Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

247. zk., 2013ko abenduaren 30a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
5606

AGINDUA, 2013ko abenduaren 18koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, ikastetxe publikoetan edo, salbuespen gisa, itunpeko ikastetxe pribatuetan eskolatuta dauden hezkuntza-premia berezietako ikasleentzat 2013-2014ko ikasturtean eskola-garraioaren banakako diru-laguntzak deitzen dituena.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak irakaskuntzaren zerbitzu osagarri gisa antolatzen du urtero eskola-garraioa. Zerbitzu hau ibilbideen kontratazioan konkretatzen da eta, ibilbide horiek zehazteko, ikasleen helbideen eta ikastetxearen arteko distantzia eta ikasle kopurua hartzen dira kontuan.

Badira, haien ikastetxeetara egunero joan ahal izateko, alternatiba bat derrigorrean bilatu behar zaien ikasle batzuk eta ohiko garraioa erabiltzea eragozten dieten elbarritasun fisiko, psikiko eta zentzumen mailakoei lotutako hezkuntza-premia bereziak dituzten edo ezarritako ibilbideetara egokitzerik ez duten ikasleek kolektibo espezifiko bat osatzen dute. Horretarako, banakako diru-laguntzen deialdi hau egiten da.

Horregatik guztiarengatik, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren esparruan diru-laguntzak arautzeko azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez onartu zen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Printzipio Antolatzaileen Legearen testu bateratuak VI. tituluan azaltzen dituen xedapenen arabera,

Eta, Ogasun eta Administrazio Publikoko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduak, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren konturako gastu-espedienteak aldez aurretik tramitatzeko prozesua arautzen duenak, xedatutakoaren arabera,

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Deialdiaren helburua.

Elbarritasunari lotutako hezkuntza-premia bereziak dituzten eta 2013-2014ko ikasturtean ikastetxe publikoetan edo, salbuespen gisa, itunpeko ikastetxe pribatuetan matrikulatuta dauden ikasleentzat eskola-garraiorako banakako diru-laguntzak deitzea du agindu honek helburu.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan horretarako dauden aurrekontu-kredituetatik aterako dira aurreko artikuluaren helbururako diren baliabide ekonomikoak. Deialdi honetan zenbateko hori 2.300.000 eurokoa da. Eman beharreko diru-laguntzen kopuru osoak ez du zenbateko hori edo berori gaurkotzearen ondoriozkoa gaindituko, indarreko legeriak aurreikusten duen kreditu-loturaren edo aurrekontu-aldaketaren erregimenaren arabera eta, betiere, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak beste diru-laguntza programa batzuk gauzatu ondoren dauden aurrekontuen arabera. Hezkuntza Berriztapeneko zuzendariaren ebazpenaren bidez emango da zirkunstantzia horren berri.

2.– Aurrekontuetan sartutako fondoak nahiko ez badira, ezarritako epean aurkeztu diren eta exijitutako baldintzak betetzen dituzten eskaera guztien artean banatuko dira, haietako bakoitzerako hasieran kalkulatutako zenbatekoek, erabat betetzeko behar den guztizko zenbatekoari begira, izango duten proportzio berean.

3. artikulua.– Baldintza orokorrak.

Ondorengo baldintzak betetzen dituzten hezkuntza-premia berezi iraunkorretako ikasleek hartu ahal izango dute deialdi honetan parte:

a) Ikastetxe publiko batean edo, salbuespen gisa, bizi den tokiaren eragin-eremuan ikaslearen hezkuntza-premia berezietara egokitutako ikastetxe publikorik ez egoteagatik Lurralde Ordezkaritzak espresuki baimendu duelako, itunpeko ikastetxe pribatu batean matrikulatuta egotea 2013-2014ko ikasturtean.

b) 2013ko abenduaren 31n 21 urte beteta ez izatea.

c) Lurralde mailako organo eskudunak emandako elbarritasun-ziurtagiria aurkeztea. Ziurtagiri horretan elbarritasun mota eta maila adierazi beharko dira.

d) Eragin-eremuaren arabera dagokion eta helbidetik hurbilen duen ikastetxera joatea.

e) Ohiko eskola-garraioa erabili ezin izatea, tokian tokiko berritzeguneko hezkuntza-premia berezietako aholkulariak egin beharreko balorazioaren arabera.

f) Dohainikako edo erakunde publiko edo pribatuek guztiz diruz lagundutako garraioa izateko aukerarik ez izatea.

4. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoa.

1.– Helbidearen eta ikastetxearen artean ikaslearen elbarritasunera egokitutako zerbitzu publikoa (autobusa, trena, tranbia, taxia...) badago, garraio merkeenaren zenbatekoaren arabera emango da diru-laguntza.

2.– Ikasleen garraioa ibilgailu partikularren bidez egiten bada, horrela kalkulatuko da diru-laguntzaren zenbatekoa bidaia bakoitzean: helbidearen eta ikastetxearen arteko kilometro kopurua bider 0,29 euro. Ikaslea garraiatzeko bidaiak besterik ez dira diruz lagunduko.

3.– Ikastetxeak eskola-jantokia duen kasuetan, ez dira egunean bi bidaia baino gehiago ordainduko eta inolaz ere ez lau baino gehiago.

5. artikulua.– Eskaerak: dokumentazioa eta bateraezintasuna.

1.– Agindu honen I. eranskinean agertzen den ereduaren arabera eskatuko dira diru-laguntzak eta pertsonak ondorengo puntuak betetzen dituela egiaztatzeko deklarazio arduratsua sartuko du eskaerak:

a) Zigor-edo administrazio-arloan diru-laguntza publikoak jaso ezin izatearen zigorra ez izatea, ezta diru-laguntza publiko horiek jasotzeko ezgaitzen duen inolako legezko debekurik izatea ere, otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, Emakume eta Gizonen arteko Berdintasunarenak, seigarren azken xedapenean zehaztutakoaren arabera sexu-diskriminazioa egiteagatik ezarri ahal zaizkionak barne.

b) Diru-laguntzak itzultzeko edo zigor-prozeduretan –Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak ematen dituen eta oraindik tramitazio-fasean dauden izaera bereko diru-laguntzen arloan hasitakoak– sartuta ez egotea.

c) Helburu berberarekin beste edozein erakunde publiko edo pribaturen aldetik diru-laguntzarik jaso ez izana.

d) Bere gain hartzea, diru-laguntza emateko exijitu eta kontuan hartzen diren baldintzetakoren bati eragiten dion edozein zirkunstantzia gertatuz gero, zirkunstantzia horren berri Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Hezkuntza Berriztapeneko Zuzendaritzari emateko konpromisoa.

2.– Bateraezinak dira agindu honetan arautzen diren diru-laguntzak eta beste erakunde publiko edo pribatu batzuek helburu berarekin eman ditzaketen beste batzuk.

3.– Diru-laguntzak itzultzeko edo zigortzeko edozein prozedura, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren organismo autonomoek ematen dituzten izaera bereko diru-laguntzen esparruan, ireki bada, prozedura horrek bukatzearen baldintzapean egongo da onuradunei diru-laguntzak eman eta, behar izanez gero, ordaintzeko erabakia.

4.– Abenduaren 13ko 15/1999 Legeak, Datu Pertsonalak Babesteari buruzkoak, eta otsailaren 25eko 2/2004 Legeak, Titularitate Publikoko Datu Pertsonalen Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Agentzia Sortzeari buruzkoak, xedatutakoaren arabera, Hezkuntza Berezia izeneko fitxategi batean sartuko dira deialdi honen tramitazioan jasotako datu pertsonalak, deialdian parte hartzen dutenek haien tratamendua egiteko eta argitara emateko baimena eman badute. Fitxategi horrek diru-laguntzen deialdi hori kudeatzea izango du helburu, baita deialdian parte hartzen duten pertsonei nola garatzen den jakinaraztea ere. Fitxategi horren arduraduna Hezkuntza Berriztapeneko Zuzendaritza da eta Hezkuntza Berriztapeneko Zuzendaritza horretan gauzatu ahal izango dira fitxategira sartzeko, zuzentzeko, ixteko eta aurkatzeko eskubideak. Horretarako, helbide honetara jo beharko da: Donostia kalea 1, 01010, Vitoria-Gasteiz.

Halaber, deialdi honetan parte hartzen duten pertsonek ematen diote Hezkuntza Berriztapeneko Zuzendaritzari aurkeztu diren datuak benetakoak diren edo ez beste erakunde publiko batzuetan egiaztatzeko baimena.

6. artikulua.– Prozedurak eta epeak.

1.– Aitak, amak, tutoreak, legezko ordezkariak edo, adinez nagusia bada, ikasleak berak eskatuko du diru-laguntza, I. eranskineko ereduaren arabera, eta, horretarako, elbarritasun-ziurtagiriaren kopia aurkeztu beharko du, hilabeteko epean, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara eman eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, eta toki hauetan: ikasten duen ikastetxeko zuzendariari, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak 38.4. artikuluan azaltzen dituen egoitzetako edozeinetan edo Herritarrei Zerbitzua Emateko Eusko Jaurlaritzako Zuzenean Zerbitzuko edozein bulegotan, helbide hauetan: Kale Nagusia 85, 48011 Bilbo Bizkaian, Andia kalea 13, 20003 Donostia Gipuzkoan eta Ramiro de Maeztu 10 behea, 01008, Vitoria-Gasteiz Araban. Halaber, herritarrei arreta emateko Zuzenean Zerbitzuko bulego horietan telefono-informazio eta arreta ondorengo telefono-zenbakietan eskatu ahal izango da: 012 Euskal Autonomia Erkidegotik, 945 01 80 00 Euskal Autonomia Erkidegotik at eta 00 34 945 01 80 00 atzerritik.

2.– Ikastetxeetako zuzendariek 10 eguneko epea izango dute I. eta II. eranskinak tokian tokiko Hezkuntza Ordezkaritzara bidaltzeko, eskaerak aurkezteko epeak bukatzen duen datatik kontatzen hasita.

7. artikulua.– Deialdiaren kudeaketa.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Hezkuntza Berriztapeneko Zuzendaritza da diru-laguntzak kudeatzeko eskuduntzak dituen organoa.

8. artikulua.– Eskaeren balorazioa eta diru-laguntzen ebazpena.

1.– Hezkuntza Berriztapeneko (Hezkuntza Berezia) lurralde teknikariek aztertuko dituzte eskaerak eta berritzeguneetako hezkuntza-premia berezietako aholkularitzen balorazioa hartuko dute kontuan.

2.– Hezkuntza Berriztapeneko (Hezkuntza Berezia) lurralde teknikariek Balorazio Batzordeari helaraziko diote beren proposamena, txostena behar bezala egin ondoren eta lurralde arduradunaren bidez, eta Balorazio Batzorde horrek Hezkuntza Berriztapeneko zuzendariari aurkeztuko dio behin-betiko esleipen proposamena. Zuzendari honek ebatziko du.

3.– Kide hauek osatuko dute Balorazio Batzordea:

– Hezkuntza Bereziko arduradunak.

– Hezkuntza Ikuskaritzako ikuskari nagusiak edo eskuordetzen duen pertsonak.

– Hezkuntza Berriztapeneko (Hezkuntza Berezia) lurralde teknikariek.

4.– Hezkuntza Lurralde Ordezkaritzetan argitara emanez jakinaraziko da deialdi honen ebazpena.

5.– Gorako errekurtsoa jarri ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuordeari administrazio-bideari amaiera ematen ez dion ebazpen honen kontra, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak 114. eta 115. artikuluetan xedatutakoaren arabera.

6.– Sei hilabeteko epean, agindu hau argitara eman eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, berariazko ebazpena eman ezean, eskaera ezetsi dela interpretatu ahal izango da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 44.1. artikuluan xedatutako ondorioetarako, lege horrek Administrazioei ezartzen dien espresuki ebazteko eginbeharraren kalterik gabe.

9. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzea.

Onuradunari, ikasten duen ikastetxearen bidez, aldez aurretik egingo zaion ordainketa baten bidez ordainduko dira emandako diru-laguntzak. Diru-laguntza hauek ordaindu behar izatea justifikatu beharko dio Hezkuntza Lurralde Ordezkaritzari, honek emango dizkion argibideen bidez, ikastetxeak.

10. artikulua.– Onuradunaren eginbeharrak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Printzipio Antolatzaileen Legearen testu bateratuak 50.2. artikuluan azaltzen dituen eginbehar orokorren kalterik gabe, agindu honetan araututako diru-laguntzen onuradunek, betiere, eginbehar hauek bete beharko dituzte:

a) Emandako diru-laguntza onartzea. Zentzu horretan, hamar eguneko epean, onuradunen zerrendak argitara eman eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, onuradun horiek diru-laguntzei espresuki eta idatziz uko egin ezean, onartu direla interpretatuko da.

b) Diru-laguntza eman den helburu konkreturako erabiltzea.

c) Emandako diru-laguntzaren helburua funtsean aldatzen duen espero gabeko edozein gertaera jakinaraztea, baita Lurralde Ordezkaritzei, Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari beren funtzioetan aritzean deialdi honen kontura jasotako diru-laguntzei buruz eskatzen dioten informazioa ematea ere.

11. artikulua.– Diru-laguntzaren kontrola.

1.– Diru-laguntzen zenbatekoak garraio-ordainagiriekin justifikatzeko eskaera, ikasturteak bukatu ondoren eta 2014ko irailaren 15a baino lehenago, egingo diete ikastetxeetako zuzendariek onuradunei. Justifikatzeko dokumentazio hori (txartelak, fakturak...) ikastetxean artxibatuko da, egiaztatu behar izanez gero han izateko.

2.– Justifikatu gabeko eta erabili ez diren diru-laguntzen zenbatekoak, ikasleak huts egin izanagatik edo ikastetxean bajan eman izanagatik, itzuliko dituzte ikastetxeetako zuzendariek, Hezkuntza Lurralde Ordezkaritzaren kontuan sartuz ikastetxe publikoen kasuan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiaren kontu zentraletan itunpeko ikastetxe pribatuen kasuan. Diru-laguntza, guztiz edo partzialki, eman bada, itzultzeko eskatuko diote onuradunari.

3.– Diru-laguntza itzultzeari buruzko espedienteari hasiera emanez gero, abenduaren 27ko 698/1991 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren konturako diru-laguntzen berme eta itzulketen erregimen orokorra arautzen duenak, bigarren tituluan xedatutakoaren arabera jokatuko da espediente hori aurrera eramateko orduan.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Agindu honek arautzen ez dituen gaietan, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak xedatutakoa aplikatuko da.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Agindu honek xedatzen duenaz gain, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Printzipio Antolatzaileen legearen testu bateratuaren, azaroaren 11ko 1/1997 legegintza dekretuaren bidez onartutakoaren, VI. tituluan ezarritakoaren arabera arautuko dira agindu honetan aipatzen diren diru-laguntzak.

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Ogasun eta Administrazio Publikoko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduak, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren konturako gastu-espedienteak aldez aurretik tramitatzeko prozesua arautzen duenak, 5.3. artikuluan azaltzen dituen ondorioetarako, 2014. urterako Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorretan nahi adina kreditu egotearen baldintzapean egongo da agindu honetan ematen diren diru-laguntzen ebazpena.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Interesatuek aukerako birjartze-errekurtsoa jarri ahal izango diote Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuari administrazio-bideari amaiera ematen dion agindu honen kontra, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara eman eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, edo zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan, bi hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara eman eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara eman eta hurrengo egunean sartuko da agindu hau indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko abenduaren 18a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala