Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

221. zk., 2014ko azaroaren 19a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
4967

AGINDUA, 2014ko urriaren 24koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, Portugaleteko udalerrian (Bizkaia) Kirol Irakaskuntzako Ikastetxe Baimendu bat irekitzeko eta jardunean jartzeko baimena emateko dena.

«2010 Escuelas y Servicios Deportivos, S.L.» entitatearen ordezkariak aurkeztutako baimen-eskaera aztertu da, zeinaren bidez Portugaleteko udalerrian (Bizkaia) «Futbola» modalitateko kirol-irakaskuntzak emateko ikastetxe bat irekitzeko eta jardunean jartzeko baimena eskatzen den.

Espediente hori Bizkaiko Hezkuntza Ordezkaritzak izapidetu du, arauek eskatzen dituzten agiriak erantsi zaizkio, eta arlo horretan eskumena duten erakundeek hari buruzko txostena eman dute.

Arau hauek ikusi dira: urriaren 24ko 1367/2007 Errege Dekretua, araubide bereziko kirol-irakaskuntzen antolamendu orokorra ezartzen duena (azaroaren 8ko BOE); martxoaren 3ko 320/2000 Errege Dekretua, «futbola» eta «areto-futbola» espezialitateetako kirol-teknikariaren eta goi-mailako kirol-teknikariaren tituluak ezarri, dagozkien gutxieneko irakaskuntzak onartu eta irakaskuntza horiek egiteko sarbide-probak eta -baldintzak arautzen dituena (martxoaren 29ko BOE); ekainaren 29ko 129/2004 Dekretua, futbol eta areto-futboleko espezialitateetako kirol-teknikariaren eta goi-mailako kirol-teknikariaren tituluei dagozkien curriculumak ezartzen dituena (abenduaren 2ko EHAA), eta gai horretan aplikatu beharreko indarreko araudia. Horiek horrela, honako hau:

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Baimena ematen da jarraian zehazten den ikastetxe pribatua irekitzeko eta jardunean jartzeko 2014-2015 ikasturtetik aurrera:

Kode-zenbakia: 48018907

Izen generikoa: Kirol Irakaskuntzako Ikastetxe Baimendua

Izen espezifikoa: «Escuelas Ceneted»

Titularra: 2010 Escuelas y Servicios Deportivos, SL

Helbidea: Alberto Palacio kalea, 2.

Udalerria: Portugalete

Lurralde Historikoa: Bizkaia.

Baimentzen diren irakaskuntzak:

– Kirol-irakaskuntzak:

● Modalitatea: Futbola:

○ Erdi-maila: «Futbola» espezialitatea: 2 talde, bakoitza 30 ikaspostuko edukierakoa.

○ Goi-maila: «Futbola» espezialitatea: 2 talde, bakoitza 30 ikaspostuko edukierakoa.

2. artikulua.– Ikastetxeak indarrean dauden legeak bete beharko ditu, agindu honen bidez baimentzen zaizkion irakaskuntzak emateko eskatzen diren ikaspostuen kopuruari eta irakasleen titulazioari dagokienez. Bestela, bidezkoa litzateke emandako baimena baliogabetzea.

3. artikulua.– Ikastetxeak bete egin beharko ditu martxoaren 3ko 320/2000 Errege Dekretuaren VI. eranskinak segurtasun eta erantzukizunaren alorrean eta irakaskuntzarako kirol-ekipamenduaren alorrean ezarritako baldintzak. Baldintza horiek ez betetzearen erantzukizuna ikastetxearen titularrarena izango da.

4. artikulua.– Hezkuntzarako Eskubidea arautzen duen Lege Organikoaren 23. artikuluaren arabera, emandako baimena baliogabetu egingo da, ikastetxeak baimena emateko indarreko araudian ezarritako gutxieneko baldintzaren bat betetzen ez duenean.

5. artikulua.– Ikastetxeak NBE CPI/96 Eraikuntzako Oinarrizko Araua bete beharko du, suteen aurka babesteko eraikinek bete beharreko baldintzei buruzkoa (urriaren 4ko 2177/1996 Errege Dekretuak onartua), bai eta indarreko legeriak ezartzen dituen higiene-, akustik-, bizigarritasun-, segurtasun- eta irisgarritasun-baldintzak ere.

6. artikulua.– Indarrean dauden legeak betetzera beharturik gelditzen da ikastetxea, eta agindu honetan adierazitako daturen bat aldatu behar bada, dagokion berrikusketa eskatzera.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honetan ematen den baimenak ez dakar, inola ere, hezkuntza-itunen araubidearen bitartez laguntzak lortzea.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honen kontra aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal zaio Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean kontatzen hasita, hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera, bi hilabeteko epearen barruan.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko urriaren 24a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.


Azterketa dokumentala