Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

229. zk., 2014ko abenduaren 1a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
5123

AGINDUA, 2014ko azaroaren 26koa, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuarena, zeinen bidez bigarren aldiz aldatzen baita etxebizitza birgaitzeko finantza-neurriei buruzko agindua.

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuaren 2006ko abenduaren 29ko Aginduak etxebizitza birgaitzeko finantza-neurriak arautzen ditu (2007ko urtarrilaren 25eko EHAA, 18. zk.). Agindu hori 2007ko martxoaren 8ko Aginduaren bidez zuzendu zen (2007ko maiatzaren 7ko EHAA, 86. zk.), eta, ondoren, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioko sailburuaren 2011ko azaroaren 23ko Aginduaren bidez aldatu (2011ko azaroaren 29ko EHAA, 226. zk.). Neurri hauek bideratuak daude finantzazio-kualifikatua eskuragarri izateko, zehazki, maileguak baldintza berezietan ematea eta itzuli beharrik gabeko diru-laguntzak ematea agindu hartan aurreikusitako eskakizunak betetzen dituzten babestutako birgaitze-jarduketen titularrei.

Aipatu aginduetatik azkena indarrean sartu denetik, baldin eta birgaitu nahi den eraikinak 50 urte edo gehiago baditu, soilik hartzen da jardun babesgarritzat lanen artean urtebete edo gutxiagoko epean egin beharreko lanak egitea dituzten haiek, betiere erakinen eta eraikuntzen aldizkako azterketatik eratorritako txosten teknikoaren ondoriozko irizpena betez.

Lan hauek 50 urte edo gehiagoko eraikinetan soilik egiteko eskakizuna koherentea da azaroaren 21eko 241/2012 Dekretuko aurreikuspenekin, zeinen bidez arautzen baita Eraikinen Azterketa Teknikoa (EAT), Euskal Autonomia Erkidegoan.

Hala ere, duela gutxi aldatu du dekretu hori maiatzaren 20ko 80/2014 Dekretuak, eta, horrenbestez, EAT egiteko derrigortasuna zabaldu da, eta, egun, mantentze-lanak, irisgarritasun orokorreko lanak edo energia-efizientziako lanak egiteko laguntza publiko hauetara atxiki nahi duten titularren eraikin guztientzat da, edozein dela ere eraikinaren antzinatasuna. Honek barne hartzen ditu fatxada erabilera publikoko bide edo espazio batera ez duten familia bakarreko eraikuntza bakartuak, inguruabar normaletan 241/2012 Dekretuaren aplikazio-eremutik kanpo gelditzen direnak.

Beraz, etxebizitza birgaitzeko finantza-neurrien erregulazioa araudi berrira egokitu behar da.

Horren ondorioz, hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– Aldatzea Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2006ko abenduaren 29ko Agindua, etxebizitza birgaitzeko finantza-neurriei buruzkoa.

Lehenengoa.– Aldatzen da 2. artikuluko 1. paragrafoko b) idatzi-zatia, eta honela idatzia geratzen:

«b) Hirigintzara moldatuta ez dauden eraikuntza-unitateen edo, egiturari edo eraikuntzari dagokionez, moldatuta ez dauden eraikinen kasuan, aipatutako baldintzak lortzeko beharrezko lanak egitea hartuko da soilik jardun babesgarritzat.

Hala ere, baldin eta 1 (berehalakoa), 2 (urgentea) edo 3 (oso urgentea) graduko esku-hartzeak zehazteko EATren irizpen bat badago, ez dira jardun babesgarritzat hartuko esku-hartze horiek barne hartzen ez dituzten lanak.

Dena den, eta nahiz eta paragrafo honetan aurreikusitakoak barne hartzen ez badituzte ere, jardun babesgarritzat hartuko da kasu hauetan lanak burutzea:

○ Lurzoruaren legedian aurreikusitako baldintzetan lanen egikaritze-agindu bat dagoenean.

○ Etxebizitzaren bizigarritasun-baldintzak egokitzeko presako lanak egitea beharrezkoa denean.

○ Planteatutako lanak eraikinak birgaitzeko eta hiri-berroneratzearen arloko jardun osoko programen egikaritzearen parte direnean, Udalen, tokiko erakundeen, birgaitzeko sozietate urbanistikoen eta/edo sozietate publikoen bidez kudeatuak.»

Bigarrena.– 2. artikuluari paragrafo berri bat gehitzen zaio, honela idatzia:

«5.– Familia bakarreko eraikinei edo etxebizitzen eraikin kolektiboen elementu komunei (komunitateko lanak) eragiten dieten mantentze-lanak, irisgarritasun orokorretako lanak edo energia-efizientziako lanak ez dira babesgarritzat hartuko, baldin eta, finantza-neurrien eskatzeko egunean, ez badute higiezina dagoen Udaleko sarrera-erregistroko zigilua duen EATrik.

Paragrafo honetan ezarritakoa aplikatuko zaie fatxada erabilera publikoko bide edo espazio batera ez duten familia bakarreko eraikuntza bakartuei eragiten dieten lanei ere.»

Hirugarrena.– Aldatzen da 6. artikuluko 1. paragrafoa, eta honela idatzia geratzen:

«6. artikulua.– Aurrekontu babesgarria.

1.– Dagokion administrazio-ebazpenean, berariaz adierazi beharko da babesgarria den birgaitzeko jardunaren aurrekontua. Aurrekontu babesgarritzat hartuko da etxebizitza, merkataritzako lokal edo elementu komun bakoitzari dagokion jardunaren kostu erreala. Kostu horrek barne hartuko ditu obrak egikaritzeko kontratuan adierazitako prezioa, laguntza teknikoko kontratuan adierazitako prezioa eta birgaitzeko jardun hori dela-eta ordaindu beharreko eskubide, tasa eta gainerako prezio publikoak, eta, hala badagokio, Eraikinen Azterketa Teknikoen txostena idazteagatiko ordainsariak. Ez du barnean hartuko dagokion Balio Erantsiaren gaineko Zerga.

Aurrekontu babesgarritzat hartzeko, jardunaren kostua 1.000 euro baino handiagoa izan beharko da etxebizitzako eta lokaleko, salbu 3. taldeko lanentzat, zeinetarako ez baita mugarik ezartzen».

Laugarrena.– Aldatzen da 9. artikuluko 2. paragrafoko zenbatekoen koadroaren ondorengo testua, eta honela idatzia geratzen:

«Guztizko diru-laguntza zenbatesteko, Birgaitze Integraturako 4 lanak egiteko eskuratutako diru-laguntza beste kontzeptu batzuengatik eskuratutakoari gehituko zaio.»

XEDAPEN IRAGANKORRA

Agindu honetan xedatutakoa aplikagarri izango zaie etxebizitzak birgaitzeko aurkeztutako laguntza-eskabide guztiei, berau indarrean sartzen denetik.

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko azaroaren 26a.

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua,

JUAN MARÍA ABURTO RIQUE.


Azterketa dokumentala