Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoa

Euskadi.eus

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

92. zk., 2014ko maiatzaren 19a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
OGASUN ETA FINANTZA SAILA
2164

AGINDUA, 2014ko apirilaren 29koa, Ogasun eta Finantzetako sailburuarena eta Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuarena, zeinaren bidez aldatzen baita Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren eta Osalan Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakunde Autonomoaren kontratazio-mahaiak eratzen dituen 2010eko maiatzaren 19ko Agindua.

Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren eta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2010eko maiatzaren 19ko Aginduaren bidez, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren eta Osalan Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakunde Autonomoaren kontratazio-mahaiak eratu ziren.

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretua indarrean jartzeak berekin ekarri du lehengo Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren antolamendua eta izena aldatzea. Izan ere, sail horrek bere eskumenen artean honako hauek bereganatu ditu: etxebizitza, arkitektura, eraikuntza, eraikuntzen iraunkortasun eta kalitatea, eta irisgarritasunaren sustapena. Eskumen horiek guztiak, orain arte, beste sail bati edo batzuei esleituta zeuden.

Eusko Jaurlaritzaren sailen berregituratzeak –aipatu dekretuaren bidez eginak– berekin ekarri zuen egituraketa organiko berri bat ematea sail berriari, hau da, berregituraketa horretatik sortutako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari. Egituraketa hori apirilaren 9ko 191/2013 Dekreturen bidez gauzatu zen, eta 2010eko maiatzaren 19ko Aginduan sakontzen du; izan ere, agindu hori egokitu beharra dago sail berria arautzen duten eskumen-arlo berrietara eta egitura organiko eta funtzionalera.

Lehenago aipatutako arrazoiengatik egin beharreko aldaketek eragina dute Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren kontratazio-mahaiaren eraketan, zeina arautu baitzen 2010eko maiatzaren 19ko Aginduaren 1. artikuluaren bidez, eta eragina dute, halaber, agindu horren 3. artikuluan, hor ageri den sailaren izena aldatzeari dagokionez bakarrik.

Ondorioz, Administrazio Kontratazioko Aholku Batzordeak aldez aurretik horri buruzko txostena eman eta gero, honako hau

XEDATZEN DUGU:

Artikulu bakarra.– Aldatu egiten dira Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren eta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2010eko maiatzaren 19ko Aginduaren 1. eta 3. artikuluak. Agindu horren bidez, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren eta Osalan Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakunde Autonomoaren kontratazio-mahaiak eratu ziren.

A) «1. artikulua.– Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren Kontratazio Mahaia.

1.– Zerbitzu Zuzendaritzari atxikia, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren Kontratazio Mahaia sortu da, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Kontratazio Erregimenari buruzko ekainaren 5eko 136/1996 Dekretuaren 7. eta 5. artikuluetan, hurrenez hurren, aurreikusitako funtzioak betetzeko eta bertan jasotako jardun-eremuarekin, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren kontrataziopeko espedienteei dagokienez.

2.– Kontratazio Mahaiko kideak honako hauek izango dira:

a) Presidentea: Sailaren Administrazio eta Zerbitzuen arduraduna. Postua hutsik dagoenean, arduraduna azaltzen ez denean edota gaixorik dagoenean, edo legezko beste arrazoiren bat izanez gero, Sailaren Aholkularitza Juridikoaren arduradunak ordezkatuko du.

b) Kontratua sustatu duen sailaren Zuzendaritzaren ordezkari bat.

c) Bokal-aholkulari juridiko bat: zuzenbidean lizentziatua, eta Zerbitzu Zuzendaritzaren Aholkularitza Juridikoari atxikia.

d) Hiru bokal: bat, Kontrol Ekonomikoko Bulegokoa; beste bat, Ondare eta Kontratazio Zuzendaritzakoa; eta, beste bat, Informatika eta Telekomunikazio Zuzendaritzakoa; azken hori ondasun eta zerbitzu informatikoei buruzko espedienteen kasuan baino ez. Bokalak dagozkien titularrek izendatuko dituzte.

e) Idazkaria: Zerbitzu Zuzendaritzaren kontratazio-arduraduna; hitza izango du, baina botorik ez. Postua hutsik dagoenean, arduraduna etortzen ez denean edota gaixorik dagoenean, edo beste kausa legal baten kasuan, haren ordez Zerbitzu Zuzendaritzako Kontratazio zerbitzuko teknikari batek jardungo du.»

B) «3. artikulua.– Ordezkapenen erregimena.

Ekainaren 5eko 136/1996 Dekretuaren 6.2 artikuluaren lehenengo paragrafoan eta 6.3 artikuluan aipatu ez diren Kontratazio Mahaietako kideei dagokienez, modu singularrean egin ez diren izendapenak eta agindu honetan aurreikusi ez diren ordezkapenak Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak eta Osalan Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakunde Autonomoaren zuzendariak erabakiko dituzte, bakoitzak dagokion eskumen-eremuaren barruan. Izendapen horiek egitean, izendatutako pertsonen arteko ahal den aldaketa gutxien egitea zainduko da, eta espedientean jasoko dira haien izenak.»

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko apirilaren 29a.

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua,

JUAN MARÍA ABURTO RIQUE.

Ogasun eta Finantzetako sailburua,

RICARDO GATZAGAETXEBARRIA BASTIDA.


Azterketa dokumentala

Euskadi, auzolana