Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoa

Euskadi.eus

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

11. zk., 2014ko urtarrilaren 17a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA
198

EBAZPENA, 2013ko abenduaren 10ekoa, Herri Administrazio eta Justizia Saileko Funtzio Publikoko sailburuordearena, honako akordio hau argitaratzea xedatzen duena: Kudeaketa-gomendiorako Akordioa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrarena (Herri Administrazio eta Justizia Sailaren bitartez), zeinaren bidez Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua entitate publikoari ematen baitzaio Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eremuan Giza baliabideen Kudeaketarako SAP sistema informatikoa garatzeko, ezartzeko eta ekoizteko laguntza teknikoko zerbitzuak emateko ardura.

Herri Administrazio eta Justiziako sailburuak eta Osasuneko sailburuak (azken hori Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua ente publikoaren ordezkari gisa) akordio bat izenpetu dute 2013ko abenduaren 10ean, zeinaren bidez Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua entitate publikoari ematen baitzaio Giza baliabideen Kudeaketarako SAP sistema informatikoa garatzeko, ezartzeko eta ekoizteko laguntza teknikoko zerbitzuak emateko ardura, betiere, Herri Administrazio eta Justizia Saileko Funtzio Publikoko Sailburuordetzak ezarritako jarraibide eta helburuak betez.

Eta jendeak horren berri izan dezan, akordio hori argitaratzen da, ebazpen honen eranskin gisa.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko abenduaren 10a.

Funtzio Publikoko zuzendaria,

ANDRÉS ZEARRETA OTAZUA.

ANEXO
AKORDIOA, KUDEAKETA-GOMENDIOARI BURUZKOA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORRARENA, HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILAREN BITARTEZ. KUDEAKETA-GOMENDIO HORREN BIDEZ, OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA ENTITATE PUBLIKOARI AGINDU ZAIO EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIOAREN EREMUAN GIZA BALIABIDEEN KUDEAKETARAKO SAP SISTEMA INFORMATIKOA GARATZEKO, EZARTZEKO ETA EKOIZTEKO LAGUNTZA TEKNIKOKO ZERBITZUAK EMATEKO ARDURA
BILDU DIRA:

Alde batetik, Josu Iñaki Ercoreca Gervasio jauna, Eusko Jaurlaritzako Herri Administrazio eta Justiziako sailburua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren izenean eta hori ordezkatuz.

Bestetik, Jon Darpon Sierra jauna, Osasuneko sailburua, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko lehendakari gisara, eta entitate publiko horren izenean eta hori ordezkatuz.

Aipatutako bi alderdiek Akordio hau formalizatzeko beharrezko ahalmen juridikoa eta egintza-ahalmena aitortzen diote elkarri eta, egintza honetan aritzeko eman zaien ordezkaritza elkarri onartuta, adostutako hau

AZALTZEN DUTE:

I.– Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituenak eta horien egitekoak eta jarduera-arloak finkatzen dituenak, 6. artikuluan aurreikusten duenaren arabera, Herri Administrazio eta Justizia Sailari dagozkio, besteak beste, funtzio publikoarekin lotutako jarduera-eremuak, administrazio-antolamendua, langileriaren araubide juridikoa eta ordainsari-araubidea, eta administrazioa modernizatzeko prozesuak bultzatu, zuzendu eta koordinatzea.

II.– Era berean, otsailaren 18ko 35/1997 Dekretuak, informazio eta telekomunikazio sistemen egitekoak eta kudeaketa-modalitateen planifikazioa, eraketa eta banaketa arautzen dituenak, 5.3 artikuluan aurreikusten du Eusko Jaurlaritzari dagozkiola zeregin hauek: guztientzako kudeaketa arloak, proiektuak eta prozesuak finkatu eta definitzea, sailen arteko eta Administrazio Orokorraren eta Instituzionalaren arteko loturak erraztea, eta behar adina mekanismo abiaraztea informazio-sistemen jarraitutasuna eta segurtasuna bermatzeko, bai eta sailetan zein administrazio instituzionaleko entitateetan garatzen diren aplikazio eta sareen komunikagarritasuna eta bateragarritasuna ere.

III.– Orobat, Dekretu horrek aitortzen du sailek aukera dutela beste administrazio eta entitate batzuekin akordioak, hitzarmenak eta lankidetza-neurriak proposatzeko, sailetako informatika-sistemei lotutako zerbitzu eta ikerketa berriak sartu, garatu eta elkartrukatze aldera.

IV.– Azken horrekin lotuta, apirilaren 9ko 188/2013 Dekretuak, Herri Administrazio eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzekoak, Funtzio Publikoko Sailburuordetzari esleitzen dizkio, besteak beste, zeregin hauek: herri-administrazioa arrazionalizatu, hobetu eta eraberritzeko lanak bultzatu, zuzendu eta garatzea, eta Administrazioa modernizatzeko administrazio-arteko ekintzak bultzatzea.

V.– Horrez gainera, ekainaren 26ko 8/1997 Legeak, Euskadiko Antolamendu Sanitarioarenak, 20. artikuluan zehazten du Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua zuzenbide pribatuko entitate publikoko izaera juridikoz sortu dela, sanitatean eskudun den Administrazio orokorreko sailari atxikia. Halaber, nortasun juridiko propioa eta jarduteko gaitasun osoa ematen dizkio bere helburua, hots, haren mendeko zerbitzu-erakunde publikoen bidez zerbitzu sanitarioak ematea, bete dezan.

VI.– Aipatutako eskumen-esleipenaren esparrua aintzat hartuta, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioa Giza Baliabideen Kudeaketarako SAP sistema informatikoa garatu, ezarri eta ekoizteko garapen-prozesuan dago bete-betean. Hala, bada, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua zuzenbide pribatuko entitate publikoa aitzindaria izan zen tresna informatiko hori erabiltzen eta, horri esker, denborak aurrera egin ahala, baditu adituak bai SAP sistemari buruzko ezaguera teknikoei dagokienez, eta bai sistema hori garatu, ezarri eta ekoizteko prozesuak diseinatu eta abiarazteari dagokionez ere, Herri Administrazioen ingurunean, beti ere.

VII.– Langile horiek Giza Baliabideen Kudeaketarako SAP sistema informatikoaren moduluak garatu eta ezartzeko prozesuetan pilatu duten eskarmentuak, batetik, eta azken urte hauetan Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan SAP sistema informatikoa eraginkorki erabiltzearen ondorioz giza baliabideen kudeaketako ekoizpen- eta mantentze-prozesuei buruz lortutako ezaguerak, bestetik, behar adinako trebetasunaz hornitu ditu langileok aipatutako tresna hori giza baliabideen kudeaketan praktikoki, eraginkorki eta egiazki aplikatzeari dagokionez.

Horrela, Herri Administrazio eta Justizia Sailaren ustez, eskarmentu hori abantailaz betetako aukera da aipatutako tresna informatikoa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio osora zabaltzeko prozesuan.

VIII.– Horrexegatik proposatu da, xede horixe bera lortze aldera, laguntza teknikoko zerbitzuak kudeatzeko gomendioa gauzatzeko Akordio hau. Horretarako, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko langileetako batzuek parte hartuko dute Giza Baliabideen Kudeaketarako SAP sistema informatikoa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioan garatu, ezarri eta ekoizteko prozesuan.

IX.– Akordio honek bi alde sinatzaileentzat onuragarria den xede bati erantzuten dio, izan ere, herri-interesekoa da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio osoan bere giza baliabideak kudeatzeko euskarri informatiko partekatu, bateragarri, integratu eta eguneratu bat ezartzea.

Hori guztia adierazi ondoren, alde bakoitzak bere interesak aintzat hartuta ados daudela agertu dute, eta, azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearenak, 15. artikuluan jasotzen duen aurreikuspenaren babesean, kudeaketa-gomendiorako Akordio hau formalizatu da. Hona hemen Akordioaren sinatzaileek errespetatu beharreko.

KLAUSULAK:

Lehenengoa.– Akordio honen xedea da Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuari agintzea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren esparruan Giza Baliabideen Kudeaketarako SAP sistema informatikoa garatu, ezarri eta ekoizteko proiektuan laguntza teknikoko zerbitzuak emateko lana.

Bigarrena.– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak pertsona bat izendatuko du, behar den eremuari dagozkion ezaguerak eta eskarmentua dituena, eta pertsona hori gehituko zaio Herri Administrazio eta Justizia Saileko Funtzio Publikoko Sailburuordetzak berariaz eratutako lan-taldera.

Hirugarrena.– Pertsona horrek bere gain hartuko ditu Giza Baliabideen Kudeaketarako SAP sistema informatikoa garatu, ezarri eta ekoizteko prozesuaren zuzendaritza-, koordinazio-, ikuskaritza- eta kudeaketa-lanak, bai eta kontrol eraginkorra gauzatzeari dagozkionak ere; era berean, pertsona horrek antolatuko ditu sistema behar bezala mantentzeko lanak, talde guztiei dagokienez –Justizia, Administrazio Orokorra, Herrizaingoa eta Hezkuntza publiko zein pribatua–. Beste batzuen artean, hauek izango dira pertsona horren zereginak: SAP sistema informatikoa garatu, ezarri eta ekoizteko proiektua zuzentzea; jarraipen-batzordeko taldea zuzentzea, proposamenak eginez eta proiektuaren gauzatzea kontrolatuz; aipatutako esparru horretan irizpideak ezartzea; proiektuaren aurrekontua kontrolatzea; eta giza baliabideak zein baliabide materialak koordinatzea.

Horrek guztiak bat etorri beharko du, beti ere, Herri Administrazio eta Justizia Saileko Herri Administrazioko Sailburuordetzak ezarritako jarraibide eta xedeekin.

Laugarrena.– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren aldetik komenigarritzat jo da izendatzen duen pertsonak entitate publiko horretan garatzen diren zeregin eta lan-programekin lotuta jarraitzea eta, horren ondorioz, Euskal autonomia Erkidegoko Administrazioan SAP proiekturako izendatutako pertsonaren jarduna astean lau egunekoa izango da, astelehena eta ostirala bitartean, haren ohiko lan-ordutegiaren barruan, Funtzio Publikoko Sailburuordetzak berariaz emandako egoitzan fisikoki bertaratu beharko duela.

Bosgarrena.– Herri Administrazio eta Justizia Sailak jarriko ditu beharrezkotzat jotako hornidurak, ekipamendua eta giza baliabideak, eta erakunde horrek hartuko ditu bere gain baliabide horiek eskuragarri jartzetik eratorritako gastuak.

Seigarrena.– Izendatutako pertsonak Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Entitate Publikoari atxikita jarraituko du administrazio-egoerei, ordainsariei, baimenei eta lizentziei dagokienez, bai eta Akordio honen indarraldian aplikagarria den araubide juridikoarekin lotutako gainerako edozein gairi dagokionez ere.

Zazpigarrena.– Herri Administrazio eta Justizia Sailak egoki iritziko balio Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko informatikako beste langileren bat proiektura biltzeari, Giza Baliabideen Kudeaketarako SAP tresna informatikoa erabiltzen aditua dena, beti ere, eta beste alde sinatzailea horrekin ados agertzen bada, Akordio hau aldatu egingo da, dagokion eranskina erantsiz, baldin eta horretarako kreditu egokia eta nahikoa badago. Horretarako, Akordio honetarako jarraitu den prozedura berari men egin beharko zaio.

Zortzigarrena.– Akordioaren indarraldian, Herri Administrazio eta Justizia Sailak urtero transferituko dio Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Antolakuntza Nagusiari berrogeita hamalau mila bederatziehun eta hirurogei (54.960) euroko zenbatekoa; nolanahi ere, zenbateko hori aldatu egin beharko da ordainsarien kontzeptuetan aldaketarik balego. Diru-kopuru horren helburua entitate publiko hori konpentsatzea da, bere langileak hein batean ohiko lanpostutik kanpo egon beharretik eratorritako ondorioengatik, hain zuzen ere.

Bederatzigarrena.– Zenbateko hori kalkulatzeko, oinarri gisa hartu da 2012 urtean Osakidetzako informatikako langileek urtean jaso dituzten ordainsari gordinen guztizkoaren % 80. Ordainsari horrek barne hartzen ditu lanpostuari berari dagozkion kopuruak, antzinatasunak, karreragatiko osagarria eta kokapenagatiko osagarria, azken hori aitortzen baitzaie Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko informatikako langile batzuei zerbitzua emateko baldintzen eta zerbitzuaren beharrizanen arabera.

Hamargarrena.– Akordio hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean jarriko da indarrean, eta ondorioak 2015eko abenduaren 31ra arte luzatuko dira, edo proiektuaren amaierara arte, aipatutako data baino lehen gertatzen bada. Nolanahi ere, adierazitako indarraldia luzagarria da, kreditu egokia eta nahikoa baldin badago. Horrek guztiak ez du kentzen, ordea, bi aldeak ados jarriz gero Akordioa indargabetzeko aukera.

Akordioa indargabetuko balitz, aldeek zehaztu beharko lituzkete abian diren lanak amaitzeko eta ordaintzeke dauden zenbatekoak likidatzeko baldintzak.

Hamaikagarrena.– Aurrekontu-kostua Herri Administrazio eta Justizia Sailak hartuko du bere gain. Hona hemen gastu horrek aurrekontu-urte bakoitzean izango duen eragina:

2013. urtea – Abendua

2014. urtea – Urte osorako

2015. urtea – Urte osorako

Gastu hori partida honi esleitu beharko zaio:

13.0.1.02.30.0000.1.238.61.12130.002/K – EIZU proiektua

Hamabigarrena.– Kudeatzeko gomendioak ez dakar ez eskumenaren titulartasuna ez eskumen horretaz baliatzeko funtsezko elementuak lagatzea; hori dela eta, Funtzio Publikoko Sailburuordetzaren ardura izango da kudeaketa-gomendio honen xede den jarduera material zehatzari oinarria emango dioten edo hura barne hartuko duten egintza edo erabaki juridiko guztiak hartzea.

Bi aldeak edukiarekin ados daudela adierazten dute, eta, hala jasota gera dadin, kudeaketa-gomendioa formalizatzeko agiri hau sinatu dute.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko abenduaren 13a.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua entitate publikoko lehendakaria,

JON DARPÓN SIERRA.

Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,

JOSU IÑAKI ERCORECA GERVASIO.


Azterketa dokumentala

Euskadi, auzolana