Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoa

Euskadi.eus

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

127. zk., 2014ko uztailaren 7a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
3054

EBAZPENA, 2014ko ekainaren 25ekoa, Gradu Ikasketen eta Berrikuntzaren arloko errektoreordearena, eta Graduondoko Ikasketen eta Nazioarteko Harremanen arloko errektoreorderena, aipamenak edo espezialitateak graduko eta unibertsitate masterreko titulu ofizialetan sartzeari buruzkoa.

Unibertsitate titulu ofizialei buruzko abuztuaren 5eko 1002/2010 Errege Dekretuak gradu, master eta doktoregoko unibertsitate ikasketa ofizialen tituluak emateko baldintzak eta prozedura arautzen ditu, unibertsitateko ikasketa ofizialen antolaketari buruzko urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretua betez (3.2 artikulua).

Aipamena daukaten graduei dagokienez, 1002/2010 Errege Dekretuko 5. artikuluak dio aipamena tituluaren aurrealdean azalduko dela, I.B eranskinean (aipamena duen graduko tituluaren ereduan) ageri den bezala. Ikasleak gradu berari lotutako aipamen bat baino gehiago egin dituenean, tituluaren aurrealdean bat azalduko da, eta gainerakoak atzealdean.

Espezialitatea daukaten master tituluei dagokienez, errege dekretu beraren 8. artikuluan esaten da espezialitatea tituluaren aurrealdean azalduko dela, IV. eranskinean (unibertsitateko master tituluaren ereduan) ageri den legez. Era berean, ikasleak espezialitate bat baino gehiago egin dituenean master beraren barruan, aurrealdean bat azalduko da, eta gainerakoak, berriz, atzealdean.

2011ko otsailaren 4an Akademia Antolakuntzako errektoreordeak ebazpen bat eman zuen, ECI/2514/2007 Aginduak eta 1002/2010 Dekretuak araututako titulu ofizialen atzealdean jaso beharreko edukiak zehazteko. Ebazpen horretan, zehazten da nolakoa izan behar den tituluaren atzealdea 56/2005 Errege Dekretuaren arabera onartutako master tituluetarako, eta 1393/2007 Errege Dekretuak araututako ikasketen (gradu eta masterren) tituluetarako. 1002/2010 Errege Dekretuari dagozkion tituluetarako, zehazten da graduetako aipamenak eta masterretako espezialitateak (ikasleak bere ikasketa planaren barruan egin eta gainditu dituenak) tituluaren atzealdean jasoko direla.

Hala ere, gerta daitekeen arren ikasleak aipamen bat baino gehiago egin izana, graduen kasuan, eta espezialitate bat baino gehiago egin izana, masterren kasuan, 1002/2010 Errege Dekretuak eta Akademia Antolakuntzako errektoreordearen 2011ko otsailaren 4ko Ebazpenak ez dute zehazten zein hurrenkeratan azaldu behar diren aipamen edo espezialitateok; hortaz, beharrezkoa da UPV/EHUk irizpide bat ezartzea berak ematen dituen titulu ofizial guztietarako.

Ebazpen hau Graduko Batzordeari eta Graduondoko Batzordeari aurkeztu zaie 2014ko ekainaren 19ko eta 2014ko ekainaren 25eko bileretan, eta biek onespena eman diote.

Hori dela eta, Gradu Ikasketen eta Berrikuntzaren arloko errektoreordeak eta Graduondoko Ikasketen eta Nazioarteko Harremanen arloko errektoreordeak, UPV/EHUko errektorearen 2013ko urtarrilaren 30eko Ebazpenak ematen dizkien eskumenak erabiliz (gobernu taldearen egitura eta funtzionamendu arloak zehazten eta eskumenak eskuordetzen ditu ebazpen horrek), honako hau

EBAZTEN DUTE:

Lehenengoa.– Graduetan aipamen bat baino gehiago gainditu bada eta masterretan espezialitate bat baino gehiago gainditu denean, tituluaren aurrealdean azalduko da ikasleak titulua eskatzean aukeratzen duen aipamena edo espezialitatea.

Bigarrena.– Graduko edo masterreko titulu ofizialaren atzealdean ikasleak egindako aipamen edo espezialitateak azalduko dira, baita ibilbide curricularrak ere, halakorik egin duenean, bakoitza amaitu duen dataren arabera zerrendaturik. Era berean, azaldu beharko da ikasketa plana zein egunetan argitaratu zen Estatuko Buletin Ofizialean.

Hirugarrena.– Tituluaren bikoiztua egiten denean, aurrealdean azalduko da ikasleak jatorrizko titulua eskatu zuenean aukeratutako aipamena edo espezialitatea.

Laugarrena.– Ebazpen honek indarrik gabe uzten du Akademia Antolakuntzako errektoreordearen 2011ko otsailaren 4ko Ebazpena, 1393/2007 Errege Dekretuaren bidez ezarritako ikasketei dagokienez. Haren bidez zehaztu zen 1002/2010 Errege Dekretuan araututako unibertsitate titulu ofizialen atzealdean jaso beharreko edukia.

Bosgarrena.– Arautegi hau indarrean sartuko da EHAAn argitaratu eta biharamunean.

Leioa, 2014ko ekainaren 25a.

Errektorea,

IÑAKI GOIRIZELAIA ORDORIKA.

Eskuordetzaz (2013ko urtarrilaren 30eko Ebazpena, 2013-02-13ko EHAA).

Gradu Ikasketen eta Berrikuntzaren arloko errektoreordea,

AMAIA ZARRAGA CASTRO.

Graduondoko Ikasketen eta Nazioarteko Harremanen arloko errektoreordea,

NEKANE BALLUERKA LASA.


Azterketa dokumentala

Euskadi, auzolana