Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

109. zk., 2014ko ekainaren 11, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA
2543

EBAZPENA, 2014ko ekainaren 5ekoa, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariarena, Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskolak (LHIEE) antolatutako hirigintzako ikastaroen erakundeetako eta/edo enpresetako praktika-aldia arautzen duena.

2013ko ekitaldian, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariak 2013ko uztailaren 24ko Ebazpena eman zuen eta, horren bidez, dei egin zen Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariarena, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen (IVAP) mendean dagoen Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskolak (LHIEE) antolatu dituen Hirigintzako XXXVII. Ikastaroa (Bilbon egitekoa) eta Hirigintzako XXXVIII. Ikastaroa (Donostian egitekoa) burutzeko deialdia zabaltzen duena (Ebazpena 2013ko abuztuaren 2ko EHAAn argitaratu zen, 147. zk.).

Ikastaro horien barruan, erakundeetan eta/edo enpresetan praktikak egiteko denboraldia ezarri da hirigintza-arloan hamabi hilabete baino gehiagoko esperientziarik ez duten ikasleentzat.

Horregatik guztiagatik

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Deialdia.

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen menpekoa den Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskolak (LHIEE) antolatu dituen Hirigintzako XXXVII. eta XXXVIII. Ikastaroetako ikasleek erakundeetan eta/edo enpresetan egiteko praktika-aldien deialdia onartzea.

2. artikulua.– Helburuak.

Ikasleek modulu bidezko Hirigintzako ikastaroetan eskuratutako ezagupenak erabiltzea sustatzea eta bultzatzea, zehazki, 2013-2014 ikasturtean Hirigintzako XXXVII. Ikastaroko (Bilbo) eta Hirigintzako XXXVIII. Ikastaroko (Donostia) ikasleek. Horretarako, aukerako eta borondatezko praktika-aldiak antolatu dira erakunde publikoetan eta/edo enpresetan, ikasleek zuzenean izan dezaten arlo publikoko hirigintzako jardueraren berri.

Praktikak egiteko eta praktika horiek egingo diren tokietara desplazatu behar diren ikasleentzat, diru-laguntzak ezarri dira.

3. artikulua.– Onuradunak.

Ikasleek praktikak egin ahal izango dituzte, hala nahi izanez gero. Ikasleak Hirigintzako XXXVII. Ikastaroko (Bilbo) eta Hirigintzako XXXVIII. Ikastaroko (Donostia) ikasleak izango dira, betiere, deialdi hauetako edo aurreko deialdietako sei moduluak edo ikastaro osoa gainditu badute, eta hirigintza-arloan hamabi hilabeteko esperientziarik ez badute.

Praktikak egiteko ikasleak aukeratzerakoan, seietako moduluetako puntuak gehituta puntuaziorik onenak lortu dituzten ikasleak hautatuko dira. Horretarako, eskabidea egin duten erakunde eta/edo enpresen zerrenda jakinaraziko zaie eta gero egingo da esleipena ikasleek egindako hautespena kontuan hartuta.

Dena dela, praktikak egin ahal izateko, instituzioek eta/edo erakundeek praktikako langileak edukitzeko eskabidea aurkeztu beharko dute lehendabizi. Aurreko deialdian betebehar guztiak bete arren haurdunaldia zela-eta praktikak egin ezin izan zituzten ikasleek ere izango dute aukera oraingo deialdi honetan egiteko.

Praktika-aldiak lau hilabeteko iraupena izango du, hau da, 300 ordu gutxi gorabehera (kodea: 2013-cu-37, Bilbao eta 2013-cu-67, Donostia); irailaren 24 eta urriaren 2 bitartean hasiko dira, eta 2014ko abenduaren 31 baino lehen amaituko. Ikasleak hartzen dituzten erakundeak eta/edo enpresak eta LHIEEk egingo dute praktika-aldien ebaluazioa. Praktikak egiteko esleipendun izan den ikasleak praktika horiek amaitzeko konpromisoa hartu behar du.

Ikasleei erakundeak esleitzeko, moduluetako azterketak balioestean eskuratu duten puntuazioa hartuko da aintzat.

Diru-laguntzak edo laguntza publikoak eskuratzea galarazten duen debekuren bat edo administrazio-zehapen edota zehapen penalen bat izan duten pertsona fisikoak ezin dira deialdi honetara aurkeztu, emakume eta gizonen arteko berdintasunari buruzko 2005eko otsailaren 18ko 4/2005 Legean sartutako debekuak eta zehazpenak ere barruan direla.

4. artikulua.– Praktiketako ikasleak hartu ditzaketen erakundeak/enpresak.

Erakunde hartzaileei dagokienez, goi-mailako unibertsitateko titulazioa eta hirigintzako prestakuntza duten ikasleak praktiketan hartu nahi dituzten euskal administrazio publikoak edo enpresak izango dira. Praktika-aldia gutxi gorabehera 300 ordukoa izango da (lau hilabete, gutxi gorabehera).

Erakunde eta/edo enpresa hartzaileak ez du inolako erantzukizunik izango praktiketako ikasleak hartzeagatik.

Praktiketako ikasleak hartzeko lehentasuna izango dute goi mailako unibertsitateko titulazioa eta hirigintzako ezagupen teoriko egokiak dituen pertsona bat hirigintzaren eta/edo ingurumenaren arloan praktikak egiteko hartu nahi duten eta dagokion eskaera egiten duten EAEko erakunde publikoek. Praktika-aldia gutxi gorabehera 300 ordukoa izango da (gutxi gorabehera, lau hilabete), eta 2014ko abenduaren 31 baino lehen egin beharko da. Ondorio horretarako, Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskolak toki- eta foru-erakundeei eta Eusko Jaurlaritzaren beste sail batzuei aukera emango die praktiketako ikasleak edukitzeko. Era berean, hirigintzaren eta/edo ingurumenaren esparruari lotutako enpresek praktiketako ikasleak eduki ahal izango dituzte, erakundeek dituzten baldintza berberekin.

Ikaslea hartzen duen erakundeak edo enpresak praktiketako arduraduna izendatuko du; praktiketako arduraduna praktikak bideratzeaz, zuzentzeaz eta ikuskatzeaz arduratuko da.

Praktikak bukatzean, arduradunak txosten bat egingo du alderdi hauek azaltzeko: praktiketako pertsonak bete duen zereginaren zer-nolakoak, erakutsi duen prestakuntza-maila eta egindako lanaren balorazioa. Txosten hori Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskolara bidali beharko du, hilabeteko epean, praktika-aldia bukatzen denetik hasita.

Dena dela, praktikak egin ahal izateko, instituzioek eta/edo erakundeek praktiketako langileak edukitzeko eskabidea aurkeztu beharko dute lehendabizi.

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariak Ebazpena emango du, eta bertan finkatuko du zein enpresak edo/eta erakundek hartuko dituzten praktiketako ikasleak. Erakunde eta enpresa horiek eskabidea noiz egin duten, horren arabera izango da esleipena; horrez gain, aintzakotzat hartuko da sei moduluetan guztira puntuazio onena lortu duten ikasleen aukera; berdinketarik baldin badago, zozketa egingo da. Ebazpen horren berri emango da, dagokion jakinarazpena eginda.

5. artikulua.– Praktiken funtzioak eta egitura.

Praktiketako ikasleek laguntza teknikoa eta/edo juridikoa emango dute, bakoitzak duen unibertsitateko titulazioaren arabera; hirigintzako gaietan, eta, salbuespenez, erakundeak eta/edo enpresak horrela agintzen badie, ingurumeneko gaietan ere bai.

Nolanahi ere, ikasleek lanbide-jarduera eta funtzionarioen jarduna arautzen dituzten arauak errespetatu beharko dituzte; bereziki lanbide-isilpekotasuna bete-betean gorde beharko dute. Hala ere, praktiketan egindako lanak ez dio ikasleari lanbide-erantzukizunik sortuko.

Praktika-aldia 2014ko abenduaren 31 baino lehen egin behar da.

Praktiken ordutegiak, erakundearen edo enpresaren lan-ordutegiarekin bat etorrita, praktikak egiteko aukera eman behar du; ikasleak gehienez zazpi orduko lanaldia egin behar du egunean, guztira gutxi gorabehera 300 orduko praktika-aldia bete arte.

Ikasleak bi txosten egin behar ditu bera hartu duen erakundean edo enpresan bete duen zeregina azaltzeko. Lehendabiziko txostena 2014ko urriaren 30a baino lehenago entregatu behar du; bigarrena, 2014ko abenduaren 10etik 16rako tartean bidali behar du Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskolara.

6. artikulua.– Praktiketako ikasleen poltsa.

Erakundeek eta/edo enpresek praktikak gutxi gorabehera 300 orduz egin ahal izango dituzten ikasleen zerrenda eskatu ahal izango dio IVAPen menpe dagoen LHIEEri.

7. artikulua.– Baliabide ekonomikoak eta praktiken ordainketa.

2014ko ekitaldian, 18.000 euro bideratuko dira «Hirigintzako XXXVII. Ikastarorako» (Bilbo) eta «Hirigintzako XXXVIII. Ikastarorako» (Donostia), EAEko Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarrita dagoen partidaren kargura.

Aurreikuspenen arabera, 9 ikaslek guztira egingo dituzte praktikak Hirigintzako XXXVII. Ikastaroan eta Hirigintzako XXXVIII. Ikastaroan, eta, hortaz, ikasle bakoitzak 2.000 euro jasoko ditu gehienez. Bi ikastaroen eskaeren kopurua batuketan 9 baino gehiago bada, laguntzetarako bideratutako zenbatekoa (18.000 euro) hainbanatuko egingo da onartutako eskabide guztiko kopuruan.

Praktiken ordainketa dena batera egingo da praktika-aldiaren bukaeran, 2014ko abenduaren 31 baino lehen, praktikei buruz ikasle bakoitzak egingo duen txostena aurkeztu ondoren.

Oro har, arau orokor modura, praktikei dagokien laguntza jasotzeko eskubidea izateko beharrezkoa izango da praktikak erabat bukatu izana; gainerakoan, ez da horretarako inolako eskubiderik izango.

Ildo beretik, praktikak hasi eta lehendabiziko hamar egunen barruan ikasleren batek praktikak egiteari uko egingo balio, eta horren ordez praktikak egitera doan ikasleak geratzen den praktika-aldi osoa burutzen badu, praktikak erabat amaitu dituela ulertuko da.

Salbuespen modura, praktiken zati bat egin dela onar daiteke baldin eta, ikasleak ezinezkoa izan badu praktikak amaitzea, ikaslea hartzeko eta praktikak egiteko ardura duen erakundeari eta/edo enpresari egotz dakizkiokeen arrazoiak direla-eta. Horrelakoetan, egindako praktika-aldiari dagokion zati proportzionala ordainduko zaio.

Praktikak egiteko laguntza horrek eta, orobat, ikaslearen egonaldiak eta egiten duen jarduerak ez dute inolako lan-, lanbide-edo zerbitzu-harremanik sortuko ikaslearen eta Herri Ardularitzaren Euskal Erakundearen –haren baitan dago Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskola– artean, ez eta ikaslearen eta erakunde/enpresa hartzailearen artean ere, izan ere, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea bera da erakunde horrekin lankidetza hitzartu duena.

8. artikulua.– Gizarte Segurantzako erregimen orokorrean sartzea. Aseguruak.

Praktiketako ikasleak Gizarte Segurantzako erregimen orokorrean sartuko dira 1493/2011 Errege Dekretua, urriaren 24koa, prestakuntza programetan parte hartzen duten pertsonak Gizarte Segurantzaren Erregimen Orokorrean sartzeko baldintzak arautzen dituena, abuztuaren 1eko 27/2011 Legeak, Gizarte Segurantzaren sistema eguneratu, egokitu eta modernizatzeari buruzkoak, hirugarren xedapen gehigarrian ezarritakoa garatzeko, arautu moduan eta baldintzetan.

Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak istripu, baliaezintasun eta heriotzaren kontrako asegurua egingo die praktiketako ikasleei.

9 artikulua.– Aurkeztu beharreko eskabideak eta agiriak.

Ebazpen honetan adierazi bezala, praktikak egin eta laguntzak jasoko dituzten ikasleek eskabidea aurkeztu beharko dute, I. eranskinean jasotako ereduari jarraiki.

Hauek gehitu behar dira:

a) Errolda-egiaztagiria.

b) Eguneratutako curriculum vitaea.

c) Hainbat erantzukizunpeko adierazpenak (eskabide-ereduaren barruan gehituta).

Erakundeek eta/edo enpresek II. eranskinean jasotako eskabidea bete beharko dute.

Eskabideak Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendari andreari bidaliko dizkiote, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen menpekoa den Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Eskolaren egoitzara (helbidea: Errekalde Zumarkalea 18, 1.a, 48009, Bilbo; Tel.: 94 403 16 16 00 / 04; Faxa: 94 403 16 01;www.ivap.euskadi.net; emaila: evetu@ivap.es

Halaber,Herri Arduralaritzaren euskal Erakundeko edozein bulegotan, Eusko Jaurlaritzako Herritarren Arretarako bulegoetan (Zuzenean), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean 38.4 artikuluan aipatzen diren moduetatik edozeinetan.

Aurkeztutako eskabidean akatsen bat badago edo zehaztasunen bat falta bada, eskatzaileari horren berri jakinaraziko zaio eta 10 eguneko epea emango zaio akatsa zuzentzeko.

10. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea ikasleentzat.

Ikasleek 31 egun naturaleko epea izango dute deialdi honetako eskabideak aurkezteko, betiere, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen Lurralde eta Herri Ikasketetarako Euskal Eskolak ofizioz egiaztatuko du eskatzaileek 3. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituela.

11. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea erakunde eta/edo enpresentzat.

Erakundeek edota enpresek 35 egun naturaleko epea izango dute deialdi honetako eskabideak aurkezteko, betiere, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

12. artikulua.– Diru-laguntzak kudeatzeko Organoa.

LHIEE menpe duen Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak kudeatzea.

Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskolako koordinatzaileak izango du, azken batean, ikasleen goi-mailako zuzendaritzaren ardura.

13. artikulua.– Praktikak esleitzeko ebazpena.

Diru-laguntzak emateko ebazpena Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariak emango du, LHIEEko Kontseilu Errektorearen proposamena ikusita, gehienez bi hilabeteko epean, eskabideak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Ebazpen horretan bertan, ikasle esleipendunen zerrendarekin batera, ordezkoen zerrenda bat ere jaso daiteke, ikastaroan lortutako kalifikazioen arabera ordenatuta, lehen multzoko norbaitek uko egiten badu ere.

Ebazpena interesdunei jakinaraziko zaie banan-banan, eta, era berean, jendeak horren berri izan dezan, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ere argitaruko da.

Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44.1 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, epe hori amaitu ondoren interesdunari ebazpenaren berri eman ez bazaio, eskabideari uko egin zaiola ulertuko da.

14. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

Esleipendunek praktikak erakunde edo enpresa zehatz batean egiteko proposamenak jasoko dituzte eta proposamen horiek onartu beharko dituzte; izan ere, erakundeek eta/edo enpresek LHIEEri egindako eskaera ere kontuan izan behar da. Hortaz, norbaitek proposamenen bati ezezkoa ematen baldin badio, praktikak egiteko eskabidea atzera botako zaio. Praktika-aldia onartzearekin batera, onuradunak onartu egiten du eman zaion diru-laguntza.

Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.2. artikuluan jasotako eginbeharrak bete behar ditu.

Orobat, diru-laguntzak duen helburua bete beharko dute, eta, praktiketara joateaz gain, etekina atera beharko diete.

Onuradunek zorrotz bete beharko dute bidegabe jasotako diru-kopuruak itzultzeko beharra ezartzen duen araubide orokorra; eta, era berean, dagozkien berandutza- interesak ordaindu beharko dituzte, eta berezkoak dituzten eginbeharrak ez betetzeagatik finkatutako zigorrak ezarriko zaizkie.

Hargatik, praktikak egin bitartean arazoren bat sortzen bada eta, hori dela-eta, ikasleak praktikak egiten jarraitzerik ez badu, horren berri eman beharko dio Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskolako koordinatzaileari gehienez egutegiko hamar eguneko epean. Jakinarazpena idatziz egingo du. Hamar eguneko epean berariazko jakinarazpenik egin ezik, emandako adjudikazioa baliogabetuta geratuko da.

15. artikulua.– Bateraezintasuna.

Praktikak egiteko laguntzarik ezin izango da eman, baldin eta, diru publikoetatik, eginkizun berbera egiteko laguntzak jasotzen badira.

16. artikulua.– Datu pertsonalen tratamendua.

Deialdi honetako parte-hartzaileen datu pertsonalak «Euskal Arduralaritzaren Euskal Erakundeak antolatutako formakuntza eta hobekuntza ikastaroak» izeneko fitxategian sartuko dira, behar den moduan tratatzeko eta, hartara, kudeatu ahal izateko. Fitxategi horrek datu pertsonalak babesteari buruzko legeriak xedatzen duena bete beharko du. Datuen kontra agertzeko, eta datuak eskuratzeko, zuzentzeko edo ezabatzeko eskubidea baliatu nahi duten pertsonek IVAPen Koordinazio eta Kudeaketako Idazkaritzara jo dezakete.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariaren ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, 4/1999 Legeak aldatutako Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoaren arabera. Horretarako, hilabeteko epea izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita. Errekurtsoa ebazpen hau eman duen organoari jar dakioke edota, bestela, Herri Administrazio eta Justizia sailburuari. Errekurtsoari buruz, berariaz, ebazpenik ematen ez bada, ukatutzat joko da.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera sortuko ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko ekainaren 5a.

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendaria,

MARÍA TERESA IRURETAGOYENA IBARGUREN.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala