Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

109. zk., 2014ko ekainaren 11, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
2546

AGINDUA, 2014ko ekainaren 4koa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuarena, zeinen bidez, nekazaritza eta abeltzaintzako sektorean sasoiko lana egiten dutenentzako ostatuak diruz laguntzeko deialdia egiten da 2014. ekitaldirako, apirilaren 17ko 62/2007 Dekretuan aurreikusi bezala.

Nekazaritza eta abeltzaintzako sektorean sasoiko lana egiten dutenentzako ostatuak diruz laguntzen dituen apirilaren 17ko 62/2007 Dekretuaren xedea Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza eta abeltzaintzako ustiategietan sasoiko zerbitzuak eskaintzen dituzten langileei zuzendutako ostatuak eraiki, egokitu, hobetu edo ekipatzeko laguntza araubidea finkatzea da.

Dekretu hau Sasoiko Langileei Arreta Emateko Plan Integrala 2004-2007 delakoa betetzeko neurri modura, hartu eta argitaratu zen, beste hainbaten artean. Hura Sasoiko Lanaren Erakunde Arteko Mahaiak onetsi zuen 2004ko ekainaren 30ean, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Saila lehendakari izanez. Bertan, helburuen artean, sasoiko langileentzako ostatu komunitarioak sortu edota mantentzeko laguntzak eta diru-laguntzak emateko aukera finkatzea jaso zen.

8. artikuluak xedatzen duenez, eskabideak aurkezteko epea urtero irekiko da, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Sail desagertuaren titularraren aginduaren bitartez (gaur egun Ingurumen, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saila). Aipatutako agindu horretan hauek agertuko dira: eskabideak aurkezteko epea, laguntza guztiei zuzendutako gehieneko kopuru orokorra eta, hala badagokio, haren urte anitzeko xehetasuna, laguntzen zenbatekoa finkatzeko erabilitako irizpide objektiboen zehaztapena eta horien haztapena, eta 7. artikuluko 2. paragrafoan aurreikusitako agirietatik aurkeztu beharrekoak finkatuko lirateke, deialdi bakoitzean hautatzen diren irizpide objektiboak gorabehera.

Euskal Autonomia Erkidegoko 2014ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 4/2013 Legea eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua kontuan hartuta, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Xedea.

Agindu honen helburua da 2014ko ekitaldirako nekazaritza eta abeltzaintzako sektorean sasoiko lana egiten dutenentzako ostatuak diruz laguntzen dituen apirilaren 17ko 62/2007 Dekretuan aurreikusitako laguntza deialdia egitea.

Bigarrena.– Eskabideak eta erantsitako agiriak aurkezteko epea.

1.– Apirilaren 17ko 62/2014 Dekretuak ezarritako laguntza deialdian sartzeko eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da 2014ko ekitaldian, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

2.– Eskabide-orria eskura dago web-gune honetan: www.nasdap.ejgv.euskadi.net

3.– Eskabideak apirilaren 17ko 62/2007 Dekretuaren 7. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz aurkeztu beharko dira, agiri hauekin batera:

a) Eskatzailearen NANaren fotokopia, pertsona fisikoa bada.

b) NANaren fotokopia eta legezko ordezkariaren ahalmentze-eskritura, pertsona juridikoa bada, eta entitateko estatutuen eta horiek dagokien erregistroan inskribatu izanaren fotokopia.

c) Egingo den inbertsioaren edo gastuaren memoria deskriptiboa, non jasoko baitira burutzeko, kokatzeko eta finantzatzeko epeen aurreikuspena, baita behar bezala zehaztutako aurrekontua ere.

d) Hirugarrenen alta.

e) Obra-proiektua, lizentzia eta udalaren baimena, beharrezkoa bada.

f) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela adierazten duen ziurtagiria.

g) Behar izanez gero, jatorriko kontratazio programaren barruan dagoela aditzera ematen duen «konpromisoa»ren kopia.

h) Errenta-aitorpenaren kopia eta Gizarte Segurantzako nekazaritza-erregimeneko inskripzioaren kopia.

i) Zinpeko aitorpena, aurkeztutako agiri guztiak egiazkoak direla aitortuz, bai eta beste hauek ere aitortuz: ez diotela eragiten diru-laguntza publikoak eskuratzeko aukera ukatzen dioten zigor- edo administrazio-zehapenek; ez duela helburu horretarako ezgaitzen duen ezelango lege debekurik; sexuagatiko bereizkeria dela-eta zigor administratiborik edo penalik ez zaiola ezarri, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean xedatutakoaren arabera; eta, Laneko Segurtasun eta Higieneari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legea ez betetzearen ondorioz, ez diola eragiten inolako zehapen prozedurak. Azkenik, aitormena egin beharko du, azken bi ekitaldi fiskaletan eta aurtengo ekitaldi fiskalean zehar jasotako «mínimis laguntzak» direla-eta.

Hirugarrena.– Diru-laguntzen zenbateko osoa.

1.– Agindu honen ondotik emango diren laguntzen zenbateko osoa Euskal Autonomia Erkidegoko 2014ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorretatik etorriko da, eta ez du 70.000 euro gaindituko, betiere, hargatik eragotzi gabe, indarreko legediari jarraikiz aurrekontu aldarazpenak onesten diren kasuan eguneratzeak egotea.

2.– Gauzak horrela, aldarazpen horiek onestetik etorritako aurrekontu esleipena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordearen ebazpenaren bitartez. Hori laguntzen ebazpena eman baino lehen egitekoa izango da.

Laugarrena.– Laguntzen zenbatekoa finkatzeko eta horiek haztatzeko irizpide objektiboen zehaztapena.

2014ko ekitaldirako laguntzak zehazteko helburu objektiboak eta horien haztapena hauek izango dira:

– Ostatua kokatzeko zona, zenbait zonatan aterpeak behar izateagatik: 5 puntu.

– Jatorrian kontratatzeko programari atxikita egotea: 10 puntu.

– Ostaturako jarritako plaza kopurua: 5 puntu.

– Kostuaren eta plazen arteko erlazio egokiena: 5 puntu.

– Jarduera Nagusia nekazariarena izatea: 10 puntu.

Bosgarrena.– Burutzapenerako epea.

2014ko ekitaldirako, apirilaren 17ko 62/2007 Dekretuko 2. artikuluak aipatutako diruz lagun daitezkeen jarduerak burutzeko epea ezin izango da izan 2014ko abenduaren 31tik haratagokoa.

Seigarrena.– Errekurtsoak.

Agindu honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa jar diezaiokete interesdunek Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuari, hilabeteko epean. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Kasu bietan, agindua argitaratu eta biharamunean hasiko da epea.

AZKEN XEDAPENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko ekainaren 4a.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.


Azterketa dokumentala