Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoa

Euskadi.eus

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

60. zk., 2015eko martxoaren 30a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
1448

30/2015 DEKRETUA, martxoaren 17koa, seme-alabak dituzten familientzako diru-laguntzak arautzen dituena.

2001eko uztailaren 3an egindako Gobernu Kontseiluak onartutako seme-alabak dituzten Familiak Laguntzeko Erakundeen Arteko I. Plana (2001-2005) uztailaren 16ko 176/2002 Dekretuan araututako seme-alabak dituzten diru-laguntzen programan gauzatu zen, besteak beste. Horren helburua familiei diru-laguntzak eskaintzea zen, euren seme-alaben jaiotzarekin, adopzioarekin eta mantenuarekin erlazionatutako gastuei aurre egiten laguntzeko. Diru-laguntzen programa gizarte-mailan aurreratuagoak dauden Europako herrialdeetako familia-politikekin bat egiteko lehen urratsa izatea zuen helburu.

I. Planaren indarraldia amaituta, 2005eko abenduaren 31n, aipatutako dekretua luzatu egin zen abenduaren 20ko 416/2005 Dekretuaren bidez, aipatutako laguntzak ematen jarraitzeko.

Geroago onartu zuen Eusko Jaurlaritzak maiatzaren 30eko 109/2006 Dekretua, lehen seme-alabaren jaiotzagatiko edo adopzioagatiko diru-laguntza arautzen duena. Arau horren bidez estali nahi ziren II. Plana onartzearekin bat diru-laguntzen programan sartu nahi ziren hobekuntzetako batzuk; izan ere, Plan horren helburua seme-alabengatiko laguntza-estaldura zabaltzea zen.

Hori horrela izanda, eta Seme-alabak dituzten Familiak Laguntzeko Erakundeen Arteko I. Planak jasotako familientzako diru-laguntzei eta neurriei jarraitutasuna emateko, horiek indartzeko eta zabaltzeko, 2006ko irailaren 26an egindako Gobernu Kontseiluaren hitzarmenaren bidez, 2006-2010 eperako Familiak Laguntzeko Erakundeen Arteko II. Plana onartu zen. Horren helburu nagusia I. Planarekin hasitako familiak babesteko eta laguntzeko sistema integralaren garapenean aurrera egitea zen.

Familiak Laguntzeko Erakundeen Arteko II. Planaren existentziaren ondorioz, abenduaren 19ko 255/2006 Dekretua onartu zen; horren bidez, seme-alabak dituzten familientzako diru-laguntzak arautzen dira, eta Familiak Laguntzeko Erakundeen Arteko II. Planak (2006-2010) jasotako seme-alabak dituzten familientzako diru-laguntzak arautzea zuen helburu. Zehazki, aipatutako dekretu horren helburua zen Eusko Jaurlaritzak semeak edo alabak dituzten familiei ematen zizkien diru-laguntzak arautzea, honako jarduera-ildo hauen bitartez: dituzten seme edo alaba bakoitzeko laguntzak, erditze zein adopzio nazional anitzarengatiko laguntza, eta nazioarteko adopzioagatiko laguntza.

Abenduaren 19ko 255/2006 Dekretua onartu ondoren, abenduaren 12ko 13/2008 Legea onartu zuten, Familiak Laguntzeari buruzkoa. Horren helburu nagusia familia-politika integralerako esparrua eta oinarriak ezartzea da, familiaren eta bertako kideen ongizatea eta bizi-kalitatea hobetzera zuzendutakoa. Lortu nahi den helburuarekin koherentzian, eta familiak babesteko, zaintzeko eta laguntzeko helburuarekin, seme-alabak dituzten familientzako zuzeneko diru-laguntza batzuk xedatu zituen Lege horrek, autonomien eremuan indarrean zeuden familien aldeko neurri guztiak multzo koherente batean antolatuz eta laguntza-neurri berriak arautuz.

Horrela, aipatutako legearen II. tituluko I. kapituluan arautzen dira, familiak babesteko, artatzeko eta laguntzeko neurriei buruzkoan, hain zuzen ere, ardurapean seme-alabak dituzten familientzako diru-laguntzak. Azken horiek seme-alabak zaindu eta mantentzearekin lotutako beharrizan ekonomikoak estaltzen laguntzeko helburua duten laguntza gisa definitzen dira.

Bistan denez, aipatutako Legearen II. Tituluko I. Kapituluan gauzatzen da, 8. artikuluan, lorpen garrantzitsuenetako bat, hots, ardurapean seme-alabak dituzten familiak laguntzeko laguntza ekonomikoak eskubide subjektibo gisara konfiguratzea eta laguntza horiek zein diren zehaztea. Horrek, oro har, Euskal Autonomia Erkidegoko familientzako babes- eta laguntza-sistema hobetzeaz gainera, ardurapean seme-alabak dituzten familiak laguntzeko diru-laguntzen existentzia bera sendotzen du; izan ere, laguntzok eskubide subjektibotzat jotzeak esan nahi du aurrekontu-eskuragarritasuna gorabehera ematen direla, edo, gauza bera dena, laguntzen onuradun izateko araudiaren arabera ezarritako eskakizunak biltzen dituzten pertsonek eskakizun horiek aitor daitezen eska dezaketela, eta Administrazioak ezingo duela aitortza hori mugatu edo eskubidea ukatu aurrekontu-arrazoietan oinarrituta.

Hurrengo artikuluan ezartzen da, 9.ean, ardurapean seme-alabak dituzten familiak laguntzeko diru-laguntzetarako eskubide subjektiboaren titularrak ama edota aita izango direla; baina, aldi berean, adingabeak ardurapean dituzten beste pertsona batzuk aitatzat edo amatzat jotzeko aukera ere xedatzen du.

Azkenik, Familiak Laguntzeko Legearen 10. artikuluak ardurapeko seme-alabengatiko diru-laguntza eskuratzeko kontuan hartu beharreko ildo orokorrak zehazten ditu, eta aparteko laguntzak arautzeko betebeharra ezartzen du, haur bat baino gehiagoz erdituz gero, edo ume bat baino gehiago adoptatuz gero, edo umea atzerrian adoptatuz gero. Halakoetan, laguntzaren zenbatekoa zehazteko, zenbat ume izan edo adoptatu diren, edo atzerrian adoptatuak zenbat diren, eta familiako aitaren eta amaren errenta-maila hartuko dira kontuan. Artikulu horrek adingabeen harrera egiten duten familientzako laguntzak arautzeko betebeharra ere ezartzen du.

Familiak Laguntzeko II. Erakundeen Arteko Planaren (2006-2010) indarraldia bukatu ondoren, Gobernu Kontseiluak 2011ko abenduaren 27an egindako bileran onartu zuen Euskal Autonomia Erkidegoko Familiak Laguntzeko III. Erakundeen Arteko Plana (2011-2015), IX. Legegintzaldiko Plan eta Jarduera Esanguratsuen artean.

Plan hori onartzeko orduan, helburua da Erakundeen Arteko III. Plan estrategiko bat izatea, aurreko planekin bildutako esperientzia eta ikaspenak bilduz abenduaren 12ko 13/2008 Legean, Familiei Laguntzekoan, jasotako erronkak lortzeko estrategiak bideratuko dituena eta, aldi berean, Euskal Autonomia Erkidegoan familia-politika sendotzeko bidea emango duen tresna gisa jardungo duena, politika horren eraginkortasuna hobetzeko eta gizartean zein herritarrengan duen eragina areagotzeko.

Hori dela eta, Euskal Autonomia Erkidegoko Familiei Laguntzeko III. Erakunde-arteko Planak (2011-2015) barne hartzen dituen neurrien artean, seme-alaben jaiotza eta mantentzeagatiko laguntzen hedapen progresiboaren aldeko apustua egiten du (aurrekontu-eskuragarritasunaren mende), bai eta erditze edo adopzio anizkoitzagatiko eta nazioarteko adopzioagatiko laguntza bereziei eustearen aldekoa ere.

Bestalde, kontuan hartuta hainbat familia mota dagoela eta egoerak ere askotarikoak direla, abenduaren 12ko 13/2008 Legearen 6. artikuluak, Familiei Laguntzekoak, aurreikusi zuen ezen, premia zegoela familia-errenta estandarizatzeko sistemak ezartzeko, hain zuzen ere, familia-mota eta -egoera guztiak ekitatez tratatu ahal izateko. Sistema horiek familientzako laguntza ekonomikoetan edo familiei laguntzeko zerbitzuetan aplikatzekoak dira, baldin eta familia-unitatearen maila ekonomikoa laguntza edo zerbitzu horietara iristeko baldintza bada, edo prestazio horren zenbatekoa edo zerbitzuagatik ordainduko den zatia zehazteko irizpidea bada. Familia-errentak estandarizatzeko sistema horiek familia-unitatearen kide-kopuruaren zein horren eraketaren arabera errenta pisatzeko gai diren baliokidetasun-sistemak dira. Horien abiapuntua da diru-sarreren maila bera izateak ez diela eraketa ezberdinak dituzten familia-unitateei gaitasun ekonomiko bera eskaintzen ulertzea da, eros-ahalmenari eta bizi-mailari dagokienez.

Aurreikuspen horrek zuzenean eragiten dio familia-politiken esparruari. Horri dagokionez, 6. artikuluaren bigarren paragrafoak dio, laguntzak homologoak izateko, familia-errenta estandarizatzeko sistema bera eta sartzeko atari berak ezarriko direla.

Aipatutako xedapenaren arabera, eta «homologoak» terminoa aintzat hartuta, beren ardurapean seme-alabak dituzten familietara zuzendutako diru-laguntza guztiak eta, zehazki, Familiak Laguntzeko Legeak II. tituluko I. kapituluan ezartzen dituenak, irizpide berberen arabera zehaztea beharrezkoa dela ondorioztatzen da, kontuan izanda haiekin guztiekin lortu nahi den helburua bakarra dela, zeina aipatutako legearen 7. artikuluaren arabera honako hau baita: seme-alabak mantentzeko eta zaintzeko eginkizunean sortzen diren premia ekonomikoei erantzutea.

Era berean, nabarmentzekoa da Familiak Laguntzeko Legearen 10. artikuluak irekita uzten duela, bere lehen epigrafean, laguntzen araudian horien zenbatekoa erabakitzera bideratutako irizpide berriak sartzeko aukera; izan ere, xedatzen du, zehazki, diru-laguntza ardurapeko seme-alaba bakoitzeko emango dela, eta horiek mantendu eta zaintzeko gastuak ordaintzen laguntzeko; laguntzaren zenbatekoa, besteak beste, eskubidea sortzen duen semearen edo alabaren adinaren arabera zehaztu daitekeela agintzen du.

Familiei Laguntzeko Legearen 6. artikuluak xedatutako aginduari men eginez, uztailaren 24ko 154/2012 Dekretua onartu zen, familia-politiken eremuan familia-errenta estandarizatzeko sistemari buruzkoa. Dekretu horren helburua da, bere 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, gorago aipatutako Legearen II. tituluko I. kapituluan eta 12. artikuluko a), b) eta d) idatz-zatietan jasotzen diren familia-politiken eremuko laguntzei aplika dakiekeen familia-errentaren estandarizazio-sistema arautzea.

Goian aipatutako dekretuak 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, familia-errenta estandarizatzeko sistema aplikatuko zaie, beraz, abenduaren 12ko 13/2008 Legearen II. tituluko I. kapituluan jasotzen diren laguntzei, alegia, ardurapeko seme-alabak dituzten familiei laguntzeko laguntza-ildo bakoitzari, baldin eta errenta diru-laguntzaren zenbatekoa zehazteko irizpide erabakigarria bada.

Aurreko guztia ikusita, Dekretu honen helburua seme-alabak dituzten familiei laguntzeko diru-laguntzen araubide berria garatzea da. Horrek barnean sartzen diren laguntzen (eta ardurapeko seme-alaben laguntzen kasuen barnean sartzen diren diruz lagundu daitezkeen egoerak) lerro guztiekiko hedapena jarraituko du; hau da, ardurapeko seme-alabengatiko laguntzetara, erditze zein adopzio nazional anitzagatiko laguntzetara eta nazioarteko adopzioagatiko laguntzetara, estandarizatutako familia-errentaren irizpidea eta horietan sartzeko atari berak laguntzen onuradunei dagokien laguntzaren zenbateko zehatza zehaztuko duten faktore gisa hartuta. Hori guztia, Familiak Laguntzeko Legearen 6.2 artikuluan xedatutakoa aplikatuz egingo da («Familia-politiken arloan, homologoak diren laguntzentzat, familia-errentaren estandarizazio-sistema bera eta laguntza jasotzeko muga berak ezarriko dira»), baita Familia-politiken eremuan familia-errenta estandarizatzeko sistemari buruzko uztailaren 24ko 154/2012 Dekretuan aurreikusitakoaren arabera ere.

Eta, gorago adierazitako laguntza-ildoen helburua berbera denez gero, alegia, seme-alabak mantentzearekin eta zaintzearekin lotutako beharrizan ekonomikoei erantzuten laguntzea, aitak eta amak hautatu duten familia-proiektua zein nahi izanik ere, familia-unitatearen osaerari eta neurriari dagokienez, edo familia-unitate bakoitzak oinarri duen seme-alabatasun harremanen izaerari dagokionez, ez da zentzuzkoa kudeatzen ari den laguntza-ildoaren arabera tratatzeko modu ezberdinak egotea, errenta-irizpideen aplikazioari dagokienez.

Egituraren aldetik, testuak bost kapitulu ditu:

Lehenengo kapituluak xedatzen du, oro har, ardurapean seme-alabak dituzten familiei laguntzeko diru-laguntzak zein diren; laguntza horiek hiru jarduera-ildo hauen bidez garatuko dira:

a) Ardurapeko semeagatiko eta/edo alabagatiko laguntzak.

b) Erditze edo adopzio nazional anizkoitzagatiko laguntzak.

c) Nazioarteko adopzioagatiko laguntzak.

Era berean, diruz lagundu daitezkeen egoeretara egindako erreferentzien irismena ezartzen du; arau honek adin txikikoen tutoretzara, familia-unitatera, seme-alabetara, eta gurasoetara zabaltzen du, eta laguntza horien onuradunak nortzuk izango diren zehazten du, bai eta horiek eskuratzeko ezarritako baldintzak bete beharreko data eta frogatu beharreko unea ere.

Bigarren kapituluan, oro har, ardurapeko seme-alaba bakoitzagatiko laguntzak deiturikoak garatzen dira, adinaren eta seme-alaba bakoitzak familia-unitatean daukan ordenaren arabera bereizita. Laguntza horiek abenduaren 19ko 255/2006 Dekretuan, seme-alabak dituzten familientzako diru-laguntzak arautzen dituenean, adingabe bat jaiotzeari, adoptatzeari eta adoptatu aurretik familia-harreran edukitzeari lotuta ageri ziren laguntza berak dira. Dekretu horretan, familia-errentaren arabera mailakatzen zen lehen semeari edo alabari zegokion diru-laguntzaren zenbatekoa. Dekretu honetan, berriz, tutoretzaren bidez familia bati lotutako adingabeak ere sartzen dira multzo horretan, eta laguntzaren zenbatekoa mailakatuta emango da, akreditatutako familia-errenta estandarizatuaren maila aintzat hartuta. Gainera, irizpide hori aplikatuko zaie, orobat, kapitulu horren babesean ematen diren diru-laguntza guztiei; hala, bada, lehen seme edo alabagatiko laguntza, bigarren seme edo alabagatiko laguntza eta hirugarren edo hurrengo seme edo alabagatiko diru-laguntza. Era berean, beste berritasun garrantzitsu bat da laguntzen zenbatekoak diruz lagundu daitezkeen egoera guztietarako berdinak izango direla, baita ondorengo urteetan egoera zehatzarengatik dagozkien laguntza guztietarako ere (mantentze-laguntzak), seme-alaba bakoitzaren adina edo ordena kontuan hartu gabe.

Diruz lagundu daitekeen egoeraren ondorioz egoki diren hurrengo urteetako diru-laguntzak eta mantenu-laguntzak urtero ordainduko dira; hau da, bigarren zein hirugarren seme-alabarengatiko laguntza jasotzeko ezarritako adin- eta orden-baldintzak betetzen dituen seme-alaben bat duten familiek urtero eskatu beharko dituzte. Horretarako, laguntza eskatutako urtearen urtarrilaren 1ean familia nortzuk eratzen duten hartuko da kontuan.

Nolanahi ere, aurreko baldintza salbuetsi egiten da partekatutako zaintzaren kasuan. Partekatutako zaintza-kasuen aurrean eskatzen baita aitak eta amak esanbidez adostea bietatik nork eskatuko duen dagokion laguntza, bai partekatutako zaintza-egoeran dagoen semeak edo alabak sortzen badu diru-laguntzarako eskubidea, eta bai diru-laguntza eragiten ez badu ere, baina laguntza eskatzeko arrazoi zen seme-alaben kopurua erabakitzeko aintzat hartu behar bada, onuraduna pertsona bakarra baita. Hori horrela izanda, eta adingabeko pertsonaren interes gorena kontuan izanda, logikoa da hori etengabe helbide berean erroldatuta egotea, partekatutako zaintza-erregimena adostu bada ere. Helbide hori ez du laguntza eskatzen duen pertsonarena zertan izanik; beraz, partekatutako zaintza-kasu guztietan, laguntza eskatutako urteko urtarrilaren 1ean familia nortzuk eratzen duten kontuan hartuz gero, laguntzak eskuratzea saihestuko litzaieke.

Hirugarren kapituluan arautzen dira erditze edo adopzio nazional anizkoitzagatiko laguntzak, Familiak Laguntzeko Legearen 10.3 artikuluak aipatzen dituenak, hain zuzen. Laguntza horiek erditze berean jaiotako seme-alaba kopuruaren edo aldi berean adoptatutako seme-alaba kopuruaren arabera emango dira, baita familia-errenta estandarizatua kontuan hartuta ere.

Aurreko dekretuan bezalaxe, laguntza hori ordainketa bakarreko diru-laguntza izango da eta metagarria da aurreko kapituluan araututako laguntzari dagokionez; horri esker, batetik, familiek oro har seme-alabentzako ezarritako laguntzak eskatu ahalko dituzte eta, bestetik, jaiotza edo adopzioa gertatzen den urterako laguntza puntual bat ezartzen duen programa berezi baten onuradun izan ahalko dira.

Laugarren kapituluan adingabeen nazioarteko adopzioengatiko laguntzak aurreikusten dira, bakunak edo anizkoitzak direla ere. Laguntza horiek helburu horretarako eta, zehazki, 2007ko urtarrilaren 1etik aurrera gertatutako adopzioentzako laguntza-programaren jarraipena dira. Programa hura abenduaren 19ko 255/2006 Dekretuan, seme-alabak dituzten familientzako diru-laguntzak arautzen dituenean, ezarri zen, erditze zein adopzio nazional anizkoitzei (Familiak Laguntzeko Legeak 10.3 artikuluan aipatzen dituenei) ez bestelako tratamendua emateko asmoz.

Diruz lagun daitezkeen egoera horregatik ematen diren laguntzen zenbateko zehatzak aldi berean adoptatzen diren adingabe-kopuruaren arabera mailakatzen dira, bai eta familia-errenta estandarizatuaren mailaren arabera ere.

Azkenik, bosgarren kapituluan, II. III. eta IV. kapituluetan araututako laguntza-ildoentzat berberak diren xedapenak biltzen dira. Besteak beste, honako gai hauek jorratzen dituzte: eskabideak aurkezteko epe eta tokia eta haiekin batera eman beharreko agiriak, partekatutako zaintzaren eta adopzioaren aurreko familia-harrera izan duen adopzioaren egoeretan. Era berean, estandarizatutako familia-errentaren irizpidea garatzen da, zenbateko txikieneko laguntza ematea zehaztuko duen estandarizatutako familia-errenta aztertzeko kasuak ezartzen dira, eta laguntzen aldiberekotasunaren aukera bezalako laguntzak eskuratzeko bateraezintasunak eragiten dituzten kasuak aurreikusten dira.

Nolanahi ere, ardurapeko seme-alaben familiei laguntzeko diru-laguntzen eskaerak bitarteko elektronikoen bidez izapidetzeko aukera da kapitulu honetan sartu diren berritasun aipagarrienetako bat, hala agintzen baitu otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak, Administrazio Elektronikoari buruzkoak. Aukera horrekin, alde batetik, laguntzen hartzaile diren herritarrei administrazioarekiko harremanak erraztea lortu nahi da (berez, denbora gutxi izaten dutelako beren seme-alaben zaintzak dakartzan familia-betebeharrak direla-eta) eta, bestetik, administrazioaren barne-eraginkortasuna hobetzea, laguntzak kudeatzeko garaian.

Diru-laguntzen ingurukoa eta, ondorioz, sustapenekoa den Dekretu hau Euskal Herriko Autonomia Estatutuaren 10.12 eta 10.39 artikuluetan Euskadiri aitortzen zaizkion eskumenen babesean eman da; alegia, gizarte-laguntzan, komunitatearen garapenean, emakumeen egoeran, eta haur, gazte eta adinekoen aldeko politikan aitortutako eskumenen babesean.

Abenduaren 12ko 13/2008 Familiak Laguntzeko Legearen 8. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, Dekretu honek araututako ardurapeko seme-alabak dituzten familiei laguntzeko diru-laguntzak eskubide subjektibo gisa arautzen dira, betiere, sartzeko baldintzak betetzen dituztenean.

Azkenik, aipatutako legearen 27.2 artikuluak egindako eskumen-esleipenaren arabera, Eusko Jaurlaritza dagozkio legegintzako ekimenaren eta araubidezko ahalmenaren jarduera, bai eta II. Tituluaren I. atalean araututako seme-alabak dituzten familiei laguntzeko diru-laguntzen arauketa eta kudeaketa ere.

Ondorioz, Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuaren proposamenez, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren adostasunarekin eta Gobernu Kontseiluak 2015eko martxoaren 17an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATZEN DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea.

Dekretu honen zioa Eusko Jaurlaritzak familia-politikan eskuduna den Sailaren bidez emandako laguntza ekonomikoak arautzea da. Horretarako, honako jarduera-lerro hauek aurreikusi dira:

a) Ardurapeko semeagatiko eta/edo alabagatiko laguntzak.

b) Erditze edo adopzio nazional anizkoitzagatiko laguntzak.

c) Nazioarteko adopzioagatiko laguntzak.

2. artikulua.– Aplikazio-esparrua.

Dekretu honetan aurreikusitako laguntzak dekretua indarrean hasi ondoren sortzen diren eta diru-laguntza jaso dezaketen egoerei aplikatuko zaizkie.

3. artikulua.– Kontzeptuak.

Dekretu honen xedeetarako:

1.– Honako hauek izango dira diruz lagundu daitezkeen egoerak: jaiotza, adopzioa, adopzioaren aurreko familia-harrera, hemezortzi urtetik beherako pertsonaren tutoretza eta, eskatutako urtearen urtarrilaren 1ean familia eratzen duten seme-alaben mantenua.

2.– Familia-unitatetzat jotzen da uztailaren 24ko 154/2012 Dekretuaren 4.1 artikuluan ezarritako kideak, familia-politiken esparruko familia-errentaren estandarizazio-sistemaren gainean, eta aipatutako arauak esleitutako irismenarekin.

3.– Semea edo alaba izango da, batetik, eskatzaileari eta ezkontideari edo izatezko bikotekideari seme-alabatasunezko erlazio bidez lotutako adingabeko pertsona, norberarena zein adoptatua izan. Era berean, seme-alaba izaera hartzen du biek edo horietako batek adopzioaren aurretik hartutako edo tutoretzapean duen edozein adingabeko pertsona.

4.– Aita edo ama izango da:

a) Semearen zein alabaren zaintza duena.

b) Adopzio aurreko familia-harrera edo tutoretza dela eta, adingabeko pertsonen zaintza duten pertsonak.

c) Aurrekoekin bizi den pertsona, ezkontidea edo izatezko bikotekidea izanda.

4. artikulua.– Onuradunek bete beharreko baldintzak.

1.– Familia-unitatea osatzen duen aita edo ama izan ahal izango da diru-laguntza horien onuraduna.

2.– Onuradunak Euskal Autonomia Erkidegoko edozein udalerritan bizi behar du modu eraginkorrean, eta bertako erroldan egon, gutxienez eskaera aurkeztu baino urtebete lehenagotik.

Eskaera aurkezterako Euskal Autonomia Erkidegoko edozein udalerritan bizi eta erroldatuta dagoen orok diru-laguntza horiek eskatu eta jaso ditzake, aurreko hamabi hilabeteetan bertan etengabe bizi ez izanagatik eta erroldatuta ez egonagatik ere, baldin eta egiaztatzen badu azken hamar urteetan bost urte segidan eman dituela Euskal Autonomia Erkidegoan bizitzen eta erroldatuta.

3.– Halaber, onuraduna laguntzak helburu duen seme-alabarekin erroldatuta egon beharko da, bai eta familia-unitatearen eraketa zehazteko zenbatutako seme-alaba guztiekin ere.

5. artikulua.– Baldintzak betetzea.

1.– Eskaerak aurkezten diren unean bete behar dira jaiotza, adopzioa, adopzio aurreko harrera zein tutoretzagatik dagokion diru-laguntza emateko betebeharrak, eta horretarako ezarritako epeetan egiaztatu.

2.– Mantentze-laguntzei, hau da, diruz lagun daitekeen egoera bat dela medio bidezkoak diren urteroko laguntzei dagokienez, laguntza eskatzen den urteko urtarrilaren 1ean familiak zuen osaera hartuko da aintzat. Horrez gainera, eskabidea aurkezten den unean ere bete beharko dituzte laguntzak emateko eskatzen diren baldintzak, eta horretarako ezarritako epeetan egiaztatu beharko dituzte.

Aurreko paragrafoan familia-osaketa zehazteko datari dagokionez ezarritakotik salbuetsita geldituko dira 21. artikuluan aipatzen diren elkarbanatutako zaintza- eta babespe-egoerak; egoera horietan, adingabea bere zaintza eta babespea esleituta duen pertsonetatik edozeinekin egon ahalko da erroldatuta.

II. KAPITULUA
ARDURAPEKO SEME-ALABAGATIKO LAGUNTZAK

6. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen egoerak.

1.– Kapitulu honen babespean esleitu beharreko diru-laguntzak honako hauek izango dira:

a) Lehen seme-alabarengatiko diru-laguntza.

b) Bigarren seme-alabarengatiko diru-laguntza.

c) Hirugarren edo ondoko seme-alabarengatiko diru-laguntza.

2.– Aurreko paragrafoko b) eta c) ataletan aipatutako diru-laguntzak hasierako laguntza bat sorraraziko dute jaiotza, adopzioa, adopzioaren aurretiko harrera edo tutoretza dela medio eta, horretarako eskatzen diren baldintzak betez gero, baita ondorengo mantentze-laguntzak ere, ondorengo artikuluan adierazten diren iraunaldiarekin. Azken laguntza horiek urtero eskatu beharko dira.

3.– Semeak edo alabak familia-unitatean duen ordena zehazteko kontuan hartuko da elkarrekin bizi diren semeen edo alaben artean duen tokia, jaiotza-dataren arabera.

4.– III. Atalean ezarritakoari kalterik egin gabe, erditze anitzen kasuetan, Kode Zibilaren 31. artikuluan ezarritakoa izango da kontuan, jaiotzaren lehentasuna zehazteko.

7. artikulua.– Diru-laguntzen luzapena.

1.– Lehenengo seme edo alabagatiko laguntza ordainketa bakarreko diru-laguntza bat izango da, jaiotza, adopzioa, adopzioaren aurreko harrera edo tutoretzaren ezarpena gertatu zen urteari dagokiona. Diru-laguntza hori emateko dekretu honetan ezarritako baldintzak bete beharko dira, eta ez du mantenu-laguntzen ordainketak jasotzea ekarriko.

2.– Bigarren seme edo alabagatiko diru-laguntzak eta hirugarren edo hurrengo seme-alabengatikoak jaiotza, adopzioa, adopzioaren aurreko harrera edo tutoretzaren ezarpena dela medio emango dira, dekretu honetan ezarritako baldintzak betetzen baldin badira; hala dagokionean, mantenu-laguntzetan ere ordainduko dira, artikulu honetan azaltzen den moduan.

3.– Jaiotza-kasuetan, diru-laguntza adinaren eta semearen edo alabaren ordenaren arabera emango da, jarraian adierazitako aldietan:

a) Bigarren seme edo alabagatik:

1) Ordainketa bat semea edo alaba jaio zen urtean; eta,

2) Ordainketa bat semeak edo alabak urte bat betetzen duenean.

b) Hirugarren edo ondorengo semeengatik edo hirugarren edo ondorengo alabengatik:

1) Ordainketa bat semea edo alaba jaio zen urtean.

2) Ordainketa bat semeak edo alabak urte bat, bi, hiru, lau, bost eta sei urte betetzen dituenean.

4.– Adopzioetan, adopzio aurreko familia-harreran edo hamazortzi urtetik beherako adingabe baten gaineko tutoretza ezartzean, haiek gertatzen diren urtean egingo da ordainketa, adingabeen adina gorabehera, eta hurrengo urteetan adinaren eta seme edo alabaren ordenaren arabera emango da diru-laguntza, aurreko paragrafoan zehaztutakoari jarraikiz.

5.– Artikulu honetan aurreikusitako laguntzak metagarriak izango dira, eta, beraz, ezarritako adina eta ordena betetzen dituen seme edo alaba bakoitzeko diru-laguntza bana jasotzeko aukera izango da.

8. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoa.

Diru-laguntzaren zenbatekoa berbera izango da kapitulu honen babesean diru-laguntza jaso dezaketen egoera guztietarako eta, hala badagokio, mantenu-laguntzetarako. Zenbatekoa laurehun (400) eta bederatziehun (900) euro artekoa izango da, dekretu honen 23. artikuluan ezarritako moduan kalkulatutako familia-errenta estandarizatuaren arabera. Horretarako, familia-errenta estandarizatuaren muga hauek eta bakoitzari dagokion zenbatekoa ezarri dira:

a) 20.000 euro edo gutxiagoko familia-errenta estandarizatu batentzat, zenbatekoa bederatziehun (900) eurokoa izango da.

b) 20.000 euro baino gehiago eta 30.000 euro baino gutxiagoko familia-errenta estandarizatu batentzat, zenbatekoa bostehun (500) eurokoa izango da.

c) 30.000 eurotik gorako familia-errenta estandarizatu batentzat, zenbatekoa laurehun (400) eurokoa izango da.

9. artikulua.– Desgaitasunen edo mendetasun-egoeren aitorpena.

1.– Diru-laguntzak helburu duen semeak edo alabak % 33tik gorako desgaitasuna, edo Autonomia Pertsonala Sustatzeko eta Mendetasun Egoeran dauden Pertsonen arretarako abenduaren 14ko 39/2006 Legearen eta horren garapen-araudiaren arabera aitortutako mendetasun egoera izanez gero, aurreko artikuluan aurreikusitako zenbatekoak bikoiztu egingo dira.

2.– Desgaitasun-maila edo mendetasun-egoera aitortzen duen ziurtagiri hori diru-laguntza eskatu ondoren aurkezten bada, eskabidea aurkezteko egunean egiaztatutako familia-unitatearen osaera eta berezitasunen arabera kalkulatutako familia-errenta estandarizatuari men eginez eman diren zenbatekoak bikoiztuko dira. Hori guztia, baldin eta ziurtagiria lau urteko epea bukatu baino lehen aurkezten bada, jaiotza gertatu zenetik edo, hala badagokio, adopzioa, adopzioaren aurreko familia-harrera edo tutoretza ezarri zenetik, eta onuradunek dekretu honetan xedatutako gainerako eskakizun eta baldintzak betetzen jarraitzen badute. Lau urte bete ondoren aurkeztuz gero, ziurtagiria aurkeztutako urteei dagokien diru-laguntza soilik bikoiztuko da.

III. KAPITULUA
ERDITZE EDO ADOPZIO NAZIONAL ANITZAGATIKO DIRU LAGUNTZAK

10. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen egoerak.

1.– Atal honen babespean, diru-laguntza jasoko dute erditze zein adopzio nazional anitzek.

2.– Erditze anitza da, haurdunaldi berean, bi seme-alaba edo gehiago ematen dituena.

3.– Adopzio nazional anitza da, Estatuan, aldi berean, adingabeko bi pertsona edo gehiago prozedura berean adoptatzen direnean, ebazpen judiziala edo hori eratzen duen dokumentua dagoenean.

Era berean, eta kapitulu honetan aurreikusitako diru-laguntzei dagokienez, adopzio nazional anizkoiztzat joko da adopzio aurreko familia-harrera edo tutoretza, baldin eta aldi berean eta prozedura bakarrean bi adingabe edo gehiagori eragiten baitie.

11. artikulua.– Izaera.

Erditze edo adopzio nazional anizkoitzagatiko laguntza ordainketa bakarreko diru-laguntza izango da, eta dekretu honetan ezarritako eskakizunak bete ahala emango da.

12. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoa.

1.– Laguntzaren zenbatekoa erditze edo adopzio anizkoitzeko seme edo alaba kopuruaren araberakoa izango da, bai eta dekretu honen 23. artikuluan xedatutakoaren arabera kalkulatutako familia-errenta estandarizatuaren araberakoa ere.

2.– Zehazki, diru-laguntzaren zenbatekoa honela zehaztuko da: erditze edo adopzio anizkoitzeko seme-alaba kopurua ken 1 bider 2.000 (gutxieneko zenbatekoari dagokion euro-kopurua), eta bider familia-errenta estandarizatuari dagokion haztapen-faktorea. Horretarako, familia-errenta estandarizatuaren muga hauek eta bakoitzari dagokion haztapen-faktorea ezarri dira:

a) 20.000 euro edo gutxiagoko familia-errenta estandarizatu batentzat, haztapen-faktorea 2 izango da.

b) 20.000 baino gehiago eta 30.000 euro baino gutxiagoko familia-errenta estandarizatu batentzat, haztapen-faktorea 1,5 izango da.

c) 30.000 eurotik gorako familia-errenta estandarizatu batentzat, haztapen-faktorea 1 izango da.

IV. KAPITULUA
NAZIOARTEKO ADOPZIOENGATIKO DIRU LAGUNTZAK

13. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen egoerak.

1.– Atal honen babespean, diru-laguntza jasoko dute adingabekoen nazioarteko adopzio sinpleak zein anitzak.

2.– Nazioarteko adopziotzat ulertzen da adoptagarritzat jo eta atzerrian bizi den adingabe baten eta adoptatzen duen edo duten pertsonaren edo pertsonen arteko adopziozko seme-alabatasun harremana eratzen duena, abenduaren 28ko 54/2007 Legeak, nazioarteko adopzioari buruzkoak, xedatzen duenaren arabera. Edonola ere, adopzio seme-alabatasun lotura horretarako eskumena duen atzerriko agintariak igorritako ebazpen judizialari edo dokumentu baliokideari jarraikiz eratu beharko da.

14. artikulua.– Izaera.

Nazioarteko adopzioagatiko laguntza ordainketa bakarreko diru-laguntza izango da, eta dekretu honetan ezarritako betebeharrak bete ahala emango da.

15. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoa.

1.– Laguntzaren zenbatekoa aldi berean adoptatutako seme edo alaba kopuruaren araberakoa izango da, bai eta dekretu honen 23. artikuluan xedatutakoaren arabera kalkulatutako familia-errenta estandarizatuaren araberakoa ere.

2.– Zehazki, diru-laguntzaren zenbatekoa honela zehaztuko da: nazioarteko adopzio bakunagatik, 2.000 (gutxieneko zenbatekoari dagokion euro-kopurua) bider familia-errenta estandarizatuari dagokion haztapen-faktorea. Horretarako, familia-errenta estandarizatuaren muga hauek eta bakoitzari dagokion haztapen-faktorea ezarri dira:

a) 20.000 euro edo gutxiagoko familia-errenta estandarizatu batentzat, haztapen-faktorea 2 izango da.

b) 20.000 baino gehiago eta 30.000 euro baino gutxiagoko familia-errenta estandarizatu batentzat, haztapen-faktorea 1,5 izango da.

c) 30.000 eurotik gorako familia-errenta estandarizatu batentzat, haztapen-faktorea 1 izango da.

3.– Nazioarteko adopzio anizkoitzagatiko laguntzaren zenbatekoa zehazteko, honako eragiketa hau egingo da: lehen semeari edo alabari dagozkion bi mila (2.000) euroei mila bostehun (1.500) euro gehituko zaizkio nazioarteko adopzio anizkoitzeko gainerako seme edo alaba bakoitzeko, eta batuketa hori familia-errenta estandarizatuari dagokion haztapen-faktoreaz biderkatuko da, aurreko paragrafoan zehaztutako moduan.

V. KAPITULUA
XEDAPEN ERKIDEAK

16. artikulua.– Laguntza-eskaerak aurkezteko epea.

Laguntza-eskaerak aurkezteko epea honako hau izango da:

a) Urte naturalaren barruan jaiotza, adopzioa, adopzio aurreko familia-harrera edo tutoretza bat gertatzen bada, eskaerak hiru hilabeteko epean aurkeztuko dira, jaiotzaren hurrengo egunetik, edo adopzioa, adopzio aurreko familia-harrera edo tutoretza gauzatzeko ebazpen judizialaren edo antzeko dokumentuaren dataren hurrengo egunetik, edo eskatzaileari jakinarazi zaion hurrengo egunetik zenbatzen hasita, ebazpen judiziala edo dokumentu baliokidea indarrean sartutako data alde batera utzita.

b) Diru-laguntza jaso dezakeen egoerari dagozkien mantenu-laguntzetarako, urte bakoitzeko urtarrilaren 1ean familia-unitatean dauden seme-alabei dagokienez, eskariak semeak edo alabak dagokion adina betetzen duenean aurkeztu ahal izango dira eskariak, dekretu honetako 5. artikuluko bigarren paragrafoan elkarbanatutako zaintza- eta babespe-egoeretarako xedatutakoari kalterik eragin gabe.

17. artikulua.– Laguntza-eskabideak eta horiek aurkezteko tokia.

1.– Familia-politikan eskuduna den Saileko sailburuaren Agindu bidez onartutako eskabide normalizatuan aurkeztu behar dira eskaerak. Eskabideen instantzia normalizatuak Eusko Jaurlaritzako Herritarraren Arreta Zerbitzuko bulegoetan emango dira –Zuzenean-, eta gune elektronikoan ere deskargatu ahal izango dira zuzenean (https://euskadi.eus).

2.– Eskabideak aurrez aurre aurkez daitezke Eusko Jaurlaritzako Herritarrentzako Zerbitzuaren bulegoetan (Zuzenean Zerbitzua), edota azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearenak, 38.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean, atal guztiak behar bezala beteta edo, era berean, elektronikoki, Dekretu honen 19. artikuluan zehaztutako terminoetan.

3.– Eskabideek familia-unitateko aitak eta amak diru-laguntzen organo kudeatzaileari euren errenta-mailari buruzko informazioa lortzeko baimena eman ahal izateko atala izango dute, Dekretu honen 23. artikuluaren arabera. Hori baliabide elektronikoen bidez zergekin zerikusia ez duten helburuetarako informazioa emateko Lankidetza Hitzarmena duten Zerga-administrazioetatik aterako da.

Era berean, eskabideek atala izango dute, familia-unitateko aitak eta amak diru-laguntzen organo kudeatzaileari honako hauen inguruko informazioa egiaztatzeko baimena emateko, administrazio eskudunean eta baliabide elektronikoen bidez:

a) Nortasun Agiri Nazionala edo Atzerritarrak Identifikatzeko Zenbakia.

b) Euskal Autonomia Erkidegoko Izatezko Bikoteen Erregistroan existitzen diren datuak.

18 artikulua. - Eman beharreko derrigorrezko agiriak.

1.– Eskaerarekin batera honako agiri hauek aurkeztu behar dira derrigorrez:

a) Familia-unitatea osatzen duten gurasoen nortasunaren egiaztapena. Europar Batasuneko beste estatu kide bateko edo Europako Esparru Ekonomikoari buruzko Akordioan parte hartu duten estatuetako bateko nazionalitatea duten pertsonek pasaportea edo beren herrialdeko nortasun-agiri baliokidea aurkeztuko dute, titularraren nazionalitatea adierazten den heinean, eta gainerako herrialdeetako nazionalitatea duten pertsonek, berriz, Atzerritarra Identifikatzeko Zenbakia (AIZ) edo pasaportea aurkeztu beharko dute edo, hala dagokionean, bizileku iraunkorrerako baimena.

Eskabidea aurrez aurre aurkeztu bada, ez da eskatzailearen NAN edo AIZ aurkeztu behar izango, baldin eta eskaera-ereduan diru-laguntzen organo kudeatzaileari baimena ematen bazaio Barne Ministerioan identitatearen datuak egiaztatzeko edo ziurtatzeko. Halaber, ez da aurkeztu beharko dokumentazio hori, baldin eta bide elektronikoaren bidez aurkeztu bada eta eskatzailea ziurtagiri elektroniko aitortuaren bidez identifikatu bada.

b) Senar-emazteen familia-liburuaren kopia edo, izatezko bikoteen kasuan, erregistratuta dauden Izatezko Bikoteen Erregistroaren ziurtagiria edo hura egiaztatzen duen antzeko dokumentua.

c) Laguntza jaso dezakeen seme edo alaba barne hartzen dituen familia-liburuaren kopia.

Familia-unitatea osatzen duten seme-alaba guztiak familia-liburuan jasota ez badaude, haien jaiotza egiaztatzen duen jaiotza-agiria edo antzeko agiria aurkeztu beharko da, agintaritza eskudunak egina, familia-liburuan agertzen ez diren seme edo alaba bakoitzeko.

d) Eskatzailearen erroldatze-ziurtagiri eguneratua, etxean bizi diren pertsona guztien zerrenda eta eskatzailea udalerrian erroldatu zeneko eguna jasotzen dituena. Ez dute balio izango, aipatutako akreditaziorako, laguntza-eskabidea aurkezten den eguna baino hilabete bat baino gehiagoko aurrerapenez emandako agiriak.

Erroldatze-ziurtagiria ez bada egoitza eraginkorraren froga, edo beharrezkotzat jotzen bada eskaria aurkezten ez duen aitak edo amak azken bi urteetan izan duen bizilekua jakitea, pertsona horren Pertsona Fisikoaren Errentaren gaineko Zergaren (PFEZ) aitorpena zein zerga-administrazioaren aurrean egin behar zuen jakiteko, diru-laguntzak kudeatzen dituen organoak informazio hori egiaztatzen duten agiriak aurkeztea eskatu ahalko du.

Eskatzailea 4.3. artikuluaren bigarren paragrafoan aipatutako salbuespenean sartzen bada, egungo erroldatze-ziurtagiria aurkeztu beharko du, bizilekuan bizi diren pertsona guztien zerrenda barne. Hori ez ezik, salbuespen horren aukera egiaztatuko du(t)en erroldatze-ziurtagiria(k) ere aurkeztuko d(it)u.

e) Telematikoki edo, bestela, eskuragarri dauden baliabideen bidez ezin bada lortu familia-unitatea osatzen duten aitaren eta amaren errenta-mailari buruzko informazioa, PFEZren aitorpena baliabide elektronikoen bidez zergak helburu ez dituen informazioa emateko Lankidetza Hitzarmena ez duen beste zerga-administrazio batzuetan egin duelako edo egitea egokitu zaielako:

– Familia-unitatea osatzen duten aitaren eta amaren PFEZ aitorpenari dagokion Administrazioak egindako likidazioaren kopia (baterako aitorpena zein bakoitzaren banakako aitorpena), eta seme-alaben jaiotzaren, adopzioaren, adopzio aurreko familia-harreraren edo tutoretzaren aurreko bi urte lehenagoko zergaldiari dagokiona edo, mantenu-laguntzen kasuan, laguntzak helburu duen semeak edo alabak urtebete, bi, hiru, lau, bost eta sei urte betetzen dituen urtearen aurreko bi urte lehenagoko zergaldiari dagokiona.

– Ezkontza deuseztatzearen, banatzearen edo dibortzioaren kasuetan, laguntza eragin duten seme edo alaben zaintza eta babespea esleitu zaion aitaren edo amaren errenta-aitorpenari dagokionez Administrazioak egindako likidazioaren kopia aurkeztu beharko da.

– Familia-unitatea osatzen duten aitak edo amak PFEZ aitorpenik egin izan ezean, PFEZi dagozkion errenta eta etekin guztiak adierazten dituen Administrazioak egindako ziurtagiria, seme-alaben jaiotzaren, adopzioaren, adopzio aurreko familia-harreraren edo tutoretzaren aurreko bi urte lehenagoko zergaldiari dagokiona edo, mantenu-laguntzen kasuan, laguntzak helburu duen semeak edo alabak urtebete, bi, hiru, lau, bost eta sei urte betetzen dituen urtearen aurreko bi urte lehenagoko zergaldiari dagokiona.

Era berean, eskabidearen aurreko hiru urteetan, familia-unitatea osatzen duten aitaren edo amaren nortasuna egiaztatzen duen agirian izena zein abizenak nolabait aldatuz gero, edo nortasun-agiria aldatuz gero, eragindako pertsonak atal honetan adierazitako aipatutako agiriak aurkeztu beharko ditu.

f) Laguntza kobratu nahi den aurrezki-libretaren edo banku-kontuaren titulartasun-datuen kopia. Eskatzaileak aurrezki-libretaren edo banku-kontuaren titular izan beharko du, nahitaez.

g) Laguntza eskatzen duen eskatzaileak aitorpen erantzulea egin beharko du honako guztiak egiaztatzeko: diru-laguntzak edo laguntza publikoak jasotzeko aukera galarazten dion administrazio- edo zigor penalik ez duela eta horretarako gaigabetzen duen legezko debekurik ez duela, sexu-diskriminazioa egin izanaren erreferentzia zehatza barne, Emakume eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera.

h) Emandako laguntzak edo diru-laguntzak direla-eta, eskatzaileak ez duela Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomiadunek hasitako itzultze- edo zehapen-prozedurarik irekita dioen aitorpen erantzulea.

i) Gainera, eskaeran eta horrekin batera doan dokumentazioan azaltzen diren datuak egiazkoak direla eta laguntzen onuradun izateko indarrean dagoen arautegiak ezartzen dituen baldintzak betetzen dituela adierazten duen aitorpen erantzulea.

2.– Halaber, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira hurrengo kasuetan:

a) Adopzio kasuetan, adopzio aurreko familia-harreran edo tutoretzetan, hori gauzatzen duen ebazpen judizialaren edo antzeko agiriaren kopia eta, hala badagokio, horren jakinarazpen-data egiaztatzen duen ziurtagiria, adopzioa, adopzioaren aurreko familia-harrera edo tutoretza gauzatzeko eskumena duen agintaritzak emana, betiere.

b) Eskatzailearen ezkontza deuseztatu bada, edo epai judizialen bitartez eskatzailea banandu edo dibortziatu bada, laguntza eragin duten seme edo alaben zaintza eta babespea esleitzen duen edo, kasua izanez gero, hori eskatzeko seme-alaben kopurua zehazteko ebazpen judizialaren kopia aurkeztu beharko da.

Era berean, aurretik aipatutako seme-alaben elkarbanatutako zaintza- eta babespe-egoeretan, ebazpen judizialez ezarria, eta, betiere, elkarbanatutako zaintza eta babespea duten aitak eta amak sinatutako akordioa aurkeztu beharko da. Akordio horretan zehaztuko da bietatik nork eskatzen duen diru-laguntza, 21. artikuluan xedatutakoari jarraiki.

c) Eskatzailea genero-indarkeriaren biktima izanez gero, familien politiken esparruan familia-errenta estandarizatzeko sistemari buruzko uztailaren 24ko 154/2012 Dekretuan ezarritako baliabideren baten genero-indarkeriako egoeraren ziurtagiria.

d) Eskatzaileari edo haren ardurapeko pertsonei % 33ko edo goragoko desgaitasuna onartu bazaie, desgaitasun mailaren berri ematen duen indarreko ziurtagiria aurkeztu beharko da, eskumeneko erakundeak emana.

Bestalde, familia-unitatea osatzen duten pertsonetako batek mendetasun-egoera aitortuta izanez gero, senitartekoa mendetasun-egoeran dagoela egiaztatzen duen ziurtagiria, eskumena duen Administrazioak emana. Ziurtagiri horretan honako hauek zehaztuko dira: mendetasun-maila eta maila bakoitzean duen azpimaila, Autonomia Pertsonala eta Arreta Sustatzeko abenduaren 14ko 39/2006 Legean eta Lege hori garatzen duten arauetan aurreikusitakoaren esparruan.

3.– Mantenu-laguntzei dagozkien eskaerak sinplifikatutako instantzian egingo dira; horietan, horren mantenua eragiten duen hasierako laguntza lortzeko kontuan izandako baldintzak mantentzen direla adierazten duen aitorpen erantzulea sartuko da, aurretik egiaztatutako egoeran izandako edozer aldaketari buruzko ziurtagiriekin batera eta, betiere, artikulu honen lehen paragrafoko d) eta e) ataletan deskribatutako ziurtagiriekin, e) atalean deskribatutako ziurtagirien kasuan, diru-laguntzen organo kudeatzaileari horri buruzko informazioa eskuratzeko baimena eman ezean.

Aurrekoa ez da aplikatuko hori eragiten duen diruz lagundu daitekeen egoerarengatiko laguntza-eskaera aurretik aurkeztu ez den mantenu-laguntzen eskaeretan.

4.– Laguntzak eskatzen dituzten pertsonek zerga-betebeharrak egunean dituztela egiaztatzen duen dokumentazioa automatikoki egiaztatuko du organo kudeatzaileak, behar den aldi guztietan, horretarako eskatzaileen baimenik zertan izan gabe, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren antolarauei buruzko legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretua aplikatuz. Informazio hori telematikoki edo eskuragarri dauden beste baliabide batzuen bitartez lortu ezin ezean, interesdunek zerga-betebeharren betearazpenean egunean daudenaren ziurtagiria aurkeztu beharko dute, laguntza jaso aurretik.

5.– Aurkeztutako atzerriko edozer agiri ofizialki itzulita egon beharko da euskarara edo gaztelerara. Gainera, atzerriko dokumentu publikoak legeztatuta egon beharko dira.

19. artikulua.– Laguntzak elektronikoki izapidetzea.

1.– Prozedura honetako izapide guztiak egiteko, kontsultatzeko eta eskatzeko, onuradunek baliabide elektronikoak erabil ditzakete.

2.– Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak arautzen du izapidetze elektronikoa.

3.– Izapideak egiteko argibideak –aurrez aurre egiteko nahiz bide elektronikoz–, eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak honako egoitza elektroniko honetan daude eskuragarri (https://euskadi.eus/ayuda_subvencion/2014/acrónimo/y22-izapide/es/)

4.– Eskabidea izapidetzeko eta agiriak aurkezteko bide bat edo bestea erabiltzeak, hau da, aurrez aurrekoa edo elektronikoa erabiltzeak, ez du behartzen aurrerantzean ere prozedurako gainerako izapideak egiteko bide bera erabiltzera, eta edozein momentutan alda daiteke aukeratutako bidea.

Eskaeraren osteko izapideak helbide honetan egingo dira, bide elektronikoz: https://www.euskadi.net/misgestiones

20. artikulua.– Eskabidea zuzentzea eta hobetzea.

Aurkeztu beharreko eskaerak eta dokumentazioak arau honetan ezarritako betebehar guztiak biltzen ez baditu, edo horien edukia osatu gabe dagoela aintzat hartzen bada, eskatzaileari eskaera egingo zaio 10 laneguneko epean dokumentazioa osatu edo hutsegiteak konpon ditzan. Halaber, horrelakorik egiten ez badu, haren eskaera baliogabetuko dela jakinaraziko zaio, eta Administrazioak eskaera horri buruzko esanbidezko ebazpena eman eta jakinarazi beharko dio, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992, Legearen 71.1 eta 42.1. artikuluetan ezarritakoa betez.

21. artikulua.– Partekatutako zaintza.

1.– Partekatutako zaintzaren kasuan, ebazpen judizialez, aitak eta amak berariaz adostu beharko dute nork eskatuko duen jaiotza, adopzioa, adopzio aurreko harrera zein tutoretzagatik dagokion diru-laguntza, onuraduna pertsona bakarra izan baitaiteke.

2.– Era berean, aitaren eta amaren arteko akordioa eskatuko da mantenu-laguntzak jasotzeko ere, bai elkarbanatutako zaintza- eta babespe-egoeran dagoen semeak edo alabak sortzen badu diru-laguntzarako eskubidea, eta bai diru-laguntza eragiten ez badu ere, baina laguntza eskatzea eragiten duten seme-alaben kopurua erabakitzeko aintzat hartu behar bada, onuraduna pertsona bakarra baita.

22. artikulua.– Adopzio aurreko familia-harreraren ondoko adopzioa.

Adopzioaren kasuan, horren aurretik familia-harrera izanez gero, aitari eta amari dagokie adopzioaren aurreko harrera formalizatzeko edo, ondoren, adopzioa emateko laguntza eskatzea; nolanahi ere, seme edo alaba berak ez du diruz lagundu daitezkeen bi egoerei dagozkien laguntzak eskatzeko eskubidea emango.

23. artikulua.– Familia-errenta estandarizatua.

1.– Laguntzaren zenbatekoa familia-errenta estandarizatuaren arabera erabakiko da; azken hori kalkulatzeko, berriz, honako irizpide hauek aintzat hartuko dira, uztailaren 24ko 154/2012 Dekretuak, familia-politiken eremuan familia-errentaren estandarizatzeko sistemari buruzkoak, esleitzen dien irismenarekin: familia-unitatearen osaera, familia-errentaren maila eta familia-unitateari dagokion baliokidetasun-koefizientea.

2.– Uztailaren 24ko 154/2012 Dekretuak, familia-politiken eremuan familia-errentaren estandarizatzeko sistemari buruzkoak, 5. artikuluan aipatzen duen familia-errentaren maila honela zehaztuko da: zerga-oinarri orokorra eta familia-unitatea osatzen duten aitaren eta amaren PFEZen aurrezpenaren zerga-oinarria batuz, semeen edo alaben jaiotzaren, adopzioaren, adopzio aurreko familia-harreraren edo tutoretzaren eguna baino bi urte lehenagoko zergaldiari dagokionez edo, mantenu-laguntzen kasuan, laguntza eragiten duen semeak edo alabak urtebete, bi, hiru, lau, bost edo sei urte betetzen duen urtea baino bi urte lehenagoko zergaldiari dagokionez.

Ezkontza-deuseztasun, banantze edo dibortzio kasuetan, hiru kontzeptu hauen batura egingo da: zerga-oinarri orokorra, aita edo ama eskatzailearen (aita edo ama horrek izan behar du seme-alaben zaintza, epai judizialaren arabera) PFEZren aurrezpenaren zerga-oinarria, eta haren egungo ezkontidearen edo izatezko bikotearen diru-sarrerak.

3.– Aurreko paragrafoan ezarritakoaren arabera zehaztutako familia-errentaren maila familia-unitatearen baliokidetza-koefizienteaz zatituko da. Azken hori kalkulatzeko, uztailaren 24ko 154/2012 Dekretuak, familia-politiken eremuan familia-errentaren estandarizatzeko sistemari buruzkoak, 6. artikuluan xedatutakoari men egingo zaio.

4.– Baimena ematen bada, familia-errenta estandarizatua zehazte aldera, zerga-administrazioari errenta-maila erabakitzeko beharrezko informazioa eskatzeko, zerga-administraziotik edo familia-unitatea osatzen duten aitak edo amak adierazitako zerga-administrazioetatik jasotako informazioa soilik hartuko du aintzat diru-laguntzen organo kudeatzaileak, familia-errentaren mailari dagokionez.

Familia-unitatea osatzen duten aitak edo amak errenta-aitorpena egin ez badute, zerga-administrazioan edo –administrazioetan bildutako informazioan oinarrituta zehaztuko da familia-errentaren maila, zergazkoak ez diren xedeetarako baliabide elektronikoen bidezko informazio-horniduraren arloan sinatutako Lankidetza Hitzarmenen babesean eman beharko baitute informazio hori.

24. artikulua.– Laguntzaren gutxieneko zenbatekoa.

Nolanahi ere, laguntzen gutxieneko zenbatekoa esleitzea ebatziko duen estandarizatutako familia-errentatzat joko dira honako kasu hauek:

a) Eskabidea egitean, laguntza eskatzen duen pertsonak horren gutxieneko zenbatekoa eskatzen duenean.

b) Familia-unitatea osatzen duten aitak edo amak baliabide elektronikoen bidez zergazkoak ez diren helburuetarako informazioa emateko Lankidetza Hitzarmena duten zerga-administrazioetatik euren errenta-mailari buruzko informazioa lortzeko diru-laguntzen organo kudeatzaileari baimenik ematen ez diotenean, eta 18.1 artikuluaren e) atalean aipatutako dokumentuak aurkezten ez dutenean, betiere, dekretu honetan ezarritako eta laguntza esleitzen duten gainontzeko baldintzak betetzen dituztela ziurtatzen dutenean, eskaerarekin batera.

c) Familia-unitatea osatzen duten aitak edo amak PFEZ aitorpena egin dutenean edo hori egitea egokitu zaienean, baliabide elektronikoen bidezko zergazkoak ez diren helburuetarako informazioa emateko Lankidetza Hitzarmena ez duen zerga-administrazioaren aurrean, eta 18.1 artikuluaren e) atalean aipatutako dokumentazioa eskaerarekin batera aurkezten ez dutenean, betiere, laguntza esleitzen duten gainontzeko baldintzak egiaztatu dituztenean.

d) Familia-unitatea osatzen duten amak edo aitak errenta-aitorpena aurkezteko beharra izan duenean, beren diru-sarreren mailan oinarrituta eta arlo hori arautzen duen araudiaren arabera, baina espedientean jasotako informazioaren arabera aitorpen hori aurkeztu ez duenean.

25. artikulua.– Ordaintzeko era eta momentua.

Emandako laguntzak ordainketa bakar baten bidez gauzatuko dira laguntza emateko ebazpena jakinarazi ondoren, Dekretu honetako 26.5 artikuluan xedatutakoari kalterik eragin gabe.

26. artikulua.– Kudeaketa, ebazpena, ebazteko epea, errekurtsoak eta publizitate-prozedura.

1.– Dekretu honetan araututako laguntzak kudeatuko dituen erakundea familia-politikaren arloan eskumena duena izango da.

2.– Dekretu honetan aurreikusitako laguntzen esleipena edo ukapena organo kudeatzaileko zuzendariaren ebazpen zehatzaren eta bereiziaren bidez egingo da. Prozesu hori modu jarraituan egingo da, eskabideak jasotako ordenaren arabera.

3.– Eskabideak gehienez ere sei hilabete igaro baino lehen ebatzi eta jakinaraziko dira, eskabidea hura izapidetzeko eskumena duen organoaren erregistroan sartu den egunetik zenbatuta. Epe hori amaitu ostean ez bada berariazko ebazpenik eman, eskaera onartu dela ulertuko da; betiere, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 43. artikuluan ezarritako ondorioetarako.

4.– Laguntzaren esleipen- zein ukapen-ebazpenaren aurka, dagozkion helegiteak aurkeztu ahal izango dira, indarrezko legeriaren arabera.

5.– Dekretu honetako laguntzen onuradunei ez zaie laguntzarik emango, ez emandakoan ordainduko, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta beraren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan itzultze- edo zehatze-prozeduraren bat bukatu gabe eta izapidetzen badute.

27. artikulua.– Bateraezintasunak.

Jaiotzaren, adopzioaren, adopzio aurreko familia-harreraren edo tutoretzaren ondorioz, diru-laguntza eragin duen edozein semeak edo alabak ezin izango du diruz lagundu daitekeen aipatutako beste edozer diru-laguntza berririk jaso, estandarizatutako familia-errenta zehazteko kontuan hartutako familia-unitatearen eraketan, horren aita edo ama sartzen denean.

28. artikulua.– Laguntza bat baino gehiago jasotzea.

1.– II. kapituluan araututako diru-laguntza bateragarria izango da III. eta IV. kapituluetan aurreikusitakoekin, eta metagarria izango da.

2.– Partekatutako zaintzaren kasuan, seme edo alaba bat ezin izango da hainbat onuradunen eskaeretan zenbatu familia-unitate desberdinetako kide gisara. Horri dagokionez, Dekretu honen 21. artikuluan xedatutakoari men egingo zaio.

3.– Ezin izango dira dekretu honetan adierazitako diru-laguntzak esleitu, seme-alabak dituzten familientzako diru-laguntzak arautzen dituzten uztailaren 16ko 176/2002 Dekretuaren edo abenduaren 19ko 255/2006 Dekretuaren bidez diru lagundu daitekeen egoera berarengatik seme-alabak ardurapean dituzten familiak laguntzeko diru-laguntzak jaso dituzten eskatzaileei.

4.– Dekretu honetan aurreikusitako laguntzak bateragarriak izango dira herri-administrazioek helburu berarekin esleitutako edo ezarritako beste batzuekin.

29. artikulua.– Emandako laguntzen argitalpena.

Hiru hilean behin argitaratuko da Euskadi.eus gune elektronikoan dekretu honetan araututako diru-laguntzen emate-ebazpenak jasotzen dituzten espedienteen zerrenda, bai eta haien aldaketak ere, ebazpenak interesdunaren aldekoak izan direnean. Haietan guztietan, espediente-zenbakia, laguntza-ildoa eta emandako laguntzaren zenbatekoa zehaztuko dira.

30. artikulua.– Diru-baliabideak.

1.– Urtero, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan jasoko dira Dekretu honetan aurreikusitako diru-laguntzak finantzatzeko beharrezko baliabide ekonomikoak. Aurrekontu-ekitaldi barruan eman daitezkeen laguntzen zenbateko osoak ezin izango du aurrekontu-kreditu horien zenbatekoa gainditu, ezta hura eguneratzearen ondorioz sortuko dena ere; baldin eta, indarreko legeriaren arabera, aurrekontu-aldaketak onartzen badira.

2.– Publizitate-printzipioa betetzearren, familia-politikaren esparruko Sail eskudunak, sailburuaren Aginduaren bitartez, urtetik urtera emango du dekretu honetan aurreikusitako diru-laguntzak finantzatzeko aurrekontu-zuzkiduraren berri, edo, hala badagokio, zuzkidura hori eguneratzetik eratorriko den zenbatekoaren berri.

31. artikulua.– Ikuskatzea eta kontrola.

Hezkuntza, familia-politikaren esparruko Sail eskudunak Dekretu honen bidez lortu nahi diren helburuak beteko direla bermatzeko beharrezko diren ikuskaritza- eta kontrol-jarduerak egin ahal izango ditu.

32. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

Azaroaren 11ko 1/1997 Lege Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko 50.2 artikuluak adierazitako betebeharrez gain, diru-laguntzen onuradunek honako betebehar hauek ere izango dituzte:

a) Diruz lagundutako egoeren xedea edo izaera funtsean aldatzen duen gertakariren bat sortzen bada, horren berri ematea familia-politikaren esparruko Sail eskudunari, eta sail horri laguntzea jarduera horiek egiaztatu eta ikuskatzean, baita egoera haien jarraipena eta kontrola egiterakoan ere.

b) Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatutako informazio guztia ematea, laguntzen xede direnen fiskalizaziorako.

33. artikulua.– Itzultzeak eta ez-betetzeak.

Laguntzaren onuradunek azaroaren 11ko 1/1997 Lege Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53.1 artikuluko arau-hausteren bat egin badute edo Dekretu honetan eta gainerako arau aplikagarrietan nahiz emakida-ebazpenean ezarritako baldintzaren bat betetzen ez badute, organo kudeatzailearen zuzendariak, dagokion ebazpenaren bidez, emateke dauden zenbatekoak jasotzeko eskubidea galdu duela eta, hala badagokio, jasotako zenbatekoak eta laguntza ordaindu zenez geroztiko legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar dizkiola adieraziko du, bidezkoak diren gainerako jarduketen kaltetan izan gabe. Hori guztia, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntzak bermatzeko eta itzultzeko araubide orokorra arautzen duen eta diru-laguntza horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde lankideek bete beharreko baldintzak, araubidea eta eginbeharrak ezartzen dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoaren arabera. Diru-kopuru horiek sarrera publikotzat hartuko dira bidezko lege-ondorioetarako, eta erantzukizunen araubidea Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 64. artikuluan ezarritakoa izango da.

XEDAPEN GEHIGARRIA.– Elkareragingarritasuna.

Ezkontza zibiletarako, Erregistro Zibilarekin, edo Euskadikoa ez den beste Autonomia Erkidegoetako Izatezko Bikoteen Erregistroekin (edo antzeko beste erregistro batzuekin) elkarreragingarritasun-zerbitzua eskuragarri dagoen unean, eta familia-unitatearen eraketari buruzko datuak egiaztatzeko beharrezko hitzarmenak sinatu direnean, eskatzaileak baimena eman ahal izango dio eskabidean diru-laguntzen organo kudeatzaileari, familia-unitatearen eraketa frogatzen duten datuak egiaztatzeko, zaintza duten pertsonentzat, zein laguntzaren eskubidea ematzen duten seme-alaben aitorpenarentzat.

Halaber, horiek eskuratzeko diru-laguntzen eskatzaileek frogatu beharreko datuak egiaztatzeko aukera ematen duten beste elkarreragingarritasun-zerbitzu batzuk eskuragarri daudenean, eta horiek egiaztatzeko aukera ematen duten informazioa emateko beharrezko hitzarmenak sinatu direnean, eskatzaileak horiek egiaztatzeko baimena eman ahal izango dio eskaeran diru-laguntzen organo kudeatzaileari.

LEHENENGO XEDAPEN IRAGANKORRA.– Uztailaren 16ko 176/2002 Dekretuan, seme-alabak dituzten familientzako diru-laguntzak arautzen dituenean, bildutako egoerak.

Uztailaren 16ko 176/2002 Dekretuan aurreikusitakoari jarraiki, diru-laguntzaren esleipen-ebazpena duten eta urterokoak kobratzeke dituzten diruz lagundu daitezkeen egoeren kasuan, Dekretu horren arabera zuzentzen jarraituko dira, Ebazpen horretan aitortutako kopuru guztiak kobratu arte, eta ez zaie aplikatuko Dekretu honetan ezarritakoa.

BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.– Abenduaren 19ko 255/2006 Dekretuan, seme-alabak dituzten familientzako diru-laguntzak arautzen dituenean, bildutako egoerak.

1.– Abenduaren 19ko 255/2006 Dekretuak, seme-alabak dituzten familientzako diru-laguntzak arautzen dituenak, ezarritakoaren mende egongo dira erabat Lege horren babespean eman diren edo izapidetzen ari diren diru-laguntzak eta, betiere, 2015eko martxoaren 31ra arte gertatu diren eta diruz lagungarriak diren egoera guztiak.

2.– Era berean, 2015ean egoki diren mantenu-laguntzak seme-alabak dituzten diru-laguntzak arautzen dituen abenduaren 19ko 255/2006 Dekretuan ezarritakoaren arabera zuzenduko dira, eta ez zaie aplikatuko Dekretu honetan ezarritakoa.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Seme-alabak dituzten familientzako diru-laguntzak arautzen dituen abenduaren 19ko 255/2006 Dekretua indargabetu egiten da, bai eta, orokorrean, dekretu honetan ezarritakoari kontra egiten dioten xedapenak ere, maila berekoak edo beheragokoak badira.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA.– Ordezko araubidea.

Administrazio prozeduraz dekretu honetan aurreikusi ez den guztian Herri Administrazioaren Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legea aplikatuko da.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA.– Indarrean sartzea.

2015eko apirilaren 1ean sartuko da indarrean dekretu hau.

Vitoria-Gasteizen emana, 2015eko martxoaren 17an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua,

ÁNGEL TARSICIO TOÑA GÜENAGA.


Azterketa dokumentala

Euskadi, auzolana