Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

115. zk., 2014ko ekainaren 19a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
2711

AGINDUA, 2014ko ekainaren 18koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko toki-erakundeetan Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia / Euskara Sustatzeko Ekintza Plana (EBPN/ESEP) garatzeko diru-laguntzak emateko araubidea ezarri eta deialdia egiteko dena.

Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuak Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu, eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatu zituen. Dekretu horren 10. artikuluak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari, besteak beste, honako hauen inguruko egitekoak izendatu zizkion: hizkuntza politika eta euskararen sustapena.

Bestalde, 193/2013 Dekretuak, apirilaren 9koak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituenak, honako zeregin hau ezarri zion Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzari (aurrerantzean HPS) 21.1.h) artikuluan (EHAA, apirilaren 24koa, 78. zk.): azaroaren 24ko 10/1982 Legea, Euskararen erabilera arautzekoa, eta gainerako xedapen osagarriak egoki garatzen eta aplikatzen direla zaintzea, hargatik eragotzi gabe administrazioko beste organo batzuek horretarako berariaz izendatuta dituzten funtzioak.

Halaber, HPSk bere egiten ditu Euskararen Aholku Batzordearen «Euskara 21, Itun Berritu Baterantz» izenburudun liburuan jasotako XXI. mende hasierako hizkuntza politikaren lehentasunezko ildoak.

Jarriak dauzkan zereginak betetze aldera, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak deialdi hau egin du, Euskal Autonomia Erkidegoko toki-erakundeetan Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia / Euskara Sustatzeko Ekintza Plana (aurrerantzean EBPN/ESEP) diseinatu eta garatzeko diru-laguntzak emateko.

Eusko Jaurlaritzak, 2012ko uztailaren 24an egindako Kontseiluan, Euskara Sustatzeko Ekintza Plana onartu zuen. Plan hori HPSk Euskararen Aholku Batzordearekin elkarlanean burutu zuen. 2013ko irailaren 11n, berriz, Eusko Legebiltzarrak berretsi zuen Euskara Sustatzeko Ekintza Plana.

ESEPen helburu nagusia hauxe da: «Euskararen erabilera indartzea». Hori horrela, toki-erakundeek barruko jardunari begira egiteko nagusia dute: herri administrazioetan Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plana onartzea eta garatzea. Kanpoko jardunari begira, berriz, hiru eginbehar nagusi dituzte: euskararen jabekuntza, euskararen erabilera eta euskararen elikadura.

Hori guztia kontuan izanik, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

1.– Agindu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko toki-erakundeetan EBPN/ESEP garatzeko diru-laguntzak emateko modua arautzea eta 2014rako deia egitea.

2.– Agindu honen bidez ezarritako diru-laguntzetarako kopurua 1.385.500 eurokoa da.

Kopuru hori honela banatuko da:

A multzoa: 27.710 euro.

B multzoa: 1.039.125 euro.

C multzoa: 318.665 euro.

2. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Agindu honek araututako diru-laguntzen onuradunak izan daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko toki-erakundeak eta, euren xedeen artean hizkuntza normalizazioa izanez gero, toki-erakundeen mendeko edo haiei lotutako zuzenbide publikoko erakundeak; era berean, onuradun izan daitezke xede horrekin lankidetza hitzarmen bidez elkartutako toki-erakundeak.

Laguntza deialdi honetatik kanpo geratzen dira euskara zerbitzua Lurralde Historiko batean baino gehiagotan eskaintzen duten toki-erakundeak.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrak edo erakunde autonomiadunek ezaugarri bereko beste laguntza edo diru-laguntzaren batzuk eman izana dela-eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitu behar da onuradunei diru-laguntzak eman eta, hala bada, ordaindu ahal izateko.

3.– Laguntza deialdi honetara ezin izango dira aurkeztu honako pertsona juridikoak: zigor eta administrazioaren arloan diru-laguntza publikoak jasotzeko debekua dutenak, ezta laguntzak jasotzeko ezgaitzen duten legezko debekuetan sartuta daudenak ere. Era berean, ezin izango da aurkeztu sexu arrazoiengatik bereizkeria egitearren zigortua dena, otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, Emakume eta Gizonen Berdintasunari buruzkoak, xedatutakoaren arabera.

4.– Eskatzailea udalaz gaindiko toki-erakundea izanez gero, eskaerak zehaztu behar du zein udalek parte hartzen duten jardueretan.

5.– Euskal Autonomia Erkidegoko herri administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesuari buruzko apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuari jarraituz, eskatzaileak ezinbestekoa izango du lanpostu zerrendan hizkuntza eskakizunak eta derrigortasun datak ezarrita izatea, betiere V. plangintzaldiari dagokion indizea betez. Era berean, erakunde bakoitzak Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plana onartu eta gauzatu beharko du.

6.– Eskatzailea toki-erakunde baten mendeko edo toki-erakunde bati lotutako zuzenbide publikoko erakundea izanez gero, artikulu honen 3. eta 5. idatz-zatietan adierazitako betekizunak toki-erakunde bakoitzak ere betetzen dituela frogatu behar du.

3. artikulua.– Diru-laguntzen organo kudeatzailea.

Honako deialdi honen kudeaketa Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko Zuzendaritzari dagokio.

4. artikulua.– Izapidetzea.

1.– Interesdunek prozeduraren izapideak eskatzeko, kontsultatzeko eta egiteko honako bi bide hauetakoren bat aukeratu ahal izango dute:

– Bide elektronikoa.

– Bide presentziala.

2.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta bestelako ereduen gaineko zehaztapenak nola izapidetu izapidetze presentzialaren zein telematikoaren bidez, euskadi.net-eko egoitza elektroniko honetan daude eskuragarri:

https://www.euskadi.net/diru_laguntza/-/2014/ebpn-esep/eu/

3.– Diru-laguntzaren eskabidea eta dokumentazioa aurkezterakoan bide bat erabiltzeak, izapidetze presentzialak edo telematikoak, ez du prozeduraren hurrengo pausoetan bide bera erabiltzera behartzen, eta edozein unetan alda daiteke batetik bestera.

5. artikulua.– Eskabideak aurkeztea, epeak, denbora-tarteak eta dokumentazioa.

1.– Laguntza deialdi honek 2014an burutuko diren jarduerak baino ez ditu kontuan hartuko. Hori dela eta, haiek gauzatzearen ondorioz eskaini, eman edota gizarteratu beharreko zerbitzuak eta produktuak 2014ko abenduaren 31 baino lehen eskaini, eman edota gizarteratuko dira.

2.– Izapidetze presentziala aukeratuz gero, eskabideak honako leku hauetan aurkez daitezke:

– Eusko Jaurlaritza, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza, Donostia kalea, 1; 01010 Vitoria-Gasteiz.

– Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Lurralde Ordezkaritza, Gran Vía 85; 48011 Bilbao.

– Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritza, Andia kalea, 13; 20008 Donostia.

– Apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzkoak finkatutako edozein tokitan (EHAA, 2008ko maiatzaren 30ekoa, 102. zk.).

– Herritarren Arretarako Bulegoetan edo azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoak, 38.4 artikuluan ezarritako tokietakoren batean. Eskabidea egiterakoan, horretarako dagoen eskabide normalizatua erabiliko da. Eskabidea egiteko eredu hori Agindu honen 4.2 artikuluan adierazitako gune elektronikoan izango da.

3.– Postaz egin nahi izanez gero, honako helbide honetara bidali beharko dira eskabide-orria eta agiriak: Eusko Jaurlaritza, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza, Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko Zuzendaritza, Donostia kalea, 1; 01010 Vitoria-Gasteiz. Bide horri ekitekotan, eskabide-orria gutun-azal irekian aurkeztu beharko da posta-bulegoan, posta-langileak, ziurtapena egin baino lehen, data eta zigilua jar ditzan eskabide-orrian bertan.

4.– Era berean, eskabideak aurkezterakoan bide elektronikoak erabil daitezke, Agindu honen 4. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

Eskaera elektronikoaren ondorengo izapideak honako gunearen bitartez egingo dira:

https://www.euskadi.net/nirekudeaketak

5.– Eskabideak aurkezteko epea hamabost (15) egun naturalekoa izango da, Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik zenbatzen hasita.

6.– Erakunde eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkez ditzakete laguntza eskaerak eta haiei lotutako dokumentazioa. Halaber, laguntza eskaeraren ondoriozko jardunetan, eta prozedura osoan, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeko 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarri den bezala.

7.– Eskabidea honako dokumentuokin batera aurkeztu beharko da:

Eskatzaile guztiek aurkeztu beharrekoa:

a) Jarduera fitxa. Aurkezten den jarduera bakoitzeko fitxa bat bete beharko da (ikus «Jarduera fitxa» izeneko eranskina), informazioa ondorengo eremuetan sailkatuta emanez: jardueraren izena, arduraduna, kolaboratzaileak, deskribapena, eraginpeko giza taldea, aurreikusitako gastuak eta sarrerak.

Kasuan-kasuan aurkeztu beharrekoa:

b) EBPN/ESEP garatzeko jarduerak aurkezten dituzten erakundeek 2013ko euskara sustatzeko aurrekontu likidatua ere aurkeztu beharko dute, «2013. urteko euskara sustatzeko aurrekontu likidatua» izeneko eranskina betez. Eranskin hori soilik bete eta bidali beharko dute 2013ko EBPN/ESEP deialdian parte hartu ez zutenek.

c) Jardueretan parte hartzen duten udalerrien zerrenda. Soilik mankomunitate edo kuadrillen kasuan (ikus «Udalerriak» izeneko eranskina).

6. artikulua.– Erakunde eskatzaileak dituen betebeharren egiaztapena.

1.– Erakunde eskatzaileak espresuki baimendu dezake emandako datu edo dokumentuak organo kudeatzaileak lor edo egiazta ditzan, Herri Administrazioari dagokion egiaztapen, kontrol eta ikuskaritza ahalmenari kalterik egin gabe.

2.– Euskadiko Ogasun Nagusia Antolatzeko Arauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.6 artikuluan ezarritakoa aplikatuz, erantzukizunpeko adierazpen bidez, ondorengo inguruabarrak egiaztatuko dira eskaera normalizatuan:

– Eskatzaileak beste herri administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatu batzuetatik diru-laguntza, laguntza, sarrera edo beste baliabide batzuk jaso dituen ala ez.

– Eskatzaileak ez duela administrazio-zehapen edo zehapen penalik, diru-laguntzak edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dionik, ez eta laguntzak jasotzeko gaitasuna kentzen dion lege-debekurik ere.

3.– Euskadiko Ogasun Nagusia Antolatzeko Arauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 51.1 bis artikuluan ezarritakoa aplikatuz, eskabide normalizatuan ondorengo inguruabarrak egiaztatuko dira:

– Eskatzailea prest dagoela HPSko balorazio batzordeari behar duen informazioa emateko, dokumentazioaren inguruan sortutako zalantzak argitze aldera.

– Eskatzaileak 2014. urtean zehar ESEP plan estrategikoa onartu eta HPSra bidaliko duela, baldin eta EBPN plan estrategikoa indarrean ez badu.

– Eskatzaileak aurrekontua betetzerakoan lanpostu zerrendako pertsonalaren gastuari dagokion zenbatekoa kendu egin duela.

– Eskatzaileak 2014. urtean zehar Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plana onartu eta HPSra bidaliko duela, baldin eta egin ez badu.

– Eskatzaileak, apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuari jarraituz, lanpostu zerrendan hizkuntza eskakizunak eta derrigortasun datak ezarri dituela, betiere derrigorrezko indizea eta Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plana betez.

– Eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla, eta, laguntza hauen onuradun izateko, indarrean den araudian ezarritako betekizunak betetzen direla.

4.– Erregistratuta egon ezean, edo Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Finantza Saileko Hirugarrenen Erregistroan dauden banku-datuak aldatu nahi izanez gero, hirugarrenen erregistro telematikora sartu eta berari dagozkion eragiketak egin behar ditu.

7. artikulua.– Aurkeztutako eskabidean eginiko akatsen zuzenketa.

Ikusten bada eskabidea onartzeko eskatzen diren dokumentuetako bat falta dela edo forma akatsak daudela, edo balorazioa egiteko aurkeztu diren dokumentuetan akatsak daudela, hamar (10) egun balioduneko epea emango zaio interesdunari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko. Era berean, ohartarazi egingo zaio ezen, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, aurrez jakinaraziko zaion ebazpen baten bidez, edo dagokion izapidea egiteko eskubidea galduko duela.

8. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduerak.

1.– Honako hauek dira diruz lagun daitezkeen jarduerak:

1.1.– A multzoa: plan estrategikoaren diseinua (ESEP) lehenengoz egitea, inoiz EBPN plan estrategikorik onartu ez dutenen kasuan.

1.2.– B multzoa: aisiako eta kiroletako begirale eta entrenatzaileei hizkuntzak erabiltzeko estrategiak irakasteko jarduerak egitea, bai eta horiekin lotutako prestakuntza materialak ere.

Urte osoan zehar, aisia eta kirol jardunean euskararen erabilera areagotu eta sendotzea helburu duten jarduerak.

Euskararen familia bidezko transmisioa sendotzea helburu dutenak.

Irakaskuntzaren markoan, eskola orduz kanpo garatzen direnak.

1.3.– C multzoa: mintzapraktika lantzea helburu duten jarduerak (Mintzalaguna eta gisakoak).

Euskara eta haren mundua etorkinengana hurbiltzea helburu dutenak.

2.– Nolanahi ere, honako jarduera hauek ez dute laguntza mota honetan sarbiderik izango eta, ondorioz, kanpoan utziko dira:

2.1.– Eusko Jaurlaritzaren gainerako deialdietan eskatzaile berak helburu bererako aurkeztutako jarduerak.

2.2.– Hiztunen artean euskararen erabilera areagotzeko helburuarekin zuzeneko loturarik ez duten jarduerak.

3.– Lanpostu zerrendako pertsonalari dagozkion gastuak diru-laguntzatik kanpo utziko dira.

9. artikulua.– Diru-laguntzak esleitzeko prozedura.

1.– Laguntza proposamena lantzeko berariaz eratutako balorazio batzordeak, eskabideei buruzko ebazpen proposamena landu eta diruzko zenbatekoak finkatze aldera, honako prozedura hau beteko du:

1.1.– Aurrekontuari eta diru eskabideari dagokienez:

a) Eskabidean aurkeztutako aurrekontua eta egindako diru eskabidea hartuko ditu abiapuntutzat.

b) 8. artikuluan finkatutakoaren haritik, laguntza deialdi honekin bat ez datozen gastuak alde batera utziko ditu.

c) Aurreko eragiketaren ondorioz, diru-laguntza kalkulatzeko garaian aurrekontu araztua hartuko da oinarri.

d) Aurrekontua arazten den bakoitzean, erakunde eskatzaileak egindako diru eskabidea egokituko da, betiere, aurrekontua egokitu den maila berean.

1.2.– Puntuei dagokienez:

a) Esleipen prozedurari ekin aurretik, balorazio fasera igarotako jarduerak baloratuko dira, Agindu honen 10. artikuluan finkatutako irizpideen arabera.

b) Puntu horiek zehaztuko dute araztutako aurrekontuaren estalpen indizea. Estalpen indize hori balorazio batzordeak zehaztuko du, betiere puntu-tarteak finkatu eta gero.

c) Plan estrategikoaren diseinua (ESEP) lehen aldiz egiteko aurkezten diren toki-erakundeen kasuan (A multzoa) % 40ko estalpen indizea ezarriko da.

2.– Toki-erakunde bakoitzari esleitu beharreko laguntzaren kopurua zehazteko garaian, 11. artikuluan finkatutako mugak gordeko dira.

3.– Deialdi hau lehiaketa bidez ebatziko da, A multzorako eskaerak izan ezik. Diru-laguntzak esleitzerakoan, elkarren artean erkatuko dira Agindu honetako 10. artikuluan diru-laguntzak esleitzeko ezarritako irizpideen arabera eskabideen arteko hurrenkera finkatzeko aurkeztutako eskabideak, eta esleipenak egingo dira balorazioan 25 puntutik gora lortu dutenen artean.

4.– Balorazio batzordeak, multzo bakoitzean dauden diru-baliabideak kontuan izanik, multzo jakin batean soberakina izan eta besteren batean diru-falta badago, diru-soberakinen birbanaketa egitea proposatuko du eta horrela jasoko da Hizkuntza Politikarako sailburuordeari egingo dion proposamenean, azken honek erabaki egokia har dezan. Birbanaketa egiterakoan, multzoen beharrak izango dira gogoan. Horretarako, multzo bakoitzean eskatutakoaren eta esleitutakoaren arteko aldeak hartuko dira aintzakotzat, horiek estaltzeko beharrezkoak diren formulak erabiliz. Multzoen arteko hurrenkera honi jarraituko zaio: A, B eta C.

10. artikulua.– Diru-laguntza esleitzeko irizpideak.

Diru-laguntzei buruzko zenbatekoa esleitu, finkatu eta ebazpen proposamena egiteko, balorazio batzordeak irizpide hauek erabiliko ditu:

1.– Soilik plan estrategikoaren diseinua lehenengoz egiteko eskatzen duten toki-erakundeen kasuan (A multzoa), aurkeztutako egitasmo guztiek gehieneko puntuazioa (100 puntu) izango dute.

2.– EBPN/ESEP sustatzeko jarduerak garatzeko eskatzen duten toki-erakundeen kasuan (B eta C multzoak), puntuazioa honela banatuko da:

a) Euskara sustatzeko aurrekontu araztua biztanleko (40 puntu).

Datua kalkulatzeko 2013ko euskara sustatzeko aurrekontu likidatua erabiliko da.

b) Toki-erakundeek tokian tokiko askotariko elkarteekin edota erakundeekin (eskolekin, kultur elkarteekin, guraso elkarteekin, kirol elkarteekin, aisiako elkarteekin...) batera sustatutako jarduerak izatea (30 puntu).

c) Haur, gazte eta nerabeei zuzendutako jarduerak (30 puntu).

Horrezaz gain, beste bi irizpide hauek aplikatuko dira toki-erakundeen ezaugarri berezien arabera:

d) Eskaria egiten duten dentsitate gutxiko mankomunitateei edo kuadrillei (km2-ko 120 biztanle baino gutxiago dituztenei) 5.000 euroko diru-laguntza gehigarria emango zaie, betiere gainfinantzaketa ez badago. Kopuru hori a), b) eta c) ataletan zehaztutako irizpideen arabera emandakoari gehituko zaio.

e) EBPN/ESEP garatzeko asmoz deialdira aurkezten diren toki-erakunde guztiek (B eta C multzoak) gutxienik 1.000 euroko diru-laguntza izango dute, baldin toki-erakundeari onartutako aurrekontu guztien batura 2.500 eurotik gorakoa bada eta aurrekontu horiei dagozkien jarduerek 25 puntutik gora lortu badute balorazioan. Kontuan hartu beharko da, dena den, 15. artikuluko 2. puntuan adierazten dena. Baldintza horiek bete ezean, diru-laguntza eskabidea bazterrean geratuko da.

3.– Biztanleen kopuruaren gaineko datuak eta azaleraren hedaduraren gaineko datuak Eustatek modu ofizialean argitara emandako erroldako datuetatik eskuratuko dira, zehatz-mehatz, honako txosten hauetatik, hurrenez hurren: «Euskal AEko biztanleria, lurralde-eremuen eta jaiolekuaren arabera. 2011-01-01» eta «Euskal AEko azaleraren hedadura eta altitudea, lurralde-eremuaren arabera. 2011».

11. artikulua.– Diru-laguntzaren zenbatekoa eta bateragarritasuna.

1.– Diru-laguntzaren zenbatekoa: Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko HPSk ez du inoiz ere toki-erakundeak berak jarduera aurrera eramateko erabilitako diru-kopurua baino kopuru handiagoa emango, 10.2 artikuluko d) atalean aipatzen diren toki-erakundeen kasuan izan ezik.

2.– Toki-erakunde onuradunari gehienez ere aurkeztutako aurrekontuaren % 40ko diru-laguntza emango zaio. Horrezaz gain, toki-erakunde bakoitzari agindutako guztirako diru-kopuruak ezingo du 60 000 euroko muga gainditu.

3.– Gehienezko muga horren azpian tarteko gehienezko mugak ezarriko dira, kasuan kasuko biztanleria kontuan izanda. Muga horiek hauek izango dira: <5.000 biztanle (10.000 euro); <10.000 biztanle (17.500 euro); <20.000 biztanle (25.000 euro); <30.000 biztanle (32.500 euro); <40.000 biztanle (40.000 euro); <50.000 (47.500) eta =50.000 biztanle (60.000 euro).

4.– Beste diru-laguntza batzuekiko bateragarritasuna: deialdi honetan ezarritako diru-laguntzak beste edozein erakunde publiko zein pribatuk xede berbererako eman ditzaketenekin bateragarriak dira, betiere gainfinantzaketarik eragiten ez badute. Gainfinantzaketa badago, diru-laguntzatik onuradunari dagokion kopurua kendu egingo zaio lagundutako jardueraren kostu araztu osoari egokitu arte.

12. artikulua.– Balorazio batzordea.

1.– Eskabideak aztertu eta baloratzeko ondorengo mahaikideez osatutako balorazio batzordea eratuko da:

a) Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko zuzendaria, Ángel Lobera Revilla, balorazio batzordearen buru izango dena.

b) Ana Esther Furundarena Olabarriaga, balorazio batzordearen buruordea izango dena.

c) Euskal Udalen Elkartearen (Eudel) ordezkaria, Andoni Busquet Elorrieta. Beraren ordezkoa: Mónica Martínez Mosquera.

d) Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko Zuzendaritzako hizkuntza plangintzaren arduraduna, M.ª Jose Arrieta Sagarna. Beraren ordezkoa: Xabier Larrañaga Padilla.

e) Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko Zuzendaritzako teknikaria, Jose Luis Ugarte Garrido. Beraren ordezkoa: Arantza Maiztegi Fernandez. Idazkari lanetan arituko da, iritzia emateko ahalmenarekin, baina bozkatzeko eskubiderik gabe.

2.– Balorazio batzordeak, diru-laguntzak esleitzeko irizpideetan oinarrituz, Hizkuntza Politikarako sailburuordeari ebazpen proposamena aurkeztuko dio.

3.– Balorazio batzordearen osaeran errespetatu egingo da Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 28. eta 29. artikuluetan parte ez hartzeari eta errefusatzeari buruz ezarritakoa.

4.– Balorazio batzordea osatzeko orduan, otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, Emakume eta Gizonen Berdintasunari buruzkoak, 3.7 artikuluan dioena beteko da.

13. artikulua.– Ebazpena.

1.– Balorazio batzordearen proposamena ikusita, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak ebazpena emango du Agindu honek arautzen dituen diru-laguntzak esleitzeko. Ebazpen hori interesdunei jakinaraziko die, Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik 6 hilabeteko epean.

2.– Aurrekoari kalterik egin gabe, erakunde onuradunak eta diruz lagundutako jarduerak zeintzuk izan diren Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira, herritar orok jakin dezan.

3.– Epea amaitu eta interesdunak inolako jakinarazpenik jaso ez badu, eskabidea gaitzetsitzat joko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44.1 artikuluan ezarritako ondorioetarako.

4.– Laguntza-eskatzaileren bat hartutako ebazpenarekin ados ez badago eta gora jo nahi badu, aukera izango du ebazpena berariaz jakinarazi eta hurrengo egunetik hilabeteko epean Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari gorako errekurtsoa aurkezteko.

14. artikulua.– Diru-laguntzaren onarpena.

Ebazpena jakinarazten den egunean hasi eta ondorengo hamar (10) egun baliodunetako epean diru-laguntzaren eskatzaileak berariaz eta idatziz uko egin ezean, diru-laguntza onartutzat hartuko da.

15. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

Deialdi honetan arautzen diren diru-laguntzen erakunde onuradunak betebehar hauek ditu:

1.– Onuradunak bestelako erakunde publiko zein pribatuei eskatutako diru-laguntzen egoeran edota zenbatekoan gertatutako edozein aldaketaren berri eman behar dio Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko Zuzendaritzari.

2.– Toki-erakunde onuradunek proiektuen edo jardueren aurrekontuan % 40ko ekarpena egin behar dute gutxienez, 10.2 artikuluko e) atalean aipatzen diren toki-erakundeen kasuan izan ezik.

3.– Kontrol Ekonomikorako Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak laguntzen xedearen fiskalizazio funtzioak betetze aldera eskatutako informazio guztia eman behar dute.

4.– Diru-laguntza erabili behar dute eskabide orrian zehaztutako helburu zehatzetarako.

5.– Eskabide orrian aurkeztutako jarduera bere osotasunean gauzatu behar dute.

6.– Indarrean dauden lege eskakizunak bete behar dituzte jabego intelektualari, egile-eskubideei, lege-gordailuari, banaketari eta abarri dagokienez.

7.– Laguntzagai diren jarduerek errespetatu behar dituzte giza eskubideak eta pertsonen arteko bizikidetasun balioak. Ondorioz, jarduera horiek ezin izango dute herritarrei iraingarri gerta dakiekeen ikur edo elementurik jaso, ezta beraien duintasunari kalte egiten dieten edo indarkeriaren justifikazioa iradokitzen duten ikur edo elementuetarik bat ere.

8.– Adierazpen- eta informazio-askatasunari begirunea erakustea. Horretarako, nork bere deontologiako arauak beteko ditu, eta, aldi berean, politika-aniztasuna, eta politika-, gizarte- eta kultura-taldeei zor zaien aukera berdintasuna bermatuko duen informazio egiazkoa eta objektiboa sustatuko du.

9.– Emakume eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legean xedatutakoari jarraituz, hizkera sexistarik ez erabiltzea, eta, gizonen eta emakumeen rolei dagokienez, erabilera estereotipaturik ez egitea.

10.– Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren mendeko HPSk emandako babesaren berri adieraztea, betiere 16. artikuluan esandakoaren arabera.

11.– Eskatzaileak 2014. urtean zehar ESEP plan estrategikoa onartu eta HPSra bidaliko du, baldin eta EBPN plan estrategikoa indarrean ez badu.

16. artikulua.– Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren aipamena.

Toki-erakunde onuradunek agerpen publikoetan erabiltzeko diren iragarki txarteletan, argazkietan eta gainerako material idatzietan, ikus-entzunezkoetan edo elektronikoetan adierazi behar dute Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eskainitako babesa. Horretarako, Eusko Jaurlaritzaren logotipo normalizatua erabili behar dute.

17. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Betebeharrak bete gabetzat joko dira honako kasu hauetan:

a) Jasotako diru-laguntza, osorik zein zatika, Agindu honetan zehaztutakoez beste jardueretarako erabiltzea.

b) Honako Agindu honen 15. artikuluan zehaztutako betebeharrak ez betetzea.

c) Hala badagokio, likidazio ebazpenak zehaztutako kopurua ez itzultzea horretarako emandako epean.

d) Beste xedapen batean, orokorrean, nahitaezkotzat jotzen diren gainerako egitekoak ez betetzea.

2.– Lehen ezarritako ez-betetzeak gertatzen badira, edo Euskadiko Ogasun Nagusia Antolatzeko Arauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.2 artikuluan ezarritako betebeharrak betetzen ez badira, edo Agindu honetan ezarritakoak betetzen ez badira, diru-laguntzaren onuradunak itzuli beharko du berari eman eta berak hartutako diru-laguntza, bai eta aplikatu behar diren lege korrituak ere. Balizko horietan jokatuko da abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren arabera; izan ere, dekretu horrek araupetzen du Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzudan ematen diren diru-laguntzen berme eta itzulketen araubide orokorra, eta haien kudeaketan esku hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizunak, araubidea eta betebeharrak ezartzen ditu.

18. artikulua.– Diru-laguntzaren ordainketa.

Ordainketa bi zatitan egingo da:

a) Lehenengo ordainketan diru-laguntza osoaren ehuneko berrogeita hamarra (% 50) ordainduko da, ebazpena jakinarazi eta hamar (10) egun balioduneko epea amaitzen denetik bi (2) hilabeteko epean. Dena den, hamar (10) egun balioduneko epe hori heldu baino lehen HPSren onarpen-agiria jasotzen bada, ordainketa bideratzen hasiko da.

b) Bigarren ordainketan, hala badagokio, gainerako ehuneko berrogeita hamarra (% 50) ordainduko da, diru-laguntza justifikatzeko agiri guztiak jaso eta ontzat hartu ondoren, hilabeteko epean.

Bigarren ordainketa 2015eko aurrekontuen pentzudan egingo da.

19. artikulua.– Diru-laguntzaren justifikazioa.

2015eko martxoaren 1a baino lehen aurkeztu beharreko dokumentazioa:

1.– Plan estrategikoaren diseinua lehenengoz egin duten erakundeen kasuetan (A multzoa).

1.1.– Plan estrategikoaren diseinua eta urtean urteko kudeaketa plana Hizkuntza Normalizatzeko Zuzendaritzara bidali beharko dira, udalbatzaren onarpenari atxikita.

1.2.– Plan estrategikoaren diseinua lehen aldiz egiteko aurrekontu burutua, erakunde onuraduneko idazkariak edo idazkari kontu-hartzaileak egiaztatua (ikus «Justifikazio fitxa» izeneko eranskina).

2.– EBPN/ESEP garatzeko jarduerak egin dituzten erakundeen kasuetan (B eta C multzoak).

2.1.– Ziurtatze-ahalmena duen organoaren ziurtagiria: entitate onuradunetako idazkariak edo idazkari kontu-hartzaileak adieraziko du jarduera bakoitzari esleitutako diru-laguntzen objektua eta xedea bete direla, eta horretarako erabilitako diru-kopurua ere zehaztuko du.

Era berean, xede berbererako jasotako bestelako diru-laguntzak adierazi behar dira, baldin eta aurretik adierazi ez badira, eskatzaileak eskabidea aurkezterakoan haren eragina ezagutzen ez zuelako (ikus «Justifikazio fitxa» izeneko eranskina).

2.2.– Materiala sortzen denean (katalogoak, kartelak, agiri grafikoak, etab.), sortzen den materialaren ale bana bidali behar da, euskarri elektronikoan edo paperean. Horrez gain, «Justifikazioa-Materiala» izeneko eranskina bete behar da.

2.3.– Izapidetze presentziala aukeratuz gero, diru-laguntzaren justifikazioa Agindu honen 10. artikuluan aipatutako lekuetan aurkez daiteke.

2.4.– Era berean, justifikazioak aurkezterakoan bide elektronikoak erabil daitezke: https://www.euskadi.net/nirekudeaketak

20. artikulua.– Jarraipen batzordea.

Beraren zeregin nagusia izango da justifikaziorako aurkeztutako dokumentazio guztia aztertu eta ontzat hartzea, bai eta azterketa horren ondorioz bideratutako ordainketa osoa edota likidazio ebazpenaren inguruko proposamenak Hizkuntza Politikarako sailburuordeari egitea. Honako hauek osatuko dute Jarraipen batzordea:

– Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko zuzendariak, batzordearen buru.

– Herri administrazioetan hizkuntza plangintzaren arduradunak.

– Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko Zuzendaritzako teknikariak.

21. artikulua.– Ebazpenaren aldaketa eta likidazio ebazpena.

1.– Diru-laguntza emateko kontuan hartu diren inguruabarretako bat aldatzen bada, diru-laguntzaren helburua betetzat jotzen dela, diru-laguntza eman duen ebazpena ere aldatu ahal izango da. Hori dela eta, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak bidezko likidazio ebazpena emango du, eta, ebazpen horretan, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa berregokituko da.

2.– Honako Agindu honen pentzudan emandako diru-laguntzaren onuradunak eman eta eskuratutako zenbatekoa eta legez aplikagarriak izan daitezkeen interesak itzuli behar ditu, honako kasu hauetako bat gertatuz gero: diru-laguntza horretarako eskatu eta eman zeneko zertarakoetarako ez erabiltzea, diru-laguntzaren jatorri izan zen ekintzarako ez erabiltzea, horietarako eskatu zeneko helburu jakinetan erabili dela ez justifikatzea edo, oro har, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren (Euskadiko Ogasun Nagusia Antolatzeko Arauei buruzko Legearen Testu Bategina onartu zuenaren) 50.2 artikuluan ezartzen diren eginbeharrak ez betetzea. Aurreko hori abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan esandakoaren arabera egingo da, non EAEren Aurrekontu Orokorren pentzudan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen baitu, eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen baititu.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

1. artikuluan jaso den guztirako zenbatekoa aldatu ahal izango da, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailean beste programa batzuk bideratu ondoren aurrekontuak agortu gabe geratu badira. Adierazitako aldaketa gertatuz gero, haren berri Hizkuntza Politikarako sailburuordearen ebazpen baten eman beharko da, laguntzak ebatzi baino lehen.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak xedatutakoa betez, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko Zuzendaritzak jakinarazten dizu eman dituzun eta zure eskabidean agertzen diren datuak Eusko Jaurlaritzaren «Ayudas y Subven. Planes de Euskera» izeneko fitxategian sartu direla. Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko Zuzendaritza da fitxategi horren titularra, eta 2006ko uztailaren 27ko Aginduan sortzeko arauan araututa dago. Fitxategiak laguntza emateko espedienteak kudeatzea du helburu. Aldez aurretik, Datuak Babesteko Agentziari eman zaio horren berri, eta datuen segurtasun osoa bermatzeko behar diren segurtasun neurriak ezarrita ditu. Fitxategiaren datuak, bestalde, ez zaizkie beste pertsona batzuei jakinaraziko, legeak bideratutako kasuetan izan ezik.

Datu pertsonalen babesari buruz indarrean dauden arauei jarraiki, eskatzaileak badu sartzeko, zuzentzeko, ezerezteko eta aurka egiteko eskubideez baliatzea, Datu Pertsonalak Babesteari buruzko Lege Organikoak berariaz aitortzen duen bezala. Horretarako, baduzu Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren Araubide Juridikoaren eta Zerbitzuen Zuzendaritzara jotzea (Donostia kalea, 1; 01010, Vitoria-Gasteiz).

Herri Administrazioak erkatu ahal izango ditu adierazitako datuak, eta berariazko egiaztapenak egin ahal izango ditu laguntzak behar bezala esleitzeko.

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Toki-erakundeek bidalitako dokumentazioaren inguruan sor litezkeen zalantzak argitze aldera, HPSk informazio gehigarria eskatu ahal izango du.

Ebazteko eskumena daukan organoak uste badu ez daukala eskabide bat ebazteko behar duen informazio guztia, beharrezko informazio gehigarria eskatu ahal izango dio eskatzaileari.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Baldin eta toki-erakundeek EBPN onartuta badute eta haren indarraldia deialdi honen epearen barruan amaitzen bada, eskatzaileek ez dute ezinbestean plan estrategikoa berria (ESEP) onartu behar.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Administrazio bidea amaitzen duen Agindu honen aurka interesdunak aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita. Bestela, zuzen-zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute Euskadiko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazio Auzietarako Salan bi hilabeteko epean, honako Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honetako euskarazko eta gaztelaniazko testuen artean interpretazio auzia sortuko balitz, jatorrizkoa euskaraz idatzitakoa dela kontuan izanik, hura hartuko litzateke aintzat.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean izango du eragina Agindu honek.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko ekainaren 18a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.


Azterketa dokumentala