Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoa

Euskadi.eus

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

23. zk., 2015eko otsailaren 4a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

OSASUN SAILA
530

9/2015 DEKRETUA, urtarrilaren 27koa, kanpo-desfibriladore automatiko eta erdiautomatikoen ezarpena eta erabilera arautzen dituena, eta haiek osasun-esparrutik kanpoko erabilera publikoko gune jakin batzuetan jartzea beharrezkoa dela xedatzen duena.

Botere publikoen ardura da osasun publikoa antolatzea eta zaintzea prebentzio-neurrien eta beharrezko prestazio eta zerbitzuen bidez, eta Euskal Autonomia Erkidegoan, eskumenen ikuspuntutik, ardura hori Autonomia Estatutuaren 18.1 artikuluan ezarrita dago «Barneko osasuna dela eta Euskal Herriari dagokio Estatuko oinarrizko legea lege berriz aurrera eramatea eta betetzea», kontuan hartuta Estatuaren eskumena dela oinarriak ezartzea eta koordinazio orokorra egitea osasunaren arloan, Konstituzioaren 149.1.16.a artikuluari jarraiki.

Eskumen-esparru horren barruan, Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legeak osasunaren babes- eta sustapen- nahiz gaixotasunen prebentzio-arloko jarduketak aurreikusten ditu 14.1 artikuluan, oinarrizko legediak aipatzen dituen esparruei dagokienez oro har, hala nola, zehazki, arau honi dagokion neurrian, ordenamendu juridikoak, norbanakoen osasunari zein osasun kolektiboari dagokienez, esku-hartze publikorako onartzen dituen ahalmenen erabilera. Horretara, Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorraren 6.4 artikuluak esaten du osasuna galtzen den guztietan osasun-laguntza bermatzea dela osasun-administrazio publiko guztien jardunaren oinarrietako bat.

Bihotz- eta arnas gelditzea gertatzen denean, biziraupen-katea deritzona osatzen duten ekintza batzuen aplikazio goiztiarra da erantzun egokia; kate hori elkarri lotutako lau kate-mailaz osatuta dago: egoeraz ohartzea, eta berehala alertan jartzea gelditzea gerta daitekeela ikusita; lekukoek oinarrizko bihotz-biriketako bizkortzeari hasiera goiztiarra ematea; desfibrilazio goiztiarra; eta, azkenik, minutu gutxiren buruan, bizi-euskarri aurreratua.

Fibrilazio bentrikularraren aurkako tratamendu eraginkor bakarra desfibrilazio elektriko goiztiarra da; horregatik, funtsezkoa da esku hartzen duen lehen pertsonak egiten duena. Aurrerapen teknologikoei esker sortu diren zenbait desfibriladore, haien ezaugarriak eta funtzionamendua kontuan hartuta, eta eskura dagoen ebidentzia zientifikoaren arabera, egokiak dira osasun-esparrukoak ez diren pertsonek osasun-ingurunetik kanpo erabil ditzaten. Kanpo-desfibriladore automatikoez eta erdiautomatikoez ari gara.

Kanpoko desfibriladore automatikoak eta erdiautomatikoak eremu sanitariotik kanpora erabiltzeko segurtasunari eta kalitateari dagokionez gutxieneko baldintzak eta betekizunak ezartzen dituen martxoaren 20ko 365/2009 Errege Dekretua Estatuko oinarrizko araua da arlo honetan.

EAEn, mediku ez diren langileek kanpoko desfibriladore automatikoak erabiltzea arautzen duen urtarrilaren 25eko 16/2005 Dekretua argitaratu ondoren, eta haren aplikazioan arazo praktiko batzuk zeudela kontuan hartuta, 8/2007 Dekretua argitaratu zen haiek konpontzeko, urtarrilaren 23koa, pertsonal ez-sanitarioak kanpoko desfibriladore automatikoak erabiltzeari buruzkoa. Horren ondoren, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2006/123/EE Zuzentarauak (2006ko abenduaren 12koa, barne-merkatuko zerbitzuei buruzkoa), Zerbitzuen Zuzentarau gisa ezagutzen denak, beharrezko jotako xedapen orokor batzuk ezarri zituen zerbitzua ematen dutenen establezimendu-askatasuna eta zerbitzuen zirkulazio askea gauzatzeko, aldi berean zerbitzu horien kalitate-maila handiari eutsiz. Zuzentarau horren transposizioa egiteko estatu-eremuan, 2009ko azaroaren 23ko 17/2009 Legea, zerbitzuen eskuragarritasun- eta erabilera-askatasunari buruzkoa egin zen, bai eta 2009ko abenduaren 22ko 25/2009 Legea ere, aurrekora egokitzeko zenbait lege aldatzen dituena. Horien atzetik erregelamendu-mailako Estatu-arauak egin ziren hainbat eremu eta sektoretan. EAEko esparruan, osasun arloko zenbait dekretu aldatzen dituen abenduaren 14ko 337/2010 Dekretua argitaratu da, Zerbitzuen Zuzentarauaren transposizioa egiteko arautegira egokitzeko. Egindako azterketen ondorio gisa, eta Estatuak otsailaren 5eko 109/2010 Errege Dekretua, osasun-arloko omnibus izaerakoa, proiektatu zuela kontuan hartuta egin da dekretu hau. Dekretuaren edukiak beste batzuk aldatuko ditu, zerbitzuen eskuragarritasun- eta erabilera-askatasunari buruzko trabak eta oztopoak kentzeko ikuspegia duelako.

Antzeko zenbait kasu azpimarratzen dira, haietan kendu egingo baitira prestakuntza-planak eta -programak egin eta emateari lotutako zenbait zerbitzu-jarduerari eragiten dieten murrizketak. Izan ere, plan eta programa horien gainbegiratze aurretiko eta baldintzatzaileak daukan logikaren arabera, jarduera jakin batzuei segurtasun handiagoa bermatu nahi zitzaien beren etorkizuneko garapenean, osasun publikoaren babesaren ikuspuntutik, jarduera horietan guztietan zerikusia baitu ikuspuntu horrek, haietako bat kanpo-desfibriladore automatikoen erabilera ez-profesionala izanik.

Alde batetik, esperientzia pilatu da desfibriladoreen erabilerari buruzko lehen arauak onartu zirenetik. Bestetik, gaur egun erabilera horri buruzko ebidentzia zientifikoa dago. Azkenik, gizartean, kontzientzia handia dago bat-bateko heriotzaren arazoaren gainean, eta horren adierazgarri dira Eusko Legebiltzarreko talde politikoek aurkeztutako legez besteko proposamenak, eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, herritarren elkartasunari esker biziraupen-itxaropena hobetzeko begi-bistako aukera dela eta, desfibriladoreak osasun-esparrutik kanpo erabiltzea sustatzeko agertutako interesa. Aurreko faktore horien guztien ondorioz, komeni da arau berri bat onartzea, Euskal Autonomia Erkidegoan kanpo-desfibriladore automatiko eta erdiautomatikoen erabilera arautzeko, eta haiek derrigorrezkoak izateko leku jakin batzuetan, haietan pertsona asko izaten badira, eta bihotz-gelditzea gertatzeko aukera handiagoa bada.

Horrenbestez, Osasun sailburuaren proposamenez, egin beharreko izapideak egin ondoren, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat, eta Gobernu Kontseiluak 2015eko urtarrilaren 27an eginiko bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Helburua.

1.– Dekretu honen xedea da osasun-esparrutik kanpo osasun-lanbidekoak ez diren pertsonek erabil ditzaketen gailu jakin batzuen ezarpena eta erabilera arautzea; gailu horiek, hain zuzen ere, bihotza gelditu zaien pertsonen biziraupen-itxaropena hobetzeko aukera ematen dute, berehala ematen zaien laguntzari esker.

2.– Xede hori lortzeko, arau honek xedatzen du derrigorrezkoa dela kanpo-desfibriladore autonomikoak eta erdiautomatikoak (KDA) jartzea osasun-esparrutik kanpoko erabilera publikoko gune jakin batzuetan.

2. artikulua.– Definizioak.

Dekretu honen ondorioetarako:

a) Kanpoko desfibriladore automatikoa, KDA: produktu sanitario bat da, bihotzaren erritmoa analizatu, desfibrilazioa behar duten arritmia hilgarriak identifikatu, eta, pertsona batek esku hartuta, eta bihotzaren erritmo bideragarria berrezartzeko, deskarga elektrikoa ematen duena segurtasun-maila handiarekin. Definizio horren barruan sartzen dira, halaber, Kanpo-desfibriladore erdiautomatikoak ere.

b) Merkataritza-gune handitzat jotzen dira, banakakoak nahiz kolektiboak izan, 700 metro koadrotik gorako eraikitako eremua duten guztiak.

Merkataritza-gune kolektiboa da eraikin batean edo lotutako hainbat eraikinetan merkataritza-jarduerak hartzen dituen establezimendu multzo bat.

c) Establezimendu publikoa: edozein eraikin, lokal, leku edo instalazio, jendearentzat irekia dena eta ikuskizunak eskaini edo jolas-jarduerak egiteko erabiltzen dena.

d) Ikastetxea: unibertsitatez kanpoko irakaskuntzak eta unibertsitate-irakaskuntzak ematen dituena, publikoa edo pribatua izan.

e) Edukiera: Udal-lizentzian edo kasuan kasuko udal-agintariak emandako edo onartutako agiri baliokidean establezimendu bakoitzerako xedatutako edo adierazitako gehieneko okupazioa.

f) Eguneko batez besteko jende-kopurua: gune edo leku batera egunero batez beste joaten diren pertsonen kopurua: urtean leku jakin horretan guztira egoten den jende-kopuruaren eta leku hori urte horretan jendearentzat baliagarri egon den egun-kopuruaren arteko zatiketa eginda lortzen da.

g) Esku hartzen duen pertsona: KDA osasun-esparrutik kanpo erabiltzen duen pertsona.

3. artikulua.– KDA izatera behartuta dauden guneak.

Honako gune edo leku hauen arduradun titularrak diren pertsona fisikoak edo juridikoak KDA izan beharko dute, eta hura funtzionatzeko eta berehala erabiltzeko egoera egokian egon behako da:

a) Merkataritza-establezimendu handiak, banakoak zein kolektiboak izan.

b) Garraio-instalazio-hauek: merkataritza-aireportuak eta -portuak. 50.000 biztanle baino gehiago dituzten herrietako autobus- eta tren-geltokiak, eta egunean batez beste 2.000 pertsonako jende-emana edo handiagoa duten metro-, tren- edo autobus-geltokiak.

c) Guztira 700 pertsona baino gehiago hartzeko baimenduta dauden establezimendu publikoak, instalazioak, ikuskizunak eta jolas-jarduerak.

d) Guztira 2.000 pertsona edo gehiago har ditzaketen ikastetxeak.

4. artikulua.– KDA desfibriladoreen baldintza teknikoak.

1.– Aurreko artikuluan adierazitako lekuetan jarri beharreko KDA guztiek osasun-produktuak arautzen dituen urriaren 16ko 1591/2009 Errege Dekretuak xedatutakoa bete beharko dute; CE marka izan beharko dute, aplikagarriak zaizkien funtsezko betebeharren araberakoak direla bermatzeko; eta uneoro bermatu beharko da erabiltzeko egoera onean mantentzen eta kontserbatzen direla, enpresa fabrikatzailearen jarraibideen arabera.

2.– KDAk jartzen diren lekuek tarte ageriko eta egoki bat izan behar dute, eta non jarri diren argi eta garbi adierazi beharko da, bizkortzeari buruzko nazioarteko koordinazio-batzordeak (ILCOR) gomendatutako seinaleztatze unibertsala erabilita; era berean, eta larrialdietako 112-Sos Deiak telefonoari dagokion seinalea ere jarri beharko da, haren logotipo ofiziala agerian duela. Kokapen hori behar bezala zehaztu beharko da lekuko informazio-mapetan edo planoetan, halakorik balego. KDArekin batera, hura erabiltzeko jarraibideek ere egon beharko dute ikusgai, bai euskaraz bai gaztelaniaz.

5. artikulua.– KDA jarri dela jakinaraztea.

1. Osasun-arlokoak ez diren pertsonek erabil dezaten KDA jartzera behartuta dauden guneen titular diren pertsona fisikoek edo juridikoek, hala nola jartze hori derrigorrezkoa ez izan arren KDA jarri nahi duten guneen titular direnek, aurrez jakinarazi beharko diote osasun-esparruan eskumena duen sailari, non jarriko den eta zer ezaugarri tekniko izango dituen. Jakinarazpena dekretu honen I. eranskin gisa doan ereduaren arabera egingo da.

2.– Jarritako KDA bat kentzen bada, jakinarazi egin beharko zaio osasun-esparruan eskumena duen sailari, dekretu honen II. eranskineko ereduaren bidez.

3.– KDAk jartzen diren guneen titular diren pertsona fisiko edo juridikoen ardura izango da haiek enpresa fabrikatzailearen jarraibideen arabera kontserbatzen eta mantentzen direla bermatzea.

6. artikulua.– KDA produktuen erabilera.

1.– Kanpo-desfibriladore automatikoa erabiltzen den aldioro, erabili aurretik edo ondoren baina berehala, larrialdietako 112-Sos Deiak telefonora deitu behar da, biziraupen-kate osoa ahalik eta azkarren aktibatzeko.

2.– Kanpo-desfibriladore automatikoa erabili ondoren, ekipoak berak dakarren agiri-erregistroa bidali behar da Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren Emergentzia Zerbitzura, gehienez ere 72 orduko epearen barruan, erabili duen pertsonak III. eranskinean jasotzen den ereduaren arabera idatzi behar duen txostenarekin batera.

3.– KDAk langile ez-sanitarioek erabili ahal izango dituzte, kontuan hartuta erabilera hori bihotz-biriketako bizkortzearen oinarrizko eskemari gehituta dagoela, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko larrialdietako zerbitzuen laguntza izanda; izan ere, haiekin harremanetan jarri beharko da jarduerei ekitean.

7. artikulua.– KDA erregistroa.

Osasun-arloan eskumena duen sailak jarritako KDA guztien erregistroa izango du atxikita. Erregistro hori plangintzan eskumena duen Osasun Saileko zuzendaritzak kudeatuko du, eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren larrialdi-zerbitzuei lotuta egongo da.

8. artikulua.– KDAk osasun-esparrutik kanpo jartzearen sustapena.

Euskal Autonomia Erkidegoko osasun-administrazioek, beren eskumenen esparruan, osasun-eremutik kanpo leku publikoetan KDAk jartzea eta erabiltzea bultzatu eta gomendatuko dute, haiek jartzeko betebeharrik ez izanagatik ere jartzea komeni dela uste badute. Era berean, oinarrizko bizi-euskarriari eta KDAren erabilerari buruzko edukiz hornitutako prestakuntza ere sustatuko da.

9. artikulua.– Koordinazioa eta ikuskaritza.

Osasun-arloan eskumena duen sailaren barruan, osasun-plangintza eta -antolaketari buruzko eskumena duen zuzendaritzak behar diren koordinazio- eta ikuskaritza-lanak egingo ditu, dekretu honetan jasotako neurriak aplikatzeko.

10. artikulua.– Arau-hausteak.

1.– Dekretu honetan xedatutakoak ez betetzea arau-hauste administratibotzat joko da, Euskadiko Antolamendu Sanitarioarena den 8/1997 Legean eta Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorraren 35. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, eta, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioen zigortzeko ahalmenari buruzko 2/1998 Legearen arabera izapidetutako prozedura egokia bideratu ondoren, kasuan kasuko zigor administratiboak ezartzea ekarriko du berekin.

2.– Arau-hauste sanitario arina izango da leku egokirik eta behar bezala identifikaturik ez izatea desfibriladorea jartzeko, 4.2 artikuluan aurreikusitakoaren arabera, gertatutako asaldura edo arrisku sanitarioa munta txikikoa bada.

3.– Honako hauek arau-hauste sanitario larriak izango dira:

a) Leku egokirik eta behar bezala identifikaturik ez izatea desfibriladorea jartzeko, 4.2 artikuluan aurreikusitakoaren arabera, hori kalte larria bada pertsonen osasunarentzat.

b) Osasun-produktuak arautzen dituen urriaren 16ko 1591/2009 Errege Dekretuan desfibriladoreak jartzeaz jasotako baldintzak ez betetzea, 4.1 artikuluan xedatutakoaren arabera.

c) Ez jakinaraztea osasun-arloan eskumena duen sailari desfibriladore bat jarri edo kendu dela, edo jakinarazpena 5. artikuluan xedatutakoaren arabera behar den informazioa eman gabe egitea, hura jartzea nahitaezkoa bada dekretu honetan aurreikusitakoaren arabera.

d) Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko larrialdietako zerbitzuari ez jakinaraztea desfibriladore bat osasun-esparrutik kanpo erabili dela, hura baliatu eta hurrengo 72 orduko epearen barruan, 6.2 artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

e) Ez bermatzea desfibriladoreak erabiltzeko egoera onean mantendu eta kontserbatuko direla, 3. eta 4.1 artikuluetan aurreikusitakoaren arabera.

f) Hiru hileko aldian, 2. atalean aurreikusitako arau-hauste arinetako bi egitea.

4.– Honako hauek oso arau-hauste larriak dira:

a) Kontzienteki eta deliberatuki ez betetzea dekretu honetan xedatutako betebeharrak, haren ondorioz kalte larria egiten bazaie pertsonei.

b) Inola ere informaziorik edo laguntzarik eman nahi ez izatea ikuskaritza-jardueran.

c) Bost urteko aldian, 3. atalean aurreikusitako arau-hauste larrietako bi egitea.

11. artikulua.– Zigorrak.

1.– Arau-hausteak apirilaren 25eko 14/1986 Legearen 36. artikuluaren 1. eta 2. ataletan eta Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 37. artikuluan jasotako isunekin eta gainerako neurriekin zigortuko dira.

2.– Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 39. artikuluan aipatutakoak izango dira isunak ezartzeko organo eskudunak, betiere haien zenbatekoa kontuan hartuta.

LEHEN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Izapidetzea bitarteko telematikoak erabiliz.

Osasun Sailak, gehienez ere 12 hileko epean, neurri egokiak hartu ahal izango ditu desfibriladore bat osasun-esparrutik kanpo jarri delako jakinarazpena, kendu delako jakinarazpena eta haren erabileraren gainekoa bitarteko telematikoak erabiliz egin ahal izateko izapidetze elektronikoaren arloko indarreko araudian aurreikusitako moduan, baldintzekin eta bermeekin.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Erregistroaren eraginkortasuna eta fitxategiaren sorrera.

Kanpo Desfibriladore Automatizatuen Euskal Erregistroaren ezarpen eraginkorrak datu pertsonalen fitxategi egokia sortzea ekarriko du berekin, eta hori osasun-arloan eskumena duen sailaren buruaren agindu bidez gauzatuko da, Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren 20. artikuluaren 1. eta 2. puntuetan xedatutakoaren arabera.

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Udalak eta foru-aldundiak.

Udalek eta foru-aldundiek, titular diren edo zuzentzen dituzten establezimendu eta instalazioetan, dekretu honen aplikazio-esparruak osatu eta zabaldu ahal izango dituzte, dauzkaten eskumenen arabera, tokiko osasun-planak edo beste bitarteko batzuk erabiliz.

XEDAPEN IRAGANKORRA.– Guneak egokitzea.

1.– KDA izatera derrigortutako guneek dekretu honetan aurreikusitako baldintzak betetzen dituztela egiaztatu beharko dute, hura indarrean jarri eta hamabi hileko epean.

2.– Aurreko paragrafoan aurreikusitako epean, KDA jarrita daukaten guneak dekretu honetan adierazitako betebeharretara egokitu beharko dira.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetuta gelditzen da 8/2007 Dekretua, urtarrilaren 23koa, pertsonal ez-sanitarioak kanpoko desfibriladore automatikoak erabiltzeri buruzkoa, bai eta dekretu honen aurkakoa den arlo honetako beste edozein xedapen ere.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA.– Garapena eta gauzatzea.

Ahalmena ematen zaio osasun-arloan eskumena duen saileko buruari dekretu hau garatu eta gauzatzeko, hala nola, bereziki, dekretuko eranskinen edukia aldatzeko eta hura osatuko duten planak garatzeko.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA.– Indarrean jartzea.

Dekretu hau Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2015eko urtarrilaren 27an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Osasuneko sailburua,

JON DARPÓN SIERRA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala

Euskadi, auzolana