Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

5. zk., 2015eko urtarrilaren 9a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
83

AGINDUA, 2014ko abenduaren 26koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, Gipuzkoako Lurralde Historikoan aurkitu diren eta arkeologia edo paleontologiarako interesgarriak diren ondasunak gordetzeko Gipuzkoako kultur ondare higigarriaren Zentroa (Gordailua) gordailu zentroa izendatzeko dena.

Euskadiko Autonomia Erkidegoak, Konstituzioaren 148.1.16 eta Estatutuaren 10.19 artikuluen arabera, Kultura Ondasunari buruzko eskumena osoa eskuratu zuen. Hartutako eskumena egikaritzeko, Euskal Kultura Ondareari buruzkoa den uztailaren 3ko 7/1990 Legea onartu zen.

Aipatu den 7/1990 Legeak bere 47.1 artikuluan, arkeologia edo paleontologiarako interesgarriak diren ondasun eta aztarnak, bai ustekabean bai baimendutako lanetan aurkitu direnak, jabari publikoa direla dio, eta bere hirugarren atalean baimendutako lanetan aurkitu diren eta arkeologia edo paleontologiarako interesgarriak diren ondasunak Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak izendatuko duen tokiko museo edota gordailu zentroetan gordetzeko beharra ezartzen da.

Artikulu hori garatzeko, urriaren 5eko 341/1999 Dekretua onartu zen, Euskal Autonomia Erkidegoko esparruan aurkitutako interes arkeologikoa edo paleontologikoa duten ondasunak garraiatu, entregatu eta gordailuan uzteko baldintzei buruzkoa. Honen 8. artikuluan ondasun hauek Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak izendatuko duen tokiko museo edota gordailu zentroetan gordetzeko beharra ere ezartzen da.

Gipuzkoako Lurralde Historikoan ez dagoenez Euskal Kultura Ondarearen 7/1990 Legeak ezarritako ezaugarririk betetzen duen lurralde-museorik, Eusko Jaurlaritzak du ondasun arkeologiko eta paleontologiko horiek babesteko, gordetzeko eta guztion eskura jartzeko ardura, bera baita ondasun horien jabea.

Horretarako 2009tik aurrera Donostian sortu zuen Gipuzkoako arkeologia eta paleontologia materialak Zaintzeko eta Ikertzeko Zentroa (GOAZ). Kontratu administratibo batzuen bidez, Zentroaren kudeaketa esleitu zitzaion Arkaios Investigaciones enpresari. Kontratuaren azken luzapena 2014ko abenduaren 31n bukatuko da eta berarekin batera enpresak emandako zerbitzuarena.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Gazteria eta Kiroletako foru diputatuak eskatu du behin baino gehiagotan sortu berri duen Gordailua Lurralde Historikoan aurkitutako arkeologia eta paleontologia ondasunak gordailuan uzteko zentroa izendatzea.

Izendapen hori egiten da kontuan hartuz Gordailua sortzen dela berariaz material arkeologikoak kontserbatzeko, babesteko eta zabaltzeko, han gordeko den arkeologia eta paleontologia ondarea era egokian kontserbatzeko beharrezko baliabideak eta instalazioak baititu.

Horregatik guztiagatik, Euskal Kultura Ondare Zentroko Zerbitzu Teknikoek egindako txostena eta Kultura Ondarearen zuzendariaren proposamena ikusita, eta Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 legearen 47. artikuluak eta aipatu den urriaren 5eko 341/1999 Dekretuaren 8. artikuluek ezartzen dutenarekin bat, honako hau

XEDATZEN DUT:

Lehenengoa.– Gipuzkoako Kultur Ondare Higigarriaren Zentroa (Gordailua) Gipuzkoako Lurralde Historikorako interes arkeologiko eta paleontologikoa duten ondasunen gordailu-zentro izendatzea.

Bigarrena.– Izendapen-agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratua izan dadila, guztiak honen berri izan dezaten.

Hirugarrena.– Gipuzkoako Lurralde Histroikoan aurkitu diren eta arkeologia edo paleontologiarako interesa dituzten ondasunak dauzkaten guztiei material hauek izendatu den zentrora eraman ditzatela eskatzea.

Laugarrena.– Gipuzkoako Foru Aldundiak egun GOAZen diren materialak Gipuzkoako Kultur Ondare Higigarriaren Zentrora (Gordailua) eraman ahal izateko Euskal Kultura Ondarearen Zuzendaritzari beharrezkoa den baimena eskatu beharko dio, zerrendei eta katalogazioari, agiriei buruz (gordailu-agiria, memoriak, txostenak) urriaren 5eko 341/1999 Dekretuak ezartzen duenari jarraiki.

Bosgarrena.– Hamar urteko izendapen-epea ezartzea, eta epea bukatu ondoren izendapena berrikusia izan dadila.

Seigarrena.– Izendapenaren berri ematea Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Gazteria eta Kiroletako Sailari, Irungo Udalari, Arkaios Investigaciones enpresari, Gipuzkoako arkeologia eta paleontologia materialak Zaintzeko eta Ikertzeko Zentroari (GOAZ) eta Gipuzkoako Kultur Ondare Higigarriaren Zentroari (Gordailua).

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu hau onartzen den egunean jarriko da indarrean.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Administrazio-bideari amaiera ematen dion agindu honen aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari hilabeteko epean, edo bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzietako salan bi hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko abenduaren 26a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.


Azterketa dokumentala