Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

127. zk., 2014ko uztailaren 7a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
3048

125/2014 DEKRETUA, ekainaren 24koa, Asociación Parkinson Bizkaia - ASPARBI elkartea gizarte-interesekotzat aitortzeko dena.

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 74. artikuluan xedatzen denez, gizarte-interesekotzat aitortu ahal izango dira gizarte-zerbitzuak ematen dituzten irabazi-asmorik gabeko erakundeak, hain zuzen ere, aitortzeko haien ibilbidea eta Gizarte Ekintzako Hirugarren Sektoreak EAEko gizarte-zerbitzuak garatzeko emandako laguntza. Arauz ezartzen diren baldintzak bete beharko dituzte, betiere.

Urriaren 7ko 424/2013 Dekretuak, gizarte zerbitzuak ematen dituzten irabazi-asmorik gabeko erakundeak gizarte-interesekotzat aitortzeari buruzkoak, gizarte-intereseko aitorpena lortzeko aplikatzeko baldintzak eta prozedura arautzen ditu.

Haren babesean, Asociación Parkinson Bizkaia - ASPARBI elkarteak aipatutako aitorpena eskatu du, uste baitu merezi duela gizarte-interesekoa dela aitortzea, gizarte-ekintzaren arloan egiten dituen jarduerengatik.

Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzak jakinarazi bezala, Asociación Parkinson Bizkaia - ASPARBI elkartea irabazi-asmorik gabeko erakundea da, 1993an eratutakoa; haren xede nagusia zientifikoa, ongintzakoa eta soziala da, hots, Parkinson gaixotasuna dutenei laguntza eta sorospena ematea. Ibilbide historikoa du Euskal Autonomia Erkidegoan gizarte-zerbitzuak ematen; izan ere, egiaztatu du bere jarduera etenik gabe burutu duela 2008tik, Bizkaiko Lurralde Historikoan, nagusiki.

Aipatu urriaren 7ko 424/2013 Dekretuan xedatutakoaren arabera, Jaurlaritzaren Kontseiluaren dekretu bidez egingo da gizarte-intereseko aitorpena, gizarte-zerbitzuen arloan eskumena duen sailburuak proposatuta, zeinak dagokion espedientea izapidetuko baitu.

Horrenbestez, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak proposatuta, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2014ko ekainaren 24an egindako bileran proposamena aztertu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Aitortzea Asociación Parkinson Bizkaia - ASPARBI elkartea gizarte-interesekoa dela, burutzen dituen gizarte-ekintzen bidez Euskal Autonomia Erkidegoan gizarte-zerbitzuak garatzen laguntzeagatik.

2. artikulua.– Aitortzea Asociación Parkinson Bizkaia - ASPARBI elkarteari aitorpen honen berezko eskubideak, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 74. artikuluan xedatutakoak.

Vitoria-Gasteizen, 2014ko ekainaren 24an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua,

JUAN MARÍA ABURTO RIQUE.


Azterketa dokumentala