Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

109. zk., 2014ko ekainaren 11, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
2550

AGINDUA, 2014ko maiatzaren 30ekoa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika Kulturako sailburuarena, 2014ko ekitaldianan musika jarduera profesionaletarako diru-laguntzak emateko modua arautzen duena.

Arte eta kultura alorreko jarduerei loturiko eskumenak eta horien zabalkundeari dagozkionak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari dagozkio, horixe xedatzen baita Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuak. Eskumen horiek Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari esleitzen dizkio apirilaren 9ko 193/2013 Dekretuak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren egitura organikoa ezartzen duena.

Zuzendaritza horrek egoki deritzo musika-jarduerak sustatzeko aukera emango duen bidea antolatzeari, jarduketa hori bere eskumenen esparruan sartzen den heinean, jarduera profesional hauek burutzeko diru-laguntzak emanez: Musika partituren edizio inprimatuak, Banakako musika-proiektuak, Musika-ekimen enpresarialak eta Musika programazioa. Neurri horren bitartez, euskal musikarien sorkuntza-lana sustatzeko formula lortu nahi da eta, bide batez, beren ahalegina aintzatetsita ikusteaz gain, beren finantzabideak areagotzeko aukera emango dieten beste merkatu batzuk jorratzea.

Diru-laguntza deialdi hau administrazio prozeduren tramitazio elektronikoaren sistemara egokitua da. Sistema hau honako lege-arau hauetan araututa dago: 2012ko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretua, Administrazio Elektronikoari buruzkoa eta E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa —PLATEA— ezartzen duen Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpena.

Ondorioz, honako hau

EBAZTEN DUT:
I. KAPITULUA
ARAU OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea, modalitateak eta proiektuak garatzeko epea.

1.– Agindu honen bitartez, 2014an musika-jarduera profesionaletarako diru-laguntzak nola emango diren arautuko da.

2.– Deialdi honetan diru-laguntza modalitate hauek kontenplatzen dira:

– I. kap.: Musika partituren edizio inprimatuak.

– II. kap.: Banakako musika-proiektuak.

– III. kap.: Musika-ekimen enpresarialak.

– IV. kap.: Musika programazioa.

3.– Modalitate honen bitartez, musika-ekoizpen profesionala sustatuko da. Aurkezten diren proiektuak, osoak edo partzialak, 2014ko urtarrilaren 1etik 2015eko azaroaren 31ra bitartean garatu behar dira eta data bi horien artean lagundutako obra edo jardueraren aurkezpen publikoren bat egitea aurreikusi behar dute. Musika programazioaren modalitateari dagokion epea 30.1 artikuluan zehaztu da.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Diru-laguntza hauen gehienezko zenbateko orokorra 445.000 eurokoa izango da eta aipatutako modalitateen artean honela banatuko da: a) Musika partituren edizioa: 30.000; c) Banakako musika-proiektuak: 100.000; d) Musika ekimen enpresarialak: 175.000; Musika programazioa: 140.000.

2.– Eskabide kopuruagatik edo eskakizunak ez betetzeagatik, modalitate baterako ezarritako diru-kopurua agortzen ez bada, Kultura Sustatzeko Zuzendariak gainontzeko kopurua beste modalitate batera eramatea proposatu ahalko du. Kasu horretan hasierako kopuruaren arteko desoreka handien duen modalitateak lehentasuna izango du.

3. artikulua.– Pertsona onuradunen betekizunak.

1.– Modalitate bakoitzerako finkaturiko bestelako baldintzak gorabehera, agindu honetan arautzen diren diru-laguntzen onuragarriek eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean, baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Helbidea edo sozietate-egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan duen pertsona fisiko edo juridiko-pribatua izatea edo, bestela, aurkezten den proiektuaren helburua Euskal Herriko artistak edo musikarien lanak ekoiztea edo zabaltzea izatea.

Betebehar honi dagokionez, ez dira kontuan hartuko «Ondasunen erkidegoa» formapean aurkeztutako eskabideak.

b) Jarduera ekonomikoen zergako musika jarduerako epigrafe batean altan egotea eta, pertsona juridikoen kasuan, sozietatearen xedeak zerikusia izatea musika-jardueren garapenarekin.

2.– Agindu honen bidez ematen diren diru-laguntzak jaso ahal izateko, beharrezkoa da zerga-betebeharrak egunean izatea.

Deialdi honen organo kudeatzaileak egiaztatuko du, automatikoki, behar hainbat aldiz, diru-laguntza eskatu duten pertsonek edo entitateek zerga-betebeharrak egunean dituztela, eta horretarako ez du pertsona horien oniritzia beharko, halaxe xedatzen du-eta Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrak edo bere erakunde autonomiadunek entitate onuradunari ezaugarri bereko beste diru-laguntza edo diru-laguntzaren batzuk eman badizkiote eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, diru-laguntzaren esleipena eta ordainketa egoera hori konpondu arte baldintzatua egongo da.

4.– Ezin dute deialdi honetan parte hartu diru-laguntza publikoak jasotzeko aukera galtzearekin zigor administratibo edo penalik duten pertsona eskatzaileek, ezta horretarako gaitasuna kentzen duen legezko debekurik dutenek, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legezko azken xedapenetako seigarrena urratuz sexu-diskriminazioa egiteagatik debeku horrekin zigortuta daudenak barne.

5.– Halaber, deialdi honetan ezingo dute parte hartu 2014an Hezkuntza, Hizkuntza politika eta Kultura sailaren diru-laguntza izendunak jaso dituzten entitateek.

4. artikulua.– Proiektuen bideragarritasuna, lagun daitezkeen gastuak eta laguntzen muga orokorra.

1.– Proiektuak, ekonomia aldetik bideragarriak direla egiaztatzeko, aurrera eramateko beharrezko gastu arruntaren eta hura estaltzeko aurreikusitako diru-sarreren arteko aurrekontu doitua aurkeztu behar da; sarrera horien barruan deialdi honetan eskatutako kopurua barne delarik.

2.– Deialdi honetako modalitate guztietan lagundu eta justifikatu beharreko gastuak soil-soilik ekintza zehatzei atxikitakoak izango dira, inbertsio gastuak eta BEZ–koei dagozkienak kanpo gelditzen direlarik. Pertsonal gastuei dagokienez, horiek kalkulatzeko erabilitako prozedura eta erreferentzia zehatzak erantsi beharko dira.

3.– Herri administrazio desberdinetatik jasotako diru-laguntza guztiek ezingo dute gainditu diruz lagundutako jardueraren kostuaren % 70.

5. artikulua.– Diru-laguntzak emateko prozedura eta organo kudeatzailea.

1.– Musika programazioaren modalitatean izan ezik, gainontzeko modalitateei dagozkien diru-laguntzak emateko prozedura lehiaketa izango da; horretarako, bakoitzean ezarritako irizpideak aplikatuta, eskabideak baloratu eta diru-laguntzak banatuko dira, deialdi honen 10. eta 11. artikuluetan aurreikusten den bezala.

2.– Musika-programazioaren modalitatea puntuazioaren eta proportzionaltasun sistema objektibo baten bitartez esleituko da, agindu honetako V. kapituluan zehazten den bezala.

3.– Kultura Saileko Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako laguntzen kudeaketa-zereginak egitea.

Era berean, diru-laguntza lortu duten proiektuak modu egokian gauzatzen direla ziurtatzeko Zuzendaritza horrek beraien jarraipena egingo du. Hori gauzatzeko, egoki iritzitako ikuskapenak egin ahal izango ditu. Horretarako, pertsona onuradunak behartuta daude eskatzen zaien dokumentazioa eta informazioa aurkeztera.

6. artikulua.– Eskabideak: epea eta moduak.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

2.– Eskabideak Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeari zuzenduko zaizkio behar bezala eskabide-orri normalizatua bete ondoren, eta era presentzialean nahiz tramitazio prozedura elektronikoa erabiliz.

3.– Eskabidea egiteko eta dokumentazioa aurkezteko bide horietako bat erabiliz gero –presentziala edo elektronikoa–,ez du esan nahi bidez aldatu ezin denik prozeduraren ondorengo izapideetan, alegia, edonoiz aldatu daiteke bidea. Eskabidearen ondoko izapideak, bide elektronikoa erabiliz, hemen egin daitezke: http://www.euskadi.net/nirekudeaketak

4.– Eskabide presentzialak Eusko Jaurlaritzaren Herritarren Arretarako Bulegoetan eta Lurralde Ordezkaritzan edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako organoetan aurkeztu beharko dira.

5.– Tramitazioari dagozkion argibideak, bai bide presentziala erabiliz bai bide elektronikoa erabiliz, hala nola eskaera, formularioak eta justifikaziorako ereduak euskadi.net-en honako helbide elektroniko hauetan daude ikusgai:

– Modalidad de edición impresa de partituras musicales.

Https://www.euskadi.net/diru_laguntza/-/2014/musika_partiturak/eu/

– Banakako musika-proiektuak.

Https://www.euskadi.net/diru_laguntza/-/2014/musika_banakakoak/eu/

– Musika ekimen enpresarialak

https://www.euskadi.net/diru_laguntza/-/2014/musika_enpresarialak/eu/

– Musika programazioa.

Https://www.euskadi.net/diru_laguntza/-/2014/musika_programazioa/eu/

6.– Pertsona eta erakunde eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute eskabidea, atxikitako dokumentazioarekin batera. Halaber, pertsona edo erakunde eskatzaileak aukeratzen duen hizkuntza hori erabiliko da prozedura osoan, Euskararen Erabilpena Arautzen duen 1982ko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeko 5.2.a) eta 6.1 artikuluek xedatzen duen moduan.

7.– Eskabideak aurkezteak deialdi honetako oinarriak definitzen dituzten baldintzak espresuki eta formalki onartu direla adierazten du.

7. artikulua.– Beharreko dokumentazioa eta aurkezteko formatua.

1.– Aurkeztu beharreko dokumentuak.

1.1.– Eskabide-orria sinatuta.

1.2.– Pertsona fisikoa izanez gero:

a) Pertsona eskatzailearen nortasun egiaztatzea (NAN).

b) Pertsona eskatzailearen erroldaren egiaztatzea.

1.3.– Pertsona juridikoa izanez gero:

a) Administrazio honetako erregistroetan inskribatutako entitateak: eskabidean ze erregistrotan dagoen inskribaturik azalduko dute.

b) Beste Administrazioetako erregistroetan inskribatutako entitateak: sortze-eskritura eta estatutuak, dagozkion erregistro publikoetan izena emanda dagoela egiaztatzen duen agiria.

c) Identifikazio fiskalaren zenbakiaren txartela.

d) Legezko ordezkariaren nortasun eta ordezkapen-maila egiaztatzea.

1.4.– Pertsona fisiko nahiz juridikoentzako-:

a) Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan alta emanda egotearen ziurtagiria.

b) Minimis diru laguntzei buruzko adierazpena.

– Deialdi honetan laguntza bat jasotzen duen pertsonak, erregistratu gabe badago Eusko Jaurlaritzako Ogasuna eta Finantzak Saileko Hirugarrenen Erregistroan, edota Erregistroan dauden bere bankuko datuak aldatu nahi baditu, Euskadi.net atarian eskuragarri duen Eusko Jaurlaritzako hirugarrenaren altari buruzko orria aurkeztu beharko du.

2.– Proiektuari dagokion dokumentazioa.

2.1.– Musika partituren edizio inprimatuen, Banakako musika proiektuen eta Musika ekimen enpresarialen modalitateak:

a) Oroitza orokorra, eduki hauekin: a) egindako eskaeraren markoan garatu beharreko jardueren zehaztapena: b) pertsona edo entitate eskatzailearen ibilbidea eta c) 2013ko jarduera / ekoizpenari dagokion oroitza.

b) Hala badagokio, Egileen eskubideei buruzko aitorpena, ziurtagiria edo egoera txostena.

c) Formularioak: 1.– Eskabidearen laburpena; 2.– Pertsona edo entitate eskatzailearen profila; 3.– Hala badagokio, artistaren edo musika taldearen datuak (baita, ikus-entzunezko erreferentziak); 4.– Hala badagokio, Emanaldien zerrenda eta bira aurreikuspena; 5.– Proiektuaren aurrekontua; 6.– Beste diru-laguntzen aitorpena.

2.2.– Musika programazioaren modalitatea:

a) Aretoaren deskribapena, ibilbidea eta «rider» teknikoa.

b) Musika-ekitaldietarako behar den hirigintza- edo udal-lizentzia izatea.

c) Aretoaren erantzukizun zibileko asegurua.

d) Formularioak: 1.– Eskabidearen laburpena; 2.– Pertsona edo entitate eskatzailearen profila; 3.– 2013an aretoak programaturiko kontzertatuak; 4.– Proiektuaren aurrekontu orokorra; 5.– Beste diru-laguntzen aitorpena; 6.– Musika ekitaldi bakoitzari dagozkion aurreikuspenak (onuradunek formulario hau entregatu beharko dute, ekitaldi bakoitzaren data baino hogei egun lehenago gutxienez).

3.– Dokumentazioa aurkezteko formatua.

Eskabide orri sinatuarekin batera, dokumentazio guztia euskarri elektronikoan aurkeztu behar da (CD, DVD, pendrive), honako ezaugarrien arabera:

a) Deskargatzeko ereduak erabiliko dira holakoak daudenean, eta ahal bada ereduaren formatuan aurkeztuko dira.

b) Gainontzeko dokumentazioa PDF formatuan aurkeztuko da, ahal bada.

c) Dokumentazio elektroniko guztiaren gehienezko tamaina 30 Mb izango da.

d) Musika edo ikusentzunezko erreferentziak, web helbideak emanez aurkeztu ahal izango dira, dagokion dokumentuan.

8. artikulua.– Erantzukizunpeko adierazpenak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak ezartzen duenaren arabera (1997ko azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartua), erantzukizunpeko adierazpen bidez egiaztatuko dira honako betebehar hauek:

– Xede bera duten eta bestelako administrazio edo erakunde publiko zein pribatuei eskatutako eta, hala badagokio, haietatik jasotako diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea.

– Aurreko bi urteotan eta aurten, edozeinengatik, jasotako «minimis» motako diru-laguntzei buruzko adierazpena jakinaraztea.

– Egunean izatea indarrean dauden xedapenak ezartzen dituzten zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak arauz zehaztu den bezala.

– Pertsona edo erakunde eskatzaileak ez izatea zigor administratibo edo penalik laguntza publikoak lortzeko, ezta ere horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik.

– Eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla adieraztea, eta laguntza hauen onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako betekizunak konplitzen dituela adieraztea.

9. artikulua.– Aurkeztutako eskaeretako akatsen zuzenketa.

Ikusten bada eskabidea onartzeko eskatzen diren dokumenturen bat falta dela edo forma-akatsak daudela, edo balorazioa egiteko aurkeztu diren dokumentuetan akatsak daudela, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko. Era berean, ohartarazi egingo zaio ezen, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, aurrez jakinaraziko zaion ebazpen baten bidez, edo dagokion izapidea egiteko eskubidea galduko duela.

10. artikulua.– Eskabideak aztertzea eta ebazpen-proposamena.

1.– Aurkeztutako eskabideak aztertu eta baloratzeko, Balorazio Batzorde bat osatuko da modalitate bakoitzerako. Horren osaera Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen ebazpen baten bitartez jakinaraziko da eta ebazpen hori EHAAn argitaratuko da, batzordeak lehenengo bilera egin baino lehen.

2.– Balorazio Batzordeetako burua Kultura Sustatzeko zuzendaria izango da, edo horrek izendatutako pertsona. Bera ez balego Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 1992ko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 23.2 artikuluan xedatutakoaren arabera jokatuko da.

Idazkari gisa Zuzendaritza bereko teknikari bat izango da, zuzendariak aukeratua. Idazkariak hitza izango du, baina botorik ez.

Batzordeetako bokalak hiru gutxienez eta bost gehienez izango dira, musikarekin edo kultur kudeaketarekin zerikusia duten profesionalen artetik izendatuta, berdin delarik independenteak diren edo gai honetan adierazgarriak diren Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeetan integraturik dauden. Horien izendapena Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak egingo du.

3.– Modalitate bakoitzeko Balorazio Batzordeak, ezarritako esleipen-irizpideak kontuan hartuta, ebazpen-proposamena egingo dio Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeari.

4.– Batzordeek, beharrezkoa irizten diotenean, egoki iritzitako argibideak emateko eskatu ahal izango diete eskatzaileei, proiektuen arduradunekin horretarako elkarrizketak hitzartuz ere bai, behar izanez gero. Halaber, Musika ekimen enpresarialen modalitatean eskabidea egiten duten pertsona guztiek Batzordearen aurrean beren proiektua defendatzeko aukera izango dute horrela eskatuz gero (1. Formularioan). Proiektu bakoitzari 15 minutu eskainiko zaizkio gehienez.

11. artikulua.– Diru-laguntzak banatzeko irizpideak.

Lehiaketa modalitateetan, diru-laguntzak banatzeko erabiliko den prozedura ondorengoa izango da:

1.– Behin proiektuak modalitate bakoitzean finkaturiko irizpideen arabera baloratu ondoren, puntuen % 50 lortzen ez dutenak automatikoki baztertu egingo dira.

2.– Diru-laguntzen zenbatekoa zehazteko, proportzionaltasun-irizpidea erabiliko da. Hortaz, fondo erabilgarria proiektu bakoitzak lortutako puntuazioaren eta aurrekontuaren bolumenaren arabera banatuko da.

3.– Bukaerako diru-laguntzak ez du inoiz eskatutako kopurua gaindituko eta 4.3 artikuluan eta modalitate bakoitzean finkaturiko gehienezko kopuru-mugak errespetatuko ditu.

12. artikulua.– Beste diru-laguntza batzuekiko bateragarritasuna eta modalitateen artekoa.

1.– Agindu honetako 3.5 eta 4.3 artikuluetan adierazitakoa errespetatuz, deialdi honetako diru-laguntzak bateragarriak dira beste erakunde publiko zein pribatuek helburu berbererako emandakoekin, betiere gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Gainfinantzaketarik badago, diru-laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, dagokion gehienezko mugaraino.

2.– Deialdiko modalitateren batean diru-laguntza jasotzen duen proiektu musikal batek ezingo du beste modalitateetako diru-laguntzarik jaso, bateraezinak baitira. Aurreikuspen honek ez du eraginik izango Musika programaziorako modalitatean emandako dirulaguntzen modalitatearen bitartez kontrataturiko musika ekoizpenei dagokienez.

3.– Era berean, ezingo zaizkio pertsona eskatzaile berari batera eman Banakako musika-proiektuetarako eta Musika-ekimen enpresarialentzako diru-laguntzen modalitateetan.

13. artikulua.– Ebazpena eta jakinarazpena.

1.– Deialdi honetako diru-laguntzak esleitzeko ebazpena Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak emango du, Balorazio Batzordearen proposamena ikusita, eta sei hilabeteko epean interesatu guztiei jakinaraziko zaie, agindu hau indarrean jartzen denetik. Gainera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ebazpen horren erreferentzia bat argitaratuko da, denek horren berri izan dezaten.

2.– Ebazteko epea amaituta, interesatuari inolako jakinarazpenik egin ez bazaio, eskabidea errefusatutzat joko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritako ondorioetarako.

3.– Jakinarazpena egindakotzat joko da Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 1992ko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 59. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Izapidetze telematikoaren kasuan, aldiz, Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren 30.2 artikuluan xedaturikoari jarraiki, jakinarazpena egindakotzat joko da pertsona interesdunak edo, kasuan kasu, legezko ordezkariak edo baimenduriko pertsonak jaso duela elektronikoki sinatzen duenean, eta kasu bakoitzean ezarritako epea hark jakinarazpeneko egintza jaso izana elektronikoki sinatzearen biharamunetik aurrera hasiko da zenbatzen.

14. artikulua.– Betebeharrak.

Laguntzen onuradunek betebehar hauek izango dituzte:

a) Emandako diru-laguntza onartzea. Ildo horretatik, pertsona/entitate onuradunek diru-laguntza eman zaiela adierazten duen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean berariaz uko egiten ez badiote, onartu egin dutela ulertuko da.

b) Diru-laguntza agindutako helburu zehatzerako erabiltzea.

c) Ogasun eta Herri Administrazio Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari diru-laguntzen erabilera kontrolatzeko behar duten informazio guztia ematea.

d) Aurkeztutako proiektuan aldaketaren bat eginez gero, onuradunak horren berri emango dio idatziz Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari hilabeteko epean, esleipen-ebazpena jasotzen denetik aurrera. Zuzendaritzak, bere aldetik, 15 egun balioduneko epea izango du, aldaketaren berri jasotzen duenetik, erantzuna emateko. Epe hori amaituta inolako jakinarazpenik jaso ez bada, aldaketa onartutzat joko da.

e) Agindu honetan ezarritako diru-laguntzen onuradunek, laguntzari buruzko esleipen-ebazpena jasotzen duten egunetik aurrera, diru-laguntza jaso duen lanari buruz argitaratzen diren disko, katalogo, programa, iragarpen-kartel eta gainontzeko material grafikoaren ale guztietan Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza eta Kultura Sailaren diru-laguntza espresuki adierazteko konpromisoa hartzen dute. Material hori, Euskal Autonomia Erkidegorako denean, hizkuntza ofizial bietan egingo da gutxienez.

15. artikulua.– Diru-laguntzaren ordainketa eta justifikazioa.

1.– Diru-laguntzak honela ordainduko dira:

a) Lehenengo ordainketa, emandako diru-laguntzaren % 50ekoa, ebazpena jakinarazten denetik aurrera egingo da, 14.a) artikuluan aipatutako epea igarota, diru-laguntzari uko egin ez bazaio.

b) Gainontzeko % 50ekoa, 2015eko urtarrilaren 1etik aurrera, hurrengo paragrafoan xedatutakoaren arabera.

2.– Pertsona onuradunek, dagokion jarduera amaituta, beti ere 2015eko azaroaren 30a baino lehen, ondorengo dokumentazioa aurkeztu beharko dute (argibideak eta formularioak 6.5 artikuluan aipaturiko euskadi.net-eko helbide elektronikoetan):

2.1.– Egindako jarduerei buruzko txostena eta ebaluazioa.

2.2.– Dagozkion ondorengo agiri edo materialak:

a) Zuzeneko musika ekoizpenak: alde desberdinetakoen arteko sinatutako kontratuaren kopia; programaturiko taldeen katxeei dagozkien fakturak edota, autoekoizpenen kasuan, kontzertua egin den espazioaren alokairuaren faktura.

b) Ekoizpen eta edizio grafikoak, soinudunak edo ikus-entzunezkoak: editatutako edo ekoitzitako materialaren 2 ale gutxienez.

c) Jarduera sustatzeko edo zabaltzeko katalogoak, programak eta landutako beste edozein material.

2.3.– Justifikazio ekonomikoa:

a) Burututako proiektua dela-eta izandako gastu eta sarreren balantzeari buruzko erantzukizunpeko aitorpena.

b) Diruz lagundutako programa edo jarduera gauzatzeak sorturiko gastuak justifikatzen dituzten dokumentu guztien zerrenda, euskadi.net gunean ezarritako ereduaren arabera.

Balio Erantsiaren gaineko Zergari dagokion zenbateko kengarria ezingo da egindako gastutzat hartu.

c) Emandako diru-laguntzaren adinako gastuak, gutxienez, justifikatzen dituzten egiaztagiri eta fakturak. Hala ere, Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak laginketa tekniken bidez aukeratuko ditu, artikulu honetako lehenengo paragrafoan ezarritako epearen barruan, aurrekontu osoa justifikatuko duten egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzten pertsona onuradunak. a) Egindako jardueraren gastu eta sarreren balantzeari buruzko ardurapeko aitorpena.

d) Musika programazioaren modalitateari dagokionez, onuradunek, parte hartzen duten musika taldeei eskuratutako ordainsarien fakturak aurkeztu behar dituzte edozein kasutan.

2.4.– Helburu berbererako jasotako beste laguntzen aipamena, baldin eta eskabidea aurkeztu zen unean, onuradunak horien berri ez izanagatik aitortu ez bazituen.

16. artikulua.– Aldaketa-ebazpena.

Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatuz gero (betiere, helburua bete dela iritziz gero) edo beste edozein erakunde publiko zein pribatutik ere diru-laguntzaren bat jasoz gero, diru-laguntzak esleitzeko emandako ebazpena aldatu egin ahal izango da. Horrelakoetan, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak likidazio-ebazpena emango du, diru-laguntzen zenbatekoak doitzeko.

17. artikulua.– Ez betetzeak.

1.– Hauek izango dira ez betetzeak:

a) Jasotako diru-laguntza osoa edo zati bat agindu honetan adierazitako jarduerez bestelakoetan erabiltzea.

b) Agindu honetan edo diru-laguntza emateko egintzan adierazitako betebeharrak ez betetzea.

c) Diru-laguntzaren likidazioa egiteko ebazpenean adierazitako zenbatekoa epearen barruan ez itzultzea (hala badagokio).

d) Xedapen orokorretan nahitaez bete beharrekotzat jotako beste edozer ez betetzea.

2.– Ez betetzeren bat gertatuz gero, jasotako zenbatekoak eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, betiere, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren eta abenduaren 17ko 689/1991 Dekretuaren arabera (Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko Dekretua, hurrenez hurren).

II. KAPITULUA
MUSIKA PARTITUREN EDIZIO INPRIMATUAK EGITEKO DIRU-LAGUNTZAK

18. artikulua.– Laguntzen diren jarduerak eta laguntzetako mugak.

1.– Modalitate honetan musika partituren edizio inprimatuak egiteko diru-laguntzak emango dira, zuzeneko emanaldien bidez zabalduak izateko.

2.– Espresuki geratuko da deialdi honetatik kanpo material didaktikoen edizioa.

3.– Modalitate honetan, eskatzaile bakoitzak proiektu bakar baterako diru-laguntza jaso ahal izango du gehienez, nahiz eta horren barruan argitalpen proiektu desberdinak azaldu eta aurrekontu egin. Dena den, onuradun bati ezingo zaio 10.000 euro baino gehiagoko kopurua eman.

19. artikulua.– Hautaketa eta balorazio irizpideak.

Modalitate honetan aurkezturiko proiektuen balorazioa ondoko irizpideen arabera egingo da:

1.– Kultura eta musika aldetik, ondare eta/edo arte aldetik proiektuak duen interesa (puntuazio orokorraren % 50).

Atal honetan honelakoak kontuan hartuko dira: argitaratu beharreko objektua –egilea eta lana–; proiektua argitaratzeko plana eta zabalkunderako plana.

2.– Erakunde eskatzailearen balorazioa, Euskadiko musika-jarduera profesionala ekoizteko eta zabaltzeko entitate gisa, 2013 urtea erreferentziatzat hartuta (puntuazio orokorraren % 30).

Atal honetan kontuan hartuko dira: a) antzinatasuna; b) entitatearen pertsonal-bolumena; c) ekoizpenaren bolumen orokorra; d) Euskadiko musikariei dagokien ekoizpen bolumena.

3.– Proiektuaren aurrekontuaren koherentzia eta autofinantzaketa maila (puntuazio orokorraren % 20).

III. KAPITULUA
BANAKAKO MUSIKA-PROIEKTUETARAKO DIRU-LAGUNTZAK

20. artikulua.– Eskatzailearen betekizun espezifikoak.

1.– 3.1 artikuluan aipatzen direnez gain, modalitate honetako eskatzaileek dagozkien ondorengo baldintzak bete behar dituzte.

2.– 21.1.1 artikuluan aipatzen diren jardueretarako, proiektuari dagokion musika taldeak hauetako irizpide bat, gutxienez, betetzen duela:

a) 2 disko gutxienez argitaratua izana eta lehenengoa, 2009 urtea baino lehen.

b) bere musika ibilbide osoaren zehar, Euskaditik kanpo 45 kontzertu profesional egin izana.

3.– 21.1.2 artikuluan aipatutako jardueretarako, modalitate honetako arloetan bi proiektu gutxienez egin izana, 2009. urtearen ondoren.

21. artikulua.– Laguntzen diren jarduerak eta laguntzetako mugak.

1.– Modalitate honen bitartez, ondorengo jarduera bat edo gehiago kontenplatzen dituzten proiektuak sustatuko dira:

1.1.– Aktiboan dagoen euskal musikari edo musika talde bati dagozkionak:

a) Musika ekoizpena, zuzeneko formatoan edo fonografikoan.

Deialdi honen ondorioetarako, hauek joko dira musika-ekoizpentzat: musika-konposizioa jendaurrean aurkezteko, aldez aurretik egin behar diren jarduera materialak eta entseguak.

b) Musika proiektu baten promozioa eta zabalkundea.

1.2.– Bestelako ekintzak euskal musikaren alorrean:

a) Publikoen sentsibilizazioa edota formakuntza.

b) Modalitate honen barnean kontenplatzen diren aktibitateak etorkizunean garatzeko ikerketa edo formakuntza espezifikoa.

Jarduera hauei dagokienez, beharrezkoa izango da garatu nahi den musika-proiektuaren oinarriak aurkeztea.

2.– Jarduera hauek ez dira diruz lagunduko:

a) Ekoizpen baten estreinaldiaren ondorengo kontzertuak, bai kontzertu puntualak bai biretan edo jaialdien barruan egiten direnak.

b) Formakuntza akademikora edo eskolarrera soilik bideratutako jardueren edo materialen edizioa.

c) Azoka komertzialetara joatea.

3.– Modalitate honetan, eskatzaile bakoitzak proiektu bakar batentzako jaso ahal izango du diru-laguntza, nahiz eta horren barruan jarduera desberdinak azaldu eta aurrekontu egin. Dena den, onuradun batek ezingo du 10.000 euro baino gehiagoko diru-laguntza jaso.

22. artikulua.– Hautaketa eta balorazio irizpideak.

Modalitate honetan aurkezturiko proiektuen balorazioa ondoko irizpideen arabera egingo da:

1.– Kultura eta musika aldetik, proiektuak duen interes orokorra (puntuazio orokorraren % 50).

Proiektu bakoitzaren Atal honetan proiektuaren ondorengo alde zehatzak kontuan hartuko dira:

– Balio musikal-artistikoa edota ondarezkoari dagokiona.

– Musika zabalkunde, formakuntza eta sentsibilizazioari dagozkien ekarpenak.

– Musika jarduera profesionalaren egungo panoramaren inguruko planteamenduak eta berrikuntza-maila.

– Garapen eta zabalkunde plana.

2.– Musika taldea edota proiektua garatzeko ardura duen lantaldearen ibilbidea (puntuazio orokorraren % 25).

Atal honetan honelakoak kontuan hartuko dira:

– Ibilbidea, esperientzia eta proiekzio profesionala.

– Aldez aurretik eginiko disko, zuzeneko edo proiektu kopurua.

3.– Proiektuaren aurrekontuaren koherentzia eta autofinantzaketa maila (puntuazio orokorraren % 15).

4.– Musika-proiektuan euskarak duen presentzia (puntuazio orokorraren % 10).

IV. KAPITULUA
MUSIKA-EKIMEN ENPRESARIALETARAKO DIRU-LAGUNTZAK

23. artikulua.– Eskatzailearen betekizun espezifikoak.

3.1 artikuluan aipatzen direnez gain, modalitate honetako eskatzaileek dagozkien ondorengo baldintzak bete behar dituzte.

a) Enpresa jarduera garatu izana 2011 urtea baino lehen, hauetako arloren batean:

– Ekoizpen fonografikoa.

– Zuzeneko musika ekoizpena edo ordezkaritza.

– Musika zabalkundea.

– Publikoen sentsibilizazioa.

b) Testuinguru horretan, jarduerak 2013. urtean zehar 4 euskal artistari edo talderi sustapen enpresariala eman izana.

24. artikulua.– Diru-laguntza jaso dezaketen jarduerak eta laguntzetako mugak.

1.– Modalitate honen bitartez, ondorengo jarduera bat edo gehiago kontenplatzen dituzten proiektuak sustatuko dira:

1.1.– Aktiboan dagoen Euskadiko musikari edo musika talde bati dagozkionak:

a) Musika ekoizpena, zuzeneko formatoan ala fonografikoan (Ekoizpentzat 21.1.1 artikuluan aipatzen dena hartuko da aintzat).

b) Musika proiektu baten promozioa eta zabalkundea.

1.2.– Bestelako ekintzak euskal musikaren jardueraren alorrean:

a) Publikoen sentsibilizazioa edota formakuntza.

b) Entitatea musika jarduera eta industriaren egungo egoerara egokitzeko ekintza espezifikoak.

2.– Jarduera hauek ez dira diruz lagunduko:

a) Izaera komertzial soila edo entitatearen katalogo historikoa ustiatzea helburu duten musika ekoizpenak.

b) Ekoizpen baten estreinaldiaren ondorengo kontzertuak, bai kontzertu puntualak bai biretan edo jaialdien barruan egiten direnak.

c) Formakuntza akademikora edo eskolarrera soilik bideratutako jarduerak edo materialen edizioa.

d) Azoka komertzialetara joatea.

3.– Modalitate honetan, eskatzaile bakoitzak proiektu bakar batentzako jaso ahal izango du diru-laguntza, nahiz eta horren barruan jarduera desberdinak azaldu eta aurrekontu egin (gehienez bost). Dena den, onuradun batek ezingo du 28.000 euro baino gehiagoko diru-laguntza jaso.

25. artikulua.– Hautaketa eta balorazio irizpideak.

Modalitate honetan aurkezturiko proiektuen balorazioa ondoko irizpideen arabera egingo da:

1.– Kultura-musika, ondare edo artearen ikuspuntuen aldetik, proiektuak duen interes orokorra baita bere garapen eta zabalkunderako plana ere (% 35).

2.– Eskatzailearen balorazioa, euskal musika-jarduera profesionala ekoizteko eta zabaltzeko entitate gisa, 2013. urtea erreferentziatzat hartuta (puntuazio orokorraren % 20).

Atal honetan kontuan hartuko dira: a) antzinatasuna; b) entitatearen pertsonal-bolumena; c) ekoizpenaren bolumen orokorra; d) euskal musikariei dagokien ekoizpen bolumena.

3.– Entitatearen ibilbidea eta gogoeta musika jardueraren egungo panoramaren aurrean (puntuazio orokorraren % 15).

Atal honetan honelakoak hartuko dira kontuan: entitatearen historiala; egungo proiektuen berrikuntza-maila; enpresaren bideragarritasunerako planteamenduak.

4.– Proiektuaren aurrekontuaren koherentzia eta autofinantzaketa maila (puntuazio orokorraren % 20).

5.– Musika-proiektuan euskarak duen presentzia (puntuazio orokorraren % 10).

Atal honetan proiektuan sartutako ekintzak kontuan hartuko dira, baita entitatearen jarduera orokorra ere, 2013an eginiko musika ekoizpenak erreferentzia izanda.

V. KAPITULUA
MUSIKA PROGRAMAZIORAKO DIRU-LAGUNTZAK

26. artikulua.– Eskatzailearen betebehar espezifikoak.

Agindu honetako 3.1 artikuluan adierazitako betebeharrei kalterik egin gabe, honako baldintzak betetzen dituzten lokalaren titularrak direla edo zuzeneko musika programatzen duten musika-aretoen kudeatzaileak direla egiaztatu behar dute eskatzaileek:

a) Euskararen geografiaren eremuaren barruan kokatuta egotea.

b) Musika-ekitaldietarako behar den hirigintza- edo udal-lizentzia izatea, bai eta erantzukizun zibileko aseguruak ere.

c) Gutxienez 120 lagunentzako edukiera legala izatea.

d) Musika programaziorako ekipamendu eta langile teknikoen multzo egonkorra izatea.

e) Ordain-sarrerako 25 musika-ekitaldi, gutxienez, programatu izana 2013. urtean, kanpoan utzita DJ saio esklusiboak, amateurren kontzertuak eta ospakizun partikularrak.

27. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak eta aretoen konpromisoak.

1.– Modalitate honen helburua da 2014ko urriaren 1etik 2015eko apirilaren 30era bitartean egiten diren euskal musika-taldeen programazioak laguntzea.

2.– Modalitate honen bitartez lagundutako kontzertuetan programatzen diren taldeek hauetariko baldintza bat bete beharko dute: a) musikaren sortzailea edota beren kideen erdia Euskal Herrian helbidea izatea; b) beren ohiko errepertorioan euskara hizkuntza nagusia izatea.

3.– Laguntzen diren musika kontzertu edo ekitaldiek baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Programan bi talde izatea: hasierakoa eta nagusia.

b) Sarreraren preziorik baxuena 6 euro izatea.

4.– Modalitate honen bitartez diru-laguntza jasotzen dutenek konpromiso hauek bereganatuko dituzte:

a) Hala badagokio, diruz laguntzen zaizkion musika ekitaldi kopurua gutxienez antolatzea, Deialdi honetan xedatutako baldintzen arabera.

b) Agindu honetako 28.3 artikuluan adierazten diren erreferentzia finko eta erlatiboen arabera erabiltzea modalitate honen bidez jasotzen diren diru-laguntzak, hori guztia musika zirkuitu pribatuaren ohiko funtzionamendu, negoziazio eta finantzaketa bideak eragotzi gabe.

c) Lokal publiko eta kontzertu-antolatzaile gisa dagozkien obligazio guztiak betetzea.

d) «Zuzen-Zuzenean» goiburupean antolatzen den zabalkunde kanpainan parte hartzea.

28. artikulua.– Diruz lagundu beharreko ekitaldi kopurua, laguntza moduluak eta gastu kontzeptuak.

1.– 26. artikuluko baldintzak betetzen dituzten aretoek gutxienez bi eta seiren arteko musika ekitalditarako diru-laguntza jaso ahal izango dute, betiere 27. artikuluan azaldutako ezaugarrien arabera antolatuak. Aipaturiko gehienezko muga hori gainditu ahal izango da, deialdi honetan aurkezten diren eskabide kopuruaren eta behin betiko baliabide ekonomikoaren arabera.

2.– Areto bakoitzari emango zaion diru-laguntzaren kalkulua, bakoitzari dagokion gutxienezko ekitaldi kopuruaren eta ekitaldi bakoitzerako finkatzen den honako moduluen arabera:

(Ikus .PDF)

Dagoen dotazioaz ahalik eta gehien baliatzeko, aipaturiko kopuruak gora edo behera doitu ahal izango dira, gehienez % 10eko tarte baten barruan, eskabide kopuruaren arabera eta areto bakoitzak lorturiko puntuazioaren arabera.

3.– Diruz lagundutako gastu kontzeptuak eta beren portzentaiak.

Jasotako diru-laguntza osotik aretoek gastu kontzeptu desberdinetara zuzendu beharreko portzentaiak ondorengoak izango dira:

(Ikus .PDF)

4.– Modalitate honen bitartez lagundutako kontzertuetan parte hartzen duen edozein talderen ordainsaria ez da inoiz 300 euro baino txikiagoa izango.

29. artikulua.– Balorazio irizpideak eta diru-laguntzak banatzeko irizpideak.

1.– Areto bakoitzean zenbat musika ekitaldi lagundu behar diren zehazteko, puntuazio-baremo bat erabiliko da, ondorengo erreferentzien arabera:

a) 2013. urtean egiaztatutako ordain-sarreradun programazioa:

a.1.– Musika programatzen den egunen kopurua: % 20.

a.2.– Programatzen diren musika taldeen kopurua: % 10.

a.3.– Programatzen diren euskal taldeen kopurua: % 30.

a.4.– Nagusiki euskarazko errepertorioa duten programatutako taldeen kopurua: % 20.

b) Aretoaren ezaugarri orokorrak: % 10.

c) Kontrataturiko pertsonal teknikoa: % 10.

Aurreko b) eta c) atalei dagokienez, aretoak 3 tipologietan sailkatuko dira (3, 6 eta 10 puntu), dituzten elementu teknikoen eta 2013an kontrataturiko pertsonal teknikoaren arabera.

2.– Areto bakoitzari diruz lagunduko zaizkion gutxienezko kontzertuen kopurua kalkulatzeko, eskuratzen den puntuazioaren tarteen araberako aplikazio haztatua egingo da, proportzionalki, betiere 28 artikuluan adierazitako erreferentziak gordeta.

30. artikulua.– Modalitate hau ebaztea eta kontzertuak sustatzea.

1.– Modalitate honen azken buruko ebazpenak eskatzaile bakoitzari emandako diru-kopuru orokor bat eta kopuru horrekin antolatu beharreko gutxienezko ekitaldi kopurua ere. Ebazpen hori 2013ko irailaren 10a baino lehen jakinaraziko zaie onuradunei.

2.– Programa espezifikoa gauzatu baino hogei egun lehenago, gutxienez, jakinarazi behar diote aretoek Sailari programa hori zertan datzan, bai eta deialdi honen esparruan programatu beharreko musika ekitaldi bakoitzaren baldintza zehatzak zein diren ere, (horretarako, dagokion Formularioa erabiliz). Epe horretan jakin arazitako eta deialdi honetako baldintzak betetzen dituzten ekitaldiak soilik, kontsideratuko ahalko dira diru-laguntzaren behin-betiko kitapenerako.

3.– Modalitate honen bitartez lagundutako kontzertu programazio guztia baita musika ekitaldi bakoitza, Hezkuntza, Hizkuntza politika eta Kultura Sailaren Euskadiko Soinuak programaren esparruaren ‘Zuzen-Zuzenean’ goiburupean zabaldu beharko dira.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Lehenengoa.– Eskatutako diru-laguntzen zenbateko osoa kontuan hartuta, 2. artikuluan ezarritako zenbatekoak gehitu ahal izango dira, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen ebazpen baten bitartez, baldin eta Hezkuntza, Hizkuntza politika eta Kultura Sailaren beste programa batzuk gauzatu ondoren aurrekontuetako izakinak agortu ez badira. Aldaketa hori eskabideei buruzko erabakia hartu aurretik egin beharko da. Horretarako 2.2 artikuluan aipatutako irizpidea aplikatuko da. Sailburuordearen ebazpena EHAAn argitaratuko da.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Agindu honen bidez araututako diru-laguntza programa batzordearen abenduaren 18ko 1407/2013 araudian ezarritako minimis arauaren mendean dago (araudi hori Tratatuko 107. Eta 108. artikuluak minimis diru-laguntzei aplikatzeari buruzkoa da). Ondorioz, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak beharrezkoak diren mekanismoak jarriko ditu abian, enpresa jakin bati emandako diru-laguntza osoa ez dela 200.000 eurotik gorakoa izango bermatzeko hiru ekitaldi fiskaletako edozein alditan.

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak xedatutakoa betez, eskabidean agertzen diren datuak Eusko Jaurlaritzaren «Ayudas y subven. creación cultural» izeneko fitxategian sartuko dira. Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren Kultura Sustatzeko Zuzendaritza da fitxategi horren titularra eta 2006ko uztailaren 27ko Aginduan araututa dago. Fitxategiak laguntza emateko espedienteak kudeatzea du helburu. Aldez aurretik, Datuak Babesteko Agentziari eman zaio horren berri, eta datuen segurtasun osoa bermatzeko behar diren segurtasun-neurriak ezarrita ditu. Fitxategiaren datuak, bestalde, ez zaizkie beste pertsona batzuei jakinaraziko, legeak bideratutako kasuetan izan ezik.

Datu pertsonalen babesari buruz indarrean dauden arauei jarraikiz, eskatzaileak badu sartzeko, zuzentzeko, ezerezteko eta aurka egiteko eskubideez baliatzea, Datu Pertsonalak Babesteari buruzko Lege Organikoak berariaz aitortzen duen bezala. Horretarako, badu Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren Zerbitzu Zuzendaritzara jotzea (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).

Halaber, Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak erkatu ahal izango ditu adierazitako datuak eta berariazko egiaztapenak egin ahal izango ditu laguntzak behar bezala esleitzeko.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari. Bere aurka, interesatuek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal diote Hezkuntza, Hizkuntza politika eta Kultura sailburuari hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko jurisdikzio horretako salan bi hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko maiatzaren 30a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.


Azterketa dokumentala