Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

83. zk., 2014ko maiatzaren 6a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA
2024

AGINDUA, 2014ko apirilaren 16koa, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuarena, informazio geografikoa hobetzeko eta udal-mapak egiteko diru-laguntzak arautzekoa.

Euskal Autonomia Erkidegoko udalei udalerriko mapak egiteko diru-laguntzak ematea du xede agindu honek, tokian tokiko informazio geografikoaren kalitatea hobetu dadin.

Agindu honen bidez, aurreko mapa toponimikoen ildo beretik, interes orokorreko datuak biltzen eta digitalizatzen jarrai dadin sustatu nahi da, nahiz eta horrek ez duen esan nahi gero mapa horiek paperean inprimatu ezingo direnik, deialdi honetatik aurrera aukerakoa izango baitute hori udalek.

Abenduaren 20ko 4/2013 Legean –Euskal Autonomia Erkidegoko 2014ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak onartzekoan, alegia–, emana dago xede horretarako kreditua.

Hori dela eta, eta Jaurlaritzaren Legeari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26. artikuluak ematen didan eskumena betez, eta Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 196/2013 Dekretuaren 9. artikuluan xedatutakoaren arabera,

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea udal mugartearen mapa digitala egiteko gastuetarako diru-laguntzak ematea da, horrez gain, nahi izanez gero, mapa paperean egin daiteke; horretarako mapa topografikoan jarri ohi diren elementu guztiak batu, berrikusi eta aurkitu behar dira, eta ondoko hauek agertu behar dira derrigorrez: toponimia, kale zerrenda eta interes publikoko zerbitzuak, instalazioak eta hiri elementuak.

Informazio hori udalaren webgunean argitaratu behar da, bertako mapa-bisorea erabiliz, edo bestela, udalak halakorik ez badu, www.geo.euskadi.net webguneko mapa-bisorea baliatuz; Lurralde Plangintzaren eta Hirigintzaren Zuzendaritzak du webgune horren ardura, eta udalen webguneetan txertatu ahal izateko moduan dago eginda.

Batu beharreko elementuak eta euren formatu eta betekizunak agindu honen eranskineko diruz lagundutako lanen betekizun teknikoetan zehazten dira. Horiek lanen betearazpena eta, hala badagokio, kontratazioa arautuko dute.

2. artikulua.– Diru-baliabideak.

210.000 euro erabiliko ditugu 2014ko ekitaldi honetarako diru-laguntza hauek ordaintzeko.

3. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Agindu honetan zehaztuta dauden baldintzak, eskakizunak eta prozedurak betez gero, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udalak ahalko dira izan diru-laguntza honen erakunde onuradun.

2.– Erakunde horietako bati diru-laguntza eman eta, hala badagokio, ordaindu ahal izateko, ikusi egin beharko da ea erakunde hori lehendik Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta bere erakunde autonomoek emandako mota bereko laguntza edo diru-laguntza bat itzultzeko edo horrelako batengatik zehapenen bat betetzeko prozedura batean sartuta dagoen, nahitaezko baldintza baita horrelako prozedura guztiak ebatzita uztea.

3.– Ezin izango dituzte Agindu honetan aipatzen diren diru-laguntzak eskuratu diru-laguntza edo laguntza publikorik eskuratu ezina dakarkien zehapen administratibo edo penala duten erakundeek, edo legezko debekuren bat dutenek, tartean dela Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen Azken Xedapenetatik seigarrenean ezarritakoa.

4. artikulua.– Eskabideak aurkeztea eta bete beharreko agiriak.

1.– Diru-laguntza eskatzeko, udaletako alkatetza-kargua dutenek aurkeztu behar dituzte agiri batzuk, Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera hilabeteko epean, aukera hauetatik edozeinetan: Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren Erregistroan (Donostia kalea 1, Lakua 2, 2. solairua, 01010 Vitoria-Gasteiz), Zuzenean zerbitzuak herritarren arretarako dituen guneetan (telefonoa: 012; edo webgunean: www.euskadi.net), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan jasotako erregistroetako edozeinetan. Hauek dira aurkeztu beharreko agiriak:

a) Lurralde Plangintzaren eta Hirigintzaren zuzendariari zuzendutako idazkia, eta horretan argi adierazi behar da lana paperean argitaratuko den ala ez.

b) Ziurtagiria, non agertu behar baita eskatu eta, hala badagokio, lortu direla diru-laguntzak, laguntzak edo diru-sarrerak xede bererako, eta, jaso badira, zenbatekoa ere agertu behar da. Beste diru-laguntzarik eskatu edo eman ez bada, halaxe agertu behar da.

c) Erantzukizunpeko adierazpena, egiaztatzen duena erakunde eskatzaileak ez duela diru-laguntzak edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dion administrazio-zehapen edo zehapen penalik, ezta laguntzak jasotzeko gaitasuna kentzen dion lege-debekurik ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean jasotako sexu arrazoiengatik bereizkeria egitearengatik sortutakoak barne.

2.– Lurralde Plangintzaren eta Hirigintzaren Zuzendaritzak ikusten baldin badu eskabidean badela akatsen bat edo zehatz-zehatza ez den zer edo zer, eskaera egin duen erakundeari jakinaraziko dio eta 10 egun emango dizkio zuzendu beharrekoak zuzentzeko. Epe hori igarota, egin beharreko zuzenketak egin ez badira, eskabideari uko egin diola ulertuko da, horretarako behar den ebazpena eman ondoren; ebazpen hori Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 42. artikuluan xedatutako arauei jarraituz emango da.

5. artikulua.– Diruz laguntzeko moduko gastuak eta diru-laguntzen zenbatekoa.

1.– Diruz laguntzeko moduko gastuak mapa digitala egiteko gastuak dira eta, horrez gain, paperean nahi izanez gero, udalerriaren mapa ere egin daiteke; horretarako, mapa topografikoan jarri ohi diren elementu guztiak batu, berrikusi eta aurkitu behar dira, eta ondoko hauek ere agertu behar dira, gutxienez: toponimia, kale zerrenda eta interes publikoko zerbitzuak, instalazioak eta hiri elementuak.

2.– Formula hau erabiliko da udal bakoitzari gehienez ere zenbateko diru-laguntza emango zaion zehazteko:

«H» gehieneko diru-laguntza da eurotan, eta «P» udalerriko biztanle kopurua, Euskal Estatistika Erakundeak (Eustat) emandako biztanleriari buruzko azken datuaren arabera, eskaerak aurkezteko epea amaitzeko egunean.

H = 8.000 + (P/100)

Udalak maparen paperezko kopiak ere egitea aukeratu badu, formula horren bidez lortutako H kopurua % 20 gehituko da.

Diru-laguntza ez da inoiz 12.000 euro baino gehiagokoa izango.

3.– Agindu honetako 6. artikuluan jasota datorren hainbanatze-irizpidea aplikatu behar izanez gero, gerta daiteke artikulu honetako formula horiek erabiliz hasieran kalkulatu diren kopuruak baino diru-laguntza txikiagoak ematea azkenean.

6. artikulua.– Diru-laguntzak esleitzeko prozedura.

Diru-laguntza esleitzeko, 7. artikuluan jasota datorren kudeaketa-organoak irizpide hauek izango ditu kontuan:

1.– Agindu honetako 3. artikuluan zehaztutako baldintzak betetzen dituzten eskabide guztiak hartuko dira aintzat, baldin eta epearen barruan jaso badira.

2.– 5.2 artikuluan jasotakoarekin bat kalkulatutako kopuruen bolumen osoa deialdiaren zuzkidura ekonomikoaren kopurutik gorakoa balitz, banaketa proportzionalaren irizpidea edo proportzio-araua erabiliko litzateke eman beharreko kopurua kalkulatzeko.

7. artikulua.– Prozeduren kudeaketa eta ebazpena.

1.– Lurralde Plangintzaren eta Hirigintzaren zuzendariari dagokio agindu honetan xedatutako prozedurak kudeatzeko lanak egitea.

2.– Lurralde Plangintzaren eta Hirigintzaren zuzendariak eta berorrek izendatutako zuzendaritza horretako bi teknikarik kasuan kasuko diru-laguntzak emateko prozeduraren ebazpen proposamena egingo dute, eta hori Administrazio eta Lurralde Plangintzaren sailburuordeari helaraziko zaio; berorrek gehienez bi hilabeteko epean eskaerak aurkezteko epea amaitu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita emango du ebazpena. Ebazpen horretan erakunde eskatzaileei diru-laguntzak emango zaizkien ala ez erabakiko da, eta ondokoak ere adierazi beharko dira: onuradun udala, diruz lagundutako jarduera eta diru-laguntzen zenbatekoa eta, hala badagokio, ukoaren zioak.

3.– Ebazpena interesdunei jakinaraziko zaie, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuta.

4.– Ebazpen honen aurka erakunde interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuari, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera hilabeteko epean, betiere Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluetan ezarritakoarekin bat etorriz.

5.– Epe hori amaitu eta oraindik ez bada ebazpenik jakinarazi, eskabideak ez onartutzat hartuko dira, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44.1 artikuluan zehaztuta dauden ondorioetarako. Horrek ez du esan nahi, ordea, lege horrek horretara behartzen baitu, Administrazioak berariaz ebatzi beharrik ez duenik.

8. artikulua.– Diru-laguntzak esleitzeko ebazpenaren edukia.

Diru-laguntzak esleitzeko ebazpenean, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuko 51.7 artikuluan aipatzen diren xehetasun guztiak eman beharko dira. Dekretu horren bidez, hain zuzen ere, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateragina onartu zen. Hona hemen xehetasun horiek:

1.– Diru-laguntzen kontzeptuak eta zenbatekoak.

2.– Gehienezko epeak; hauek, hain zuzen ere:

a) Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak diru-laguntza esleitzeko emandako ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik gehienez bi hilabeteko epean onuradun erakundeak Lurralde Plangintzaren eta Hirigintzaren Zuzendaritzari bidaliko dio diruz laguntzeko moduko lanen hasiera ziurtagiria eta, hala badagokio, kontratazioarena ere, eta bertan beren-beregi azaldu behar da gehieneko epea bederatzi hilabetekoa dela lanak betearazteko.

b) Lanak amaitzeko 9 hilabeteko gehieneko epea Lurralde Plangintzaren eta Hirigintzaren zuzendariaren ebazpenaren bidez luza daiteke. Horretarako, onuradun erakundeak luzapena eskatzeko idazkia aurkeztu beharko du lanak atzeratzen ari direla antzematen denean, eta betiere epea amaitu baino lehen. Idazkiarekin batera, eskaeraren zioak azaltzeko justifikazio memoria eta dagokion agiria aurkezteko aurreikusitako epearen proposamena aurkeztu behar dira.

c) Epea luzatzea erabakitzen bada, lau hilabetez luzatu ahal izango da, non eta erakunde onuradunak ez duen gutxiago luzatzeko eskatu.

9. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzeko modua.

1.– Baldin eta diru-laguntza mapa paperean argitaratzekoa ere bada, diruz lagundutako lanak amaitzeko epea bukatu baino bi hilabete lehenago, eta, edozein modutara ere, mapa paperean argitaratu baino lehen, onuradun erakundeak informazio digitala igorriko du Lurralde Plangintzaren eta Hirigintzaren Zuzendaritzara, diruz lagundutako lanen betekizun teknikoetara –agindu honen eranskinean– egokitzeko txostena egiteko. Txosten hori hilabeteko epean emango da, eta, akatsik antzemanez gero, txostenean jasotako epean zuzendu beharko da.

2.– Emandako diru-laguntza dena batera ordainduko da, ordainketa-agindu bakar baten bidez, eta ordainketari ekingo zaio, hain zuzen ere, diru-laguntza jaso behar duen erakundeak aurkeztuak dituenean diruz lagundutako lanak eginda daudela egiaztatzeko agiriak eta lan horien benetako kostua egiaztatzekoak.

3.– Diruz lagundutako lanak benetan eginda daudela egiaztatzeko, erakunde onuradunak zenbait entregagai bidali beharko ditu Lurralde Plangintzaren eta Hirigintzaren Zuzendaritzara, lanak guztiz amaitzen dituenetik gehienez ere hilabeteko epean, eta denek ere bat etorri beharko dute Agindu honi eranskin gisa gehitutako baldintza teknikoen agirian jasota dauden betekizun eta formatuekin. Hauek dira entregagaiak:

a) Udalerrian dauden interes publikoko hiri-elementuekin, zerbitzuekin eta instalazioekin lotutako elementuei buruzko informazioa.

b) Toponimiari buruzko informazioa.

c) Kale-izendegiari buruzko informazioa.

d) Oinarrizko kartografiari buruzko informazioa.

e) Mapa web bidez zabaltzeko fitxategi konprimitua, PDF formatuan, eta mapa digitalaren irudi georreferentziatua.

f) Mapak paperean argitaratu badira, berorren 50 ale paperean eta eta inprimategirako prestatutako materiala duen azken fitxategi digitala.

g) Udalaren Interneteko atariaren barruan bisore kartografikoak izango duen kokalekuaren URL helbidea.

4.– Gorago aipatutako dokumentazioarekin batera, diruz lagundutako lanen ondoriozko benetako gastua justifikatzen duen faktura edo duten faktura banakatuak aurkeztu beharko dira eta, hala badagokio, baita xede bererako jasotako laguntza guztien ziurtagiria ere.

5.– Ordaindutako kopuruak ezin du, inoiz ere ez, diruz lagundutako lanak egitearen kostu garbiaren % 80 (BEZa eta gainerako zergak kenduta) baino handiagoa izan. Eta diruz lagundutako lanen faktura banakatuaren bidez egiaztatu behar da hori.

6.– Diruz lagundutako lanak behar bezala egin direla egiaztatu ondoren, gehienez ere hiru hilabeteko epea egongo da erakunde onuradunari diru-laguntza ordaintzeko, hark artikulu honetako orain arteko ataletan zehaztuta dauden agiriak aurkezten dituenetik aurrera.

10. artikulua.– Informazioaren berri ematea.

Eusko Jaurlaritzak eta dagokien erakunde onuradunek egoki deritzen moduan zabaldu ahal izango dute diru-laguntza honen haritik sortutako informazio guztia.

11. artikulua.– Beste diru-laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Agindu honetan ezarritako mugak gorabehera, deialdi honetan xedatutako diru-laguntzak bateragarriak dira beste erakunde publiko edo pribatu batek xede berarekin ematen dituen beste diru-laguntzekin. Horretarako, ordea, ezinbestekoa izango da deialdi honetan emandako diru-laguntzekin batera 9.5 artikuluan ezarritako ehunekoen mugak (kostu garbiaren % 80) ez gainditzea. Muga hori gainditzen bada, emandako diru-laguntzaren benetako zenbatekoa adierazitako mugaraino gutxituko da.

12. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan araututako diru-laguntzen onuradun diren erakundeek betebehar hauek izango dituzte, beti:

a) Emandako diru-laguntza onartu egin behar dute. Horren haritik, diru-laguntza eman egin zaiela jakinarazteko idazkia jaso eta hamabost eguneko epean erakunde onuradunek ez badiote berariaz eta idatziz uko egiten diru-laguntzari, onartu egiten dutela ulertuko da.

b) Diru-laguntza zertarako eman zaien, horrexetarako erabili behar dute.

c) Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 50.2 artikuluan ezartzen direnak; eta, bereziki, Ekonomi Kontrolerako Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak esleituta dituzten zereginak betez, xedapen honen kontura jasotako laguntzei buruz argibiderik eskatzen badiote, eman egin beharko die.

d) Lanak egiteko eta entregatzeko epeei dagokienez, 8. artikuluko 2. ataleko a) eta b) idatzi-zatietan jasotakoa bete behar dute.

e) Papereko mapetan nahiz euskarri digitalekoetan, berariaz adierazi behar da hura Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak diruz lagundu duela, Eusko Jaurlaritzaren erakunde-nortasunari buruzko araudian xedatutakoaren arabera (318/1999 Dekretua, abuztuaren 31koa, Eusko Jaurlaritzaren erakunde-nortasunaren eskuliburua arautzen duena, EHAAren 205. zenbakian argitaratua).

13. artikulua.– Diru-laguntzaren baldintzak aldatzea.

Diru-laguntza ematerakoan kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, baina haren xedea bete egin bada hala ere, edo aldi berean beste edozein erakunde publiko eta pribatutatik bestelako diru-laguntzaren bat lortu bada, diru-laguntzak emateko ebazpena aldaraztea ekar dezake horrek. Ondorio horietarako, Lurralde Plangintzaren eta Hirigintzaren Zuzendaritzak dagokion likidazio-ebazpena egingo du, emandako diru-laguntzen zenbatekoa egokitzeko.

14. artikulua.– Ez-betetzeak.

Antzematen bada diru-laguntza emateko baldintzak ez direla betetzen –besteak beste lana ez datorrela bat diruz lagundutako lanen betekizun teknikoekin (agindu honen eranskinean)–, diru-laguntzarako eskubidea galduko da eta, hala badagokio, jasotako kopuruak eta legearen araberako korrituak itzuli beharko dizkio Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta haiek itzultzeari buruzko araubide orokorra ezartzeko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan xedatutakoarekin bat.

15. artikulua.– Errekurtsoak.

Agindu honen aurka, administrazio-bidea agortzen baitu, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuari, Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera hilabeteko epean; edo bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ere aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera bi hilabeteko epean.

XEDAPEN GEHIGARRIA

2. artikuluan ezarritako zenbatekoa handitu ahal izango da, eskatutako diru-laguntzen guztizko zenbatekoa kontuan harturik, betiere Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren beste laguntza programa batzuk gauzatzean agortu ez den aurrekontu baliabiderik izanez gero, eta laguntzei buruzko ebazpena eman baino lehen. Horrela gertatuz gero, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da Administrazio eta Lurralde Plangintzaren sailburuordearen kasuan kasuko ebazpena.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honetan berariaz jaso ez diren prozedurazko alderdi guztietarako, bi arau hauetan ezarritakoari jarraituko zaio: 30/1992 Legea, azaroaren 26koa, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena; eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina, 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez onartua, azaroaren 11n.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Lurralde Plangintzaren eta Hirigintzaren zuzendariari ahalmena ematen zaio Agindu hau garatze eta betetze aldera beharrezkoak diren jarraibideak emateko.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko apirilaren 16a.

Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburua,

ANA ISABEL OREGI BASTARRIKA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala