Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

116. zk., 2014ko ekainaren 20a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA
2728

EBAZPENA, 2014ko ekainaren 9koa, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariarena, deialdia zabaltzen duena Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen (IVAP) mendean dagoen Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskolak (LHIEE) antolatu dituen Hirigintzako XXXIX. (39) Ikastaroa (Bilbon egitekoa, 2014-2015) eta Hirigintzako XL. (40) ikastaroa (Donostian egitekoa, 2014-2015) egiteko. Aldi berean, deialdia egiten da ikastaro horietan parte hartzeko, 5 matrikula-beka eskatzeko.

«Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskola-Escuela Vasca de Estudios Territoriales y Urbanos» sortzeko, abian jartzeko eta antolatzeko den martxoaren 11ko 80/1986 Dekretuaren bidez, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen menpe geratu zen Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskola (LHIEE). Lantzen dituen gaiak direla-eta, Lurralde Antolamenduaren eskumena duen Eusko Jaurlaritzako Sailaren bultzada zuzena jasotzen du, eta hirigintzako ikastaroak antolatzen ditu 1992. urtea geroztik, arlo horietan jarduten duten langile teknikoak prestatzeko eta birziklatzeko.

Euskal Autonomia Erkidegoan, hirigintza-araubidea nabarmen aldatu da, autonomia-erkidegoak berak eta estatuko administrazioak eman dituzten arauen ondorioz.

Bi ikastaroetan zehar aztertzen dira arau horiek guztiak, baina agerikoa da araudien aldaketek behartu egiten gaituztela egitarauak eta haien edukiak etengabe berritzera.

Dena dela, hirigintza eta lurralde-antolamendua ez dira arau-multzo soil bat, biztanleriak habitat eta lurralde jakin batean dituen garapena eta bilakaera jakiteko ezagupenen eta horri buruzko tekniken multzoa baizik. Arrazoi horrek bultzatuta, hirigintzako, lurralde-antolamenduko eta ingurumeneko paradigma edo eredu berriak aztertuko ditugu.

Horrenbestez, garrantzi handikoa da, krisi-garaiotan hain justu, herri honen hirigintza eratzen duten proiektuak eta arauak behar bezala aztertzeko jakintzak izatea, eta, horren bidez, egun dauden arazoak eta hirigintzaren etorkizuneko aurreikuspenak aztertzea.

Nabarmendu behar da Bilboko XXXIX. (39) eta Donostiako XL. (40) ikastaro horiek hirigintzaren, lurralde-antolamenduaren eta ingurumenaren arloan lan egiten duten funtzionario, profesional eta akademikoz osatutako aditu-talde batek emango dituela. Ikastaroa hirigintza-jarduera horiek egin edo horien berri izan behar duten administrazioko eta sektore pribatuko eragile tekniko eta juridikoentzat, eta hirigintzaren alorrean lan egin nahi duten profesionalentzat eta graduatuentzat prestatu da, hirigintzaren teoria eta haren alderdi praktikoak ezagutu ditzaten.

Bestalde, aukerak eta ekonomiaren alorreko gorabeherak direla-eta, Donostian egingo den Hirigintzako XL. (40) ikastaroko moduluak aurrera eramateko gutxieneko ikasle-kopurua ezarri behar da.

Hori dela-eta, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Deialdia.

Honen bidez, hauetarako deia egiten da: XXXIX. Hirigintza Ikastaroa, Bilbon egingo dena 2014-2015 ikasturtean, eta XL. Hirigintza Ikastaroa, Donostian egingo dena 2014-2015 ikasturtean (biak ala biak Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen mendeko Lurralde eta Hiri Ikasketarako Euskal Eskolak antolatuta). Aldi berean, ikastaro horietan matrikula egiteko 5 beka eskatzeko deialdia egiten da.

2. artikulua.– Oinarriak, XXXIX. (39.) Hirigintza Ikastaroarenak (Bilbao, 2014-2015) eta XL. (40) Hirigintza Ikastaroarenak (Donostia, 2014-2015), eta matrikula ordaintzeko iragarritako 5 bekenak.

Ikastaroak eta 5 matrikula-bekak arautuko dituzten oinarri bereziak finkatuko dira (I. Eranskina), zehazki, honako hauek arautuko dituztenak: XXXIX. (39.) Hirigintza Ikastaroa (Bilbao, 2014-2015) eta XL. (40.) Hirigintza Ikastaroa (Donostia, 2014-2015), eta ikastaro osoaren matrikula (2.674) ordaintzeko iragarritako 5 bekak: 3, XXXIX. Hirigintza Ikastarorako» (Bilbao, 2014-2015), eta 2, XL. Hirigintza Ikastarorako (Donostia, 2014-2015). Beka horien xedea da baliabide ekonomiko murritzak dituzten graduatuei parte hartzeko aukera bermatzea. Horretara bideratuko den zenbatekoa 8.022 eurokoa da XXXIX. Hirigintza Ikastarorako (Bilbao, 2014-2015), eta 5.348 eurokoa XL. Hirigintza Ikastarorako (Donostia, 2014-2015). Ikastaroaren matrikularen zenbatekoa berdintzea denez beka hauen xedea, 2.674 euro joko du beka bakoitzak.

3. artikulua.– Ikastaro osoa edo modulu independenteak deialdi bakarrean edo urteko deialdi batean baino gehiagotan egitea.

XXXIX. (39.) Hirigintza Ikastaroak (Bilbao, 2014-2015) eta XL. (40.) Hirigintza Ikastaroak (Donostia, 2014-2015) osagai hauek dituzte: sei ikasketa-modulu teoriko-praktiko egitea (400 ordu) –aprobetxamendu-egiaztagiria ematen da–, bakarkako ikerketa-lana edo «Hirigintzako Goi Ikastaroa» egitea eta aukerako praktikak erakunde edo enpresatan (300 ordu, gutxi gorabehera). Ikasleak betekizun guztiak gaindituz gero, IVAPek «Hirigintza Diploma» ematen du.

Eskatzaileek badute izena ematea 6 ikasketa-moduluak osorik –ikastaro oso gisa– egiteko deialdi honetan. Beste aukera bat ere badute: modulu batean edo batzuetan matrikulatzea deialdi honetan, eta ikastaroaren eskakizun guztiak betez joatea hurrengo deialdi edo urte akademikoetan.

4 artikulua.– Eskaerak aurkezteko epeak, matrikula-beketarako, ikastaro osorako eta moduluetarako.

Eskaerak aurkezteko epea irekita geratuko da ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu osteko lehen egunean, modalitate guztietarako: matrikula-bekak, ikastaro osoa eta/edo moduluak.

Eskaerak aurkezteko epeak bukatuko dira honako egunetan:

Matrikula-bekak eskatzeko epea 2014ko irailaren 10ean amaituko da.

Ikastaro osoa amaituko da 2014ko irailaren 19an.

I. modulua: 2014ko irailaren 25a.

II. modulua: 2014ko urriaren 24a.

III. modulua: 2015eko urtarrilaren 14a.

IV. modulua: 2015eko otsailaren 17a.

V. modulua: 2015eko apirilaren 10a.

VI. modulua: 2015eko maiatzaren 18a.

5. artikulua.– Hirigintzako XL. (40) Ikastaroan (Donostia-2014-2015) moduluak antolatzeko gutxieneko eskaera-kopurua.

Donostian egingo den Hirigintzako XL. (40) Ikastaroaren kasuan, modulu teoriko bakoitzean gutxienez 10 ikaslek parte hartu beharko dute, modulua egin dadin.

Moduluren baterako eskaera-kopurua nahikoa ez bada modulu hori Donostian egiteko, Hirigintzako XL. (40) Ikastaro osoko ikasleek nahiz moduluka matrikulatuta daudenek Bilbon egin dezakete modulu hori, egoki baderitzote.

Horretarako, lehenik eta behin, Lhiee-IVAPek, eskabideak aurkezteko epea bukatu eta hurrengo 4 egun naturalen barruan, posta elektronikoz eta telefonoz jakinaraziko die ikasleei modulua Donostian egin daitekeela edo ezin daitekeela egin, eta, azken kasu horretan, modulu horretarako matrikula Bilboko ikastarora aldatzeko aukera. Bigarrenik, ikasleek konfirmatu egin beharko dute, eta Lhiee-IVAPi posta elektronikoz edo idatziz jakinarazi, dagokion modulua Bilbon egingo duten ala ez. Konfirmatu ere, dagokion modulua hasi baino 7 egun natural lehenago, gutxienez. Bestela, fakturatu egingo dira matrikulak, non eta ezinbesteko kasurik egiaztatzen ez den.

Ikastaro osoa aukeratu duten ikasleei dagokienez, Bilbora joan nahi ez badute, ikastaro osorako matrikularen ordainketa itzuliko zaie, hala badagokio, eta ordurako eginak dituzten eta egiteko dituzten modulu solteak, berriz, fakturatu egingo zaizkie.

6. artikulua.– Eskabideak eta aurkeztu beharreko agiriak.

Eskatzaileek –ikasturte osoaren, moduluen zein beken eskatzaileek– IV. eranskinean jasotako eskaera normalizatua bete beharko dute, eta deialdian zehaztutako dokumentuekin bat, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen zuzendari txit prestuari helarazi, erakunde horren mendeko Lurralde eta Hiri Ikasketarako Euskal Eskolaren egoitzara. Helbidea: Recalde zumarkalea, 18 - 1 / 48009 - Bilbao. Telefonoa: 94 403 16 00/04. Faxa: 94 403 16 01. www.ivap.euskadi.net. Helbide elektronikoa: evetu@ivap.es

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen (IVAP) mendean dagoen Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskolak (LHIEE) antolatu dituen ikastaroen deialdiaren testua eta eskabide-agiriak lortzeko interneteko helbidea: http://www.ivap.euskadi.net

Halaber, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak 38.4 artikuluan aipatutako edozein modutan aurkez daitezke eskabideak.

Eusko Jaurlaritzako langileek, sare korporatiboko kide badira, Jakina/IVAP/Prestakuntza ikastaroak automatrikulazioaren bidez egingo dute izen-ematea.

Toki- eta foru-administrazioetako langileek, berriz, Prestakuntzako koordinatzailearen bidez egin dezakete izen-ematea. Hark emango die onespena eskabideei eta hark igorriko du eskabide-zerrenda IVAPera, ohiko prozeduraren bidez. Prestakuntzako koordinatzailerik ez duten instituzio eta/edo erakunde publikoen kasuan, interesdunak berak helaraz dezake kasuan kasuko eskabidea, IV. eranskinaren arabera, eskabide-orria Lhiee-IVAPera bidaliz.

Era berean, profesionalek eta graduatu-ondokoek eskabidea egin dezakete, Lhiee-IVAPera igorriz.

Bajarik gertatuz gero, interesdunak edo hezkuntza-koordinatzaileek baja hori jakinarazi eta egiaztatu behar diote Lhieeri, dagokion modulua hasi baino 7 egun natural lehenago, gutxienez, non eta ezinbesteko kasurik egiaztatzen ez den. Bestela, fakturatu egingo dira matrikulak.

Matrikularen kobrantzan, abuztuaren 31ko 212/1998 Dekretuan ezarritakoa bete beharko da (haren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Dirubilketa Erregelamendua onartzen da).

7. artikulua.– Modulu guztiak osorik egiteko epeak, «Hirigintza Diploma» eskuratzeko modulu teoriko-praktikoren bat, ikerketa-lanen bat edo hirigintzari buruzko goi-mailako ikastaroren bat egitea falta duten ikasleentzat.

1992az geroztik, ikastaroa «Hirigintza-zuzenbideari buruzko ikastaroa» deitzen zenetik, 2005-2006ko deialdira bitartean (Hirigintzako XXI. eta XXII. Ikastaroa), biak barne, egindako edozein ediziotan matrikulatutako lehengo ikasleek 2011-2012ko edizioa (Hirigintzako XXXIII. eta XXXIV. Ikastaroa) baino ez dute izan geratzen zitzaizkien modulu teoriko praktikoak gainditzeko, bakarkako ikerketa-lana aurkezteko edo Hirigintzako Goi Mailako Ikastaroa eginez Hirigintzako Diploma lortzeko.

2011-2012ko deialdia amaitzean eskakizun guztiak bete ez badira, deialdi honetan ikasle sartu berritzat hartuko dira, eta modulu guztiak berriz egin beharko dituzte, deialdiko eskakizunak betetzeaz gain.

8. artikulua.– Ikasle ohien eguneraketa.

Azken urteotan araudietan izan diren aldaketa handiak direla eta –EAEan zein Estatuan–, 2005-2006 ikasturtea baino lehen ikastaroa edo moduluren bat egin eta Hirigintza Diploma duten ikasle ohiek aukera izango dute ezagutzak eguneratzeko, ikasle berriak izango balira bezala, moduluak eginez.

9. artikulua.– Datu pertsonalen tratamendua.

Deialdi honetako parte-hartzaileen datu pertsonalak «Euskal Arduralaritzaren Euskal Erakundeak antolatutako prestakuntza- eta hobekuntza-ikastaroak» izeneko fitxategian sartuko dira, behar den moduan tratatzeko eta, hartara, kudeatu ahal izateko. Fitxategi horrek datu pertsonalak babesteari buruzko legeriak xedatzen duena bete beharko du. Datuen kontra agertzeko, eta datuak eskuratzeko, zuzentzeko edo ezabatzeko eskubidea baliatu nahi duten pertsonek IVAPen Koordinazio eta Kudeaketako Idazkaritzara jo dezakete.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariaren ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoaren arabera. Horretarako, hilabeteko epea izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita. Errekurtsoa ebazpen hau eman duen organoari jar dakioke edota, bestela, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari. Errekurtsoari buruz, berariaz, ebazpenik ematen ez bada, ukatutzat joko da.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera sortuko ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko ekainaren 9a.

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendaria,

MARÍA TERESA IRURETAGOYENA IBARGUREN.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala