Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

109. zk., 2014ko ekainaren 11, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
2553

AGINDUA, 2014ko ekainaren 11koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, ikasleen guraso-elkarteen federazioentzako eta konfederazioentzako -unibertsitatez kanpokoentzako- laguntzetarako deia egiten duena.

EAEko unibertsitate-mailatik kanpoko hezkuntza-sistemarentzat ezinbestekoa da bertan sartuta dauden gizarteko sektore guztien parte-hartzea eta haien guztien laguntza, ezarrita dituen helburuak lortuko baditu.

Ikasleen guraso-elkarteek duten ahalmena eta ekimena nahikoak ez direnean, eta parte-hartze maila handia bada, ezinbestekoa da federazioak eta konfederazioak egotea, eta, horrek berekin dakar, gastu handiak egin behar izatea legearen arabera eratutako erakundeek.

Hori guztia dela eta, agindu honek laguntzetarako deia egiten du, ohiko jardunerako eta azpiegiturarako, zein bazkideentzako prestakuntza-jarduerak egiteko, bai eta ikasleentzako hezkuntza-jarduera osagarriak eta eskolaz kanpokoak egiteko ere.

Aipatutako guztiaren arabera, laguntzak emateko deialdia ireki behar da horretarako propio izendatutako aurrekontuaren kontura.

Horregatik, Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legean ezarritakoarekin, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren diru laguntzak arautzen dituen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsitakoak, VI. tituluan jasotako xedapenekin eta aplikazio orokorreko gainerako xedapenekin bat etorriz, hau.

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.- Xedea.

Agindu honen xedea da unibertsitate-mailakoak ez diren ikastetxeetako ikasleen guraso-elkarteen federazioen eta konfederazioen gastuei aurre egiteko laguntzak emateko deialdia egitea. Laguntza horiek 2014ko gastuetarako dira, hain zuzen ere, agindu honen 2. artikuluan aipatutako aktibitateek eragiten dituzten gastuetarako.

2. artikulua.- Diru-laguntza jaso dezaketen jarduerak.

Agindu honetan adierazten diren laguntzak gastu hauetarako emango dira:

a) Unibertsitate-mailakoak ez diren ikastetxeetako ikasleen guraso-elkarteen federazioen eta konfederazioen jardunerako ezinbestekoak diren azpiegitura-gastuetarako.

b) Unibertsitate-mailakoak ez diren guraso-elkarteei emandako laguntza- eta aholkularitza-jarduerek eragindako gastuetarako.

c) Unibertsitate-mailakoak ez diren guraso-elkarteetako kide diren gurasoentzako prestakuntza-jarduerek eta ikasleentzako egindako jarduerek eragiten dituzten gastuetarako.

3. artikulua.- Baliabide ekonomikoak.

Hartarako, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2014ko aurrekontu orokorretan honako kreditu hau kontsignatuko da: hirurehun eta berrogeita hamar mila (350.000) eurokoa, ondoko arlo eta lurralde-eremutan banaturik:

1.- Autonomia-erkidegoko konfederazioentzat, 70.000 euro.

2.- Lurralde historikoetako bakoitzean dauden ikastetxe publikoetako elkarteak biltzen dituzten federazioentzat, -170.000 euro.

3.- Irakaskuntzako elkarteen federazioentzat, elkarte zein kooperatiba, 110.000 euro.

4. artikulua.- Erakunde eskatzaileek bete beharreko baldintzak.

1.- Deialdi honetan honako hauek parte hartu ahal izango dute baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoan behar den erregistroan izena eta alta emanda badaude:

a) Euskal Autonomia Erkidegoan egon eta unibertsitate-mailakoak ez diren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren mendeko ikastetxe publikoetako edo itunpeko ikastetxeetako guraso elkarteen federazioek eta konfederazioek, legearen arabera eratuak daudenean eta indarrean dagoen arautegian xedatutakoarekin bat datozen helburuak dituztenean, baldin eta dagokien erroldan federazio edo konfederazio gisa izena emanda badaude eta irakaskuntza-izaerako guraso-elkarte badira, Euskal Autonomia Erkidegoko ikasleen gurasoen elkarteak arautzen dituen otsailaren 10eko 66/1987 Dekretuaren (1987ko apirilaren 7ko EHAA) 6. eta 11. artikuluetan ezartzen denaren arabera.

b) Euskal Autonomia Erkidegoan egon eta unibertsitate-mailakoak ez diren itunpeko ikastetxe pribatuetako guraso-elkarteen federazioek eta konfederazioek, zuzenbidearen arabera eratuak daudenean eta indarrean dagoen arautegian xedatutakoarekin bat datozen helburuak dituztenean, baldin eta dagokien erroldan federazio edo irakaskuntzako kooperatiba gisa izena emanda.

2.- Ez izatea diru-laguntzak edo laguntza publikoak jasotzeko debekurik zigor- eta administrazio-arloan, eta ez izatea laguntzak jasotzeko legezko debekurik, batez ere sexu-bereizkeriaren ondoriozkorik, Emakume eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean xedatutakoarekin bat etorriz.

5. artikulua.- Izapideak modu elektronikoan egitea.

1.- Prozedura honetako izapideak egiteko, kontsultak egiteko edo eskabideak egiteko, erakunde interesdunek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren egoitza elektronikoko kanal elektronikoa erabili ahal izango dute: https://www.euskadi.net/diru_laguntza/2014/fedekonfe/y22-izapide/eu

2.- Izapidetze elektronikoa arautu egiten dute 2012ko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak, Administrazio Elektronikoari buruzkoak, eta Informatika eta Teknologiako zuzendariak otsailaren 9an eman zuen Ebazpenak; ebazpen horren bidez, Platea E-Administrazioko Plataforma Teknologikoa onartu zen.

3.- Eskaerak eta erantzukizunpeko adierazpenak modu elektronikoan zelan egin jakiteko eta ereduak eskuratzeko, jo helbide Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren egoitza elektronikora: https://www.euskadi.net/diru_laguntza/2014/fedekonfe/y22-izapide/eu

4.- Eskabidearen osteko izapideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren egoitza elektronikoren bidez egingo dira: https://www.euskadi.net/diru_laguntza/2014/fedekonfe/y22-izapide/eu

5.- Ordezkaritza beste pertsona bati emanez gero, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren aurrean, baliabide elektronikoen bitartez izena emanda egon beharko da Eusko Jaurlaritzaren Ordezkarien Erregistro Elektronikoan, zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren egoitza elektronikokoan: https://euskadi.net/

6. artikulua.- Baldintzak egiaztatzea.

1.- Hezkuntzako Kooperatiba edo Elkarteen Erregistro egokian inskribaturik eta izena emanik egotea ofizioz egiaztatuko da.

2.- Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuko 50.5 eta 50.6 artikuluak aplikatuaz, eskabideak erantzukizunpeko adierazpen bat jaso beharko du eskabideak, non honako hauek egiaztatzen diren:

a) Eskabidea, eta, behar izanez gero, edozein administraziotatik edo erakunde publiko zein pribatutatik jasotako diru-laguntza, laguntza, sarrera edo bestelako baliabideena.

b) Eskabideko eta harekin batera doan dokumentazioko datuak egiazkoak direla, eta betetzen dituela laguntza horiek jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzak.

c) Ez izatea diru-laguntzak edo laguntza publikoak jasotzeko debekurik zigor- eta administrazio-arloan, eta ez izatea laguntzak jasotzeko legezko debekurik, batez ere sexu-bereizkeriaren ondoriozkorik, Emakume eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean xedatutakoarekin bat etorriz.

3.- Eskariek aukera bat izango dute, diru-laguntzak eskatzen dituzten erakundeek beren-beregi adieraz dezaten baimena ematen diotela organo kudeatzaileari gainerako datu guztiak lortu edo egiaztatzeko, hargatik eragotzi gabe Administrazio Publikoak dituen egiaztapen-, kontrol- eta ikuskapen-eskumenak.

4.- Betebeharrak ebazpena eman aurretik egiaztatuko dira, bai beharrezko egiaztagiriak erakutsiz, bai oniritzia emanez, organo kudeatzaileak zuzenean egin dezan egiaztapena.

7. artikulua.- Eskabideen aurkezpena eta epeak.

1.- Eskabide egiten duten erakundeek honako formulari hauek aurkeztu beharko dituzte, behar bezala betak: «Eskabidea», «Gastu aurrekontua» eta «Federatutako edo konfederatutako erakundeen zerrenda eguneratua». Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren egoitza elektronikoan eskuratu ahal izango dira ereduak: https://www.euskadi.net/diru_laguntza/2014/fedekonfe/y22-izapide/eu

2.- Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren egoitza elektronikon, baliabide elektronikoen bidez, aurkeztu beharko da dokumentazioa: https://www.euskadi.net/diru_laguntza/2014/fedekonfe/y22-izapide/eu

3.- Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

4.- Eskabideak euskaraz edo gazteleraz aurkeztu dira, eskatzaileak aukerazten duenean. Eta prozeduran zehar, erakunde eskatzaileak aukeratutako hizkuntza erabiliko da, hala ezarrita baitago azaroaren 24ko 10/1982 Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan (10/1982 Legea, Euskararen Erabilera Normalizatzeko Oinarrizko Legea).

8. artikulua.- Aurkeztutako eskabideetako akatsen zuzenketa.

Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak dokumentazioan hutsik edo okerreko daturik atzematen badu, eskatzaileari jakinaraziko dio, eta hamar eguneko epea emango dio hutsok zuzentzeko. Hamar egunen buruan zuzendu ezean, eskatzaileak eskaerari uko egin diola ulertuko da, ebazpena -Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean aurreikusitako moduan- eman ondoren.

9. artikulua.- Datuak Babesteko Legea.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz, deialdi honen izapidean jasotako datu pertsonalak, parte-hartzaileek erabiltzea eta argitaratzea baimenduko dituztenak, fitxategi batean jasoko dira, hain zuzen ere «Ikasleen Elkarteetarako Diru-laguntza» deritzona. Fitxategi horren helburua deialdi honetako diru-laguntzak kudeatzea izango da, bai eta deialdi honetara aurkezten diren pertsonei deialdiaren garapenari buruzko informazioa ematea ere. Fitxategi honen arduraduna Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritza da. Sarbide-, zuzenketa-, ezabatze-eta aurkatze-eskubideak baliatzeko, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzara jo beharko da, helbide honetara: Donostia kalea 1 - 01010 Vitoria-Gasteiz. Era berean, deialdi honen parte hartzen duten erakundeek baimena ematen diote Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari beste erakunde publiko batzuetan aurkeztutako dokumentuak egiazkoak diren frogatzeko.

10. artikulua.- Laguntzak kudeatzeko organoa.

Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusten diren laguntzak kudeatzeko lanak egitea.

11. artikulua.- Ebaluazio-batzordea.

Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak batzordea eratuko du, laguntzak esleitzeko proposamena presta dezan. Batzordeak kide hauek izango ditu:

- Pedagogia Berriztatzeko zerbitzuburua. Batzordearen lehendakari gisa jardungo du.

- Hezkuntzako hiru lurralde-ordezkaritzetako Pedagogia Berriztatzeko lurralde-burutzetako kide bana.

- Berrikuntza Pedagogikoko Zerbitzuko ordezkari bat. Idazkaria izango da.

12. artikulua.- Federazioentzako eta konfederazioentzako laguntzen zenbatekoa zehazteko prozedura.

1.- Hirugarren artikuluan zehaztutako kopuruei dagozkien kredituak artikulu honetan ezarritako banaketa-sistema aplikatuz banatuko dira eskaera egiten duten elkarteen artean. Horietako bakoitzari emandako zenbatekoa ez da inola ere izango benetan izandako gastu guztien zenbatekoa baino handiagoa.

a) Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuko konfederazioak.

Konfederazio horietako bakoitzari esleitutako puntuazioarekiko proportzioan egingo da banaketa.

Sare publikoko konfederazioei dagokienez, EAEko esparruan sare publikoko federazioetako unibertsitate-mailakoak ez diren ikasle bakoitzeko bi puntu.

Gainerako konfederazioei, berriz, federazioetako unibertsitate-mailakoak ez diren ikasle bakoitzeko puntu bat.

b) Lurralde historikoaren eremuko federazioak, ikastetxe publikoetako elkarteak biltzen dituztenak:

I.- Onartutako eskabide guztiei 37.800 euroko hasierako laguntza esleituko zaie.

II.- Gero, federazio bakoitzari puntu bat esleituko zaio, guraso elkarteetako ikasle bakoitzeko (unibertsitate-mailatik kanpo daudenak). Horietako bakoitzak horrela ateratako puntuazioa biderkatu egingo da faktore konstante batekin, eta faktore hori ateratzeko honako hau egingo da: banatzen den soberakinaren guztizko zenbatekoa zati atal honetako federazio guztiei emandako puntuen guztizko batura.

c) Gainerako federazioak:

Atal honetarako erabakitako kredituen kargura, hasierako laguntza hauek onartu dira:

I.- 5 elkartek edo gutxiagok osatutako federazioak: 1.350 euro.

II.- 6 elkartek edo gehiagok osatutako federazioak: 2.700 euro.

III.- Matrikulatuta 40 ikasle edo gutxiago dituzten eskola txikietako erakundeen federazioak, baldin eta 14 elkarte edo gehiago biltzen badituzte: 6.300 euro.

IV.- Gero, federazio bakoitzari puntu bat esleituko zaio, guraso elkarteetako ikasle bakoitzeko (unibertsitate-mailatik kanpo daudenak). Horietako bakoitzak horrela ateratako puntuazioa biderkatu egingo da faktore konstante batekin, eta faktore hori ateratzeko honako hau egingo da: banatzen den soberakinaren guztizko zenbatekoa zati atal honetako federazio guztiei emandako puntuen guztizko batura.

2.- Federazio bateko baino gehiagoko ikasleen elkarteetako gurasoen ikasleak elkarteen artean banatuko dira, kopuru beretan. Ikasle kopurua ezin bada zatitu elkartea kide duten federazioen artean, gurasoen elkarteko ikasleen kopuruaren eta ikasle horiek kide dituzten federazioaren arteko zatiketaren zati osoa hartuko da kontuan.

3.- Ikasleen kopuruan, salbuetsita geratzen dira 0 urtetik 3 urtera bitarteko irakaskuntza ez-derrigorrezko mailakoak.

4.- 3. artikuluan agertzen den kopuruarekin zerikusia duten gastuek lotura zuzena izan behar dute antolatutako jarduerekin edo erakundearen beraren antolaketak eta jardunak eragindakoak izan behar dute.

13. artikulua.- Ebazpena.

1.- Deialdi honetan aurreikusitako laguntzak emateko prozeduraren ebazpenak Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak emango du, eta lau hilabeteko epean argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, eta egindako eskabideei dagokienez, onuradun guztiei emandako zenbatekoa adieraziko da eta, behar izanez gero, uko egiteko arrazoiak. Ebazpen hau bide elektronikotik jakinaraziko zaie interesdunei, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da publizitate-ondorioetarako soilik.

2.- Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal diote interesdunek Hezkuntzako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita.

3.- Artikulu honen lehenengo paragrafoan aipatutako epea igarota, ebazpena onuradunei jakinarazten ez bazaie, dagokion eskabidea ezetsi egin dela uler dezakete onuradunek Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritakoaren ondorioetarako.

14. artikulua.- Laguntzen bateragarritasuna.

Deialdi honen bidez lortutako edozein laguntza bateragarria izango da Euskal Herriko Administrazio Orokorraren bidez edo beste edozein herri-administrazioren edo erakunde pribaturen bidez lortutako beste edozein laguntzarekin, betiere jasotako laguntza guztien baturak diru laguntza honen xede den gastuaren % 100 gainditzen ez badu. Gainditzen badu, egindako gastutik gora jasotzen den kopurua kenduko zaio deialdi honen arabera legokiokeen diru-laguntzari.

15. artikulua.- Erakunde onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan araututako laguntzak jasotzen dituzten erakunde onuradunek honako betebehar hauek izango dituzte:

a) Diru-laguntza eman dion administrazioari xede bererako lortu duen beste edozein laguntzaren berri ematea, hala agintzen baitu Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko 50.2 artikuluak (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsitako Testu Bategina, 1998ko urtarrilaren 19ko EHAA).

b) Diru-laguntza eman duen administrazioak egin beharreko egiaztapen-ekintzei eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak egin beharreko kontrol-ekintzei laguntza ematea, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikuluan bertan adierazten denez.

c) Emandako diru-laguntza onartzea. Diru-laguntza beti onartutakotzat joko da non eta ebazpena jakinarazi eta hamabost eguneko epean uko egiten ez zaion idatziz.

d) Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzan justifikatzea betebeharrak eta baldintzak bete direla, bai eta jarduera gauzatu dela ere.

e) Diru-laguntza zein xedetarako eman den, hartarako erabiltzea.

f) Lagundutako ekintzen ondorioz sor daitezkeen arriskuak bere gain hartzea eta, behar izanez gero, aseguru egokia egitea.

16. artikulua.- Diru-laguntzen ordainketa eta justifikazioa.

1.- Diru-laguntzak eta laguntzak pagatu ahal izateko Administrazioak, Ogasun eta Finantza Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoan jasota egon beharko du erakunde eskatzaileak. Hirugarren intersedun baten datuak aldtzeko edo izena emateko, bide elektronikoa erabliliaz, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Sailak emandako hirugarrenen erregistro telematikoara jo beharko da, helbide honetan: http://www.ogasun.ejgv.euskadi.net/r51-341/eu/contenidos/informacion/regtelter_infor/eu_rtt/infor_rtt.html

2.- Bi ordainketa-agindu bidez egingo da ordainketa:

a) Lehenengoa, diru-laguntzaren % 75, emandako laguntza onartu ondoren.

b) Gainerako % 25a, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioaren egoitza elektronikoaren bide elektronikoan (https://www.euskadi.net/diru_laguntza/2014/fedekonfe/y22-izapide/eu) «Egindako gastuaren justifikazioa» delakoaren inprimaki normalizatua aurkezten denean, behar bezala beteta, eta ordura arte izandako gastuen faktura eta ordainagiriekin batera. 2014ko abenduaren 10a baino lehen aurkeztu beharko da dokumentazio hori.

3.- Ematen diren epeetan diru-laguntza onartu ezean edo emandako diru-laguntza baino gutxiago justifikatzeak Ebazpenaren aldatze prozesua eragingo dute, dagokion kopuruaren heinean, eta bere kasuan laguntzaren eskuratzeko eskubidearen galtzea eragingo da.

4.- Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak erakunde onuradunari eskatuko dio jatorrizko jusfikagiriak aurkezteko.

5.- Laguntzak osagarriak direnez, fakturek eta ordainagiriek horietan adierazitakoak justifikatu behar dute; horretarako, eskala hau hartuko da kontuan:

a) Zenbatekoaren % 100, unibertsitate-mailakoak ez diren ikastetxeetako ikasleen guraso-elkarteen federazioen eta konfederazioen ezinbestekoak diren azpiegitura-gastuak.

b) Zenbatekoaren % 100, unibertsitate-mailakoak ez diren ikastetxeetako guraso-elkarteei zuzendutako laguntza- eta aholkularitza-gastuak.

c) Zenbatekoaren % 100, unibertsitate mailakoak ez diren ikasleen gurasoei zuzendutako formazio jarduerak eragindako gastuak.

d) Zenbatekoaren % 50a, federazio eta konfederazioak osatzen dituzten elkarteen ikasleei zuzendutako eta 16.5.c) artikuluan jaso ez diren jarduerak eragindako gastuak.

17. artikulua.- Diru-laguntza emateko baldintzen aldaketa.

Diru-laguntza ematerakoan kontuan hartutako baldintzak gerora aldatzen badira -diru laguntzaren helburua betetzeari utzi gabe, betiere- diru-laguntzak emateko Ebazpena aldatu ahal izango da. Horretarako, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak likidazio-ebazpena emango du, eta, horren bidez, emandako diru-laguntzen zenbatekoak doituko dira.

18. artikulua.- Ez-betetzeak.

Diru-laguntza ematerakoan kontuan hartutako baldintzaren bat betetzen ez dela egiaztatuz gero, jasotako diru-kopuruak eta dagozkien legezko interesak Eusko Jaurlaritzaren Diruzaintza Nagusira itzuli beharko dira, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onetsi zuen Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginean eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan xedatutakoaren arabera.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Prozeduraren arloan agindu honek arautzen ez dituen gaietan, osagarri gisa, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legeak xedatzen duena aplikatuko da.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honek administrazio-bideari amaiera ematen dio, eta, beraren aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuari; horretarako, hilabeteko epea dute, Agindu hau EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Administrazioarekiko Auzietarako Salan, bi hilabeteko epean, Agindu hau EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko ekainaren 11.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.


Azterketa dokumentala