Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

109. zk., 2014ko ekainaren 11, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
2554

AGINDUA, 2014ko ekainaren 11koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, unibertsitateaz besteko irakaskuntza-kooperatibentzako diru-laguntzen deialdia egiten duena.

Gaur egungo legerian, kooperatibak osatzen dituzten ikastetxeetan arreta berezia jartzen da, duten interes sozialarengatik; hala islatzen dute Hezkuntzarako eskubidea arautzen duen uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoak eta Hezkuntza-itunen araudia onartzen duen irailaren 8ko 293/1987 Dekretuak.

Ondorioz, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak arrazoizko ikusten du aurrekontu mugen barruan laguntzea Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz besteko mailetako ikasleentzako hezkuntza-jarduera osagarriak eta eskolaz kanpokoak abiarazten. Jarduera horiek ikasleen gurasoek antolatuko dituzte, irakaskuntza-kooperatibetan bilduta eta behar den erregistroan hala inskribatuta.

Aipatutako guztiaren arabera, laguntzak emateko deialdia egin behar da horretarako propio izendatutako aurrekontuaren kontura.

Horiek horrela, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren VI. Tituluan (Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoko diru-laguntzak arautzekoan) eta oro har aplika daitezkeen gainerako xedapenetan ezarritakoarekin bat etorriz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da unibertsitateaz besteko irakaskuntza-kooperatiben gastuei aurre egiteko laguntzetarako deia egitea. Gastu horiek izango dira 3. artikuluan adierazitako diruz lagundu daitezkeen jarduerak egitearen ondorioz sortutakoak, 2014. urtean zehar.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Agindu honen xederako, hogeita hamahiru mila (33.000) euroko kreditua izendatu da Euskal Autonomia Erkidegoko 2014ko aurrekontu orokorretan.

3. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.

Agindu honetan adierazten diren laguntzak gastu hauetarako emango dira:

a) Unibertsitateaz besteko irakaskuntza-kooperatibetako ikasleen gurasoen prestakuntza gastuetarako.

b) Unibertsitateaz besteko irakaskuntza-kooperatibetako ikasleei zuzendutako jardueren gastuetarako.

4. artikulua.– Erakunde eskatzaileek bete beharreko baldintzak.

1.– Aurreko artikuluan aipatutako laguntzak Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz besteko irakaskuntza-kooperatibek eskatu ahal izango dituzte, baldin eta Haur Hezkuntzako 2. zikloan, Lehen Hezkuntzan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, eta Lanbide Heziketako eta Batxilergoko prestakuntza-zikloetan ari badira, eta zuzenbidearekin bat etorriz eratu badira. Haien xedeek indarrean dauden arauetan ezarritakoa bete eta Euskadiko kooperatiben erregistroan sartuta egon beharko dute, irakaskuntzakotzat jota.

2.– Gainera, erakunde eskatzaileek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

I.– Zerga-betebeharren eta Gizarte Segurantzaren ordainketari dagokionez egunean egotea.

II.– Ez izatea diru-laguntzak edo laguntza publikoak jasotzeko debekurik zigor- eta administrazio arloan, eta ez izatea laguntzak jasotzeko legezko debekurik, batez ere sexu-bereizkeriaren ondoriozkorik, Emakume eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean xedatutakoarekin bat etorriz.

III.– Eska daitekeen beste edozer, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.2 paragrafoan aurreikusitakoarekin bat etorriz.

5. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Baliabide elektronikoak erabili ahal izango dituzte erakunde interesdunek eskaerak, kontsultak eta prozedura honetako izapide guztiak egiteko.

2.– Izapidetze elektronikoa arautzen du, batetik, 2012ko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak, Administrazio Elektronikoari buruzkoak, eta, bestetik, Informatika eta Teknologiako zuzendariak otsailaren 9an eman zuen Ebazpenak, zeinaren bidez, Platea E-Administrazioko Plataforma Teknologikoa onartu baitzen.

3.– Eskabide-orriak eta erantzukizunpeko adierazpenak modu elektronikoan zelan egin jakiteko eta ereduak eskuratzeko, jo Euskal Autonomia Erkidegoko helbide elektroniko honetara: https://www.euskadi.net/diru_laguntza/2014/ampa_koop/y22-izapide/eu

4.– Eskabidea egin osteko izapideak Euskal Autonomia Erkidegoko helbide elektroniko honetan egin ahal izango dira: https://www.euskadi.net/diru_laguntza/2014/ampa_koop/y22-izapide/eu

5.– Administrazioaren aurrean baliabide elektronikoen bidez jarduteko ordezkaritza-ahala beste pertsona bati emateko, alta emanda egon behar da EAEko Administrazio Publikoaren https://www. euskadi.net helbide elektronikoan dagoen Ordezkarien Erregistro Elektronikoan.

6. artikulua.– Baldintzak egiaztatzea.

1.– Ofizioz egiaztatuko da Irakaskuntza Kooperatiben Erregistroan inskribatuta eta alta emanda egotea.

2.– Ofizioz egiaztatuko da erakunde eskatzaileak beteta dituela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

3.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.6 artikulua betez, betebehar hauek egiaztatuko dira eskaeran, erantzukizunpeko adierazpen bidez:

I.– Eskabidea, eta, behar izanez gero, edozein administraziotatik edo erakunde publiko zein pribatutatik jasotako diru-laguntza, laguntza, sarrera edo bestelako baliabideak.

II.– Eskabideko eta harekin batera doan dokumentazioko datuak egiazkoak direla, eta betetzen dituela laguntza horiek jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzak.

III.– Ez izatea diru-laguntzak edo laguntza publikoak jasotzeko debekurik zigor- eta administrazio-arloan, eta ez izatea laguntzak jasotzeko legezko debekurik, batez ere sexu-bereizkeriaren ondoriozkorik, Emakume eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean xedatutakoarekin bat etorriz.

4.– Eskabideetan jasota egongo da laguntza eskatzen duen erakundeak beren beregi onartu ahal izango duela organo kudeatzaileak gainerako datu edo dokumentuak lortzea edo egiaztatzea, hala bide presentziala nola elektronikoa erabiltzen duenean, betiere, hargatik eragotzi gabe Administrazio Publikoak egiaztatzeko, kontrolatzeko eta ikuskatzeko dituen eskumenak.

5.– Betebeharrak ebazpena eman aurretik egiaztatuko dira, bai beharrezko egiaztagiriak erakutsiz, bai oniritzia emanez, organo kudeatzaileak zuzenean egin dezan egiaztapena.

7. artikulua.– Agiriak aurkeztea, eta epea.

1.– Erakunde eskatzaileek «Eskabidea» eta «Gastu-aurrekontua» izeneko inprimaki normalizatuak aurkeztu behar dituzte, behar bezala beteta. Ereduak eskuragarri daude Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren helbide honetan: https://www.euskadi.net/diru_laguntza/2014/ampa_koop/y22-izapide/eu

2.– Agiriak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

3.– Bitarteko elektronikoak erabiliz agiriak aurkezteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren helbide honetara jo behar da: https://www.euskadi.net/diru_laguntza/2014/ampa_koop/y22-izapide/eu

4.– Paperean eta dagokion Hezkuntza Lurralde Ordezkaritzako ordezkariari zuzenduko zaio. Eskaera hauek, Eusko Jaurlaritzan, edota Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako organoetan, behar bezala betetako eskabide normalizatuen bitartez aurkeztu ahal izango dira. Erakunde eskatzaileek eskaera posta-bulegoan aurkeztea erabakitzen badute, gutun-azal irekian egingo dute, eta horrela, posta-funtzionarioak, gutuna zertifikatu aurretik, zigilua jarri ahal izango dio eskabide-orriari.

5.– Erakunde eskatzaileek euskaraz edo gaztelaniaz aurkeztu ahal izango dituzte agiriak, bakoitzak nahi duen bezala. Era berean, erakunde eskatzaileak aukeratutako hizkuntza erabiliko da prozeduran, hala ezarrita baitago azaroaren 24ko 10/1982 Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan (10/1982 Legea, Euskararen Erabilera Normalizatzeko Oinarrizko Legea).

6.– Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz besteko irakaskuntza-kooperatiba bat ofizialki aitortutako bi ikastetxetan ari bada, bi eskabide-orri egingo ditu, ikastetxe bakoitzarengatik bat. Ikastetxe batean irakaskuntza-kooperatiba bat baino gehiago baldin badaude, irakaskuntza kooperatiba eskatzaile bakoitzak «Gastu-aurrekontua» inprimaki normalizatuan azaldu behar du dituen ikasleen portzentajea zein den.

8. artikulua.– Akatsak zuzentzea.

Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak dokumentazioan hutsik edo okerreko daturik atzematen badu, eskatzaileari jakinaraziko dio, eta hamar eguneko epea emango dio hutsok zuzentzeko. Hamar egunen buruan zuzendu ezean, eskatzaileak eskaerari uko egin diola ulertuko da, ebazpena –Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean aurreikusitako moduan– eman ondoren.

9. artikulua.– Datuak Babesteko Legea.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz, deialdi honen izapidean jasotako datu pertsonalak, parte-hartzaileek erabiltzea eta argitaratzea baimenduko dituztenak, fitxategi batean jasoko dira, hain zuzen ere «Ikasleen Elkarteetarako Diru-laguntza» deritzon fitxategi batean. Fitxategi horren helburua deialdi honetako diru-laguntzak kudeatzea izango da, bai eta deialdi honetara aurkezten diren pertsonei deialdiaren garapenari buruzko informazioa ematea ere. Fitxategi horren arduraduna Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritza da. Sarbide-, zuzenketa-, ezabatze- eta aurkatze-eskubideak baliatzeko, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzara jo beharko da, helbide honetara: Donostia kalea 1; 01010 Vitoria-Gasteiz. Era berean, deialdi honetan parte hartzen duten erakundeek baimena ematen diote Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari beste erakunde publiko batzuetan aurkeztutako dokumentuak egiazkoak direla frogatzeko.

10. artikulua.– Laguntzak kudeatzeko organoa.

Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusten diren laguntzak kudeatzeko lanak egitea.

11. artikulua.– Diru-laguntzak zenbatzeko prozedura.

1.– Laguntzen banakako zenbatekoa zehazteko, artikulu honetan ezarritako banaketa-sistema aplikatuko da. Zenbateko hori ez da inola ere izango kooperatiba horietako bakoitzak benetan izandako gastu guztien zenbatekoa baino handiagoa.

2.– Banaketa-sistema hau da:

a) Hasiera batean, 162na euro esleituko zaie onartutako eskaera guztiei.

b) Gero, kooperatiba horietako bakoitzari bi puntuazio hauen emaitza esleituko zaio:

I.– Ikastetxeak dituen ikasleen guztizko kopuruagatik dagokion puntuazioa. Ikasle bakoitzarengatik puntu bat emango da.

II.– Ikastetxeko bekadun kopurua bider hiru egin ondoren ateratzen den puntuazioa.

Kooperatiba bakoitzari esleitutako ikasle-kopurua: estatistika-dokumentazio ofizialean agertuko da, eskabidea aurkezteko epea bukatzen denean.

c) Deialdiaren zenbatekotik kenduko da hasierako laguntzen guztizkoa. Hori egin ondoren lortutako zenbatekoa izango da banatu beharreko soberakina.

Kooperatiba bakoitzak ateratako puntuazioa biderkatu egingo da faktore konstante batekin, eta faktore hori ateratzeko honako hau egingo da: banatzen den soberakinaren guztizko zenbatekoa zati kooperatiba guztiei emandako puntuen guztizko batura.

d) Ateratako zenbatekoari hasierako 162 euro gehituko zaizkio, kooperatiba bakoitzari emango zaion laguntza zehazteko.

12. artikulua.– Ebaluazio-batzordea.

Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak batzordea eratuko du, laguntzak esleitzeko proposamena presta dezan. Batzordeak kide hauek izango ditu:

a) Pedagogia Berriztatzeko Zerbitzuko burua. Batzordearen lehendakari gisa jardungo du.

b) Hezkuntzako hiru lurralde-ordezkaritzetako Pedagogia Berriztatzeko lurralde-burutzetako kide bana.

c) Berrikuntza Pedagogikoko Zerbitzuko ordezkari bat. Idazkaria izango da.

13. artikulua.– Ebazpena.

1.– Deialdi honetan aurreikusitako laguntzak emateko prozeduraren ebazpena Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak emango du, eta interesdunei jakinarazteko, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, lau hilabeteko epean, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, eta egindako eskabideei dagokienez, onuradun bakoitzari emandako zenbatekoa adieraziko da, eta, behar izanez gero, uko egiteko arrazoiak.

2.– Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal diote interesdunek Hezkuntzako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita.

3.– Artikulu honen lehenengo paragrafoan aipatutako epea igarota, ebazpena onuradunei jakinarazten ez bazaie, dagokion eskabidea ezetsi egin dela uler dezakete onuradunek, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritakoaren ondorioetarako.

14. artikulua.– Diru-laguntzen bateragarritasuna.

Deialdi honen bidez lortutako edozein laguntza bateragarria izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren bidez edo beste edozein herri-administrazioren edo erakunde pribaturen bidez lortutako beste edozein laguntzarekin, betiere jasotako laguntza guztien baturak diru-laguntza honen xede den gastuaren % 100 gainditzen ez badu. Gainditzen badu, egindako gastutik gora jasotzen den kopurua kenduko zaio deialdi honen arabera legokiokeen diru laguntzari.

15. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan araututako laguntzak jasotzen dituzten erakunde onuradunek honako betebehar hauek izango dituzte:

a) Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.2 artikuluan ezarritakoak (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartu zuen testu bategin hori):

I.– Jarduera aurrera eramatea edo diru-laguntza ematea bidezko egiten duen egoeran egotea.

II.– Diru-laguntza eman duen erakundearen aurrean justifikatzea emate hori eragin duten edo laguntzaz baliatzea eragin duten baldintzak betetzen direla eta jarduera bera aurrera eramango dela.

III.– Administrazio emaileak egiten dituen egiaztapen-jarduerak erraztea, baita Kontrol Ekonomikoko Bulegoak egiten dituen kontrol-jarduerak ere.

IV.– Beste edozein administrazio, erakunde publiko edo pribatuk helburu bererako emandako diru laguntzak, laguntzak, diru-sarrera edo baliabideak eskuratuz gero, horren berri ematea hasierako laguntza eman duen erakundeari.

V.– Diru-laguntza jasotzeko kontuan hartu zen edozein egoera objektiboren edo subjektiboren aldaketa oro jakinaraztea diru-laguntza eman dion erakundeari.

b) Emandako diru-laguntza onartzea. Ildo horretatik, jakinarazpenaren osteko hamabost eguneko epean ez bada berariaz eta idatziz uko egiten, diru-laguntza onartu egin dela ulertuko da.

c) Lagundutako ekintzen ondorioz sor daitezkeen arriskuak bere gain hartzea, eta, behar izanez gero, aseguru egokia egitea.

16. artikulua.– Laguntzen ordainketa.

1.– Agindu honen babesean emandako laguntzak bi zatitan ordainduko dira:

a) Lehenengoa, diru-laguntzaren % 75, emandako laguntza onartu ondoren.

b) Gainerako % 25a, ordea, «Gastuaren justifikazioa» izeneko inprimaki normalizatua behar bezala beteta aurkeztean ordainduko da. Inprimaki horrekin batera, onartutako diru-laguntzako edo gehiagoko ordainagiriak aurkeztu beharko dira. Agiri horiek 2014ko abenduaren 10a baino lehen aurkeztu behar dira.

2.– Administrazioak laguntza eta diru-laguntzen ordainketa egin dezan, erakunde eskatzaileak Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren datu-basean agertu behar du. Datu hori ofizioz egiaztatuko da.

a) Bitarteko elektronikoak erabiliz alta eman edo hirugarren interesdunaren datuak aldatu nahi badira, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Sailak jarraian adierazten den helbidean eskuragarri jarritako Hirugarrenen Erregistro Telematikora jo behar da: http://www.ogasun.ejgv.euskadi.net/r51-341/eu/contenidos/informacion/regtelter_infor/eu_rtt/infor_rtt.html

b) Bide presentziala erabiliz alta eman edo hirugarren interesdunaren datuak aldatu nahi badira, bete inprimakia eta entregatu adierazitako lekuetan. Informazioa hemen: Alta/Hirugarren interesdunaren datuak aldatzea, helbide honetan: http://www.ogasun.ejgv.euskadi.net/r51-341/es/contenidos/autorizacion/alta_terceros/es_7999/alta_terceros.html

3.– Ematen diren epeetan diru-laguntza ez onartzeak edo emandako diru-laguntza baino gutxiago justifikatzeak Ebazpenaren aldatze prozesua eragingo dute, dagokion kopuruaren heinean, eta, hala badagokio, laguntzaren eskuratzeko eskubidea galtzea eragingo da.

17. artikulua.– Justifikazioak aurkezteko tokia eta epea.

1.– Justifikazioak honako bi bideetako bat erabiliz aurkeztu beharko dira:

a) Bitarteko elektronikak erabiliz, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren helbide honetan: https://www.euskadi.net/diru_laguntza/2014/ampa_koop/y22-izapide/eu

b) Paperean eta dagokion Hezkuntza Lurralde Ordezkaritzako ordezkariari zuzenduko zaio. Eskaera hauek, Eusko Jaurlaritzan, edota Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako organoetan, behar bezala betetako eskabide normalizatuen bitartez aurkeztu ahal izango dira. Erakunde eskatzaileek eskaera posta-bulegoan aurkeztea erabakitzen badute, gutun-azal irekian egingo dute, eta horrela, posta-funtzionarioak, gutuna zertifikatu aurretik, zigilua jarri ahal izango dio eskabide-orriari.

2.– Bi kasuetan, «Gastuaren justifikazioa» izeneko inprimaki normalizatua behar bezala beteta aurkeztuko da. Horretarako, prozeduraren fitxan eskuragarri dagoen inprimakia erabili beharko da (Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.net/diru_laguntza/2014/ampa_koop/y22-izapide/eu helbidea), behar bezala beteta, eta behar diren ordainagiriak erantsita.

3.– Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak erakunde onuradunari eskatuko dio jatorrizko jusfikagiriak aurkezteko.

4.– Artikuluan agertzen den kopuruarekin zerikusia duten gastuek lotura zuzena izan behar dute antolatutako jarduerekin edo erakundearen beraren antolaketak eta jardunak eragindakoak izan behar dute. Laguntzak osagarriak direnez, fakturek eta ordainagiriek horietan adierazitakoak justifikatu behar dute; horretarako, eskala hau hartuko da kontuan:

a) Zenbatekoaren % 100 unibertsitateaz besteko irakaskuntza-kooperatibetako ikasleen gurasoen prestakuntza jardunak eragindako gastuak.

b) Zenbatekoaren % 100 unibertsitateaz besteko irakaskuntza-kooperatibetako ikasleen prestakuntza jardunak eragindako gastuak.

c) Zenbatekoaren % 50, 17.4.b) artikuluan adierazi ez eta unibertsitateaz besteko irakaskuntza-kooperatibetako ikasleei zuzendutako jardunak eragindako gastuak.

18. artikulua.– Diru-laguntza emateko baldintzak aldatzea.

Diru-laguntza ematerakoan kontuan hartutako baldintzak gerora aldatzen badira –diru laguntzaren helburua betetzeari utzi gabe, betiere–, diru-laguntzak emateko ebazpena aldatu ahal izango da. Horretarako, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak likidazio-ebazpena emango du, eta, horren bidez, emandako diru-laguntzen zenbatekoak doituko dira.

19. artikulua.– Arauak ez betetzea.

Diru-laguntza ematerakoan kontuan hartutako baldintzaren bat betetzen ez dela egiaztatuz gero, jasotako diru-kopuruak eta dagozkien legezko interesak Eusko Jaurlaritzaren Diruzaintza Nagusira itzuli beharko dira, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onetsi zuen Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginean eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan xedatutakoaren arabera.

AZKEN XEDAPENA

1.– Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legeak xedatzen duena aplikatuko da, osagarri gisa, prozeduraren arloan agindu honek arautzen ez dituen ataletan.

2.– Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, interesdunek berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari; horretarako, hilabeteko epea dute, agindu hau EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Administrazioarekiko Auzietarako Salan, bi hilabeteko epean, agindu hau EHAAn argitaratu eta biharamunetik hasita.

3.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko ekainaren 11.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.


Azterketa dokumentala