Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

234. zk., 2014ko abenduaren 9a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
5244

EBAZPENA, 2014ko azaroaren 10ekoa, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak -hezkuntzaren kalitatea hobetzeko uztailaren 29ko 8/2013 Lege Organikoak aldatua- garatzen dituen titulazioei dagozkien gaitasun-unitateen arabera uztailaren 18ko 942/2003 Errege Dekretuak aldi iragankorrean ezarritako gaitasun-unitate egiaztatuak eguneratzeko dena.

Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoak lanbide-heziketaren, kualifikazioen eta egiaztapenen sistema integratu bat ezartzen du, hainbat hezkuntza-modalitateren bitartez gizarte- eta ekonomia-eskariei eraginkortasunez eta gardentasunez erantzun ahal izango diena. Helburu horrekin sortu zen Kualifikazio eta Lanbide Heziketaren Sistema Nazionala, zeinaren esparruan kokatu behar baitira programatutako prestakuntza-ekintzak eta garatu enpleguaren eta langileen zirkulazio askea sustatzearen politika aktiboekin koordinatuta.

Testuinguru horretan, aipatu legearen 8. artikuluak ezartzen du lanbide-heziketako tituluek dagozkien lanbide-kualifikazioak egiaztatzen dizkietela tituluok lortu dituztenei, eta lan-esperientziaren bidez edo prestakuntza-modu ez formalen bidez lortutako lanbide-gaitasunak aitortu, egiaztatu eta ebaluatuko direla -partez edo osorik- dagokion titulua edo ziurtagiria lortzeko.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak -hezkuntzaren kalitatea hobetzeko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoak aldatua- 5. artikuluaren 1. paragrafoan -bizialdi osoko ikaskuntzari buruzkoa- ezartzen du pertsona guztiek izan behar dutela bizialdi osoan ikasteko aukera, hezkuntza-sistemaren barnean zein hezkuntza-sistematik kanpo, bere pertsona- eta lanbide-garapenerako ahalmenak, ezagutzak, trebeziak, trebetasunak, eta gaitasunak lortzeko, eguneratzeko, osatzeko eta zabaltzeko. Aurrerantzago, 69. artikuluaren 4. paragrafoan ezartzen du hezkuntza-administrazioek, euren eskumenen eremuan, lanbide-heziketako tituluak, besteak beste, zuzenean lortzeko aldizkako azterketak antolatuko dituztela.

Ekainaren 23ko 119/1998 Dekretuak, zeinaren bidez Kualifikazioen eta Lanbide Heziketaren Euskal Institutua sortzen baita, ezartzen du, 1. artikuluan, kualifikazioen egitura zehazteko eta lanbide-prestakuntzako sistema ezarri eta haren kalitate-mailari eta gizarte-balorazio onari eusteko organo arduraduna izango dela.

Lanbide Heziketako Kalitatea eta Gaitasuna Ebaluatzeko Euskal Agentzia sortu zuen apirilaren 3ko 62/2001 Dekretuak, 4. artikuluan, haren eginkizunen artean honakoa ezartzen du: indarreko araudiarekin bat eta Kualifikazio eta Lanbide Heziketako Institutuarekin lankidetzan, lanbide-gaitasuna ebaluatzeko sistema definitzea eta garatzea.

Uztailaren 18ko 942/2003 Errege Dekretuak, lanbide-heziketa espezifikoko teknikari eta goi-mailako teknikariaren tituluak lortzeko gaitasun-probek bete behar dituzten oinarrizko baldintzak zehazten dituenak, xedapen iragankor bakarraren 1. paragrafoan ezarri zuen ikaskuntza ez formalen edo lan-esperientziaren bidez lortutako lanbide-gaitasunen ebaluazioa ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren bidez sortutako Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalean jasotako lanbide-kualifikazioen arabera egin behar dela.

Era berean, haren xedapen iragankor bakarraren 2. paragrafoaren arabera, dagokion lanbide-kualifikazioa Katalogoan sartzen ez den bitartean, aurreko paragrafoan aipatzen den gaitasun-ebaluazioa lanbide-heziketa espezifikoko teknikari eta goi-mailako teknikariaren tituluetan ezarritako gaitasun-unitateak aintzat hartuta egin behar da, beraz, Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren esparruan onartutako tituluen arabera.

Azkenik, aipatu xedapen iragankor bakarraren 3. paragrafoan adierazten da lanbide-heziketako tituluen ematea eta, hala badagokio, egindako ebaluazioaren arabera horiei lotutako lanbide-gaitasunen egiaztapen partziala egitea Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioari edo autonomia-erkidegoan horretarako eskumena duen organoari dagozkiela.

Aipatu arauei kalterik egin gabe, Euskal Autonomia Erkidegoan Lanbide Heziketako teknikari eta goi-mailako teknikariaren tituluak lortzeko probak arautzen dituen apirilaren 27ko 70/2004 Dekretuak (2004ko maiatzaren 5eko EHAA, 83. zk.) aipatu tituluak osatzen dituzten moduluak gainditzeko eta horiei loturiko lanbide-gaitasuna aitortzeko pertsona helduek izandako lan-esperientziak eta ikaskuntza ez formalak kapitalizatzeko aukera izan dezaten, egin beharreko probak bete beharreko jarraibide orokorrak eta baldintzak ezarri zituen, lanbide-gaitasuna ebaluatzeko prozedura pertsonalizatua eta malgua ezarriz. Lanbide Heziketako teknikari eta goi-mailako teknikariaren tituluak hezkuntza-sistemaren antolaketa orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren esparruan onartu ziren, teknikari eta goi-mailako teknikariaren tituluak lortzeko probak bete beharreko oinarrizko baldintzak zehazten dituen uztailaren 18ko 942/2003 Errege Dekretuaren garapen gisa.

Era berean, 2003ko abenduaren 17ko Aginduak, Lanbide Kualifikazioen Sistemari lotutako Lanbide Heziketako Moduluen Katalogo Integratua irakastea arautzen duen agindua aldatzen duenak, prestakuntza antolatzen zuen, eta, behar izanez gero, baita aurreko paragrafoan aipatutako dekretuan ezarritako lanbide-gaitasunaren ebaluazioaren prozeduraren garapenetik sortutako ikaskuntza-beharrak osatzeko egin beharreko zatiketak ere.

Hori dela eta, aipatu dekretuarekin bat eginez, 2004-2005 ikasturtetik 2008-2009ra bitartean lanbide-heziketa espezifikoko teknikari eta goi-mailako teknikariaren tituluetan eta, beraz, hezkuntza-sistemaren antolamendu orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren esparruan onartutako tituluetan ezarritako gaitasun-unitateei dagozkien lanbide-gaitasunen egiaztapena lortzeko hainbat prozesu gauzatu ziren.

Prozesu horiek honako xedapen hauek araututako deialdien bidez burutu ziren: 2006ko urtarrilaren 27ko Agindua, 2007ko ekainaren 13ko Agindua, 2009ko urtarrilaren 9ko Agindua, 2009ko irailaren 14ko Agindua eta 2009ko irailaren 18ko Ebazpena.

Ondoren, uztailaren 17ko 1224/2009 Errege Dekretuak arautu zuen lan-esperientziaren bidez lortutako lanbide-gaitasunen aitorpena, Kualifikazioen eta Lanbide Heziketaren Sistema Integratuaren arabera. Dena den, Lehenengo Xedapen Iragankorrak aurreikusi zuen lan-esperientziaren bidez edo prestakuntzako bide ez formalak erabiliz lortutako lanbide-gaitasunak ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozesuen deialdiak administrazio eskudunek egin zitzaketela, betiere aipatu uztailaren 18ko 942/2003 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera.

Beraz, uztailaren 18ko 942/2003 Errege Dekretuak eta hura erkidegoan garatzeko emandako apirilaren 27ko 70/2004 Dekretuak irekitako aldi iragankorra uztailaren 17ko 1224/2009 Errege Dekretuak itxi zuen.

Gaur egun, Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionala bere osotasunean definitu eta gero, eta, ondorioz, dagozkion lanbide-heziketako ia titulu guztiak ezarrita, eta hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan babesturik -hezkuntzaren kalitatea hobetzeko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoak aldatua- beharrezkoa da aldi iragankorrean pertsonek lortutako gaitasun-unitateak -Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Legearen babesean ezarritako tituluei zegozkien profiletan sartzen zirenak- eguneratzea, Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionaleko gaitasun-unitateei jarraikiz. Gaitasun-unitate horiek Hezkuntzaren kalitatea hobetzeko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoak aldatu zuen hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren babesean emandako lanbide-heziketako tituluei dagozkie.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikotik -Hezkuntzaren kalitatea hobetzeko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoak aldatu zuena- sortutako gaur eguneko lanbide-hezkuntzako tituluak arautzen dituzten errege dekretuek deuseztatzen diren Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrerako urriaren 3ko 1/1990 Legearen babesean emandako tituluen lanbide-moduluen baliozkotzeak zehazten dituzte, lehiakortasun-unitateen eguneratze-prozesuari lagunduz eta ofizialtasuna emanez.

Labur esanda, prozedura bat ezarri nahi da, uztailaren 17ko 1224/2009 Errege Dekretua indarrean sartu zen arte gaitasunen egiaztapen-prozesuetan parte hartu zuten pertsonek lortutako egiaztapenen aitorpena gaitasun-unitatetan neurtuta eguneratuko duena, betiere hezkuntza-kalitatea hobetzeko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoak aldatu zuen hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikotik sortutako tituluei dagokienez.

Horren guztiaren ondorioz, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.- Uztailaren 18ko 942/2003 Errege Dekretuak ezarritako aldi iragankorrean egindako deialdietan egiaztatutako lanbideko gaitasun-unitateak eguneratzea. Gaitasun-unitate horiek lanbide-heziketako moduluen katalogo integratuko prestakuntza gaindituz osatu ziren, zeinen erreferentea Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrerako urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren babesean argitaratutako prestakuntza-tituluak baitziren, eta Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalean jasota dauden gaitasun-unitateetara egokitu behar dira. Gaitasun-unitate horiek hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren garapenean ezarritako titulazio berrien lanbide-profilak zehazten dituzte. Maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoa hezkuntzaren kalitatea hobetzeko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoak aldatu zuen.

Bigarrena.- 2004-2009 aldi iragankorreko deialdietan egiaztatutako gaitasun-unitateak Lanbide Kualifikazioen Katalogoko gaitasun-unitateekin eguneratu behar dira, betiere Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrerako urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren eta maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoa aldatu eta ordezkatzen duen abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoaren babesean sortu ziren eta titulu bakoitza arautzen duten dekretuen arabera. Eguneratzea prozedura honi jarraituz egingo da:

a) Aldi iragankorrean egiaztatutako gaitasun-unitateak Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrerako urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren babesean emandako tituluen lanbide-moduluak baliozkotzen dituzte, betiere titulu bakoitzari dagokion errege-dekretuaren eranskinaren arabera, non zehazten baita lanbide-moduluen eta gaitasun-unitateen elkarrekikotasuna.

b) Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrerako urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren arabera onartutako lanbide-moduluek hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren babesean onartutako tituluen lanbide-moduluak baliozkotzen dituzte, betiere titulu bakoitzari dagokion errege-dekretuaren eranskinean aurreikusitakoaren arabera, non adierazten baitira bi lege horien babesean onartutako lanbide-moduluen arteko baliozkotzeak. Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoa hezkuntzaren kalitatea hobetzeko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoak aldatu zuen.

c) Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege organikoaren babesean baliozkotutako lanbide-moduluak dagozkien gaitasun-unitateak egiaztatzen dituzte, titulu bakoitzari dagokion errege-dekretuaren eranskinaren arabera, non gainditutako lanbide-moduluen eta Lanbide Kualifikazioaren Katalogo Nazionalean egiaztatutako gaitasun-unitateen arteko elkarrekikotasuna adierazten baita. Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoa hezkuntzaren kalitatea hobetzeko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoak aldatu zuen.

d) Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrerako urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren arabera onartutako lanbide-hezkuntzako tituluen gaitasun-unitateak egiaztatuta dituzten pertsonei, baliokidetasun posiblerik ez dagoela-eta, ezin bazaizkie Lanbide Kualifikazioen Katalogoko gaitasun-unitateak aitortu, gaitasunak aitortzeko etorkizuneko prozesuetan kontuan hartuko zaizkie.

e) Era berean, egiaztapenek -gehienetan prestakuntza ez formaletik datozenak- ez diotenean erantzuten gaitasun-unitate osoari, Kualifikazioen eta Lanbide Heziketaren Euskal Institutuak aitortuko ditu egiaztapen horiek, interesdunari lortzeko falta zaionaren berri emateko, gaitasunak egiaztatzeko etorkizunean egongo diren prozesuetara aurkez dadin.

f) Prozedura hori lanbide-prestakuntzako titulu berriei aplikatuko zaie, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren, betiere Kualifikazioen eta Lanbide Heziketaren Sistema Integratuaren barnean.

Hirugarrena.- Kualifikazioen eta Lanbide Heziketaren Euskal Institutuak egingo du eguneratzea, Lanbide Heziketako Gaitasuna eta Kalitatea Ebaluatzeko Euskal Agentziaren laguntzarekin, ofizioz, eta ezarritako prozedurari jarraituz.

Kualifikazioen eta Lanbide Heziketaren Euskal Institutuak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari bidaliko dizkio emaitzak, erregistra ditzan, ezarrita duen prozeduraren arabera.

Laugarrena.- Era berean, aurreko paragrafoan aurreikusitako erregistratzeak GAITUZ aplikazio informatikoan sartu behar dira nahitaez, informazio- eta estatistika-helburuak betetzeko. Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak Lanbide Heziketako Gaitasuna eta Kalitatea Ebaluatzeko Euskal Agentzian duen aplikazio informatikoa da GAITUZ.

Bosgarrena.- Gaitasun-unitate baten egiaztapenak egiaztapen partzial metagarriaren ondorioak ditu, Kualifikazioen eta Lanbide Heziketaren ekainaren 19ko 5/2002 Legearen 8.3 artikuluan xedatutakoaren arabera, halaxe ezarrita baitago lan-esperientziaren bidez lortutako lanbide-gaitasunak aitortzeari buruzko uztailaren 17ko 1224/2009 Errege Dekretuan.

Seigarrena.- Datu pertsonalen trataera Datu pertsonalak babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoaren arabera gauzatuko da (1999-12-14ko BOE, 298. zk.). Datu pertsonalak partekatzeko eta deialdiaren helburuetarako erabiltzeko ahalmena ematen dio prozedurak deialdia egiten duen administrazioari.

AZKEN XEDAPENA

Ebazpen honek ez du amaitzen administrazio-bidea; beraz, beraren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahalko diote interesdunek Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuari, azaroaren 26ko Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 114. artikuluari eta hurrengoei jarraituz. Horretarako epea hilabetekoa izango da, ebazpen hau www.euskadi.net gune elektronikoaren iragarki-oholean argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko azaroaren 10a.

Lanbide Heziketako sailburuordea,

JORGE ARÉVALO TURRILLAS.


Azterketa dokumentala