Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

41. zk., 2015eko martxoaren 2a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

IRAGARKIAK

Pribatuen iragarkiak

SOCIEDAD PARA LA TRANSFORMACIÓN COMPETITIVA-ERALDAKETA LEHIAKORRERAKO SOZIETATEA, S.A.
1016

IRAGARKIA, «Finantza Laguntzak (Afi)» Programaren araudia onartzeari buruzkoa.

Sociedad para la Transformación Competitiva – Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A.ren Administrazio Kontseiluak 2014ko abenduaren 17ko batzarrean erabaki zuen «Finantza Laguntzak (Afi)» programako diru-laguntzak emateko araudia onartzea. Hona hemen testu osoa:

Finantza Laguntzak (Afi) programa sortu zen industria arloko ETEei finantza-baliabideak eskuratzen laguntzeko, inbertsio-proiektuak baldintza egokietan gara ditzaten, eragiketa-epeak aintzat hartuz eta aplikatzekoak diren hobariei esker interes-tasa hobeak eskuratuz ohiko finantza-merkatuaren aldean. Horrek izan duen eraginkortasunaren balorazioa ona izan denez (baita merkataritza eta turismoaren sektoreetan aplikatuta ere), nekazaritza eta elikagaien industriara berriro zabaltzea erabaki da.

Programa hasieratik egokitu zaie Europako Batzordeak ETEentzako laguntzak metatzeari buruz ezarritako jarraibideei; era berean, bere baitan bildu ditu Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Printzipio Antolatzaileen Legearen Testu Bateginean jasotako zenbait irizpide.

Enpresen ohiko finantziazio-iturrietan murrizketa gogorrak izan dira, hori baita egungo krisialdiaren ezaugarri nagusietako bat. Horren ondorioz, premiazkoa da ETEentzako finantza-laguntzak sustatzea, era orokorrago batean; hartara, enpresen inbertsio-planei eutsi eta, aldi berean, haien finantza-itomena saihestu egingo da. Horregatik, proiektuetarako finantza-laguntzak ematean, inbertsiora nahiz zirkulatzailera zuzendutakoak konbinatu behar dira.

Hori guztia aintzat hartuta, eta inbertsioak eta zirkulatzailea eraginkortasunez finantzatzen lagunduko duten baliabide publikoak segmentu eta jarduketa zehatzetan aplikatzeko asmoz, Sociedad para la Transformación Competitiva – Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A.k (SPRI) laguntza eta finantziazioa emateko tresna integratu bat jarriko du industria-, merkataritza- eta turismo-arloko ETEen esku.

Hartarako, SPRIk, eskualdeko garapen agentzia denez, jarraitu egin behar du ETEen euskal enpresa sarea lehiakorrago egiteko ahaleginean, ETEei Finantza Laguntza emateko Programaren (Afi) bitartez; betiere bat etorriaz araudi honetan ezarritako xedapenenekin, ICOren finantza-markoaren barruan, Elkarrekiko Berme Sozietateekin lankidetzan, eta beste erakunde laguntzaile batzuekiko koordinazioan.

Hori dela-eta, 2015eko Afi programaren bidez erantzuna eta laguntza emango zaie industria-, merkataritza- edo turismo-arloko euskal enpresek garatzen dituzten inbertsio-prozesuei nahiz zirkulatzaile- eta sendotze-prozesuei, hain zuzen, finantza-erakundeen bidez finantziazioa eskura dezaten, merkatuak eskain ditzakeen baldintzarik onenetan. Gainera, ahalegin berezia egin da prozesuen kudeaketa administratibo bat garatzen, Informazio eta Komunikazio Teknologiek eskaintzen dizkiguten aukerak baliatuz; hartara, prozesu horiek erraztu egingo dira, baliabideen eraginkortasuna areagotuko da, eta enpresa-sareari azkarrago erantzungo zaio.

1. artikulua.– Laguntzen xedea eta izaera.

1.– Xedea:

Programa honen helburua da finantza-laguntzak ematea, ibilgetu ez-material eta/edo material berrietan inbertsioak egiteko eta zirkulatzailea finantzatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko industria-, merkataritza- eta turismo-sektoreetan.

Araudi honen bidez finkatzen dira programaren baldintzak eta hartan parte hartzeko prozedura.

2.– Laguntzen izaera:

a) Programa hau gauzatzerakoan eta ebazterakoan, publizitatearen, lehiaren eta objektibotasunaren printzipioak bete behar dira.

b) Programa honek eta bertan arautzen diren laguntzek ez daukate norgehiagoka-printzipioa bete beharrik.

c) Programa honen bidez ematen diren diru-laguntzak itzuli beharrik gabeko fondo galdurako diru-laguntzak dira.

2. artikulua.– Aplikatzekoa den araudia.

Programa honi araudi hau aplikatuko zaio:

1.– 1/1997 Legegintza Dekretua, Euskadiko Ogasun Orokorraren Antolarauei buruzkoa.

2.– Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra. 13. artikulua eta aplikatzekoa den gainerako guztia (38/2013 Legea).

3.– Europako Batzordearen 1407/2013 Araudia (EB), Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa (EBAO 2013 L 352/1).

4.– 1514/2007 Errege Dekretua eta 1515/2007 Errege Dekretua, Kontabilitate Plan Orokorra eta Enpresa Txiki eta Ertainen Kontabilitate Plan Orokorra onartzen dituztenak.

5.– Ekainaren 17ko 651/2014 Araudia (EB), zenbait laguntza-kategoria barne merkatuarekin bateragarriak direla aitortzen duena, Ituneko 107 eta 108. artikuluak aplikatuz (EBAO 2014 L 187/1).

6.– 14/2007 Legea, abenduaren 28koa, Herrialde Txirotuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunari buruzkoa.

3. artikulua.– Terminoak eta definizioak.

Programa honen ondorioetarako, honako definizio hauek finkatzen dira:

1.– «SPRI». Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A. sozietatearen izen komertziala (Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailari atxikitako sozietate publikoa).

2.– Enpresa. Jarduera ekonomiko bat gauzatzen duen pertsona fisiko edo juridikoa.

3.– Enpresa txiki eta ertainak (ETEak).

a) 250 langile baino gutxiago dauzkaten enpresak, baldin eta 50 milioi eurotik gorako urteko negozio bolumenik ez badute edota 43 milioi eurotik gorako urteko balantze orokorrik ez badute.

b) Langile kopurua, finantza-zenbatekoak eta erreferentzia epea zehazteko, Batzordearen 800/2008 (EE) Araudiaren I. eranskinean xedatutakoa izan beharko da kontuan.

c) Honako hauek hartuko dira mikroenpresatzat: gutxienez 10 langile izanik, urteko negozio-bolumena 2 milioi eurotik beherakoa dutenak.

4.– Sektoreak:

a) Industriala. Negozio-bolumenari dagokionez, jarduera nagusitzat honako hauetako bat duten enpresak: industria, erauzketa eta/edo eraldaketa, ekoizpena, produktu-prozesuari lotutako zerbitzuak, logistika, aurrekoekin lotura dutenak; informazio- eta komunikazio-gizartearen arloarekin lotutako enpresak; eta nekazaritza eta elikagaien industriak. Nekazaritza eta elikagaien industriako jardueratzat hartuko dira Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako Sailburuordetzak hala izendatzen dituen jarduerak.

Jendearentzat zuzenean bideratutako merkataritza-jarduera oso murritza izango da, enpresako xede sozialaren eta negozio-bolumenaren araberakoa. Era berean, automobilgintzako mantentze- eta konponketa-tailerrak eta nekazaritza eta elikagaien industriak ere sartuko dira sektore honetan.

b) Merkataritza arlokoa. Negozio-bolumena aintzat hartuta, gehienbat merkataritza jardueran aritzen diren enpresak. Merkataritza-jardueratzat hauxe hartuko da: merkatuan eskuragarri jartzea helburu horrekin eskuratu diren produktu eta salgaiak, haietan aldaketa nabaririk egin gabe; kontsumo-amaierako ondasunen salmenta, baldin eta ekoizleek, artisauek edo industrialek egindakoa bada eta ondasun horiek produkzio- eta merkaturatze-prozesuetan erabiltzeko ez badira, ezta hirugarrenenei zerbitzua emateko prozesuetan erabiltzeko ere.

c) Turismo-sektorea. Negozio-bolumena aintzat hartuta, gehienbat turismoan aritzen diren enpresak. Jatetxeak ez dira sartuko sektore honetan. Turismo-jardueratzat joko dira turismoko lurralde ordezkaritzek hala izendatutakoak.

5.– Diru-laguntza jaso dezaketen inbertsioak. Ibilgetu ez-material eta/edo material berriak eskuratzea, honako kontularitza-kategorietakoren batean:

206 Aplikazio informatikoak.

210 Lurrak eta ondasun naturalak (turismo-sektorekoak izan ezik).

211 Eraikuntzak.

212 Instalazio teknikoak.

213 Makineria.

214 Tresneria.

215 Bestelako instalazioak.

216 Altzariak (merkataritza- eta turismo-sektoreetakoak bakarrik).

217 Informazio-prozesuetarako ekipoak.

218 Garraio-elementuak (turismo-sektorekoak bakarrik).

219 Bestelako ibilgetu materialak.

Nolanahi ere, finantza-errentamendu bidezko erosketen kasuan, mikroenpresek 6.211 epigrafea erabili ahal izango dute.

6.– Zirkulatzailearen finantzazioa. Aktiboak finantzatzea; besteak beste, izakinak, bezeroak eta diruzaintza. Eta pasibo ez-korronteak finantzatzea: besteak beste, hornitzaileak, hartzekodunak eta epe laburrerako beste zor batzuk.

7.– Erantzukizunezko aitorpena. Erakundearen legezko ordezkariak egindako erantzukizunpeko aitorpena, hauek egiaztatzen dituena:

a) Erakundeko legezko ordezkariaren izen-abizenak eta Nortasun Agiri Nazionalaren zenbakia (NAN) edo Atzerritarraren Identifikazio Zenbakia (AIZ).

b) Erakundearen izena, Identifikazio Fiskalerako Zenbakia (IFZ), helbidea eta eraketa-eguna.

c) Gutxienez jarduera ekonomikoko zentro baten helbidea Euskal Autonomi Erkidegoan izatea, bertan egingo direlarik Laguntza Eskaeran deskribatutako diruz lagundu daitezkeen jarduerak.

d) Euskadiko Jarduera Ekonomikoen Zergaren kasuan kasuko epigrafean alta emanda egotea.

e) Egunean dagoela Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko zerga betebeharretan, eta baita ere SPRI Taldeko edo/eta Eusko Jaurlaritzako enpresekiko dauzkaten betebeharretan.

f) Aurreko bi ekitaldi fiskaletan eta laguntza eskatzen den ekitaldi fiskalean jasotako minimis laguntzen zerrenda, bertan adieraziz laguntza hori noiz eman zen, zein organismok eman zuen, zein programaren baitan eta laguntzaren zenbatekoa.

g) Proiektu hori gauzatzeko beste erakunde publiko zein pribatu batzuk emandako diru-laguntzak, bertan adieraziz laguntza hori noiz eman zen, zein organismok eman zuen, zein programaren baitan eta laguntzaren zenbatekoa.

h) Enpresaren tamaina neurtzeko zehaztasunak.

i) Araudi honen 5.2.e artikuluan aurreikusitako egoeraren batean ez egotea.

8.– Baimena ematea SPRIri zerga administrazioekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak betearaz daitezen eskatzeko.

Baimena ematea SPRIri ziurtagiriak eska diezazkien Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiari, Zerga Administrazioko Estatu Agentziari eta Araba, Bizkaia nahiz Gipuzkoako Foru Aldundiei, ziurtagiri horien bidez bermatzeko ordezkatutako enpresak zerga administrazioekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak betetzen dituela. Horrela, aurkeztutako laguntza eskaerak aztertu edota ordaindu ahal izango dira, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzazko Dekretuaren 50.3 artikuluari jarraiki, zeinak Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateratua onartzen baitu.

4. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Programa hau gauzatzeko erabiliko diren baliabide ekonomikoak SPRIk Enpresa Garapenaren Atalean horretarako ezarritako aurrekontu-zuzkiduretatik etorriko dira.

2.– 2015. urtean emango diren diru-laguntzak honela gauzatuko dira: finantza-mailegu edota -errentamendu eragiketetan kostu finantzarioa txikituta, aipatu eragiketa horiek finantza erakundeekin hartarako sinatutako itunean oinarritutakoak izango direlarik.

3.– Programa honen bitartez, lortu nahi da ahalik eta denbora tarte txikiena igarotzea laguntza eskatzen denetik ematen den arte, eta, horrenbestez, espedientea osatua dagoenean eta era ordenatuan egingo da esleipena. Laguntzen guztizko zenbatekoa gainditzen duten eskaerei ezezkoa emango zaie, ebazpen baten bidez.

4.– Diru-laguntzen guztizko zenbatekoa agortzen bada, hori jakinarazteko, SPRIko zuzendari nagusiak ebazpena emango du, eta zein egunetan agortu den adieraziko du. Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta SPRIren web-gunean emango da argitara, eta egun horretatik aurrera ez da eskaera berririk onartuko.

5.– Behin aurrekontu-kreditua agortu ondoren, ezingo da beste diru-laguntzarik eman eta, hori dela-eta, aurkeztu diren baina ebazteke dauden eskaerak ezetsi egingo dira.

5. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Honako hauek izan ahalko dira programa honetan bilduriko laguntzen onuradun: Enpresa Txiki eta Ertainak (ETE).

2.– Onuradunek ondoko baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Industriaren, merkataritzaren, turismoaren eta nekazaritzako elikagaien industrien sektoreetakoak izatea.

b) Euskal Autonomi Erkidegoan jarduera ekonomikoko zentro bat edukitzea.

c) Laguntzaren xede diren inbertsio proiektuak Euskal Autonomi Erkidegoan kokatzea.

d) Egunean egotea Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko zerga betebeharretan, eta baita ere SPRI, S.A. Taldearekiko eta Eusko Jaurlaritzarekiko dauzkaten betebeharretan.

e) Ondoko egoeraren batean ez egotea:

Lehenengoa.– Diru-laguntza publikoak lortzeko edota Euskal Autonomi Erkidegoko Administrazioarekin kontratatzeko legezko debekua edo gaitasun gabetzea izatea, horren barruan sartzen direlarik sexu bazterkeriagatik egoera horretan daudenak Emakume eta Gizonen Berdintasunerako Legearen arabera.

Bigarrena.– Laguntzak berreskuratzeko agindu baten menpe egotea, Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne merkatuarekin bateraezina dela.

Hirugarrena.– Legegintzako 1/1997 Dekretuaren 50. artikuluko egoeretan, ezta ere 13/2003 Legearen 13. artikulukoetan, zeinaren ondorioz ezin baita laguntzen onuradun izan.

Laugarrena.– Agintaritza eskudunak egiaztatzea ezen erakunde horrek lehia galarazten, murrizten edo faltsutzen duten jarduerak egiten dituela.

Bosgarrena.– Armak egiten, merkaturatzen eta finantzatzen aritzea, betiere abenduaren 28ko 14/2007 Legean, Herrialde Txirotuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunari buruzkoan, ezarritakoari jarraikiz.

Seigarrena.– Oraindik bete gabe izatea edozein administraziotatik edo sektore publikoko edozein erakundetatik jasotako laguntza edo diru-laguntzei dagozkien zenbatekoak itzultzeko betebeharrak. Ezingo dute, halaber, deialdi honetan parte hartu zehapen-prozedura batean zehapen irmo bat jaso dutenek (betiere, laguntza publiko batetik datorren zehapena bada), edo horrelako programetan lehiatzea galarazten duten zehapenak dituztenek, baldin eta zehapena betetzen ari badira. Eskatzailea dirua itzultzeko prozedura batean edo mota horretako zehapen-prozedura baten barruan badago, horren emaitza ikusita emango –edo, hala badagokio, ordainduko– da laguntza.

Zazpigarrena.– Bere jarduera garatzea sektore hauetakoren batean: (i) arrantza eta nekazaritza, (ii) nekazaritzako produktuen lehen mailako produkzioa, eta (iii) nekazaritza produktuen eraldaketa eta merkaturatzea, 1407/2013 Araudiaren 1.1.c) artikuluan aurreikusitako kasuetan.

Zortzigarrena.– Prozedura batean kaudimengabetzat joak izatea, konkurtsoa eskatu izana, konkurtsoan egotea, esku-hartze judizial batean egotea edo Konkurtso Legearen arabera desgaituak izatea, konkurtsoko kalifikazio-epaian finkatutako desgaitze-aldia amaitu gabe egonik.

Bederatzigarrena.– Diru-laguntzen deialdi hau egin aurreko bost urteetan enpresa edota haren legezko ordezkariak epai irmo baten bidez kondenatuak izatea, laneko osasunaren aurkako delituren bat egiteagatik, eta, halaber, zehapen irmoa jasotzea, arlo horretan arau-hauste administratibo oso larria egiteagatik.

3.– Laguntza eta likidazio eskaerak aurkezten diren unean laguntzen onuradun izateko baldintzak bete beharko dira.

4.– Honako hauek ezingo dira onuradun izan:

a) Sozietate publikoak, zuzenbide publikoko erakundeak, eta beste edozein enpresa edo erakunde, non partaidetza publikoa gehiengoa baita.

b) Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura, Enplegu eta Gizarte Politika, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailetako eskumenei dagozkien arloetan inbertsio proiektuak egin nahi dituzten enpresak.

6. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.

1.– Hauek izango dira diruz laguntzeko moduko jarduerak:

a) Diruz lagun daitezkeen inbertsioak finantzatzeko mailegu-eragiketak.

b) Diruz lagun daitezkeen inbertsioak finantzatzeko finantza-errentamenduko eragiketak.

c) Zirkulatzailea finantzatzeko mailegu-eragiketak.

2.– Finantza-erakunde batek eskura dezakeen jarduera subentzionagarrien guztizko balioa ez da izango urteko 1.500.000 eurotik gorakoa.

3.– Diruz lagun daitezkeen jardueren betekizun komunak:

a) Diruz lagun daitekeen oinarritzat hartzea honako honen azpitikoa:

Lehenengoa.– Diruz lagundu daitekeen inbertsioaren % 100 edo

Bigarrena.– Finantza-erakundeak baimendutako maileguaren zenbatekoa.

b) Eurotan formalizatuak, betiere eragiketak finkatutako baldintzei egokitzen bazaizkie.

c) Epemuga. Gutxienez, hilero izango dira.

d) Aplikatzekoa den gehienezko interes tasa. Programa honetako 4.2 artikuluan aurreikusitako hitzarmenean ezarritakoa.

e) Laguntza-eskaeraren urtean formalizatutako polizak.

4.– Diruz lagun daitezkeen jardueren betekizun komunak:

a) Diruz lagun daitezkeen inbertsioak finantzatzeko mailegu-eragiketak.

Epea: gutxienez, 5 urte eta, gehienez, 7 urte, hasierako gabealdia barne dela; gabealdi hori, gehienez, honelakoa izango da:

Lehenengoa.– 7 urterako maileguak: 24 hilabete.

Bigarrena.– 6 urterako maileguak: 18 hilabete.

Hirugarrena.– 5 urterako maileguak: 12 hilabete.

Hala ere, SPRI, S.A.k bestelako epeak ere onar ditzake (gutxieneko epea 5 urtekoa izango da, betiere), baldin eta formalizatutako maileguaren kontratuan berariaz jasotzen bada laguntza-programa honetan sartuta dagoela. Nolanahi ere, horrek ez du aldaketarik ekarriko laguntzen zenbatekoan. Zenbateko hori, bestalde, ez da inoiz izango 7 urterako maileguei dagokiena baino handiagoa, eta gabealdia 24 hilabetekoa izango da gehienez.

b) Diruz lagun daitezkeen inbertsioak finantzatzeko finantza-errentamenduko eragiketak.

Lehenengoa.– Epea: gutxienez, bi urte eta, gehienez, bost urte.

SPRIk epe ezberdinak onartzea, baldin eta espreski esaten bada formalizatutako finantza-errentamenduaren kontratuan laguntza-programa honetan sartzen dela. Eta horrek ez du aldatuko emango diren laguntzen zenbatekoa; edozelan ere, zenbateko horrek ez du gaindituko 5 urterako finantza-errentamenduari dagokiona.

Bigarrena.– Enpresa onuradunak konpromisoa hartuko du erosteko aukera erabiltzeko eta erabili egingo du hala dagokionean; konpromiso hori kasuan kasuko formalizazio-agirian jasoko da.

c) Zirkulatzailea finantzatzeko mailegu-eragiketak.

Lehenengoa.– Finantza-eragiketek espresuki adierazi beharko dute zirkulatzailea finantzatzeko direla, 100.000 euroko gutxieneko zenbatekoaz formalizatutako polizen bitartez industria-sektorearen kasuan, eta 30.000 euroko gutxieneko polizen bidez merkataritzaren eta turismoaren sektoreen kasuan.

Bigarrena.– Epea gutxienez, urtebetekoa eta, gehienez, 5 urtekoa izango da, printzipala ordaintzeko gabealdia barne dela.

7. artikulua.– Diru-laguntza jaso dezaketen inbertsioak.

1.– Laguntzak kalkulatzeko, honako hau hartuko da diruz lagundu daitekeen inbertsiotzat: ibilgetu ez-material eta/edo material berriak eskuratzea, baldin eta enpresaren aktibo ez-korrontearen barruan sartzen badira.

2.– Industria-sektorean, diruz lagundu daitekeen inbertsioa 100.000 eurokoa izango da gutxienez; eta merkataritzaren eta turismoaren sektoreetan, 30.000 eurokoa.

3.– Mailegu-eragiketa eta/edo finantza-errentamendua formalizatzen den ekitaldian bertan egin beharko da diruz lagundu daitekeen inbertsioa.

4.– Enpresak Euskal Autonomia Erkidegoan dituen instalakuntzetan egin beharko da diruz lagundu daitekeen inbertsioa.

8. artikulua.– Diruz lagundu daitekeen inbertsioari aplikatzeko betekizunak.

1.– Diruz lagundu daitezkeen inbertsioak baloratzeko, kontuan izango dira honako irizpide hauek:

a) Eskuratutako ibilgetuek lotura zuzena izan beharko dute enpresaren xede soziala den jarduerarekin.

b) Lur-sailak eskuratzeari dagokionez, eraikitako aldea bakarrik lagunduko da diruz.

c) Eskuratutako prezioaren arabera balioetsiko dira ibilgetuak.

d) Fakturan aplikatutako Balio Erantsiaren gaineko Zerga ez da inolaz ere gastu hautagarria izango. Hala ere, Balio Erantsiaren gaineko Zerga berreskuratu ezin duten erakunde onuradunen kasuan, gastu hautagarritzat hartuko da, eta dagokien foru aldundiko ogasun-sailaren ziurtagiri bidez egiaztatu beharko dute hori.

e) Deskontuak eta antzekoak izanez gero, fakturan sartuta egon zein ez, erosketa-balioa gutxitu egingo da.

f) Halaber, turismo-produktuak edo horrelakoetarako eskaintza osagarria sortzeko inbertsioak egiten badira, aktibo finko materialen kategoriakoak lagunduko dira diruz (Kontabilitate Plan Orokorreko 218 epigrafea, «garraio-elementuak»), betiere, proiektuaren osotasunerako ezinbestekoak badira.

g) Lehenengo aldiz erabilitakoak edo martxan jarritakoak izatea. Lehendik erabilitako eraikinak eta bestelako eraikuntzak erosten diren kasuetan, berriak balira bezala hartuko dira.

h) Enpresaren aktiboan sartuta egotea gutxienez bost urtez, dagokion fakturaren egunetik hasita.

i) Oro har, hirugarrenei utzita ez egotea, uztearen truke ordaintzen den ala ez kontuan hartu gabe.

j) Oro har, enpresa eskatzaileak berak edo hari elkartutakoek edo lotutakoek egindakoak ez izatea; edozein modutan, haien balioa ez da inoiz izango eragiten duten kanpo-kontsumoa baino handiagoa.

k) Enpresa-taldeei dagokienez, diruz laguntzeko moduko inbertsiotzat hartuko dira proiektuan definitutako erakundeari lotutako prozesuak dituzten enpresa-taldeek egindakoak, betiere, denen artean, % 100 badute akzioen partaidetzan.

9. artikulua.– Laguntzen modalitateak eta zenbatekoak.

1.– Deialdi honetako laguntzak diru-laguntza bezala eratuko dira, onartzen den finantza mailegu edota errentamenduko eragiketa bakoitzaren interes puntuetan oinarriturik; izan ere, eragiketa horiek finantza-erakundeekin formalizatu dira programa honen eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomi eta Ogasun Sailak eta finantza-erakundeek sinatutako itunaren arabera, beti ere ICOren finantzaketa-markoaren barruan.

2.– Diru-laguntzaren zenbatekoa.

a) Diruz lagun daitekeen inbertsiorako finantza-mailegu edota -errentamenduen kasuan, portzentajezko puntu 1.

b) Zirkulatzailerako maileguen kasuan, portzentajezko 0,5 puntu.

c) Elkarrekiko berme sozietate batek, hitzarmena sinatzen duenak, bermatutako finantza-eragiketaren kasuan, portzentajezko 0,25 puntu gehigarri.

3.– Kasuan kasuko finantza-erakundeak saldo erabilgarria baldin badauka Kreditu Ofizialeko Institutuan irekitako linean –ETEei laguntzak emateko Afik eskaintzen dituen baldintza berberetan edo hobeetan–, eragiketak esparru horretan gauzatuko dira.

4.– Interes aldakorra duten eragiketen interes-tasa nominala zehazteko, erreferentziatzat hartuko da deialdia argitaratu aurreko azken 6 hilabeteei dagokien urteko Euriborraren batez bestekoa.

5.– Eragiketa bakoitzean diruz lagunduko diren puntuak zehaztu ondoren, diru-laguntzaren zenbateko eguneratua kalkulatuko da. Horretarako, Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialean argitaratutako erreferentzia- eta eguneratze-tasak (indarrean daudenak) erabiliko dira.

10. artikulua.– Laguntzak metatzea eta mugak.

1.– Laguntzaren zenbatekoa ez da inola ere izango erakunde onuradunak garatzeko asmoa duen jardueraren kostua baino handiagoa, soilik laguntza hori aintzat hartuta edo edozein administraziok edo horien sektore publikoek xede bererako emandako beste laguntza batzuk gehituta. Baldin eta beste laguntza publiko batzuk eta programa honen bidez emandakoa metaturik lortzen den zenbatekoak gainditu egiten badu kostu hori, murriztu egingo da programa honetan araututako laguntzaren zenbatekoa jardueraren gehiegizko finantzaketa saihesteko behar den neurrian.

2.– Programa hau aplikatuz emango diren laguntzak garrantzi txikikoak edo minimis laguntzak izango dira.

3.– Erakunde onuradun batek jaso dezakeen minimis laguntzaren guztizkoak ezingo du 200.000 eurotik gorakoa izan, indarrean dagoen ekitaldi fiskala eta aurreko biak aintzat hartuta. Hortaz, programa honetan aurreikusitako laguntzak ez dira esleituko, baldin eta esleitutako laguntzak muga hori gainditzen badu hain justu ere onuradunak eskuratutako beste minimis laguntza batzuk erantsi ondoren. Berdin dio laguntza horiek zein administraziok esleitu dituen.

4.– Muga hori edo programa honek zehazten dituen beste batzuk gaindituz gero, soberako kantitatea murriztu egingo da programaren arabera emandako zenbatekotik.

5.– Minimis laguntzak emandakotzat joko dira enpresari aitortzen zaionean laguntza jasotzeko legezko eskubidea duela.

6.– Epeka ordainduko diren laguntzak ematen diren momentuan duten balioaren arabera eguneratuko dira.

11. artikulua.– Laguntza eskaera.

1.– Aurreikusitako laguntzak jasotzeko baldintzak betetzen dituzten erakundeek laguntza eskaera egiteko formularioa bete beharko dute SPRIren web-gunean: http://www.spri.es/afi

2.– Erakundea ordezkatzeko adina ahalmen duen pertsonak sinatu beharko du laguntza eskaera eta zigilatu ondoren SPRI, S.A.ren egoitzara bidali (Urkijo zumarkalea 36, 4. solairua, Bizkaia Plaza eraikina, 48011 Bilbao). Laguntza eskaera eta gainerako agiri osagarriak –paperezko formatuan– noiz jaso SPRIn edo Administrazio Publikoen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean zehaztutako tokietan, horixe izango da aurkezpen eguna.

3.– Erakunde eskatzailearen eta bere legezko ordezkariaren identifikazio-datuak jaso beharko dira laguntza eskaeran.

4.– Laguntza eskaerarekin batera agiri hauek aurkeztu behar dira:

a) Erakundearen lege-ordezkariaren erantzukizunezko aitorpena.

b) Eskaera egiten duen pertsonaren ahalordearen kopia.

c) Jarduera Ekonomikoen Zergaren kasuan kasuko epigrafean alta emanda dagoela ziurtatzen duen dokumentua.

d) Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko Turismoko lurralde-bulegoak egindako txosten teknikoa, proiektua Turismoa Orientatzeko Arauei egokituta dagoela egiaztatzen duena (Afi turismo-arlokoa bakarrik).

e) Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako Sailburuordetzak egindako txosten teknikoa, proiektua Afi programari egokitzen zaiola egiaztatzen duena (nekazaritzako elikagaien industrien arlokoa bakarrik).

12. artikulua.– Laguntza eskaerak aurkezteko epea.

Laguntza eskaerak online eta paperean aurkezteko epea araudi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2015eko azaroaren 12an amaituko da, urte horretarako esleituriko funtsak arinago agortzen ez badira.

13. artikulua.– Ebaluaketa eta ebazpen prozedura.

1.– «Finantza Laguntzak» (Afi) programaren Batzorde Exekutiboak, zeina Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A. sozietatearen Administrazio Kontseiluak 2013ko urtarrilaren 23an hartutako erabakiaren bidez eratu baitzen, gaitasuna du araudi honetan oinarrituta aurkeztutako laguntza eskaerak ebaluatu eta ebazteko, eta hartutako erabakiak akta batean jasoko dira.

Akta horrek honako erabakiak jaso beharko ditu nahitaez: onartutako proiektuak, baztertutako proiektuak, uko egindakoak eta atzera egindakoak, besteak beste.

2.– Laguntza eskaerak ebaluatuko dira espedienteak osaturik daudenean.

3.– Ebaluazio irizpideak. Laguntza eskaera onartzeko irizpideak 5., 6., 7. eta 8. artikuluetan eta artikulu honetako 2. atalean jasota daude.

4.– Batzorde Exekutiboak emango du ebazpena, zuzeneko esleipenaren erregimenean.

5.– Ebazpen epea. Ebazteko gehienezko epea 120 egunekoa izango da agiri guztiak aurkezten diren egunetik kontatzen hasita.

Epe horretan ebazpenik eman ez bada, ezetsi egin dela ulertuko da.

6.– Batzorde Exekutiboko idazkariak jakinaraziko dizkie ebazpenak eskaerak egin dituzten erakundeei, honakoak jasoko dituztelarik: zein araudiri atxikitzen zaion proiektua, laguntzaren helburua, zenbateko diru-laguntza ematen den, forma, baldintzak, eta diruz lagundu daitekeen jarduera egiteko epeak, justifikazioak egiteko epeak, ordainketa epeak eta beharrezko den beste edozein baldintza.

7.– Aipatu ebazpena emandakoan erakunde eskatzaileari jakinaraziko zaio, Batzorde Exekutiboak ebazpena emateko egin duen batzar egunetik zenbatzen hasi eta gehienez ere hamabost eguneko epean. Epe hori zenbatzean ez da kontuan hartuko abuztua.

8.– Aurrekoa gorabehera, ebazpena SPRIren webgunean argitaratuko da, denek izan dezaten eman diren laguntzen berri.

14. artikulua.– Likidazio-eskabidea. Aurkezteko epea.

1.– Diruz lagundu daitekeen jarduera-plana bukatutakoan, eta 2016ko urtarrilaren 8a baino lehen, erakunde onuradunek justifikatu egin beharko dute hura, eta hartarako, SPRIren web-gunean jarritako formularioak erabili beharko dituzte: http://www.spri.es/afi

2.– Erakundea ordezkatzeko adina ahalmen duen pertsonak sinatu beharko du laguntza eskaera eta zigilatu ondoren SPRI, S.A.ren egoitzara bidali (Urkixo zumarkalea 36, 4. solairua, Bizkaia Plaza eraikina, 48011 Bilbao). Likidazio-eskabidea eta gainerako agiri osagarriak –paperezko formatuan– noiz jaso SPRIn edo Administrazio Publikoen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean zehaztutako tokietan, horixe izango da aurkezpen eguna.

3.– Erakunde eskatzailearen eta bere legezko ordezkariaren identifikazio-datuak jaso beharko dira likidazio-eskabidean.

4.– Likidazio-eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztu behar dira:

a) Fakturen koadroa.

b) Fakturen koadroan dauden fakturen kopia.

c) Erakundeak dagozkion zerga administrazioekiko eta Gizarte Segurantzarekiko edo bere kolaboratzaileekiko zerga betebeharrak beteta dituela egiaztatzen duten ziurtagiri eguneratuak, gehienez hiru hilabeteko antzinatasuna dutenak, edo hala badagokio, zerga administrazioekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak betearazteko baimena SPRIrentzat.

d) Formalizatutako polizen kopia.

e) Finantza-errentamenduaren kontratuaren kasuan, kontratua bukatzen denean ondasun finantzatua erosteko aukera baliatzeko konpromisoa. Finantza-erakundeak eta enpresak sinatu beharko dute konpromiso hori.

15. artikulua.– Laguntza ordaintzea.

1.– Diru-laguntzak SPRIk emango ditu, laguntzaren erakunde onuradunari ordainketa bakarra eginez, betiere onuradunak aurreko artikuluan adierazi diren egiaztagiriak eta likidazio-eskabidea aurkeztu ondoren.

2.– Diruz lagundu daitekeen inbertsioa programaren Batzorde Exekutiboak laguntza emateko ebazpenean onartutako aurrekontua baino txikiagoa bada, diru-laguntza proportzionalki doituko da.

3.– SPRIk gehienez 3 hilabetean egingo dizkie ordainketak erakunde onuradunei, likidazio-eskabidean eskatutako dokumentazio guztia aurkezten denetik zenbatzen hasita. Ez da zenbatuko SPRIren berrikuspenaren ondoriozko epea –17.1.c idatzi-zatian aipatua–, ezta abuztua ere, ez baita jotzen hil balioduntzat.

16. artikulua.– Laguntza edo/eta likidazio-eskabideak zuzentzea.

1.– Laguntza- eta/edo likidazio-eskabideak behar bezala beteta ez badaude, edo 11. eta 14. artikuluetan eskatutako agiri guztiak aurkezten ez badira, SPRIk, 10 egun balioduneko epean akatsa zuzentzeko edo beharrezko agiriak helarazteko eskatuko dio enpresaren legezko ordezkariari, eta bestalde, ohartaraziko dio ezen hala egin ezean, eskaerari uko egin diola ulertuko dela, eta horixe jakinaraziko zaiola erakunde eskatzaileari.

2.– Aipatu epea igaro eta zuzenketarik egin ez bada, Programaren Batzorde Exekutiboak laguntza ukatuko du, ebazpen bidez.

3.– Erakunde eskatzaileak eta SPRIk baliozkotzat joko dituzte erakundeak laguntza eskaeran harremanetarako izendatu duen pertsonaren posta elektronikora e-mail bidez bidalitako komunikazioak.

17. artikulua.– Erakunde Onuradunen Betebeharrak.

1.– Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzazko Dekretuaren 50. artikuluan xedatutakoaz gain, erakunde onuradunek honako hauek ere bete beharko dituzte:

a) Emandako diru-laguntza onartzea. Hartara, diru-laguntza eman izanaren jakinarazpena jasotzen denetik 15 eguneko epean eta SPRIren aurrean espresuki horri uko egin ezean, ulertuko da erakunde onuradunak laguntza onartu duela.

b) Diru-laguntza ekintza plana garatzeko erabiltzea.

c) SPRIk agiri osagarriak eska ditzakeela onartzea, eta, lagundu den proiektua burutu dela eta eskatutako baldintzak bete direla egiaztatzeko, SPRIk izendatutako pertsonalak instalazioetan beharrezko eta komenigarri jotzen dituen egiaztapen eta azterketak egin ditzakeela onartzea.

d) Faktura osoak gordetzea eta SPRIren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku jartzea bost urtez, gastu hautagarriak burutzen direnetik aurrera.

e) Laguntzen erabilera fiskalizatzeko eginkizuna betetzen duten aldetik, eskatutako informazioa ematea Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari.

f) Xede berbererako beste Administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuei eskatutako edo horiek emandako laguntzen eta diru-laguntzen edota beste edozein diru-sarrera edo baliabideren berri ematea berehala SPRIri.

g) Diru-laguntza esleitzeko aintzat hartu den arrazoiren bat aldatu bada, SPRIri horren berri ematea. Maileguaren onuradunak diruz lagundutako maileguaren amortizazioa, osorik zein zati batean, aurreratu nahi izanez gero, hau da, kapital bizia gutxitu nahi izanez gero, SPRIren berariazko baimena beharko du. Baimena jasoz gero, enpresak SPRri ordainduko dio baimendutako eta gauzatutako amortizazio aurreratuaren arabera, kobratutako interesetatik ez dagokion zatia.

h) Aitortutako inbertsio-proiektuak eta formalizatutako polizak Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko lurralde-ordezkaritzen ikuskaritza-zerbitzuek ikuskatuko dituzte eta/edo kanpoko auditorien bitartez egiaztatuko dira. Enpresa onuradunak jatorrizko fakturak jarriko ditu ikuskaritza-zerbitzu horren eskura; faktura horiek faktura-koadroan zehaztatutakoekin bat etorri behar dute.

Lurralde-bulegoko zerbitzu teknikoek eta/edo kanpoko auditoreek egiaztatuko dute laguntza eskaeran dauden datuak benetakoak diren, inbertsioa benetan gauzatu den eta non egin den. Hori guztia egiaztatu ondoren, lurralde-ordezkaritzak ikuskapen-ziurtagiria emango du.

18. artikulua.– Laguntzak aldatzea.

Diru-laguntzak emateko baldintzetan edozein aldaketa gertatzen bada eta, edozein kasutan, beste erakunde publiko edo pribatu batzuek emandako laguntzak edo diru-laguntzak edota beste edozein diru-sarrera edo baliabide jaso badira xede berbererako, laguntza esleitzeko Ebazpena aldatu ahal izango da, betiere Programa honetan ezarritako gutxienezko baldintzak betetzen jarraitzen badira.

19. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Ikusiko balitz erakunde onuradunak ez duela bete Programa honetan, diru-laguntzen arloan aplikatzekoak diren gainerako araudi orokorretan eta laguntzen ebazpenean ezarritako baldintzetakoren bat, emandako laguntza eskuratzeko eskubidea galduko du eta SPRIri itzuli beharko dizkio ordura arte kobratu dituen laguntzen diru kopuruak eta dagozkien legezko interesak, eta behar izanez gero, legezko jarduketak abiaraziko dira diru kopuru horiek itzul ditzan.

2.– Edozein kasutan ere, artikulu honetan aurreikusitakoaren ondoreetarako, hauek jotzen dira ez betetzetzat:

2.1.– Programan ezarritako xedea edo programako jardueraren garapena justifikatzeko betebeharrak ez betetzea.

2.2.– Laguntza eskuratzea Programa honetan ezarritako baldintza eta eskakizunak edo laguntza emateak berekin zekartzan baldintzak bete gabe.

2.3.– Programan edo laguntza emateko ebazpenean aurreikusitako kontrol neurriak ez onartzea edo horien garapena oztopatzea.

2.4.– Gastu hautagarriak epe barruan ez justifikatzea edo Programa honetan eta laguntza emateko ebazpenean jasotako eskakizunak ez betetzea.

2.5.– Diruz lagundutako jarduera betetzeko epeak gainditzea, aldatzeko baimena edo luzapena eman ez bada.

2.6.– Proiektua beste zerbaitera desbideratzea edo laguntzak emateko ebazpenean ezarritako beste edozein betebehar ez betetzea.

3.– Bidegabe jasotako zenbatekoak hilabeteko epean itzuli beharko dira, erakundeari horren berri emandako egunetik zenbatzen hasita. Horrez gain, hilabete hori igaro ondoren eragindako legezko interesak ere ordaindu beharko dira.

4.– Halaber, gainfinantziazioa badago ordainketaren ostean beste laguntza batzuk jaso izanagatik, programak helburu duen jardueraren kostua gainditzen duen laguntza zatia itzuli beharko da, 10. artikuluan araututakoari jarraiki. Kasu horretan, itzuli beharreko zenbatekoa zehaztuko da gertaera hori adierazteko eta itzulera erabakitzeko emango den ebazpenean.

5.– Itzuli beharreko zenbatekoak zuzenbide publikoko sarrerak izango dira, eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartzen duen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 64. artikuluan xedatutako erantzukizun-erregimena aplikatuko da.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Erakunde onuradunek programa honi buruzko sustapen jarduera eta argitalpen guztietan adierazi beharko dute SPRIren laguntza jaso dutela.

Bigarrena.– Abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoari jarraiki, emandako datu pertsonal guztiak SPRIren (Urkixo zumarkalea 36, 4. solairua, Bizkaia Plaza Eraikina, 48011 Bilbao) ardurapeko «Laguntzak» izeneko fitxategian gordeko dira.

Fitxategi horren xedea da SPRIk diseinatutako edo kudeatutako laguntzen/diru-laguntzen espedienteak kudeatzea. Beharrezko balitz, informazio hori eman ahal izango zaie enpresa kolaboratzaileei, gai honetan eskumenak dauzkan Administrazio Publikoari eta SPRI taldeko enpresei.

Datuak Babesteko Espainiako Agentziari jakinarazi zaio fitxategi hori sortu dela eta datuen erabateko segurtasuna bermatzeko beharrezko diren segurtasun neurri guztiak dauzka.

Gogorarazten dizugu eman dizkiguzun datuetara sar zaitezkeela, eta beharrezko den kasuetan haiek zuzendu, aurka egin edo ezabatu ditzakezula, gorago aipatutako Legeak ezarritako terminoetan, SPRIko Segurtasun Arduradunari idatzizko jakinarazpen bat igorriz lopd@spri.es helbidera.

Hirugarrena.– SPRIren erabakia merkataritza alorrekoa da eta eskuduntza jurisdikzionala epaile eta auzitegi zibilena da. Enpresa onuradunak, eduki dezaketen edozein eskumeni formalki uko eginez, diru-laguntzen programa hau interpretatu edo gauzatzerakoan sor daitekeen edozein auzi, desadostasun, arazo edo erreklamazio konpontzeko Bilboko Justizia Auzitegien esanetara jartzen dira espresuki, horiek baitira gai horietan eskuduntza dutenak.

Laugarrena.– Ahalmena ematen zaio SPRIko zuzendari nagusiari araudi hau gauzatu eta garatzeko behar diren xedapenak emateko.

Bilbao, 2014ko abenduaren 17a.

Zuzendari nagusia,

ALEXANDER ARRIOLA LIZARRITURRI.


Azterketa dokumentala