Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

234. zk., 2014ko abenduaren 9a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
5241

223/2014 DEKRETUA, abenduaren 2koa, Zarauzko (Gipuzkoa) Zigordia kaleko 6. zenbakian den higiezina partzialki desafektatzea ebazten duena. Ondasun higiezin hori Zarauzko Hiribildua, monumentu-multzo izendapenaz, kultura-ondasun gisa izendatu, eta hura zaintzeko babes araubidea ezartzen duen uztailaren 12ko 305/1994 Dekretuaren eraginpean dago.

Aipatu higiezina (Zigordia kalea, 6), Zarauzko Hiribildua, monumentu-multzo izendapenaz, kultura-ondasun gisa deklaratzeari buruzko uztailaren 12ko 305/1994 Dekretuaren eraginpean dago (1994ko abuztuaren 19ko EHAA, 157. zk.). Horren arabera, higiezinak oinarrizko babesa du.

Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legeko 36. artikuluan ezarritakoaren arabera (abuztuaren 6ko EHAA, 157. zk.), ez dago sailkatutako edo zerrendatutako kultura-ondasunik botatzerik, baldin eta aldez aurretik euren aurri-egoera adierazi ez bada eta dagokion Foru Aldundiak eraisteko baimenik eman ez badu. Era berean, derrigorrezkoa izango da Eusko Jaurlaritzak sailkatutako kultura ondasun izatetik kentzeari buruzko baimena aldez aurretik ematea.

Aipatutako araudia garatzeko azaroaren 10eko 306/1998 Dekretua eman zen, alegia, sailkatutako eta zerrendatutako kultura-ondasunen aurri-egoeraren deklarazioari buruzkoa eta berauek eraisteko ebazpenaren aurretik eta ondoren egin beharrekoei buruzkoa (azaroaren 26ko EHAA, 226. zk.).

2013ko maiatzaren 15ean, Zarauzko Udalak Euskal Kultura Ondarearen Zentroari Zarauzko Hirigune Historikoan den Zigordia kaleko 6. zenbakiko higiezina aurri-egoeran deklaratzeko eskaeraren berri eman zion, aipatutako 306/1998 Dekretuari jarraituz desafektatzeko espedienteari hasiera emateko asmoz.

Higiezinaren aurri-egoera deklaratu zen aurreko batean arrazoi ekonomikoengatik. Izan ere, 2007ko otsailaren 23an, Zarauzko Udalak igorri zizkion Euskal Kultura Ondarearen Zentroari aurri-egoera deklaratzeko espedientearen kopia eta desafektazioaren espedientea hasteko eskaera. Zerbitzu Teknikoen txostenak, aurri-egoeraren espedientea eta izan ziren ekintzak ikusirik, Euskadiko Ondare Monumentu-Arkitektonikoaren aholku batzordeak 2007ko azaroaren 28an egindako batzarrean higiezina ez desafektatzea erabaki zuen. Kirol, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen 2008ko urtarrilaren 18ko Ebazpenaren bidez ukatu egin zen higiezina kultura ondasun izatetik kentzeko espedienteari hasiera ematea. Hala ere, 2009ko martxoaren 5ean, Zarauzko Udalak deklaratu zuen higiezinaren aurri-egoera, arrazoi ekonomikoengatik. Gauzak horrela, Euskal Kultura Ondarearen Zentroak agindu zion udalari higiezina ez botatzeko babestutako monumentu multzoaren barruan dagoelako eta derrigorrezkoa den desafektazioa eman ez zelako.

Oraingo honetan aurri-egoera arrazoi fisikoetan oinarritu zuten. Euskal Kultura Ondarearen Zentroko Zerbitzu Teknikoek emandako txostenean ondorioztatzen zen ez zela betetzen uztailaren 3ko Euskal Kultura Ondareari buruzko 7/1990 Legearen 36. artikuluak xedatutakoa aurri-egoera deklaratzeko eta higiezinaren egoera jabeen mantentze-lan ezagatik gertatua zela.

Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen 2013ko uztailaren 19ko Ebazpenak ukatu zuen, bigarren aldiz, higiezina kultura-ondasun izatetik kentzeko espedienteari hasiera ematea.

Aipatutako ebazpenaren aurka jo zuten bai Ana Maria Jauregui Irazabalbeitiak, higiezinaren jabeen izenean, gora jotzeko helegitea aurkeztuta, bai Zarauzko Udalak, administrazioarekiko auzi-errekurtsoaren aurretiazko errekerimenduaren bidez. Higiezina kultura-ondasun izatetik kentzeko auzia behin betiko argitu asmoz, Kultura Ondarearen Zentroak gaia berriro Euskadiko Ondare Monumentu-Arkitektonikoaren Aholku Batzordera eramatea erabaki zuen. Honen batzarra 2013ko abenduan egin zenez, errekurtso biak ezetsi egin ziren administrazioaren isiltasunagatik azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 43. artikuluan xedatutakoaren arabera. Lege honek Herri Administrazioen Araubide Juridikoa eta Administrazio Prozedura Erkidea arautzen ditu.

Zerbitzu teknikoen txostenak kontuan harturik, eta aurri-egoeraren espedientea eta izan diren ekintzak ikusirik, Euskadiko Monumentu-Ondarearen Aholku Batzordeak, 2013ko abenduaren 4an egindako saioan, Zarautzen den (Zigordia, 6) eraikina partzialki desafektatzea eta lursailari, harrizko egiturazko elementuei eta barruko egituraren material generikoari dagokien babesa mantentzea erabaki zuen, 305/1994 Dekretuan jasotako ordezkatze-arauak errespetatuz.

Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen 2014ko martxoaren 10eko Ebazpenaren bidez (martxoaren 11ko EHAA, 48. zk.) Zigordia kaleko 6. zenbakian den higiezina partzialki desafektatzeko espedienteari hasiera eman zitzaion, jendaurrean jarri zen eta interesdunei entzun zitzaien.

Horretarako legez ezarrita dauden izapideak bete ondoren, emandako epe barruan alegazioak aurkeztu zituen Juan Maria Arrue Salazarrek, Maria Jesus Alzuru Arrue eta Maria Digna Alzuru Arrueren ordez eta izenean.

Alegazioen idazkiaren xedea higiezinaren desafektazio partzialaren aurka jotzea da. Horretaz gain, idazkian jasotzen diren argudioak aintzat hartuta, eskatzen da Zarauzko Zigordia kaleko 6. zenbakian den higiezina erabat desafektatzeko espedienteari hasiera emateko.

Euskal Kultura Ondarearen Zentroko Zerbitzu Teknikoek alegazioei erantzuna emateko txostena prestatu dute, espedientean jasota dagoena. Honek bi ondorio nagusi jasotzen ditu. Alde batetik, alegazioetan ematen diren argudio guztiak aldez aurretik aztertu zirela espedienteari hasiera emateko ebazpenaren izapidean eta, bestetik, argudio horiek ez dutela behar besteko indarrik higiezinaren egoeraren balorazioan erabili diren irizpide teknikoak aldarazteko. Honen ondorioz, aurkeztutako alegazioak ezetsi egiten dira.

Hori dela-eta, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legean ezarritakoaren arabera, Kultura Ondarearen Zentroko Zerbitzu Teknikoek egindako aldeko txostena ikusirik, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren proposamenari jarraituz eta Jaurlaritzaren Kontseiluak gaia 2014ko abenduaren 2ko bilkuran aztertu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– Zarauzko Zigordia kaleko 6. zenbakiko eraikina partzialki desafektatzea eta lursailari, harrizko egiturazko elementuei eta barruko egituraren material generikoari dagokien babesa mantentzea, 305/1994 Dekretuan jasotako ordezkatze-arauak errespetatuz. Zarauzko Hiribildua, kultura-ondasun gisa, monumentu-multzo izendapenaz kalifikatu zuen eta hura zaintzeko arauak ezarri zituen uztailaren 12ko 305/1994 Dekretuaren arabera (abuztuaren 19ko EHAA, 157. zk.), higiezinak oinarrizko babesa du.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak Euskal Kultura Ondarearen Zentroari honako hau eskatuko dio: behin-behinekoz ohartarazita dagoen ondasun higiezina, Zentroari atxikita dagoen Sailkatutako Kultura Ondasunen Erregistrotik ezaba dezala.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak interesdunei, Zarauzko Udalari, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Gazteria eta Kirol eta Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketarako Departamentuei eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumena eta Lurralde Politika Sailari honako Dekretu hau jakinaraziko die.

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, jende guztiak honen berri izan dezan.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Administrazio-bidea amaitzen duen dekretu honen aurka, lehenik, nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa jar dakioke Jaurlaritzaren Kontseiluari, hilabeteko epean, edo, bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Herriko Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzietarako salari, bi hilabeteko epean. Epeak dekretu honen azken argitalpenaren egunaren biharamunetik hasiko dira.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2014ko abenduaren 2an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.


Azterketa dokumentala