Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

92. zk., 2014ko maiatzaren 19a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
2159

AGINDUA, 2014.eko maiatzaren 5ekoa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, arautu gabeko Lutheria-irakaskuntzak arku-instrumentuen adarrean erregulatzen dituena, eta Juan Crisostomo de Arriaga Musika Kontserbatorio Profesionalean irakaskuntza horien ikasketa-plana ezartzen duena.

Lutheria, irakaskuntza artistiko gisa, lanbide-heziketa gisa edo artisautza gisa hartuta, musika-tresnak egitea da, batez ere kordofonoak, hariak, erresonantzia-kaxa eta giderra dituztenak.

Dena dela, ez da soilik eskuz arretaz lantzea. Orain ere metodo tradizionalen arabera egiten diren artisau-lanen maisutasunari fisikaren, kimikaren, akustikaren eta teknologiaren alorreko ezagutza modernoak erantsi behar dizkiete profesionalek.

Metodologia zorrotz hori erabili beharra, eta estatuan jarduera horrek duen tradizio urria faktore erabakigarriak dira artisau espezialista gutxi izatearen arrazoiak azaltzeko garaian. Beraz, ez da harritzekoa lanbidearen iraupen-eremua izatea tailer txikiak, ezagutzak modu tradizionalean transmititu dituztenak, irakaskuntza formalaren hezkuntza-sistematik kanpo.

Euskal Autonomia Erkidegoan artisau-lanari oinarri zientifikoak aplikatzeko gai izango diren luthierrak izateak hezkuntzaren eta gizartearen aldetik duen garrantzia aintzat hartuta, 1987an Eusko jaurlaritzako Hezkuntza, unibertsitate eta Ikerketa Sailak baimendu zuen, azaroaren 11ko Aginduaren bidez, Lutheria-irakaskuntzak ematea garai hartan Bilboko Juan Crisostomo de Arriaga Goi Mailako Musika Kontserbatorioa zen erakundean.

Hiru urte igaro aurretik, 1990eko apirilaren 24ko Aginduaren bidez aldatu ziren 1987ko azaroaren 11ko Aginduaren alderdi zehatz batzuk. Horrenbestez, hasierako ikasketa-planari beste urte bat erantsi zitzaion, eta ikasketak egiten hasteko Goi Mailako Lanbide Heziketako Ziklo bat gainditutako ikasleak onartzea xedatu zen, baldintza akademiko horiek betetzen ez dituzten ikasleak ere onartzeko aukera emanez, Lutheria-ikasketak garatzeko gaitasun nahikoak dituztela egiaztatuz gero. Geroago, 1999ko irailaren 3ko aginduaren bidez, arautu gabeko Lutheria-irakaskuntza aldatu eta «Arku-instrumentuak eskuz lantzea» helburu zuen irakaskuntza gisa berrantolatu zen, eta beste espezialitate batzuk ere sortu ziren.

Gaur egun, ia hiru hamarkadako esperientziaren ostean, Juan Crisostomo de Arriaga Musika Kontserbatorio Profesionalean ematen diren irakaskuntza horiek, orokorrean oraindik ere hezkuntza-sistema formalean sartzen ez direnak, erreferentzia dira estatuan.

Juan Crisostomo de Arriaga Musika Kontserbatorioan Lutheria-ikasketak sortu zirenetik gaur egun arte egindako ibilbidean, hezkuntza-sistemak bi araubide juridiko izan ditu: 1/1990 Lege organikoa, 1990eko urriaren 3koa, Hezkuntza Sistemaren Antolamendu orokorrari buruzkoa, eta 2/2006 Lege Organikoa, maiatzaren 3koa, Hezkuntzari buruzkoa, gaur egun indarrean dagoena. Bai batak, bai besteak, garrantzi handiko aldaketa globalak ekarri dituzte, eta biak aintzat hartu dira arau hau idazteko garaian.

Zehazki, Administrazioaren beraren borondatez EAEn ezarritako arautu gabeko Lutheria-irakaskuntzen ezaugarriak, neurri batean, artearen, musikaren eta artisautzaren alorreko irakaskuntzen ezaugarri berdinak direnez, aintzat hartu dira estatuan edo autonomia-erkidegoan aipatutako lege organikoak garatze aldera eremu horietan egindako legeak.

Halaber, garrantzitsua izan da Lanbide Heziketan egindako aldaketa kualitatiboa. Zehazki hizpide dugu 5/2002 Lege Organikoa, ekainaren 19koa, kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzkoa. Lege horren xedea da lanbide-heziketarako sistema integrala arautzea, eskaera sozial eta ekonomikoei eraginkortasunez eta gardentasunez erantzungo diena, prestakuntza-modalitate jakin batzuen bitartez, eta lorpen handienetako bat izan da lanbide-kualifikazioen katalogo nazionala ezartzea.

Arau guztiak kontzeptu eta formulazio berrien iturri izan dira, eta ezaugarri interesgarriak ekarri dituzte irakaskuntza arautu gabe hauek antolatzeko garaian.

Irakaskuntzan aritutako epealdi luzetik ateratako esperientzia eta beste prestakuntza-eredu batzuetatik hartutako ezagutzak aintzat hartuta, eta egungo hezkuntza-eskemen arabera egokiagoak diren pedagogiaren eta antolakuntzaren alorreko proposamenen beharra ikusita, egoki da zenbait aldaketa egitea, bai formaren, bai eta funtsaren aldetik ere, arautu gabeko Lutheria-irakaskuntza horiek era funtzional eta zorrotzean gaur egungo egoeran kokatzeko.

Hori da, hain zuzen, amaierako proiektuari eta enpresan egindako prestakuntza-faseari dagozkien moduluen kasua. Alderdi berritzaile eta aberasgarriak dira, baina ez originalak; izan ere, 1999ko irailaren 3ko Aginduan aipatzen dira jada. Dena dela, Agindu honetan eguneratu dira, beste araubide batzuekin bat datozen formulak sortzea helburu hartuta.

Lehenengoa da aukeratutako espezialitateko proiektu propio bat garatzea, ikastetxean jasotako prestakuntzatik eta praktiken fasetik ateratako ondorioak aplikatuta.

Bestalde, lantokietan jasotako prestakuntza da enpresetan, estudioetan edo tailerretan egindako praktiken fasea, jasotako prestakuntza osatzea helburu nagusi duena, lanbideari dagozkion jarduerak benetako lan-egoeratan eginez. Halaber, praktika horien xedea da ikasle gazteek lanaren eta enpresaren arloarekin lehen harremana izatea, horrenbestez laneratzea bultzatuz.

Logikoa da araudi berria estatuko edo Europako hezkuntza-esperientziekin bat etortzea, eta haietan bi materia horiek ezinbestekoak dira antzeko maila eta eremuetako ikasketa-planetan. Horregatik, ikaskuntza desberdinen araudiak kontuan hartu dira.

Ikasketa-plana eguneratu behar da, ezinbestekoa duen zorroztasuna eta malgutasuna emateko, eta, aldi berean, arautu gabeko ikaskuntza horiek oinarritu behar dira sendotasuna lortzeko lagungarria izango den egitura akademikoan. Hori guztia dela-eta,

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da arautu gabeko Lutheria-irakaskuntzak arku-instrumentuen adarrean erregulatzea, eta, aldi berean, irakaskuntza horien ikasketa-plana ezartzea.

2. artikulua.– Lutheria-irakaskuntzen helburua eta lanbide-profila.

1.– Agindu honen bidez erregulatzen diren Lutheria-irakaskuntza arautu gabeen helburua da profesional kualifikatuak prestatzea arku-instrumentuak egiteko alorrean, honako gaitasun hauek dituztenak: produktuak ulertzea, definitzea eta optimizatzea; ezagutza zientifiko, humanistiko, teknologiko eta artistikoak menderatzea; eta haiei lotutako metodo eta prozedurak baliatzea.

2.– Lutherian aditua den pertsona baten profila da eraikuntza-prozesu bat sortzeko, oinarritzeko eta dokumentatzeko gai den profesional kualifikatu bati dagokiona. Horretarako Lutheriaren oinarri teoriko eta praktikoak menderatu behar ditu, bai eta proiektuen metodologia ere.

3. artikulua.– Irakaskuntzen iraupena, egitura, eta eskola ematea.

1.– Lutheria-irakaskuntza arautu gabeek lanbidea gauzatzeko prestakuntza ematea dute helburu. Helburu hori lortzeko, ikasketa horiek gaitasun artistikoak, zientifikoak eta teknologikoak garatzen dituzte modu integratzailean.

2.– Arautu gabeko Lutheria-ikasketek hiru ikasturteko iraupena izango dute, eta 3.000 ikastordu izango dituzte.

3.– Ikasturte bakoitzaren iraupena izango da Hezkuntza Sailaren titularitateko EAEko kontserbatorioetarako egutegia arautzen duen urteroko ebazpenak xedatutakoaren araberakoa.

4.– ordu-karga banatuko da ikasketa-plana osatzen duten ikasgai guztien artean.

5.– Agindu honen bidez araututako ikasketak Juan Crisostomo de Arriaga Musika Kontserbatorio Profesionalak emango ditu, eta instrumentuei lotutako ikasgai jakin batzuk eta/edo ikasgai teorikoak emateko bertako beste departamentu batzuen laguntza jaso ahal izango du.

6.– Irakaskuntza aurrez aurrekoa izango da. Hala ere, salbuespenez, ezinbesteko kasuetan eta ikasleak aldez aurretik justifikatuz gero, Ikastetxeen Zuzendaritzak erabaki dezake beste formula batzuetara jotzea. Nolanahi ere, baimen hori interesdunaren espediente akademikoan artxibatuta jaso beharko da.

4. artikulua.– Ratioak.

Arautu gabeko Lutheria-irakaskuntzetan, irakasle/ikasle ratioa 1/12 izango da, gehienez, ikasgai teorikoetan, eta 1/8 ikasgai praktikoetan eta tailerretan.

5. artikulua.– Ikasketa-plana: antolaketa eta edukia.

1.– Agindu honetan xedatutako ondorioetarako, ikasketa-plana da ikastetxean ematen den irakaskuntza, prestakuntza praktikoaren fasea eta ikasketen amaierako proiektua erregulatzen dituzten helburuen, edukien, metodo pedagogikoen eta ebaluazio-irizpideen multzoa.

2.– Ulertuko da ikasketa-planak, dagozkion kredituak esleiturik, beharko duela arautu gabeko Lutheria-irakaskuntzak ikasten ari den ikasle baten denbora osoa.

3.– Arautu gabeko Lutheria-irakaskuntzako ikasketa-plana izango da I. eranskinean jasota dagoena.

6. artikulua.– Ikasketetarako sarbidea.

1.– Arautu gabeko Lutheria-irakaskuntzetara sartzeko beharrezkoa izango da batxiler-titulua edo haren baliokidea, edo Unibertsitatera sartzeko hogeita bost urtetik gorakoentzako proba gainditua izatea.

2.– Eskatutako titulazioa ez duten hemeretzi urtetik gorakoak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak araututako proba bat gaindituta sartu ahal izango dira. Proba horretan, izangaiek hauek egiaztatu beharko dituzte: alde batetik, behar bezain helduak direla batxilergoaren helburuei dagokienez; bestetik, kasuan kasuko ikasketak emaitza ona lortuz egiteko beharrezko ezagutzak, trebetasunak eta gaitasunak dituztela.

3.– Halaber, Musikako Oinarrizko Diploma edo haren baliokidea beharko da, kontserbatorio ofizial batek edo ikastetxe baimendu batek emana.

4.– Musika-ziurtagiri hori ez duten ikasleek Lutheria-irakaskuntzetan sar daitezke, maila horri dagozkion musika-ezagutzei buruzko proba bat gaindituz gero. Proba hori Juan Crisostomo de Arriaga Musika Kontserbatorio Profesionalean egingo da.

5.– Gainera, 1., 2., 3. eta 4. idatz-zatietan jasotako kasuetan, berariazko sarrera-proba bat gainditu beharko da, hizpide ditugun ikasketak emaitza onak atereaz egiteko behar diren gaitasunak, ezagutzak eta heldutasuna neurtzeko balioko duena.

6.– Berariazko probari 0tik 100era bitarteko balioa emango zaio eta hiru zati hauek izango ditu:

a) marrazki artistikoa egitea, epaimahaiak proposatutako modeloa oinarri hartuta. Notaren % 35 izango da.

b) Zura baliatuta eskuz egitea epaimahaiak proposatutako pieza bat. Notaren % 35 izango da.

c) Iruzkin bat idaztea, epaimahaiak proposatutako gai bati buruz. Notaren % 30 izango da.

Hiru zatiak kanporatzaileak izango dira; hirurak gaindituz gero, ateratzen den notari erantsiko zaio II. eranskinean ageri den baremoa.

Onartuak izateko eskaeren kopurua izanez gero dauden plazen kopurua baino handiagoa, onartuko dira puntu gehien atera dituzten eskatzaileak, aurreko atalean jasotako berariazko proban lortutako kalifikazioaren eta II. eranskinean jasotako baremoaren batura kontuan hartuta.

7.– Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzako titularrak izendatuko du sartzeko proba ebaluatuko duen epaimahaia. Epaimahai horrek epaimahaiburu bat eta beste bi kide izango ditu, gutxienez, eta epaimahaia bat baino gehiago izenda daitezke, ikaslegaien kopuruagatik beharrezkoa izanez gero.

8.– Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak arautu gabeko Lutheria-irakaskuntzetara sartzeko proben deialdi bat egingo du urtero, gutxienez jota.

9.– Sartzeko probak balioko du hurrengo ikasturte akademikoan ikasketak egiteko.

10.– Salbuespen gisa, Ikastetxeen Zuzendaritzako zuzendariak baimendu ahal izango du musika-ezaupideen baldintza betetzen ez duen ikasle batek matrikula baldintzatua egitea. Matrikula hori behin-behinekoa izango da, hautagaiak goian adierazitako musika-ezaupideen baldintza betetzen ez duen bitartean. Ikasleren batek ikasketak amaituz gero sartzeko baldintza hori bete gabe, ez zaio inolaz ere egiaztagiririk emango.

11.– Matrikula baldintzatua egiten den kasu guztietan jasota geratuko da baldintza hori onartzen dela, ikasleak sinatuko duen dokumentu batean. Dokumentu horrek III. eranskineko ereduari jarraituko dio, eta interesdunaren historian artxibatuta geratuko da.

7. artikulua.– Ebaluazioa eta kalifikazio-sistema.

1.– Ikasleen ebaluazioa I. eranskinean zehazten diren helburu, eduki eta ebaluazio-irizpideen arabera egingo dute irakasleek.

2.– Ikasle bakoitzaren ikasketa-prozesuaren ebaluazio hori ikasketa hauetarako zehaztutako helburuen eskuratze- eta finkatze-mailan oinarrituko da.

3.– Ebaluazioa desberdina izango da ikasgaien arabera, eta integratzailea izango da ikasketa-planean haietako bakoitzerako zehaztutako helburuei dagokienez.

4.– Ikasketen amaierako proiektuaren ebaluazioa eta kalifikazioa egiteko nahitaezkoa izango da gaindituta izatea dagokion ikasketa-plana osatzen duten ikasgai guztiak.

5.– Ikasgai bat gainditzeko, beharrezkoa izango da dagozkion ebaluazio-probak gainditzea. Ikasgaiaren azken kalifikazioa kalkulatuko da ikasturte bakoitzean ikasgai bakoitzari buruz egingo diren hiru ebaluazioetan ateratako emaitzak kontuan hartuta.

6.– Ikasleek lortutako ikasketa-maila zenbakizko kalifikazioen bidez adieraziko da, eta kalifikazio horiek haien espediente akademikoan agertuko dira.

7.–Prestakuntza praktikoaren fasea GAI / EZ-GAI gisa kalifikatuko da, bai eta baliozkotutako ikasgaiak ere. Azken horiek espedientean agertuko dira BALIOZKOTUTAKO ikasgai gisa, eta ez dira kontuan hartuko espedientearen batez besteko nota kalkulatzeko.

8.– Ikasleak ikasketa-planeko ikasgaietako bakoitzean lortutako emaitzak 0tik 10era bitarteko zenbakizko eskala baten arabera kalifikatuko dira; zenbakizko kalifikazioak dezimal bat izango du, eta dagokion kalifikazio kualitatiboa ere gehitu ahal izango zaio. Eskala hau da:

0 – 4.9: Gutxiegi (G)

5.0 – 6.9: Nahiko (N)

7.0 – 8.9: Oso ongi (OO)

9.0 – 10: Bikain (B)

9.– Lutherian aditu-egiaztapena arku-instrumentuen adarrean lortzeko gainditu beharko dira ikasketa-plana osatzen duten ikasgai guztiak, praktikak eta ikasketen amaierako proiektua.

8. artikulua.– Oinarrizko ebaluazio-agiriak.

1.– Lutheria-irakaskuntzen oinarrizko ebaluazio-agiriak hauek dira:

● kalifikazio-aktak.

● ikasketa-espedientea.

2.– Oinarrizko ebaluazio-agiriak ikastetxeko idazkaritzan artxibatuko dira, eta idazkariaren ardura izango da, bai haiek zaintzea eta bai eskatzen diren ziurtagiriak egitea ere.

9. artikulua.– kalifikazio-aktak.

1.– Kalifikazio-aktak dokumentu ofizialak dira, zehazki, arautu gabeko Lutheria-irakaskuntzetako ikasturte bakoitzeko amaieran ematen direnak. Ikasleek lortutako kalifikazioak jasotzen dira haietan.

2.– Aktetan ikasleen izenak agertuko dira, ikasgaiak, maila eta ikasturtea zehaztuta.

3.– Irakaskuntza horien azken ikasturteko aktetan jasoko da, egiaztapena emateko baldintzak betetzen badira, egiaztapen horren ziurtagiria egiteko proposamena.

4.– Agindu honetako IV. eranskinean zehazten diren ereduari eta ezaugarriei egokituko zaizkie kalifikazio-aktak.

5.– Ikasleak ebaluatzeko ardura duten irakasleek sinatuko dituzte aktak. Kasu guztietan ere, ikastetxeko zuzendariaren oniritzia jasoko da.

10. artikulua.– Ikasketa-espedientea.

1.– Ikasleen ikasketa-espedientea haien oinarrizko agiria da. Bertan jasoko dira honako datu hauek: ikastetxea identifikatzeko datuak, ikaslearen datu pertsonalak, matrikularen datuak, lortutako kalifikazioak, dagokion egiaztapena emateko proposamena, eta ikaslearen ibilbide akademikoari eragiten dion dokumentazio oro.

2.– Horrez gainera, ikasketa-espedienteak jaso behar ditu ikaslea sartzeari dagozkion informazioak, matrikula baliogabetzea, eta ezarritako deialdiak gainditu izana.

3.– Ikasketa-espedientearen oinarrizko diseinua agindu honen V. eranskinean jasotako ereduari egokituko zaio.

11. artikulua.– Mailak gainditzea eta epealdia.

1.– Ikasleek gehienez ere lau deialdi izango dituzte ikasgai bakoitza gainditzeko, eta gehienez ere bi deialdi ikasketen amaierako proiektua gainditzeko.

2.– Ikasleak ezingo dira egon ikastetxean lau ikasturte baino gehiago.

3.– Lehenengoa ez den maila batean matrikulatzeko, aurreko mailako ikasgaien % 66 gainditu beharko dira (portzentajea kalkulatzen da ikasgai bakoitzaren ordu-kargaren arabera). Horrez gainera, hirugarren mailan matrikulatzeko ezinbestekoa izango da lehenengo mailako ikasgai guztiak gainditzea.

4.– Maila aurreratuago bateko ikasgaietan matrikulatzeko, ikasleek aurreko mailako gainditu gabe dituzten irakasgaietan ere matrikulatu behar dira ikasturte akademiko berean.

12. artikulua.– Baliozkotzeak.

Ikasle batek, matrikulatu ondoren, lehendik egindako eta gainditutako ikasgaiak baliozkotzea eskatuz gero, batzorde batek aztertuko du. Batzorde horretan parte hartuko dute Lutheria-irakasle batek, Kontserbatorioko ordezkari batek (idazkari-zereginak beteko ditu) eta Hezkuntza Administrazioko ordezkari batek (batzordeburu izango da). Ebazpenaren aurkako helegitea jarri ahal izango zaio Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazitako egunetik zenbatzen hasita.

13. artikulua.– Matrikula eta prezioak.

1.– Maila osoari dagokion matrikula egin beharko da eta ez da onartuko ikasgai solteen matrikularik.

2.– Ikasgai solteen matrikula onartuko da soil-soilik aurreko mailetako ikasgaiak gainditu gabe dauden kasuetan.

3.– Ikasketak bertan behera uzteak ez du emango ordaindutako zenbatekoak berriro jasotzeko eskubiderik.

4.– Arautu gabeko Lutheria-irakaskuntzak egingo dituzten ikasleek ordaindu beharreko matrikulen zenbatekoa izango da matrikula egiteko unean indarrean dagoen prezio publikoen aginduan zehaztutakoaren araberakoa.

14. artikulua.– Ikasketen amaierako proiektua.

1.– Arautu gabeko Lutheria-irakaskuntzen ikasketa-planari dagozkion prestakuntza-ikasgai guztiak gainditu dituzten ikasleek ikasketen amaierako proiektu bat egin beharko dute.

2.– Ikasketen amaierako proiektuaren helburua da ikasitako espezialitateari dagokion lanbidean jarduteko beharrezko gaitasunak egiaztatzea.

3.– Ordu guztien zenbaketari lotutako ondorioetarako, ikasketen amaierako proiektuari 100 ikastordu esleitzen zaizkio.

4.– Ikasketen amaierako proiektua izango da ikasleak egindako instrumentu bat aurkeztea, gutxienez 20 orrialde izango dituen idazlanarekin batera. Idazlan horretan garatuko ditu instrumentua egiteari lotutako egoki iritzitako alderdiak. Orientazio gisa, euskarri idatzi horrek alderdi hauek jaso beharko ditu:

– Obra-egunkaria.

– Egindako planoak, zirriborroak eta prozesua prestatzeko marrazkiak.

– Denboraren plangintza.

– Orduen plangintza.

– Prozesuaren material grafikoa.

– Materialen kostuen kalkulua.

– Aurrekontu-eredua.

– Faktura-eredua.

– Bibliografia eta erabilitako materialak.

– Beste batzuk.

5.– Ikasketen amaierako proiektuaren zuzendari izan daiteke irakasle-taldeko kideren bat, edo gaitasun aitortua duen profesionalen bat. Azken kasu hori izanez gero, hezkuntza-taldeko kide bat arduratuko da tutoretzaz, ikasleei aholku emateko, ikastetxearekiko harremanei dagokienez.

6.– Proiektua egitea bideratzeko, ikastetxeak jarriko ditu, ahal duen neurrian, proiektua arrakastaz burutzeko behar diren bitartekoak.

7.– Ikasketen amaierako proiektuaren ebaluazioa epaimahai batek egingo du. Epaimahaikide izango dira ikaslearen tutorea, ikastetxeko irakasle bat (idazkari-zereginak beteko ditu), Juan Crisostomo de Arriaga Musika Kontserbatorio Profesionaleko ordezkari bat, eta Hezkuntza Administrazioko ordezkari bat (batzordeburu izango da).

8.– Ikastetxeak aurreikusitako egunean, proiektuaren zuzendariak aldez aurreko idatzizko oniritzia emanda, VI. eranskinean jasotako ereduari jarraituz, ikasleak ikasketen amaierako proiektua aurkeztu beharko du. Instrumentuarekin batera, ikastetxeko idazkaritzan utzi beharko ditu idazlanaren paperezko hiru ale eta euskarri informatikoa (jatorrizkoa, bi kopia, eta CD-ROM edo pen drive bat).

9.– Ikasketen amaierako proiektuak kalifikazio aritmetika izango du.

10.– Ikasketen amaierako proiektuak ebaluatzeko, epaimahaiak irizpide hauek hartuko ditu kontuan:

Instrumentua:

a) definizio-maila, diseinuaren zehaztasuna eta edertasuna, planoak, eredua eta txantiloiak.

b) Musika-tresna sortzeko prozesuaren aurkezpen grafikoaren kalitatea.

c) Instrumentua egiteko prozesuaren zuzentasuna eta perfekzioa.

d) Bai diseinuan, bai egindako instrumentuan baliatutako neurrien zuzentasuna, zehaztasuna eta proportzionaltasuna.

e) Elementu hauen neurriak eta distantzien proportzionaltasuna eta zuzentasuna: kaxa harmonikoa, giderra, diapasoia, gune akustikoa eta abar.

f) Formen edertasuna kaxa harmonikoaren soslaian, taparen eta hondoaren arkuetan.

g) Uztaien, taparen eta hondoaren loditasunen egokitasuna.

h) Instrumentuaren eraikuntzaren edertasuna eta fintasuna, eta punten, listelen eta hegalen akabera.

i) Boluta landuaren edertasuna eta fintasuna.

j) Zubia, arima eta barra ondo kokatuak.

k) Kalitatea larakoak jartzean eta doitzean.

l) Alturen, oinen eta zubiaren kurben kalitatezko doitzea, bai eta arimarena eta zubitoena ere.

m) Instrumentua jotzeko erabilgarritasuna, ergonomia eta erosotasuna honako alderdi hauei erreparatuta: diapasoiaren kurba, heldulekuaren tamaina eta forma, harien altuera diapasoian, zubiaren kurba, eta altuera eta harien eta C-ren arteko distantzia, arkua errazago pasatzeko.

n) Harien eta kordalaren muntaketaren kalitatea.

o) Afinazio egokia.

p) Soinuaren kalitatea: oreka, dinamika, proiekzioa, distira, tinbrea.

q) Ereduaren justifikazio estetiko, teknologiko eta akustikoaren kalitatea, bai eta egiteko prozesuarena eta lortutako emaitzarena ere.

r) Erabilitako materialen analisi fisikoaren idatzizko aurkezpenaren eta aurkezpen grafikoaren kalitatea.

s) Instrumentua egiteko prozesuaren analisi akustikoari eta tresna osoari buruzko idatzizko aurkezpenaren eta aurkezpen grafikoaren kalitatea.

t) Instrumentuari egindako doitze eta aldaketak, justifikazioa eta lortutako emaitzak.

u) Egileak erantsitako balioa.

Idatzizko memoria:

a) Proiektuaren originaltasunaren eta zailtasunaren maila.

b) Proiektuaren edo ikerlanaren ekarpenak duen garrantzia eta izaera berritzailea.

c) Adierazpenaren argitasuna eta zuzentasuna: hizkuntza argia erabiltzea, bai grafikoki, bai idatziz, eta berariazko terminologia zuzena baliatuta.

d) Proiektuaren memoriaren aurkezpen eta egituraketa zuzena.

e) Proiektuaren egokitasuna, aplikagarritasuna eta bideragarritasuna.

f) Argumentazioaren eta azalpenaren argitasuna, bai ahozko aurkezpenean, bai testu idatzian.

g) Gaia menderatzen dela egiaztatzea, berrikuspen bibliografiko eta dokumental zorrotz eta osoaren bitartez.

h) Ahozko defentsa egoki egituratuta eta denbora ondo banatuta.

i) Sintesirako gaitasuna, lehentasunak ezartzen jakitea, eta proiektua defendatzean aurkeztutako baliabide-motak.

j) Gaia eta haren osagaiak logikaz aurkeztea.

k) Egileak erantsitako balioa.

11.– Proiektuak defendatu aurretik, ikastetxeko idazkariak ikasle bakoitzaren proiektuaren ale bat helaraziko dio, euskarri informatikoan, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzako Ikasketen Antolamendurako Zerbitzuari. Ebaluatu ostean, proiektuen euskarri dokumentalaren kopia bat artxibatuko da ikastetxeko lokal batean, eta haiek kontsultatzea eskatu ahal izango da, aldez aurretik baimena izanez gero.

15. artikulua.– Prestakuntza praktikoaren fasea.

1.– Prestakuntza praktikoaren faseari 200 ikastordu esleituko zaizkio.

2.– Prestakuntza praktikoaren fase horretako ikastorduen % 80 bete ahal izango da ikasketa-planeko ikasgai praktikoei dagozkien orduekin.

3.– Lutheria-tailerretan egindako praktikez gainera, praktikatzat jo daitezke nazioarteko trukeetan edo egonaldietan parte hartzea, edo irakasle-taldeak iritzitako gaiekin zerikusia duten beste esperientzia batzuetan jardutea.

4.– Prestakuntza praktikoaren fasea Gai / Ez-Gai gisa kalifikatuko da.

16. artikulua.– Egiaztapena lortzea.

1.– Irakaskuntza horiek gainditzeak Lutherian aditu-egiaztapena arku-instrumentuen adarrean ematea dakar.

2.– Egiaztapena Hezkuntza sailburuak emango du, eta oinarrizko eremu hauek jasoko ditu, gutxienez:

– Interesdunaren izen-abizenak.

– Nortasuna egiaztatzen duen dokumentu bat.

– Jaioteguna, jaioterria eta herrialdea.

– Ikasketak amaitutako eguna.

– Egindako ikastorduak eta ECTS kredituen kalkulua.

– Segurtasun-kode autonomikoa.

3.– Egiaztapena inprimatuko den euskarriaren ezaugarri fisikoak eta segurtasun-neurriak Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak ezarriko ditu.

4.– Agindu honetan erregulatutako irakaskuntzak arautu gabeak direnez, ikasketa horiek egin ostean lortuko den egiaztapenak ez du balio akademiko ofizialik izango.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Agindu hau betearazteko behar diren ebazpenak emateko baimena ematen zaio Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari.

XEDAPEN IRAGANKORRA

1.– Arautu gabeko Lutheria-irakaskuntza berriak mailaz maila ezarriko dira 2014-2015 ikasturtetik aurrera.

2.– Gaur egungo arautu gabeko Lutheria-irakaskuntzak mailaz maila desagertuko dira 2014-2015 ikasturtetik aurrera.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetuta geratzen dira 1987ko azaroaren 11ko Agindua (abenduaren 17ko EHAA), 1990eko apirilaren 24ko Agindua (maiatzaren 18ko EHAA), eta 1999ko irailaren 3ko Agindua (irailaren 23ko EHAA), Lutheria-irakaskuntzak arautzekoak.

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko maiatzaren 5a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala