-laguntza ordainduko da, dekretu honetan ezarritako moduan eta dekretu honen arabera finantza-erakundeek izenpetutako hitzarmenarekin bat etorriz.

2.– Izenpetutako hitzarmenean jasotako diru-laguntzak badira, finantza-erakundeak hitzarmen honen babesean emandako mailegu bakoitza formalizatu izana egiaztatzen duten polizen edo ziurtagirien kopia igorriko dio laguntza ematen duen sailari, eta, ondoren, diru-laguntza ordainduko da.

22. artikulua.– Ikuskatzeko ahalmenak.

Administrazioak egiaztapenak egin ditzake eta bidezkotzat jotzen dituen agiriak eskatu, inbertsioak betetzen diren ala ez frogatzeko; izan ere, horiek burutzeko esleitu ziren laguntzak.

23. artikulua.– Amortizazioak eta ordainketak ez egitea.

1.– Mailegu-eragiketa aldez aurretik partez edo osorik amortizatzeko, esleipen-ebazpena eman zuen organoari jakinarazi beharko zaio.

Aurreratutako amortizazioek onuradunari ez diote kostu gehigarririk ekarriko finantza-erakundeen aurrean.

2.– Tronkoa edo interesak osorik edo partez ez ordaintzea edota atzerapenaz ordaintzea ez-betetze kausa izango da, dekretu honen indarrez finantza-erakundeekin izenpetutako hitzarmenean ezarritakoarekin bat etorriz.

24. artikulua.– Ez-betetze espedienteak.

1.– Administrazioak hala eskatuz gero, pertsona eta erakunde onuradunek frogatu beharko dute laguntzen gai diren inbertsioak –7. eta 11. artikuluetan adierazitakoak– benetan burutu direla, eta, horretarako, gehienez 24 hileko epea izango dute.

2.– Pertsona edo erakunde onuradunak, bestalde, eskatu zuen eta eman zitzaion helbururako erabiltzen ez badu diru-laguntza, diru-laguntzaren jatorri izan zen jarduera burutzen ez badu, nahi ziren helburuetan aplikatu izana justifikatzen ez badu edota, oro har, dekretu honetan nahiz laguntza emateko ebazpenean jarritako betekizunak konplitu gabe uzten baditu, emandako eta jasotako laguntzaren zenbatekoa itzuli beharko du, aplikagarri diren interesekin batera, betiere diru-laguntzen araubideari buruz indarrean den araudiaz bat etorriz, eta alde batera utzi gabe bidezko diren gainerako egintzak. Aipatutako diru-kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.

3.– Laguntzak ematea ebatzi duten organoek hasiaraziko dituzte ez-betetze espedienteak.

4.– Laguntza emateko organo eskudunak pertsona edo erakunde onuradunaren ez-betetzea alegatu ahalko du, laguntza ematea ebazten denetik hasi eta hurrengo lau urteetan.

VI. KAPITULUA
SAILARTEKO EBALUAZIO-BATZORDEA

25. artikulua.– Sailarteko Ebaluazio Batzordea.

1.– Dekretu honen babespean aurkeztutako laguntza-eskaerak horretarako izendatutako Sailarteko Ebaluazio Batzorde batek aztertu eta ebaluatuko ditu, eta batzordeak organo eskudunari aurkeztuko dio laguntzak emateko proposamena, ebazpena eman dezan. Ogasun eta Finantza Sailari atxikita egongo da batzordea, eta honako kide hauek izango ditu:

a) Finantza Politikako eta Erakundeen Baliabideetako zuzendaria edo haren ordezkoa; lehendakaria izango da.

b) Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren ordezkari bat.

c) Enplegua eta Gizarte Politiketako Sailaren ordezkari bat.

d) Segurtasun Sailaren ordezkari bat.

2.– Finantza Politikako eta Erakundeen Baliabideetako zuzendariak izendatuko du idazkaria, bere zuzendaritzari atxikitakoen artean –goi-mailako kidegokoa izan beharko da–. Idazkaria, gainera, lehendakariaren ordezkoa izango da, hura ez dagoenean.

3.– Sailarteko Ebaluazio Batzordeak jarduteko behar duen administrazio mailako laguntza eskainiko dio Finantza Politikako eta Erakundeen Baliabideetako Zuzendaritzak.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Dekretu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Jaurlaritzaren Kontseiluari, hilabeteko epean, dekretua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete EAEko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, dekretua EHAAn argitaratu eta biharamunetik hasita.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Ahalmena ematen zaie Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuari, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuari, Ogasun eta Finantzetako sailburuari eta Segurtasuneko sailburuari, zeinek bere eskumen-eremuan, dekretu hau betearazteko behar diren egintzak eman ditzaten. Zehatz esanda, Ogasun eta Finantza Sailari baimena ematen zaio gastu-kredituetan behar diren aurrekontu-aldaketak egin ditzan, dekretu honen babespean onartzen diren laguntzak ematea eta ordaintzea helburu hartuta.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA

Dekretu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteizen, 2015eko martxoaren 17an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua,

ÁNGEL TARSICIO TOÑA GÜENAGA.

Ogasun eta Finantzetako sailburua,

RICARDO GATZAGAETXEBARRIA BASTIDA.

Segurtasuneko sailburua,

ESTEFANÍA BELTRÁN DE HEREDIA ARRONIZ.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala