Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

67. zk., 2014ko apirilaren 7a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
1616

EBAZPENA, 2014ko apirilaren 4koa, Industriako sailburuordearena, zeinen bidez argitara ematen baita Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuak 2014ko martxoaren 26ko Aginduak araututako laguntzak emateko deialdia. Laguntza horiek «Global Training» beka-programa martxan jartzeko gaitasuna duten erakundeentzako dira -2014ko ekitaldia-.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren 2014ko martxoaren 26ko Aginduaren bidez arautzen da beka-programa hau martxan jartzeko gaitasuna duten erakundeentzako laguntza-programa -«Global Training»-, goi-mailako lanbide-prestakuntza edo unibertsitate-titulazioa duten gazteek atzerriko enpresa eta erakundeetan praktikak egin ahal ditzaten (2014ko apirilaren 2ko EHAA).

Aipatutako aginduaren 6. artikuluan ezarritakoaren arabera, egoki da «Global Training» beketarako 2014ko ekitaldirako erakundeak hautatzeko deialdia egitea, eta, horretarako, eman beharreko arau guztiak ematea.

Horiek horrela, aipatutako aginduaren 6. artikuluan ezarritako eskumena erabiliz, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.- Xedea.

Ebazpen honen xedea da Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren 2014ko martxoaren 26ko Aginduan aurreikusitako laguntzen 2014ko deialdia egitea. Agindu horren bidez arautzen dira «Global Training» beka-programa martxan jartzeko gaitasuna duten erakundeentzako laguntza horiek.

Bigarrena.- Baliabide ekonomikoak.

Deitutako laguntzak finantzatzeko, 3.200.000 erabiliko dira guztira, Euskal Autonomia Erkidegoko 2014ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 20ko 4/2013 Legean hartarako ezarritako aurrekontu-kredituaren kargura.

Hirugarrena.- Eskabideak aurkezteko lekua eta epeak.

1.- Programa honetan parte hartzen duten erakundeek izapidetze telematikoaren bidez beteko dute eskabidea eta horrekin batera eskatzen den dokumentazioa, eta horretarako eskabide-eredua www.euskadi.net/industria web-orria erabiliz eskuratu eta Administrazioan aurkeztuko da, edo, bestela, www.euskadi.net/industria web-orrian eskabide-eredua bete eta grabatu, inprimatu eta, ondotik, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailekoa Nazioartekotze Zuzendaritzako Lurralde Ordezkaritzaren batean aurkeztuz, dela zuzenean, dela Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak ezarritako bideren bat erabilita. Betiere, eskabideak aurkezteko epea amaitu baino lehen egin beharko da hau guztia.

Eskabide-ereduak ebazpen honen III. eranskin gisa argitaratzen dira.

2.- Deialdiko beketarako eskabideak aurkezteko epea ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, eta biharamunean hasiko da; amaitu, berriz, 2014ko maiatzaren 15ean.

Laugarrena.- Balorazio-irizpideen haztapen orokorra.

Aginduaren 10. artikuluan aipatzen diren baloario-irizpideak ebazpen honen IV. eranskinean zehaztutakoaren arabera haztatuko dira.

Bosgarrena.- Agindu arautzailearen 4. artikuluan xedatutakoa betetzearren -diruz lagungarri diren gastuak zehazteari buruzkoa-, ebazpen honen II. eranskinean, eman behar den prestakuntza espezifikorako kurtsoen Oinarrizko Programa ezartzen da, eta, II. eranskinean, aldiz, beka eman zaion pertsonako praktikaren hileko dotazioaren zenbatekoa ezartzen da.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Deialdi-ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, eta hurrengo egunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko apirilaren 4a.

Industriako sailburuordea,

JUAN IGNACIO GARCÍA DE MOTILOA UBIS.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala