Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

52. zk., 2015eko martxoaren 17a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA
1275

25/2015 DEKRETUA, martxoaren 10ekoa, Uraren Euskal Agentziaren Estatutuak onartzen dituena.

Ekainaren 23ko 1/2006 Legeak, Urarenak, II. kapituluan Uraren Euskal Agentzia sortu eta arautzen du zuzenbide pribatuko erakunde publiko gisa, haren xedea izanik uraren politikaz arduratzea Euskadiko Autonomia Erkidegoan, administrazioek eta erabiltzaileek osatua antolaketa partekatu batean.

Agentziak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari dagozkion eskumenen esparruan uraren arloaz arduratzen den erakunde den heinean, aipatutako 1/2006 Legearen 7. artikuluan adierazitako eginkizunak betetzen ditu, lege beraren 3. artikuluan jasotako printzipioekin bat.

Abenduaren 18ko 240/2007 Dekretuaren bidez agentziaren estatutuak onartu ziren, agentziaren antolaketa-egituraren eta funtzionamendu-araubidearen erregelamendu bidezko garapen modura, lehen aipatutako 1/2006 Legearen 11.2 artikuluan jaso bezala.

Estatutuen 6. artikuluak agentziaren egitura ezarri zuen, honako organo hauek osatua:

– Gobernu eta zuzendaritzako organoak: Administrazio Kontseilua.

– Partaidetza eta aholkularitzarako organoak: Erabiltzaileen Batzarra eta Euskal Autonomia Erkidegoko Uraren Kontseilua.

– Kudeaketa-organoak: Zuzendaritza Nagusia, eremuen zuzendaritzak eta arroen bulegoak.

– Koordinazio-organoa: Zuzendaritza Batzordea.

Hori horrela, kudeaketa-egitura horien baitan, lau eremuen zuzendaritza ezartzen zituzten estatutuek: Berrikuntza eta Erakundeekiko Harremanetarako Zuzendaritza (10. artikulua), Administrazio eta Zerbitzuen Zuzendaritza (11. artikulua), Plangintza eta Lanen Zuzendaritza (12. artikulua eta Jabari Publikoaren Kudeaketarako Zuzendaritza (13. artikulua).

Agentzia 2008ko urtarrilaren 1ean jarri zen abian, abenduaren 18ko 233/2007 Dekretuaren 1. artikuluak xedatzen zuen eran. Horren bitartez, arautu egin zen Uraren Euskal Agentziaren jardueretako hasiera, bai eta Euskal Herriko Autonomia Erkidegoko Administrazioren giza baliabideak eta materialak agentzia horri atxikitzeko baldintzak ere.

Data horretatik gaur egun arte, haren xede den zerbitzua eman du agentziak, bai eta zerbitzu hori emateko modu egokiena zein den aztertu ere, administrazio publiko den heinean. Ia sei urte hauetan bildutako esperientzia dela eta, berraztertu egin behar izan da agentziaren egitura, eta ondorioztatu da eraginkorragoa izango litzatekeela eremuko zuzendaritzetako bat kentzea.

Hori horrela, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen abenduaren 15eko Lehendakariaren 20/2012 Dekretuaren Azken Xedapenetako Lehenengoan jasotako antolaketa-irizpideak kontuan hartuta, Berrikuntza eta Erakundeekiko Harremanetarako Zuzendaritza kendu egin da eta Administrazio eta Zerbitzuen Zuzendaritza eta Plangintza eta Lanen Zuzendaritza arduratuko dira hari zegozkion eginkizunez, horiek egokitu ostean.

Beste aldaketa batzuk ere egin dira, forma-izaerakoak batez ere; urte hauetan egindako araudi-aldaketetara egokitzeko eguneratzeak izan dira batzuk, beste batzuk alderdi jakin batzuen edukia azaltzeko edo jasotako eginkizunen baten testuingurua ezartzeko egin dira, eta beste batzuk, berriz, legegintza-tekniken ondorioz.

Urari buruzko ekainaren 23ko 1/2006 Legearen 5. eta 11.2 artikuluetan xedatutakoarekin bat, Eusko Jaurlaritzari dagokio, ingurumenaren arloan eskumena duen sailaren proposamenari jarraiki, Uraren Euskal Agentziaren estatutuak onartzea dekretu bidez.

Hori horrela, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren proposamenari jarraiki, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat eta gainerako aginduzko txostenak eman ostean, Gobernu Kontseiluak 2015eko martxoaren 10ean egindako bilkuran gaia eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATU DUT:

Artikulu bakarra.– Uraren Euskal Agentziaren estatutuak onartzea dekretu honen eranskin gisa jasotzen den testuaren arabera.

INDARGABETZE-XEDAPENA

Indargabetuta geratu da 240/2007 Dekretua, abenduaren 18koa, Uraren Euskal Agentziaren estatutuak onartzen dituena.

AZKEN XEDAPENA

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean dekretu hau.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko martxoaren 10ean.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburua,

ANA ISABEL OREGI BASTARRIKA.

ERANSKINA, MARTXOAREN 10EKO 25/2015 DEKRETUARENA
URAREN EUSKAL AGENTZIAREN ESTATUTUAK
I. KAPITULUA
IZENA, IZAERA, HELBIDEA ETA JARDUERA-ESPARRUA

1. artikulua.– Izena eta izaera.

1.– Ekainaren 23ko Uraren 1/2006 Legeak sortu eta estatutu hauen bidez araututako zuzenbide pribatuko erakunde publiko honek Uraren Euskal Agentzia / Agencia Vasca del Agua du izena.

2.– Ekainaren 23ko Uraren 1/2006 Legearen arabera, Uraren Euskal Agentzia (aurrerantzean, Agentzia), zuzenbide pribatuko erakunde publikoa da eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean ingurumen arloko eskumenak dituen sailari atxikita dago, bere izaera juridikoa du, eta 1/2006 Legeak, estatutu hauek eta indarrean dagoen gainerako arauek eman dizkioten eginkizunak betetze aldera jarduteko ahalmen osoa du.

3.– Agentziaren jarduera, kanpoko harremanetan, oro har, zuzenbide zibilaren, merkataritza-zuzenbidearen eta lan-zuzenbidearen pean egongo da, 1/2006 Uraren Legearen 6.2 artikuluan jasotako egintzetan izan ezik; egintza horiek ahalmen publikoak gauzatzea dakarte, eta, beraz, zuzenbide publikoaren mende daude.

4.– Agentziari aplikagarri zaion araubide juridikoaren baitan sartzen dira ekainaren 23ko 1/2006 Uraren Legeak ezarritako arauak, estatutu hauek eta zuzenbide pribatuko erakunde publikoei aplikagarri zaizkien gainerako lege eta xedapen orokorrak. Zehazki, aipatutako lege horren 6.3. artikuluarekin bat, Agentzia zuzenbide publikoaren mende egongo da zerga-arloan, eta aurrekontu-araubideari, ekonomia-kontrolari, ondareari eta kontratazioari dagokienean.

2. artikulua.– Helbidea eta jarduera-esparrua.

1.– Agentziak Gasteizen du egoitza nagusia, eta baditu arroen bulegoak ere.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoa da Agentziaren jarduerarako lurralde-esparrua.

II. KAPITULUA
XEDEA ETA EGINKIZUNAK

3. artikulua.– Xedea.

Agentziaren xedea da uraren politikaz arduratzea Euskal Autonomia Erkidegoan, administrazioek eta erabiltzaileek osatua antolaketa partekatu batean.

4. artikulua.– Eginkizunak.

Agentziak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari dagozkion eskumenen esparruan uraren arloaz arduratzen den erakunde den heinean, ekainaren 23ko 1/2006 Uraren Legearen 7. artikuluan adierazitako honako eginkizun hauek beteko ditu:

a) Lege horretan plangintza hidrologikorako aurreikusitako tresnak prestatu eta Jaurlaritzari bidaltzea, eskumena duten erakundeetan agiri horiek onartu, aldatu edo izapidetu daitezen.

b) Estatuko plangintza hidrologikoan parte hartzea, erkidego arteko arro hidrologikoei dagokienean, gai horretan indarrean dagoen araudiari jarraituz.

c) Jabari publiko hidraulikoa babesteko zereginez arduratzea, bereziki administrazioaren emakida eta baimenak ematea eta jabari publiko hidraulikoa zaindu eta ikuskatu eta araudiarekin bat ez datorren arau-hausteetan zehapenak ezartzea.

d) Bere jardunaren arloko gaietan xedapen orokorren proiektuak egitea eta Euskal Autonomia Erkidegoko agintari eskudunei helaraztea.

e) Estatuko Administrazioak eskualdatutako, eskuordetutako edo agentziaren ardurapean jarritako eskumenak.

f) Interes orokorreko obra hidraulikoak.

g) Uren Erregistro Nagusiaren antolamendu eta funtzionamendua.

h) Gune Babestuen Erregistroaren antolamendu eta funtzionamendua.

i) Indarrean dagoen araudiaren arabera ezarri beharreko kanon eta tributuei buruzko azterketak eta txostenak egitea.

j) Uraren arloan indarrean dagoen legediak ezarritako tributuak kudeatu, kitatu, ikuskatu eta biltzea.

k) Hasierako onarpenaren ondoren, plan orokor, arau subsidiario, zatiko plan eta plan bereziei buruzko txosten lotesleak egitea. Txosten horiek udal-plangintzaren eta jabari publiko hidraulikoaren babes eta erabileraren arteko harremanari buruzkoak izango dira soilik, gaiarekin edo ingurumenarekin duten loturagatik aplikatzekoak diren beste lege batzuek xedatzen dutena gorabehera. Bi hilabeteko epean txostena egin eta jakinarazten ez bada, aldekotzat ulertuko da.

l) Hasierako onarpenaren aurretik, plan orokor, arau subsidiario, zatiko plan eta plan bereziei buruzko txosten lotesleak egitea. Txosten horiek Euskal Autonomia Erkidegoko interes orokorreko obren eta udal-plangintzaren arteko harremanari buruzkoak izango dira soilik, gaiarekin edo ingurumenarekin duten loturagatik aplikatzekoak diren beste lege batzuek xedatzen dutena gorabera. Bi hilabeteko epean eman eta jakinarazten ez bada, aldekotzat ulertuko da.

m) Uholde-arriskugarritasuna duten guneetan, pertsonen eta ondasunen segurtasuna bermatze aldera, beharrezko jotzen diren erabilera-mugak jartzeaz Jaurlaritzari proposamena egitea.

n) Lehorretik itsasorako isurketak egiteko baimena ematea.

ñ) Itsas-lehorreko zortasun-eremuan baimenak ematea eta gune horiek zaintzea, ikuskatzea eta horietan izandako arau-hausteak zehatzea.

o) Bere eskumeneko arloekin zerikusia duten diru-laguntzak ematea.

p) Bestelako lege eta erregelamenduek Agentziari emandako gainerako eginkizunak bereziki uraren hornidurarekin, saneamenduarekin eta ureztatzearekin zerikusia dutenetan, eta baita kudeaketa-organoak eta erabiltzaileen elkarteak kontrolatzearekin zerikusia dutenetan ere; gehi emango dizkioten bestelakoak ere bai.

q) Arloko eskumenak dituzten administrazioekin koordinatuta, jabari publiko hidraulikoaren babesa eta zaintza bermatzea.

5. artikulua.– Printzipio orokorrak.

1.– Agentziak bere gain dituen eginkizunak eta eskaini beharreko zerbitzuak modu eraginkorrean betetzea bermatu beharko du, erabiltzaileen parte hartze-printzipioarekin bat etorriz, eta gainerako administrazioen eskumenekiko eta partikularren eskubide eta interesekiko errespetu osoz.

2.– Agentziaren jarduera Urari buruzko ekainaren 23ko 1/2006 Legearen 3. artikuluan adierazitako ondorengo printzipio nagusietan oinarrituko da:

a) Demarkazio hidrografikoak kudeatzerakoan eta horien plangintza egiterakoan, kudeaketaren eta plangintzaren batasuna errespetatzea.

b) Tratamendu eta plangintza integrala, uraren ekonomia, baliabidearen iraunkortasuna, uraren egoeraren kontrola eta uraren erabilera arrazionala.

c) Koordinazioa, administrazioen arteko lankidetza, gardentasuna eta uraren inguruko politika zehaztu eta ezartzerakoan erakunde eta pertsona erabiltzaileek ere parte hartzea.

d) Uraren kudeaketa publikoa bateragarria izatea lurraldearen antolamenduarekin eta ingurumena kontserbatu, babestu eta lehengoratzearekin.

e) Eraginkortasunez eskaintzea hornidurako, saneamenduko eta arazketako zerbitzu publikoak, betiere lehenengo helburutzat hornidura unibertsala hartuta.

f) Solidaritatea erantzukizuna eta erabiltzileak uraren kudeaketak eragindako kostuak ordaintzea.

g) Uraren inguruko informazioa herritar guztiek eskuratu ahal izatea, eta bereziki isurketei eta ur-masen egoerari buruzko informazioa jaso ahal izatea.

h) Urak eragindako uholde eta hondamendiei aurrea hartzeko politika.

i) Ura merkatuko legeetatik eta salerosketa asketik kanpora dagoen ondasun publikotzat hartzen duen politika.

III. KAPITULUA
EGITURA ORGANIKOA

6. artikulua.– Egitura.

1.– Agentzia ondorengo organoetan egituratu da bere gobernu, zuzendaritza, koordinazio, partaidetza eta aholkularitzarako:

1.1.– Gobernu eta zuzendaritzako egiturak: Administrazio Kontseilua.

1.2.– Partaidetza eta aholkularitzarako organoak:

a) Erabiltzaileen Batzarra.

b) Euskal Autonomia Erkidegoko Uraren Kontseilua.

1.3.– Kudeaketa-organoak:

a) Zuzendaritza Nagusia.

b) Eremuen zuzendaritzak:

b.1.– Administrazio eta Zerbitzuen Zuzendaritza.

b.2.– Plangintza eta Lanen Zuzendaritza.

b.3.– Jabari Publikoa Kudeatzeko Zuzendaritza.

c) Arroen bulegoak:

c.1.– Mendebaldeko Kantauriar Arroen Bulegoa.

c.2.– Ekialdeko Kantauriar Arroen Bulegoa.

c.3.– Mediterraneoko Arroen Bulegoa.

1.4.– Koordinazio-organoa:

Zuzendaritza Batzordea.

2.– Agentziako Administrazio Kontseilua izango da eremuen zuzendaritzetako eta arroen bulegoetako barne egitura ezarri eta haien aldaketak onartuko dituena, zuzendari nagusiak hala proposatuta.

7. artikulua.– Zuzendaritza Nagusia.

1.– Zuzendaritza Nagusia Agentzia kudeatu eta ordezkatzen duen pertsona bakarreko organoa da, ekainaren 23ko Uraren 1/2006 Legearen 11.6 artikuluak ezartzen duen bezala.

2.– Zuzendari nagusiari dagokio Agentziaren maila goreneko zuzendaritza eta bere eginkizunak zuzendu, koordinatu, bultzatu eta gainbegiratzea. Ondorengo egitekoak izango ditu bereziki:

a) Agentziaren eskumeneko diren administrazioaren emakidak eta baimenak ematea, ura aprobetxatu eta erabiltzeko, nahiz jabari publiko hidraulikoa erabiltzeko eta hondakin-urak isurtzeko.

b) Lehorretik itsasorako isurketen baimenak eta itsas zortasun eremuko baimenak ematea.

c) Jabari publiko hidraulikoaren administratze-lanetan, erkidego arteko arroei dagozkien administrazio-espedienteen ebazpen-proposamena egitea.

d) Agentziaren eskumenen barruan, indarrean dagoen legerian uraren gainean ezarritako tributuak kitatzea.

e) Zehatzeko ahalmena erabiltzea arau-hauste arin eta larrietan, eta, behar denean, espedienteak jurisdikzio penalera bidaltzea.

f) Zehatzeko ahalmena erabiltzeko behar dituen kautelazko eta behin behineko neurriak hartzea eta Urari buruzko ekainaren 23ko 1/2006 Legearen 61. artikuluan ezarritako hertsapen-isunak jartzea.

g) Lankidetza hitzarmenak sinatzea erakunde publiko eta pribatuekin, Agentziak bere eginkizunak hobeto bete ditzan.

h) Agentziaren eskumenekin zerikusia duten gaietan oinarriak ezarri eta diru-laguntzak ematea.

i) Urtero Administrazio Kontseiluari ekintza-, inbertsio- eta finantzaketa-programen proposamenak eta dagozkien balantzeak eta memoria aurkeztea.

j) Agentziaren aurrekontuaren konturako gastuak onartzea, 5.000.000 eurokoak edo txikiagoak direnean.

k) Euskadiko Ondarearen Legeari jarraituz Agentziari dagozkion eskumenak erabiltzea, espresuki beste organo baten esku utzita ez daudenean.

l) Agentziako langile-plantillaren onespena proposatzea.

m) Agentziako lanpostuak betetzeko prozeduretarako deia egin eta ebaztea.

n) Kontratazio-organoaren egitekoak betetzea, Dekretu honen 20.3 artikuluan adierazitakoa kaltetu gabe.

ñ) Administrazio Kontseiluak bere esku utzi ditzakeen gainerako eginkizunak.

3.– Agentziaren zuzendari nagusia Eusko Jaurlaritzak izendatuko du ingurumen-arloan eskumenak dituen sailburuaren proposamenarekin bat, Administrazio Kontseiluaren iritzia entzun eta Erabiltzaileen Batzarrari jakinarazi ondoren.

4.– Agentziaren zuzendari nagusia goi-kargua izango da, eta aurretik eginkizun publikoren bat betetzen ari bazen, zerbitzu berezien egoeran egongo da.

5.– Agentziaren zuzendari nagusiari Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan Eusko Jaurlaritzako sailburuordeentzat ezarrita dagoen ordainsaria dagokio.

6.– Agentziaren zuzendari nagusiaren postuak dagozkion eginkizunetarako dedikazio osoa eta esklusiboa eskatzen du; hortaz, Euskal Autonomia Erkidegoko araudian ezarritako funtzio publikoetan jarduteagatiko bateraezintasun-araubidea aplikatuko zaio, eta jarduerak eta ondarezko eskubide eta ondasunak adierazteko eskatuko diote.

8. artikulua.– Eremuen zuzendaritzak.

1.– Eremuen zuzendariak erakundeko zuzendari nagusiaren mende egongo dira, eta egitura-unitate baten zuzendaritzaz arduratuko dira ondorengo eskumenekin:

a) Zuzendaritzaren jarduerak zuzendu, koordinatu, sustatu eta haien jarraipena egitea, Zuzendaritza Nagusiaren gidaritzapean.

b) Zuzendaritzaren zerbitzuak eta lanerako sistemak antolatzea, Administrazio eta Zerbitzuen Zuzendaritzak gai horretan izan ditzakeen eskumen orokorrak kaltetu gabe.

c) Zuzendaritzari dagozkion izapidetzeetan egoki iritzitako ebazpenak Zuzendaritza Nagusiari proposatzea, bai eta bere eskumeneko gaiez ebaztea ere.

2.– Agentziaren zuzendari nagusiak, Agentziak dituen eginkizunak hobeto betetze aldera, badu ahalmena eremuen zuzendaritzei bestelako eginkizunak ere egin ditzaten eskatzeko, zuzendaritza bakoitzari dagozkionak jasotzen dituen artikuluetan espresuki ezarrita izan ez arren.

3.– Administrazio Kontseiluak izendatzen ditu eremuen zuzendariak, egokitasunaren irizpideari eta merezimendu eta gaitasun printzipioei jarraituz.

4.– Eremuen zuzendariek Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Haien Interes Gatazkak Arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legea eta hura garatzeko araudia bete beharko dituzte, eta euren gain utzitako zereginetan ebaluatuak izango dira, eraginkortasun eta efizientzia irizpideei zein kudeaketa-erantzukizunari eta ezarri zaizkien helburuen arabera emaitzen kontrolei dagokienean.

9. artikulua.– Zuzendaritza Batzordea.

1.– Agentziak Zuzendaritza Batzordea izango du Agentziako organoen arteko koordinazioa egokia dela ziurtatzeko.

2.– Zuzendaritza Batzordea Zuzendaritza Nagusiaren kontsulta eta aholkularitzarako organoa da. Batzorde horretan eremuen zuzendaritzetako proiektuak, programak eta helburuak aztertzen dira.

3.– Zuzendaritza Batzordeko kide izango dira zuzendari nagusia eta eremuen zuzendaritzetako zuzendariak. Bilkuran landuko diren gaien arabera, zuzendari nagusiak deitutako pertsonak ere Batzordearen bilkuretara joan ahal izango dira.

10. artikulua.– Administrazio eta Zerbitzuen Zuzendaritza.

Administrazio eta Zerbitzuen Zuzendaritzak honako eginkizun hauek ditu:

a) Agentziaren aurrekontua landu eta kontrolatzea.

b) Agentziaren kontabilitatea, diruzaintza eta zorpetzea kudeatzea.

c) Agentziaren ondarea administratzea.

d) Agentziaren diru-sarrerak kudeatu, programatu, bildu, administratu eta kontrolatzea, eta baita tributuei dagozkien jarduerak egiaztatu eta ikuskatzea ere.

e) Agentziaren gizarte-erantzukizun korporatiboaren politika kudeatzea.

f) Agentziaren aholkularitza juridikoa kudeatzea.

g) Urari buruzko ekainaren 23ko 1/2006 Legean aurreikusitako organoei laguntza teknikoa ematea eta idazkaritza-lanak gauzatzea horietan.

h) Agentziaren eskumeneko gaien txosten juridikoak egitea, eta Euskal Autonomia Erkidegoko zerbitzu juridikoekin koordinatuta epaiketetan Agentzia ordezkatu eta defendatzea.

i) Agentziaren eskumeneko gaietan, administrazio nahiz jurisdikzio bideko errekurtsoen gaineko txostenak egitea.

j) Agentziaren eskumeneko gaietan izaera orokorreko xedapen-proposamenak lantzea.

k) Agentziaren kontratazio-espedienteak izapidetzea, bai eta indarrean dagoen legerian aurreikusitako kontratazio-arloko beste edozein lan egitea ere.

l) Desjabetzetan, Agentzia onuraduna izan eta bidezkoa den kasuetan, desjabetze horien instrukzioa egin eta gauzatzea.

m) Agentziaren eskumeneko gaietan, zehapen-espedienteen eta hertsapen-isunak ezartzeko espedienteen instrukzioa egitea.

n) Agentziaren eskumeneko gaietan, ondare-erantzukizuneko espedienteen instrukzioa egitea.

ñ) Agentziaren zerbitzu orokorrak kudeatzea.

o) Agentziako langileak kudeatzea, Agentziaren Zuzendaritza Nagusiak ezarritako irizpideei jarraituz.

p) Agentziako langileen prestakuntzarako eta hobekuntzarako planak eta programak kudeatu eta koordinatzea.

q) Lan-arriskuen prebentzioaren inguruko jarduerak zuzendu eta antolatzea.

r) Informazio-sistemak antolatu eta garatzea, eta programa eta ekipamendu informatikoak mantentzeko lanak egitea. Halaber, datu pertsonalen babesari buruzko araudia betetzen dela bermatzea.

s) Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako legedia betetzen dela bermatzea.

t) Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoetan euskararen erabilera normalizatzeko legeriak dakartzan betebeharrak betetzen direla bermatzea.

u) Komunikazio-politika eta Agentziak komunikabideekin eta komunikazio-agentziekin dituen harremanak koordinatzea, eta bere bitartekoen bidez informazioa zaintzea.

v) Agentziak duen informazioa eta jakintza kudeatzea.

w) Ingurumenari buruzko informazioa kudeatzea, informazio hori eskuratzeko aukera bermatzea eta parte-hartze publikoa sustatzea ingurumenaren eta uraren alorretan.

x) Uraren arloko lankidetza-programetan eta -proiektuetan parte hartzea.

y) Agentziaren jarduera koordinatzea Europako eta nazioarteko esparruan, Lehendakaritzaren Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiarekin lankidetza estuan.

z) Uraren arloari dagokionez, Milurteko Garapen Helburuen oharrak kontuan izatea.

11. artikulua.– Plangintza eta Lanen Zuzendaritza.

Plangintza eta Lanen Zuzendaritzak honako eginkizun hauek ditu:

a) Urari buruzko Europako zuzentarauak ezartzearekin eta betetzearekin lotutako lanak eta txostenak koordinatzea.

b) Plangintza hidrologikoari eta horren berrazterketari eta jarraipenari buruzko dokumentazioa sortzea, bai eta horrekin lotutako planei buruzkoa ere; barne hartuz uholde-arriskua kudeatzeko plan eta lehorte-plan bereziez gain, Batasunaren zuzentarauak garatuz beste edozein plan ere bai.

c) Agentziaren jardute-eremuetan inbertsioen plangintza eta programazioa egitea, eta ur-erabileren eta neurrien programak duen kostu/eraginkortasunaren azterketa ekonomikoa egitea.

d) Hiri-antolamendurako tresnei hasierako onespena eman aurretik, horien gaineko txosten lotesleen proposamena egitea, Urari buruzko ekainaren 23ko 1/2006 Legearen 7. artikuluaren l) paragrafoarekin bat.

e) Egiturazko antolamenduko planei hasierako onespena eman ondoren, horien gaineko txosten lotesleen proposamena egitea, Urari buruzko ekainaren 23ko 1/2006 Legearen 7. artikuluaren k) paragrafoarekin bat.

f) Eskariak ondo kudeatzeko planak, programak eta ekintzak egitea, Urari buruzko ekainaren 23ko 1/2006 Legearen 37. artikuluaren e) paragrafoarekin bat.

g) Uraren eta itsasertzaren alorreko administrazio-emakidei buruzko txostenak egitea.

h) Azterlan, txosten eta proposamenak egitea jabari publiko hidraulikoa eta itsas-lehorrekoa zein horien zortasun- eta babes- eremuak mugatzeko, bai eta uholde-arriskuguneetan erabilera mugatzeko, neurriz gain ustiaturiko akuiferoak izendatzeko eta babeserako perimetroak ezartzeko ere.

i) Uholdeez abisatzeko eta horiek kontrolatzeko sistema antolatzea babes zibilaren gaietan eskumena duten organoekin lankidetzan.

j) Agentziaren eskumeneko diren azpiegitura hidraulikoen kudeaketa kontrolatu, sustatu eta gauzatzea, berari atxikitako urtegiak barne.

k) Proiektu eta obra hidraulikoak zuzendu, gainbegiratu eta gauzatzea, jabari publikoa leheneratzeko, berritzeko eta konpontzekoak barne.

l) Urtegietako segurtasun-arauen gaineko eginkizun teknikoak egitea.

m) Ekainaren 23ko 1/2006 Uraren Legearen 37. artikuluak azpiegitura hidraulikoen gaietan Agentziari aitortzen dizkion kontrol- eta gainbegiratze-lana egitea.

n) Agentziaren informazio geografikoko sistemak diseinatzea, lantzea eta kudeatzea.

ñ) Azaleko eta lurrazpiko uren egoeraren jarraipena egiteko sareak kudeatzea, bai eta Agentziaren kontrol hidrologikoko estazioak ere.

o) Behar diren ikerketak egitea klima-aldaketak uraren arloan izan ditzakeen eraginak egiaztatze eta minimizatze aldera.

p) Uraren arloko lankidetza zientifikoa eta teknikoa sustatzea, bai eta espezialisten arteko lan- eta esperientzia-trukeak ere, eta urarekin lotutako berrikuntza-, ikerketa- eta garapen-programak lantzen eta gauzatzen laguntzea.

q) Uraren arloan hezkuntzari, prestakuntzari eta sentsibilizazioari begirako ekintzak proposatzea eta gauzatzea.

12. artikulua.– Jabari Publikoa Kudeatzeko Zuzendaritza.

Jabari Publikoa Kudeatzeko Zuzendaritzak honako eginkizun hauek ditu:

a) Erkidego barruko arroetako jabari publiko hidraulikoa eta itsas-lehorreko jabari publikoa kontrolatu eta administratzea, eta baimen eta emakidetarako proposamenak egitea.

b) Erkidego arteko arroetako jabari publiko hidraulikoa kontrolatu eta administratzea, eta baimenak eta emakidak emateko proposamenak egitea.

c) Uren Erregistro Nagusia eta Gune Babestuen Erregistroa antolatu eta kudeatzeko lanak egitea.

d) Antolamendurako plan xehatuei hasierako onespena eman ondoren, horien gaineko txosten lotesleen proposamenak egitea, Urari buruzko ekainaren 23ko 1/2006 Legearen 7. artikuluaren k) paragrafoarekin bat.

e) Dagokienean, ur kontinentalen, aprobetxamenduen eta obra hidraulikoen alorreko tasa eta kanonen zenbatekoaren proposamena lantzea.

f) Uraren arloko ikuskaritza-lanak eta kontrolak egitea.

13. artikulua.– Arroen bulegoak.

1.– Arroen bulegoak Agentziaren kudeaketarako eta ordezkaritzarako organo deszentralizatuak dira.

2.– Arroen Bulegoen lurralde-eremua, EAEko errealitate hidrologikoari erantzunez, honako hau da:

a) Mendebaldeko Kantauriar Arroen Bulegoa, Kalera ibaitik Artibai ibairaino, biak barne.

b) Ekialdeko Kantauriar Arroen Bulegoa, Deba ibaitik Bidasoa ibairaino, biak barne.

c) Mediterraneoko Arroen Bulegoa, urak Ebro ibaira isurtzen dituzten arro hidrografikoei dagokie, Ebro bera barne.

3.– Arroen bulegoak Zuzendaritza Nagusiaren mendekoak dira organikoki, eta funtzionalki, berriz, dagokien zuzendaritzaren mendekoak, eta dagokien lurralde bakoitzean ondorengo egitekoak eman zaizkie:

a) Agentziarenak diren eskumenetan legeak eta xedapenak betetzen direla zaintzea.

b) Arroen Bulegoko zerbitzu orokorrak administratzea.

c) Bulegoa osatzen duten sailen eta organoen ekintzak koordinatzea.

d) Itsas-lehorreko jabari publikoko babes-zortasunaren eremua erabiltzeko eta bertan jarduerak egiteko administrazio-baimenei hasiera eman eta izapidetzea, bai eta, itsasertza babesteko betebeharrean, hura erabiltzeko eskatzen diren baimenak ere ematea, eta horien gaineko txostenak egitea.

e) Legezko zortasun-espedienteei, jabari publiko hidraulikoko emakida eta baimen-espedienteei, zortasun-eremu zein zaintza-eremuen baimen-espedienteei eta kontinenteko zein kostaldeko uretan isurketak egiteko baimen-espedienteei hasiera eman eta izapidetzea.

f) Emakiden onuradunek edo baimenen titularrek euren tituluetan jasota dauden baldintzak bete egiten dituztela ikuskatu, zaindu eta kontrolatzea.

g) Urari eta kostaldeari buruzko legedia bete egiten dela ikuskatu, zaindu eta kontrolatzea.

IV. KAPITULUA
LANGILEAK, EKONOMIA-ARAUBIDEA, ONDARE-ARAUBIDEA ETA KONTRATAZIO-ARAUBIDEA

14. artikulua.– Agentziako langileak.

1.– Urari buruzko ekainaren 23ko 1/2006 Legearen 8. artikuluari jarraituz, Agentziako lanpostuak horretarako kontratatutako langileen bidez edota Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioetako langileen bidez beteko dira, lanpostu bakoitzaren egitekoek zein izaera duten kontuan izanda.

2.– Agentziaren esku dago lanpostuak betetzeko sistema erabakitzea, hautespen-proben baldintzak eta ezaugarriak zehaztea nahiz lanpostuak betetzeko eta laneko sustapeneko prozeduretarako deiak egitea eta horiek kudeatu eta ebaztea, betiere publizitate-, meritu- eta gaitasun-printzipioekin bat. Euskara badakitela egiaztatu beharko dute gainera, Euskal Autonomia Erkidegoko Erakunde Orokorretako langileei eskatzen zaien moduan.

3.– Funtzionarioentzat gordetako lanpostuak lehiaketa bidez edo izendapen aske bidez beteko dira Agentziako Zuzendaritza Nagusiak deialdia egin ondoren. Deialdi horretan Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioetako funtzionarioek hartu ahal izango dute parte, betiere, lanpostu bakoitzerako eskatzen diren baldintzak betetzen badituzte.

4.– Kontratupeko langileentzat gordetako lanpostuak, berriz, Agentziako Zuzendaritza Nagusiak egindako deialdi publiko bidez beteko dira, enplegu publikoa eskuratzeko ezarritako printzipioak zorrotz betez.

5.– Agentziako Erabiltzaileen Batzarrak onartuko du Agentziako langile-plantilla.

6.– Agentziaren Administrazio Kontseiluak onartuko du lanpostu-zerrenda, zuzendari nagusiak proposamena egin ondoren. Lanpostu-zerrenda Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da. Lanpostu-zerrenda onartzeko Funtzio Publikoaren arloan eskumena duen sailaren aginduzko txostena beharko da aurretiaz. Lanpostu-zerrenda lantzeko EAEko Administrazio Orokorrerako eta bere erakunde autonomoetarako oro har ezarritako irizpideak izango dira kontuan.

15. artikulua.– Hizkuntza-araubidea.

Agentziak bermatu egingo ditu azaroaren 24ko 10/1982 Euskararen erabilera normalizatzeko oinarrizko Legean eta indarrean dagoen gainerako araudian herritarrei aitortzen zaizkien hizkuntza eskubideak.

Horretarako, apirilaren 15eko 86/1997 Dekretua, Euskadiko Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duena betez, Agentziak euskararen normalizaziorako plan bat izango du eta horrek, beste gauza batzuen artean, zerbitzu bakoitzerako aplikagarri izango liratekeen hizkuntza-helburuak eta horiek benetan lortzera bideratutako neurriak ezarri beharko ditu.

16. artikulua.– Ondare-araubidea.

1.– Euskadiko ondarearen barruan, Agentziaren ondare izango dira bere titulartasuneko ondasun eta eskubideak, Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuan ezarritakoari jarraituz.

2.– Uraren Euskal Agentziari dagozkio bere titulartasuneko eta berari atxikitako ondasun eta eskubideen gaineko ahalmenak, aipaturiko Euskadiko Ondareari buruzko Legearen Testu Bateginean xedatutakoarekin bat.

3.– Ez dira Agentziaren ondare izango Urari buruzko ekainaren 23ko 1/2006 Legeak agindutakoa betetzeko beste herri-administrazio batzuetara atxiki beharreko ondasunak.

4.– Agentziari atxikitako ondasunen eta eskubideen jarraipena egingo da haren ondare-kontabilitatearen bidez. Era berean, Agentziak bere lankidetza osoa eskainiko dio EAEko Administrazio Orokorrean horretarako eskumena duen organo eskudunak inbentario orokorra egin dezan.

17. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Agentziak, bere helburuak bete ditzan, Urari buruzko ekainaren 23ko 1/2006 Legearen 9. artikuluan adierazitako honako diru-baliabide hauek izango ditu:

a) Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan urtero zehaztuko den kopurua.

b) Diru-laguntzak, Estatuaren edo foru-administrazioen eta toki-administrazioen ekarpenak eta agentziaren alde egindako donazioak.

c) Bere jardunak ematen dizkion diru-sarrerak, ohikoak nahiz ohiz kanpokoak.

d) Hala badagokio, eta Euskadiren Ondarea arautzen duen legeriaren arabera bere ondarea osatzen duten ondasun eta balioak, eta horien fruitu eta errentak.

e) Uraren arloko tributuen bilketari dagozkion diru-sarrerak.

f) Zehapenen ondorioz eskatutako diru-sarrerak.

g) Jabari publiko hidraulikoari eragindako kalte-galerengatik ezarritako ordainak, jabari horretako uren zaintza agentziaren ardura bada, edo agentziaren ondasunei nahiz berari atxikitakoei eragindako kalte-galerengatik ezarritakoak.

h) Beste edozein baliabide, legez berari eman dakiokeena baldin bada.

18. artikulua.– Aurrekontu- eta finantza-araubidea.

1.– Agentziak urtero landu eta onartzen du bere aurrekontu- aurreproiektua, Urari buruzko ekainaren 23ko 1/2006 Legearen 10. artikuluan jasota dagoen moduan.

2.– Agentziak indarrean dagoen Zuzenbide publikoa bete behar du tributuen, aurrekontu eta kontrol ekonomikoaren araubidearen arloetan, Urari buruzko ekainaren 23ko 1/2006 Legearen 6.3 artikuluan xedatutakoa betez.

3.– Agentziaren Administrazio Kontseiluari dagokio 5.000.000 eurotik gorako gastuak baimentzea.

19. artikulua.– Kontrol ekonomikoaren eta kontabilitatearen araubidea.

1.– Ekonomia-, finantza- eta kudeaketa-kontrolaren bidez zertuko da Agentziaren ekonomia-kontrola, Ekonomia Kontrolaren eta Kontabilitatearen ekainaren 30eko 14/1994 Legean eta lege hori garatzen duen araudian ezarritakoarekin bat etorriz.

2.– Agentziak berak darama dagokion informazio ekonomiko-finantzarioa, Kontabilitate Plan Orokorraren irizpideen arabera landua. Zuzenbide Pribatuko Erakunde Publikoentzat Euskal Autonomia Erkidegoko araudian ezarritakoa eta helburu bererako Kontrol Ekonomikoko Bulegoak ezartzen dituen jarraibideak beteko ditu informazio ekonomiko-finantzario horrek.

20. artikulua.– Kontratazioko araubidea.

1.– Agentziak egiten dituen kontratazioetan Sektore Publikoaren Kontratuen legeriaren ondorioetarako herri-administraziotzat jotzen diren botere esleitzaileei aplika dakiekeen kontratuen legeria aplikatzen du.

2.– Agentziaren zuzendari nagusia izango da Agentziaren kontratazio-organoa eta berari dagokio, halaber, entitateekin prestazio jakin bat hitzartzeko negozio juridikoak egitea, betiere, sektore publikoaren kontratazio-arauetan ezarritakoarekin bat entitateok Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren baliabide propio eta zerbitzu teknikotzat jotzen badira.

3.– Agentziaren Administrazio Kontseiluari dagokio 5.000.000 eurotik gorako aurrekontua duten kontratuak baimentzea.

4.– Agentzian kontratazio-mahai bat egongo da, EAEko Administrazioan kontratazio-araubideari buruzko ekainaren 5eko 136/1996 Dekretuan ezarritako moduan eratuko dena.

21. artikulua.– Merkataritza-sozietateak, partzuergoak eta mankomunitateak.

1.– Agentziak merkataritza-sozietateak sortzeko edota erakunde publiko zein pribatu batzuek sortuak dituzten beste sozietate batzuetan parte hartzeko proposamena egin diezaioke Gobernu Kontseiluari, baldin eta bere eskumeneko eginkizunetarako komeni bada, eta betiere, finantzen eta ondarearen arloan Euskal Autonomia Erkidegoan aplikatu beharreko araudi orokorra errespetatuz.

2.– Agentziak mankomunitateak, partzuergoak edota arlo horretan aplika daitekeen araudi orokorrean toki erakundeentzat aurreikusitako beste elkarte batzuk sortzea susta dezake, uraren ziklo integrala modu eraginkorragoan kudeatua izan dadin.

3.– Agentziak Administrazio Kontseiluaren berariazko baimena izan beharko du toki-erakundeen arteko edonolako elkarteetan parte hartzeko.

4.– Agentziak toki-erakundeei, partzuergoei edota eragindako erakunde menpekoei bere eskumeneko diren jarduera materialak edo teknikoak egiteko agindua eman ahal izango die, agentziaren eskumeneko eginkizunekin zerikusia duten herri administrazioen arteko harremanetan izan beharreko koordinazio eta lankidetza printzipioak betez eta dagozkion eginkizunak modu eraginkorragoan betetze aldera.


Azterketa dokumentala