Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

109. zk., 2014ko ekainaren 11, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
2549

84/2014 DEKRETUA, maiatzaren 27koa, Igeldoko (Donostia, Gipuzkoa) Funikularra eta Parkea kultur ondasun, monumentu-multzo kategoriarekin, kalifikatzeko dena.

Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioko 148.1.16 artikuluaren babesean eta Autonomia Estatutuko 10.19 artikuluaren arabera, kultura-ondareari buruzko eskumen osoa bereganatu zuen. Aipaturiko eskumen hori gauzatuz, Euskal Kultur Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legea onartu zen, Euskal Autonomia Erkidegoan kultura-interesa duten ondasunak deklaratzeko prozedurak ezartzen dituena.

Eskumen horiek baliatuta, Igeldoko Funikularra eta Parkea kalifikatzeko espedientea tramitatzen da duen interes historiko-arkitektonikoa eta kulturala kontuan izanda.

2013ko ekainaren 11ko Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen ebazpenaren bidez (ekainaren 26ko EHAA, 121. zk.) hasiera eman zitzaion Igeldoko (Donostia, Gipuzkoa) Funikularra eta Jolas Parkea Monumentu Multzoko kategoriarekin Kultura Ondasun Kalifikatu deklaratzeko espedienteari.

Informazioa jendaurrean jartzeko eta interesdunei entzuteko izapideak egin ondoren, Monte Igueldo, S.A. enpresak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak alegazioak aurkeztu zituzten.

Enpresak bi alegazio-idazki aurkeztu zituen. Hasierako idazkian eskatzen zuen alde batetik, eremu batzuk (Mirador-Parque-Hotel) deklaraziotik ateratzeko eta bestetik, III. eranskineko 17, 18 eta 19. artikuluetan jasotzen diren esku hartzeko irizpide eta jardunei buruzko baldintzak arintzea, eta horien ordez, diseinua, bideragarritasun ekonomikoa eta ondareari zor zaion errespetua uztartzeko proposamenak hartzea. Bigarrenean, espedienteari hasiera emateko ebazpenaren eranskinetan aldaketa batzuk proposatzen zituen.

Gipuzkoako Foru Aldundiak parkea eta parkea osatzen duten elementuen deskribapena eta babes araubidea gehiago zehaztea nahi zuen, babes araubidean jasotakoaren aplikazioa bere eskumena delako.

Kultura Ondarearen Zentroko Zerbitzu Teknikoen txosten teknikoak ikusita (espedientean jasota daude) eta haietan azaldutako arrazoietan oinarrituta, alegazio batzuk partzialki onartu dira eta beste batzuk ez. Horretaz gain, babes araubidearen artikulu batzuen testuak aldatu dira idazketa hobetzeko asmoz, eta espedientearen izenean ere aldaketa egon da aipatutako txostenetan ematen diren arrazoiengatik.

Ondorioz, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 11.1 eta 12. artikuluetan ezarritakoarekin bat etorriz, Kultura Ondarearen Zentroko zerbitzu teknikoek egindako aldeko txostena aztertu ondoren, eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren proposamenaz eta Gobernu Kontseiluak 2014ko maiatzaren 27ko bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Igeldoko (Donostia, Gipuzkoa) Funikularra eta Parkea sailkatutako kultura ondasun deklaratzea, monumentu-multzo kategoriarekin.

2. artikulua.– Ondasunaren mugaketa dekretu honen I. eranskinean ezarritakoa izango da, bertan adierazitako arrazoiak oinarri dituela.

3. artikulua.– Sailkatutako ondasunaren deskribapena egitea, kultur ondarearen alorrean indarrean dauden legeek diotenaren arabera, dekretu honen II. eranskinean adierazitako eran.

4. artikulua.– Dekretu honen III. eranskinean agertzen den babes-araubidea onartzea.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako Sailak Euskal Kultura Ondarearen Zentroari atxikitako Sailkatutako Kultura Ondasunen Erregistroan inskribatuko du Igeldoko Funikularra eta Parkea.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak dekretu honen berri emango du Jabetza Erregistroan, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 26. artikuluan ezarritakoa betetzeko, eta, horrekin batera, honako erakunde hauei jakinarazi: Monte Igueldo, S.A. enpresari, Donostiako udalari, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Gazteria eta Kirol Departamentuari eta Ingurumen eta Lurralde Antolaketa Departamentuari eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumena eta Lurralde Politika Sailari.

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak eskaera egingo dio Donostiako udalari udal hirigintza-araudia egokitu dezan multzo horren babes-araudiak ezartzen dituen betebeharretara, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 12.2 artikuluak hala xedatzen duelako.

LAUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Argitara dadila dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, jende guztiak horren berri izan dezan.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Udal planeamendua dekretu honetan ezarritako babes-araubideari egokitzen zaion arte eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren oniritzia izan arte, monumentu-multzoaren mugaketak hartzen duen eremuan egin beharreko esku-hartzeek aldez aurretik Gipuzkoako Foru Aldundiko organo eskudunen baimena beharko dute, eta baimen horren ondotik eskuratu behar da udal lizentzia, halaxe xedatzen du-eta Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 29.1 artikuluak.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Dekretu honek administrazio-bidea amaitzen du. Beraz, aurretik beronen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Gobernu Kontseiluari hilabeteko epean, edo bestela zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko jurisdikzio horretako salan bi hilabeteko epean, azkenekoz argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Dekretu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean bertan sortuko ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteizen, 2014ko maiatzaren 27an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

MAIATZAREN 27KO 84/2014 DEKRETUAREN I. ERANSKINA
MUGA

Mugaren esparrua.

Erantsitako dokumentazio grafikoan zehaztutakoa da mugaren esparrua, eta kultura-intereseko honako gune, ondasun higigarri eta higiezinak biltzen ditu:

– Funikularraren azpiegitura bera, haren funtsezko ekipamenduekin, ibilbidearekin, makinekin, ibilgailuekin, eraikinekin eta III. eranskineko zerrendetan zehaztutako gainerakoekin.

– Txertatzeko baliatzen duen euskarria, azpiegituraren ibilbidearen ardatzaren alde bakoitzean dagoen lau metroko lur-zerrenda barne.

– Parkea eta hura inguratzen duen ingurune urbanizatuarekin.

– Lursail oso bat, bere hedadurarekin elementu horiek guztiak biltzen dituena, eta guztiak ere osorik hartzea eta babestea bermatzen duena.

Monumentu Multzoa parkeak eta hura inguratzen duen ingurune urbanizatuak definitzen dute, baita funikularraren ibilbidearen ardatzaren alde bakoitzean 4 metroko linea bat proiektatzearen ondoriozko lur-zerrendak eta beheko geltokiak ere.

Mugaren justifikazioa.

Igeldoko funikularraren eta parkearen multzoaren balioak zaindu beharrak justifikatzen du proposatutako muga, azpiegitura baita babestu beharreko eszenatoki fisikoa osatzen duen kultura-unitate horren ardatz egituratzailea multzo horretan, betiere Euskal Kultura Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legearen babespean.

Ondasunak eszenatoki fisiko jakin batean txertatzen dira, eta, hori horrela, kultura-unitate hori ezin liteke soilik interpretatu elementu isolatuen batura gisa, eta, aitzitik, dagokion lurralde-testuingurua behar du. Horrenbestez, ondasunen multzo horri behar bezalako babesa eman eta balioan jartzeko, alboko guneak babestea eskatzen duen ingurune bat mugatu behar da, haien jatorrizkotasuna eta multzoaren beraren batasuna zaintzeko.

Azaldutako guztiarengatik, honako hauek biltzen ditu muga honek: parkea, funikularraren funtsezko ekipamendua, ibilbidea, makinak, ibilgailuak, eraikinak, txertatzeko baliatzen duen euskarria eta ingurunea.

(Ikus .PDF)
MAIATZAREN 27KO 84/2014 DEKRETUAREN II. ERANSKINA
DESKRIBAPENA

Igeldo mendiko funikularra Euskal Herriko zaharrena eta Estatuko hirugarren zaharrena da, Bartzelonako Tibidaboko eta Vallvidrierako funikularren atzetik (1901 eta 1906, hurrenez hurren), gaur egun biak aldatuta badaude ere. Emilio Huici ingeniariaren diseinupean eraiki zen, eta Severiano Goñik zuzendu zuen obra, hura ere ingeniaria, jendeari Igeldo mendiaren goiko aldera iristea errazteko, Donostia hiriko mendebaldean. 1912ko abuztuaren 25ean inauguratu zuen Maria Cristina erreginak, eta sektoreko enpresa espezialista batek, Bernako Von Roll Fonderie suitzar enpresak, hornitu zuen guztira 312 metro luze dituen trenbidea.

Aztergai dugun funikularrak bi bagoi edo ibilgailu ditu luzekako habe metalikoen gainean irrits egiten dutenak, kable traktore batek batzen dituela, dibidieta eragilearen poleak eraginda.

Bidea.

Ibilbidea lerrokadura zuzenekoa da, bide metriko sinplean egiten da hormigoizko lauzaren gainean, eta hiru pontoi edo pasabide ditu itsasargitik Igeldora sartzeko errepidea gainditzeko. Ibilbidearen erdialdera, trenbidea bitan banatzen da (Roman Abt ingeniari suitzarraren sistema), bagoiak gurutzatzea ahalbidetzeko.

Gurutzatze sistemaren funtsa da ibilgailuaren alde bakoitzeko gurpilak desberdinak direla: bagoiaren alde batean –ezkerra edo eskuina, gurutzatze-posizioaren arabera– erlaitz bikoitza dute gurpilek eta, kontrako aldean, ez dute halakorik eta zabalagoak dira. Horrela, erlaitz bikoitzeko gurpilek bermatzen dute ibilgailuak beti alde beretik zirkulatzea, eta ez da beharrezkoa gurutzatzeko pieza mugikorrak erabiltzea edo trenbide-aldaketarik egitea. Gurutzagunean, barruko erreien jarraitutasuna eten egiten da kablea pasa dadin eta erlaitzik gabeko gurpilen zabalerak etena arazorik gabe gainditzea ahalbidetzen du.

Trenbidea.

Forma triangeluarreko burua duten erreiek osatzen dute trenbidea, eta sekzio horrek bagoien larrialdiko balaztaren jarduna errazten du. Hormigoi armatuzko plaka jarraitu batean enbutitutako profil angeluarreko luzekako habe metaliko batzuen gainean jarrita daude erreiak, trenbidearen oinarria osatzen du plaka horrek, eta, horrenbestez, ez dauka balasto harririk. Trenbidea behar bezala eustea ahalbidetzen du soluziobide horrek, eta trenbidearen materialak mugi ez daitezela lortzen du aldi berean. Bidean zehar, eskuineko aldetik gorakako noranzkoan, mailakatutako oinezkoentzako pasabide bat dago ikuskapen- edo mantentze-lanetarako, zubien arkuen gainetik luzatzen dena.

Trakzio-sistema.

Trakzio-sistema goiko geltokian dago eta motor batek markatzen du mugimendua, hiru erredukzio-faserekin, polea handi bat eraginez, eta hark, aldi berean, trakzio-kablea mugitzen du.

Lehenengo erredukzio-fasean, transmisio-ardatzaren bolantearen gainean bira egiten duten uhalek 1.695 mm-ko diametroko polea bat mugitzen dute, galgatze-bolanteak eta 600 mm-ko diametroko pinoi horzduna biltzen dituen ardatz berean sartutakoa. Pinoi hori 1.945 mm-ko diametroko gurpil horzdun batekin engranatuta dago, eta hori guztia bigarren erredukzio-fasea da, eta, autolubrikatutako kutxa itxi batean biltzen da.

Bigarren erredukzio-fasean, aurreko gurpil horzdunaren ardatz berean muntatutako 738 mm-ko pinoi bat 3.577 mm-ko diametroko polea eragilearen zati horzdunarekin engranatzen da (erredukzio hori babes-kutxarik gabe egiten da).

Polea eragileak arrastatzen du kable traktorea, eta zati horzdun bat eta ildaska bikoitzeko beste bat dauzka zeregin hori betetzeko. Inbertsio-polea batek osatzen du sistema, lepo hirukoitzekoa eta 3.000 mm-ko diametroa duena, kableak polea eragilearekin duen ukipen-azalera gehitzen eta kablea kanpo-poleen linearantz eramaten laguntzen duena.

Bernako Von Roll Fonderie enpresak hornitu zituen makinak, eta hasieran 50 ZPko motor bat zuen, 600 bira minutuko egiten zituena. Denborak aurrera, motorra aldatu egin dute, eta 220 V-ko 125 ZPko motor bat du gaur egun, zerbitzu osoari 1,5 metro segundoko abiadura eraginez.

Jatorrizko kable traktorea tortsio motakoa zen, 39 mm-ko diametrokoa, bakoitzak 19 hari eta kalamu-arina dituen sei kablez osatutakoa. Trenbidearen erdialdetik doa, lineako poleetan oinarri hartuta, ibilbideari egokitzea ahalbidetzen baitiote.

Agintea eta erregulazioa.

Instalazioak goiko geltokian kokaturiko aginte-postu bat dauka, eta postu horretatik eskuz kontrolatzen dira martxa eta balaztatze-sistema, hankako balaztez eta larrialdiko balaztez osatuta dagoena. Bi balaztak baraila motako dispositibo mekanikoak dira eta egurrezko zapata batzuek lehenengo txikiagotze-fasearen ardatzean kokaturiko balazta-bolantetan egiten duten marruskadura-indarraren bitartez eragiten zaie.

Nolanahi ere, ibilgailuek bi balazta-sistema dituzte (zerbitzukoa eta larrialdikoa), instalazioaren gainerako balaztatze-sistemekin zerikusirik ez dutenak. Bi dispositibo horiek baraila motako mekanismoen bidez eragiten dute trenbidean errailean eragiten duten zapaten bitartez. Biradera erlojuaren orratzen norabideari jarraiki biraraziz eragiten zaio esku-balaztari; larrialdiko balazta, aldiz, Ruprecht motakoa da bagoiaren kablearen tentsioa desagertu bezain laster hasten da lanean. Kasu horretan, kontrapisuak askatu egiten dira eta erortzerakoan malgukiei eragiten diete eta barailak errailaren kontra estutzen dira.

Ibilgailuak.

Jatorrizko itxurari eusten diete aldaketa txiki batzuekin. Barruko aldean, gris argia nagusitzen da jatorrizko eserlekuen egur-tonuarekin nahastuta, eta, kanpoko aldean, gorriz margotuta daude beltz koloreko apaingarri batzuekin.

Bernako Von Roll enpresak hornitutako txasisen gainean eraiki ziren eta karrozeria Donostian jarri zitzaien. 10 m inguruko luzera dute eta bost konpartimentutan banatuta daude; konpartimentu horiek hurrenkeran mailakatzen dira 60 cm-ko kotako aldearekin sarbidea eta eserlekuak horizontalean egon daitezen.

Jatorriz, konpartimentu horietako bat kargarako erabiltzen zenez, gainerakoak baino zabalagoa da, eta irristailu-ateaz gain beste ate eraisgarri bat dauka karga errazago sartzeko.

Bost konpartimentuetatik, hasieran hiruk gortinak zituzten alboetako tarteak (goialdeko marko okerra dutenei dagozkie) ixteko; gaur egun, ordea, zati bat itxita dute beirate baten bitartez arrazoi klimatologikoak direla medio. Arrazoi beragatik, beirate bat jarri zen gidariaren eremuan.

Ezaugarri teknikoak:

Beheko geltokiaren garaiera: 11 m itsas mailaren gainean.

Goiko geltokiaren garaiera: 162 m itsas mailaren gainean.

Ibilbidearen luzera: 312 m.

Malda: 151 m.

Batez besteko malda / gehieneko malda: % 48,39 / % 57,9.

Motor elektrikoa, potentzia: 125 ZP-tik 220 ZP-ra.

Eragingailua: Hiru erredukzioko Von Roll-a.

Zerbitzu-abiadura: 1,5 m/s.

Trazadura: Lerrokadura zuzena.

Trenbidearen zabalera: 1 m.

Muntaketa: Luzekako habe metalikoak hormigoizko lauza gainean.

Gurutzagunea: 80 m-ko luzera / 250 m-ko kurbadura-erradioa.

Geltokiak:

Geltokiak linearen hasieran eta amaieran daude eta kanpoaldean, beheko geltokiaren eraikina nabarmentzen da. Bi geltokien barrualdean gune zabal bat dago maldan, eta hor hobia eta nasa mailakatuak daude, bidaiariak ibilgailuetara sartzea ahalbidetzen dutenak.

Linearen erdibidean bi geraleku txiki zeuden 0,128 eta 0,201 puntu kilometrikoetan, baina hirurogeita hamarreko hamarkadatik aurrera ez dira erabiltzen.

Beheko geltokiko eraikina nabarmentzen da; estilo modernista du, 1912an eraiki zuten eta Luis Elizalde arkitektoaren lana da. Bi gorputz ditu, garaiera desberdinekoak eta biek oinplano angeluzuzenak dituzte. Eraikinaren sostengu-egitura independentea da eta habeen eta solairuen euskarri diren karga-horma perimetralek osatzen dute. Bolumen bakoitzaren luzera handiena duen aldearekiko zut jarrita daude oinplanoan karga-horma horiek.

Lehenengo bolumenean Monte Igeldo sozietatearen bulegoak daude. Teilatupean bi solairu gehiago ditu arbelezko mantsardan eta eranskin bat atzeko aldean. Bigarren bolumena geltokirako soilik erabiltzen da eta behe-solairuan dago, estalki lau mailakatua du.

Bi gorputzen fatxadek espresio bera dute eta eraikin publikoaren izaera, pilastra erantsiekin laukiztatutako sarbidea dute puntu-erdiko arkuen azpian dauden hiru atez osatua. Bi bolumenak harlanduzko lanean prestatutako zokalo baten bitartez elkartzen dira beheko tartean lehenengo inposta-linearaino. Goiko aldean bigarren inposta batez etendako kuxin-formako harlangaitz-horma erabiltzen da, harlanduak izkinetan, inguruak baoguneetan eta zurezko bilbaduren erreferentziak mantsardaren txapituletan. Baoak bolumen bakoitzaren fatxadan banatzen dira beren simetria-ardatzaren arabera.

Kanpoko aldetik, fatxadetan ez da denbora igarotzearen ondorioz sortutako zahartze-seinale garrantzitsurik eta kontserbazio-egoera orokor onean daude, nahiz eta behe-solairuko baoetan eta lehen bolumenaren teilatu-hegalean aldaketa batzuk egin diren.

Goiko geltokiak, sinpleenak, interes gutxiago du eta aldatuta dago.

Igeldoko parkea.

1912an inauguratu zuten eta hasieran kasino bat zegoen –gaur egungo hotela eraikitzeko eraitsi zutena–, eta gaur egun dagoen dorrea eraberritu zen. 1926an Scenic Railway bat, suitzar mendia deitutakoa, eraiki zuten; horrez gain, dorrea eta skating pista (gaur egun hoteleko igerilekua dago hor) izan ziren esparruaren lehendabiziko berrikuntzak jokua debekatzearen ondorioz sortutako egoerara egokitzeko.

Parkearen plataformak trapezoide irregularraren forma du eta Igeldo edo Txubillo mendiaren tontorrean integraturik kokatzen da. Plataforma Kontxako Badiaren gaineko begiratokia da. Bideak trapezoidea bere lau aldeetako bietatik inguratzen du, hau da ia osorik, NE aldetik izan ezik, eta hor kokatzen da hotela hain zuzen ere. Bi bidetatik iristen da bide perimetral horretara: itsasargiko errepidetik eta Igeldoko herrira Ondarretatik igotzen denetik. Tunel batek parkea zeharkatzen du plataformaren azpitik eta itsasargitik datorren bidea hoteleko sarbidearekin lotzen du.

XVI. mendetik dakigu «la Farola» deituriko dorrea dagoela; nolanahi ere, egungo dorrearen irudia Luis Elizalderen proiektuaren arabera antzinako dorrean 1913-1914an egindako esku-hartzearen ondoriozkoa da, beste solairu bat gehitu zitzaion lehiate handiekin begiratoki gisa eta haren gainean terraza panoramiko bat. Dorreak laukizuzen itxurako oina du, bost alturakoa, eta bi zatik osatzen dute. Lehendabizikoak bigarren alturatik gora erpin alakatuak dituen lau alturako oinarri bat osatzen du. Bao-ardatz bakarra du lehioburu kurbatu eta dobelatuekin, lau aldeetako bakoitzean. Bigarren zatiak altura bakarra du eta modiloien gainean oinarritzen den lau garita handi jarri zaizkio erpin bakoitzean. Azkeneko solairuan dorreak lau leiho ditu alde bakoitzean eta hiru leiho gehiago, gezileihoak, garita handi bakoitzean.

Ondorengo denboraldietan, gizartearen gustu eta ohituren eboluzioari jarraituz, parkeko atrakzio gehienak gehitu ziren, barrearen pasabidea, karrusel bat, automobil elektrikoak, hegazkintxoak, zartailua, haurrentzako txotxongilo-antzoki bat, ibai misteriotsua eta txalupen urtegia eta labirintua. Parkearen kokapena aldatu egin da atrakzio gehiago ekarri direlako, batzuetan berriak gehitu dira eta beste zenbaitetan zaharren ordez beste batzuk jarri dira, eta gaur egun daudenen artean honako atrakzio egituratzaile hauek nabarmentzen dira:

1.– Ibai misteriotsua. Honako elementu hauek ditu: noria eragile bat, hormigoizko ubide bat eta zurezko ontziak.

2.– Suitzar mendia. Atrakzio horren berezitasuna da euste-egitura hormigoi armatuz soilik eraikita dagoela. Egitura horren gainean zurezko ibilgailuak igarotzen diren burdinazko linea dago, eta ibilgailu horietako batean igota dagoen pertsona batek gidatzen ditu ibilgailuak linea horretatik. Malda apalak dituen ibilbidea tuneletan eta bidezuloetan barrena igaroz amaitzen da, trapezoide irregular forma du eta Igeldo mendiaren tontorra inguratzen du. Bere ibilbidean txalupen urtegia zeharkatzen du lekuko harrizko fabrikaz egindako arku gutxituen egitura baten gainean.

3.– Txalupen urtegia. Kardioide forma duen igerileku-urmael goratua da, eta hainbat txalupa ibiltzen diren haren gainean; txalupa horiek hasieran arraunezkoak ziren, eta ondoren eztanda-motorrezkoak, baina gaur egun motor elektrikoak dituzte.

Gainera, gaur egun oraindik antzinako iragarkiak, garaiko iturri bat, burdinurtuzkoa, eta parkea mugatzen duen burdinurtuzko baranda orijinalaren zati handi bat daude.

Baranda hori plataformaren SEan kokatzen da, badiaren aurrean. Eskudel eta fustez osatuta dago eta horien artean kokatzen dira elementu lineal horizontal eta bertikalak. Beraien artean dago barandaren motibo nagusia: bi obalo, zeinen artean XX mende hasierako Art Nouveau-ri dagozkion landare-formak ageri diren. Obaloaren bi aldeetan, zirkunferentzia batetik, Vienako Sezesioko ereduak gogorarazten dituzten hiru elemento lineal ateratzen dira (erdiko elementua luzeagoa da).

Parke guztian lekuko harrizko fabrikako elementuak daude, eta zenbait puntutan garaiko lan modernistak gogorarazten dituzten paisaian txertatutako formazio organiko gisa agertzen dira.

Iturri edergarria, burdinurtuzkoa, basa batek osatzen du, zeinaren gainean kokatzen den euskarri bat hiru kerubin dauzkana. Horiek azpiko alde apainduzko burdinurtuzko azpila eusten duten, eta bertan erortzen da balaustre baten forma duen elementu batetik ateratzen den ura. Azpil horretatik ura iturriaren basora erortzen da.

«Escamas Baquesil»-eko iragarkia goiko geltokiaren irteeran dago eta azulejuz egina dago.

MAIATZAREN 27KO 84/2014 DEKRETUAREN III. ERANSKINA
BABES ARAUBIDEA
ATARIKO TITULUA

1. artikulua.– Babes erregimenaren xedea.

Babes Araubide hau Donostiako Igeldoko funikularra eta parkea Monumentu Multzo kalifikatutzat hartzen duen deklarazioaren zati da, eta, horrenbestez, kalifikazioaren eraginpean dauden ondasunen kontserbazioa araubidearen menpe jarri beharko da.

2. artikulua.– Aplikazio-eremua.

Kultura-ondare horren interes kulturala gune eta eraikin multzo honetan dago, baita funikularrari eta parkeari lotutako azpiegituran eta instalazioetan ere. Horregatik, kultura-unitateari ezin zaio bere edukiaren zati bat kendu, ezta unitate horren osagaien izaera ere.

Horrenbestez, ondoren ezarriko den Babes Araubidea Igeldoko funikularraren eta parkearen kultura-unitate osorako aplikatuko da, eta honako hauek hartzen ditu barnean kultura-unitate horrek: higigarrien eta higiezinen ondasun guztiak eta definituriko eremuan bildutako guneak, I. eta II. eranskinetan ezarritako mugaren eta egindako deskribapenaren arabera, hurrenez hurren.

3. artikulua.– Edukia.

Babes-araubidea hobeto ulertzeko eta erabiltzeko, bi zatitan antolatu da:

– Lehenengo zatian araubide orokorra dago, bertan xedapen orokorrak eta esku hartzeko baldintzak biltzen dira.

– Bigarren zatia industria-ondare hau osatzen duten ondasun guztien izaeraren arabera gauzatu beharreko esku hartzeko araubide espezifikoei dagokie.

Gauzak horrela, ondasun higiezinen barruan honako hauek bereizten dira: alde batetik, instalazioari loturiko ondare arkitektonikoa; eta bestetik, kable bidezko garraio-instalazioaren euskarria eta bide-azpiegitura; kapitulu honetan parkeko atrakzio egituratzaileak biltzen dira. Ondasun higigarrien artean makinak, ibilgailuak edo bagoiak, altzariak eta azpiegituraren ekipamendua eta azpiegiturarekin loturiko guneak daude.

I. TITULUA
ARAUBIDE OROKORRA
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

4. artikulua.– Eraginpean hartutako ondasunak.

Babes Araubide honen eraginpean hartutako ondasunak Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legean ezarritakoaren eraginpean daude, baimenen, erabileraren, jardueraren, defentsaren, zehapenen, arau-hausteen araubideari eta gainerakoei dagokienez.

5. artikulua.– Hirigintza-plangintzaren tresnak.

Araubide honetako aginduek Monumentu Multzoari eragiten dieten hirigintza-plangintzaren tresnak lotzen dituzte, Euskal Kultura Ondareari buruzko Legearen 28.1 artikuluan aurreikusten denaren arabera.

Plangintza araubidera egokitu beharko da onartu aurretik, baldin eta lantze-prozesuan badago, edota Deklarazioa egin aurretik indarrean baldin badago, araubidera egokituko da aldatuz edo berrikusiz, eta nolanahi ere, Kulturaren alorrean eskumena duen Eusko Jaurlaritzaren Sailaren aldeko txostena beharko du.

6. artikulua.– Eraispena eta suntsipena.

Ezin izango dira Monumentu Multzoa osatzen duten ondasun higiezinak eraitsi edo ondasun higigarriak suntsitu (osorik edo zati bat), Euskal Kultura Ondareari buruzko Legearen 36. eta 40. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

Aurri-egoeraren deklarazio-espedienteak ebazteko jarraitu beharreko prozedura kalifikatutako eta zerrendatutako kultura-ondasunen aurri-egoeraren deklarazioari buruzko eta haiek eraisteko erabakiaren aurretik eta ondoren egin beharrekoei buruzko azaroaren 10eko 306/1998 Dekretuan araututa dago.

7. artikulua.– Kontserbatzeko betebehar orokorrak.

Babes Araubide honen eraginpean dauden ondasunen jabeek honako hauek ezartzen dituzten kontserbazio-, zaintza- eta babes-betebeharrak bete beharko dituzte:

– Euskal Kultura Ondareari buruzko 20. eta 35. artikuluek eta Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 24. eta 199. artikuluek ondasun higiezinei buruz.

– Euskal Kultura Ondareari buruzko Legearen 37. artikuluetan eta ondorengoetan ondasun higigarriei buruz.

Era berean, Euskal Kultura Ondareari buruzko Legea garatzeko, babes-araubide honen aginduak lotesleak dira, eta eraginpean hartutako ondasun guztiak araubide honen arabera kontserbatu, mantendu eta zaindu beharko dira.

II. KAPITULUA
ESKU HARTZEKO BALDINTZAK ETA IRIZPIDEAK

8. artikulua.– Dokumentazioaren baldintzak.

Babes-araubide honen eraginpeko multzoan sartzen diren ondasunen gainean esku-hartzeren bat gauzatu aurretik, dokumentazio teknikoa aurkeztu beharko da eta dokumentazio horretan gutxienez honako hauek bildu beharko dira:

1.– Ondasunaren azterketa-diagnostikoa, honako hauek bilduta:

– Gaur egungo egoeraren dokumentazio grafiko zehatza, eskala egokian (eraikinen kasuan, 1/50 eskala oinplanoetan; fatxada eta sekzioetan, arkitektura-xehetasunak 1/20 eskalan), argazki-dokumentazio osoa, plano historikoak eta abar; bereziki, sistema teknologikoaren eta/edo egitura-sistemaren altxaera zehatz, dimentsionatu eta kotatuan; aurretiko bisten azterketa estratigrafiko osoan.

– Ondasunari buruzko ikerketa historiko-teknikoa, honako hauek jasota: ondasunaren azterketa historiko eta tekniko osatua, Unitate Estratigrafiko guztiak barnean hartuz eta bakoitzaren erregistroko fitxa tekniko osatuak idatziz; Fabrika Liburuen transkripzioa bereziki nabarmenduz.

– Kontserbazio-egoeraren azterketa-diagnostikoa, honako hauek jasota: patologiei buruzko azterketa bat, egitura-sisteman edo segurtasun-sisteman eragiten duten edo eragin dezaketen patologiei bereziki erreparatuta; ondasunaren patologiak edo narriaduraren arrazoiak; eta elementuak babesteko aurreikusi diren neurriak.

2.– Esku-hartze proposamena, honako hauek bilduta:

– Erabili beharreko jardun eta tekniken balioespen justifikatua egiten duen dokumentazio idatzia eta, hor, erabiliko den materialaren kalitatea, egokitasuna eta egonkortasuna adieraziko da, baita zer elkarreragin duen gainerako osagarriekin ere.

– Egin beharreko esku-hartzeen dokumentazio grafikoa; erabili beharreko materialak; lanak egikaritzeko faseak, baita bukaerako egoera ere, goian aipaturiko eskaletan proiektatuta. Egin beharreko esku-hartzeek fabrikak edo makineria eraginpean hartzen badituzte, Egikaritze Unitate bakoitzari dagozkion fitxak idatzi behar dira, erregistro zorrotza izateko.

– Esku-hartzearen aurrekontua, esku-hartze hori babes-araubide honek ezarritako aginduen arabera egikaritzeko behar diren teknika eta bitarteko guztiak barnean hartzen dituena.

– Mantentze-lanetako plana, eraikinen, makinen, azpiegituren eta elementu guztien bizitza ziurtatzeko eta egoki mantentzeko behar diren teknikak eta bitartekoak zehaztuta.

Gipuzkoako Foru Aldundiko organo eskudunak adierazten duen kasuetan, azterlan osagarriak, historikoak, arkeologikoak edo bestelakoak ere egin beharko dira.

9. artikulua.– Esku-hartzeak baimentzeko baldintzak.

Babes Araubide honen eraginpeko ondasunetan –higiezinak eta higigarriak– esku-hartzeak egiteko Gipuzkoako Foru Aldundiko organo eskudunaren baimena eskuratu behar da. Ondasun higiezinen kasuan, baimen hori udal-lizentzia eman aurretik lortu beharko da, betiere Eusko Jaurlaritzan Kulturaren arloan eskuduna den Sailak Deklarazioaren eraginpeko eremua babesteko plan berezien eta/edo lurraldearen eta hiriaren antolamendu-planen aldeko txostena egin ez badu. Ondasunen –higiezinak eta higigarriak– mantentze-lanetako jardunak eta instalazioaren elementu txikiak (zerrendetan zehaztuta dago zer ondasun hartzen den elementu txikitzat) aldatzea ez dira esku-hartzetzat hartuko eta ez dute baimenik beharko.

10. artikulua.– Erabileren baldintzak.

Euskal Kultura Ondareari buruzko Legearen 23. artikuluan xedatutakoari jarraiki, honako erabilera hauek soilik baimenduko dira: multzoaren ezaugarrietara egokitzen direnak, multzoa osatzen duten ondasunak behar bezala kontserbatzea ahalbidetuko dutenak, eta babes-araubide honetan adieraziriko elementuak behar bezala eta bereziki babestea ahalbidetuko dutenak.

11. artikulua.– Sektoreko beste araudi batzuk aplikatzeko baldintzak.

Indarreko sektoreko araudia betetzera bideratutako esku-hartzeak baimenduko dira, bereziki, segurtasunaren eta irisgarritasunaren arloko baldintzak arautzen dituztenak, baina Babes Araubide honetan finkaturiko jardun-mugen barruan.

Salbuespen moduan, aukera guztiak kontuan izan ostean irizpide horiek ezin badira bete eta inpaktu objektibo txikieneko konponbideak Babes Araubide hau urratzen badu, Gipuzkoako Foru Aldundiaren organo eskudunak xedatutakoa bete beharko da, betiere Eusko Jaurlaritzan Kulturaren arloan eskuduna den Sailak aldez aurretik aldeko txostena egin ostean.

12. artikulua.– Esku hartzeko irizpide orokorrak.

Deklarazioa eragin zuen interesa errespetatu behar da ondasunaren kontserbazioan, errekuperazioan, zaharberritzean eta erabileran, baina horrek ez du esan nahi ezin denik gaur egungo elementu, teknika eta materialik erabili ondasuna bere erabilerara hobeto egokitzeko.

Esku-hartze oro multzoaren kultura-balioespenetik eta kulturaren eta ingurunearen, paisaia naturalaren eta/edo hiri-paisaiaren arteko etengabeko harremanetik abiatuta egin beharko da.

Eremu horretan kokatutako interes kulturaleko ondasunak eta guneak zaindu beharko dira eta gorde eta kontserbatuko direla bermatu; era berean, mugaren barruan hartutako gainerako ondasun guztiei balioa emango zaie eta ikusaraziko dira.

Kultura-adierazpen ukigarria edo ukiezina zaindu beharko da, hura ulertzea eta behatzea ahalbidetuz.

Etorkizunean zaharberritzeko beste esku-hartzerik egitea eragotziko ez duten teknikak eta materialak erabiliko dira.

13. artikulua.– Babes-eremuko esku-hartzearen irizpideak.

Gune honetako esku-hartze eta erabilerek ez dute eremuaren izaera arkitektonikoa eta paisajistikoa aldatuko, ez dute eragotziko ondasunaren behaketa edo ez dute ondasunaren osotasun fisikoa urratuko. Lurraldearen geomorfologian eta topografian aldaketa larria eragingo duen lur-mugimendu oro debekatuta dago, baita zaborrak, obra-hondakinak edo hondakinak botatzea ere.

Deklarazioan mugatutako babes-eremuari dagokionez, Funikularraren xedearekin edo ezaugarriekin zuzenean loturarik ez duen eginkizun bat betetzen duten elementu, eraikin eta instalazioak ezabatzeko esku-hartzeak baimendu ahal izango dira, gunea hondatzen badute.

Halaber, ikusizko kutsadura guztia kenduko da. Horrelakotzat hartuko da monumentu multzoko plataformetatik paisaia begiratzen uzten ez duen guztia, eta edozein ikusizko kutsadura, ondasunaren elementu babestuen gain esku-hartzeek, erabilerek edo ekintzek sortua, elementu horien balioak ondeatzen dituena edo horiek begiratzea aldatzen edo uzten ez duena.

II. TITULUA
ARKITEKTURA ONDAREAREN BERARIAZKO ARAUBIDEA
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

14. artikulua.– Aplikazio-eremua.

I. eranskinean finkaturiko mugan biltzen diren higiezin, gune eta arkitektura-elementu guztiei aplikatuko zaie titulu hau.

Arau honi dagokionez, eraikintzat hartuko dira Eraikinen antolamenduari buruzko azaroaren 5eko 38/1999 Legearen 2.2 artikuluan deskribaturiko eraikuntza-egintzak.

Babes-araubide honi dagokionez, babesik gabeko eraikinak dira honako hauek: hotelaren bolumena eta aparkalekua eta Mendi Suitzarraen trazaduraren hegoaldeko zatiaren aurrean dauden etxolak deitutakoak.

Era berean, babesik gabeko elementuak dira barraka desmuntagarriak.

15. artikulua.– Identifikazioa.

Kapitulu honetan biltzen dira dokumentazio grafikoan (planoak eta fitxak) eta hurrengo zerrendan izenaren eta helbidearen arabera identifikaturiko ondasunak:

(Ikus .PDF)

16. artikulua.– Babes berezidun elementuak.

Euskal Kultura Ondareari buruzko Legearen 12.1.e) artikuluan xedaturikoa betetze aldera, garrantzi berezidun elementutzat hartuko dira goiko eta beheko geltokiaren bolumena, eraikitako forma, geltoki-erabilera duten barrutiak, baita beheko geltokiko atari-nasaren harremana ere. Babesik gabe geratzen da beheko geltokiaren atzeko aldea.

Dorrean babes berezia dute bolumenak, eraikitako formak, barruko espazioek eta garaiko elementuek, eta instalazio guztiak ez dira babesten.

Babes berezia dute ere parkeko garaiko elementuek (burdinurtuzko barandak, burdiurtuzko iturriak, harrizko fabrikako egitura organikoek, antzinako iragarkiek) eta beheko geltokiko fatxada nagusiek.

II. KAPITULUA
ESKU HARTZEKO IRIZPIDEAK ETA JARDUNAK

17. artikulua.– Esku hartzeko irizpideak.

Esku-hartzeen bitartez eraikuntza osatzen duten elementuak sendotu, zaharberritu eta berritu egingo dira, baimendutako erabilerak gauzatzeko beharrezkoak diren elementu berriak txertatu eta gehigarri degradatzaileak ezabatu.

Ondasunaren espazioaren antolamendurako ezaugarri tipologikoak, bolumetrikoak eta morfologikoak kontserbatu egingo dira.

Elementu tipologiko formalak eta egiturazkoak errespetatu egingo dira eta barruan ezin izango dira gauzatu elementu horiekiko egokiak ez diren erabilerak.

Ondasunaren benetakotasun historikoa desitxuratzen duten gehigarri mimetikoak debekatuta daude, baita ondasuna guztiz edo partzialki berreraikitzea ere, betiere jatorrizko zatiak erabiltzen ez badira multzoaren kultura-balioak eta izaera atzemateko. Azken kasu horretan, esku-hartze berria ongi bereizi beharko da, irakurketan edo interpretazioan akatsik egon ez dadin.

Barneko guneetan egindako esku-hartze ororen bitartez multzoaren izaera areagotuko da eta altzariak multzoaren ingurumen-izaerarekin integratu eta harmonizatuko dira.

Babes bereziko gainerako elementuei dagokienez (16. artikuluan zerrendatuta daude) kontserbatzeko eta horiei balioa emateko esku-hartzeak –eraikuntza-alorrekoak– egitea baimenduko da eta, horretarako, Ondare Urbanizatua Birgaitzeko Jarduketa Babestuei buruzko abenduaren 30eko 317/2002 Dekretuan zaharberritze zientifikorako ezarritako lanak egitea ere baimenduko da.

Eraikinen barnealdea hustea eraistetzat hartuko da eta, horregatik, 6. artikuluan xedaturiko lege-agindua bete beharko da.

Beheko geltokian, 2. BOLUMENAREN (AR1.02 nasak) estalkiko esku-hartzearen bitartez jatorrizko estalkiak zuen izaera estrukturala berreskuratuko da. Bertan, estalkiaren egitura independente zen eta argia igarotzen uzten zuen. Horrela, garai batean zuen garrantzia galdu egin du babes opakua dela-eta.

14. artikuluan babesik gabekotzat jotako elementu eta eraikinetan ez da aplikatzen obra baimenen kultura kontrol sektoriala.

Hala ere, elementu horien kanpoaldean egindako esku-hartzeek, hala nola toldoak jartzeak, iragarkien instalazioak etab. 7/1990 Euskal Kultura Ondareari buruzko Legearen 29. artikuluan ezarritako aurretiazko baimena beharko dute. Baimen horietan bermatu beharko da elementu horien kanpoaldean egindako esku-hartzeek erabiltzen dituztela teknika bateragarriak, material nobleak, diseinu neurritsuak eta multzoaren balio estetiko babestuekin egokiak diren kolore ez deigarriegiak.

18. artikulua.– Baimendutako jardunak.

– Fatxadak zaharberritzea, konposizioaren batasuna aldatu gabe eta balio estilistiko berezidun elementuak errespetatuta; aldaketa partzialak ez dira baimenduko. Salbuespen gisa, goiko geltokiko fatxadetan bao berriak zabaltzea onartuko da konposizioaren batasuna aldatzen ez bada.

– Gehigarri degradatzaileak eta azkenaldiko garaietan egindako edozein obra ezabatzea, betiere interesik ez badute edo ondasunaren edo inguruaren jatorrizko arkitektura-ezaugarriekin kontraste negatiboa egiten badute.

Horri dagokionez, itsusgarritzat hartzen dira: ageriko material asfaltikoak, bai konponketa puntualetan bai eta zoru zati jarraietan ere; eta terraza-begiratokian jarraitasunik gabeko eta plataforma guztiarentzat tratamendu bateraturik gabeko zoladura desberdinak erabiltzea.

– Garrantzi arkitektoniko edo kultural handia duten barneko guneak (nasak, ataria) zaharberritzea, jatorrizko dekorazioaren arkitektura-elementuei eutsita eta egiturazko antolamenduaren ezaugarrietan aldaketa nabarmenik egin gabe.

– Jatorrizko arotzeriako, fatxadako baoetako, beirateetako, dekorazioetako eta abarretako edozein elementu edo bestelako elementu interesgarriak zaharberritzea edo, hala dagokionean, diseinu berdineko elementu berriak jartzea horien ordez, betiere jatorrizko itxura berreskuratzea ahalbidetuz gero.

– Finkatzea, berreskura ezin daitezkeen zatiak aldatuta, sostengu-hormen, solairuen eta estalkiaren posizioa edo kota aldatu gabe eta jatorrizko estaldura-materiala berrezarrita.

– Babes-araubide honen beste alderdiren bati aurka egiten ez dioten barneko obrak; esate baterako, entokadura eta pintura, zoladuren egikaritzea eta konponketa, barneko arotzeria-lanak, iturgintza-konponketak, berogailuak eta tximiniak.

– Funtsezko instalazio teknologikoak eta higienearen eta osasunaren ingurukoak jartzea, aurretiaz adierazitakoa errespetatzen den heinean.

19. artikulua.– Debekatutako jardunak.

Baimendutako esku-hartzeak mugatzearen xedea balio historiko-arkitektonikoak kontserbatzea da. Horretarako, 16. artikuluan zerrendatu ditugun babes berezidun elementuen ezaugarriak alda ditzaketen esku-hartzeak debekatuta daude.

Oro har, ez dira baimenduko ondasunaren balio historiko-arkitektonikoak kaltetu edo hondatuko dituzten esku-hartzea, ezta araubide honetako beste alderdiren baten aurkakoak direnak ere. Horretarako, esanbidez baimenik gabeko jarduntzat hartuko dira honako hauek:

– Bolumen-aldaketak eta oinplanoko azalera-bariazioak, baldin eta ondasunaren elementu tipologiko formalak eta egiturazkoak atzematea eragozten badute. Hala ere, beheko geltokian bolumena gehitzea posible izango da, hala badagokio, horretarako izapidetu beharko den Xehetasun Azterketaren baldintzak betetzen direnean, eta dokumentu hori, hirigintza planeamendu tresna bezala, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zentroak informatu beharko du.

– Fatxadak aldatzea, fatxadetako osagaiei eta haien tratamenduari dagokienez eta fatxadako baoen jatorrizko kokapenari dagokionez.

– Gune nagusien (nasak eta ataria) eta egituraren antolamenduaren barneko aldaketak, baldin eta egitura horiek solairutan banatzea edo atari-nasa harremana (hau da, AR1.01 eta AR1.02 elementuen arteko konexioa) aldatzea eragiten badute.

– Estalkien aldaketak; hala nola altxatzea, isurialdeak aldatzea eta isurialdeen kopurua aldatzea.

– 16. artikuluan zerrendatutako babes berezidun elementuei dagokienez: estilo-gehitzeak, nahiz eta dokumentazioan jasota egon bukatutako obraren itxura nolakoa zen edo nolakoa izan zitekeen.

– Fatxada garbitzeko tratamenduak, baldin eta kanpoko testura edo akaberako elementuen konposizioa atzera ezinezko moduan aldatzen badute. Garbitu aurretik eta materialen konposizioa aztertu ostean, elementu ahulenak babestu eta egon daitezkeen junturak eta artesiak zigilatuko dira.

– Instalazioetako hodiak karta-hormetan sartzea; erraz iristeko moduan eta modu diskretuan egikaritu behar dira.

III. TITULUA.
BIDE ETA TRENBIDE ONDAREAREN BERARIAZKO ARAUBIDEA
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

20. artikulua.– Aplikazio-eremua.

Funikularraren euskarria eta azpiegitura osatzen dituzten elementu guztiei aplikatuko zaie titulu hau, baita parkeko bide-sare guztiari ere, plataforma-begiratokia eta parkeko hiru atrakzio egituratzaileen trazadura barne.

21. artikulua.– Identifikazioa.

Kapitulu honetan biltzen dira dokumentazio grafikoan (planoak eta fitxak) eta hurrengo zerrendan identifikaturiko ondasunak, izenaren eta kokapenaren arabera, hala badagokio:

(Ikus .PDF)

22. artikulua.– Babes berezidun elementuak.

Euskal Kultura Ondareari buruzko Legearen 12.1.e) artikuluan xedaturikoa betetze aldera, funikularraren azpiegiturako garrantzi berezidun elementutzat hartuko dira trazadura, gurutzatze-sistema, bide-euskarria eta ekipamenduaren ezaugarriak, esate baterako, trenbidearen zabalera, materialak, sekzioak eta abar.

Halaber, parkeko garrantzi berezidun elementuak dira parkeko plataforma-begiratokia, bai eta parkeko hiru atrakzio egituratzaileak ere: Ibai Misteriotsua, Suitzar Mendia eta Txalupen Urtegia; barne daudela horien trazadura oinplanoan eta oraingo eraikitako formak, hormigoizko egituraz eta lekuko fabrikaz eginak eta morteroz zarpiatuak, oraingo sekzio eta proportzioekin.

Elementu horien kasuan, elementuak kontserbatzeko eta elementuen ezaugarriei balioa emateko esku-hartzeak soilik baimenduko dira, betiere teknologia (hau da, trenbide-euskarriaren osagaien ezaugarriak, egikaritzeko modua eta elementu tipologiko formal eta egiturazkoak) errespetatuta.

Parkeko eraikuntza-irtenbide tradizionalak erabiltzea bateragarria izango da material berriak erabiltzearekin, hasierakoen prestazioak hobetzen badituzte, eta betiere jatorrizko eraikuntza- irtenbidearen proportzioa eta kolorea mantentzen badira.

II. KAPITULUA
ESKU HARTZEKO IRIZPIDEAK ETA JARDUNAK

23. artikulua.– Esku hartzeko irizpideak.

Benetakotasun historikoa bermatzea, dauden materialak eta azpiegituraren alderdi formalak eta berezko ezaugarriak fisikoki eta funtzionalki kontserbatuz, eta potentzial arkeologikoa errespetatuz.

Bide-euskarria eta azpiegitura kontserbatzea osagai guztiekin, beharrezkoa diren mantentze-lanak eginez eta eraikuntza-teknika bera, materialak eta ezaugarri formalak erabiliz. Kontserbazio-egoera onean dauden elementuak errespetatu egin beharko dira, hala funtzioari nola kokapenari dagokienez.

Ondasunaren, bere osagaien eta ezaugarrien osotasuna zaintzea, baita horien iraupena luzatzea ere.

24. artikulua.– Baimenduta dauden jardunak.

– Bide-euskarriaren egiturak lehengoratzea, egiturari edo funtzionalitateari lotutako aldaketa txikiak baimenduz, betiere dauden elementuak ez badira aldatzen, itzulgarritasun-irizpideak erabiltzen badira, eta elementuekin, metodoekin eta teknikekin harmonizatzeko adierazi diren irizpide orokorrak betetzen badira. Esku-hartze berria behar den neurrian bereizita geratuko da, irakurketa- eta interpretazio-hutsegiteak saihesteko.

– Egitura-arazoak jatorrizko eraikuntza-materialak eta teknikak erabiliz konpontzea.

– Egoera txarrean dauden eta erresistentzia-funtzioa betetzeko gai ez diren linea-elementuen (poleak, bideak) ordezpen puntuala, material, dimentsio eta forma berdinekin. Hori teknikoki edo ekonomikoi posible ez denean beste irtenbide bat onartuko da sistema tradizionalarekin bateragarria bada. Aldez aurretik, 8. artikuluan adierazten den bezala, elementuaren kontserbazio-egoeraren azterketa bat egingo da, eta materialaren degradazio-maila eta erresistentzia barnean hartuko ditu, baita kontserbazio-egoera modu egokian zehazteko beste edozein azterketa osagarri ere.

– Azalpen-seinaleak eta taulak jartzea, betiere irudi bateratua eskaintzen badute, azpiegituraren berezko irudia aldatu gabe.

– Geraleku zaharren aztarnak kontsolidatzea.

25. artikulua.– Debekatuta dauden jardunak.

– Jatorrizkoa bigarren maila batean uzten duten eta jatorrizko elementuekin (kolorea, tonua, ehundura, forma eta eskala) eta erabilitako metodo eta teknikekin harmonizatzen ez duten gehikuntzak egitea debekatuta dago.

– Erabilitako sistemarekin bateragarriak ez diren teknika berriak sartzen dituzten esku-hartzeak ez dira egingo, ez materialei ezta lotura-moduei dagokienez ere.

– Instalazioan funtzio edo zerbitzu berriak gaineratzea, babes-araubidearen preskripzio eta helburuaren aurkakoak diren esku-hartzeak ekarriko badituzte.

IV. TITULUA
ONDASUN HIGIGARRIEN BERARIAZKO ARAUBIDEA
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

26. artikulua.– Aplikazio-eremua.

Titulu hau, 27. artikuluan zerrendatzen diren eta bai kable bidezko garraioari bai atrakzio parkeari eta atrakzioen funtzionamendu sistemari atxikitzen zaizkien ondasun higigarri guztiei aplikatuko zaie.

27. artikulua.– Identifikazioa.

Kapitulu honetan, dokumentazio grafikoan (planoak eta fitxak) eta ondorengo zerrenda honetan identifikatuta dauden ondasunak barne hartzen dira.

(Ikus .PDF)

28. artikulua.– Babes bereziko elementuak.

Euskal Kultura Ondarearen Legearen 12.1.e) artikuluan ezarritakoa betetzeko, berebiziko garrantzizkotzat joko dira azpiegiturak objektu teknologiko gisa duen jatorriko izaera, funtzionatzeko modua, bagoiak, garaiko iragarkiak eta plakak.

Elementu horien gainean, elementuak kontserbatzera eta haien ezaugarriei balioa ematera bideratutako esku-hartzeak bakarrik onartuko dira, betiere ondasunaren teknologia eta osagaien ezaugarriak, pieza mekanikoen bidezko funtzionamendu-modua eta elementu tipologiko formal eta estrukturalak errespetatuz.

II. KAPITULUA
ESKU HARTZEKO IRIZPIDEAK ETA JARDUNAK

29. artikulua.– Esku hartzeko irizpideak.

Ondasunaren osotasuna zaintzea, baita etorkizunean osorik transmitituko dela eta instalazioari lotuta dauden giza trebetasunak eta lanbideak zaintzea ere.

Benetakotasun historikoa bermatzea, eta azpiegiturak objektu teknologiko gisa duen jatorrizko izaera, pieza mekanikoen bidezko funtzionamendu-modua eta makina eta elementu lagungarriak kontserbatzea.

Osotasun funtzionala eta material esanguratsua zaintzea, jardueraren jatorrizko patroiei eutsiz eta funtzionamendua ahalbidetzen duten elementu guztiak (adibidez poleak eta uhalak) kontserbatuz, eta arau orokor gisa baliabide lagungarri alternatiboen erabilera saihestuz.

Edozein esku-hartze egiteko, itzulgarritasun-, bateragarritasun- eta egonkortasun-irizpideak kontuan izan beharko dira. Jarduna, ondasuna kaltetzen ez duten produktu, material eta prozesuen bidez egin beharko da.

Kultura Ondasun Kalifikatuaren kontserbazio prebentiboari lehentasuna eman beharko zaio, alterazioak saihesteko eta horren narriadura eteteko beharrezko baldintzak jarriz. Makinen gaineko jardun fisikoak ondasuna behar bezala kontserbatzeko bakarrik beharrezkoa denean egingo dira, edo bere egoera kontuan izanik horiek ulertzeko eta transmititzeko ezinbestekoa denean.

Esku-hartze oro dokumentatu egingo da eta, edozein kasutan, Kultura Ondasun babestuaren balioa murrizten duten elementu bateraezinen eta eranskinen ezabatzea aurreikusiko du. Hori guztia esku-hartzerako dokumentazio teknikoan bilduko da, eta 8. artikuluan adierazitakoaren arabera egin beharko da.

30. artikulua.– Baimenduta dauden jardunak.

– Ondasuna zaharberritzea, alteratutako zatien jatorrizko egoerara lehengoratuz.

– Errekuperaezinak diren zatiak ordeztuz kontsolidatzea, hainbat ezaugarri aldatu gabe, hala nola: posizioa, funtzionamendu-modua, materiala, sekzioa, eta abar.

– Interesgarriak ez diren eta ondasunaren ezaugarriekiko kontraste negatiboa egiten duten elementu erantsiak edo duela gutxiko inkorporazioak ezabatzea.

– Ondasuna kontserbatzea alterazioak saihesteko eta narriadura eteteko beharrezko baldintzak jarriz, eta mantentze-lan egokia egitea. Honako jardun hauek barnean hartzen dira:

– Aldizkako azterketak garbiketa, koipeztatzea eta oxidazioen kontrola egiteko, baita plagak kontrolatzeko eta ezkutuko guneak garbitzeko ere.

– Giro-baldintzak kontrolatzea (hezetasuna, tenperatura, argia, kutsatzaile atmosferikoak).

– Bionarriadura eragiten duten ugaltzeak saihesten dituzten tratamendu prebentiboak.

– Barne-egituraren kontserbazio-baldintzen aldizkako azterketa (engranajeak lotzeko sistemak, transmisio-mekanismo edo -elementuak eta sistema mekanikoak).

– Ondasuna ulertzera bideratutako zaharberritzeko esku-hartzeak, osotasun estetikoa, fisikoa edo historikoa errespetatuz.

– Salbuespen gisa, elementu, sistema eta/edo instalazio berriak inkorporatzea, kable bidezko garraioaren funtzionaltasuna zaintzeko segurtasun-arrazoiengatik ezinbestekoak direnean. Inkorporazio berriak ez du ondasuna ikustea oztopatuko eta egitura lagungarri paralelo gisa egingo da, ondasunaren osotasun funtzionala eta, ondorioz, ulermen funtzionala.

31. artikulua.– Debekatuta dauden jardunak.

– Ondasunaren jatorrizko funtzionamendua ez lehengoratzeko moduan aldatzen duten tratamenduak edo konponketak. Edozein esku-hartze egin baino lehen eta ondasunak aztertu ondoren, elementu hauskorrenak babestu egingo dira, eta horien egungo egoera kontuan izanik babestu, garbitu eta konpondu egingo dira.

– Kable bidezko instalazioaren izaera mekanikoa ezkutatzen edo ezabatzen duten estalkiak edo beste elementu batzuk.

– Makinen aldizkako garbiketan ondasuna narria dezaketen prozedura agresiboak erabiltzea. Era berean produktu kimiko korrosiboen erabilera ahalik eta gehien mugatuko da. Xurgapen-prozedurak erabiliz gero, ondasunaren kontserbazio egokia bermatzen duten sistemak erabiliko dira.

– Ondasunen materiala ezabatzea, haiek babesteko ezinbestekoa denean edo ondasunaren balio historiko eta estetikoei kalte eragiten dienean izan ezik.

– Ondasunak kontserbatzeko eta funtzionatzeko giro-baldintzak kaltetzen dituzten sistemak instalatu eta/edo erabiltzea.

– Monumentu-multzo honen barruan dauden elementuak ezin dira kendu edo lekuz aldatu, hori beren kontserbazioa bermatzeko neurri bideragarri bakarra ez den bitartean.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala