Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

234. zk., 2014ko abenduaren 9a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
5243

AGINDUA, 2014ko azaroaren 19koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, zeinarekin indargabetu egiten dira ondoko aginduarekin egindako izendapenetarik bi: 2014ko uztailaren 1ekoa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, Eusko Legebiltzarrak aukeratutako kideak Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Gizarte kontseiluan Euskal Autonomia Erkidegoaren gizarte-interesen ordezkari izendatzen dituena.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2014ko uztailaren 1eko Aginduaren bitartez (2014-07-14ko EHAA, 132. zk.), Euskal Herriko Unibertsitateko Gizarte kontseiluko kide izendatu ziren Josu Aboitiz Bilbao eta Ana María Deusto Porset.

Euskal Unibertsitate Sistemari buruzko otsailaren 25eko 3/2004 Legeren 72. artikuluak zera ezartzen du: Eusko Legebiltzarrak edo batzar nagusiek izendatutako pertsonak ezin dira izan legebiltzarkide edo batzarkide, eta ezin dute kargu instituzionalik eduki. Gaur egun, Josu Aboitiz Bilbaok Lekeitioko udalean zinegotzi eta alkateorde karguak ditu, hain zuzen ere azken udal hauteskundeetatik hona; beraz, Euskal Unibertsitate Sistemari buruzko Legeko 72. artikuluan ezarritako bateraezintasunak eragiten dio.

Bestalde, Euskal Unibertsitate Sistemari buruzko Legeko 73.4 artikuluak zera ezartzen du: interes sozialak ordezkatzen dituzten Gizarte Kontseiluko kideen agintaldia lau urtekoa izango da, EHAAn euren izendapena argitara ematen denetik hara; eta beste agintaldi baterako bakarrik berrautatu ahal izango dira; berrautatze hori segidakoa edo alternatiboa izan daiteke. Edonola ere, ezin izango dira izan zortzi urtetik gora Kontseiluko kide. Ana María Deusto Porset-ek bederatzi urtetik gora egin ditu Gizarte Kontseiluko kide legez, eta kargurako hirugarrenez izendatua izan da. Hori dela-eta, birritan baino gehiagotan hautatua izateko galarazpenak eragiten dio Ana María Deusto Porset-i, eta, orobat, segituan edo alternatiboki karguan zortzi urtetik gora izateko galarazpenak ere.

Horiek horrela, eta Euskal Unibertsitate Sistemari buruzko Legearen 73.2 artikuluak xedatitakoarekin bat etorriaz, unibertsitateen arloan eskumenak dituen sailburuak izendatuko ditu interes sozialak ordezkatzen dituztenak; betiere, aldez aurretik erakunde eskudunak izendatutakoan.

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Josu Aboitiz Bilbao-ren eta Ana María Deusto Porset-en izendapenak indarrik gabe uztea; Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2014ko uztailaren 1eko Aginduaren bitartez izendatu ziren goikook Euskal Herriko Unibertsitateko Gizarte Kontseiluko kide.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko azaroaren 19a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.


Azterketa dokumentala