Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

164. zk., 2014ko irailaren 1a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
3693

AGINDUA, 2014ko uztailaren 30ekoa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, unibertsitate aurreko irakasmailetako euskarazko ikasmaterial inprimatuen edizioari zuzendutako diru-laguntzetara biltzeko deia egiten duena (EIMA 1).

Hezkuntza eta Kultura Sailaren uztailaren 11ko 138/1983 Dekretuak dioena garatuz, abuztuaren 1eko Aginduak (EHAA, abuztuaren 19koa, 122. zk.) honela dio bere 6. artikuluan: «Hezkuntza eta Kultura Sailak behar diren neurriak hartuko ditu ikasmateriala dela medio euskarazko ikasketek ikasleari gastu gehigarririk ekar ez diezaioten. Beharrezko baliabideak ezarriko ditu, ondorioz, irakasmaila eta jakintzagai desberdinetan geroz eta neurri beteagoan euskarazko ikasliburu eta gainerako ikasmaterialak sortarazteko, eta berorien prezioa erdal ikasmaterialek dutenaren antzekoa izan dadin segurtatuko du. Guzti horretarako, besteren artean, deialdi baten bidez euskarazko ikasliburugintzarako diru-laguntzak banatuko ditu urtero».

Hori guztia gogoan izanik, honako hau

EBAZTEN DUT:
I. KAPITULUA
XEDEA

1. artikulua.– Agindu honen xedea honako hau da: unibertsitate aurreko irakasmailetan erabiltzekoak diren euskarazko ikasmaterial inprimatuen edizioari zuzendutako diru-laguntzetara biltzeko deia egitea.

2. artikulua.– Agindu honen III. eranskinean dago zehaztuta zein edizio-kostu hartuko den kontuan.

II. KAPITULUA
DIRU-BALIABIDEAK

3. artikulua.–1.– Diru-laguntzen deialdirako bostehun eta hamalau mila seiehun eta hogeita zazpi (514.627) euro erabiliko dira. Diru hori Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Nagusietan xede horretarako dagoen aurrekontu sailetik hartuko da.

2.– Aurreko puntuan jarritako diru-zenbateko osoa aldatu egin daiteke, eskatutako diru-laguntzaren zenbateko osoa kontuan hartuz, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren beste diru-laguntza programa batzuetan, eta zenbateko horien ebazpena hartu aurretik, agortu gabeko diru-partidarik balego. Hezkuntzako sailburuordearen ebazpenaren bidez emango da aldaketaren berri.

4. artikulua.– Deialdi honetako diru-laguntzak bateragarriak dira beste edozein erakunde publikok edo pribatuk helburu berarekin emandako beste laguntza batzuekin, baldin eta hortik ez bada gainfinantzaketarik sortzen. Gainfinantzaketa hori emanez gero, laguntza murriztu egingo da, dagokion gehienezko mugaraino.

5. artikulua.– Deialdira bildu eta baldintza guztiak betetzen dituen ikasmaterial bakoitzari dagokion diru-laguntza ez da izango, inongo salbuespenik gabe, ikasmaterial horietako bakoitzarentzat 12. artikuluaren arabera finkaturiko defizita baino handiagoa.

6. artikulua.– Ez dira diruz lagunduko seiehun (600) eurotik beherako diru-laguntza jasotzea legokiekeen ikasmaterialak.

III. KAPITULUA
IKASMATERIALEN BALDINTZAK

7. artikulua.– Indarrean dagoen curriculuma beteko dute eta, era berean, indarrean dauden Unibertsitate aurreko irakasmailetan, araubide orokor eta berezikoetan, erabiltzekoak izango dira.

8. artikulua.– Laguntza-deialdi honetara ezin izango dira bildu honako argitalpen hauek: bibliofilo-liburuak; copyright-a, partez edo osoz, hauetako bat duten argitalpenak: herri-aginteenak, zuzenbide pribatuko herri-aginteenak edota herri-aginteen parte-hartze nagusia duten sozietate pribatuenak; doan banatzekoak diren argitalpenak; liburu-klubek edo antzekoek bazkideentzat bakarrik argitaraturikoak; fotokopia edo multikopia bidez prestaturiko ikasmaterialak.

9. artikulua.– Ikasmaterialek honako ataletakoren batean sailkaturik egon beharko dute:

a) Oinarrizko ikasmaterialak: irakaslearen gidaliburuak, ikaslearen testu-liburuak, lan-koadernoak eta oinarrizko irakurgaiak.

b) Ikasmaterial osagarriak: kontsulta-liburuak, neurketa-materialak, irakasleen prestakuntzarako materiala, eskola-aldizkariak, mapak, horma-irudiak eta euskarazko ikasmaterial digitalen idatzizko osagarriak.

10. artikulua.– Originaltasun-mailari dagokionez, ikasmaterialak honelakoak izan daitezke:

a) Testuari dagokionez: sorkuntza-lana (espresuki euskaraz sortua); egokitzapena: bai intralinguistikoa (batutik euskalki batera edo alderantziz ekarritakoa) eta bai interlinguistikoa (erdaraz sortua eta euskarara egokitua); itzulpena (erdaratik ekarria).

b) Ilustrazioei eta argazkiei dagokienez: ikasmaterial honetarako berariaz sortutakoak; beste zenbait materialetatik hartutakoak.

11. artikulua.– 2013ko irailaren 2tik 2014ko irailaren 30era bitartean, biak barne, argitaratuak izango dira. Argitalpen-data moduan honako hau hartuko da: Lege Gordailuari dagokion Gordailu-aitorpenaren M-5 agiriko administrazio-eginbidean jarritako data.

12. artikulua.– Ikasmaterial defizitarioak izan beharko dute. Hots, beren edizioan egindako kostuak, 2. artikuluan zehaztutakoak, 2014-2015 ikasturteko salmenta bidezko diru-sarrerekin, baita prestakuntza-fase partez edo osoz berdinagatik han-hemendik izandako diru-sarrerekin ere, berdindu edo gainditu ezin dituzten ikasmaterialak. Ebazpena eman aurretik, eskabide-orrian zehaztutako kostuen justifikazioa, jatorrizko faktura bidezkoa, eskatu ahal izango du Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak.

13. artikulua.– 4/2005 Legeak, otsailaren 18koak, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerakoak, bere 30. artikuluan finkatutakoa bete beharko dute.

14. artikulua.– Euskaraz idatzita egon beharko dute. Hala ere, zenbait jakintzagai eta ikasmaterial-mota (A ereduan euskara irakasteko metodoak, hiztegi elebidun edo eleanitzak....) partez euskaraz eta partez erdaraz egonik, horiek ere laguntza-deialdira bildu ahal izango dira.

15. artikulua.– 1.– Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren egokitasun--aitormenaren jabe izan behar dute ikasmaterialek. Horretarako, hizkuntzaren onespen azterketa gainditu beharko dute, honako irizpide hauen arabera:

a) Zuzentasunaren azterketa: Euskaltzaindiaren arauak betetzen diren aztertuko da eta erabiltzen den hizkuntza bere oinarrizko ezaugarrietan (joskera, hitzak, ... ) egokia den.

b) Testuinguruarekiko egokitasun-azterketa: Testuaren koherentzia eta elkarreraginezko testuingurua (materiala nork norekin, non eta zertarako erabiliko den) izango dira kontuan.

2.– Egokitasun-aitormena lortzeko, onuradunak, Onespena eskatzeko agiria aurkeztu beharko du Hezkuntza-administrazioan, ikasmaterialarekin batera.

3.– Onespena eskatzeko agiria Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoan egongo da eskuragai: https://www.euskadi.net/diru_laguntza/2014/eima-1/y22-izapide/eu

16. artikulua.– Ikasmaterial orok, bezeria potentzial jakinik ez duten ikasmaterialek izan ezik, gutxieneko tirada izan beharko du. Gutxieneko tirada hori Agindu honen I. eranskinean ikasmaterial bakoitzarentzat finkatutako gutxieneko tirada-indizearen (GTI) eta 2014-2015 ikasturterako begiz jotako bezeria potentzialaren (BP) arteko eragiketaren ondorioz zehaztuko da. Editatu beharreko gutxieneko ale-kopurua begiz jotako tirada baino txikiagoa duten ikasmaterialak bazterrean utziko dira, ofizioz, eta, ondorioz, ez dute diru-laguntzarik jasoko.

17. artikulua.– Ikasmaterial bakoitzarentzat 2014-2015 ikasturterako begiz jotako bezeria potentziala kontuan izanik, kopuru jakin baterainoko tirada bakarrik lagunduko du diruz Hezkuntza Sailburuordetzak.

Ikasmaterial bakoitzarentzat finkatutako gehieneko estalpen-indizearen (GEI) eta 2014-2015 ikasturterako begiz jotako bezeria potentzialaren (BP) arteko eragiketaren ondorioz zehaztuko da tiradaren goi-muga, Agindu honen I. eranskinaren arabera.

Gehieneko estalpen-indizearen aplikazioaren ondorioz finkatutako tirada entitate eskatzaileak begiz jotako tirada baino txikiagoa bada, diru-laguntza eskatzen duen entitateak aditzera emandako kostu aldakorrak egokitu egingo ditu Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak.

Hala ere, Lanbide Heziketako Zikloetan erabiltzekoak diren ikasmaterialei, ziklo horietako aniztasunaren ondorioz dagoen jakintzagai-ugalketa, ikasmaterial-urritasuna eta ikasle-murrizketa kontuan izanik, tirada osoa onartuko zaie.

Bezeria potentzial jakinik ez duten ikasmaterialen kasuan, gehienez ere 8.000 aleko tirada lagunduko da diruz.

18. artikulua.– Datu ekonomiko eta teknikoen formularioan jasotako tiradak bat etorri beharko du kopuruz ISBNren inprimakian eta Lege Gordailuari dagokion Gordailu-aitorpearen M-5 agiriko administrazio-eginbidean jarritako kopuruarekin. Aurreko horri kalte egin gabe, aipatutako formularioan zehaztutako tiradaren egiatasuna baieztatze aldera, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak behar beste egiaztapen-lan egingo du fakturen eta gainontzeko agirien bidez.

19. artikulua.– Lehen argitaraldientzat prestaturik dago, nagusiki, deialdi hau. Hala ere, bigarren edo hurrengo argitalpen birmoldatu edo osatuek ere jaso ahal izango dute diru-laguntza, beti ere berritutako zatiaren arabera.

20. artikulua.– Ikasmaterial oro komertzializatu egin beharko da, herritarrei zuzenduriko banaketa-zirkuituen bidez, edozein herritarrek liburu-dendan eskuratzeko moduan egon dadin. Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak baldintza horren betetzea dagokion diru-laguntza finkatu aurretik egiaztatu ahal izango du.

IV. KAPITULUA
ONURADUNAK

21. artikulua.– Legez eratuta egonik, euskarazko ikasmaterial inprimatuak prestatuko eta argitaratuko dituzten enpresa, elkarte eta fundazioak izan daitezke laguntza-jasotzaile.

22. artikulua.– Laguntza-eskatzaileek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

1.– Zergarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean izatea.

Betebeharren egiaztatzeaz deialdiaren kudeaketa-organoa arduratuko da, behar beste aldiz egin ahal izango du, diru-laguntza eskatzen duten entitateei baimena eskatu gabe. Aurreko hori, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretua ezarriz egingo da.

Zergak Nafarroako Foru Erkidegoko Ogasunean ordaintzen dituzten entitateek zergak egunean dituztela ziurtatzeko agiria aurkeztu beharko dute.

2.– Jabego intelektualari, egile-eskubideei, Lege-gordailuari eta ISBNari dagozkien lege- betebeharrak betetzea.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2. artikuluan zehaztutako betebeharrak gordetzea.

4.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo Erakunde Autonomiadunek ezaugarri bereko beste laguntza edo diru-laguntzaren batzuk eman izana dela-eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitu egin beharko da onuradunei diru-laguntza eta laguntza eman eta ordaindu ahal izateko.

5.– Halaber, zigor- edo administrazio-arloko zigorra jaso duten pertsonek edo erakundeek, horren ondorioz, diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galdu badute edo horretarako ezgaitzen duen lege-debeku baten eraginpean badaude, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera sexu-diskriminazioan erori izanagatiko lege-debekuak barne, ezin izango dute Agindu honetan araututako diru-laguntzen eta laguntzen deialdietara aurkeztu, zigorrak ezarritako aldian.

V. KAPITULUA
ESKABIDEAK AURKEZTEKO MODUA ETA EPEA

23. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean hasi eta handik zenbatzen hasita 16. egun naturalaren eguerdiko 12:00etan amaituko da.

24. artikulua.– Erakunde interesdunek bitarteko elektronikoz egingo dituzte eskabidea, kontsultak eta prozedura honetako izapide guztiak.

Prozedura elektronikoa honako legeriak araututa dago: Administrazio Elektronikoari buruzko 2012ko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak eta Informatika eta Telekomunikazioko Zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Erabakiak (E-Administrazioarentzat -PLATEA- Plataforma teknologikoa onartu zuena).

25. artikulua.– 1.– Eskabideak modu elektronikoan aurkeztuko eta tramitatuko dira Euskadi.net atariko Egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.net/diru_laguntza/2014/eima-1/y22-izapide/eu

2.– Eskabideak eta gainontzeko agiriak nola izapidetu behar diren azaltzeko zehaztasunak aurreko puntuan adierazitako helbidean daude eskuragarri.

3.– Eskabidea egin osteko izapidetzeak (kontsultak, agiriak eman...) honako honetatik egingo dira: https://www.euskadi.net/niregestioak.

26. artikulua.– Diru-laguntza eskatzen duen entitateak argitara eman nahi dituen ikasmaterial beste eskabide aurkeztuko ditu.

27. artikulua.– Diru-laguntza eskatzen duten entitateek Euskal Autonomia Erkideko hizkuntza ofizialetatik nahi dutena erabil dezakete eskabidea eta honi erantsitako agiriak aurkezteko. Ondorioz, aukeratutako hizkuntza erabiliko da prozeduran, azaroaren 24ko 10/1982 Legeak, Euskararen Erabilera Normalizatzeko Oinarrizko Legeak, bere 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritako moduan.

28. artikulua.– 1/1997 Legegintza Dekretua, azaroaren 11koa, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duena aplikatuta, diru-laguntza eskatzen duen entitateak eskabidean jasotako erantzukizunpeko adierazpenen bidez honako baldintza hauek egiaztatuko ditu:

1.– Helburu berari zuzenduriko diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo bestelako baliabideak edozein administrazio edo erakunde publiko edo pribaturi eskatu izana eta, dagokionean, haiengandik jaso izana adieraztea.

2.– Diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren zigor edo administrazio-arloko zigorrik ez izatea, eta laguntza horiek jasotzeko ezgaitzen duen lege-debekuen eraginpean ez egotea, beren beregi Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeko azken xedapenetako seigarrenaren arabera sexu-diskriminazioa egin izanagatiko lege-debekuen eraginpean.

3.– Eskabidean zein eskabideari erantsitako agirietan bildutako datuak egiazkoak direla adieraztea.

4.– Laguntza-deialdi honetan diru-laguntzon onuradun izateko jarritako baldintzak betetzen dituela adieraztea.

5.– Legalki eratuta eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean dagokion erregistroan izena emanda dagoela adieraztea.

6.– Entitateari dagozkion agiriak, 30.1. artikuluko a) puntuan zehaztutakoak, lehendik bidaliak badira EAEko Administrazio orokorrera, eta bost (5) urte baino gehiago igaro ez bada, honen esku daudela, non eta noiz aurkeztu ziren adieraztea.

7.– Ikasmateriala argitaratu ahal izateko beharrezkoak diren eskubideen jabe izan eta ondorioz, Jabego Intelektualaren Legeak jarritako arauak betetzen dituela adieraztea.

8.– Indarrean dauden xedapenek ezartzen dituzten zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, arauz zehazten den bezala, egunean dituela adieraztea.

29. artikulua.– Diru-laguntza eskatzen duten entitateek berariazko baimena ematen diote kudeaketa-organoari, honek, gainontzeko datuak eskura edo egiazta ditzan. Hori guztia, Euskal Autonomia Erkideko Administrazio Orokorrak esleituak dituen egiaztapen-, kontrol- eta ikuskaritza-ahalmenei kalterik egin gabe egingo du. Honako agiri hauek hain zuzen ere:

a) Diru-laguntza eskatzen duen entitatearen legezko ordezkaria den pertsonaren NANa.

b) Diru-laguntza eskatzen duen entitateari dagokion Hirugarrenen Erregistroko fitxa.

30. artikulua.– Eskabidearekin batera, diru-laguntza eskatzen duten entitateek honako agiri hauek aurkeztuko dituzte modu elektronikoan:

1.– Entitateari dagozkion agiriak:

a) Eraketa-eskritura edo aktaren kopia, beti ere bere izaera juridikoaren arabera, ordezkari legalaren izendapena eta NANaren kopia, eta IFZren (Identifikazio Fiskalaren Zenbakiaren) kopia aurkeztu beharko da. Eskabidea egiteko entitatearen txartela erabiltzen badu, ez du agiririk aurkeztu beharko.

b) Zergak Nafarroan ordaintzen dituzten entitateen kasuan, zergen betebeharra betea dagoela egiaztatzen duen ziurtagiria.

Eskatzaileak eskabide-orri bat baino gehiago aurkezten duenean, a) eta b) puntuetako agiriak bakarrak izan daitezke fitxa guztientzat.

2.– Halaber, 1.a) puntuan aipatutako agiriak, lehendik bidaliak badira EAEko Administrazio orokorrera, eta bost (5) urte baino gehiago igaro ez bada honen esku daudela, eskatzaileak ez ditu agiri horiek berriro aurkeztu behar izango, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak 35. artikuluan agintzen duenari jarraituz. Aurkeztu ezean, eskatzaileak baimena eman beharko du eskabide-orrian, «Aurretik entregatutako dokumentazioa» atalean, eta dokumentu horiek noiz eta zein deialditarako (Saila, Zuzendaritza, programa) aurkeztu zituen argi adierazi, Administrazioak konprobazio-lanak egin ditzan.

3.– Ikasmaterialari dagozkion agiriak:

a) Diru-laguntza eske aurkezten diren ikasmaterial bakoitzeko formulario bat, behar den bezala beteta. Formulario horretan diruz laguntzea nahi den ikasmaterialari buruzko datu tekniko eta ekonomikoak jasoko dira. Formulario hori Euskadi.net atariko Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoan egongo da eskuragarri: https://www.euskadi.net/diru_laguntza/2014/eima-1/y22-izapide/eu

b) Lege Gordailuari dagokion M-5 inprimakia, gordailuaren aitorpenari dagokiona, behar diren izapideak eginda, gordailuaren aitorpena Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo egin denean.

c) Diru-laguntza eskatzen duen entitatearen legezko ordezkariak sinatutako idazki bat, diruz lagundu nahi diren ikasmaterial guztien lagapen-prezioa ziurtatzen duena.

d) Argitara emandako ikasmaterialaren bina ale. Era berean, egokitutako ala itzulitako ikasmaterialen kasuan, erdarazko ale bat (1). Ale horien aurkezpena, ezinbestean aurrez aurre egingo da, ahal delarik Herritarrentzako zerbitzuan -Zuzenean- edo Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren egoitzaren batean aurkeztuko da, nahiz tokian tokiko Ordezkaritzetan, nahiz Gasteizko egoitza nagusian, bertako Euskara Zerbitzuaren EIMA 1 programan (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz). Era berean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/92 Legeak 38.4 artikuluan zehazten duen edozein bulegotan ere aurkeztu ahal izango da eskabidea.

31. artikulua.– Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak eskabidean zerbait gaizki dagoela edo zerbait falta dela ikusten badu, hamar (10) eguneko epea emango dio diru-laguntza eskatzen duen entitate interesatuari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko. Era berean, adieraziko zaio horrela egin ezean atzera egin duela ulertuko dela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak ezarritakoarekin bat etorriz xede horretarako emandako ebazpena eman ondoren.

32. artikulua.– Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz, deialdi honen tramitazioan jasotako datu pertsonalak, parte-hartzaileek erabiltzea eta argitaratzea baimenduko dituztenak, «EIMA» deritzon fitxategian jasoko dira. Fitxategi honen helburua deialdi honetako diru-laguntzak kudeatzea eta deialdi honetara aurkezten diren pertsonei deialdiaren garapenari buruz informatzea izango da. Fitxategi honen arduraduna Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritza da. Lege horretan adierazitako sarbide, zuzenketa, ezabatze eta aurkatze-eskubideak erabiltzeko, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzara jo beharko da, honako helbide honetara: Donostia-San Sebastián kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

33. artikulua.– Diru-laguntza eskatzen duten entitateek baimena ematen diote Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari, honek aurkeztutako agirien egiazkotasuna konproba dezan beste instantzia batzuetan.

VI. KAPITULUA
DEIALDIAREN KUDEAKETA ETA JARRAIPEN ORGANOAK

34. artikulua.– 1.– Laguntza-deialdi honen kudeaketa Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari dagokio.

2.– Laguntza-eskabideak aurkeztu eta diru-laguntzak ordaindu arte gerta litezkeen gorabeherak bideratzeko, Jarraipen-batzorde bat eratuko da. Jarraipen-batzordea honako kide hauez osatuko da:

a) Hezkuntza Berriztatzeko zuzendaria (batzordearen buru).

b) Euskara Zerbitzuaren burua.

c) EIMA 1eko teknikaria (batzordearen idazkari).

VII. KAPITULUA
DIRU-LAGUNTZEN KALKULUA, EBAZPENA ETA ORDAINKETA

35. artikulua.– 1.– Beharrezkoak diren datuak eskuratu eta gero, honako honi ekingo zaio:

a) Ikasmaterial horiek dagozkien formularioetan azaldutako datu tekniko eta ekonomikoekin agertzen duten adostasun-maila neurtu, besteak beste, honako puntu hauek bereziki aztertuz: hizkuntzaren egokitasun-aitorpena, xedea, argitalpen-kostuak, ezaugarri teknikoak, lagapen-prezioa, tirada eta salmenta kopurua.

b) Agindu honetan jarritako baldintzak betetzen diren ala ez ikuskatu.

c) Ikasmaterial bakoitzaren edizio-kostuen kalkulua eskatu Euskal Autonomia Erkidegoko argitalpen-alorreko bi adituri. Aditu horiek aldez aurretik izendatuko ditu Hezkuntza sailburuordeak.

2.– Aurreko puntuan zehazturikoa egin ostean, berariazko txostena helaraziko zaio Ebazpen Batzordeari.

36. artikulua.– 1.– Ebazpen-batzordea honako kide hauez osatuko da:

a) Hezkuntza Berriztatzeko zuzendaria, batzordearen buru.

b) Euskara Zerbitzuaren burua.

c) EIMA 1 programaren teknikaria, batzordearen idazkari.

2.– Behar-beharrezkoa ikusten bada, ikasmaterial bakoitzaren edizio-kostuen kalkulua egiten ibilitako bi adituak aritu ahal izango dira batzordearekin, beti ere aholkulari gisa.

3.– Ebazpen-batzordeak ikasmaterial bakoitzari dagokion diru-laguntzaren zenbatekoa finkatuko du eta, behar bezala arrazoitu ondoren, ebazpen-proposamena egingo du. Aurreko artikuluan aipatutako ebazpen-proposamena lantzeko, Ebazpen-batzordeak Agindu honen II. eranskinean azaldutako faktoreetan eta horiei dagozkien ponderazio-indizeetan oinarrituko du bere lana.

4.– Agindu honen 3. artikuluan aurreikusitako diru-kopuru osoa II. eranskinean ezarritako formularen arabera banatuz zehaztuko da diru-laguntza zehatza.

37. artikulua.– 1.– Ebazpen-batzordeak egindako proposamena kontuan izanda, Hezkuntzako sailburuordeak laguntza-deialdi honi dagokion ebazpena emango du.

2.– Ebazpen horrek, gutxienez, honako kontu hauek jasoko ditu:

a) Diruz lagundutako ikasmaterialen zerrenda eta ikasmaterial horietako bakoitzari esleitutako diru-laguntza.

b) Diruz lagundu ez diren ikasmaterialen zerrenda, ukatzearen zioa azalduz.

3.– Ebazpen hori diru-laguntza eskatu duten entitate guztiei modu ofizialean jakinaraziko zaie, Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasi eta sei (6) hilabeteko epean, beranduenik. Horrez gain, EHAAn ere argitaratuko da, denek horren berri izan dezaten.

38. artikulua.– 1.– Ebazpen horren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote diru-laguntza eskatu duten entitateek Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuari, hartutako Ebazpenaren berri emanaz jasotako jakinarazpena eskuratutako egunaren biharamunetik hasita, hilabeteko epean.

2.– Hartu beharreko Ebazpenaren jakinarazpenik egiten ez bada 37. artikuluan esandako epean, ezezko erantzuna bailitzan hartu ahal izango da isiltasuna.

39. artikulua.– Entitate onuradunek onartu egin beharko dute esleitutako diru-laguntza. Hori dela eta, diru-laguntza eman izanaren jakinarazpena jasotzen den egunean hasi eta hamar (10) eguneko epean esleitutako diru-laguntzari berariazko ukoa egiten ez badiote entitate onuradunek kudeaketa-organoari, esleitutako diru-laguntza onartutzat joko da.

40. artikulua.– Diru-laguntzak aldi bakar batean ordainduko dira, Ebazpena diru-laguntza eskatu duten entitate guztiei modu ofizialean jakinarazi eta, aldi berean, entitate onuradunek esleitutako diru-laguntza onartu egiten dutela egiaztatu ostean.

VIII. KAPITULUA
ONURADUNEN BETEBEHARRAK

41. artikulua.– Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Saileko hirugarrenen erregistroan alta emanda egon behar du laguntza-jasotzaileak, laguntza jaso ahal izateko. Alta emateko edota banku-datuak aldatzeko, lotura honetan (http://www.euskadi.net/r33-2288//eu/contenidos/autorizacion/alta_terceros/eu_7999/hirugarrenaren_alta.html dagoen formularioa bete beharko du eta bide elektronikoz aurkeztu.

42. artikulua.– Entitate onuradunek Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, beren eginkizunetan dihardutela, deialdi honen kontura jasotako diru-laguntzen inguruan eskatutako informazioa eman behar diete.

43. artikulua.– Agindu honetan finkatutako edozein eginkizun ez betetzeak edota laguntzak lortzeko ezarritako baldintzetan gezurretan ibiltzeak, jokabide horien ondorioz gerta daitezkeen erantzukizun penalak baztertu gabe, agindutako diru-laguntza galtzea ekarriko du; baita, hala legokiokeen kasuan, aurretik jasotako diru-kopurua atzera itzuli beharra ere, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak onartzen duen bezala, eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak (EHAA, 1992ko otsailaren 7koa) zehaztutako prozeduraren arabera dagozkion legezko interesak gehituz.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Agindu honetako euskarazko eta gaztelaniazko idazkien artean interpretazio-auzirik sortuz gero, jatorrizkoa euskaraz idatzitakoa dela kontuan izanik hura hartuko da korapiloa askatzeko gidari.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honek administrazio-bidea agortzen du, eta bere aurka berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal da Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren aurrean, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera; edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan, bi hilabeteko epean, Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean agindu hau.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko uztailaren 30a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala