Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

234. zk., 2014ko abenduaren 9a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HERRI-KONTUEN EUSKAL EPAITEGIA
5236

ERABAKIA, Herri-Kontuen Euskal Epaitegiaren Osokoak 2014ko urriaren 27ko bilkuran hartua, «Artium Fundazioa 2013» txostena behin betiko onesten duena.

Herri-Kontuen Euskal Epaitegiaren Osokoak 2014ko urriaren 27an egindako bilkuran, hau

ERABAKI DU:

«Artium Fundazioa 2013» txostena behin betiko onestea, erabaki honen eranskin modura ageri dena.

HKEEren 1/88 Legearen 13.2 atalak aurreikusten duena betez, txostenaren ondorioak dagozkion aldizkari ofizialetan argitaratzeko xedatzea.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko urriaren 27a.

HKEEren lehendakaria,

JOSE IGNACIO MARTÍNEZ CHURIAQUE.

HKEEren idazkari nagusia,

TERESA CRESPO DEL CAMPO.

ERANSKINA
ARTIUM FUNDAZIOA 2013

Laburdurak.

15/2010 Legea: 15/2010Legea, uztailaren 5ekoa, abenduaren 29ko 3/2004 Legea aldarazten duena, merkataritzako eragiketetan berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituena.

AFA: Arabako Foru Aldundia

BEZ: Balio Erantsiaren gaineko zerga

DOUE: Europar Batasuneko Aldizkari Ofiziala

EAE: Euskal Autonomia Erkidegoa

EB: Espainiako Konstituzioa

FA: Foru Araua

FD: Foru Dekretua

KBA: Kontrataziorako barne jarraibideak.

SPKL: 30/2007 Legea, urriaren 30ekoa, Sektore Publikoaren Kontratuei buruzkoa.

SPKLTB: 3/2011 Legegintzazko Errege Dekretua, azaroaren 14koa, Sektore Publikoaren Kontratuei buruzko Legearen Testu Bategina onesten duena.

I.– Sarrera.

Herri-Kontuen Euskal Epaitegiak Laneko Programan Arabako Artium Fundazioaren fiskalizazio lana barne hartu du, 2013ko ekitaldiari dagokiona.

AFAk azaroaren 14ko 112/2000 FDren bitartez, Arabako Artium Fundazioa sortu zuen (aurrerantzean Fundazioa); hasierako ekarpena 180.304 eurorena izan zen, izaera iraunkor eta balio-epe mugagabekoa; 2001eko otsailaren 16an jaso zen eskritura publikoan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan, berriz, 2001eko apirilaren 30ean.

Fundazioa irabazi asmorik gabeko erakundea da, sozietatearen egoitza Gasteizen duena; Fundazioa uztailaren 12ko 16/2004 FAk arautzen du, Irabazi asmorik gabeko entitateen zerga erregimenari eta mezenasgoaren aldeko zerga pizgarriei buruzko uztailaren 12ko 16/2004 FAk arautzen duena. Honenbestez, sozietatearen helburu diren jardueretatik eskuratutako emaitzen ondorioz, Elkarteen gaineko Zerga ordaintzetik salbuetsia dago; baita, erakundearen ondare higigarri eta higiezinetik eratorritakoen ondorioz ere.

Hona hemen Fundazioaren xedea:

– Arabako Arte Garaikidearen Euskal Museoa Zentroa-Artium kudeatu eta zuzentzea.

– Ondarea osatzen duten kultur baliodun ondasun higigarri eta higiezinak mantendu, zaindu, babestu eta zaharberritzea.

– Arte plastikoak gizartean hedatzea sustatu eta bultzatzea.

– Bildumak ikusi eta aztertzeko baldintza egokietan erakustea eta azterketa eta ikerketa lanak bideratu eta sustatzea.

– Arabako Artiumen dauden lanen eta ondarearen kultur nortasunaren ezagutza, hedapena eta komunikazioa bultzatzea.

– Ikerketa programak garatu eta museologian prestakuntza eta hobekuntza planetan esku hartzea.

– Kooperazio eta lankidetza harremanak ezarri beste Fundazio edo museoetako kudeaketa antolamenduekin, Unibertsitatearekin, ikerketa zentroekin eta bestelako kultur erakunde nazional zein atzerrikoekin.

– Aurreko atalean zehaztutako erakundeekin batean jarduerak garatzea.

– Bestelako jarduera osagarriak egitea, kultur adierazpenak sustatu edo gauzatzea, hitzaldiak, liburuen edizioak, katalogo eta bestelako argitalpenak, beken emakida eta laguntzak orokorrean eta antzeko bestelako zeinahi jarduera egitea xede dutenak, betiere fundazioaren helburuekin bateragarri direnak.

2013ko abenduaren 31n, Fundazioaren Babesletza honako babesle hauek osatzen dute:

(Ikus .PDF)

Fiskalizazioaren helburua

Lanaren mamia honako hau izan da:

1.– Ezargarria den legeria betetzen dela egiaztatu fundazioetan, ekitaldian zehar egindako plantillako langileen kontratazioan, obra kontratazioetan, aztertutako ekitaldian esleitutako ondasun eta zerbitzuetan edo lehenagoko ekitaldietan esleitu arren, 2013an egikaritu direnetan.

2.– 2013ko ekitaldiko Urteko Kontuak fiskalizatzea. Fundazioa auditatua dago; honenbestez, gure lana auditoreen lan paperak berrikustera mugatu da eta hala behar izan denean, egoki iritzitako proba osagarriak egin ditugu.

3.– Jasotako diru-laguntzen berrikuspena, horien justifikazioa eta zein helburutarako eman ziren, horretarako baliatu diren egiaztatzea.

Lanaren zabalak ez du gastuaren eraginkortasun eta efizientziari buruzko azterlanik besarkatzen. Nolanahi ere, azaleratutako hutsak «Kudeaketaren alderdiak eta Gomendioak» idazpuruan xehetasunez jasoko ditugu.

II.– Iritzia.

II.1.– Legea betetzeari buruzko iritzia.

Administrazioko kontratazioa

1.– 2011n guztira 119.619 euroan esleitutako bi kontratutan (6 eta 10 zenbakiak) ez dira aintzat hartu aurreikusitako luzapenak horien balioetsitako balioa kalkulatzeko eta horrek SPKLren 76.1 artikulua urratzen du. Barne hartutako luzapenekin, bi kontratuak erregulazio harmonizatuari lotuta izapidetu behar ziratekeen eta honenbestez, DOUEn publikotasuna emateko izapidea urratu dute, SPKLren 174.1 artikuluak agintzen duena.

2.– Argindarraren hornidura kontratua (12 zenbakia), 2013an 170.124 euro egin duena, publikotasun eta lehia printzipioak beteko zirela bermatuko zuten prozedurak baliatu gabe kontratatu zen.

Epaitegi honen iritzira, aurreko idatz-zatietan jasotako ez-betetzeak alde batera, Fundazioak zuzentasunez bete du 2013ko ekitaldian ekonomia-finantzaren jarduera arautzen duen lege arautegia.

II.2.– Urteko kontuei buruzko iritzia.

1.– Abenduaren 27ko 17/2012 Legearen bidez, 2013rako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzkoa, 2013ko urtarrilaren 1etik aurrera indarrean sartu zena, BEZa arautzen zuen araudia aldatu zen eta ondorioz, Fundazioak egindako hainbat zerbitzu emankizun zerga horretatik salbuetsita utzi ziren. Alabaina, erakundeak ez ditu 2013an aldatu aipatutako zergarekin lotutako eragiketak kontularitzan erregistratzeko irizpide eta prozedurak. Ez dezakegu ebaluatu adierazitako jokamoldeak zenbateko eragina izan duen 2013ko abenduaren 31n amaitutako urteko ekitaldiari dagozkion honekin baterako urteko kontuetan.

Epaitegi honen iritzira, aurreko paragrafoan jasotako egintza egiaztatzerik izan bagenu beharrezko gerta zitezkeen doiketen eragina salbuetsita, honekin baterako 2013ko ekitaldiaren Urteko Kontuek alderdi esanguratsu guztietan Fundazioaren 2013ko abenduaren 31n ondarearen eta finantza egoeraren isla zuzena erakusten dute; baita, data horretan amaitutako urteko ekitaldiari dagozkion bere eragiketen eta eskudiruzko fluxuen emaitzena ere, ezargarria den finantza informazioaren arau-esparruaren arabera eta, zehazki, bertan jasotako kontularitzako printzipio eta irizpideen arabera.

Urteko kontuei buruzko iritzian eraginik izan gabe, komenigarri iritzi diogu, egoki interpretatu ahal izateko, ondotik zehaztutako informazioa aintzat hartzeari:

Fundazioaren 2013ko abenduaren 31ko ondare eta ekonomia egoerak funtzionatu ahal izateko ezinbestekoa da erakunde fundatzaileak eta babesle publikoek aldian behin ekarpena egitea; ekitaldi honetan ekarpen horiek Fundazioaren urteko diru-sarreren % 73 egin dute.

III.– Barne kontrolerako sistemei eta kudeaketa prozedurei buruzko irizpenak.

Atal honetan ekonomia-finantza jarduera arautzen duten printzipioak gehiegi eragiten ez dituzten akatsak ez ezik, kudeaketa hobetzeko azpimarratu nahi diren prozedurazko alderdiak ere azaleratu dira.

III.1.– Kontratazioa.

Kontrataziorako barneko aginpideak

– Erregulazio harmonizatuari lotu gabeko kontratuak arautzen dituzten kontrataziorako barne aginpideek agintzen dute 200.000 eurotik gorako zenbatekodun obra kontratuei eta 60.000 eurotik gorako gainerako kontratuei Kontratugilearen profilean eman behar zaiela publikotasuna; ordea, SPKLTBren 191.c) artikuluak agintzen du publikotasuna eman behar zaiola 50.000 eurotik gorako edozein kontraturi. Fundazioak, nahiz KBAek ez duten publikotasuna emateko eskatzen aurrez aipatutako kopuru tartean, Kontratugilearen profilean kopuru tarte horretako lizitazioak argitaratzen ditu. Berebat, Kontrataziorako barne aginpideek eskaintza bakarra eskatzeko agintzen dute 50.000 eurotik beherako obra kontratuetan eta 18.000 eurotik beherako gainerako kontratuetan; alabaina, kasu hauetan lehia bideratu behar da SPKLTBren 191.a) artikuluari jarraiki.

Lizitazioa

– Aztertu ditugun 11 espedienteren pleguek (1, 2, 3, 4, 5, 6, 7, 8, 9, 10 eta 11 zk.), 1,1 milioi euroan esleitutakoak, kontratuaren xedearekin loturarik ez zuten esleipen irizpideak barne hartzen zituzten, lizitatzailearen kaudimenari lotutakoak esaterako, eta irizpideetakoren bat orokorra da.

III.2.– Beste batzuk.

– 2013an gauzatutako merkataritzako eragiketen kontzeptuko ordainketetatik 53.651 euroren zenbatekoa 15/2010 Legeak agindutako epeak gaindituta ordaindu da, zeinak ekitaldi horretan gauzatutako ordainketen % 2 egiten duen. 2013ko abenduaren 31n, ez zegoen merkataritzako eragiketen kontzeptuan ordaintzeko gehienezko epea gainditzen duen saldorik.

IV.– Urteko kontuak

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala