Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

200. zk., 2014ko urriaren 21a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA
4424

AGINDUA, 2014ko apirilaren 4koa, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuarena, Fundación Ede-Ede Fundazioaren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko dena.

Ikusi eta aztertu da Fundación Ede-Ede Fundazioaren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko eskatuz aurkeztutako espedientea.

AURREKARIAK

Lehenengoa.– 2014ko urtarrilaren 22an, Herri Administrazio eta Justizia Sailean eskari bat sartu zen, Fundación Ede-Ede Fundazioaren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko («Asociación Ostargi» elkarteak sortu zuen fundazio hori). Eskariari espedienteko agiriak erantsi zitzaizkion.

Bigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Aholku Batzordeko Batzorde Teknikoak bilkura egin du, fundazioaren helburuak zilegi eta interes orokorrekoak direla eta fundazioa ekonomikoki bideragarria dela egiaztatzeko, eta 2014ko martxoaren 28an fundazioa erregistroan inskribatzearen aldeko txostena eman du.

Hirugarrena.– Honako hauek dira fundazioaren helburuak, estatutuen 3. artikuluan ezarritakoaren arabera:

«Pertsonek eta taldeek aukera-berdintasuna eta hiritartasun osoa izan dezaten laguntzea eta defendatzea, eta horretarako, gizarte, hezkuntza eta kulturaren arloko esku-hartzerako eragileak sustatzea, gizarte parte-hartzaile eta solidario bati bide ematen laguntzeko.

Hirugarren sektorea eta ongizateko sistema publikoak indartzea (gizarte-zerbitzuak, gazteria, enplegua, hezkuntza,...), pertsona, familia eta taldeek dituzten gizarte-beharrei hobeto erantzuteko eta gizartearen eraikuntzan horiek aktiboki parte hartzeko. Arreta berezia eskainiko zaie baztertuta edo baztertuak izateko arriskuan daudenei, minusbaliotasuna, menpekotasuna eta babesgabetasuna dutenei, emakume adingabeei, adinekoei eta immigranteei. Fundazioaren interes orokorreko helburuak gauzatzeko lagungarri izan daitekeen beste edozein jarduera».

Laugarrena.– Estatutuen 5. eta 6. artikuluek ezartzen dutenaren arabera, fundazioaren egoitza Bilbon dago (Simon Bolivar, 8-B), eta fundazioaren jarduera, batik bat, Bizkaira eta Euskal Autonomia Erkidegora zabaltzen da. Eremu horretatik kanpo ere burutu dezake fundazioak bere jarduera, betiere, fundazioak ezartzen dituen baldintzen arabera.

Bosgarrena.– Hasierako dotazioa 30.000 eurokoa da. Kopuru hori ordaindu dela agiri bidez jasota geratu da erregistro-inskripzioko espedientean, hala agintzen baitu Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 37.1.c) artikuluak.

Seigarrena.– Patronatuari dagokio fundazioa ordezkatzea, administratzea eta gobernatzea. Patronatuko kideek dohainik beteko dituzte beren egitekoak, fundazioaren estatutuetan xedatutakoaren arabera.

Zazpigarrena.– Patronatuko kideak, fundazioa eratzeko eskrituran ezartzen denez, hasieran hauek izango dira (2018ko abenduaren 27ra arteko iraupena izango dute karguok):

– Lehendakaria: Francisco Javier Vitoria Cormenzana.

– Idazkaria: Gonzalo Fernández Mancha.

– Diruzaina: Jose Alberto Vicente Otxoa.

– Kidea: Maria Elena Ayarza Elorriaga.

– Kidea: Jose Ignacio Eguizabal Escribano.

– Kidea: Naiara San Martín Aguilar.

– Kidea: Rafael Ruiz de Gauna Torres.

– Kidea: María Silvestre Cabrera.

Izendatutako guztiek onartu dituzte beren karguak, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legearen 12.1 artikuluan ezarritako moduetariko bat erabiliz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari dagokio fundazioaren estatutuak aldatzeko eraketa-espedientea agindu bidez ebaztea. Hala ezarrita dago: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 3.1 artikuluan; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 4.1.a) artikuluan; Herri Administrazio eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 188/2013 Dekretuan; eta Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzekoan.

Bigarrena.– Hartarako legitimazioa daukan pertsona batek sustatu du espedientea. Espedienteari, bestalde, funtsezkotzat jotzen diren datuak eta agiriak erantsi zaizkio, eta bereziki bete da Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legearen 6., 7. eta 9. artikuluetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 36., 37., 38. eta 39. artikuluetan ezarritakoa. Aplikatzekoak diren legeetan eta erregelamenduetan ezarritakoarekin bat etorrita eratu da fundazioa.

Arauak eta, oro har, kasu honetan aplika daitezkeen gainerako arauak ikusita, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Honako hau Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko agintzea –egun honetan eta F-364 erregistro-zenbakiarekin–: Bilboko (Bizkaia) Fundación Ede-Ede Fundazioaren eraketa, eta bai Patronatuaren hasierako osaera ere. Patronatu horren kideak zazpigarren aurrekarian agertzen dira. Kideok espresuki onartu dituzte euren karguak, 2013ko abenduaren 27an, Bilboko Juan Ignacio Gomeza Villa notarioaren aurrean egiletsitako eskritura publikoan xedatu bezala (2315 protokolo-zenbakia).

Bigarrena.– Fundazio hori, dituen helburuak kontuan hartuta, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroko 2. sekzioan sailkatzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 2.2 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

Hirugarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta interesdunei bidaltzea.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta biharamunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko apirilaren 4a.

Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,

JOSU IÑAKI ERCORECA GERVASIO.


Azterketa dokumentala