Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

164. zk., 2014ko irailaren 1a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
3690

AGINDUA, 2014ko uztailaren 30ekoa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuarena, zeinaren bidez 2014ko deialdia egiten baita Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza-, elikagai- eta arrantza-sektoreetan ikerketa, garapena eta berrikuntza sustatzeko laguntzen zenbait lerrotarako (Berriker programa), urriaren 7ko 423/2013 Dekreturen babesean.

Urriaren 7ko 423/2013 Dekretua Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza-, elikagai- eta arrantza-sektoreetan ikerketa, garapena eta berrikuntza sustatzeko laguntzei buruzkoa da (Berriker programa), eta haren helburua da Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza-, elikagai- eta arrantza-sektoreetan ikerketa, garapena eta berrikuntza piztu eta bultzatzeko laguntzen erregimena ezarri eta arautzea.

Dekretu horren 10. artikuluan ezartzen denez, urtero egingo da hor ezarritako laguntzerako deialdia, eta artikulu horretan jasotako zenbait alderdi finkatuko dira.

2014ko ekitaldiko une honetan, aipatutako dekretuko laguntzen zenbait lerrotarako baino ez da egingo deialdia, zehazki: II. kapituluan bildutako lerroa, «oinarrizko ikerketako, ikerketa industrialeko eta garapen esperimentaleko proiektuak»; V. kapituluan bildutakoa, «zerbitzu-jarduerak antolatzearen alorrean berrikuntzak egiteko laguntzak»; eta VII. kapituluan bildutakoa, «produktu, prozesu eta teknologia berriak garatzeko lankidetza». Aurrerago egingo da VI kapituluan jasotako laguntzen deialdia, «prozesuen alorreko berrikuntza-proiektuetan gastuak eta inbertsioak egiteko laguntzak», eta ekitaldi honetan ez dira deituko III. eta IV. kapituluetan aurreikusitako laguntzak.

EAEko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 49.5 artikuluak ezartzen duenez, ekitaldi ekonomiko bakoitzean EAEko Aurrekontu Orokorrak indarrean jartzen direnean, programen diru-laguntzak emateko arauak eguneratu, berrikusi, edo, hala badagokio, ezarriko dira, eta kasuan kasuko deialdia egingo da bere garaian izaera mugagabez arautu zirenentzat.

Abenduaren 20ko 4/2013 Legearen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko 2014ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorrak onartu ziren.

Bada, bi arau horiek aplikatuz, nekazaritza-, arrantza- eta elikadura-sektoreetan ikerketa, garapena eta berrikuntza sustatzeko laguntzen deialdia egiten da, 2014ko ekitaldirako.

Horiek horrela, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Helburua eta diruz lagundutako lerroak.

1.– Agindu honen helburua da 2014 ekitaldiko deialdia egitea Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza-, arrantza- eta elikadura-sektoreetan ikerketa, garapena eta berrikuntza sustatzeko laguntzetarako (Berriker programa). Laguntza horiek urriaren 7ko 423/2013 Dekretuan aurreikusitakoak dira.

2.– Urriaren 7ko 423/2013 Dekretuaren babesean diruz lagunduko diren lerroak II., V., eta VII. kapituluetan jasotakoak dira.

Bigarrena.– Eskabideak aurkezteko epea eta eskabide-eredua.

1.– Urriaren 7ko 423/2013 Dekretuan aurreikusitako laguntza-eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu honek ondorioak dituen egunetik aurrera.

2.– Urriaren 7ko 423/2013 Dekretuaren 8. artikuluko 2. paragrafoan xedatutakoarekin bat etorriz, proiektuak epe barruan aurkeztu direla ulertuko da, baldin eta II., V. eta VII. kapituluetan araututako laguntzetan jasota badaude eta eskabidea aurretik aurkeztu bada, 2014ko ekitaldiaren barnean, betiere.

3.– Onartu egiten dira, halaber, II., V. eta VII. kapituluetan aurreikusitako laguntzak eskatzeko eskabide-ereduak. Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren bulegoetan egongo dira eskuragarri eredu horien eskabide-orriak (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz), bai eta web-orri honetan ere: www.nasdap.ejgv.euskadi.net.

Hirugarrena.– Aurrekontu-kreditua.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoren Aurrekontu Orokorraren kargura II. eta V. kapituluetan aurreikusitako ekintzak finantzatzera bideratutako aurrekontu-kreditua 1.408.800 eurokoa da. Horietatik, 608.800 euro 2014. urteko ordainketa-kredituari dagozkio, eta 800.000 euro, 2015. urteko konpromiso-kredituari.

2.– VII. kapituluko ekintzak finantzatzera bideratutako aurrekontu-kreditua, berriz, 250.000 eurokoa da, eta, horietatik, 160.000 euro, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura finantzatuko dira, eta 90.000 euro, Feader Europako funtsaren kontura, Euskal Autonomia Erkidegoko Landa Garapen Iraunkorreko 2007-2013 Programaren babesean. Denak ere 2014ko ekitaldiko ordainketa-kredituari dagozkio.

Laugarrena.– Inbertsioak, proiektuak eta gastuak gauzatzeko epea.

1.– II. eta V. kapituluetan aurreikusitako ekintzetarako inbertsioak urtekoak edo urte anitzekoak izan daitezke, eta 2014ko eta 2015eko ekitaldiei dagozkie, betiere 16. artikuluko 3. paragrafoan eta 19. artikuluko 4.ean ezarritakoaren kaltetan joan gabe.

2.– VII. kapituluan aurreikusitako ekintzetarako gastuak urtekoak izango dira, eta 2014ko ekitaldiari dagozkio, betiere 16. artikuluko 3. paragrafoan eta 19. artikuluko 4.ean ezarritakoaren kaltetan joan gabe.

Bosgarrena.– Laguntzak baloratzeko eta laguntzak kuantifikatzeko irizpide objektiboak.

II., V. eta VII. kapituluetan aurreikusitako proiektuak baloratzeko, aintzat hartuko dira urriaren 7ko 423/2013 Dekretuaren 11. artikuluko 1. paragrafoan bildutako irizpide guztiak.

Seigarrena.– Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Laguntzak eskatzen dituztenek, eskabidearekin batera, urriaren 7ko 423/2013 Dekretuaren 9. artikuluko 3. paragrafoan aurreikusitako dokumentazioa aurkeztu beharko dute.

2.– Horretaz gainera, eskatzaileek beste agiri hauek aurkeztu beharko dituzte, nolako laguntza eskatu duten aintzat hartuta:

a) II, kapituluan jasotako proiektuei dagokienez, urriaren 7ko 423/2013 Dekretuaren 26. artikuluan aurreikusitako agiriak.

b) V, kapituluan jasotako proiektuei dagokienez, urriaren 7ko 423/2013 Dekretuaren 38. artikuluan aurreikusitako agiriak.

c) VII, kapituluan jasotako proiektuei dagokienez, urriaren 7ko 423/2013 Dekretuaren 50. artikuluan aurreikusitako agiriak.

Zazpigarrena.– Errekurtsoak.

Agindu honen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuari, hilabeteko epean. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Kasu bietan, agindua argitaratu eta biharamunean hasiko dira epeak.

Zortzigarrena.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko uztailaren 30a.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.


Azterketa dokumentala