Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

109. zk., 2014ko ekainaren 11, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
2545

EBAZPENA, 2014ko maiatzaren 27koa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuarena, zeinaren bidez 2014ko nekazaritza- eta arrantza-sektoreetako ibilbide profesionalentzako «Gonzalo Nardiz Bengoetxea» sarien gaineko ebazpena jakinarazten baita.

Irailaren 9ko 210/2003 Dekretuaren bidez, «Gonzalo Nardiz Bengoetxea» sariak sortu ziren, nekazaritza- eta arrantza-sektoreetako ibilbide profesionalak saritzeko.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren 2014ko abenduaren 31ko Aginduaren bidez, 2014ko nekazaritza- eta arrantza-sektoreetako ibilbide profesionalentzako «Gonzalo Nardiz Bengoetxea» sarien deialdia egin zen.

Agindu horren zazpigarren oinarrian eta hurrengoetan ezarritakoarekin bat etorriz, eta epaimahaiak bilera egin eta ebazpena eman ondoren, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Nekazaritza-sektorean transformazioarekin lotuta egindako ibilbide profesionala saritzeko «Gonzalo Nardiz Bengoetxea» sariaren epaimahaiak emandako ebazpena jakinaraztea. Sari hori, 2014an, honako honi ematen zaio:

Artzai Gazta S. Coop.

Honako arrazoi hauengatik ematen zaio saria: Idiazabal jatorri-deiturako gazta-ekoizle eta -egileak sustatu eta defendatzeko aspalditik egiten diharduen lan onagatik; bazkide diren ustiategietan egindako prestakuntza-ekintzen eta jarraipenaren bidez, kalitatea hobetzeko etengabe lan egiteagatik; mahai sektorialaren barruan ardi latxen sektoreko interesak defendatzeko ekoizleen elkartea sortzeko egindako ekarpen garrantzitsuagatik; azken 27 urteotan jatorri-deiturako artzain gaztagileak profesionalizatzeko eta haien baldintzak hobetzeko egindako ekarpen estrategikoagatik; gure baserri-inguruan jarduera, kultura eta tradizio horiei eusteko egindako lanagatik, eta gure ingurune naturala behar bezala kontserbatzeko egindako ekarpenagatik.

Bigarrena.– Nekazaritza-sektorean produkzioarekin lotuta egindako ibilbide profesionala saritzeko «Gonzalo Nardiz Bengoetxea» sariaren epaimahaiak emandako ebazpena jakinaraztea. Sari hori, 2014an, honako hauei ematen zaie:

Tomas Larrañaga jauna eta Maje Gorritxu andrea.

Arrazoi honengatik ematen zaie saria: nekazaritza ekologikoa normalizatzeko azken 20 urteotan Lapatza baserrian egindako lanagatik; izan ere, aurrendariak izan dira nekazaritza-mota horretan, eta nekazaritza ekologiko arduratsu eta naturalaren printzipio eta balioak transmititu dizkiete beste nekazari batzuei, kontsumitzaileei, ikasleei, enpresei eta teknikariei. Era berean, kontuan izan da Biolur Gipuzkoa sortzeko egindako lana, bai eta Nekazaritza Ekologikoaren Euskal Kontseilua eta Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua (ENEEK) eratzeko egindako lana ere.

Hirugarrena.– Arrantza-sektorean egindako ibilbide profesionala saritzeko «Gonzalo Nardiz Bengoetxea» sariaren epaimahaiak emandako ebazpena jakinaraztea. Sari hori, 2014an, honako honi ematen zaio:

Victor Santiago Badiola jauna.

Saria ematen zaio Euskal Herriko itsas eta arrantza-munduari lotuta egin duen ibilbide profesional luzeagatik. Urte horietan, Ondarroako alturako flotaren eta, orokorrean, Euskal Herriko arrantza-sektorearen garapena bultzatu du. Era berean, lan handia egin du euskal arrantza-sektorea ordezten hainbat forotan, Euskadin, estatuan zein Europan.

Laugarrena.– Epaimahaiaren ebazpenaren berri ematea interesdunei.

Bosgarrena.– Agindu honek amaiera ematen dio administrazio bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; edo bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiari, bi hilabeteko epean, agindua EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko maiatzaren 27a.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.


Azterketa dokumentala