Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

234. zk., 2014ko abenduaren 9a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
5234

AGINDUA, 2014ko azaroaren 18koa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza-ustiategien koadernoa eta beraren erabilera arautzen dituena.

2004an zehar Europar Batasunak Higienearen Paketea izena eman zitzaion arau-multzoa argitaratu zuen. Haietako bat Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren (EE) 852/2004 Araudia izan zen, 2004ko apirilaren 29koa, elikadura-produktuen higieneari buruzkoa. Haren I. eranskinean ezarri zen abereak hazten eta lehen mailako abere-produktuak ekoizten dituzten enpresek eta landare-produktuak ekoizten edo biltzen dituztenek erregistroak eduki behar dituztela, honakoak jasota: emandako elikagaien izaera eta jatorria, lortutako produktuak, tratamenduak, egindako analisien emaitzak, erabilitako produktu fitosanitarioak eta izandako izurriak edo gaixotasunak, besteak beste.

Beste alde batetik, nekazaritzan aritzeko eta Nekazaritzako Politika Bateratuko zuzeneko laguntzak ordaintzeko, ingurumenaren arloko eta abereen ongizateko betekizun batzuk bete behar direla xedatuta dago Nekazaritzako Politika Bateratuaren arloan honako hauen bidez: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko (EB) 1306/2013 Araudia; Batzordearen 2014ko martxoaren 11ko (EB) 640/2014 Araudi Eskuordetua, eta Batzordearen 2014ko uztailaren 17ko (EB) 809/2014 Araudi Betearazlea.

Halaber, Europar Batasunaren jardute-esparruan, argitara eman ziren Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2009ko urriaren 21eko 2009/128/EE Zuzentaraua eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2009ko urriaren 21eko (EE) 1107/2009 Araudia, plagizidak modu jasangarrian erabiltzeko xedeaz. Espainiak irailaren 14ko 1311/2012 Errege Dekretuaren bidez xedatu zituen arau horiek.

2008ko apirilaren 24an argitaratu zen 2008ko martxoaren 10eko Agindua, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura sailburuarena, nekazaritzako ustiategien koadernoa eta beraren erabilera arautu dituena. Ustiategien koadernoa indarrean jarrita, eredu bakarra ezarri zen nekazaritzako ustiategi guztietarako, nekazaritzakoak zein abeltzaintzakoak izan. 2010eko uztailaren 14ko Aginduak agindu hori aldatu zuen, ureztatzeko ez ezik, ura beste eginkizun batzuetarako erabiltzeko aukera ere sartzeko, eta koadernoaren azalpen-oharrak hobetzeko.

Harrezkeroztik izan diren arauzko aldaketek nahitaezko egin dute koadernoaren edukia eguneratzea. Hori dela eta, ingurumeneko datuak, tratamendu fitosanitarioak eta zoosanitaroak, uztak, eta abeltzaintzako ustiategiei buruzko beste hainbat datu gehitu dira.

Agindu hau Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuko 10. artikuluko 9. eta 25. paragrafoetan arlo honetarako xedatutako eskumenaren babesean eman da. Bera prestatzeko kontuan hartu dira Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko foru-aldundiak, baita nekazaritzaren arloko lanbide-elkarteak ere.

Horiek horrela, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiategien koadernoa arautzea.

2. artikulua.– Aplikazio-eremua.

Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiategi guztiek izan behar dute ustiategien koadernoa.

3. artikulua.– Idatzoharrak.

1.– Koadernoan idatzoharrak egin behar dira jarduera, lana edo tratamendua amaitzen denetik egutegiko hamabost egun igaro baino lehen, beste xedapen batean epe laburrago bat ezarri ezean.

2.– Agindu honen eranskinean xedatutako kasuetan, idatzohar osoaren edo zati baten ordez idatzi behar diren datuen frogagiriak txerta daitezke.

3.– Beharrezkoa izanez gero, ustiategiei informazio gehiago eska dakieke laborantza motez, ekoizpen-sistemez, kalitate bereizgarriez, eta abarrez; unerik unera onesten diren ereduen arabera.

4. artikulua.– Artapena.

1.– Idatzoharrak inolako aldaketarik gabe gorde behar dira, koadernoaren formatua gorabehera, gutxienez hiru urtean, koadernoan erregistratzen direnetik, beste xedapen batean epe luzeago bat ezarri ezean.

2.– Idatzoharrei dagozkien agiriak ere epe berean gorde behar dira, erantsi behar direla adierazten den kasuetan.

5. artikulua.– Koadernoaren egitura.

Koadernoak atal hauek izan behar ditu:

1.– Datu pertsonalak eta ustiategiarenak.

2.– Lursailen zerrenda eta ingurumen-datuak.

3.– Lurraren prestakuntza, ereintza edo landaketa, ongarriketa, tratamendu fitosanitarioak, uraren erabilera eta lortutako uzta.

4.– Mindaren eta simaurraren maneiua.

5.– Lurraren, uraren eta landareen analisia.

6.– Erosketen erregistroa.

7.– Salmenten erregistroa, produktuen eta azpiproduktuen erabilera eta irteera, abereen irteera, eta hildakoak kentzea.

8.– Abereen tratamendu zoosanitarioak, kontrolak eta analisiak.

9.– Abeltzaintzako ustiategiak: mantentze-lana, garbiketa, desinfekzioa eta intsektu- eta arratoi-hiltzea.

6. artikulua.– Koadernoaren formatua.

1.– Ustiategien koadernoaren formatua agindu honen eranskinean finkatzen da; idatziz zein euskarri informatizatuan antola daiteke. Koadernoaren informazioa emateko, bestelako formatuak baimendu daitezke Eusko Jaurlaritzaren Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzaren ebazpenen bidez.

2.– Ustiategi bakoitzak bere orriak bete behar ditu, ustiategi motaren arabera; koadernoan bertan agertzen diren oharretan aurreikusitako kasuetan izan ezik.

3.– Horretaz gain, ustiategi bereziek informazio gehigarria eman behar dute, eraginpeko berariazko arauek xedatutakoaren arabera.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetu egiten da 2008ko martxoaren 10eko Agindua, nekazaritzako ustiategien koadernoa eta beraren erabilera arautu dituena.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak jakinaraziko dio Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumeneko Ministerioari agindu hau onartu duela.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko azaroaren 18a.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,

MARIA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala