Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoa

Euskadi.eus

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

230. zk., 2014ko abenduaren 2a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

LEHENDAKARITZA
5141

4/2014 LEGEA, azaroaren 27koa, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua sortzekoa.

Eusko Legebiltzarrak azaroaren 27ko 4/2104 Legea, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua sortzekoa onartu duela jakinarazten zaie Euskadiko herritar guztiei.

ZIOEN AZALPENA

Autonomia Estatutuaren 9. artikuluan ezarrita dago zein den euskal botere publikoen jarduera gidatu behar duen funtsezko xedea, eta hor sartzen dira herritarren oinarrizko eskubide eta betebeharren erabilera egokia bermatzea, bizi-baldintzen hobekuntzaren aldeko politika bultzatzea, eta gizakien eta gizataldeen askatasuna eta berdintasuna zinezko eta benetako izan daitezen baldintzak eragitea eta oztopoak desagerraraztea.

Memoria demokratiko bat gestionatzeak lotura zuzena du askatasuna, berdintasuna eta giza duintasuna bezalako balioak lehengoratzearekin eta bultzatzearekin. Herritarren eskubidea da memoria, ez betebehar bat. Gogoeta kritiko bat elkarbanatzeko borondateari erantzuten dio, giza eskubideen urraketa iraunkor eta sozialki traumatikoa ekarri zuten gure historia berriko gertaerei buruzko gogoeta kritiko bat.

Azkeneko ehun urtean, euskal gizarteak gutxienez indarkeriak markatutako lau esperientzia traumatiko sufritu ditu: Gerra Zibila, diktadura frankista, ETAren terrorismoa eta legez kontrako antiterrorismoak.

Ezberdinak izanik ere, badute laurek lotura komun bat: bidegabeki jasandako sufrimendua, eta egoera okerrenetan ere bizikidetza demokratikoa eta giza eskubideen defentsan, bakean eta askatasunean oinarritutako gizarte bat eraiki eta defendatzeko ahalegina.

Balio horiek garrantzi handiko ondare demokratikoa dira, gorde eta transmititu beharrekoak memoriaren eta bizikidetzaren politika publiko egoki baten bidez. Euskadin jasandako sufrimendu bidegabearen memoria gordetzea da egin daitekeen zerbitzurik onena etorkizunean bizikidetza duinago, justuago eta libreago bat izan dadin, baldin memoria hori era barneratzailean eta kausen berezitasuna haiek beren artean parekatu gabe mantenduz gordetzen bada; zerbitzurik onena irizpide kritikoz eraturiko gizarte batentzat, gizarte sendo batentzat gerraren, totalitarismoaren, terrorismoaren eta edozein indarkeriaren edo giza eskubideen urraketaren mehatxuaren aurrean.

Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua ekarpen bat da erronka historiko honentzat. Memoriak ahalbidetzen digu gertatutakoaren oroipena presente izatea. Memoria gertaera objektiboen erreferentzian oinarritzen da, oroitzen denaren parte diren gertaera objektiboetan, baina modu subjektiboan eratzen da pertsona bakoitzarengan. Ez dago bi memoria berdin-berdinak. Memoria publikoa, beraz, eraikitze gatazkatsu, dinamiko eta poliedrikoa da.

Memoriaren politika publiko batek bi printzipio handi konbinatu behar ditu, batera ekarri. Alde batetik, erantzukizun etiko eta politikoa bereganatu behar du: oroitzea, oroitzapena egitea, elkarbanatzea eta transmititzea memoria demokratiko bat. Beste alde batetik, parte-hartzea eta pluralismoaren adierazpena bideratu behar ditu memoria eratzean.

Memoriaren arteko elkarrizketa aske eta plural honen kudeaketak muga bakarra du: babestu behar ditu gutxieneko demokratiko batzuk. Urraketa-kategoria berdinen biktimek duten eskubide-berdintasunaren printzipioa aintzat hartuz, memoria ezin da erabili gertakariak baztertzeko eta erkatzeko. Ezta terrorismo, indarkeria edo giza eskubideen urraketaren ezein adierazpide legitimatuko lukeen historia bat berridazteko ere. Alderantziz, urraketa haien salaketarik sendoena da, giza duintasunaren goreneko baliori begira egiten baita, egia eta justizia helburu, baita balio horren ondorio diren eskubideei eta askatasunei begira ere.

Eusko Legebiltzarrean lortu berri diren zenbait adostasun garrantzitsurekin bat etorrita, memoriaren eta bizikidetzaren politika publikoak oinarrian izan behar du «biolentziaren bidegabekeriaren aitortzea, sortutako minaren eta biktimen duintasunaren aitortzea, biktima guztiek egiarako, justiziarako eta erreparaziorako eskubidea dutelarik». Biktima guztiek merezi dute, herritar guztiek bezala, memoriaren eskubidea.

Memoriaren eta bizikidetzaren politikaren eginkizun nagusia ez da sufrimendua eguneratzera mugatzen, mina ez baita balio bat, eta ez da ulertu behar arrazoia ordezkatzen duen oroimenezko aginpide gisa. Sufrimendua esperientzia bat da eta haren lekukotasuna memoria demokratikoaren parte da. Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren eginkizun nagusiak erreskatatu, nabarmendu, oroitu eta transmititu behar ditu indarkeriazko gertakari larrien erdian duintasuna, berdintasuna, askatasuna... defendatzeko borrokatu ziren balio eta ahalegin demokratikoak.

Haren lehen helburua da herritarren arteko elkarrizketa sortzaile bat bideratzea, sustatzea eta adieraztea, iraganeko esperientzia sozial eta politikoki traumatikoetan elkarrekin bizi diren memorien arteko elkarrizketa bat. Haren azken helburua da laguntzea agora bat eraikitzen, dinamikoa eta emankorra, plaza publiko bat, balioen topagune sozial bat, berdintasun maila handiagoak lortzeko. Askatasuna eta demokrazia.

Horiek horrela, memoriaren eta bizikidetzaren politika publikoa ez da biktimei begira bakarrik egiten, herritar guztiei begira baizik, haien erantzukizuna eskatzen baitu. Horrela egiten ez bada, biktimak bakarrik gelditzen dira haien oroitzean eta biktima izan ez direnak memoria kolektibotik kanpo geratzen dira. Memoriaren, bizikidetzaren eta giza eskubideen institutu batek deuseztatu behar du biktimen eta herritarren arteko banaketa hori. Banaketa horrek egoera horretan ixten du biktima, betiko itxi ere, eta ikusle hutsa bihurtzen du herritarra. Memoriaren zentro batek ibilbide etiko bat iradoki behar du, herritarrek parte hartzeko ibilbide bat.

Memoriaren eskubidea gizarte osoari dagokio, herritarrak dira-eta historiaren, oroipenaren eta memoriaren gordetzaile eta oinordeko naturalak. Ahazteak ezinezko egiten du errekonozimendua, iraganaren bertsio bat inposatzen du eta hutsune etiko bat sortzen du. Haren aurrean, herritarrek memoria demokratikoaren ezagutza historiko ez-neutral bat izateak bidea ematen du irizpide propioak lortzeko eta, gainera, libreago egiten ditu herritarrak.

Memoriak gordetzen duen ondare demokratikoak oinarri izan behar du, gizartearen bizikidetza demokratikoarena; salaketa izan behar du, sufrimendu bidegabearen erantzuleena, eta bultzatzaile izan behar du, balio etiko eta printzipio demokratikoena.

Memoriaren gestioa ezin da mugatu, bestalde, oroigarri, plaka, eskultura edo mural bat ipintzera edo data bat ezartzera. Oroitzeak ikusgaiak beharko ditu, bai, baina gogoeta bat gehitu beharko da memoriaren sorreraren, iraunkortasunaren eta indarraldiaren dinamismoaz. Hori da Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren desafio handienetako bat.

Eremu kontzeptual horretan, institutuaren eginkizun nagusia da gestionatzea egiari eta justiziari buruzko memoriaren balio demokratiko eta etikoak gordetzeko, ikertzeko, ezagutzera emateko eta haietan hezteko lana, baita bultzatzea eta bermatzea herritarrek ondare horren mantentze-lanetan parte har dezaten ere.

Aldarrikapen unibertsala inspiratu zuten giza eskubideen eta balioen sustapena eta defentsa tresna baliotsuenetako bat izango da Euskadin bizi izandako indarkeria traumatikoko esperientziak berriz gertatuko ez direlako bermea lortzeko.

Oso erro sakoneko uste sendoa da hori, garrantzi handiko legegintza-aurrekariak eta adierazpen instituzionalak dituena, nahiz eta egia den gertatu berriak direla, duela hamar urtetik honakoak.

Biktimen eskubide berezien lehen arauketa, zehazki terrorismoaren biktimei dagokienez, Estatu mailan, Herritarren segurtasuna babesteari buruzko urtarrilaren 26ko 3/1979 Errege Lege Dekretuan aurkitzen da, eta, Euskadiko ordenamendu juridikoan, abuztuaren 4ko 221/1988 Dekretuan jasotzen den terrorismoaren biktimentzako laguntza-programan. Gerra Zibilaren garaitik datozen ondorioei erantzuteko, Eusko Jaurlaritzak onetsitako programak aipa daitezke, azaroaren 19ko 280/2002 Dekretuan eta otsailaren 14ko 22/2006 Dekretuan daudenak.

Aurreneko arau horiek garapen berezia izan dute, nahiz eta garapen hori, orokorrean, biktimen eskubide ekonomikoak arautzera zuzendu den, jasan dituzten gertaeren ondorioz sortutako premia materialak arintzeko.

2000. urtean hasten da agertzen instituzioetan biktimen eskubide immaterialei buruzko kontzientzia, bereziki memoriarako eskubideari buruzkoa, horri bizikidetzaren eta demokraziaren printzipioen garapena batzen zaiola.

Ildo horretan, Eusko Jaurlaritzak egin zituen 2006ko Bake eta Bizikidetza Plana, Bakearen eta Giza Eskubideen Hezkuntzako Euskal Plana 2007an, zeinetik eratortzen baita 2008ko ekainaren 24an Giza Eskubideen Zuzendaritzak osatutako txostena, motibazio politikoko indarkeria egoeran gertatutako giza eskubideen urraketen eta sufrimendu bidegabeen biktimena, eta Bizikidetza Demokratikorako eta Indarkeriaren Deslegitimaziorako 2010eko Plana.

2001 eta 2002. urteetan, Eudel Euskadiko Udalen Elkarteak hainbat agiri onetsi zituen, hala nola bizitzaren eta askatasunaren aldeko adierazpen instituzionala; gizon-emakume guztion bizitzarako, askatasunerako eta segurtasunerako eskubideen aldeko adierazpen etikoa, eta Euskadiko alkateentzako gutun irekia, udal-eremuan aniztasunaren defentsa bultzatzeko.

Gai honetan izandako aurrerapena legegilearen eskutik etorri da, hiru arau funtsezko egin baitira memoriarako eskubidea definitzeko eta eskubide hori bizikidetza demokratikoaren sustapenerako oinarrizko elementu gisa ulertzeko.

Lehenengoa, denboran, Oroimen Historikoaren Legea esaten zaiona da, Gorte Nagusiek onetsitako abenduaren 26ko 52/2007 Legea, zeinaren bidez eskubideak aitortzen eta zabaltzen baitira eta neurriak ezartzen Gerra Zibilaren eta diktaduraren garaian jazarpena edo indarkeria sufritu zutenen alde. Lege horretan ezartzen dira biktimek erreparazio moralerako eta memoria berreskuratzeko dituzten eskubideak, eta benetako politika publiko gisa definitzen da balio eta printzipio demokratikoak sustatzeko.

Bigarrena denboran, Eusko Legebiltzarrak onetsitako ekainaren 19ko 4/2008 Legea da, Terrorismoaren Biktimei Aitorpena eta Erreparazioa Egitekoa. Horretan, zioen azalpenaren zati bat eta II. titulua printzipio horiek azaltzeko baliatzen dira, eta titulu horretan finkatzen da biktimen eskubideen sailkapen bat, honako hiru maila hauek bereiziz: titulartzat biktimak bakarrik dituzten eskubideak, horien artean sartzen direlarik justiziarako, duintasunerako, erreparaziorako eta parte-hartzerakoak; biktimek eta gizarteak partekatzen dituzten eskubideak, hala nola egiarako eta memoriarako eskubidea; eta hirugarren eskubide-maila bat, euskal herritarrei dagozkien eskubideak, horien artean arautzen direlarik bakerako, askatasunerako eta bizikidetzarakoak.

Azkenik, aipatu behar da Gorte Nagusiek onetsitako irailaren 22ko 29/2011 Legea, Terrorismoaren Biktimen Aitorpenerako eta Babes Integralerakoa. Horren arau-multzoan adierazten eta arautzen dira terrorismoaren biktimen memoriarako, duintasunerako, justiziarako eta egiarako eskubideak.

I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Sorrera eta izaera.

1.– Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua sortzen da, izaera administratiboko organismo autonomo gisa. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio instituzionalean sartuta dago, nortasun juridiko propioa eta jarduteko gaitasun osoa ditu, beraren politika publikoaren garapenari dagokion jardun administratiboa deszentralizazio-erregimenean gauzatzeko, politika hori datzalarik giza eskubideen bermean, bultzadan eta garapenean, memoriaren sustapenean eta bizikidetza demokratikoaren aurrerapen eta garapenean, lege honetan izendatzen zaion helburuari dagozkion baldintzetan.

2.– Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua arautuko da lege honetan xedatutakoaren, Euskal Autonomia Erkidegoan izaera administratiboko erakunde autonomoei aplikagarri zaien arautegiaren eta bere estatutuen bidez. Estatutuak Eusko Jaurlaritzaren dekretu bidez onartuko dira, Zuzendaritza Kontseiluak aldez aurreko txostena eginda, eta institutua atxikitzen zaion sailak proposatuta.

3.– Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua memoriari eta bizikidetzari buruzko politika publikoa bultzatzeko ardura eta eginkizunak esleituak dituen Administrazio orokorreko sailari atxikitzen zaio, institutuaren egitura organikoa ezartzen duen dekretuak zehaztutako moduan.

2. artikulua.– Egoitza.

1.– Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak Euskal Autonomia Erkidegoan izango du egoitza.

2.– Institutuak bere jarduerak sustatuko ditu Autonomia Erkidegoko herrietan edo Autonomia Erkidegotik kanpo, bereziki beren zirkunstantzia historikoengatik erakundeari izendatu zaion helburuari dagokionez sinbologia berezia duten toki jakin batzuetan. Horretarako, behar diren lankidetza-hitzarmenak sinatuko ditu instituzio publikoekin edo entitate pribatuekin. Bere presentzia fisikorako lekua aukeratzerakoan, aintzat hartuko du komunikabide onena non den eta herritarrek haren jarduerak irisgarrien non dituzten.

3. artikulua.– Helburua.

1.– Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren helburua da parte hartzea diseinatzen, sustatzen, garatzen eta gauzatzen euskal gizartearen askatasunaren aldeko borrokaren, giza eskubideen bermearen eta bizikidetza demokratikoaren oroimenean funtsezkoak diren balio etikoei eta printzipio demokratikoei buruzko politika publikoa.

2.– Institutua lan egingo du, gure herriak askatasuna eta demokraziaren garapena defendatzen hainbat hamarkadatan mantendu duen prozesua gogoan, etengabeko oroitzapena egin dadin herritarrek prozesu hura ezagutzea, ulertzea eta kontzientzia hartzea bermatzen duten balio politiko eta sozialez.

3.– Institutuak lan egingo du gordetzeko, garatzeko eta zabaltzeko memoriak eragin duen ondare kolektiboa, bizikidetza demokratikoaren oinarri diren balioen eta printzipioen defentsarena, biktimen lekukotasunean alderdi ordezkaezin bat duena.

4.– Institutuak bultzatu egingo du giza eskubideak eta bakearen balioak zabaldu, sustatu eta defendatzeko lana.

4. artikulua.– Eginkizunak.

1.– Institutuaren eginkizun nagusia izango da aurreko artikuluan izendatzen zaion helburuari buruzko politika publikoa koordinatzea. Horretarako, Autonomia Erkidegoko sektore publikoan dauden organo, zerbitzu edo entitateen jarduna koordinatuko du, definitu den politika publikoarekin zerikusia duen bezainbatean, eta kooperazioa eta lankidetza bultzatuko du beste edozein administrazio edo instituzio publikorekin.

2.– Institutuak arreta berezia jarriko du bere eginkizunak betetzerakoan instituzio publikoekin eta izaera pribatuko entitateekin eta haren eginkizunetan interesa duten elkarteekin lankidetzan jarduteko, gizartearekin ahalik harreman handiena izateko bidea bermatuz.

3.– Institutuak honako eginkizun hauek izango ditu:

a) Oroitzapena: programak, argitalpenak eta jarduera akademiko eta kulturalak antolatuz, baita bestelako ekitaldi batzuk ere, gizarte demokratiko eta aske baten eraketan garrantzia izandako pertsona eta gertaeren lekukotasuna eta memoria bizirik mantenduko dituztenak.

b) Kontserbazioa: Euskadiko memoria demokratikoaren ondarea gordetzeko lana eginez haren euskarri material guztietan.

Horretarako, bere jardueran aintzat hartuko du memoriari lotutako elementu eta lekuei buruzko informazio-funtsak eta inbentarioak sortu eta mantentzea, direla ondasunei, gune fisikoei, gizarte-inguruneei edo identifikazio eta aitorpen sozialerako balio duten beste batzuei buruzkoak.

c) Ikerketa: ikerketa sustatuz eta instituzioekin, entitate espezializatuekin eta gogoeta-foroekin lankidetzan arituz, ikerketa- eta azterketa-lanen bidez benetako informazioa eta datuak biltzeko behar diren dokumentazio-azpiegiturak sortuko dira. Ikerketaren bidez, ahalbidetuko da memoria eta bizikidetza eraikitzea, memoria zabaltzea eta komunikatzea.

d) Heziketa: bizikidetzaren eta memoriaren oinarrizko printzipioak pertsonaren oinarrizko eskubideen aitorpenaren eta errespetuaren gainean finkatuz, bai hezkuntza-komunitatean eta bai eskubide horien urraketak jasateko edo eragiteko arriskua izan dezaketen edo birgizarteratze-prozesuen beharra duten kolektiboetan.

e) Parte-hartzea eta zabalkundea: memoriaren ondarea Administrazioak herritar guztiei modu irisgarrian bermatu beharreko eskubidetzat hartuz.

f) Integrazioa: elkarlana eta komunikazioa sustatuz institutuaren helburuen antzekoak edo osagarriak dituzten instituzioen eta entitate publiko eta pribatuen artean, kooperaziorako eta lankidetzarako behar diren protokolo eta hitzarmenak sinatuz memoriaren eta bizikidetzaren azpiegituren sare bat sortzeko, bertan integra daitezen institutuaren helburuekin bat datozen era guztietako zentroak.

g) Kontsulta: institutuaren helburuarekin zerikusia duten gaiei buruzko txostenak eginez, administrazio publikoek eskatuta.

5. artikulua.– Iraungitzea.

Institutuaren iraungitzea legez onetsi beharko da. Legean ezarri beharko dira Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoa institutuaren langilerian, ondarean, eskubideetan eta betebeharretan subrogatzeari buruzko neurriak.

II. KAPITULUA
ANTOLAKETA

6. artikulua.– Gobernu-organoak.

Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren gobernu-organoak honako hauek dira:

a) Lehendakaritza.

b) Zuzendaritza Kontseilua.

c) Zuzendaritza.

7. artikulua.– Lehendakaritza.

1.– Gobernuko kide bat izango da institutuko lehendakaria, Gobernu Kontseiluak izendatuta.

2.– Institutuko lehendakaria izango da haren ordezkari gorena, eta, orobat, berari dagokio institutua Gobernuaren plangintzarako eta politika orokorrerako ildo nagusietara egokitu dadin sustatzea, Zuzendaritza Kontseiluko lehendakari izatea, haren bilkuretara deituz, bilkuretako gai-zerrenda ezarriz, bilkurak zuzenduz, erabakiak hartzean gerta litezkeen berdinketak bere kalitateko botoarekin ebatziz eta hartutako erabakiak betetzen direla zainduz.

8. artikulua.– Zuzendaritza Kontseilua.

1.– Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren Zuzendaritza Kontseiluko kideak, institutuko lehendakariaz eta zuzendariaz gain, honako hauek izango dira:

a) Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren hamalau ordezkari, institutua atxikita dagoen sailak Administrazioko goi-kargudunen artetik hautatu ondoren izendatuta.

b) Legebiltzarra ordezkatuko duten lau legebiltzarkide, haren Osoko Bilkurak ordezkaritza horretan ahal den adostasunik handiena eta aniztasuna bilatuz hautatuta.

c) Foru-instituzioen hiru ordezkari, foru-aldundi bakoitzak bere diputatu-kontseiluko kideen artetik bat hautatu ondoren izendatuta.

d) Euskadiko udalen hiru ordezkari, Euskal Autonomia Erkidegoan kide gehien dituen udal-elkarteak alkateen artetik hautatu ondoren izendatuta.

e) Hiru kide independente, Eusko Legebiltzarrak memoria sustatzen eta askatasun zibikoak eta elkarbizitza demokratikoaren printzipioak defendatzen itzal handia duten pertsonen artetik hautatu ondoren izendatuta.

2.– Artikulu honen 1. zenbakiko a) idatz-zatitik d) idatz-zatira arte –biak barne– aipatu diren Zuzendaritza Kontseiluko kideek beren izaerari eutsiko diote bakoitzak bere instituziokoa izaten jarraitu behar duelako baldintza betetzen duten bitartean, salbu eta hautatzeko eskumena duen organoak ordeztea erabakitzen badu.

3.– Artikulu honen 1. zenbakiko e) idatz-zatian aipatutako Zuzendaritza Kontseiluko kide independenteak lau urterako hautatuko dira, eta berriro hautatzeko aukera egongo da.

4.– Zuzendaritza Kontseiluko kideak hautatzeko gaitasuna duten instituzioetako batek adierazten badu kontseiluan parte hartzeko asmorik ez duela edo kideak dagokion epean hautatzen ez baditu, hautatu egin diren kideekin eratuko da organoa, hurrengo zenbakian aurreikusitako izendapena egin ondoren. Kiderik hautatzen ez duen instituzioak edozein unetan egin ahalko du hautaketa geroago.

5.– Aurretik egin beharreko hautaketak jaso ondoren, dekretu bidez izendatuko dira institutuaren Zuzendaritza Kontseiluko kideak.

6.– Zuzendaritza Kontseiluaren bilkurako gai-zerrendako punturen batean hala komeni bada, lehendakariak, Zuzendaritza Kontseiluarekin adostuta, bilkuran parte hartzera gonbidatu ahalko ditu, hitza dutelarik baina botorik gabe, beste instituzio, administrazio eta entitate publiko edo pribatu batzuen ordezkariak, baldin haien eginkizunak interesgarriak badira puntu hori tratatzeko.

7.– Zuzendaritza Kontseiluko kideen artetik aukeratuko da institutuko lehendakariordea, eta berak bakarrik ordeztuko ahalko du lehendakaria haren eginkizunetan, aldi bateko absentziarik izanez gero.

8.– Zuzendaritza Kontseiluko idazkari izateko eginkizuna kontseiluari atxikita dagoen eta funtzionario-harremana duen pertsona bati izendatuko zaio. Idazkariari dagokio deialdiak egitea, lehendakariaren aginduz; bilkuren aktak egitea; hartutako erabakien ziurtagiriak ematea, lehendakariaren oniritziarekin; organoaren dokumentuak jagotea, eta institutuaren organoei lege-gaietan aholku ematea. Idazkari-eginkizunerako nahikoa bitarteko jarriko da, adierazi diren zereginak bete ahal izan daitezen.

9. artikulua.– Zuzendaritza Kontseiluaren eginkizunak.

1.– Zuzendaritza Kontseilua da institutuaren jardueraren antolaketa orokorra finkatzen duen organoa, haren lehentasunak onetsiz eta izendatuta dauzkan eginkizunak betetzeko hobekuntza-proiektuak onetsiz; berari dagokio haren jarduera planifikatu aurretik informazioa jasotzea, eta izendatu zaizkion helburuak lortzeko behar diren baliabideak zenbatestea.

2.– Bere eginkizunak betez, Zuzendaritza Kontseiluak urtero onesten ditu institutuaren aurrekontuen aurreproiektua, ekitaldi bakoitzeko jardueraren plangintza eta bere jardunaren ildo eta jarraibide orokorrak.

3.– Bereziki, Zuzendaritza Kontseiluari dagokio:

a) Aldez aurretik informazioa jasotzea institutuak aurrera eraman beharreko programa eta jardueren diseinuari buruz, horiek ekitaldiko jardueraren plangintzan sartuta ez daudenean.

b) Baimena ematea protokoloak, kooperazio-hitzarmenak eta lankidetzarako akordioak sinatzeko instituzioekin, administrazioekin eta izaera publiko edo pribatuko entitateekin.

c) Onestea administrazio publikoen eskariz egiten diren txostenak.

d) Txostena egitea, nahitaez, institutuaren estatutuen proiektuari buruz.

10. artikulua.– Zuzendaritza Kontseiluko kideak.

Lehendakariari izendatutako eginkizunak gorabehera, Zuzendaritza Kontseiluko gainerako kideen eginkizunak organo kolegiatu baten parte direnek berez dituztenak dira, eta, bereziki, lehendakariari proposatzea gai-zerrendan sartzeko puntuak, bilkuretara joatea eta eztabaidetan parte hartzea, kontseiluari aurkeztea egoki iritzitako proposamenak, kontseiluaren ezohiko bilkurara deitzeko ekimena baliatzea hala irizten diotenean zortzi kontseilukidek gutxienez, botoa ematea eta hura azaltzea, eta idatziz boto partikularrak aurkeztea edo emandako botoa azaltzea hartzen diren erabakiei buruz.

11. artikulua.– Zuzendaritza Kontseiluaren bilkuren deialdia eta bilakaera.

1.– Zuzendaritza Kontseiluak gutxienez hiru hilean behin egingo du ohiko bilkura, baita lehendakariak hartara deitzen duen guztietan ere. Ustekabeko eta urgentziazko egoeretan, ezohiko bilkuretara deitu ahalko da.

2.– Zuzendaritza Kontseiluaren bilkuretarako deialdia gutxienez hamar egun baliodun lehenago jakinarazi beharko zaie kontseilukideei ohiko bilkuren kasuan, eta hiru egun baliodun lehenago ezohikoen kasuan, jakinarazpenari erantsita bilkurako gaiak tratatu eta erabakitzeko beharrezkoa den dokumentazioa.

3.– Zuzendaritza Kontseiluaren bilkura baten eraketa baliozkoa izan dadin, lehen deialdian beharrezkoa izango da kontseilukideen gehiengo osoa bilkuran egotea; eraketa bigarren deialdian baliozkoa izateko, gutxienez zortzi kidek egon beharko dute bilkuran.

4.– Erabakiak bilkuran dauden kideen gehiengo soilez hartuko dira eta aurretik gai-zerrendan sartutako puntuei buruzkoak izango dira, bilkuran dauden guztiek urgentetzat jotzen dituzten kasuetan izan ezik.

12. artikulua.– Institutuko Zuzendaritza.

1.– Institutuko zuzendaria Administrazioko goi-karguduntzat hartuko da, eta haren izendapena, kargugabetzea, zerbitzu-harremana eta araubide juridiko aplikagarria Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 29. artikuluan ezarritakoaren araberakoak izango dira, eta Administrazioarekin zerbitzu-harreman hori duenari aplikagarri zaion gainerako araudiaren araberakoak.

2.– Institutuko zuzendariari ondoko eginkizunak betetzea eta gauzatzea dagokio:

a) Institutuaren jarduera zuzentzea.

b) Urtero institutuaren hurrengo ekitaldiko jardueraren argitalpena prestatzea eta Zuzendaritza Kontseiluari proposatzea urteko azken bilkuran.

c) Institutuaren aurrekontuen aurreproiektua egitea eta Zuzendaritza Kontseiluari proposatzea.

d) Institutuaren proiektu eta jarduketak lantzea, haiei buruzko informazioa edo erabaki-proposamena aurkeztea Zuzendaritza Kontseiluari, baldin hark aldez aurretik ezagutu edo ontzat eman beharrekoak badira lege honen 10. artikuluaren arabera.

e) Zuzendaritza Kontseiluak hartutako erabakiak gauzatzea eta betetzea, hartarako beharrezkoak diren ebazpen edo egintza administratiboen bidez.

f) Institutuaren zerbitzuen zuzendaritza eta ikuskapena, eta haren langileriaren antolaketa, kontrol eta zuzendaritza, langileak motibatuta egon daitezen eta institutuaren helburuetan parte har dezaten saiatuz.

g) Institutuaren gastu eta ordainketak agintzea. Antolakuntza eta Jarduera Araudiak lehendakariarentzat edo Zuzendaritza Kontseiluarentzat gorde ahalko du gastu eta ordainketak agintzeko eginkizuna, zehazten dituen zenbateko batzuetatik gora.

h) Institutuaren helburuak lortzeko beharrezkoa den beste edozein eginkizun, baldin beste organo bati espresuki esleituta ez badago, eta orobat lehendakariak edo Zuzendaritza Kontseiluak espresuki agintzen dizkion egintza zehatzen gauzatze materiala.

13. artikulua.– Egitura organikoa.

1.– Institutuaren Antolakuntza eta Jarduera Araudiak, zeina Jaurlaritzaren dekretu bidez onetsiko baita, lege honetan institutuaren antolaketa, egitura eta funtzionamenduari dagokion guztiaz aurreikusten dena garatuko du, honako muga hauekin:

a) Zuzendari-albokoaren kargua sortzea arautuko du, institutuari izendatutako eginkizunetakoren baten garapen tekniko eta espezializaturako eskudantziak dituela kargudun horrek.

b) Institutuko zuzendariari eta zuzendari-albokoari dagozkien izendapenak bakarrik hartu ahalko dira goi-kargudunen izendapentzat.

c) Ebazpenak eta egintza administratiboak institutuko lehendakariak eta zuzendariak eman ditzakete bakarrik.

2.– Institutuaren antolakuntzak kontuan hartuko du tratamendu espezializatu eta bereizia izan beharko dutela ondoko gaiekin zerikusia duten eginkizunek:

a) Institutuaren kudeaketa administratiboa, ekonomikoa eta giza baliabideena.

b) Kontserbazio, dokumentazio, ikerketa eta heziketaren arloko eduki tekniko bereziko eginkizunak.

c) Helburutzat oroitzapena duten eginkizunak, eta, memoriari eta bizikidetzari dagokienez, haien sendotzea, herritarren parte-hartzea eta zabalkundea bilatzen dituztenak.

III. KAPITULUA
LANGILEAK ETA BALIABIDE EKONOMIKOAK

14. artikulua.– Institutuko langileak.

1.– Erakunde autonomoko langileen araubidea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko langileen araudia izango da.

2.– Sartzeko prozedura Euskal Autonomia Erkidegoko gainerako langile publikoei ezartzen zaien bera izango da, eta publizitate-, berdintasun-, merezimendu- eta gaitasun-printzipioak bermatuko ditu.

3.– Institutuko lanpostuak Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoetako langileek beteko dituzte, lanpostu bakoitzari izendatzen zaizkien eginkizunen izaeraren arabera.

15. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Institutuak ondoko baliabide ekonomikoak izango ditu bere helburuak betetzeko:

a) Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan urtero egindako diru-izendapenak.

b) Tasak, prezio publikoak eta ondasun eta eskubideetatik datozen era guztietako produktu eta errentak eta beraren jardueraren ondoriozko diru-sarrera arruntak eta ezohikoak, barruan sartzen direlarik institutuaren aurrekontuen gain emandako diru-laguntzen onuradunek betebeharrak ez betetzeagatik izapidetutako itzulketa-prozedurei dagozkien izaera publikoko diru-sarrerak.

c) Harentzat emaniko diru-laguntza, ekarpen eta dohaintzak.

d) Esleitu lekiokeen beste edozein baliabide.

IV. KAPITULUA
ARAUBIDE JURIDIKOA ETA KONTROLA

16. artikulua.– Araubide juridikoa.

1.– Erakundearen erregimen juridikoa izango da Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren III tituluko II kapituluan ezarritakoa.

2.– Institutuaren organoen egintza eta ebazpenen aurka Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean aurreikusitako errekurtso administratiboak jarri ahalko dira.

3.– Institutuko lehendakariaren egintza eta ebazpenekin amaituko da administrazio-bidea.

4.– Institutuko lehendakariari dagokio haren organoen egintzak bere kabuz berrikustea. Lehendakariari dagokio, halaber, gai zibiletan eta lanekoetan aurretiko erreklamazioak ebaztea, eta Antolakuntza eta Jarduera Araudian aurreikusi ahalko da eginkizun hori institutuko zuzendariari esleitzea espresuki.

17. artikulua.– Aurrekontua eta kontabilitate-araubidea.

1.– Aurrekontu-araubidea, ekonomiko-finantzarioa, kontrol ekonomikokoa, kontabilitatekoa, eta orokorrean, Euskal Herriko Ogasun Orokorrarenak diren arloei dagokiena, izango da erakunde autonomoentzako ezarriko dena.

2.– Bereziki, institutuaren ondareari eta kontratazioari dagokienez, Euskal Autonomia Erkidegoko ondareari buruz indarrean dagoen legedia eta administrazio publikoen kontratuetarako arau orokorrak bete beharko dira.

3.– Institutuak bere aurrekontuen aurreproiektua egin eta onartuko du urtero, Administrazio orokorreko organo arduradunek aurrekontu arloan emandako arau eta jarraibideekin bat etorrita, eta dagokion sailari bidaliko dio Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren proiektuan sar dezan.

18. artikulua.– Legebiltzarraren kontrola.

Institutuko zuzendariak agerraldia egingo du Eusko Legebiltzarreko dagokion batzordean, gutxienez urte bakoitzaren hasieran, erakundearen aurreko ekitaldiko jardueraren betetze-mailari buruz informatzeko eta hurrengo urteari dagokion plangintza azaltzeko.

LEHEN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Jardueren hasiera.

1.– Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak bere jarduerei ekingo die, atxikita dagoen Administrazio orokorreko sailaren organo goren titularraren agindu bidez, lege hau indarrean sartzen denetik sei hilabeteko epean gehienez ere.

2.– Institutuak bere jarduerei ekiten dien ekitaldi ekonomikorako aurrekontua Jaurlaritzak onetsiko du, beharrezkoak diren egokitzapen eta aldaketak egin ondoren, eta horren berri emango dio Eusko Legebiltzarreko dagokion batzordeari.

3.– Institutuaren giza baliabideen hasierako kopuruak beraren jarduerei ekiteko bidea bermatuko du, izendatu zaizkion eginkizunek berezkoak dituzten eskakizun teknikoen araberako hornidura duelarik.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Gastuak.

Zuzendaritza Kontseiluko kideek eskubidea izango dute beren eginkizunak betetzen jardutearen ondorioz benetan egindako gastuen ordaina bakarrik jasotzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioan aplikatzekoa den arauaren arabera.

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Beste entitate batzuetako ordezkaritza.

1.– Harreman eta koordinazio instituzionala bermatzeko, Eusko Jaurlaritzaren edo Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ordezkaritza egon behar duenean Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren xede sozial bera edo haren osagarria duten instituzio, erakunde edo entitateetan, ordezkariak lege honen 8.1.a artikuluan aurreikusi diren Zuzendaritza Kontseiluko kideen artetik hautatuko dira, eta ordezkarien artean egongo da zuzendaria ere.

2.– Bereziki, aurreko paragrafoan ezarritakoa aplikatuko da Terrorismoaren Biktimen Aitorpenerako eta Babes Integralerako irailaren 22ko 29/2011 Legearen 57. artikuluan arautzen den zentroa garatzearen ondorioz Eusko Jaurlaritzaren edo Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ordezkaritza osatuko duten pertsonak hautatu behar direnean.

AZKEN XEDAPENA.– Indarrean sartzea.

Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hogei egunera sartuko da indarrean.

Beraz, Lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko azaroaren 28a.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.


Azterketa dokumentala

Euskadi, auzolana