Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoa

Euskadi.eus

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

164. zk., 2014ko irailaren 1a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
3691

AGINDUA, 2014ko uztailaren 30ekoa, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuarena, uztailaren 29ko 191/2003 Dekretuan aurreikusitako laguntzen deialdia egiteko dena. Dekretu horrek enpresaburuen elkarteei eta erakunde sindikalei diru-laguntzak emateko modua arautzen du, enpresa-elkarteen eta sindikatuen giza baliabideen kualifikazioa haien jarduera-eremuen berezko gaietan hobetzera zuzendutako prestakuntza-planak garatzeko.

Uztailaren 29ko 191/2003 Dekretuak (2003ko irailaren 1ean Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratua, 169. zenbakia) Enpresaburuen Elkarteei eta Erakunde Sindikalei diru-laguntzak emateko aukera arautzen du, Enpresaburuen Elkarteen eta Erakunde Sindikalen giza baliabideen kualifikazioa haien jarduera-eremuen berezko gaietan hobetzera zuzendutako prestakuntza-planak garatzeko. Dekretu horrek Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak 1996. urteko urriaren 29an 244/1996 Dekretuarekin hasitako laguntza-neurriei jarraipena emateko helburua du. Adierazitako neurriak prestakuntza-jarduerak gauzatzen laguntzeko dira, Enpresaburuen Elkarteen eta Erakunde Sindikalen berezko helburuen barnean. Dekretu horren bitartez Enpresaburuen Elkarteen eta Erakunde Sindikalen prestakuntzako barne-programak indartzera, integratzera eta koherentzia ematera zuzendutako finantzaketa publikoko sistema bat ezartzen da, horiek beren koadroen eta langileen prestakuntzarako tresna egoki izan daitezen, modu horretan egoera soziolaboralari beharrezko laguntza emanez.

Aipatutako arauak indarraldi mugagabea du, hain zuzen ere arauaren 9.3 artikuluak ezartzen du Justizia, Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuaren Aginduaren bitartez urtero aipatutako Dekretuan aurreikusitako laguntzen deialdia egingo dela, horiek finantzatzeko erabiliko diren eskaeren eta gehienezko kopuru globalaren aurkezteko epea adieraziz, Entitate onuradunen bi kategorien artean banatuta.

Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuaren zortzigarren artikuluak, zeinaren bitartez sortu, kendu eta aldatzen diren Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Sailak, eta ezartzen diren haien funtzioak eta jarduera-esparruak, esleitzen dio enplegu-politikaren jarduera-esparrua Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari.

Apirilaren 9ko 191/2013 Dekretuak, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duenak, esleitzen dio, 9.1.b) artikuluan, Enplegu eta Lan Sailburuordetzari sektore publikoan enpleguaren aldeko politikak indartzeko funtzioa.

191/2003 Dekretuko 16. artikuluak ezartzen duenez, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan propio ezarritako aurrekontu-kredituetatik aterako dira Dekretuaren helburua betetzeko behar diren aurrekontu-baliabideak.

Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuko 49.5 artikuluan ezarrita dagoenez -Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateratua onartu zen dekretu horren bidez-, Euskal Autonomia Erkidegoaren ekonomia-ekitaldi bakoitzeko aurrekontu orokorrak indarrean jartzen direnean, diru-laguntzak arautzeko behar diren xedapenak emango dira, eta egon daudenak gaurkotu edo aldatu egingo dira; orobat, bere garaian indarraldi mugagabekotzat jo ziren diru-laguntzak iragarriko dira.

Euskal Autonomia Erkidegoko 2014ko Aurrekontu Orokorretan –abenduaren 20ko 4/2013 Legeak onartutakoak– esleitu da 3112 Lana, 12 zerbitzua, Lan eta Gizarte Segurantza Zuzendaritza programan, 45499 azpikontzeptua, Transferentziak eta diru-laguntzak irabazteko asmorik gabeko beste instituzioei, 004 partida, 191/2003 izenekoa, Formakuntza-planak enpresa-elkarteak eta antolakuntzak; guztira, zenbatekoa 710.000 eurokoa da.

Hori guztia dela-eta, eta aipatutako uztailaren 29ko 191/2003 Dekretuko 9.3 artikuluan aurreikusitako gaikuntza baliatuz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Eskabideak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da Agindu honek ondorioak sortzen dituenetik aurrera.

Bigarrena.– Diru-baliabideak.

Deialdi honen xede den finantziazioari bideratutako baliabide ekonomikoak, 2014rako, 710.000 eurokoak dira; horietatik 500.000 euro 2014. urteko aurrekontu arruntetik ordainduko dira eta 210.000 euro 2015erako konpromisoko aurrekontutik, 3112 Lana 12 zerbitzua, Lan eta Gizarte Segurantza Zuzendaritza programaren kontura.

Zenbateko hori entitate onuradun izan daitezkeen kategoria bien artean banatuko da, banaketarako formula honakoa izango dela:

a) Enpresaburuen elkarteei gehienezko kopuru globalaren % 40 emango zaie, hau da, 284.000 euro.

b) Erakunde sindikalei gainerako % 60a emango zaie, hau da, 426.000 euro.

Hirugarrena.– Diru-laguntzak emateko eta eskuratzeko baldintzak.

Aipatutako laguntzak eskuratu eta emateko baldintzak aipatutako Dekretuan, eta Agindu honetako Xedapen Gehigarri Bakarrean azpimarratutakoak izango dira.

Laugarrena.– Laguntzen ebazpena, izapidetzea eta prozedura eta erakunde onuradunen obligazioak.

1.– Diru-laguntza eskaerak zuzenduko dira Enplegu eta Gizarte Politiketako Saileko Lan eta Gizarte Segurantza Zuzendaritzara, eta aurkez daitezke Enplegu eta Gizarte Politiketako Saileko Erregistro Orokorrean, edozein Laneko Lurralde Ordezkaritzatako erregistroetan edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako edozein lekutan.

2.– Enplegu eta Gizarte Politiketako Saileko Lan eta Gizarte Segurantza Zuzendaritza da eskaerak kudeatzeko eta izapidetzeko ardura duen organoa, eta ebazteko eskumena duena Laneko eta Gizarte Segurantzako zuzendaria.

3.– Diru-laguntzak eskatzen dituzten erakundeek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela egiaztatuko dute uztailaren 29ko 191/2003 Dekretuko 10. artikuluko b) eta c) ataletan ezarritakoaren arabera.

XEDAPEN GEHIGARRIA

1.– Gizon eta Emakumeen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeko azken xedapenetako seigarrenean xedatutakoa betez -lege horren bidez aldatu da azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko 50. artikulua-, ezin izango dute deialdi honetan parte hartu sexuarengatik egindako diskriminazioa dela-eta administrazio-zehapena edo zehapen penala jaso duten pertsona fisiko edo juridikoek, ezta Gizon eta Emakumeen Berdintasunerako Legea dela-eta debeku honekin zigortutakoek ere, dagokion zigorra indarrean dagoen bitartean.

2.– Era berean, zigor- eta administrazio-arloan diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zehatuta dauden pertsona fisikoek ezin izango dute laguntzarik jaso, ezta hartarako ezgaitzen dituen legezko debekuaren eraginpean daudenek ere.

3.– Uztailaren 29ko 191/2003 Dekretuko 10. artikuluaren arabera, eskaera-orriarekin eraman behar den dokumentazioarekin batera, erakunde eskatzaileak aurreko paragrafoetan adierazitako baldintzak betetzen direla egiaztatzen duen zinpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA.– Aurka egiteko bideak.

Agindu honen aurka, administrazioarekiko auzietarako errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegiaren Administrazioarekiko Auzietarako Salan, bi hileko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, administrazioarekiko auzien jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1 b) eta 46.1 artikuluetan xedatutakoaren arabera; halere, aginduan jasotzen den aurtengo deialdiaren aurka, berraztertzeko aukerako errekurtsoa jarri ahalko diote interesdunek Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, azaroaren 26ko Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 116. eta 117. artikuluek ezarritakoaren arabera.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA.– Indarrean jartzea.

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik zenbatzen hasita izango ditu ondorioak agindu honek.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko uztailaren 30a.

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua,

JUAN MARÍA ABURTO RIQUE.


Azterketa dokumentala

Euskadi, auzolana