Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoa

Euskadi.eus

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

221. zk., 2014ko azaroaren 19a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
4962

AGINDUA, 2014ko urriaren 29koa, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuarena, abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoaren 27. artikuluan aurreikusitakoaren arabera genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei diru-laguntzak emateko eta ordaintzeko prozedura ezartzen duena (1/2004 Legea, genero-indarkeriaren aurkako babes integraleko neurriei buruzkoa).

Genero-indarkeriaren aurkako babes integraleko neurriei buruzko abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoak, 27. artikuluan, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek diru-laguntza jasotzea arautzen du, betiere errenta-maila jakin batean kokatzen baldin badira, eta adinagatik, prestakuntza edo espezializazio faltagatik eta gizarte arloko beste arrazoi batzuengatik zailtasun bereziak baldin badituzte lana aurkitzeko. Eskubide subjektibo hori onartuz, aipatutako lege organikoaren printzipio gidarietako bat ziurtatu nahi da, hau da genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako baliabide ekonomikoak bermatzea, haien gizarteratzea errazteko.

Zehazki, diru-laguntzak, zeina biktimaren familia-arduren arabera modulatuko baita, honakoa du helburu nagusitzat: diru-sarreren gabezia aldi batez arintzea, erasotzailearengandik independizatzeko eta bere egoera egonkortzeko aukera emango dioten bizitzeko gutxieneko baliabideak izan ditzan.

Abenduaren 2ko 1452/2005 Errege Dekretuak garatzen du aipatu 1/2004 Lege Organikoaren 27. artikuluan xedatutako diru-laguntza hori. Errege Dekretuak jasotzen ditu genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek laguntzaren onuradun izateko bete behar dituzten baldintzak, baldintza horiek egiaztatzeko modua, laguntzak izapidetu eta emateko organo eskudunak, eta, hala badagokio, diru-laguntzaren itzulketa; gainera, 8. artikuluan aurreikusten denaren arabera, gizarte-zerbitzuen arloko eskumena duten administrazioek zaindu eta bermatuko dute prozeduraren fase guztiak azkartasun eta izapide-sinpletasun handienaz gauzatuko direla, beraien prozedura-arauei jarraikiz.

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuaren 2007ko azaroaren 29ko Aginduaren eta Herrizaingoko sailburuaren 2010eko martxoaren 3ko eta 2011ko maiatzaren 30eko aginduen bidez garatu zen diru-laguntza, eta laguntza horiek Euskal Autonomia Erkidegoan emateko eskatzen diren eskakizunak eta baldintzak ezarri.

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, kendu eta aldatzeari, eta sail horien eginkizunak eta jarduera-arloak zehazteari buruzko dekretua bigarrenez aldatzen duen Lehendakariaren abenduaren 2ko 34/2013 Dekretuaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailen egitura berrantolatu da, bai eta sailean saileko eskumenen esleipen berria ezarri ere. Aipatutako dekretu horren bidez, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari honako hauek atxikitzen zaizkio: Genero Indarkeriaren Biktimentzako Telefono Bidezko Arreta Zerbitzua (SATEVI), ordainketa bakarreko diru-laguntzak, eta emakumeen kontrako indarkeriaren biktimei arreta eskaintzen dien profesionalei aholkua eta laguntza emateko kudeaketa integratua, baita horiei dagozkien giza baliabideak eta baliabide materialak ere. Beraz, aurretik Herrizaingo Saileko Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzari atxikita zeuden eginkizunak, orain, Enplegu eta Gizarte Politiketako Saileko Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzak hartuko ditu bere gain. Egitura-aldaketa horren ondorioz, laguntza horiek kudeatzeko, bideratzeko eta ebazteko eskumena Enplegu eta Gizarte Politiketako Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzak du, prozedura arautzen duen aginduaren arabera.

Bestalde, aurreko ekitaldietan arauak aplikatzen hartutako eskarmentuak agerian utzi du aginduan aldaketa eta hobekuntza batzuk egin behar direla, esaterako, argitu behar da laguntza jasoko duen emakumea adinez nagusia edo adingabeko emantzipatua izan daitekeela; espresuki sartu da diru-sarrerarik ez izatearen egoera behin-behinean arintzera zuzentzeko betekizuna, erasotzailearengandik independizatu eta bere egoera egonkortzeko balioko dioten bizirauteko gutxieneko baliabideak izan ditzan; diru-laguntzen ematea ebazteko epea sei hilabetetik hiru hilabetera jaistea; eta diru-laguntzaren zenbatekoa handitu daitekeen ikusteko eskubidea aitortzea, ez soilik eskaria egin eta hirurehun egunen barruan seme-alaba/k jaiotzen badira, baizik, baita ere, epe horretan emakume migratzaileak bere seme-alabekin familia-berrelkartzea lortu badu.

Azaldutako guztiagatik, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Genero-indarkeriaren aurkako babes integraleko neurriei buruzko abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoaren 27. artikuluan aurreikusitako diru-laguntzak emateko eta ordaintzeko prozedura arautzea da agindu honen xedea. Lege organiko hori abenduaren 2ko 1452/2005 Errege Dekretuak garatu zuen, Euskal Autonomia Erkidegoan bizi eta nahikoa baliabide ekonomikorik ez eta lana lortzeko zailtasun bereziak dituzten genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei zuzenduta.

2. artikulua.– Eskatzaileek bete beharreko baldintzak.

Diru-laguntza horren onuradun izan daitezke emakumeak, adin nagusikoak zein adingabe emantzipatuak, diru-laguntza eskatzen duten egunean honako baldintza hauek betetzen dituztenak:

a) Eskabidea egin baino sei hilabete lehenagotik Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatuta egotea.

b) Indarrean dagoen lanbide arteko gutxieneko soldataren % 75etik gorako errentarik ez izatea (hilabeteko zenbaketan), bi aparteko ordainsarien zati proportzionala kontuan izan gabe, betiere aginduaren 5. artikuluan aurreikusitakoari jarraituz.

c) Lana lortzeko zailtasun bereziak izatea; Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak emandako txostenaren bidez egiaztatuko da egoera hori.

d) Laguntza erabiltzea diru-sarrerarik ez izatearen egoera behin-behinean arintzeko, erasotzailearengandik independizatu eta bere egoera egonkortzeko balioko dioten bizirauteko gutxieneko baliabideak lortuz.

e) Lehendik ere laguntza honen onuradun ez izatea, ez Euskal Autonomia Erkidegoan ez Estatuko beste ezein erkidegotan.

f) Genero-indarkeriaren egoera egiaztatzea, hurrengo artikuluan aurreikusten den moduan; babesteko neurriak indarrean sartzen direnetik laguntza-eskabidea aurkezten den egunera bitartean ez da urtebete baino gehiagoko tartea izango.

g) Erasotzailearekin ez bizitzea, eta harekin bikote-harremanik ez izatea.

h) Pertsona edo erakunde eskatzaileak egiaztatu behar du ez dagoela laguntza edo diru-laguntza publikoak jasotzea eragozten dion administrazio- edo zigor-arloko zehapen baten pean, edo ez daukala horretarako legezko debekurik.

i) Egunean egotea indarrean dauden xedapenek ezartzen dituzten zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzetik.

3. artikulua.– Genero-indarkeriaren egoera egiaztatzea.

Agindu honek arautzen duen diru-laguntza jasotzeko eskubidea aitortzen duen genero-indarkeriaren egoera baliabide hauen bidez egiaztatuko da:

a) Biktima babesteko agindua indarrean egotea eskabidea egiten den egunean.

b) Genero-indarkeriatzat hartzen diren ekintzengatiko zigortzeko epaia, non biktimaren aldeko babes-neurriak hartzea erabaki baita; babes-neurriok indarrean egon beharko dute laguntza-eskaria egiten den egunean.

c) Babes-agindurik edo zigortzeko epairik ez badago, Fiskaltzaren txostenak balioko du egoera hori egiaztatzeko, babes-agindua ematen den arte; txosten horretan adieraziko da salatzailea genero-indarkeriaren biktima delako zantzuak daudela.

4. artikulua.– Eskatzaileek bete beharreko baldintzak egiaztatzea.

1.– Laguntzen eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela ziurtatzen duen dokumentazioa automatikoki egiaztatuko du organo kudeatzaileak. Horretarako ez du eskatzaileen baimen zehatzik beharko, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren antolarauei buruzko legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 50.3 artikuluan xedatutakoari jarraituz.

2.– Eskabideetan sartuko da badagoela aukera laguntza eskatzen duen erakundeak gainerako datuak edo agiriak organo kudeatzaileak lortu edo egiaztatu ditzala berariaz onartzeko, bai aurrez aurreko bidea bai bide elektronikoa erabiltzen duenean, eta Administrazio Publikoak dituen egiaztatze-, kontrolatze- eta ikuskatze-ahalmenen kalterik gabe.

3.– Eskabidearekin batera aurkeztuko den erantzukizunpeko adierazpen baten bidez egiaztatuko dira honako betekizunak eta betebeharrak:

a) Ez duela jaso ez eta jasotzen ari, xede bererako, diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo bestelako baliabiderik administrazio edo erakunde publiko zein pribatuetatik.

b) Eskatzaileak ez duela administrazio- edo zigor-arloko zehapenik jaso, eta ez duela inolako legezko debekurik diru-laguntza publikoak jasotzeko, ezta sexu-bazterkeriagatik zigortuta ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legean xedatutakoaren arabera.

5. artikulua.– Errentak zehaztea.

1.– Errentarik ez izatearen betekizuna zehazteko, laguntzaren eskatzaileak edo haren kargura dauden pertsonek dituzten edo izan ditzaketen errentak edo diru-sarrerak soilik hartuko dira aintzat; beraz, ondorio hauetarako ez dira kontuan hartuko biktimaren kargura ez egonik, biktimarekin bizi diren familia-unitateko beste pertsonen errentak edo diru-sarrerak.

2.– Laguntzaren eskatzaileak familia-erantzukizunak baditu, errentarik ez izatearen baldintza beteko du familia-unitate osoaren hileko errenta zati unitateko kideen kopurua lanbide arteko gutxieneko soldataren % 75 baino handiagoa ez bada.

3.– Errenta edo diru-sarrera zenbakarriak izango dira genero-indarkeriaren biktimek –edo haren kargura daudenek– dituzten ondasun, eskubide edo errendimendu guztiak, lanetik eta kapital higigarri edo higiezinetik lortutakoak –ondare-gehitzeak barne–, eta jarduera ekonomikoetatik eta prestazioetatik lortutakoak, harreran hartutako seme-alaba adingabeengatik Gizarte Segurantzak ematen dituen diru-laguntzak izan ezik. Kontuan hartuko dira baita ere ondarearen balio ekonomikotik atera daitezkeen etekinak, diruaren indarreko legezko interes-tipoaren % 50 gehituz haren balioari, biktimen ohiko etxebizitza eta baliozkotu diren ondasunen errentak izan ezik.

4.– Lanetik eratortzen ez diren eta hilean behin baino aldizkakotasun handiagoarekin jasotzen diren errentak hilka hainbanatuta zenbatuko dira, ondorio horietarako.

5.– Artikulu honetan arautu ez den guztirako, Diru-sarrerak Bermatzeko Errentari buruzko maiatzaren 25eko 147/2010 Dekretuan xedatutakoa aplikatuko da.

6. artikulua.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren txostena.

1.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren txostenak jaso beharko du emakume eskatzaileak, dituen adina, prestakuntza orokor edo espezializatu eza eta bestelako zirkunstantzia sozialak kontuan hartuta, ez duela modu eraginkorrean hobetuko enplegua lortzeko duen gaitasuna, lanbideratzeko enplegu-programa espezifikoetan parte hartu izanagatik.

2.– Horretarako, lanbideratzeko ibilbide pertsonala egiterakoan, aurreko paragrafoan aipatzen diren faktoreak baloratuko dira, baita biktimaren lanbideratze-gaitasunean eta enplegagarritasuna hobetzean horiek duten eragin orokorra ere.

3.– Adina baloratzean, aintzat hartuko dira Lanbidek, bere esperientziaren arabera, lanbideratzeko zailtzat hartzen dituen adinak.

4.– Biktimaren prestakuntza orokor edo espezializatuaren baldintza erlatiboei dagokienez, aintzat hartuko da, batik bat, guztizko eskolatze eza edo, hala badagokio, analfabetismo funtzionala.

5.– Egoera soziala baloratzeko, aintzat hartuko da jasandako indarkeria-egoera eta horren eragina lanbideratze-programetan parte hartzeko edo horien etekina ateratzeko orduan, eta baita ere aitortutako desgaitasun-maila, eta, Lanbideren iritziz biktimaren lanbideratzean eragina izan dezakeen beste edozein egoera.

7. artikulua.– Familia-erantzukizunak.

1.– Familia-erantzukizunak egongo dira onuradunak berekin bizi den bigarren gradu arterako odolkidetasunezko edo ezkontza-ahaidetasunezko ahaide bat gutxienez badu bere kargura. Ez dira biktimaren ardurapekotzat hartuko, bi aparteko ordainsarien proportziozko zatia alde batera utzita, lanbide arteko gutxieneko soldata baino gehiagoko errentak kobratzen dituzten ahaideak, edozein dela ere errenta horien izaera.

2.– Familia-erantzukizunak eskabidea egiteko unean izan beharko dira, salbu hurrengo hirurehun egunen barruan jaiotzen diren seme-alaben kasuan, eta hurrengo hirurehun egunen barruan bere jaioterritik seme-alabak ekarrita emakume migratzaileak familia berriz elkartzea lortu duen kasuan. Kasu horretan, eskabidea egiterakoan eskatzaileak erantzukizun horiek izan baditu, jasotako diru-laguntza berrikusi egingo da, zegokiokeen zenbatekora egokitzeko.

3.– Dena den, bizikidetza badagoela ulertuko da, indarkeriaren egoeratik sortutako arrazoiak direla-eta bizikidetza etenda badago ere.

4.– Bizikidetzaren betekizuna ez da bete beharrekoa izango, baldin eta hitzarmen edo ebazpen judizial baten ondorioz elikagai-pentsioa ordaintzeko betebeharra badago. Kontrako frogarik ez bada, ulertuko da bizikidetza dagoela baldin eta da biktimaren izenean badaude Gizarte Segurantzako osasun-laguntza jasotzeko onuradun-baldintza aitortua duten ahaideak.

8. artikulua.– Laguntzen zenbatekoa.

1.– Laguntza honen zenbatekoa, oro har, sei hilabeteko langabezia-sorospenaren baliokidea izango da.

2.– Genero-indarkeriaren biktimak familia-ardurak baldin baditu, laguntzaren zenbatekoa honako hauen baliokidea izango da:

a) Hamabi hilabeteko langabezia-sorospenarena, biktimak ahaideren bat bere kargu edo adingaberen bat harreran baldin badu.

b) Hemezortzi hilabeteko langabezia-sorospenarena, biktimak bi ahaide edo gehiago bere kargu edo bi adingabe edo gehiago harreran baldin baditu, edo ahaide bat bere kargura eta adingabe bat harreran hartuta badu.

3.– Genero-indarkeriaren biktimak ehuneko 33ko desgaitasuna edo handiagoa baldin badu onartuta ofizialki, laguntzaren kopurua honako hauen baliokidea izango da:

a) Hamabi hilabeteko langabezia-sorospenarena, biktimak familia-ardurarik ez badu.

b) Hemezortzi hilabeteko langabezia-sorospenarena, biktimak ahaideren bat bere kargu edo adingaberen bat harreran hartua baldin badu.

c) Hogeita lau hilabeteko langabezia-sorospenarena biktimak bi ahaide edo gehiago bere kargura edo bi adingabe edo gehiago harreran baldin baditu, edo ahaide bat bere kargura eta adingabe bat harreran hartua baditu.

4.– Genero-indarkeriaren biktimak ehuneko 33ko desgaitasuna edo handiagoa duen ahaide bat bere kargura edo adingabe bat harreran baldin badu, laguntzaren kopurua honako hauen baliokidea izango da:

a) Hemezortzi hilabeteko langabezia-sorospenarena, biktimak ahaideren bat bere kargura edo adingaberen bat harreran baldin badu.

b) Hogeita lau hilabeteko langabezia-sorospenarena, biktimak bi ahaide edo gehiago bere kargura edo bi adingabe edo gehiago harreran baldin baditu, edo ahaide bat bere kargura eta adingabe bat harreran hartua badu.

5.– Familia-ardurak dituen genero-indarkeriaren biktima batek, edo berarekin bizi den ahaideak edo harreran duen adingabeak, ehuneko 65eko desgaitasuna edo handiagoa ofizialki aitortua baldin badu, laguntzaren zenbatekoa hogeita lau hilabeteko langabezia-sorospenaren baliokidea izango da.

6.– Genero-indarkeriaren biktimak eta berarekin bizi den ahaideak edo harreran duen adingabeak ehuneko 33ko desgaitasuna edo handiagoa ofizialki aitortua baldin badute, laguntzaren kopurua hogeita lau hilabeteko langabezia-sorospenaren baliokidea izango da.

9. artikulua.– Laguntzaren zenbatekoa berrikustea.

1.– Diru-laguntzaren zenbatekoaren goranzko berrikuspena egingo da, baldin eta laguntza eskatu eta hurrengo hirurehun egunen barruan eskatzaileak seme-alabarik izan badu. Era berean, diru-laguntzaren zenbatekoaren goranzko berrikuspena egingo da, baldin eta laguntza eskatu eta hurrengo hirurehun egunen barruan emakume migratzaileak seme-alabak bere jaioterritik ekarrita familia berrelkartzea lortzen duenean.

Zenbatekoa berrikusteko eskabidea haurra jaio edota familia berrelkartu eta hiru hilabeteko epean aurkeztu beharko da, honako agiriekin batera:

a) Eskatzailearen seme-alaben jaiotza-agiria.

b) Eskatzailearen etxebizitzara seme-alabak ekarrita familia berrelkartu dela ziurtatzen duen egiaztagiria.

c) Diru-laguntza eman ondoren jaiotako edo berrelkartutako seme-alabaren batek desgaitasunik baldin badu, adierazitako desgaitasunak aitortzen dituzten ziurtagiri ofizialak.

2.– Bidezkoa izango da diru-laguntzaren goranzko berrikuspena egitea baldin eta agindu honetan aurreikusitako diru-laguntza eskatzeko unean biktimak ordurako egina badu, beretzat edo bere kargura dituen pertsonentzako, % 33ko edo gehiagoko desgaitasuna aitortzeko eskabide ofiziala, baina Foru Aldundiko dagokion zerbitzuak artean ez badu ebatzi.

Emandako diru-laguntzaren zenbatekoa berrikusi ahalko da, baldin eta agindu honen babesean egindako laguntza-eskabidea egin eta sei hilabeteko epean aitortzen bada egoera hori.

10. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Prozedura honetako izapide guztiak egiteko, kontsultatzeko eta eskatzeko, interesdunek baliabide elektronikoak erabil ditzakete.

2.– Izapidetze elektronikoa honako hauen bitartez dago araututa: otsailaren 21eko 21/2012 Dekretua, administrazio elektronikoari buruzkoa; apirilaren 29ko 72/2008 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen erregistroen sorrerari, antolaketari eta funtzionamenduari buruzkoa; eta, 2006ko otsailaren 9ko Ebazpena, Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariarena, E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa –Platea– onartzen duena.

3.– Izapideak egiteko argibideak –aurrez aurre egiteko nahiz bide elektronikoz–, eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak honako egoitza elektroniko honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.net/ayuda_subvencion/2014/ayuda_victimas_violencia_genero/y22-izapide/es

4.– Eskabidea izapidetzeko eta agiriak aurkezteko bide bat edo bestea erabiltzeak, hau da, aurrez aurrekoa edo elektronikoa erabiltzeak, ez du behartzen aurrerantzean ere prozedurako gainerako izapideak egiteko bide berbera erabiltzera, eta edozein momentutan alda daiteke aukeratutako bidea.

5.– Eskaeraren ondorengo izapideak, bide elektronikoz, helbide honetan egingo dira: http://www.euskadi.net/misgestiones

11. artikulua.– Eskabideak eta nahitaezko dokumentazioa.

1.– Eskabide-orriak Herritarrei Laguntzeko Bulegoaren (Zuzenean) egoitzetan jaso ahalko dira; euskadi.net-eko gune elektroniko honetan ere deskargatu ahalko dira: https://www.euskadi.net/ayuda_subvencion/2014/ayuda_victimas_violencia_genero/y22-izapide/es. Eskabide-orriaren eredua eta eranskina agindu honen eranskinetan daude jasota.

2.– Eskabideak, eskatutako agiriekin batera, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzara bidali beharko dira, eta Herritarrei Laguntzeko Bulegoaren (Zuzenean) zerbitzuetan eta Eusko Jaurlaritzaren lurralde-ordezkaritzetan aurkeztu ahalko dira, edo, nahi izanez gero, baita ere Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako organoetan.

Era berean, eskabideak bide elektronikoz aurkeztu ahalko dira, euskadi.net-eko egoitza elektroniko honetan aurreikusitako eran: https://www.euskadi.net/ayuda_subvencion/2014/ayuda_victimas_violencia_genero/y22-izapide/es

3.– Interesdunek beraiek aukeratutako hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dituzte eskabideak eta horiekin batera doazen ziurtagiriak. Era berean, eskabidearen ondoriozko jardueretan eta prozeduran zehar, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, euskararen erabilera normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 6.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

4.– Eskabideetan sartuko da badagoela aukera laguntza eskatzen duen erakundeak gainerako datuak edo agiriak organo kudeatzaileak lortu edo egiaztatu ditzala berariaz onartzeko, betiere alde batera utzi gabe Administrazio Publikoak esleituta dituen ahalmenak hori guztia egiaztatzeko, kontrolatzeko eta ikuskatzeko.

5.– Eskabide-orri normalizatua behar bezala bete eta horrekin batera honako agiriak aurkeztuko dira:

a) Eskatzailearen identitatea egiaztatzen duen agiria (nortasun-agiri nazionala, pasaportea, atzerritarraren identifikazio-zenbakia, bizileku-baimena edo antzekoren bat), bai eta eskatzailearen ardurapean dauden ahaideen edo harreran dituen adingabeen identitatea egiaztatzen dutenak ere, baldin eta ahaide edo adingabe horiek identifikazio-agiria edukitzeko betebeharra badute. Arauz kontrako administrazio-egoeran dauden emakumeek salbuespenezko zirkunstantziengatiko bizileku- eta lan-baimena eskatu beharko dute gobernuaren dagokion ordezkariordetzan.

b) Adingabe emantzipatua dela egiaztatzen duen agiria: ebazpen judiziala edo erregistro zibileko egiaztagiria aurkeztu behar da horretarako.

c) Genero-indarkeria bizi duela egiaztatzen duen agiria –indarrean egon behar du–, agindu honetako 3. artikuluan ezarritako baldintzetan.

d) Eskatzailearen udal erroldatze-agiria, non helbide horretan bizi diren pertsonen zerrenda eta erroldatze-data jasoko baitira, laguntza-eskabidearen aurkezpen-data baino gehienez hilabete lehenago egina. Erasotzailearen izena ziurtagirian agertzen bada, hura aipatu helbidean erroldatuta egotearen baja-eskariaren kopia kautotua ere aurkeztu beharko da.

e) Familia-liburuaren, jaiotza-ziurtagiriaren edo antzekoen fotokopia, edo, hala badagokio, zaintza, babesa edo tutoretza egiaztatzen duen dokumentuarena, programa kudeatzen duten pertsonek kautotua edo konpultsatua.

f) Banantzeko demanda edo banantzea izapidetzen ari direla egiaztatzen duen agiria, edo Izatezko Bikoteen Erregistroko inskripzioa baliogabetu dela edo baliogabetzeko eskatu dela egiaztatzen duen agiria. Seme-alabak badituzte elkarrekin, epaitegiaren egiaztagiria, behin-behinekoen aurreko neurriak gauzatzen ari direla edo doako justizia eskatu dela ziurtatzeko. Pentsioak (mantenu-pentsioa eta/edo pentsio konpentsatzaileak) ordaintzen ez badira, haiek ez ordaintzeagatik jarritako demanda aurkeztu behar da.

g) Eskatzaileari edo haren ardurapeko pertsonaren bati % 33ko edo gehiagoko desgaitasuna aitortu bazaio, desgaitasun-maila egiaztatzen duen agiria –indarrean egon behar du–, dagokion Foru Aldundiko gizarte-zerbitzuak emana.

h) Eskatzaileak eta bizikidetza-unitatearen barruan bere ardurapean dituen kideek pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan egin duten azken aitorpena, edo, hala badagokio, dagokion foru-ogasunean aitorpena egiteko betebeharrik izan ez dutela egiaztatzen duen agiriaren kopia.

i) Foru Aldundiaren ziurtagiria, eskatzaileak dituen ondasun higiezinak jasotzen dituena, baldin eta halakorik badu.

j) Eskatzailearen eta bizikidetza-unitatearen barruan lanerako adinean dauden kide guztien lan-bizitza, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak emana.

k) Eskatzailearen eta bizikidetza-unitatearen barruan lanerako adinean dauden kide guztien Enplegu Eskaerari Alta Emateko eta Berritzeko Dokumentua (DARDE), edo, hala badagokio, bizikidetza-unitatearen barruan lanerako adinean dauden kideak ikasten ari direlako ziurtagiria.

l) Eskatzailearen eta haren ardurapean dauden pertsonen kontuen eta bankuko tituluen egoerari buruzko bankuko ziurtagiriak, laguntza-eskaera aurkeztu aurreko sei hilabeteetako xehetasunekin, bai interesdunarenak soilik badira, bai eta interesdunak beste pertsonaren batekin partekatzen baditu ere.

m) Diru-sarreren zinpeko aitorpena.

6.– Eskabidea izapidetzeko eta agiriak aurkezteko bide bat edo bestea erabiltzeak, hau da, aurrez aurrekoa edo elektronikoa erabiltzeak, ez du behartzen aurrerantzean ere prozedurako gainerako izapideak egiteko bide bera erabiltzera, eta edozein momentutan alda daiteke aukeratutako bidea. Eskaeraren ondoko izapideak, bide elektronikoaren bitartez egitekoak, honako helbide honetan egingo dira: http://www.euskadi.net/misgestiones

12. artikulua.– Aurkeztutako eskabidean egindako akatsak zuzentzea eta agiri osagarriak aurkeztea.

1.– Diru-laguntzen eskabideen termino guztiak beteta ez badaude edo beharrezko dokumentazioarekin batera ez badatoz, eskatzaileari eskatuko zaio akatsa konpon dezan edo beharrezko dokumentuak gainera ditzan, betiere hamar eguneko epean, eta jakinaraziko zaio hori egiten ez badu eskarian atzera egin duela ulertuko dela. Hala gertatuz gero, administrazioak eskabide horri buruzko esanbidezko ebazpena eman beharko du, eta ebazpen hori jakinarazi, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71.1 eta 42.1 artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.

2.– Era berean, instrukzioa egiteko eskumena duen organoak eskatu ahalko die interesdunei prozedurako edozein unetan behar diren datuak eta agiriak aurkez ditzaten.

13. artikulua.– Kudeaketa, ebazpena eta errekurtsoak.

1.– Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren Gizarte Zerbitzuen zuzendariak izango du eskumena prozedura bideratzeko eta ebazteko.

2.– Gizarte Zerbitzuen zuzendariak eman edo ukatuko ditu diru-laguntzak, esanbidezko ebazpen arrazoitu baten bitartez. Diru-laguntzen eskabideak hurrenkerari jarraituz ebatziko dira, eskabide-espedienteak osatzen diren dataren arabera. Ebazpen horrek ez du administrazio-bidea amaitzen, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar dakioke Gizarte Politiketako sailburuordeari, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta biharamunetik kontatzen hasita, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 114. eta 115. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.

3.– Diru-laguntzak ebazteko eta jakinarazteko gehienezko epea hiru hilabetekoa izango da, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren Zerbitzu Zuzendaritzako erregistroan eskabideari sarrera ematen zaion egunetik aurrera. Epe horretan esanbidezko ebazpenik jakinarazten ez bada, diru-laguntza baietsi egin dela esan nahiko du, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 43 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako (30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearena).

4.– Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 58. eta 59. artikuluetan ezarritakoaren arabera egingo da jakinarazpena, edo, hala badagokio, Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren 30., 31. eta 32. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

5.– Baldintzaren bat ez dela bete-eta laguntza ukatzen bada, berriro egin ahalko da eskaria, baldin eta zerbait aldatu bada lehen aldiz ukatzeko arrazoia izan zen egoeran.

14. artikulua.– Laguntzen ordainketa.

1.– Agindu honetan jasotako laguntzak ordaindu ahal izateko, onuradunak alta emanda egon beharko dira Ogasun eta Finantza Sailaren Hirugarrenen Erregistroan. Erregistratuta egon ezean, edo Ogasun eta Finantza Sailaren Hirugarrenen Erregistroan dauden banku-datuak aldatu nahi izanez gero, helbide hauetara jo ahalko da alta emateko edo aldaketa egiteko:

– Aurrez aurreko bidea erabiliz gero: http://www.ogasun.ejgv.euskadi.net/r51-341/es/contenidos/autorización/alta_terceros/es_7999/alta_terceros.html. helbidean jasotako ereduaren araberako inprimakia.

– bide elektronikoa erabiliz gero: http://www.ogasun.ejgv. euskadi.net/r51-341/es/contenidos/autorización/alta_terceros/es_7999/alta_terceros.html helbidean jasotako ereduaren araberako inprimakia.

2.– Eman eta berehala ordainduko da laguntza, ordainketa bakarrean, onuradunak, titularra izanik, horretarako adierazitako kontuan.

15. artikulua.– Laguntza lortzeko baldintzak aldatzea.

Diru-laguntza eman zuen ebazpena aldatu ahal izango da, baldin eta laguntzak ematerakoan kontuan hartu ziren baldintzetakoren bat aldatzen bada –betiere diru-laguntzaren xedea betetzat joz gero–, edo laguntza horiekin batera, administrazio honek edo beste batek edo beste edozein erakunde publiko nahiz pribatuk emandako laguntzak ere jaso badira. Baina, betiere, beharrezkoa izango da agindu honetan diru-laguntzaren onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunak betetzea. Ondorio horietarako, Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzak aldaketa egiteko ebazpena emango du. Ebazpen horren bidez, emandako diru-laguntzen zenbatekoak egokituko dira, eta pertsona onuradunek itzuli egin beharko dituzte neurriz gain jasotako zenbatekoak.

16. artikulua.– Itzultzeak eta ez-betetzeak.

1.– Laguntzak jaso dituzten onuradunak Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53.1. artikuluan aurreikusitako kasuetan sartzen bada, edo agindu honetan eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan, baita diru-laguntza emateko ebazpenean ere, ezarritako baldintzak betetzen ez baditu, Gizarte Zerbitzuen zuzendariak, dagokion ebazpenaren bidez, ordaindu gabeko kopuruak jasotzeko eskubidea galdu duela adieraziko du, eta, hala badagokio, jasotako zenbatekoak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko dizkio, diru-laguntza ordaindu zitzaionetik sortutako legezko interesak ere kontuan hartuta, betiere abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren konturako diru laguntzen bermeen eta itzultzeen erregimen orokorra arautzen duen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak xedatzen dituenak, ezarritakoaren araberako gainerako ekintzak alde batera utzi gabe. Aipatu zenbatekoak sarrera publikotzat hartuko dira dagozkien legezko ondorioetarako, erantzukizun araubidea Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 64. artikuluan xedatutakoa izango delarik.

2.– Era berean, kobratutako zenbatekoak osorik itzuli beharko dira, laguntza emateko baldintzak bete gabe edo hura ematea galaraziko zuketen egitateak edo datuak faltsutuz edo ezkutatuz lortu baldin bada laguntza.

17. artikulua.– Dirua itzultzeko prozedura.

Aurreko artikuluan aurreikusitako ez betetzeak direla-eta dirua itzultzeko prozedura honakoa izango da:

a) Gizarte Zerbitzuen zuzendariak dirua itzultzeko prozedura hasi dela eta zergatik hasi den adieraziko dio interesdunari, eta 15 eguneko epea emango dio egoki iritzitako alegazioak egin ditzan.

b) Alegazioak jaso ondoren edo epe hori alegaziorik aurkeztu gabe igaroz gero, Gizarte Zerbitzuen zuzendariaren ebazpenaz amaiera emango zaio prozedurari.

c) Dirua itzultzeko prozedura jakinarazteko epea, gehienez ere, hamabi hilabetekoa izango da.

d) Ebazpenean arauren bat bete gabe utzi dela joz gero, diru-laguntza jasotzeko eskubidea galdutzat emango da, eta, hala badagokio, ebazpena jakinarazten denetik hasi eta bi hilabeteko epean dagozkion diru-kopuruak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko aginduko da. Epe hori borondatezko epetzat joko da.

e) Kopuru horiek borondatezko epean itzultzen ez badira, horren berri emango zaio Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Saileko Ogasun eta Finantza Politikako Sailburuordetzari, premiamendu-bideari ekin diezaion, aplika daitekeen lege-araudian xedatutakoari jarraituz.

18. artikulua.– Laguntzen bateragarritasuna.

1.– Agindu honetan aurreikusten den diru-laguntza ezingo da jaso beste herri-administrazio edo haien erakunde, entitate edo sozietatek emandako diru-laguntzekin batera, ezta beste edozein erakunde pribatuk emandakoarekin batera ere, horien helburu bera badu. Indarkeriazko delituen eta sexu-askatasunaren aurkako delituen biktimentzako laguntzei eta sorospenari buruzko abenduaren 11ko 35/1995 Legean aurreikusitako laguntzak salbuespen izango dira.

2.– Herri-administrazioek edo haien erakunde, entitate edo sozietateren batek edo beste edozein erakunde pribatuk emandako diru-laguntzaren bat, edo abenduaren 11ko 13/1995 Legearen babesean emandako diru-laguntzak jaso baditu eskatzaileak, diru-laguntza horiek diru-sarreratzat hartuko dira, agindu honen 5. artikuluan ezarritako baldintza, hau da, diru-sarrerarik ez izatekoa betetzen duen ala ez zehazteko.

3.– Agindu honen xedapenen arabera ematen den diru-laguntza bateragarria izango da Gizarte Segurantzaren baliaezintasun-pentsioekin eta kotizazio gabeko erretiro-pentsioarekin, eta, beraz, ez da inoiz ere errenta edo diru-sarrera konputagarritzat hartuko pentsio horiek jaso ahal izateko.

19. artikulua.– Datuak babestea.

1.– Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak xedatutakoa betez, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzak jakinarazten dizu eman dituzun eta zure eskabidean agertzen diren datuak beraren titulartasuneko Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zerbitzua izeneko fitxategian sartu direla. Fitxategiak laguntza horiek emateko espedienteak kudeatzea du helburu. Aldez aurretik, Datuak Babesteko Agentziari emango zaio horren berri, hark baitauzka datuen segurtasun osoa bermatzeko behar diren segurtasun-neurriak. Datu horiek, bestalde, ez zaizkie beste pertsona batzuei jakinaraziko, legeak bideratutako kasuetan izan ezik.

2.– Datu pertsonalen babesari buruzko indarreko arauak betez, datuetara sartu, datuok zuzendu, ezabatu eta datu horien aurka egiteko eskubidea erabil dezakezu, Datu Pertsonalen Babesari buruzko Lege Organikoak aitortzen duen bezala. Horretarako, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzara jo behar duzu (Donostia kalea z.g., 01010 Vitoria-Gasteiz).

3.– Administrazio Publikoak aurkeztutako datuak alderatu ditzake eta beharrezko egiaztapenak egin, diru-laguntzak behar bezala esleitzeko.

XEDAPEN GEHIGARRIA.– Finantzaketa eta aurrekontu-egozpena.

1.– Agindu honek xedatzen dituen laguntzak –hau da laguntzak emateko eta ordaintzeko prozedura– Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura finantzatuko dira.

Publizitate-printzipioa betetzeko, Gizarte Zerbitzuen zuzendariak aurrekontu-ekitaldi bakoitzaren hasieran emango du jakitera, ebazpen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako esleitu den zuzkidura.

Aurrekontu-ekitaldi batean ematen diren diru-laguntzen kopuruak ez du gaindituko aipatu esleipena edo hori eguneratzetik ateratakoa, egun Euskal Autonomia Erkidegoan indarrean dagoen aurrekontu-araubidearen arabera. Gizarte Zerbitzuen zuzendariaren ebazpen bidez emango da gertakari horren berri, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuz.

2.– Diru-laguntzak ukatu egingo dira baldin eta helburua betetzeko behar beste krediturik ez badago dagokion aurrekontuan; kasu horretan, diru-laguntzak emateari dagokionez, agindu honen eraginkortasuna bertan behera geratuko litzateke. Horregatik, agindu hau indarrean dagoen bitartean, ekitaldi ekonomiko batean esleitutako kreditua agortzen bada, administrazio-ebazpena emango da zirkunstantzia horren berri emateko. Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta, bertan, aipatutako kreditua noiz agortu den adieraziko da.

3.– Arau honen izaera, nahiz eta aurrekontu-aurreikuspenaren baldintzapean egon, denboran zehaztugabea denez, ekonomia-ekitaldi osoan zehar aurkeztu ahalko dira laguntza-eskabideak.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Agindu hau indarrean sartu aurretik aurkeztutako eskabideak Herrizaingoko sailburuaren 2011ko maiatzaren 30eko Aginduan xedatutakoaren arabera ebatziko dira. Agindu horren bidez, Genero-indarkeriaren aurkako Babes Integraleko Neurriei buruzko abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoaren 27. artikuluan aurreikusitako genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei diru-laguntza emateko eta ordaintzeko prozedura ezarri zen.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetu egiten da Herrizaingoko sailburuaren 2011ko maiatzaren 30eko Agindua, Genero-indarkeriaren aurkako Babes Integraleko Neurriei buruzko abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoaren 27. artikuluan aurreikusitako genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei diru-laguntza emateko eta ordaintzeko prozedura ezartzen duena.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA.– Interpretatzea eta aplikatzea.

Gizarte Zerbitzuen zuzendariari ematen zaio agindu hau betearazteko beharrezkoak diren ekintzak burutzeko ahalmena, bai eta aginduaren eranskina ebazpen bidez aldatzeko edo eguneratzeko ere.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA.– Arau aplikagarriak.

Agindu honetan xedatzen ez denari dagokionean, Genero-indarkeriaren aurkako Babes Integraleko Neurriei buruzko abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoak eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak xedatutakoari jarraituko zaio.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA.– Indarrean sartzea.

Agindu hau 2015eko urtarrilaren 1ean sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko urriaren 29a.

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua,

JUAN MARÍA ABURTO RIQUE.

(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala

Euskadi, auzolana