Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

109. zk., 2014ko ekainaren 11, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
2547

AGINDUA, 2014ko ekainaren 4koa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuarena, 2014ko ekitaldirako laguntza-deialdia egiten duena, Euskal Autonomia Erkidegoko landa-turismoko establezimenduetan inbertitzeko diru-laguntzak emateko erregimena arautzen duen azaroaren 11ko 184/2008 Dekretuaren babesean.

Euskal Autonomia Erkidegoko landa-turismoko establezimenduetan inbertitzeko diru-laguntzak emateko erregimena arautzen duen azaroaren 11ko 184/2008 Dekretuaren xedea da landa-turismoko establezimenduentzako diru-laguntzak ematea arautzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Landa Garapen Jasangarriko Plana 2007-2013 delakoan nekazaritzakoak ez diren jardueretarantz dibertsifikatzeko jaso den neurriaren barruan. Horrela, nekazaritzako ustiapenaren jasangarritasuna sendotu nahi da, landa-ekonomia dibertsifikatuz.

Aipatu dekretuaren 8. artikuluan zehazten denez, urtero, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadurako sailburuaren agindu baten bidez (egun, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua), laguntzen deialdia egingo da, laguntza-eskabideak aurkezteko epeak irekiko dira, diru-laguntzak finantzatzeko diru-baliabideen jatorria eta zenbatekoak argitara emango dira, eta diruz laguntzen diren inbertsioen eta jardueren iraupena zehaztuko da.

Abenduaren 4ko 1852/2009 Errege Dekretuak, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) bidez kofinantzatutako Landa Garapeneko Programetako gastuak diruz laguntzeko irizpideak ezartzen dituenak, LGENFko gastuak diruz laguntzeko arauak ezartzen ditu, estatu osoan modu homogeneoan aplikatu ahal izateko, funts horiek modu ekitatiboan banatzen direla bermatze aldera.

Azaroaren 11ko 184/2008 Dekretua Euskal Autonomia Erkidegoko Landa Garapen Iraunkorreko Plana indarrean dagoen bitartean aplikatuko da, oso-osorik gauzatu arte (3. artikulua). Egungo Landa Garapeneko Planaren iraupen-aldia 2007-2013 da. Baina 2013ko apirilaren 12ko 335/2013 (UE) Betearazpen Erregelamenduak, zeinak LGENFren bidez landa-garapenari laguntzeari buruzko Kontseiluaren 1698/2005 (UE) Erregelamendua aplikatzeko xedapenak ezartzen dituen 1974/2006 (UE) Erregelamendua aldatzen baitu, baimena ematen du 2014ean zehar konpromisoak hartzeko 2007-2013 Landa Garapeneko Planaren kargura, landa-garapeneko programa berriak aurkezteko prozesuan dauden atzerapenek eragin txarra izan ez dezaten nekazaritza-politika aplikatzen jarraitzeko.

EAEko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 49.5 artikuluak ezartzen duenez, ekitaldi ekonomiko bakoitzean EAEko Aurrekontu Orokorrak indarrean jartzen direnean, eguneratu, berrikusi, edo, hala badagokio, ezarri egingo dira programen diru-laguntzak emateko arauak, eta kasuan kasuko deialdia egingo da bere garaian izaera mugagabez arautu zirenentzat. Behin Euskal Autonomia Erkidegoaren 2014ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 20ko 4/2013 Legea onetsirik, deialdi hori egin beharra dago.

Horiek horrela, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Xedea.

Agindu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko landa-turismoko establezimenduetan inbertitzeko diru-laguntzak emateko erregimena arautzen duen azaroaren 11ko 184/2008 Dekretuan araututako laguntzen deialdia egitea, 2014ko ekitaldirako.

Bigarrena.– Eskabideak aurkezteko epea.

Azaroaren 11ko 184/2008 Dekretuan aurreikusitako laguntzen 2014ko deialdian parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu honek indarra hartzen duenetik aurrera.

Hirugarrena.– Aurkeztu beharreko eskabideak eta agiriak.

1.– Deialdi honen xede diren laguntzetara atxikitzeko eskabideak egiteko, Sailaren web-orrian eskuragarri dagoen inprimaki eredua bete behar da (www.nasdap.ejgv.euskadi.net), eta eskabideok Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritzan edo Nekazaritzako Eskualdeetako Bulegoetan aurkeztuko dira, edota Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1002 Legearen 38.4 eta 38.9 artikuluan aurreikusitako eraren batean.

2.– Eskabidearekin batera, azaroaren 16ko 184/2008 Dekretuaren 9. aurreikusitako agiri guztiak aurkeztu beharko dira. Ez dira diruz lagunduko laguntza-eskabidea egin aurretik izandako gastuak, ezta ez-hasteko aktaren aurretik izandakoak ere, baldin eta akta hori eskabidea baino lehenagokoa bada, betiere Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) bidez kofinantzatutako Landa Garapeneko Programetako gastuak diruz laguntzeko irizpideak ezartzeko abenduaren 4ko 1852/2009 Errege Dekretuaren 3. artikuluko 16. paragrafoan ezarritakoarekin bat etorriz.

Laugarrena.– Baliabide ekonomikoak.

1.– 2014ko ekitaldiko laguntzak finantzatzeko, 115.942 euro daude orotara.

Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako aurrekontu-kredituak 80.000 euro dira. LGENF funts komunitarioari dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoko Landa Garapen Iraunkorreko 2007-2013 Planaren babesean, aipatu dekretuaren helburua betetzeko, 35.942 euro erabiliko dira.

2.– Guztira emango diren laguntzek ez dute gaindituko diru-izendapen hori, eta aurrekontuetan aldaketak onartzen badira –indarrean dagoen legeriaren arabera–, ez da gaindituko eguneratzearen ondoriozko zenbatekoa. Horrelako gehikuntzek laguntzak emateko prozedura ebatzi aurrekoak izan beharko dute, eta horrelakorik gertatuz gero, Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordearen ebazpen baten bidez emango da horren berri.

Bosgarrena.– Proiektuak gauzatzeko epea.

2014ko ekitaldirako, azaroaren 11ko 184/2008 Dekretuan aipatutako diruz lagun daitezkeen jarduerak burutzeko epeak ezingo du 2014ko abenduaren 31 gainditu, eta ezingo zaio hasiera eman ekitaldi horren aurretik.

Seigarrena.– Justifikazioa, likidazioa eta ordainketa.

1.– Deialdi honen babesean ematen diren diru-laguntzen ordainketa egingo da, behin diruz lagunduko den inbertsio proiektua gauzatu dela egiaztatzen denean; horretarako, Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritzako teknikariek egiaztapen fisikoa egingo dute. Halaber, proiektua xedeari egokitzen zaiola ere egiaztatu beharko da, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak emandako landa-turismoko establezimendu jardueraren baimena erantsiz, eta egin den gastua ere frogatu beharko da. Azken horretarako, fakturak eta egindako ordainketen agiriak aurkeztu beharko dira, agiri originalean edo fotokopia konpultsatuan. Ondorio horietarako, azaroaren 11ko 184/2008 Dekretuaren 18. artikuluan ezarritakoaz gain, kontuan izan behar da honako xedapen hauetan ezarritakoa: abenduaren 4ko 1852/2009 Errege Dekretua, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) bidez kofinantzatutako Landa Garapeneko Programetako gastuak diruz laguntzeko irizpideak ezartzekoa, 4. artikulua; eta urriaren 29ko 7/2012 Legea, iruzurraren kontrako prebentzio-ekintzak eta iruzurraren kontra borrokatzeko ekintzak areagotzearren tributuen eta aurrekontuen gaineko araudia aldatu eta finantza-araudia egokitzekoa, zehazki, hornitzaileko eskudirutan gehienez egin daitezkeen ordainketei buruz xedatutakoa.

2.– LGENF funtsaren arabera onartutako laguntzak Erakunde Ordaintzaileak ordainduko ditu, urriaren 3ko 194/2006 Dekretuak hala baitio. Baina, lehenago, Erakunde Ordaintzaileko titularrak horretarako behar diren ebazpenak eman beharko ditu.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari. Beraren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa ezar dakioke Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ezar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Bigarrena.– Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko ekainaren 4a.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.


Azterketa dokumentala